
206. zk., 2026ko urriaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (193 KB - 8 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4524
AGINDUA, 2026ko urriaren 16koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, Alokaplus (Aloka+) laguntza-programa sortzeari buruzkoa; programa hori bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuetan dauden etxebizitzak errentan emateko kontratuak dituzten errentatzaileei zuzenduta dago.
Azken urteetan, bereziki 2020an COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiko egoeraren ondoren, Estatuko eta autonomia-erkidegoko araudian babes-neurriak sartu dira, batez ere etxebizitzen errentarientzat, kalteberatasun ekonomiko eta sozialeko egoera posible bati erantzuteko.
Neurri horiek, besteak beste, honako hauek dira: familia kalteberentzako etxegabetzeak etetea, bizitegi-alternatibarik ez badute; ohiko etxebizitzaren errentamendu-kontratuen ezohiko luzapena; bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuen izendapena, errenten igoerari eta haien eguneratzeei galga jartzen saiatzeko...
Neurri horietako asko denboran luzatu dira, eta, alde batetik, babes handiagoa eman zaie errentariei, baina, bestetik, zeharka, mesfidantza handiagoa sortu zaie errentatzaileei beren etxebizitzak etxebizitza-errentamendura bideratzeko.
Alokaplus programaren bidez, segurtasun handiagoa eman nahi zaie errentatzaileei, alokairuko etxebizitza-merkatuan jar ditzaten haien etxebizitzak, hartara Euskadin dagoen bizitoki-larrialdia hobetzeko. Laguntzaren bidez, errenta, hornidurak eta kalteak ordaintzen direla bermatu nahi da, demanda onartzen duen autoaren egunetik eta zordundutako zenbateko osoan, betiere 14 edo 20 hileko gehieneko mugarekin, errentariaren ezaugarrien arabera.
Laguntzak orobat mesede egin nahi die errentariei, bereziki errentamendu-kontratu bat lortzeko zailtasun handienak dituzten profil jakin batzuei, hau da, 35 urtetik beherako pertsonei, guraso bakarreko familia-unitateei, adingabeak ardurapean dituzten familia-unitateei eta dibertsitate funtzionala edo psikikoa duten pertsonei.
Laguntza edo dirulaguntza berri hau Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren 2025-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jaso da, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2026ko irailaren 7ko Aginduaren bidez.
Horrenbestez, dagokidan eskumena baliatuz, eskuduna bainaiz lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuaren arabera (Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzei eta dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenen arabera, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da errentatzaileei zuzendutako Alokaplus programa arautzea, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuetan dauden titulartasun pribatuko etxebizitzak ohiko etxebizitzaren errentamendu-merkatuan sartu eta han mantendu daitezen laguntzeko.
2.– Etxebizitzaren arloko eskumena duen sailak laguntza emango die ohiko etxebizitzen errentatzaileei, baldin eta errentariak ez baditu ordaindu errentaren zenbatekoak, haren erruz edo haren zabarkeria dela-eta etxebizitzan kalteak egon badira edo horniduren kostua ordaindu gabe utzi badu, eta errentatzaileak horien ordainketa bere gain hartu behar izan badu.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Laguntza honetarako aurrekontua urtero zuzkituko da etxebizitza-programarako gastuen aurrekontuetan.
3. artikulua.– Betekizunak.
Etxebizitzen errentatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte laguntzaren onuradun izateko:
a) Etxebizitzen errentamendu-kontratuak egiteko gaitasun juridikoa duen pertsona fisikoa izatea eta, gehienez ere, bost etxebizitza jabetzan edukitzea.
b) Administrazio publikoekin zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneratuta egotea.
c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun izatea galarazten duten egoeretan ez egotea; bereziki, ezingo dute onuradun izan egoera hauetan daudenak:
1. Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
2. Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
3. Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
4. Egoera hauetakoren batean daudenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
5. Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.
6. Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
7. Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.
8. Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira onuradun izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaienak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
9. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta daudenak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
10. LGTBIfobia ekintzak egin, bultzatu edo sustatzen dituztenak, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluaren arabera.
d) Errentatzaileak errentamendu-kontratua suntsiarazteko eta etxebizitza berreskuratzeko demanda judiziala aurkeztu behar izan du epaitegian, errentariak errenta ordaindu ez izanagatik, eta demanda hori izapidetzeko onartu behar izan da.
e) Etxebizitzaren errentamendu-kontratuak alderdi biek sinatutako konpromiso-dokumentua bildu behar du, agindu honen eranskinean jasotako ereduaren arabera. Dokumentu hori kontratua sinatu ondoren gehitu daiteke –eranskin gisara–, aurreko azpiapartatuan adierazitako demanda aurkeztu baino lehen.
f) Ohiko etxebizitzarako errentamendu-kontratuan ageri den etxebizitzak bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratutako udalerri batean kokatuta egon behar du.
g) Errentaren prezioa Hiri Errentamenduen azaroaren 24ko 29/1994 Legearen 17.6 edo 17.7 artikuluetan ezarritakoaren arabera finkatu behar izan da.
h) Errentamendu-kontratua eta fidantza hiri-finken alokairu-kontratuetako fidantzen erregistro autonomikoan gordailututa egotea, baldin eta hori egitea nahitaezkoa bada Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroari buruzko martxoaren 15eko 42/2016 Dekretuaren arabera.
4. artikulua.– Bateraezintasuna.
Laguntza bateraezina da beste edozein administraziok edo entitate publiko zein pribatuk xede bererako ematen dituen laguntzekin eta alokairua ez ordaintzeagatiko aseguru-kontratuetatik eratorritako kalte-ordainekin.
5. artikulua.– Eskaera.
1.– Errentatzaileak Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzan aurkeztu beharko du eskaera, etxebizitzaren jabetza berreskuratzeko demanda epaitegian onartzen denetik 6 hilabeteko epean, edo jabetza berreskuratu izana egiaztatzen duenetik 3 hilabeteko epean.
2.– Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa izan beharko da (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1274501).
3.– Interesdunek, beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko, une oro aukeratu ahal izango dute bitarteko elektronikoak erabili ala ez Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin harremanetan jartzean.
4.– Eskaera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkez daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1274501
Kasu horretan, eskaeraren osteko izapideak «Nire karpeta» herritarren karpetaren bidez egingo dira (karpeta hori Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 62. artikuluan aipatzen da).
5.– Eskaera aurrez aurre ere aurkeztu daiteke Zuzenean herritarrentzako zerbitzuan –ahal dela, aldez aurretik hitzordua eskatuta–, erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan –Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 100., 101. eta 102. artikuluetan xedatutakoaren arabera–, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako aurkezpen-bitartekoak erabilita ere.
6. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.
Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, dokumentu hauek aurkeztu behar dira eskabidearekin batera:
a) Jabetzaren Erregistroak pertsona fisiko errentatzailearen titulartasunei buruz egindako ohar soila.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, azaltzeko ez dagoela zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, eta ez dagoela hartarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean, sexuan oinarritutako diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluak xedatutakoari jarraikiz.
c) Errentariak errenta ordaindu ez izanagatik, errentamendu-kontratua suntsiarazteko eta etxebizitza berreskuratzeko jarri den demanda izapidetzeko onartu izanaren autoaren kopia.
d) Etxebizitzaren errentamendu-kontratuaren kopia, datu hauek jasotzen dituena: kontratatzaileen nortasuna; errentan emandako finkaren identifikazio-datuak; hitzartutako iraupena, eta hasierako errenta. Ostera, kontratua Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatuta badago, ez da kontratuaren kopia aurkeztuko, baizik eta inskripzio-ziurtagiriaren edo fidantza gordailutu izanaren agiriaren kopia.
e) Alderdi biek sinatutako konpromiso-dokumentua, agindu honen eranskinean jasotako ereduaren arabera.
f) Errentatzaileak etxebizitzaren gastu arruntak eta etxebizitzako kalteen gastuak ordaindu izana egiaztatzen duten dokumentuak.
g) Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzeko ez duela diru-kopururik jaso beste administrazio publiko batzuetatik edo entitate publiko zein pribatuetatik, errentak, kalteak edo horniduren zenbatekoak ordaindu gabe utzi izanagatik, eta ez duela jaso alokairua ez ordaintzeagatiko aseguruek emandako kalte-ordainik.
h) Errentariak desgaitasun psikikoa edo mugikortasun urriko desgaitasun iraunkorra duela egiaztatzeko agiriak.
i) Errentariak adingabeak baditu bere kargura, familia-liburuaren fotokopia edo hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria.
7. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.
1.– Eskabidea akastuna bada edo dokumentazioa osatu gabe badago, hamar egun balioduneko epea emango zaio eskatzaileari okerrak zuzentzeko edo osatu beharreko dokumentazioa aurkezteko. Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela joko da.
2.– Eskabidea bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu bada, zuzenketa-errekerimenduak «Nire karpeta» herritarren karpetaren bidez helaraziko dira.
8. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Errentak ez ordaintzeagatik hilero emango den gehieneko kopurua ezingo da izan kontratuan jasotako errentaren eta haren eguneratzeen zenbatekoa baino handiagoa, ezta, eskabidea aurkeztu den unean, Estatuko alokairuaren erreferentzia-sistemaren arabera etxebizitza horri aplikatu beharreko prezioaren gehieneko muga baino handiagoa ere.
2.– Ezin bada Estatuko erreferentzia-indizeen sistema aplikatu, hilean gehienez emango den zenbatekoa zera izango da: Alokairu Merkatuaren Estatistika (AME) azkenekoz argitaratu den datan ezarri den hileko batez besteko errentaren % 95.
3.– Errentak ordaindu ez izanagatik emandako kopuruaz gain, errentariak etxebizitzan eragindako kalteen zenbatekoa eta ordaindu gabe utzitako horniduren zenbatekoak sar daitezke, baldin eta errentatzaileak ordaindu baditu.
4.– Oro har, errentak ordaindu ez izanagatik, hornidurengatik eta, hala badagokio, kalteengatik emango den laguntzak 14 hilabete iraungo du gehienez.
5.– Eskabidea aurkezten den unean errentariren batek 35 urte edo gutxiago baditu, edo 65 urte baino gehiago, edo bizikidetza-unitate gurasobakarra, adingabeak dituen bizikidetza-unitatea edo dibertsitate funtzionala edo psikikoa duten pertsonen bizikidetza-unitatea osatzen badu, laguntzak 20 hilabete iraungo du gehienez.
9. artikulua.– Konpentsatzekoa den aldia.
1.– Etxebizitzaren jabetza berreskuratu baino lehen aurkeztuz gero eskabidea, laguntzaren ondorioetarako zenbatuko den aldia demanda onartzen den egunetik laguntza-eskaera aurkezten den egunera arte kalkulatuko da.
2.– Etxebizitzaren jabetza berreskuratu eta gero aurkeztuz gero eskabidea, laguntzaren ondorioetarako zenbatuko den aldia demanda onartzen den egunetik etxebizitzaren jabetza berreskuratzen den egunera arte kalkulatuko da.
10. artikulua.– Kudeaketa.
1.– Etxebizitzako plangintzaren eta prozesu eragileen alorrean eskumena duen zuzendaritzari dagokio laguntzak emateko prozedura kudeatzea. Segidako ematearen prozedura erabiliko da laguntza hauetarako.
2.– Organo kudeatzaileak eskabideak behar bezala beteta daudela egiaztatuko du, bai eta laguntza-eskabidea izapidetzeko behar diren dokumentuak aurkeztu direla ere.
3.– Eskabideak edo aurkeztutako dokumentuek ez badituzte betetzen baldintza guztiak, organo kudeatzaileak 10 egun balioduneko epea emango dio eskatzaileari dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela joko dela; halakoetan, Administrazioa behartuta dago ebazpen espresua ematera eta jakinaraztera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluen arabera.
4.– Organo kudeatzaileak laguntza eskuratzeko betekizunak betetzen diren egiaztatuko du, horri buruzko txostena idatziko du, eta ebazteko eskumena duen organoari ebazpen-proposamena bidaliko dio.
11. artikulua.– Ebazpena.
1.– Eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu behar diren agintzeko, etxebizitzaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak ebazpen arrazoitua emango du.
2.– Ebazpena hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea jaso zen egunetik kontatzen hasita.
3.– Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea eten ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritako kasuetan.
4.– Gehieneko epea igaro eta ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, interesdunak eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsitzat jo beharko du.
5.– Ebazpenak laguntza ezetsiko du, baldin eta lehenengo eskabidea aurkeztu zen egunetik lau urteko epean laguntza bi aldiz ordaindu bada etxebizitza bererako.
6.– Ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek etxebizitzaren arloko eskumena duen sailaren titularrari, hilabeteko epean, hala xedaturik baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.
12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasota dauden betebeharrak bete behar dituzte.
2.– Orobat, onuradunek gehienez hilabeteko epea izango dute, prozedura judizialaren epaia jakinarazten denetik, epai hori aurkezteko.
13. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
Eskaera baietsiz gero, hirugarrenen altako dokumentuan jasotako banku-kontuan ordainduko da laguntza, ebazpena jakinarazi ondoren.
14. artikulua.– Laguntza luzatzeko eskaera.
1.– Laguntza-eskaera etxebizitzaren jabetza berreskuratu baino lehen aurkeztu bazen, interesdunak laguntza luzatu diezaiotela eskatu ahal izango du, jabetza berreskuratzen duenetik hiru hilabeteko epean.
2.– Halakoetan, konpentsatzekoa den aldi berria baiesteko ebazpenean jasotako aldi konpentsagarria amaitu eta hurrengo egunetik etxebizitzaren jabetza berreskuratzen den egunera artekoa izango da.
3.– Luzatzeko eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen direla adierazten duena.
b) Hala badagokio, horniduren edo kalteen zenbatekoak ordaindu izana egiaztatzen duten agiriak, lehenengo laguntza-eskaeran txertatutako agirien dataz geroztikoak.
15. artikulua.– Ebazpena errebokatzea.
Laguntza emateko ebazpena errebokatu ahal izango da, hura emateko oinarri izan ziren eskakizunak gerora betetzen ez badira edo betebeharrak bete gabe uzten badira. Errebokatzea ofizioz edo interesdunak eskatuta egin ahal izango da, etxebizitzaren arloko eskumena duen sailburuordetzaren titularrak ebazpen arrazoitua emanda, dagokion administrazio-prozedura instruitu ondoren eta, betiere, interesdunari entzunaldia emanda, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.
16. artikulua.– Bidegabe jasotako laguntzak itzultzea.
1.– Bidegabe jasotako laguntzen onuradunek laguntza horiek eta berandutze-interesak itzuli beharko dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
2.– Etxebizitzaren errentamendu-kontratuari erantsi beharreko konpromiso-dokumentuaren bidez, errentariak hitzemango du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari itzuliko dizkiola hark errentatzaileari ordaindu dizkion zenbatekoak, diru-bilketako araudian jasotako baldintzetan itzuli ere.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Urteko aurrekontu-zuzkidura publiko egitea.
Urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barruan eta Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren agindu baten bidez, laguntza finantzatzeko kontsignatutako kredituen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
2026. urtean, 250.000 euroko aurrekontu-zuzkidura bideratuko da laguntza honetarako.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Urteko aurrekontu-zuzkidura agortzea.
Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emango diren laguntzen bolumen osoak ez du gaindituko dagokion dirulaguntza-programarako funts publikoen zenbatekoa. Beraz, zenbateko hori agortu ondoren, ez da dirulaguntza gehiago emango, eta kreditua amaitu dela jakinarazteko iragarki bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hala ere, araudi honetan bildutako erregulazioari jarraikiz onartuak izateko baldintza guztiak betetzen dituzten eta baliabide ekonomikorik ez izateagatik soilik ukatu diren eskaerak hurrengo ekitaldi ekonomikoan ebatzi ahal izango dira, baldin eta eskatzaileak etxebizitzako plangintzaren eta prozesu eragileen arloan eskumena duen zuzendaritzara idazki bat bidaltzen badu, eta bertan eskaerari baldintza beretan eusteko asmoa duela adierazten badu.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 16a.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
ERANSKINA
ERRENTATZAILEEN ETA ERRENTARIEN ARTEKO KONPROMISO-DOKUMENTUAREN EREDUA
Errentariak, ................. jaunak/andreak (NAN/AIZ: ..........), ............ kaleko........... zenbakian dagoen etxebizitzaren errentamendu-kontratuari erantsitako konpromiso-dokumentu honen bidez, hitzematen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari itzuliko dizkiola hark Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2026ko ........aren ....(e)ko Aginduaren arabera errentatzaileari ordaindu dizkion zenbatekoak, diru-bilketako araudian eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako baldintzetan itzuli ere (Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuaren 2026ko ..........aren ....(e)ko Agindua, Alokaplus laguntza-programa sortzeari buruzkoa; programa hori bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuetan dauden etxebizitzak errentan emateko kontratuak dituzten errentatzaileei zuzenduta dago).
Errentatzailea Errentaria
...................., 2026ko................aren..........(a).
RSS