
204. zk., 2026ko urriaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (277 KB - 26 orri.)
- EPUB (152 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4492
EBAZPENA, 2026ko urriaren 1ekoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2026rako ESA-BIC Euskadi programaren esparruan dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten, argitaratzen eta deialdia egiten dituena.
Oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortzen laguntzea ezinbesteko politika izan da EAEko sektore publikoko erakundeentzat; izan ere, ekimen horren esparruan enpresen hazkundea, kalitatezko enpleguaren sorrera eta sare ekonomiko lehiakor eta iraunkorraren garapena sustatzera bideratutako planak eta programak bultzatu dira, bereziki sektore estrategikoetan.
Testuinguru horretan, espazioaren sektorea eta hari lotutako teknologiak aukera interesgarria da Euskadirentzat, zeharkakoak izateaz gain, arlo askotan berrikuntza sortzeko gaitasuna dutelako. «New Space» arloaren garapenak eragin du teknologia espazialen erabileran eta transferentzian oinarritutako enpresa-ekimen berriak agertzea, eta horrek lurraldearen eraldaketa ekonomikoa sustatu du.
Ekintzailetzaren erronka nagusien artean honako hauek daude: eremu teknologiko aurreratuetako ekimenen kalitatea indartzea; eta finantzaketarako, ezagutza espezializaturako eta merkatuetarako sarbidea hobetzea, batez ere hazkunde-potentzial handia duten proiektuetan eta sektore emergenteetan, hala nola espazioaren sektorean.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mendeko erakundea da, eta Euskadin industria- eta enpresa-jarduera sustatzeko ardura du, berrikuntza, inbertsioa, nazioartekotzea eta ekintzailetza babesteko.
Ildo horretatik, SPRIk ekintzailetza babesteko jarduerak bultzatzen ditu eta laguntza eskaintzen du, enpresa-ekimenen beharretara egokituta. Espazioaren sektorearen, laguntza hori bideratuta dago gaitasun teknologikoetarako, ezagutza espezializaturako, lankidetza- eta finantzaketa-sareetarako sarbidea erraztera, eta, aldi berean, teknologia espazialak edo beste sektore batzuetarako transferentzia helburu duten enpresak sortzea eta finkatzea sustatzen du.
Industria – Euskadi 2030 Plana Europako lehentasunekin bat dator, eta EAEko sektore estrategikoak identifikatzen ditu. Sektore horien artean, eremu aeroespazialak posizio nabarmena izateaz gain, Euskadi Europako berrikuntza-ekosisteman kokatzen laguntzen du.
Aurrekoaren ildotik, Europako Espazio Agentziak (ESA) «ESA Business Incubation Centre» (ESA BIC) enpresa-inkubazio programa sustatzen du, espazioaren sektoreko startupak babesteko nazioarteko sare gisa.
2025aren amaieran, Europako Espazio Agentziak (ESA) gaikuntza-prozedura bat sustatu zuen Espainian ESA BIC inkubazio-zentroen erakunde kudeatzaile berriak hautatzeko, eta ezarpen berriak sortzea aurreikusi zuen.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak deialdi horretan parte hartu zuen ekintzailetzaren eta berrikuntzaren euskal ekosistemako eragileekin batera, eta Euskadiren proposamena hautatu egin zuten.
SPRIk dagokion lankidetza-kontratua sinatu du ESArekin (ESA Contract No. 40001583/25/UK/AL/an), ESA BIC Euskadiren funtzionamendua eta inkubatutako startup-ei eman beharreko zerbitzuak arautzeko.
Ildo horretatik, ESA BIC Euskadi programa (aurrerantzean, ESA BIC Euskadi) funtsezko tresna da espazioaren sektoreari lotutako startup teknologikoak sortu eta gara daitezen bultzatzeko, teknologia espazialetan (spin-off) edo lurreko teknologiak espazioaren eremura transferitzean (spin-in) oinarritutako ekimenak babestuz, finantzaketa, euskarri teknikoa eta nazioarteko sareetarako sarbidea konbinatzen dituen laguntza integralaren bidez. Horrek indartu egiten du Euskadi erreferentziazko hub izatea espazioaren arloko ekintzailetzan, Estatuan zein Europan.
ESA BIC Euskadi programak, besteak beste, honako alderdi hauek barne hartzen ditu:
Negozio-zerbitzu aurreratuak: enpresa-coachinga (50 ordu) eta IPR/aholkularitza juridikoa (10 ordu).
Laguntza tekniko espezializatua; 20 orduko laguntza teknikoa sektoreko bazkide estrategikoekin lankidetzan, probak eta teknologien balidazioa barne.
Espazio eta instalazioen lehentasuna aurreikusitako eremu eta instalazioetan, gehienez ere 2 urterako.
Finantzaketa bilatzen laguntzea; horretarako, finantza-tresnak, inbertsio-sareak, arrisku-kapitala eta beste laguntza publiko eta pribatu batzuk eskuratzea ahalbidetuko da.
Ekitaldi esklusiboetan eta networking saioetan parte hartzea, sektoreko bazkide estrategikoekin.
60.000 euro arteko laguntza ekonomikoa, espazioaren sektoreko ekoizpenarekin eta teknologiak, produktuak eta zerbitzuak sortzea sustatzen duten proiektu berritzaileak garatzearekin zuzenean lotutako jardueretarako. Alderdi hori da, hain zuzen ere, programa honen xedea.
Elementu horiekiko interesa nabarmena denez, programa aukera paregabea da Euskadira talentu oso kualifikatua erakartzeko eta eremu espazialeko teknologiak ekonomiaren beste industria eta sektore batzuetara transferitzeko.
Gainera, unibertsitateek, zentro teknologikoek eta sektorearen esparruan lan egiten duten gainerako korporazio eta entitateek balio tekniko handiko laguntzak eta baliabideak emango dituzte enpresa berriek proposatutako teknologiak probatzeko. Azken finean, nazioartean aitorpena izango duen espazioaren arloko berrikuntza-huba izango da.
ESA BIC Euskadiren esparru jarduketen onuradun izateko, ESAren prozedura bateratua jasoko duen prozesu bat ezarri behar da, dagoeneko ezarrita dauden dokumentu estandarrak erabiliz (AD-Aplicable Documents). Prozesu horrek publizitate, gardentasun, objektibotasun, berdintasun eta diskriminaziorik ezaren berme guztiak izango ditu espresuki ebaluazio-prozedurari begira, hainbat mekanismo bermatzailerekin. Mekanismo horien artean, nabarmentzekoa da ESA BIC Euskadiko Ebaluazio Batzordea (TEB-Tender Evaluation Board), ESA BIC Euskadiko, ESAko eta Espainiako Espazio Agentziako (AEE) kideek osatua.
ESA BIC Euskadi programaren esparruan gorago jaso ditugu alderdien artean, 60.000 eurora arteko pizgarriak ematea aurreikusi da, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta ESAren artean kofinantzatuta; laguntza horiek eremu aeroespazialean ekintzailetza berritzaileari begira hautatzen diren proiektuetara bideratuko dira, jarduera hauetarako: teknologia eta zerbitzu espazialetako ikerketa- eta garapen-jarduerak; prototipoak eta kontzeptu-probak egitea; sektore espazialerako software eta hardware espezifikoa garatzea; eta proiektuaren garapenarekin edo berrikuntza espaziala sustatzeko jarduerekin lotutako aholkularitza teknikoko eta enpresa-aholkularitzako zerbitzuak.
Hortaz, oinarri hauen xedea da pizgarri ekonomikoak ematea, norgehiagoka-araubidean, espazioaren eremuan ESA BIC Euskadi programan sartu diren enpresa-ekintzailetzako proiektu berritzaileak sortzen eta ezartzen laguntzeko, EAEn sektore horretako teknologiak, produktuak eta zerbitzuak garatzea sustatzeko. Horretarako, proiektu horiek programa horretan parte hartu beharko dute, eta ESAren kofinantzaketa izango dute.
Programa hau SPRIren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, 2025-2028 aldirako, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onetsia, eta erakundearen gardentasunaren atarian argitaratua. Planaren helburu hau lortzen laguntzen du: «Euskadi ekintzailetza espazialerako hub nazional gisa finkatzea eta, aldi berean, Europan sektorearen berrikuntza eta garapenean erreferente gisa kokatuz».
Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzen kudeaketa eta ematea publizitatearen printzipioaren arabera egin behar dira, besteak beste. Era berean, DAELren 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza mota bakoitzaren edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.
Hori dela eta,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– 2026rako ESA BIC Euskadi Programaren esparruan dirulaguntzak emateko dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onestea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da Ebazpen honetan.
Bigarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2026ko urriaren 1a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
ERANSKINA
ESA BIC EUSKADI 2026 PROGRAMAREN DIRULAGUNTZAK EMATEKO OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da ESA BIC Euskadi programaren 2026ko deialdia arautzea. Programa hori SPRIren eta Europako Espazio Agentziaren artean sinatutako lankidetza-kontratuaren bidez araututa dago.
Pizgarri horien helburua da espazioaren sektoreari lotutako euskal enpresak sendotu eta haz daitezen bultzatzea, teknologia espazialetan (spin-off) edo lurreko teknologiak espazioaren eremura transferitzean (spin-in) oinarritutako ekimenak babestuz, balio erantsi handiko produktuak, zerbitzuak eta aplikazioak garatzen, baliozkotze teknikoa egiten eta merkatuan sartzen lagunduz.
2. artikulua.– Izaera eta prozedura.
Oinarri hauetan araututa dauden pizgarriak:
Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira (60.000 euro gehienez ere proiektu bakoitzeko).
Norgehiagoka-araubidearen arabera emango dira, lehiaketa bidez.
Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira, eta beraz, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2831/2023 (EB) Erregelamenduak («2831/2023 Erregelamendua») ezarritakoaren mende daude.
3. artikulua.– Definizioak.
SPRI-ESA kontratua: SPRIk eta Europako Espazio Agentziak («ESA») sinatutako lankidetza-kontratua, ESA BIC Euskadi proiektua xede duena (ESA Contract No. 4000151583/25/UK/AL/an).
ESA (European Space Agency): 1975ean sortu zen eta 22 estatu kide digu (horien artean Espainia).48 urte baino gehiago daramatza Europaren espazioaren arloko interes zientifikoak eta industrialak sustatzen. Europako gaitasun espaziala garatzea du xede, eta, horretarako, estatu kideek finantza- eta zientzia-baliabideak partekatzen dituzte.
ESA BIC: ESAren ekimena, ekintzaileei laguntzeko espazioarekin lotutako negozio-ideiak merkataritza-enpresa bihurtzen, ezagutza tekniko adituak eskaintzeko eta enpresa-garapenerako laguntza emateko. Ekimen hori estatu kide bakoitzean horretarako gaitutako erakundeekin lankidetzan egiten da, esperientzia eta gaitasuna kontuan hartuta.
TOB (Tender Opening Board): gutxienez SPRIko eta ESAko pertsona banak osatutako batzordea. Hautagaitzak aztertuko ditu deialdi bakoitzera aurkezteko epea amaitu ondoren, eta txosten bat egingo du aldez aurreko baldintzak betetzeari buruzko administrazio-informazio eta/edo -dokumentazioarekin, eta informazio hori zuzendu egin beharko da.
TEB (Tender Evaluation Board): ESA BIC Euskadi deialdietan jasotako proposamenak ebaluatzen dituen batzordea. Boto-eskubidea duten kideek (ESAko, Espainiako Espazio Agentziako eta SPRIko ordezkariak) eta boto-eskubiderik ez duten behatzaileek edo adituek osatzen dute. Azken horiek beren esperientzia beharrezkoa denean gonbidatu ahal izango dira, hala badagokio.
Inkubatua: ESA BIC Euskadi programaren eta oinarri hauen xede den pizgarriaren onuraduna.
Inkubazio-kontratua: onuradunaren eta ESA BIC Euskadi programaren artean sinatutako akordioa, proiektuaren mugarri teknikoak eta enpresa-arlokoak arautzen dituena.
Ad-Aplicable Documents: ESAk ESA BIC Euskadi programaren onuradun izateko eskatzen duen nahitaezko dokumentazio estandarra. Proiektuaren eta erakunde eskatzailearen dokumentazio espezifikoa barne hartzen du. Dokumentazio hori ingelesez egin beharko da, eta web-orrian eskuragarri dauden eredu normalizatuen arabera aurkeztu https://www.spri.eus/laguntzak/esa-bic-euskadi/
Mid Term Report: bitarteko txostena; emakida-ebazpenaren jakinarazpenaren eta inkubazio-kontratuan adierazitako amaiera-dataren arteko aldiaren erdia igaro aurretik aurkeztu beharko da. Txosten horretan, onuradunak inkubazio-aldiaren lehen erdian jardueraren esparruan egindako lan teknikoa eta negozioak zehaztuko dira. Bitarteko txostenak, gainera, gastuen txosten bat jasoko du, eta bertan dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzean izandako gastu guztien fakturak eta ordainagiriak jasoko dira.
Final Term Report: amaierako txostena; 16. eta 18. artikuluetan adierazitako justifikazio-epean aurkeztu beharko da. Txosten horretan, inkubazio-aldian onuradunak egindako lana osorik jasoko da, eta, horren bidez, proiektuaren emaitza guztiak eta inkubazio-kontratuan horretarako eskatzen diren gainerako alderdi guztiak zehaztuko dira.
Enpresa- eta berrikuntza-zentroak – Business Innovation Center (BIC): ekintzaileei eta enpresei laguntza ematen dieten zentroak dira, enpresa-ekimen berritzaileak eta/edo oinarri teknologikoko enpresa-ekimenak sustatzeko eta haien garapena sustatzeko. Programa honen esparruan, BICak erakunde laguntzailetzat hartuko dira, Europako Espazio Agentzian (ESA) aurkeztutako hautagaitzan laguntza- eta babes-eginkizun aktiboa bete dutelako; horren bidez, programan erakunde laguntzaile gisa sartuko dira, eta, gainera, ekintzailetzari laguntzeko beste ekimen eta programa batzuetan parte hartzearekin koherentea izango da, jada laguntza-, dinamizazio- eta jarraipen-funtzio horiek betetzen baitituzte.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 360.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
Aurrekontu-aplikazioa eta deialdi hau finantzatzeko kreditua ESAk kofinantzatuko du % 50ean, SPRI-ESA kontratuaren 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintzak.
1.– ESA BIC Euskadi Programaren esparruan oinarri hauen xede den laguntzaren onuradun izan ahalko dira programa honen aurreko deialdietan onuradun izan ez diren eta baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak:
Eskabidea egiteko unean bost urte baino gutxiagoko antzinatasuna duten merkataritza-sozietateak.
Eskabidea pertsona fisikoek egiten badute, aurreikusitako egitura juridikoari eta akziodunen banaketari buruzko xehetasunak gehitu beharko dituzte eskabidean. Dirulaguntza emateko, enpresa gisa eratu izana egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da. Une horretan, sozietatea onuradun gisa subrogatuko da, eta izaera horri dagozkion eskubideak eta betebeharrak bere gain hartuko ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentroa izatea. Eskabidea aurkezteko unean baldintza hori betetzen ez bada, inkubazio-hitzarmena sinatu aurretik bete beharko da, nolanahi ere.
Espazioaren eremuan berritzailea den enpresa-ekintzailetzako proiektu bati buruzko Business Innovation Center (BIC) baten oniritzia lortzea, bai eta TEB ebaluazio-batzordearen oniritzia ere.
Pizgarriaren xede den enpresa-proiektuak espazioaren sektorearekin edo teknologia espazialen erabilerarekin lotura frogagarria izatea; horretarako, webgunean eskuragarri dauden Ad-Aplicable Documents delakoan eskuragarri dagoen inprimaki estandarra bete beharko du https://www.spri.eus/laguntzak/esa-bic-euskadi/
2.– Honako hauek ezin izango dute eskuratu deialdiaren xede den dirulaguntzarik:
a) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako eragozpen-egoeretako batean daudenak; zehazki:
i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
ii) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
iii) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
iv) Honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean dauden pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak: 53/1984 Legea (abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa) eta 1/2014 Legea (ekainaren 26koa, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituena). Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
v) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.
Bereziki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Hala, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etetea erabaki denean.
vi) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
vii) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.
viii) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak DAELen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradunak edo erakunde laguntzaileak izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako araudia urratzeagatik administrazio-zehapena edo zigorra jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian zehar. Horretaz gain, ezingo dituzte laguntzak edo dirulaguntzak jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun plan bat izan behar duten arren halakorik ez duten enpresek, ezta sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitu eta saihesteko neurriak ezarri dituztela egiaztatu ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Estatuko legedian ezarritakoarekin bat.
ix) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
x) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan bakarrik, abenduaren 29ko 3/2004 Legean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituenean, aurreikusitako ordainketa-epeak ez betetzea.
c) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.
d) Krisian dagoen enpresatzat hartzea, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01 EBAO).
e) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
f) Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik zehapenak jaso dituztenek, neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte administrazio-bidean ebazpen irmo bidez.
g) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
h) Onuraduna DAELren 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, deslokalizaziorik ez egitea, 49. artikuluaren arabera.
i) Armak edo erabilera militarreko teknologia ekoiztea, merkaturatzen eta finantzatzen dutenek, Europako Segurtasun Estrategiaren baitan ez bada.
j) Aurreko hiru urteetan guztira 300.000 euroko edo gehiagoko de minimis laguntza jaso dutenak.
3.– Eskabidea aurkezten denetik azken ordainketa egin arte bete beharko dira laguntza ekonomikoen onuradun izateko aurreko ataletan adierazitako eskakizunak.
4.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:
4.1.– SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako baldintza hauek betetzen direla:
– Industria-jarduerako zentro bat dutela EAEn, non proiektuak eragina izango duen.
– Egunean dituztela beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
– Euskadiko Business Innovation Center (BIC) baten oniritzia dutela, oinarri hauetan aurreikusitako baldintzetan.
Hala ere, eskatzaileak aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan eskumena duen organoak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
4.2.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan soilik egiaztatuko da bete direla Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak, enpresaren ziurtagiriaren bidez, KAEOn inskribatutako auditorearen ziurtagiriaren bidez eta adostutako prozeduren txostenaren bidez, DLOren 13.3 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
4.3.– Eskatutako gainerako eskakizunak egiaztatzeko, oinarri hauetan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauen I. eranskin gisa jasotako eredu normalizatuaren arabera. Bigarren kasu horretan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du, SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 13.9 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeko. Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako eskakizunen egiazkotasuna, hala badagokio, ikuskapen-bisitan edo dokumentuak aurkezteko eskaeraren bidez egiaztatu ahal izango da.
6. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Oinarri hauetan jasotako araudiarekin bat ematen diren laguntzei dagokienez, EAEko BICak erakunde laguntzaile izendatzen dira, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan («698/1991 Dekretua») eta DAELn ezarritakoaren arabera. Horrez gain, arau honetan eta lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztasunak beteko dira.
2.– Hauek dira EAEn kokatutako BICak:
Araba:
– BIC Araba: Arabako Eraberrikuntza-Industrialdea A.B. – Centro de Empresas e Innovación de Álava S.A.
Bizkaia:
– BIC Bizkaia Ezkerraldea: Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda, S.A.
– Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentrua / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ S.A.U.).
Gipuzkoa:
– BIC Gipuzkoa: Centro de Empresas e Innovación de Gipuzkoa (BIC Gipuzkoa Berrilan S.A.).
3.– BICak, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko dira:
Balizko proiektuak identifikatzeaz eta horien hasierako orientazioa emateaz.
Dokumentazioa aztertu eta proiektuak hasiera batean balioztatzeaz.
Onetsitako proiektuaren jarraipenaz eta tutoretzaz.
Ordainketa-proposamenaren analisiaz eta hasierako balioztapenaz.
Oinarri hauetan araututako laguntzaren baldintzak aldatzeko proposamenez.
Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiak.
7. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Orokorrean, diruz lagunduko dira espazioaren sektoreko ekoizpenarekin eta teknologiak, produktuak eta zerbitzuak sortzea sustatzen duten proiektu berritzaileak garatzearekin zuzenean lotutako jarduerak.
Artikulu honen 2. apartatuan jasotako gastuak alde batera utzi gabe, honako jarduera hauek jaso ahalko dituzte dirulaguntzak: teknologia eta zerbitzu espazialetako ikerketa- eta garapen-jarduerak; prototipoak eta kontzeptu-probak egitea; sektore espazialerako software eta hardware espezifikoa garatzea; eta proiektuaren garapenarekin edo berrikuntza espaziala sustatzeko jarduerekin lotutako aholkularitza teknikoko eta enpresa-aholkularitzako zerbitzuak.
2.– Zehazki, gastu hauek lagundu ahal izango dira diruz:
Enpresa-proiektuarekin zuzenean lotutako barne-langileen gastuak, proiektuaren sustatzaileenak izan ezik; hau da, enpresan sozietate-partaidetza duten pertsonak.
Langile-gastutzat hartuko da enpresak proiektua gauzatzeko lan-betebeharren ondorioz ordaindutako gastua, honako kontzeptu hauek barne hartuta: soldata; gizarte-kotizazioak; langilearen konturako zergak; eta erakundearen kargurako Gizarte Segurantza.
Ez dira diruz lagundu daitezkeen langile-gastuen barne hartuko honako hauei dagozkienak: aparteko orduak egitea; mozkinengatiko ordainketak; bonuak edo dibidenduak jasotzeko eskubidea edo helburuak lortzeagatiko ordainketak; gauzazko ordainketak; hartu gabeko opor-egunak, dietak eta lokomozio-gastuak; ezkontzagatiko ordainsariak; heriotzagatiko kalte-ordainak; lan-harremanak eteteagatiko, kaleratzeagatiko edo uzteagatiko kalte-ordainak; eta errepikariak ez diren ordainsari-kontzeptuei dagozkienak ere.
Produktuaren garapenarekin eta prototipoak egitearekin lotutako gastuak.
Jabetza industriala eta intelektuala babesteko gastuak.
Aholkularitza eta kanpoko laguntza teknikoko gastuak, proiekturako bakarrik direnak.
Berrikuntza espaziala sustatzeko jardueren gastuak.
Aurkeztutako proiektuaren esparruan azpikontratatutako kanpoko enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:
Eskatzailearekin edo lankidetza-proiektu batean sartutako enpresaren batekin akzioen edo parte-hartzeen bidez loturarik ez izatea edo zuzenean edo zeharka administratzea.
Halaber, gastua lurralde nazionalean egin beharko da, produktua edo zerbitzua lurralde nazionalean eskuragarri ez dagoenean edo prezioa nabarmen handiagoa denean izan ezik (gutxienez % 50 garestiago).– Kasu horietan, 10.000 euroko gehieneko gastua baimenduko da beste estatu kide batean, onartu ondoren.
Ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko fakturan jasotako balio erantsiaren gaineko zerga. Halaber, deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
Gastu hautagarria euroa ez den moneta batekin baloratzen bada, ordainketa-dataren truke-tasara bihurtuko da.
Inola ere ez dira dirulaguntzaren xede izateko moduko gastutzat hartuko fabrikatutako edo merkaturatutako produktuak edo zerbitzuak, ez eta eskatzaileak berak edo taldeko enpresek erakunde eskatzailearekin zuzenean edo zeharka akzio edo partaidetzen bidez egindako lanak ere.
Inola ere ezin izango da finantzatu inbertsiorik, hornidura-gasturik, finantza-gasturik, mantenu-gasturik, lokomozio- eta bidaia-gasturik, prestakuntza-gasturik, kanonik eta lizentziarik, asegururik eta bestelako gastu eratorririk, 100 eurotik beherako gasturik, eskudirutan egindako ordainketarik eta oinarri hauetan araututako laguntzak lortzeko kudeaketa-gasturik.
3.– Inkubazio-proiektua gauzatzeko epea –hau da, gastu hautagarri guztiak egin eta gauzatu ahal izateko aldia– gutxienez hamabi (12) hilabetekoa eta gehienez hogeita lau (24) hilabetekoa izango da, Inkubazio-hitzarmena sinatzen den egunetik zenbatuta.
Gauzatze-epe zehatza dagokion Inkubazio-hitzarmenean ezarriko da; inola ere ezin izango da hamabi (12) hilabete baino laburragoa edo hogeita lau (24) hilabete baino luzeagoa izan, hitzarmena formalizatzen den egunetik kontatuta.
8. artikulua.– Pizgarrien zenbatekoa.
Diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko da, eta kontzeptu guztiengatik metatutako pizgarriaren gehieneko zenbatekoa 60.000 eurokoa izango da proiektu bakoitzeko.
9. artikulua.– Pizgarriak metatzea, mugak eta azpikontratazioa.
1.– Programa honetan jasotako pizgarriekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo beste finantzabide komunitario batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako programa bakoitzean ezarritako gehieneko intentsitateak errespetatzen badira, banan-banan aztertuak.
2.– Pizgarrien zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, programa honetan araututako pizgarriaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.
3.– Programa hau aplikatuz emandako pizgarriak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.
4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan, hasitako ekitaldi ekonomikoan eta aurreko hiru urteetan zehar kontabilizatuta.
5.– Minimis laguntzak ezin dira metatu gastu berberetarako estatutik jasotako laguntzekin, baldin eta batura hori laguntza baino handiagoa bada, edo kategorien araberako salbuespenen erregelamendu batean nahiz Europako Batzordearen erabaki batean kasuan kasuko inguruabarretarako ezarritako laguntzen zenbatekoa baino handiagoa bada.
6.– Muga horietako bat edo Programak ezarritakoren bat gaindituz gero, ematen den laguntzari soberako diru-kopurua kenduko zaio.
7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.
8.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea.
DAELren 31.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, ulertuko da onuradunak azpikontratatu edo kontratatu duela baldin eta hirugarrenekin adosten badu dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egikaritzea. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenak azpikontratatzea edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.
10. artikulua.– Eskaerak.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRIren webgunearen bidez.
2.– Pizgarrien eskaera eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eta nahitaez ingelesez aurkeztu beharko da, oinarri hauetan zehaztutako programaren berezitasunak kontuan hartuta.
Era berean, laguntza eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
3.– Laguntzaren eskaerak enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere, hala badagokio.
4.– Eskaera hori erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez).
11. artikulua.– Aurkeztu behar diren dokumentuak eta informazioa.
1.– Aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek informazio eta dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Eskatzailearen inguruabar pertsonalak egiaztatzen dituen dokumentazioa, eta erregistroarenak (eratutako sozietateen kasuan), edo sustatzailearen estatutuen eta datuen proiektua (oraindik eratu gabeko sozietateen kasuan), salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu pertsona juridikoaren ordezkariaren indarreko ziurtagiriaren bidez, zeina agintaritza ziurtatzaile aitortu batek emango baitu datua egiaztatzeko.
b) Pertsona juridikoaren eraketa-eskritura eta, hala badagokio, aldaketak, salbu eta laguntza-eskabidea eskatzailearen ordezkariak sinatu badu pertsona juridikoaren ordezkariaren indarreko ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri hori agintaritza ziurtatzaile aitortu batek emango du, datua egiaztatzeko.
c) Pertsona juridikoaren ordezkari-ahala, salbu eta laguntza-eskabidea eskatzailearen ordezkariak sinatu badu pertsona juridikoaren ordezkariaren indarreko ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiri hori agintaritza ziurtatzaile aitortu batek emango du, datua egiaztatzeko.
d) Erakundearen Identifikazio Fiskaleko Txartela, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu pertsona juridikoaren ordezkaritza ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, agintaritza ziurtagiri-emaile batek emandakoa izango da, datua egiaztatu ahal izateko.
e) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.
f) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Inprimaki normalizatuaren ereduaren araberako adierazpena, erakundearen legezko ordezkariak bertan ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten duena, honako hauek barne: aurrerakina kontabilitate-arau aplikagarrien arabera enpresaren kontabilitatean islatzeko konpromisoa, pasibo gisa, aurrerakina emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira edo hura jasotzeari buruzko arrazoizko zalantzak badaude, eta SPRIri itzultzeko konpromisoa, dagozkion interesekin, hura itzultzea erabakitzen duen ebazpenak hala xedatzen badu; erakunde publiko edo pribatuek proiektu bererako eskatu edo eman dituzten laguntzen zerrendari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, eskaeraren edo, hala badagokio, emakidaren data adierazita, bai eta diruz lagundutako organismo, programa, gastu eta inbertsioak eta laguntzaren zenbatekoa ere.
Era berean, Inkubazio Kontratuaren irismena eta baldintza orokorrak ezagutu eta onartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena https://www.spri.eus/laguntzak/esa-bic-euskadi/ ESA BIC Euskadin benetan parte hartzeko.
g) Horretaz gain, honako informazio hau aurkeztu beharko da:
– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
2.– Enpresa eskatzaileek, halaber, eskabidearekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, PDF formatuan edo antzekoan (hau da, formatu ez-editagarrian):
Enpresaren eta proiektuaren dokumentazio espezifikoa; ingelesez egin beharko da eta ahoz aurkeztuko da, webgunean jasotako ereduen arabera https://www.spri.eus/laguntzak/esa-bic-euskadi/:
Aurkezpen-gutuna, eskakizunak egiaztatzeko zerrenda barne.
Enpresa-proiektuak espazioarekin duen baliozko konexioari buruzko inprimakia.
Hautagaitzarako enpresaren plana.
Inkubazio-proposamena, produktua garatzeko eta jabetza intelektualeko eskubideak babesteko ekintzak barne hartzen dituena.
12. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.
Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2026ko azaroaren 27an amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2026ko arazoaren 27ko 15:00etan amaituko da (Espainiako ordu penintsularra).
13. artikulua.– Ebaluatzeko eta ebazteko prozedura.
1.– Prozedura SPRIko zuzendari nagusiak ebatziko du, ESA BIC Euskadi programa ematen duen administrazio-organoa den aldetik, eta SPRI-ESA kontratuan araututako nazioarteko BIC guztietan ezarritako prozedurei jarraituko die.
2.– Tender Opening Board Batzordea («TOB») gutxienez erakunde bakoitzeko (SPRI eta ESA) ordezkari batek osatuko du, SPRI-ESA kontratuan ezarritakoaren arabera, eta eskabideek baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du.
3.– Akatsak zuzentzea: eskabideak ez baditu betetzen TOBen txostenaren arabera ezarritako baldintzak, organo kudeatzaileak interesdunari eskatuko dio akatsak zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Eskatzaileak betetzen ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusitako baldintzetan eman beharreko ebazpena eman ondoren.
4.– Aurreko ataletan adierazitako jarduerak amaitu ondoren, organo kudeatzaileak onartutako eskabideen zerrenda eta aurkeztutako dokumentazioa bidaliko dizkio programaren Balorazio Batzordeari (Tender Evaluation Board, «TEB»), eta deialdiaren eskakizunak betetzen dituzten jakinaraziko dio. Batzorde hori ESA eta SPRIren kontratuaren jasotakoaren arabera eratuko da eta honako honela eratu egingo da:
– SPRIko pertsona bat.
– ESAko pertsona bat.
– Espainiako Espazio Agentziako pertsona bat.
– Gainera, justifikatutako espezializazio-arrazoiengatik, behatzaile edo aditu bat bertaratzea eskatu ahal izango da; kasu horretan hitza izango du, baina botorik ez.
TEBa osatuko duten pertsonen eta haien karguen identifikazioa lehen saioa baino gutxienez astebete lehenago argitaratuko da hemen https://www.spri.eus/laguntzak/esa-bic-euskadi/:
TEBaren funtzionamenduarekin lotura duen guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
5.– TEBek baldintza eta alderdi formalak betetzen dituzten eskatzaileei beren proiektuaren ahozko aurkezpena egitera gonbidatuko ditu. Aurkezpen horretan galderak egin eta argibideak eskatu ahal izango zaizkie, ebaluazioa osatzeko eta emandako informazioa alderatzeko. Ahal dela, aurkezpena aurrez aurre egingo da; hala ere, salbuespen gisa eta justifikatutako arrazoiengatik, Bizkaiko Garraio Auzitegiak telematikoki aurkeztea onartu ahal izango du.
Aurkezpenera proiektua ezagutzen eta bultzatzen duten sustatzaileak baino ez dira joango. Eskaerak aurkezteko deialdia behar besteko aurrerapenaz jakinaraziko zaie eskatzaileei, baldintzak, data, ordua eta, hala badagokio, formatua adierazita.
6.– Eskatzaileen ahozko azalpena entzun ondoren, TEBek proiektuak ebaluatuko ditu, 14. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, eta txosten bat egingo du, ebaluazioaren emaitza eta lehentasun-ordena zehazteko.
7.– TEB deialdia hutsik uztea proposatuko dio organo kudeatzaileari, baldin eta uste badu aurkeztutako proposamenek ez dutela % 40ko gutxieneko puntuazioa lortzen apartatu bakoitzean, eta gutxienez 60 puntuko puntuazio globala lortu hurrengo artikuluan jasotako balorazio-irizpideetan.
8.– TEBek txostena egin ondoren, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena emango du, eta jakinaraziko ditu eskatzaile bakoitzari esleitutako zenbatekoa, ebaluazioaren emaitza eta proposamenaren lehentasun-ordena.
14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Eskabidearen dokumentazioa eta ahozko aurkezpena TEBak baloratuko ditu, eta 0 eta 100 puntu arteko puntuazioa emango die, honako irizpide hauen arabera:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Onuradun izateko, eskabide bakoitzak gutxienez % 40ko puntuazioa izan beharko du apartatu bakoitzean, eta gutxienez 60 puntu guztira.
15. artikulua.– Ebazpena, argitalpena, jakinarazteko modua eta baliabideak
1.– Prozeduraren ebazpena SPRIren Zuzendaritza Nagusiak emango du, organo kudeatzaileak proposatuta eta norgehiagoka-araubidean; halaber, eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta (EB) 2831/2023 Erregelamenduaren arabera minimis izaera duela helaraziko zaie.
Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko zaio SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako epean eta moduan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da, zuzenean, Bilboko Auzialdiko Auzitegiko administrazioarekiko auzien atalean.
2.– SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, eskabideak oinarri hauen arabera ezestea erabakiko da.
3.– Eskaeren berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, egindako eskaera formulatu, eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta jakinarazpenik jaso ez bada, ulertuko da eskaera ezetsi egin dela.
4.– Emandako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
16. artikulua.– Justifikazioa eta ordainketa.
1.– Dirulaguntza emateko unean eta dagokion inkubazio-kontratua formalizatu ondoren (horretarako gehieneko epea 3 hilabetekoa da emakida-ebazpena jakinarazten denetik), eta emakidaren zenbatekoa 20.000 eurokoa edo handiagoa bada, hogei mila (20.000) euroko aurrerakin bat ordainduko da, programari atxikitako jarduerak finantzatzeko. Aurreratutako zenbateko hori justifikatu egin beharko da, edo, hala badagokio, erregularizatu egin beharko da, hurrengo justifikazio-faseetan (tartekoa edo amaierakoa, onuradunaren arabera), gastuak eta egiaztagiriak aurkeztuta.
Hogei mila (20.000) eurora arteko bigarren zenbateko bat bitarteko likidazioaren kontura ordainduko da, onuradunak aldez aurretik eskatu ondoren. Horretarako, dagokion eskaera edo gastu-likidazioa aurkeztu beharko da, justifikazio-dokumentazioarekin eta Bitarteko Txostena (Mid Term Report) aurrerapen-txostenarekin batera.
Hirugarren zenbatekoa hogei mila (20.000) euro artekoa izango da, edo, hala badagokio, emandako laguntza osoa bete arte justifikatu gabe dagoen zenbatekoa izango da. Amaierako likidazioaren kontura ordainduko da onuradunak aldez aurretik ondoren. Horretarako, dagokion eskabidea edo gastu-likidazioa, justifikatzeko dokumentazioa eta amaierako aurrerapen-txostena (Final Term Report) aurkeztu beharko dira.
2.– Onuradunek proiektua egikaritu dela justifikatu beharko dute. Horretarako, dagokion eskabidea edo gastu-likidazioa aurkeztu beharko dute, SPRIk horretarako prestatu duen aplikazio informatikoaren bidez, justifikazio-agiriekin eta aurrerapen-txostenarekin batera, eta eskema honi jarraituz:
a) Bitarteko justifikazioa: onuradunak eskatuta aurkeztu ahal izango da, inkubazio-kontratuan ezarritako inkubazio-epearen erdia igaro baino lehen, eta egindako gastuak justifikatzeko dokumentazioa eta tarteko txostena (Mid Term Report) izeneko aurrerapen-txostena aurkeztu beharko dira.
b) Amaierako justifikazioa: onuradunak eskatuta aurkeztu beharko da, inkubazio-kontratuan aurreikusitako inkubazio-epea amaitu aurreko edozein unetan, egindako gastuak justifikatzeko dokumentazioarekin eta aurrerakinaren zenbatekoari dagokion dokumentazioarekin batera, bai eta amaierako txostena (Final Term Report) izeneko aurrerapen-txostena ere.
Azken justifikazioa aurkezteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, inkubazio-kontratuan adierazitako amaiera-datatik zenbatzen hasita.
4.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du onuraduna ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.
5.– Likidazio-eskabide bakoitzarekin batera, amaierakoa barne, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen banakapenarekin.
b) Fakturen ordainketen ordainagiriak, kontuetan edo ordainketaren banku-ziurtagirian islatuta.
c) Hala badagokio, emandako zerbitzua eta egindako gastuak egiaztatzeko agiriak.
d) Mid Term Report eta Final Term Report aurrerapen-txostenak, bai eta ESA BIC Euskadi programan eskatzen den eta inkubazio-kontratuan identifikatuta dagoen gainerako dokumentazioa ere.
e) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretan funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.
f) DAELren 30.3 artikulua aplikatuz, entitate onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
Likidazio-eskaera ez bada guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk edo dagokion BICak erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, gehienez ere 10 egun balioduneko epean.
6.– Hala ere, egindako gastutzat soilik joko dira justifikazio-epea amaitu aurretik egindako gastuak. Ez dira kontuan hartuko merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunaren betebeharrak dira DAELen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki eta mugatzeko xederik gabe, honako hauek:
1.– Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
2.– Onuradunak, gainera, emakida-ebazpenean ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu, inkubazio-kontratuan adierazitako ESA BIC Euskadi Programaren edukiarekin bat, besteak beste:
Aktiboki parte hartzea ESA BIC Euskadi Programaren esparruan proposatutako inkubazio-jardueretan (Inkubazio-kontratuan identifikatuta daude).
Oinarri hauetan deskribatzen diren eta Inkubazio-kontratuan identifikatuta dauden jabetza intelektualeko, publizitateko eta identitate bisualeko eskubideekin lotutako baldintzak betetzea.
Jardueraren parte gisa, inkubazio-kontratuan adierazitako entregagaiak bidaltzea.
Bitarteko jarraipen-txosten bat eta proiektua amaitzean beste bat aurkeztea (Mid Term Report eta Final Term Report), laguntza justifikatzeko eta ixteko baldintza gisa, bai eta oinarri hauetan adierazitako gainerako entregagaiak ere.
3.– SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta eskakizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.
4.– Emandako dirulaguntza eman zaion proiektura bideratzea.
5.– Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.
6.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.
7.– SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren, eta beste kontrol-organo eskudunen (nazioko zein komunitate-mailakoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, aurreko jarduketak egitean eskatutako informazio guztia aurkeztuz.
8.– SPRIri eta BICari eskaera edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana jakinaraztea, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen antzeko xedea badute, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
9.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatu dela.
10.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.
11.– Dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, ogasun-gaietan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuaren aginduz erregelamendu bidez zehazten den moduan.
12.– Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.
13.– Jasotako pizgarriaren aurrerakina pasibo gisa jasotzea enpresaren kontabilitatean, eta SPRIri itzultzea, laguntza itzultzea erabakitzen duen ebazpenean hala xedatzen bada.
14.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede diren izan daitezkeelako.
15.– DAELren 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.
16.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan. Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.
17.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
18.– DAELren 30.2 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuek enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
19.– Onuraduna DAELren 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, deslokalizaziorik ez egitea, 49. artikuluaren arabera.
20.– Dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
18. artikulua.– Entregagaiak egikaritu bitartean.
1.– Onuradunak artikulu honetan zehaztutako dokumentuak adierazitako epean entregatuko ditu, PDF formatu elektronikoan eta jatorrizko formatu editagarrian (Word), bilatu eta indexatu ahal izateko, eta enkriptatu gabe:
Bitarteko txostena (Mid Term Report): emakida-ebazpenaren jakinarazpenaren eta inkubazio-kontratuan adierazitako amaiera-dataren arteko aldiaren erdia igaro aurretik aurkeztu beharko da, bitarteko justifikazioa aurkezten den unean. Txosten horretan, onuradunak inkubazio-aldiaren lehen erdian jardueraren esparruan egindako lan teknikoa eta negozioak zehaztuko dira.
Bitarteko txostenean kostuen txostena jasoko da, hirugarrenen zerbitzuengatiko ordainketa guztiei dagozkien fakturak jasoko dituena. Txosten hori ahoz aurkeztuko zaio TEBari bitarteko bilera batean.
Negozio Plana: onuradunak egingo du ESA BIC Euskadi Programaren esparruan emandako zerbitzuak oinarri hartuta. Dokumentu hori inkubazio-kontratuan ezarritako inkubazio-aldia amaitu baino lehen aurkeztu beharko da.
Negozio Planak enpresaren hurrengo garapen-aldirako aurreikusitako ekintza-plana jasoko du, eta jarduketen zerrenda xehatua eta arriskuen eta ziurgabetasunen azterketa erantsiko dira. Era berean, proposatutako produktuak (baldintza zientifiko eta teknikoak eta bideragarritasuna barne), merkatua, industria, kudeaketa- eta marketin-politikak eta enpresaren ekoizpen- eta finantza-beharrak aztertuko dira.
Amaierako txostena (Final Term Report): 16. eta 18. artikuluetan adierazitako epean aurkeztu beharko da, eta onuradunak inkubazio-aldian egindako lan guztien deskribapen osoa jasoko du.
Txosten horrek ez ditu aurreko txostenak aipatuko, eta jardueraren emaitza guztiak zehaztu beharko ditu, gutxienez alderdi hauek barne hartuta:
Ikasitakoa.
ESA BIC Euskadi programaren esparruan eta beste edozein laguntza-erakunderengandik jasotako laguntzaren xehetasunak.
Kontaktuak.
Aurrerapen teknikoen deskribapena, argazkiak eta bideoak barne, hala badagokio.
Xehetasun finantzarioak, aurreikusitako kostuetako aldaketak barne.
Inkubazio-kontratuaren arabera lortutako hirugarrenen zerbitzuei buruzko faktura guztiak.
Emandako lizentziak eta patenteen eskaerak edo erregistroak.
Oinarrietan aurreikusitako gainerako entregagaiak.
Institutuak kasu bakoitzean eska dezakeen beste edozein informazio edo dokumentazio.
Azken txostenaren laburpen exekutiboa: 16. eta 18. artikuluetan adierazitako justifikazio-epean aurkeztu beharko da, eta jardueraren emaitzak labur jasoko ditu.
Dokumentu horrek ulergarria izan beharko du adituak ez diren pertsonentzat, eta argitaratzeko modukoa; beraz, ez du isilpeko informaziorik izango. Gehienez (5 testu-)orrialde eta guztira gehienez 10 orrialde izango ditu (1.500 eta 3.000 hitz artean); hala badagokio, koloretako ilustrazioak edo argazkiak sartuko dira. Formatu digitalean entregatuko da.
Garatutako produktuaren edo zerbitzuaren froga: 16. eta 18. artikuluetan adierazitako justifikazio-epean aurkeztu beharko da, inkubazio-aldia amaitzean. Honako hauek izan daitezke:
Softwarea (programa informatikoak barne): onuradunak ESA BIC Euskadi Programaren esparruan garatu duen softwarearen kopia edo erakusle bat entregatuko du. Ezinezkoa bada, SPRIk onartu ondoren bideo-formatuan erakutsi ahalko da (trailerra edo klipa), erabilera eta aplikazioa ikusgai jartzeko. Ez da jabearen informaziorik sartu beharko.
Hardwarea: onuradunak ESA BIC Euskadi programaren esparruan fabrikatutako prototipo bat edo produktu bat emango du, edo, bestela, erakusle bat. Ezinezkoa bada –adibidez, ekoizteko kostua handia delako edo hardwarearen ezaugarrien ondorioz–, erakusteko maketa edo bideo batekin ordeztu ahal izango da, SPRIk onartu ondoren. Nolanahi ere, onuradunak prototipoa eskuragarri izango du, ESAri erakustean mailegatu ahal izateko.
19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, aldez aurretik, unean uneko egoeraren balorazioa eginda, eskakizun hauek betetzen direnean:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELren 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELren 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
20. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira.
2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:
a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako.
b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak.
c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa-baimenik.
d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.
e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.
f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.
g) DAELn aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta, hala badagokio, emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, DAELren 51. artikulua aplikatuz enpresen deslokalizazioari buruzko adierazpena barne, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRIri laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, zeinek Eskubide Publikoko sarrerako izaera izango duten, horri buruz DAELn xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntzaren zatia ere itzuli beharko da, baldin eta, laguntza kobratu ondoren, programa gainfinantzatzen bada 9. artikuluan araututako beste laguntza batzuk metatzeagatik. Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.
6.– Halaber, bidezkoa izango da jasotako laguntza itzultzea onetsitako proiektu bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo exekutatzen bada.
7.– Ezarritako baldintzak zati batean betetzen direnean, baldin eta egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, dirulaguntza zati batean ordainduko da, edo, hala badagokio, zati batean itzuliko da, kalkulatzeko egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa erabiliz. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubide duen zenbateko partzial horrek bat egingo du emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu ondoren eta entitate emaileak onartu duenean.
8.– Borondatezko aldian itzultzen ez bada, premiamendu-bidera jo ahal izango da, araudi aplikagarrian xedatutakoaren arabera.
21. artikulua.– Jabetza intelektuala.
1.– Inkubatua izango da ESA BIC Euskadi Programaren esparruan egindako jardueratik eratorritako jabetza intelektualeko eskubide guztien jabea, betiere hirugarrenen eskubideak urratzen ez badira.
2.– ESAk eta SPRIk eskubidea dute ESA BIC Euskadi programaren esparruan aurkeztutako entregagaietan jasotako informazio ez-konfidentziala erabiltzeko, kopiatzeko edo erreproduzitzeko, komunikazio-, hedatze- eta publizitate-erabilera propioetarako; betiere, doan, eta modu ez-esklusiboan eta atzeraezinean. Inkubatuak identifikatu behar du zer entregagaik edo horietako zein zatik duen informazio konfidentziala, eta ESAk eta SPRIk ez dute informazio hori erabiltzeko eskubiderik izango.
3.– ESAk, edo estatu kideek, eskatzen badute deialdi honen esparruan eskuratutako Inkubatuaren jabetza intelektualeko edozein eskubide erabiltzeko eskubidea, ESAren programak gauzatzeko, ESAk emandako aurrekontu-eskaeraren ondoren proposamen bat aurkezteko gonbidapena egingo zaio Inkubatuari. Edozein arrazoi dela medio, Inkubatuak ezin badu proposamen bat aurkeztu lizitazio-aldiaren barruan, edo ebaluazioaren ondoren proposamen hori ez badator bat ESAren arau eta erregulazioekin, ESAk mundu-mailako lizentzia baterako eskubide atzeraezina eta ez-esklusiboa izango du automatikoki, baldintza onuragarrietan erabiltzeko (hau da, ESAk merkatuko baldintzak baino hobeak izango ditu, eta Inkubatuak arrazoizko onura jasoko du) jabetza intelektualeko eskubide horiek ikerketa zientifikoko eta ikerketa eta garapeneko programen barruan. Halaber, azpilizentziak emateko eskubidea izango du, merkataritzakoak ez diren helburuetarako. Hala ere, Inkubatuak ESAri argi eta garbi erakusten badio lizentzia hori emateak galera ekonomikoak eragin diezazkiokeela, ESAko ordezkari baimenduek uko egin ahal izango diote eskubide horri. Egoera hori kasuz kasu ebaluatuko da.
4.– Inkubatuak kontratua garatu bitartean eskuratu duen jabetza intelektualeko edozein eskubide lagapen-hartzaile bati transferitzen badio, Inkubatuak bermatuko du ESAren eta haren estatu kideen eskubideak lagapen-hartzaile berriari esleitzen zaizkiola.
5.– Inkubatuak SPRIri jakinarazi beharko dio ESAko estatu kideetatik kanpo inkubazio-kontratutik eratorritako jabetza intelektualeko edozein eskubide transferitzeko asmoa badu, gutxienez hiru hilabete lehenago.
22. artikulua.– Publizitatea eta intentitate bisuala.
1.– Inkubatuak ez du sortuko edo zabalduko SPRI, ESA, ESA-BIC, ESA BIC Euskadiri edo horien jarduerei buruzko inolako komunikazio-materialik, eta ez die hirugarrenei ahalbidetuko, SPRIren aldez aurreko idatzizko baimenik gabe.
2.– Inkubatuak ez du erabiliko ESA, ESA-BIC, SPRI, ESA BIC Euskadi edo horien jabetzakoa izan daitekeen beste edozein logotipo edo marka komertzial, oinarri hauetan hala ezartzen ez bada.
3.– Inkubatuak ESA BIC Euskadiren logotipoa eta testu hau jarri behar ditu: «[Inkubatuaren izena](e)k parte hartzen du ESA Business Incubation Centre Euskadin», bere osotasunean eta zuzenketarik gabe. Esaldi hori gehitu beharko du sustapen-materialean eta publizitate-dokumentuetan, azoketan eta/edo hitzaldietan erabilitako materialetan eta Interneteko web-orrietan; hala ere, ez du gehitu beharko bere produktuetan edo ekoizten duen beste edozein materialetan, betiere programaren webguneari lotuta badago, argi eta garbi azaltzen bada Incubada ESA BIC EUSKADIren inkubazio-programa baten parte dela edo arrakastaz amaitu duela, eta Inkubazi-kontratuari dagokion atalean ezarritako baldintzak betetzen badira. ESAk eta SPRIk edozein unetan eta edozein arrazoirengatik atzera egin dezakete ESA BIC Euskadi logotipoa eta testua erabiltzeko eskubidean.
4.– Inkubatuak ESA BIC Euskadiren logotipoa eta testua erabiltzeko betebeharra amaitu egingo da da inkubazio-kontratua ezeztatzen edo amaitzen denean, salbu eta ESA BIC Euskadik eta ESAk idatziz kontrakoa adierazten badute.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Araudi aplikagarria. Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:
1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
2.– Aplikatzekoak diren kasuetan, 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.
3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
4.– Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 23koa, minimis laguntzak Tratatuko 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.apvd.eskadi.eus
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/pribatutasun-politika/ webgunera.
Era berean, eskatzaileek eta onuradunek emandako datuak ESA BIC EUSKADI programan ezarrita dagoen moduan tratatuko dira. Programa hori inkubazio-kontratuan eta eskakizunak egiaztatzeko zerrendak dituen aurkezpen-gutunean araututa dago.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek, nolanahi ere, programa honen bidez emandako pizgarriaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, oinarri hauetan zehaztutako baldintzetan.
I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUA
[izen-abizenak] jaun/andrea, indarrean dagoen [...] zenbakidun NANarekin, [...] IFK eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duen [erakunde eskatzailearen izena](r)(e)n izenean, eta jarduera-zentroa [EAEko jarduera-zentroa] duenak,
I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta, zehazki:
– Eskari honetako dagokion atalean honako hauei buruzko informazioa aurkezten dela:
a) Aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
b) Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.
– Ez dagoela oinarri hauetako 5.2 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean, hau da:
a) DEALen 13. artikuluan aurreikusten den egoera eragozleren batean egotea, hau da:
i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
ii) Borondatezko lehiaketaren deklarazioa eskatu dutenak; edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak; konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan hitzarmenaren eraginkortasuna eskuratu badu; esku-hartze judizialaren mende daudenak; edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearekin bat ezgaituak daudenak, konkurtsoaren kalifikazio-epaian zehaztutako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
iii) Errudun deklaratuak izan direnak, administrazioarekin eginiko edozein kontratu ebazpen irmo bidez indargabetu bada.
iv) Honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean dauden pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak: 53/1984 Legea (abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa) eta 1/2014 Legea (ekainaren 26koa, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituena). Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
v) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.
vi) Egoitza fiskalak erregelamenduaren arabera zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
vii) Egunean ez izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
viii) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak DAELen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradunak edo erakunde laguntzaileak izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako araudia urratzeagatik administrazio-zehapena edo zigorra jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian zehar. Horretaz gain, ezingo dituzte laguntzak edo dirulaguntzak jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun plan bat izan behar duten arren halakorik ez duten enpresek, ezta sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitu eta saihesteko neurriak ezarri dituztela egiaztatu ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Estatuko legedian ezarritakoarekin bat.
ix) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
x) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan bakarrik, abenduaren 29ko 3/2004 Legean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituenean, aurreikusitako ordainketa-epeak ez betetzea.
c) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain egotea.
d) Krisian dagoen enpresatzat hartzea, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01 EBAO).
e) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
f) Zehapenak jaso izana, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
g) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
h) Aurreko hiru urteetan 300.000 euro jaso izana minimis laguntza gisa edo Minimis Erregelamenduan onuradun gisa baztertuta egotea.
i) Armak edo erabilera militarreko teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen jardutea, Europako Segurtasun Estrategiaren baitan ez bada.
– Konpromisoa hartzen duela enpresen deslokalizazioaren pean ez erortzeko, DAELren 49. artikuluan ezarritako baldintzetan.
II.– Emakida-ebazpenean ezarritako baldintza guztiak betetzen ditu, inkubazio-kontratuan adierazitako ESA BIC Euskadi Programaren edukiarekin bat. Era berean, ESA BIC Euskadi programaren helburuak betetzen ditu, eta, horretarako, Europako Espazio Agentziak (ESA) emandako eta sinatutako ziurtagiriak aurkeztu ditu, proiektuaren mugarriak bete direla egiaztatzeko.
III.– Eskaera honetako datu guztiak egiazkoak eta osoak dira, baita aurkeztutako dokumentazio guztia ere, eta dagokion erantzukizuna hartzen du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikuluaren arabera.
IV.– Aurreko I. atalean egindako adierazpena betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa duela, Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian.
V.– Badakiela erantzukizunpeko adierazpen honetan jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez badela, edo administrazio eskudunari ez bazaiola aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango dela dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. atalari jarraikiz.
[ ] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzen dut.
RSS