Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2026ko urriaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
4486

EBAZPENA, 2026ko irailaren 21ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen da «Elgoibarren Arriaga industrialderako sarbidea eraikitzeko eta trenbidea bikoizteko proiektua» eguneratzea.

Kantauri itsasoko ertzean zehar salgaien garraioa gehitzeko itxaropenek etorkizun hurbilean zirkulazioak areagotzea aurreikusten dute. Hori dela-eta, beharrezkoa da zenbait bide-zati bitan banatzea eta egungo trazaduraren ezaugarriak hobetzea, trafiko-bolumenaren igoera hori egungo lineek xurga dezaten eta malgutasun handiagoa izan dezaten.

Helburu orokor horren barruan, Bilbo-Donostia linea bikoiztea planteatu da, Arriaga industrialdetik eta Altzola auzotik igarotzen den tartean (Elgoibarko udalerria). Horrek industrialderako egungo sarbidearen egoera hobetuko du, eta Arriaga industrialdetik pasatzean bikoiztu egingo da, Altzolako saihesbidea eraikitzeko proiektuan tunelean egingo den trenbide-saihesbidearekin lotzeko.

Proiektu honen lehen aurrekaria «Altzolako Saihesbidearen Informazio Azterketa» da, eta, bertan, bide bikoitzeko saihesbide bati dagozkion obrak definitzen dira; hain zuzen ere, Azkarateko mendaterantz doan errepidearen gaineko linea zabalduko da eta Arriagako poligono alderako sarbidearen gaineko pasabide berri bat eraiki; halaber, tunel bat eta geltoki berri bat eraikiko dira Altzolan, gainazalean. Azterketan, elektrifikazio-, segurtasun-, komunikazio- eta gainegitura-lanen balorazioa ere jasotzen da. Informazio Azterketa 2012ko abuztuan onartu zen behin betiko.

2015. urtean, bi eraikuntza-proiektu garatu ziren kontuan hartuta Arriaga industrialdearen ondoko linea bitan banatzeari zegozkion zatien ezaugarriak, inplikazioak eta gauzatzeko epeak eta Altzolarainoko tunel-saihesbidearen ondorengo zatia. Hona hemen bi proiektuak:

• «Arriagako Poligonorako sarbidearen eraikuntza-proiektua».

• «Altzolako saihesbidearen eraikuntza-proiektua».

2021eko abuztuan, ETSk «Altzolako saihesbidea eta Elgoibarko (Gipuzkoa) Arriaga Poligonorako sarbidea eraikitzeko proiektua» kontratua lizitatu zuen, aurretiko proiektuak berrikusi eta eguneratzeko helburuarekin.

Eguneratzeko eta berrikusteko lan hori, azkenean, bi jarduera independente eta osagarritan egitea erabaki zen, tunelean egingo den saihesbidearen lizitazioa arindu ahal izateko, egikaritze-epe luzeagoekin. Hala, «Elgoibarren Arriaga industrialderako sarbidea eraikitzeko eta trenbidea bikoizteko proiektu» honetan, 2022ko bertsioan sartu dira Arriaga industrialdetik igarotzen den tartea bikoizteko egin beharreko lanak. 2022ko martxoan idatzitako «Altzolako saihesbidea eraikitzeko proiektuan», (aurrerantzean, «Altzolako tunelaren proiektua»), zehaztutako jardueren osagarri dira jarduera horiek.

Proiektu honetan definitutako obren xedea da Arriaga industrialdeko tartean trenbidea bikoiztea. Horretarako, dagoen plataforma aprobetxatuko da eta plataformaerdien bidez handituko da behinbehineko egoeretan tren-zerbitzua mantendu ahal izateko. Honako obra hauek egingo dira:

• Trenbide-plataforma handitu, horrek berekin daramatzan lur-mugimenduekin hasierako 1+000 KPtik (trenbide bikoitza) 1+509,69 KP arte (trenbide bikoitza), batez ere ezkerreko aldetik, bikoizketaren hasierako eremuan eta Altzolako etorkizuneko tunelaren sarreran izan ezik, horietan eskuineko aldetik bikoiztuko baita.

• Trenbidea muntatu, ezkerreko bideko 1+159 KPtik 1+460 KPra eta eskuineko bideko 1+023 eta 1+463 KPen artean, tarte batzuk alborantz mugitzea handitutako plataforma igarotzeko, eta trenbidea desegitea aprobetxatuko ez diren tarteetatik kanpo.

• Etorkizuneko bidegorria egiteko plataforma trenbidetik bereiz eta haren paraleloan ezkerreko aldetik, eta 56+942 KP-tik 58+047 KP-ra eta 56+637 KP-tik 56+901 KP-ra eta Altzolako tunel berriaren irteerako eskuineko bidea 1+272,108 KP-tik 1+461,964 KP-ra arteko egungo bidearekin lotzeko zatia desegitea (Altzolako saihesbidearen proiektuko bide berriaren ardatzaren 1+272,108 KP-a 56+753 KP-ari dagokio).

• Trenbide-plataforma handitzearen eta etorkizuneko bidegorriaren ondoriozko egiturak eta fabrika-obrak: GI-2634 errepidearen gainean dagoen zubia handitzea, Arriaga industrialderako sarbidearen gainean zubi berria faseka egitea, etorkizunean egingo den bidegorria igarotzeko bi pasabide berri egitea, ganga motako bi ZDL handitzea horma-hegalekin, eta hormigoi armatuzko mentsula-horma egitea trenbide berriaren trazaduraren ondoko Claudio San Martin S.A. enpresaren trazadura berriari ahalik eta kalte txikiena egiteko.

• Behin-behineko egoeretan tren-zerbitzua mantentzeko beharrezkoak diren elektrifikazioa eta segurtasun- eta komunikazio-instalazioak. Elektrifikazioa eta behin betiko instalazioak proiektu independente batean jaso dira, eta haiek koordinatu dira beharrezko obra zibil bateragarria proiektu honetan sartzeko.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua lau milioi zortziehun eta laurogeita hamar mila ehun eta berrogeita hamahiru euro eta hirurogeita bederatzi zentimokoa (4.890.153,69) da. Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua zazpi milioi berrogeita bat mila hirurehun eta hogeita hamabi euro eta hogeita hamar zentimokoa (7.041.332,30) dela, BEZa barne; eta administrazioak horren berri izateko aurrekontua: sei milioi berrehun eta laurogeita hamahiru mila zazpiehun eta hogeita zazpi euro eta hogeita sei zentimo (6.293.727,26) BEZik gabe.

Obrak egiteko hamabi hilabete eta erdiko (12,5) epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber maila formalean berrikusi du proiektua eta berresten du bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Herri Administrazioen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du euskal trenbide sareko obren proiektuak onartzeko, hala xedatzen baitu 382/2024 Dekretuak, azaroaren 19koa, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenaren 11.2.b) artikuluan.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Elgoibarren Arriaga industrialderako sarbidea eraikitzeko eta trenbidea bikoizteko proiektua»-ren eguneratzea onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, zazpi milioi berrogeita bat mila hirurehun eta hogeita hamabi euro eta hogeita hamar zentimokoa (7.041.332,30) da, eta obrak egiteko epea hamabi hilabete eta erdikoa (12,5) izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion Eraikuntza proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioen sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Jendaurrean jartzen da, guztiek horren berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 21a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala