Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2026ko urriaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4483

EBAZPENA, 2026ko irailaren 17koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Iruña Veleia Aztarnategi Arkeologikoa Antolatzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

AURREKARIAK

2026ko uztailaren 9an, Iruña Okako Udalak Iruña Veleia Aztarnategi Arkeologikoa Antolatzeko Plan Bereziari buruzko (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskabidearekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2026ko uztailaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta emaitza espedientean jasota dago. Era berean, prozeduraren hasiera jakinarazi zitzaion Iruña Okako Udalari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaitu eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri beharko dira, nahitaez, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago, zeinetan aurreikusten baita zer planek eta programak behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko planak edo programak ez duela ingurumen-ondore nabarmenik –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edo planak edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzakeelako.

Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Natura 2000 Sareko espazioei ere ez die eragiten, ezta natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako araubideren bat duten espazioei ere.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan, aztertzen da ea Planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Iruña Veleia Aztarnategi Arkeologikoa Antolatzeko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazten diren baldintzetan:

A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Iruña Okako HAPOko Iruña-Veleiako esparru arkeologikoari dagokion Sistema Orokor Komunitarioaren eremua birdefinitzea, 3. poligonoko 245. eta 1321. lurzatiak barne, bisitarientzako zentro berri bat eraiki eta bisitarientzako harrera-eremua egokitu ahal izateko (aparkalekua eta «lorategi arkeologikoa»). Era berean, Planaren bidez, eremuko lursail guztiak titulartasun publikokoak izatea lortuko da.

Sistema orokor horren berezko erabilera jolas eta kultura motako ekipamendu komunitarioarena da. Eraikuntza-erabilerak eta -jarduerak espazioa bera babestera bideratuta egongo dira, bai eta ikerketa, hezkuntza eta dibulgazio kultural arkeologikorako eraikin eta instalazioetara ere. Baimenduta egongo dira erakusketa-erabilera kulturalak, bai eta erabilera osagarriak ere, hala nola aldagelak, taberna, kafetegia, denda txikiak, etab.

Eraikuntza-parametroei dagokienez, sestra gaineko 1.000 m2-ko gehieneko eraikigarritasuna eta oinplanoko 1.000 m2-ko gehieneko okupazioa baimentzen dira. Gauzatu ezin den 1321 lurzatiaren eraikuntza-aprobetxamendua aldameneko 245 lurzatira aldatzen da; beraz, eraikigarritasuna eta gehieneko okupazioa kalkulatzeko, bi lurzatien baturatik lortutako guztizko azalera hartzen da kontuan; 11.680,31 m2. Eraikinen altuera gehieneko solairu kopuruak zehaztuko du: 2, sestra-kotaren gainean, eta erlaitz eta teilatu-hegaletara gehieneko altuera 7 m-koa izango da, sestra-kotatik gora. Eremuaren urbanizazioa (sarbideak, dauden zerbitzu-sareetara konektatzea, etab.) eraikuntza-obren aurretik edo aldi berean egingo da.

Bisitarien zentro berria bi nabez osatutako eraikin bat izango da, eta faseka eraiki ahal izango da. Eraikin hori kokatzeko, Planak soberako dimentsionamendua duen mugimendu-eremu bat definitzen du, eraikinaren azken kokapena gehiegi murriztu ez dezan. Aurreikusitako modulu bakoitzean eraikitako azalerak honako hauek dira: 01 modulua: 222,82 m2c; 02. modulua: 228,90 m2; guztizko azalera: 451,72 m2. Aurreikusitako bi faseak eraikita, gainerako aprobetxamendua 548,28 m2-koa izango da, eta, unea iristen denean, lurzati hartzaile berean gauzatu beharko dira.

Gaur egun eremu horren barruan dagoen eraikina (bisitarien behin-behineko harrera eta komunak) eraitsi egingo da.

Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba baztertu da, ez duelako ahalbidetzen Planaren xede den proiektua, eta 1. alternatiba justifikatzen da kultura-ondareko ikerketa zientifikoa sustatzen delako, kalitatezko kultura-turismoa sortzen delako eta balioa eta gizarte-itzulera ematen duelako, ingurumen-eragin negatibo nabarmenik gabe.

Plana eraikuntza-proiektuaren bidez eta, hala badagokio, urbanizazio-proiektu osagarriaren bidez garatuko da.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, aztertu da zein diren lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak, erabakitzeko ea Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari lotu behar zaion ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak Iruña Veleiako aztarnategi arkeologikoari dagokion espazioa antolatzen du, zeina Iruña Okako HAPOaren fitxan jasota baitago, HAPOan bertan aurreikusitako arau-esparrua betez. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-efektu nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sartu daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, betiere, arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, besteak beste: kultura-ondarea, natura-ondarea, urak, zarata, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

e) Era berean, Plana egokitzat jo da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremuak 22,76 ha inguru hartzen ditu, Iruña Okako (Araba) udalerriaren ipar-ekialdean, Vitoria-Gasteizko udalerritik 1,2km-ra soilik.

Oro har, eremua Zadorraren Unitate Hidrologikoan (UH) sartzen da, Ebroko Demarkazio Hidrologikoan, eta Zadorra ibaiaren meandro handi batean dago, Arkizko ezproia eta inguruko finka batzuk okupatuz. Era berean, eremua Zadorra ibaia/Río Zadorra (ES2110010) KBEaren babes-eremu periferikoan dago, zeina aipatutako demarkazioko Plan Hidrologikoaren Gune Babestuen Erregistroan (GBE) sartuta baitago. Aparkaleku berria (gaur egun eraikinak dauden eremuan aurreikusia) eta lorategiaren zati bat zaintza-eremuan kokatuko dira, gutxienez 50 metrora. Bestalde, proiektatutako eraikin berriak eremu horretatik kanpo kokatuko dira, ibilgutik 130 metro eta 125 metrora, gutxi gorabehera.

Planaren eremua Zadorra ibaia (ES2110010) KBEaren babes-eremu periferikoarekin bat etortzeaz gain, adierazi behar da Planaren eremua EAEko azpiegitura berdean (LAG) sartutako «Badaio eta Arrato mendilerroak» (kodea: 65) natura-intereseko eremuaren mugakidea dela, eta Zadorra ibaia bera bilbe urdin gisa sartzen dela azpiegitura horretan. Horrez gain, Planaren eremuak Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (AFA, 2005) katalogatutako paisaia-balioak ditu (45. paisaia, «Zadorraren erdialdeko ibilgua» izenekoa), eta bat dator aztarnategitik gertu dagoen Trespondeko Zubi Erromatarrarekin, EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoko paisaia-mugarri batekin. Bestalde, Planaren esparruan ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko punturik edo lekurik.

Landarediari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planaren eremuan belardi eta labore atlantikoak eta zereal-laboreak daude nagusiki. Gainera, Batasunaren intereseko bi habitat identifikatu dira: 6210 Arbitz-belardiak eta Mesobromion-larreak eta 91E0* Erriberako lizardi eurosiberiarra (lehentasunezkoa). Ingurumen-dokumentu estrategikoak zehazten duenez, etorkizuneko bisitari-zentroa hartuko duen leku gehiena asfaltatuta dago, eta bertako landaredia ingurumen-balio txikikoa da.

Faunari dagokionez, adierazi behar da aztertutako eremuaren inguruan, Zadorra ibaiak fauna babesteko zenbait figura dituela, dagozkien kudeaketa-planekin: Uhalde-enararen (Riparia riparia) banaketa naturaleko eremua, zapardaren (Squalius pyrenaicus) interes bereziko eremua, bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremua, igaraba paleartikoaren (Lutra lutra) interes bereziko eremua, usapalaren (Streptopelia turtur) lehentasunezko 2. mailako esku-hartze eremua. Ingurumen-dokumentu estrategikoak horri dagokionez adierazten du egindako landa-bisitetan ez dela identifikatu mehatxatutako faunako intereseko espezierik Planaren jarduketen eremuan. Bestalde, eremuaren zati handi bat bat dator abifauna goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko eremuarekin (2016ko maiatzaren 6ko Agindua, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena), eta hego-ekialdeko zatian 13,2 kV-ko linea elektriko bat dago, hegaztiek talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskua saihesteko preskripzio teknikoekin bat ez datorrena (2018ko ekainaren 18ko Ebazpena, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariarena, 1432/2008 Errege Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritako preskripzio teknikoekin bat ez datozen goi-tentsioko aireko linea elektrikoak zehazten dituena). Ez Planaren eremuan, ez haren inguruan, ez da identifikatzen Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planarekiko eraginik.

Plan Berezi honen jarduketa-eremua aerodromoko zortasunen eta zortasun erradioelektrikoen eraginpean dago, bai eta aireontzien eragiketetako zortasun aeronautikoen eraginpean ere.

Planaren eremua bat dator Iruña Veleiako aztarnategi arkeologikoarekin, Iruña Okako HAPOaren fitxaren mugaketaren arabera, zeinak Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren Inbentario Arkeologikoaren kartografian proposatutako mugaketa jasotzen baitu. Aztarnategia Monumentu Historiko Nazional izendatu zuten 1916an, eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuan sartu zuen. Dekretu horretan, Monumentu Historiko-Artistiko Nazional deklaratzen dira, «Zubia eta Oppiduma, Iruña Okan» izenarekin (EHAA, 132. zk., 1984-08-04). Izendapen horrek harresiz inguratutako esparruaren (Oppidum) barruan eta kanpoan dagoen aztarnategi arkeologikoari egiten dio erreferentzia, bai eta inguruetan dagoen Trespondeko zubia izenez ezagutzen denari ere. Zubiak babes berezia du, 2017az geroztik, Zadorra ibaiaren arroko zubien monumentu-multzoan sartu baita. Hala ere, 1984ko deklarazioak ez zuen jasotzen Iruña-Veleiako aztarnategirako mugaketarik edo babes-araubide berezirik. 1990. urtean, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 5eko 7/1990 Legea onartu eta indarrean jarri zen. Lehenengo xedapen gehigarriaren bidez, oppiduma eta 1984an deklaratutako Iruñeko zubia sailkatutako kultura-ondasuntzat hartu ziren, eta babes-maila hori duten ondasunei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorraren mende geratu ziren. Era berean, indarrean dagoen Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak zehaztu zuen 7/1990 Legearen babesean kalifikatutako ondasunek babes bereziko kultura-ondasunen tratamendua izango dutela; ondorioz, gaur egun Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoa babes bereziko kultura-ondasuna da. Trespondeko zubiak ez bezala, aztarnategi arkeologikoak oraindik ez duenez babes-araubide berezirik, 6/2019 Legearen babes bereziko kultura-ondasunak babesteko araubidea aplikatu behar zaio (27. artikulutik 32. artikulura, 33. Artikulutik 38. artikulura., 40. artikuluak. 46 50), indarrean baitago. Gainera, gune arkeologikoa denez, ondare arkeologiko eta paleontologikoaren araubide espezifikoaren IX. titulua ere aplikatu behar zaio (lege bereko 63-74 artikuluak).

Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko eta oso handiko gune batean dago eremua, eta baso-sutearen arrisku handiari eta oso handiari lotutako landaredi-azalerak ditu. Bestalde, aipatu behar da Iruña Veleiako aztarnategi arkeologikoaren iparraldeko mugak ARSIP ES091_ARPS_ZAD-13 eremuarekin egiten duela muga; hala ere, bisitarien zentro berria ezartzeko berariaz bideratutako espazioa uholde-arriskuko eremutik kanpo geratzen da.

Beste arrisku batzuei dagokienez, ez da hauteman sismikotasunak edo trenbideen edo errepideen hurbiltasunak eragindako arazorik, salgai arriskutsuen garraioan istripuak izateko arrisku handiarekin lotuta. Era berean, ez da arriskurik hauteman SEVESO III Zuzentarauaren mende dauden enpresetatik gertu egoteagatik edo kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan (Ihobe) sartutako lurzoruak egoteagatik.

Aurrekoa ikusita, inpaktu nagusiak obra-fasean sortuko dira, eta hauekin lotuta egongo dira: gaur egun dagoen eraikina eraistea, bisitarien zentro berria eraikitzea, aparkaleku-eremua birkokatzea eta «lorategi arkeologiko» bat ezartzea aparkalekuaren eta eraikin berriaren arteko tartean. Horrek guztiak honako hauek eragingo ditu: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, urak eta lurzoruak istripuzko isurketengatik kaltetzeko arriskua, herritarrei eragozpenak sortzea emisio atmosferikoengatik eta akustikoengatik, etab.

Planaren eremua ES2110010 Zadorra ibaia KBEaren babes-eremu periferikoarekin bat etortzeari dagokionez, kontuan hartuta gainjartze-azalera txikia dela, bisitarien zentro berriaren harrera-eremua gaur egun eraldatuta dagoela eta eraikin berriak babes-eremu periferikotik kanpo geratuko direla, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritza bat dator ingurumen-dokumentu estrategikoan eremu horri buruz egindako eragin-analisiarekin. Dokumentu horretan ondorioztatzen denez, neurri babesle eta zuzentzaileak hartuta, Planaren garapenak ez luke arriskuan jarriko Natura 2000 Sarearen eremuaren ingurumen-garapena. Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuaren arabera, Zadorra KBEaren hidrologiari eta natura-inguruneari eragindako kalteak oso txikiak dira eta obra-fasera mugatuta daude, eta ez da aurreikusten inpaktu esanguratsurik, ez eta interferentziarik ere mugakide diren naturagune babestuekin.

Bestalde, lurzoruaren okupazioari eta landarediaren gaineko eraginari dagokienez, aurreikusitako jarduketak zati handi batean artifizializatutako eremu batean egingo dira (gaur egun aparkaleku gisa erabiltzen da), eta ez da aurreikusten jarduketak Batasunaren intereseko habitatekin gainjartzea.

Kultura-ondareari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak jakinarazi duen bezala, kontuan hartuta Planaren helburua aztarnategia ikertzeko, kontserbatzeko eta balioesteko dauden azpiegiturak hobetzea dela eta Planak berak aurreikusten duela jarduketen aurretik azterketa arkeologiko bat egin behar dela, proposatutako antolamendua bateragarria da Iruña-Veleiako eremu arkeologikoari aplikatu beharreko babes-araubidearekin.

Ustiapen-fasean, eragin nagusiak antolamendu berriaren paisaia-inpaktuarekin eta eremuan mugikortasuna areagotzearekin lotutakoak izango dira. Fase honetako paisaia-eraginari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak eragin positibo bat baloratzen du Planean, kontuan hartuta aparkalekuaren eta eraikin berriaren arteko «lorategi arkeologikoak» eremuaren balio bisuala indartuko duela. Gainera, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuaren arabera, dagoeneko esku hartu den ingurune batean dauden azpiegituren berrantolaketa eta hobekuntza denez, ez da paisaia-inpaktu garrantzitsurik aurreikusten, baizik eta multzoaren hobekuntza funtzional eta kualitatiboa.

Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak mugatuak direnez, uste da eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada (batez ere kultura-ondareari, natura-ondareari, urei, lurzoruei, kutsadura akustikoari eta soberakinen, hondakinen eta isurketen kudeaketari buruzkoa), eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Kontuan harturik hori guztia, eremuaren egungo egoera, planak indarrean dagoen plangintzari dagokionez proposatutako aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuko direla, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean inpaktu nabarmenik izatea.

C) Ebazpen honetan, jarraian aipatzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Iruña Veleia Aztarnategi Arkeologikoa Antolatzeko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera.

Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:

Paisaia-integrazioarekin lotutako neurriak.

– Planak berariaz jasoko du etorkizuneko eraikuntza-/urbanizazio-proiektuarekin batera «Lehengoratze-proiektu» bat egingo dela, proiektuaren betearazpenak eragindako eremu guztiak barne hartuko dituena eta zaharberritze-lanak behar besteko xehetasunez zehaztuko dituena, behar bezala gauzatu daitezen (landareztatu beharreko azaleren kokapena, erabili beharreko espezieen identifikazioa, landaketa-markoak, ereintza- eta/edo hidroereintza-dosiak, beharrezkoak diren mantentze-lanak, eta abar).

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuarekin bat etorriz, Planak jasoko du, gainera, ingurumena lehengoratzeko definizioan honako irizpide hauek sartuko direla:

• Bisitarien harrera-eremuaren hego-mendebalderantz landareztatzea aurreikusiko da, planifikatutako bide berdea inguratuz. Landareztatze horrekin, instalazio berriaren paisaia-integrazioa lortuko litzateke, eta nolabaiteko konektibitate ekologikoa bultzatuko litzateke Zadorra ibaiaren ingurunean.

• Ingurumen-dokumentu estrategikoan aurreikusitako lehengoratze- eta lorategi-jarduketak egiteko, zuhaitz- eta zuhaixka-espezie autoktonoak landatu beharko dira, eta lehentasuna eman beharko zaie inguruneko berezko formazioei. Horretarako, Zadorra ibairako ezpondatik hurbilen dauden eremuetan, zumardi/haltzadi mediterraneoaren edo trantsiziokoaren ezaugarri diren landare-komunitateak erabiliko dira; gainerako eremuetan, berriz, erkamezti azpikantauriarra eta hari dagozkion zuhaixkak ezartzea sustatuko da, eremuaren paisaia- eta ekologia-integrazio egokia eta ibai-ingurunearen kontserbazio-helburuekiko koherentzia bermatzeko. Ingurumena lehengoratu ondoren, jardueren jarraipena egiteko bisita teknikoa egin beharko da, Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz. Landareztatzea eraikuntza-/urbanizazio-proiektuaren xehetasun-maila berarekin definituko da, eta dokumentazio grafikoa eta aurrekontu banakatua izango ditu.

Natura-ondarearekin loturiko neurriak.

– Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzarekin adostuta:

• Planaren araudiak Sistema Orokorraren eremu osoan dauden Batasunaren intereseko 6210 Arbitz-belardiak eta Mesobromion-larreak eta 91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetako alubioi-basoak (Erriberako lizardi eurosiberiarra) babestuko ditu, Zadorra ibaiaren meandroaren ingurune horretan eginkizun ekologiko garrantzitsua betetzen duten formazio autoktono horiei balioa emateko eta haietan eragitea saihesteko.

• Planak kontuan hartuko du Iruña Okako HAPOaren araudia, hegazti-fauna linea elektrikoekin –berriak edo lehendik daudenak– talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuaren aurka babesteari dagokionez (Agindua, 2016ko maiatzaren 6koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena. Honen bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira, argitaratzen), Sistema Orokorraren zati handi bat arrisku horietatik babesteko eremu batekin bat baitator. Zehazki, eremuan bada linea elektriko bat gai honi buruz indarrean dauden preskripzio teknikoekin bat ez datorrena (Ebazpena, 2018ko ekainaren 18koa, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariarena, zeinaren bidez zehazten baita zein diren 1432/2008 Errege Dekretuaren 6. eta 7. artikuluetan ezarritako arau teknikoekin bat ez datozen goi-tentsioko aireko linea elektrikoak). Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuak ezarritakoaren arabera, antolamendu-eremuan garatzen diren eta Plan Bereziaren garapen-helburuak oztopatzen ez dituzten landaredi autoktonoko formazioak babestuko dira.

Bizikleta-bideei eta ibilbide berdeei buruzko neurriak

– Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuak ezarritakoaren arabera, Bizikleta Bideen eta Ibilbide Berdeen LPSan jasotako «Zadorrako IV23-Ibilbide Berdea» berrezarri beharko da. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide horrek Gasteiz Langraiz Okarekin lotzen du, Zadorraren ibarrean zehar. Nahitaezkoa da Plan Bereziaren eremuaren barruan ibilbidea berrezartzea, bai eta Planaren antolamendu-eremutik kanpoko eremu mugakide batean dagoen trazadurarekiko lotura ere; hori guztia Ibilbide Berdearen Kudeaketa Organoak (Ingurumen Jasangarritasuneko Zerbitzua - Natura Ingurunearen Zuzendaritza - AFA) ezartzen dituen irizpide eta baldintza zehatzen arabera. Berrezartze- eta lotura-jarduketa hori Plan Berezian jasotako jarduketen organo sustatzaileari dagokio.

Jabari publiko hidraulikoa eta hari lotutako babes-eremuak babesteari lotutako neurriak.

– Jabari Publiko Hidraulikoaren babes-eremuetan egiten diren jarduketa guztietarako, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena lortu beharko da aldez aurretik. Baimena Uraren Euskal Agentzian izapidetuko da, eta horren kariaz ezarriko dira jabari publiko hidraulikoa babesteko beharrezkoak diren baldintzak.

– Ingurunearen urbanizazio-proiektuan, ahal dela, bioingeniaritzako edo ingeniaritza naturalistikoko teknikak erabiliko dira, paisaiaren kalitateari eta izaera nagusiki landatar eta naturalizatuari eusteko. Ildo horretan, Plana garatuko duen eraikuntza-/urbanizazio-proiektuak drainatze jasangarriko sistemak jaso beharko ditu, hala nola gainazal eta akabera iragazkorrak, zoladura iragazkorrak aparkalekuetan, etab. Era berean, Uraren Euskal Agentziak ezartzen duen bezala, baldintza horrek Planaren araudian jasota egon beharko du.

– Plana garatzeko, kontuan hartuko da Ingurune hidrikoari lotutako KBEetarako eta HBBEetarako arau orokorrak onartzen dituen martxoaren 17ko 34/2015 Dekretuaren erregulazio orokorren barruan honako hau ezartzen dela: «EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala aplikatzeko, KBE/HBBEen eremu osoa hartuko da Lehentasunezko Interes Naturalistikoko Eremutzat, eta eremu hori izango da, halaber, plan horren D.2 apartatuan definitutako ibilguaren babes-eremua». Ondorioz, lehentasunezko natura-intereseko eremuei dagozkien ertzetan, mugaketa-lerrotik 50 metro errespetatuko dira gutxienez, lursail naturala aldatzen duen edozein esku-hartze egiteko, salbu eta behar bezala justifikatutako obra publikoei eta onura publikoko eta gizarte-intereseko azpiegituren instalazioei dagozkienak edo kultura-ondarea babestearekin lotutakoak.

– Hornidurari dagokionez, arroko erakundeak Plan Berezi honetatik eratorritako eskaera berriak babesteko baliabide nahikorik dagoen ala ez adieraziko du, Uren Legearen Testu Bateginaren 25.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta afekzio negatibo gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak ere, egikaritzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraituz proiektatuko dira.

Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, indusketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legeak 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira, argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Gune espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak, eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar eta lanek dirauten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isurketei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Industrian erabilitako olioen kudeaketa arautu duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatuko dira olio erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautu duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuak xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Dagoen eraikina eraistean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.

– Halakorik izanez gero, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eraman eta hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra-faserako, istripuz izandako isurketen afekzioa saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isurketekin kutsatutako lurzoruak kentzea eta kudeatzea, eta abar).

Ustekabean ezer isuriz gero, berehala jaso beharko dira lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratuko eta kudeatuko dira.

Pilaketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Nolanahi ere, ez da baimentzen zerbitzu-eremurik, makineria-parkerik eta kutsagarriak izan daitezkeen produktuak pilatzeko eta biltegiratzeko eremurik ezartzea jarduketa-eremuaren mendebaldean ubideratutako jariatzetik hurbil dauden eremuetan. Nahitaezko prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira istripuzko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanak egin behar direnean eta ingurunean hondakinak daudenean edo abandonatu behar direnean.

Ez dira ibilgura edo ertzetara isuriko, ezta haietatik gertu dauden lekuetan utziko ere inguruari kimikoki edo mekanikoki eragin diezaioketen edonolako materiak.

– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua) eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoa (Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorra egiteko eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, lehentasunez, erratz-makina mekanikoak erabiliko dira, solido esekiak dituzten jariatze-urak sortzea saihesteko.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari, hark erabakiko baititu hartu beharreko neurriak.

– Obren eraginpeko eremuak lehengoratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak lehengoratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihestuko dira.

– Berdeguneak loreztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» liburuxkan jasotakoa beteko da (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako eskuliburua). Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua murrizteko. Landareztatze- eta lorategi-lanetan, ez da sekula ere erabiliko inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.

– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa eta iragazgaiztea murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaguneen funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea edo/eta kontserbatzea.

• Paisaia. Sektorea eta haren instalazioak paisaian integratzea.

• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

Hirugarrena.– Iruña Okako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukiaren berri.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada Iruña Veleia Aztarnategi Arkeologikoa Antolatzeko Plan Berezia onartzen lau urteko epean. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzea eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztu den moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 17a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala