Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2026ko urriaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4472

157/2026 DEKRETUA, urriaren 6koa, zeinaren bidez hirugarrenez aldatzen baita Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua.

Duela ia hamarkada bat, Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legea onartu zen, eta, ondoren, Zerbitzu Juridikoari buruzko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuak garatu zuen. Bi arau horiek Zerbitzu Juridikoaren antolamenduan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionalerako laguntza juridikoaren erregulazioan oinarritu ziren. Laguntza juridiko publiko hori, batez ere, bi funtzioren inguruan ezarri zen: aholkularitza juridikoa, kontsulta-eginkizuna barne hartzen duena, eta epaiketetako ordezkaritza eta defentsa, hori baita auzietan jarduteko eginkizuna.

Ikuspegi organikotik, urriaren 29ko 317/2024 Dekretuak Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du. Antolamendu-arau horren arabera, Araubide Juridikoaren Sailburuordetza Administrazioaren kontsulta-zentro gorena da, eta bertan kokatzen da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusia, laguntza juridikoa ematen duena eta epaiketan hura ordezkatzen eta defendatzen duena. Sailburuordetzari atxikitako administrazio-organo gisa, besteak beste, Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak bere gain hartzen du Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarentzat gordeta ez dauden lege-aurreproiektuen eta eduki arauemailea duten erregelamendu-proiektuen legezkotasunaren barne-kontrola. Era berean, Auzibide Zuzendaritza funtsezko zutabea da gure Administrazioaren ordezkaritza eta defentsa juridikoa artikulatzeko jurisdikzio-organoen aurrean.

Auzien kopurua nabarmen handitu denez, araudia konplexua denez, Justizia Administrazioaren aurrean jarduketa homogeneo eta eraginkorra bermatu behar denez eta digitalizazioa gero eta handiagoa denez, ezinbestekoa da Araubide Juridikoaren Sailburuordetzaren barne-antolamenduko egitura indartzea, Kabinete Tekniko bat sortuz. Kabinete horrek sailburuordetzari berari eta haren mendeko administrazio-organoei laguntzeko unitate espezializatu baten berezko eginkizunak beteko ditu. Horrela, beste funtzio osagarri batzuen artean, txosten eta azterketa juridiko konplexuak egingo ditu, beharrezko barne-koherentzia juridikoa bermatzeko irizpideak bateratzen parte hartuko du, araudia eta jurisprudentzia aztertuko ditu, geroko arriskuak aurreratuz, barne-prestakuntza koordinatuko du eta prozesuen optimizazioa garatuko du tresna teknologiko eta metodologikoen bidez.

Eusko Jaurlaritzak autogobernuaren arloan aurre egin behar dien erronken aurrean (Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren bidez), Autogobernu Zuzendaritza Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikitzea erabaki da, formalki ezartzen den Kabinete Teknikoak emango duen laguntza jaso ahal izan dezan. Era berean, Autogobernu Zuzendaritzak ematen duen ikuspegi espezializatu eta adituak Zerbitzu Juridiko Nagusiak ematen duen laguntza juridikoaren kalitatea handitzeko behar den osagarria ematen du.

Bi aldaketa horiek, Autogobernu Zuzendaritza Araubide Juridikoaren Sailburuordetzari atxikitzeak eta Kabinete Teknikoaren aurreikuspenak, antolamendu-logika berari erantzuten diote: Araubide Juridikoaren Sailburuordetzaren eremuan kokatzea autogobernuaren garapenari lotutako eduki juridiko eta eskumen-eduki handiagoko eginkizunak, eta, aldi berean, sailburuordetza horri laguntza teknikoko barne-unitate bat ematea, hura osatzen duten organoen arteko koordinazioa, analisi espezializatua eta irizpide-koherentzia indartzeko gai izango dena.

Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko urriaren 6an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 2. artikulua («Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura orokorra») aldatzea.

1.– 2. artikuluko 1. apartatuko 1.1 azpiapartatuko c) letra indargabetzen da.

2.– 2. artikuluko 1. paragrafoko 1.3 azpiapartatua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«a) Autogobernu Zuzendaritza.

b) Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

c) Auzibide Zuzendaritza».

Bigarren artikulua.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 8. artikulua «Autogobernu Zuzendaritza» aldatzea.

8. artikulua indargabetzen da.

Hirugarren artikulua.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 13. artikulua «Araubide Juridikoaren Sailburuordetza» aldatzea.

1.– 13. artikuluko 5. paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«a) Autogobernu Zuzendaritza.

b) Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritza.

c) Auzibide Zuzendaritza».

2.– 13. artikuluari 6. paragrafoa gehitzen zaio, eta honela idatzita geratzen da:

«6.– Araubide Juridikoaren Sailburuordetzak Kabinete Tekniko baten laguntza izango du. Kabinete hori letraduek eta lanpostuen zerrendan zehazten diren gainerako teknikariek eta administrariek osatuko dute».

Laugarren artikulua.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren artikulatua aldatzea.

13 bis artikulua gehitzen da, eta honela idatzita geratzen da:

«13 bis artikulua.– Autogobernu Zuzendaritza.

Dekretu honen 5. artikuluak oro har esleitzen dizkion eskumenez gain, honako hauek dagozkio Autogobernu Zuzendaritzari, Araubide Juridikoaren Sailburuordetzaren ikuskaritzapean:

a) Estatuarekiko eta beste lurralde-erakunde batzuekiko harreman-politika zuzentzen eta sailen artean koordinatzen laguntzea autogobernuaren eta estatutu-garapenaren arloan, horretarako dauden organo mistoetan parte hartuz, bai eta horiek gauzatzen laguntzea ere.

b) Autonomia Erkidegoaren eskumenei dagozkien zerbitzuen transferentziak artikulatzeko politika zuzendu, koordinatu eta betearazteko aholkularitza ematea, bai Estatuari dagokionez, bai lurralde historikoei dagokienez. Autogobernu Zuzendaritza Ogasun eta Finantza Sailarekin koordinatuko da eskumenen eta transferitzekoak diren eginkizunen eta zerbitzuen balorazio ekonomikoari dagokion guztian.

c) Jaurlaritzaren eta Estatuaren, beste autonomia-erkidego batzuen edo foru- eta toki-erakundeen arteko aldebiko edo alde anitzeko erakunde-harremanetarako politikak lagundu, gauzatu eta bultzatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremua erabat garatzea eta haren autogobernua bermatzea eta sakontzea ahalbidetuko duten mekanismoak, ereduak eta tresnak aztertu eta ikertzea.

e) Estatutuaren garapena bultzatu eta aztertzea, ordenamenduaren eskumen-azterketa juridikoa eginez, eta autogobernuaren eta bere artikulazio-bideen garapena eta nolakotasuna hobetzeari buruzko azterlanak eta proposamenak egitea.

f) Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean eta Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitako transferentzien bitariko batzordeen idazkaritza-lanak egitea. Era berean, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko aldebiko batzordeetan parte hartzea, batzorde horietara joateko hautatuak izanez geroa.

g) Estatuko erakundeei eta foru- eta toki-erakundeei dagokienez sortzen diren eskumen-arazoak aztertzea eta Jaurlaritzari aholku ematea, bereziki Gorte Nagusietan edo lurralde historikoetan izapidetutako ekimenak jarraitzea eta aztertzea, bai eta Estatuko araudia ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen banaketa konstituzional eta estatutarioaren ikuspegitik.

h) Judizio aurreko txostenak, ekimenak, errekerimenduak eta jarduketak egitea, bai eta Gobernuaren interesak ordezkatzea eta defendatzea ere konstituzio-jurisdikzioaren eta Arbitraje Batzordearen aurrean, Administrazioarekiko Auzien Zuzendaritzarekin koordinatuta, dekretu honekin bat».

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko urriaren 6an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala