Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2026ko urriaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4471

144/2026 DEKRETUA, irailaren 15ekoa, bitartekaritza- eta enplegatze-zerbitzua emateko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta enplegatze-agentzien arteko akordio irekiak arautzen dituena.

Lan-bitartekaritza, langileei beren ezaugarrietara egokitutako enplegua ematera eta entitate enplegatzaileei beren eskakizun eta beharrizanetara ondoen egokitzen diren langileak eskaintzera bideratutako ekintzen multzo gisa, Euskal Enplegu Sarearen zerbitzu-zorroan integratutako zerbitzu publiko bat da. Zorro hori Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legean dago araututa, zeina erreferentziazko esparru autonomikoa baita EAEko enplegu-politika publikoen arloan.

Aipatutako 15/2023 Legeak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari esleitzen dio zorro horretako zerbitzu guztiak emateko bermea, eta, besteak beste, bitartekaritza- eta enplegatze-zerbitzua arautzen du, hargatik eragotzi gabe Enplegu Sistema Nazionala eta enplegatze-agentzien jarduera arautzen dituen Estatuko oinarrizko araudia.

Zehazki, 15/2023 Legearen 32. artikuluak ezartzen du bitartekaritza- eta enplegatze-zerbitzuaren helburua izango dela enplegu-eskaintzak identifikatu eta kudeatzea, eta eskaintzetara ondoen egokitzen diren erabiltzaileei lotzea, haien profil eta konpetentziak aintzat hartuta. Era berean, 48.1.c) artikuluak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari esleitzen dio enplegu-eskaintzen kudeaketa eta uztarketa, beraren eginkizunen eta euskal enplegu-sistemaren antolamenduaren esparruan.

15/2023 Legean berariaz jasotzen da Euskal Enplegu Sarearen zerbitzuak emateko beste entitate batzuen lankidetza. Hain zuzen ere, lege horren 56.3 artikuluan, enplegatze-agentzien eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetza aurreikusten da, bitartekaritza-zerbitzua emateko, eta, horretarako, xedatzen du lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituela, dirulaguntzak eman ahal izango direla edo beste edozein lankidetza-hitzarmen ezarri ahal izango dela, sektore publikoko kontratuei buruzko legean xedatutakoa aplikatzeari kalterik egin gabe, baldin eta dagokion gaia bere esparruan sartzen bada.

Ikuspegi horretatik, dekretu honek EAEko enplegu-araudian bertan aurreikusitako formula bat garatzen du, enplegatze-agentzien eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetza antolatzeko, enplegu-eskaintzak biltzeari, erregistratzeari eta kudeatzeari dagokienez, eta, hartara, EAEko enplegu-sistemak eskatzaileen eta enplegatze-entitateen premiei erantzuteko duen gaitasuna indartzen du.

Esparru autonomiko hori Estatuko enpleguaren arloko oinarrizko araudiarekin osatzen da; zehazki, Enpleguaren otsailaren 28ko 3/2023 Legearekin eta enplegatze-agentziak arautzen dituen araudi espezifikoarekin. Izan ere, xedapen horiek oraindik ere garrantzizkoak dira Enplegu Sistema Nazionalaren konfigurazio orokorrarekin, enplegatze-agentzien izaera formalarekin eta jarduera horretatik eratorritako betebeharrekin lotutako alderdietan. Horregatik, haien aurreikuspenak kontuan hartzen dira dekretu honetan, osagarri gisa, aplikagarriak diren neurrian.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak enplegu-politika aktiboen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zaizkionetik kudeatu izan du lan-bitartekaritza. Zerbitzu hori emateko, enplegatze-agentzien laguntza erabili izan du batzuetan, kontratazio-prozeduren bidez. Eta, modu orokorragoan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2015eko urtarrilaren 23ko Ebazpenaren bidez (2015eko otsailaren 2ko EHAAn argitaratu zen), prozedura bat ezarri zen, zeinaren bidez enplegatze-agentziak, baldintza jakin batzuk betez gero, Lanbideren entitate laguntzaile izan baitaitezke, enplegu-eskaintzak jasotzeari eta erregistratzeari dagokionez soilik, Lanbidek dituen tresnak eta datu-baseak erabiliz eta inolako ordainsaririk jaso gabe. Prozedura hori Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2022ko urriaren 27ko Ebazpenaren bidez eguneratu zen (2022ko azaroaren 7ko EHAA).

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak ezinbestekotzat jotzen du enplegatzearen arloko lankidetza hori areagotzea, kudeatutako enplegu-eskaintzen kopurua handitu ahal izateko eta, horrela, emaitza handiagoak eta hobeak lortu ahal izateko enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta dauden pertsonak benetan laneratzeko azken helburuan.

Horretarako, Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 56.2 artikuluan aurreikusitako eta 57. artikuluan araututako akordio irekien formula sistema egokia izan daiteke Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta enplegatze-agentzien arteko lankidetza hori bideratzeko. Aipatutako xedapenean ezarritakoaren arabera, akordio irekitzat joko dira hainbat entitatek zerbitzuaren eskaintzan parte hartzea ahalbidetzen duten akordioak, baina ezin izango da entitate bat beste batzuen artetik hautatu, eta entitate horiek ez dira behartuta egongo eskaintzak aurkeztera.

Prozedura horri esker, interesa duten eta aurreikusitako betekizunak betetzen dituzten enplegatze-agentzia guztiek hartu ahal izango dute parte, haien artean hautatu gabe, ahalik eta enplegu-eskaintza gehien biltzeko eta enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden pertsonen eskura jartzeko. Hautaketa baztertu egiten da, kontratu publikoen funtsezko ezaugarria bera, baina aukera ematen da aldez aurreko gaitasun-irizpideak ezartzeko.

Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen zioen azalpenean azaltzen den bezala, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziak bermatzen du akordio irekien formula, eta haren erregulazioa Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen berrogeita bederatzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean dago; izan ere, xedapen horrek aitortu egiten du autonomia-erkidegoek legeak egiteko ahalmena dutela, esleituak dituzten eskumenak baliatuz, izaera sozialeko zerbitzu publikoak emateko kontratuzkoak ez diren tresnei buruz, eta halakoak dira enplegu-zerbitzuak.

Ondorioz, goian aipatutako araudiaren babesean, dekretu honen bidez arautzen da nola gauzatu behar den enplegatze-agentzien eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren arteko lankidetza lan-bitartekaritzaren esparruan eta akordio irekiak sinatuz. Horrela, harreman horren funtsezko alderdiak ezartzen dira, hala nola enplegatze-agentzia laguntzaileek egin beharreko jarduketak eta horiek gauzatzeko baldintzak, alderdien betebeharrak eta eginkizunak, bai eta akordioak sinatzeko prozedura bera, ordainsariak eta ordainketa-dinamika eta jardueraren ebaluazioa ere, efikazia- eta efizientzia-irizpideetara egokitzeko, betiere berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren, gardentasunaren, publikotasunaren, kalitatearen, jarraitutasunaren, irisgarritasunaren eta zerbitzuaren erabilgarritasunaren printzipioak errespetatuz, Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 57. artikuluan eskatzen den bezala.

Ondorioz, jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren proposamenez, bat etorriz Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko irailaren 15ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta enplegatze-agentzien artean egingo diren akordio irekien araubide juridikoa arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan bitartekaritza- eta enplegatze-zerbitzua emateko lankidetza antolatzeko.

2. artikulua.– Akordio irekiak.

1.– Dekretu honetan araututako akordio irekiak kontratuzkoak ez diren antolaketa-tresnak dira, eta Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 57. artikuluan xedatutakoaren mende daude.

2.– Dekretu honetan araututako akordio irekien xedea da enplegu-agentziek Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legean aurreikusitako bitartekaritza- eta enplegu-zerbitzuaren berezko jarduketak egitea, EAEko enplegu-politika publikoen erreferentziazko arau-esparru autonomiko gisa. Jarduketa horiek, zehazki, bat datoz 32. artikuluan definitutako zerbitzuarekin, eta, dekretu honen ondorioetarako, honako hauek dira: Euskal Autonomia Erkidegoko lanpostuak betetzeko enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea. Hori guztia Estatuko enplegu-arloko oinarrizko araudiari eta enplegatze-agentziei aplikatu beharreko erregelamendu-araudiari kalterik egin gabe gauzatuko da, araudi horiek aplikatzekoak diren heinean.

3.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta 8. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten enplegatze-agentzien artean sinatuko dira akordioak, 9. artikuluan araututako prozedurari jarraikiz. Hitzarmena sinatzeak Lanbideren laguntzaile izaera emango dio enplegatze-agentziari (aurrerantzean, enplegatze-agentzia laguntzailea izango da).

4.– Hauxe ezarriko da akordio irekietan, dekretu honetan araututako eran: enplegatze-agentziek entitate laguntzaile diren aldetik egin behar duten jarduketa eta dituzten betebeharrak; Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak akordioen esparruan dituen eginkizunak; araubide ekonomikoa; enplegatze-agentziaren jardueraren kontrol-, jarraipen- eta ebaluazio-jarduketak, eta akordioen indarraldia eta azkentzeko kausak.

5.– Akordio irekiak bateraezinak izango dira akordioaren xede diren jarduerak edo zerbitzuak finantzatzeko dirulaguntzak ematearekin.

3. artikulua.– Akordio irekien xedea: enplegatze-agentzia laguntzaileek egin beharreko jarduketak.

1.– Enplegatze-agentzia laguntzaileek egin beharreko jarduketak enplegu-eskaintzak biltzea eta tratatzea izango dira, eta dekretu honetan ezartzen diren baldintzetan eta prozeduren arabera egin beharko dira.

2.– Enplegu-eskaintzak biltzea.

Enplegu-eskaintzak biltzea prozesu bat da, zeinaren bidez enplegatze-agentzia laguntzaile bat harremanetan jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen lantoki batean lanpostu bat edo gehiago bete behar dituen pertsona fisiko edo juridiko, publiko zein pribaturen batekin, eta azken honek kudeaketa-eskaera egiten baitio, eskatzen den profila adierazita.

Eskaintzen diren lanpostuak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan zuzeneko lan-kontratuak egiteko izan behar dira.

Lanbidek enplegu-eskaintza bat kudeatzeko eskabide-eredu bat jarriko du enplegatze-agentzia laguntzaileen eskura, eta enplegu-eskaintza ondo-ondo kudeatzeko beharrezkotzat jotzen den informazioa jasoko da eredu horretan.

Aurrez aurre edo telematikoki bildu ahal izango da eskaintza.

3.– Enplegu-eskaintzen tratamendua.

Enplegu-eskaintzen tratamendua da eskaintzak bildu ondoren kudeaketa integralerako beharrezkoak diren jarduketen multzoa, erregistroa barne.

Lanbideren lan-bitartekaritzako aplikazio informatikoaren bidez egin beharko da nahitaez, eta Lanbidek horretarako gaitutako enplegatze-agentzia laguntzaileko langile batek egin beharko du. Prozesu hauek ditu:

a) Erregistroa. Enplegu-eskaintza baten erregistrotzat jotzen da eskaintzen bilketa-prozesuan lortutako datuak kodetzen diren prozesua. Datu horiek Lanbideren bitartekaritza-sisteman sartzen dira eta, horrela, enplegu-eskaintza berri bat sortzen da sisteman, baldin eta ezarritako betekizunak betetzen badira.

b) Kudeaketa. Enplegu-eskaintzen kudeaketatzat jotzen da prozesu hauek guztiak egitea:

1. Lanbideren bitartekaritza-sisteman aldez aurretik erregistratutako eskaintza bat aztertzea, eta, hala badagokio, osatzea.

2. Une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko pertsona egokiak identifikatzea, 4. artikuluan deskribatzen diren eskaintzak parekatzeko moduak erabilita.

3. Aurreko prozesuan identifikatutako hautagaiak egokiak direla egiaztatzea. 5. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatuko da egokiak direla.

4. Eskaintza amaitzea, Lanbideren bitartekaritza-sistemaren bidez automatikoki amaitu behar denean izan ezik, 6. artikuluan arautzen denaren arabera.

c) Enpresaren emaitza jasotzea. Enpresaren emaitza jasotzea da jakitea enpresak zer balorazio egin duen bidalitako hautagai bakoitzari buruz; hau da, ea enpresaren iritziz bete beharreko lanpostura egokitzen den ala ez, eta zergatik. Emaitza hori jasotzea ez da nahitaezkoa izango kobratzeko eskubidea sortzeko eskaintzaren kudeaketagatik edo langileak enplegatzeagatik, baina ondorioak izan ditzake ebaluazio-irizpide gisa Lanbiderekin dagoen akordioaren jarraitutasunean, I. eranskinean jasotako eran.

4. artikulua.– Enplegu-eskaintzak parekatzea.

1.– Enplegu-eskaintza enplegu-eskariekin parekatzea da erlazio bat sortzea enplegu-eskaintzaren eta eskainitako lanpostua betetzeko aproposenak direlako hautatu diren enplegu-eskarien artean; nolanahi ere, enplegurako sarbidean aukera-berdintasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak betez egin beharko da hori.

2.– Parekatze-prozesu orotan, hautatutako pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan edo Enplegu Sistema Nazionaleko beste edozein enplegu-zerbitzu publikotan.

b) «Alta» edo «etenda, bitartekaritzarekin» administrazio-egoeran egotea.

c) Enpresak ezarri dituen nahitaezko betekizunak betetzea.

d) Lanbidek haien prestasunari dagokionez egiten dituen egiaztapen guztiak (eta, hala badagokio, egokitzapenen aldez aurreko berrikuspenak) onartzea.

3.– Hemen deskribatzen diren sistemen bidez parekatu beharko dira hautagaiak enplegu-eskaintzekin (osagarriak dira eta nahitaez aplikatu behar dira biak):

a) Parekatze automatikoa: eskatutako betekizunak eta lan-eskarien ezaugarriak baliabide informatikoen bidez alderatzen dira, Lanbidek horretarako gaituta dagoen entitateko langile batek eskatuta.

b) Hedapen bidezko parekatzea: enplegu-eskatzaileak borondatez aurkezten du bere burua «hedapen» egoeran dagoen enplegu-eskaintza batean. Enplegu-eskaintza bat «hedapen» egoeran egoteak esan nahi du eskaintzaren berri emango dela hautagaiek hartan izena eman ahal izan dezaten.

Hedapena, gutxienez, Lanbideren webgunean eta Euresen webgunean egingo da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 13ko (EB) 2016/589 Erregelamendua betez, 17.2 artikuluan jasotako salbuespenekin –erregelamendu hori enplegu-zerbitzuen Europako sareari (EURES), langileak mugikortasun-zerbitzuetara sartzeari eta lan-merkatuen integrazio handiagoari buruzkoa da–.

4.– Aurreko apartatuan deskribatutako sistemak erabiliz ez ezik, honela ere parekatu ahal izango dira hautagaiak enplegu-eskaintzekin: enplegatzaileak aurre-hautaketa bat egin dezake Lanbideren webgunearen bidez profil anonimizatuak (curriculum itsua) bilatuz.

5. artikulua.– Egokitasuna eta prestasuna egiaztatzea.

1.– Hautagaia egokia dela egiaztatzea hau da: hedapen bidez edo, beharrezkoa izan denean, parekatze automatiko bidez parekatutako hautagaiak eskainitako lanposturako egokiak direla egiaztatzeko eta emaitza erregistratzeko prozesua. Emaitza positiboa bada, prozesuak aurrera egingo du, eta enpresari bidaliko zaio hedapen bidez lortutako hautagaia, edo parekatze automatikoaren bidez hautatutako hautagaia lanerako prest dagoela egiaztatzeko fasera igaroko da.

Beharrezkoa den kasuetan, enplegatze-agentzia laguntzaileak egiaztatu beharko du parekatutako hautagaiak egokiak direla.

2.– Prestasuna egiaztatzea hau da: parekatze automatiko baten bidez lortutako hautagaiak enplegu-eskaintza jakin bateko entitate enplegatzailearekin harremanetan jartzeko edo hara bidaltzeko prest daudela egiaztatzeko eta haien erantzuna erregistratzeko edo, hala badagokio, erantzuna lortu ezin izanaren arrazoia adierazteko prozesua.

Egiaztapen hori Lanbidek egingo du beti.

6. artikulua.– Eskaintzaren amaiera.

Eskaintza amaitutzat joko da eskaintzaren kudeaketa amaitzen denean. Eskuz egin daiteke (kudeatzen duenak eskatuta), edo automatikoki, bi kasu hauetan:

a) Kontratuen jakinarazpenaren bidez ikusi denean lanpostuak bete egin direla.

b) Eskaintza bat erregistratu eta 6 hilabetera, aurreko moduren batean amaitu ez denean.

7. artikulua.– Baztertutako enplegu-eskaintzak.

1.– Enplegu-eskaintza hauek erregistratu eta kudeatu ahal izango dira, baina ez da ezer ordainduko eskaintza horiei lotutako kontzeptuengatik:

a) Enplegatze-agentzia gisa diharduen enpresa bateko edo enplegatze-agentzia baten enpresa-talde bereko enpresa bateko lanpostuei buruzkoak.

b) Aldi baterako laneko enpresek enpresa erabiltzaileetan kontratatutako pertsonak eskura jartzeko egindako kontratuei buruzkoak.

2.– Akordio irekien aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira enplegu-eskaintza hauek:

a) Enplegu-zentro bereziek desgaitasuna duten pertsonekin eta laneratze-enpresek baztertuta geratzeko arriskuan edo baztertuta dauden pertsonekin egindako kontratuei buruzkoak.

b) Erregistratuta eta amaitu gabe dagoen eskaintzaren baten berdinak direnak. Ondorio horietarako, berdintzat hartuko da enpresa kontratatzailea, kontratatuko den pertsonaren profila, lantokia eta eskainitako lan-baldintzak bat datozenean.

c) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak edo entitate laguntzaileek enplegu-eskaintzak kudeatuko dituztela aurreikusten den enplegu-politika aktiboen programen esparruan pertsonak kontratatzeari buruzkoak.

8. artikulua.– Enplegatze-agentzia laguntzaileen betekizunak.

1.– Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikok zein pribatuk, sinatu ahal izango du dekretu honetan zehaztutako akordio irekia, baldin eta enplegatze-agentziaren izaera badu Enpleguaren otsailaren 28ko 3/2023 Legearen 43. artikuluan eta Enplegatze-agentziak arautzen dituen abenduaren 30eko 1796/2010 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, eta, gainera, honako betekizun hauek betetzen baditu:

a) Erabiltzaileei arreta egokia bermatzeko adina giza baliabide izatea.

Horretarako, akordioaren xede diren jarduketak egiten dituen zentro bakoitzak gutxienez bi pertsona izan beharko ditu jendeari arreta emateko. Pertsona horien % 50ek, gutxienez, unibertsitate-titulua izan beharko dute.

Halaber, langileei zerbitzua ematen dien pertsonaletik gutxienez % 50ek sei hilabeteko esperientzia izan beharko dute gutxienez enplegu-programetan edota giza baliabideen kudeaketan.

b) Sistema informatiko bat izatea, behar bezala erabili ahal izateko Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskaintzak kudeatzeko aplikazioa.

Betekizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.

2.– Akordio irekia sinatzeko baimena ematen duen ebazpena eman aurretik egiaztatuko du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak enplegatze-agentziak betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta akordioan adostutako jardueraren kontrol- eta jarraipen-eginkizunak betetzeko beharrezkotzat jotzen duen aldi oro ere.

3.– Akordio irekiaren indarraldia amaitutakoan, beste akordio bat sinatuta akordioa berritzeko, aurreko betekizunez gain, enplegatze-agentziak gutxieneko atalase bat gainditu beharko du dekretu honen 16. artikuluan definitutako ebaluazioaren ondoriozko irizpideak betetzeko.

9. artikulua.– Akordio irekiak sinatzeko prozedura.

1.– Enplegatze-agentziekin akordio irekiak sinatzeko prozedura hasteko, dagokion eskabidea aurkeztu beharko du enplegatze-agentzia interesdunak. Ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra bitartekoa izango da eskabideak aurkezteko epea.

2.– Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira «https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1265701». Horra iristeko, esteka bat egongo da Lanbideren webgunean.

Helbide horretan eskuragarri egongo dira izapideak egiteko jarraibideak, eskabide-inprimakia, akordio irekiaren eredua eta gainerako dokumentazioa.

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

3.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Akordioaren xede diren jarduerak garatuko diren zentro bakoitzari atxikitako langileen zerrenda, haien eginkizunak, titulazioa, euskararen ezagutza-maila eta lanbide-esperientzia adierazita, hain zuzen ere aurreko artikuluan aurreikusitako giza baliabide nahikoak izateari buruzko baldintza betetzen dela egiaztatzeko.

b) Eskaintzak kudeatzeko aplikazioan sartzeko proposatu nahi den pertsona bakoitzeko baimen-eskabide bat aurkeztu beharko da, elektronikoki sinatuta; Lanbideren web-orrian egongo da eskuragarri eskabidea.

4.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresen eta Ekintzailetzaren Zuzendaritza izango da eskabideak izapidetu eta ebazteko organo eskuduna.

5.– Eskabideak ez baditu betekizun guztiak betetzen, hamar egun balioduneko epea emango zaio enplegatze-agentzia eskatzaileari akatsa zuzentzeko edota aurkeztu ez dituen nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela iritziko zaiola. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa, bestalde, behartuta dago eskabidearen gainean ebazpen espresu bat hartzera eta ebazpena jakinaraztera.

6.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabidea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan ebazpena jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela pentsatu beharko du enplegatze-agentziak.

7.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresen eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzako titularraren ebazpenak ez dio amaierarik emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio ente publiko bereko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

8.– Akordio irekia egiteko baimena eman ondoren, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuen arabera eskumena duen organoak sinatuko du, ebazpena jakinarazi eta gehienez ere 15 eguneko epean.

10. artikulua.– Enplegatze-agentzia laguntzaileen betebeharrak.

Betebehar hauek izango dituzte enplegatze-agentzia laguntzaileek:

a) Akordio irekiaren xede diren jarduketak egitea akordio horretan eta dekretu honetan adierazitako modu eta baldintzei jarraituz.

b) Beren jarduerak garatzean, zorrotz betetzea Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legean aurreikusitako enplegu-politika publikoen printzipio gidariak, Enpleguaren otsailaren 28ko 3/2023 Legean enplegatze-agentziei ezarritako betebeharrak betez, bai eta, bereziki, Enplegatze-agentziak arautzen dituen abenduaren 30eko 1796/2010 Errege Dekretuak enplegu-zerbitzu publiko baten laguntzaileei ezarritako betebeharrak betez ere.

c) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak zehazten dituen metodologia, dokumentu, laguntza-taula, tresna informatiko eta prozedurak erabiltzea, eskaintza kudeatzeko eskuliburuetan ezartzen den eran; akordio irekia sinatzean emango zaizkio horiek enplegatze-agentzia laguntzaileari.

d) Akordioarekin zerikusia duten ekintzen publizitatea egitean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako jarraibideak errespetatzea, eta, dokumentazioan eta publizitatean, izenarekin batera, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren entitate laguntzailea dela adieraztea.

e) Enplegatze-agentziak akordio irekia formalizatzeko unean eman duen daturen bat aldatzen bada, eta aldaketa horrek eragina izan badezake akordioaren garapenean, Lanbideri jakinaraztea, modu frogagarrian, gehienez ere 5 eguneko epean.

f) Erabiltzaileen edo enpresen inolako ordainsaririk ez jasotzea akordioan adostutako ekintzak egitearen truke.

g) Pertsona eta enpresa erabiltzaileek aukeratzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialean ematea arreta.

h) Datu pertsonalen tratamendua egitean, zorrotz betetzea, batetik, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean –(EB) 2016/679 Erregelamendua– eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa eta, bestetik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak horri buruz helarazten dizkion jarraibideak; horretarako, Lanbidek emango dion tratamendu-eragilearen konpromisoa sinatu beharko du.

i) Jarduera bere kabuz egitea, hau da, debekatuta egongo da zerbitzuaren xedea azpikontratatzea, zati batean nahiz osorik.

j) Arreta ematea zerbitzuan sartzea eskatu duten enpresei eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak enplegatze-agentzia laguntzaileetara bideratu dituen pertsonei.

k) Zerga-betebeharrak, lanekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea.

l) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Eusko Jaurlaritzan ogasun publikoaren eskumena duen saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten ebaluazio-, ikuskapen- eta kontrol-jarduketen mende jartzea.

11. artikulua.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eginkizunak.

Akordio irekien esparruan, eginkizun hauek izango ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak:

a) Enplegu-eskaintzetan enplegatze-agentziek egindako ekintzetan esku hartzea, haien kudeaketan atzemandako akatsak edo omisioak zuzentzeko.

b) Jarduketa posible guztiak egitea enplegu-eskaintza baterako hautagaiei egoera horren berri emateko, eta prestasuna egiaztatzeko prozesuaren emaitza jakinarazteko, kasuan-kasuan erabilgarri dauden eta egokiak diren komunikazio-kanalak erabilita. Ekintza horien artean sartzen dira, gutxienez, honako hauek:

1. SMS bitartez jakinaraztea parekatze automatikoaren bidez enplegu-eskaintza baterako hautagai diren pertsonei, baldin eta telefono mugikorreko zenbaki bat eman badute eta berariaz onartu badute kanal hori erabiltzea abisuak jasotzeko. Kasu horretan, SMSak izango du lehentasuna, baina, beharrezkoa edo egokia denean, beste komunikabide batzuk ere erabili ahal izango dira.

2. Gutun bat bidaltzea, postaz, parekatze automatikoaren bidez enplegu-eskaintza baterako hautagai diren pertsonei, baldin eta ezin izan bazaie jakinarazi beste bitarteko batzuen bidez (SMS edo posta elektroniko bidez, besteak beste), edo ezinezkoa izan bada haiek aurkitzea, haien prestasuna egiaztatzeko prozesua egiteko.

3. Lanbideren webgunean argitaratzea prestasuna egiaztatzeko prozesuaren emaitzak; horretarako prestatutako sistema elektronikoaren bidez sartu ahal izango dira emaitzak ikustera.

c) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartekaritza-sistema ezarri, kudeatu eta mantentzea.

d) Akordio irekien xede diren jarduketetan parte hartzen duten enplegatze-agentzietako langileak prestatzea, beren eginkizunak bete ahal izan ditzaten.

e) Eguneratuta eta enplegatze-agentzia laguntzaileen eskura izatea eskaintza kudeatzeko eskuliburuak, eta prozeduretan egiten diren aldaketen berri ematea agentzia horiei.

f) Akordio irekien xede diren jarduketak egiteagatik dagokien ordainsaria ordaintzea enplegatze-agentzia laguntzaileei, 13. eta 14. artikuluetan aurreikusitako moduan.

g) Enplegatze-agentzia laguntzaileen jarraipena eta kontrola egitea, bai eta akordioan adostutako jardueraren ebaluazioa ere, 16. eta 17. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

12. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Indarrean dagoen legediaren araberako aurrekontu-aldaketarik onartzen bada, aurrekontu-ekitaldi batean enplegatze-agentzia laguntzaile guztiek egindako jarduketen ondorioz egin behar diren ordainketen zenbateko osoak ezin izango ditu gainditu ez Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuan xede horretara bideratutako aurrekontu-baliabideak, ez haien igoeraren ondoriozkoak. Ondorio horietarako, Lanbidek ekitaldi bakoitzerako zehaztuko du, zerbitzuaren plangintzan eta aurreko ekitaldietako jarduera-bolumenen bilakaeran oinarrituta, gehienez ere zenbat jarduketa ordaindu daitezkeen akordio irekien esparruan.

Dagokion ekitaldian ordaindu daitezkeen jarduketen gehieneko bolumen aurreikusira iristen denean, ekitaldi horretan ezin izango da sortu jarduketa berririk Lanbideren kargurako kontraprestazio ekonomikoak jasotzeko eskubidea duenik. Une horretatik aurrera, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak erantzungo die zuzenean zerbitzuaren beharrei, edo, hala badagokio, balio osoz ezarritako gainerako kudeaketa- edo lankidetza-tresnen bidez. Lanbidek horren berri emango die enplegu-agentzia laguntzaileei, kudeaketako sistema informatikoaren bidez.

13. artikulua.– Ordainsariak.

1.– Sinatutako akordioen ondoriozko ekintzak egiteko, hurrengo 2., 3. eta 4. apartatuetan ezarritako diru-zenbatekoak aplikatzetik eratorritako kopuruak ordainduko dizkie Lanbidek enplegatze-agentzia laguntzaileei.

Ordainsari-kontzeptuetarako eskubidea ematen duten baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, Lanbideren informazio-sistemetan dagoen informazioa erabiliko da.

Benetan egindako eta egiaztatutako jarduketengatik baino ez dira ordainduko ordainsariak.

2.– Enplegu-eskaintza baten tratamendua egiteagatik, 3.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, zenbateko hau ordainduko da:

a) Oinarrizko zenbatekoa: 112 euro, BEZik gabe.

Baldintza hauetakoren bat betetzen denean bakarrik ordainduko da eskaintza baten tratamendua:

1. Bidalitako pertsonaren bat kontratatuta amaitzen denean.

2. Gutxienez 3 hautagai egoki bidali direnean. Artikulu honetan adierazitakoaren ondorioetarako, hautagai egokiak dira enpresari bidali zaizkion hautagai guztiak, baldin eta enpresak ez badu erantzuten «ez duela profila betetzen».

3. Lanbideren webgunean gutxienez 15 egunez egon denean hedapenean eta aurkeztu diren hautagai guztiak aztertu direnean eskainitako lanposturako egokiak direla egiaztatzeko.

b) Eskaintzan okupazio nagusi gisa adierazitako kualifikazio-mailaren arabera handituko da a) apartatuan aurreikusitako oinarrizko zenbatekoa, baremo honetan adierazitako ehunekoan:

1. Eskaintzaren okupazio nagusia B kualifikazio-maila gisa sailkatuta badago: % 5.

2. Eskaintzaren okupazio nagusia C kualifikazio-maila gisa sailkatuta badago: % 10.

II. eranskinean adierazten da lanbide bakoitzak zer kualifikazio-maila duen sailkatua.

3.– Horrez gain, urte bakoitzaren amaieran, zenbateko hauek ordainduko dira eskaintzen tratamenduagatik:

1. Ordainsaria jasotzeko eskubidearekin amaitutako eskaintzen tratamenduagatik urtean zehar jasotako zenbatekoaren % 5 gehiago, baldin eta enpresek emaitzaren berri eman badute gutxienez eskaintzen % 40an, eta % 60an baino gutxiagoan.

2. Ordainsaria jasotzeko eskubidearekin amaitutako eskaintzen tratamenduagatik urtean zehar jasotako zenbatekoaren % 10 gehiago, baldin eta enpresek emaitzaren berri eman badute gutxienez eskaintzen % 60an.

4.– Kudeatutako eta amaitutako eskaintzetan bidalitako hautagaietatik eratorritako kontratazioengatik, zenbateko hau ordainduko da:

a) Oinarrizko zenbatekoa: 500 euro (BEZik gabe) Gizarte Segurantzako alta bakoitzeko, baldin eta kontratatutako pertsona enpresa berean alta emanda egoten bada gutxienez 6 hilabetez jarraian, bai lan-kontratu bakar baten bidez (luzapenak barne), bai etenik gabeko ondoz ondoko kontratazioen bidez.

Adierazitako zenbatekoa lanaldi osoko kontratazio bati dagokio. Lanaldi partzialeko kontratazioa bada, gutxienez lanaldiaren % 50ekoa izan beharko da, eta ordaindu beharreko zenbatekoa proportzionala izango da.

b) Kontratazioak lortzeagatiko oinarrizko zenbatekoa handitu egingo da kontratatutako pertsona kolektibo jakin batekoa bada, ehuneko hauek aplikatzearen ondoriozko zenbatekoarekin:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Pertsona berak zenbait kolektiboren ezaugarriak baditu, gehikuntzarik handiena duen kolektiboarena aplikatuko zaio bakarrik.

Dagokion gehikuntza aplikatu ahal izateko, behar bezala jaso beharko da enplegu-eskaeran, hautagaia enpresara bidaltzen den egunean, pertsona hori kolektibo horretakoa dela, eta horren inguruko informazioa eman beharko da.

c) Halaber, oinarrizko zenbatekoari edo aurreko gehikuntza aplikatzearen ondoriozko emaitzari, hala badagokio, beste gehikuntza bat aplikatu ahal izango zaio, honako kontzeptu eta zenbateko hauen arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Pertsona berak bi kolektiboen ezaugarriak baditu, gehikuntzarik handiena duen kolektiboarena aplikatuko zaio bakarrik.

14. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Honela egingo da 13. artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuetan deskribatutako kontzeptuen ondoriozko ordainketa:

a) Enplegu-eskaintzen tratamenduari dagokion zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko da, eskaintza amaitu ondoren.

b) Lortutako kontratazioengatik, 13. artikuluaren 4. apartatuan adierazitako eran, kontratua hasi eta 6 hilabete igaro ondoren ordainduko da ordainsaria, Lanbidek egiaztatu ondoren kontratatutako pertsona aldi horretan enpresa berean egon dela kontratatuta eta etengabe alta emanda egon dela Gizarte Segurantzan.

Ondorio horietarako, enplegatze-agentzia laguntzaileak kontratazioaren hasiera jakinarazi beharko du 6 hilabeteko epean, eskaintza erregistratzen denetik aurrera.

2.– Hilero fakturatuko eta ordainduko zaie enplegatze-agentzia laguntzaileei eskaintzak tratatzeko eta kontratazioak lortzeko lana.

Hileko azken egunean itxiko da faktura, eta dagokion ordainketa egingo du Lanbidek. Kobratzeko eskubidea hilero sorrarazi duten eskaintza eta lanpostu guztiak sartuko dira fakturan eta hileko ordainketan.

Eskaintzak tratatzeagatik kobratzeko eskubidea soilik sortu ahal izango da 12. artikuluaren arabera ekitaldi bakoitzean ordaindu daitezkeen jarduketen gehieneko bolumenaren barruan dauden jarduketei dagokienez. Bolumen horretara iristen denean, ondorengo jarduketek ez dute ordainsarirako eskubiderik sortuko, hargatik eragotzi gabe Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak zerbitzuaren jarraitutasuna bere bitarteko propioen bidez edo dagozkion lankidetza-tresnen bidez bermatzeko duen betebeharra.

Aurreko paragrafoaren arabera kobratzeko eskubidea sortu duten eskaintzetatik eratorritako kontratazioak, zegokien ekitaldian kreditu ezagatik erantzun ezin izan direnak, hurrengo ekitaldian ordainduko dira, helburu horretara bideratutako aurrekontu-kredituen kargura. Era berean jokatuko da eskaintza tratatzeagatik urte amaieran ordaindu beharreko zenbateko gehigarriaren kasuan; zenbateko hori 13.3 artikuluan aurreikusitako enpresen emaitzari buruzko informazioaren arabera ordainduko da.

3.– Enplegatze-agentzia laguntzaile berari ez zaio ordainduko pertsona berari sei hilabeteko epean egindako kontratazio berriengatik, lehenengo kontratuaren ondorioz Gizarte Segurantzan alta ematen den egunetik hasita.

4.– Kasu hauetan, ez da inolako zenbatekorik ordainduko:

a) Akats baten ondorioz sartu denean eskaintza sistema informatikoan.

b) Eskaintzaile beraren eskaintzak direnean, profila bat datorrenean une horretan kudeatzen ari den edo azken 30 egunetan amaitu den eskaintzaren batekin.

c) Eskaintza erregistratu zenetik 6 hilabete igaro eta amaitu ez denean.

15. artikulua.– Bidegabe jasotako zenbatekoak itzultzea.

1.– Enplegatze-agentzia laguntzaileak bidegabe jaso badu zenbatekoren bat, eta itzultzeko betebeharra badago, hala deklaratuko da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enpresen eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzaren titularrak emandako ebazpen baten bidez, dagokion prozedura izapidetu ondoren. Prozedura horretan, 15 eguneko entzunaldi-epea emango zaio enplegatze-agentzia laguntzaileari, bere eskubideari komeni zaiona alega dezan.

2.– Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira, eta, horiek kobratzeko, urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoa aplikatuko da.

16. artikulua.– Ebaluazio-prozesua.

1.– Akordio irekia sinatu duten enplegatze-agentzia laguntzaile guztiak ebaluatuko ditu Lanbidek, irizpide kuantitatibo eta kualitatiboak betetzen dituzten jakiteko eta haien jardueraren efikazia eta efizientziaren berri izateko. Akordioa sinatu eta urtebete igaro ondoren egingo da ebaluazio hori, eta, nolanahi ere, akordioaren eta, hala badagokio, luzapen bakoitzaren indarraldia amaitu baino hilabete lehenago amaituta egon beharko du.

2.– Gutxienez, honako alderdi hauek izango ditu kontuan ebaluazioak:

a) Enplegu-eskaintzen kudeaketan garatutako jardueren bolumena.

b) Egindako kudeaketaren kalitatea eta Lanbidek ezarritako prozeduren betetze-maila.

c) Lortutako emaitzak: hautagaitzak eta enplegatutako hautagaiak hartuko dira kontuan.

d) Entitate enplegatzaileei bidalitako hautagaitzen emaitzei buruzko informazioa lortzea eta jakinaraztea.

e) Akordio irekitik eta dekretu honetatik eratorritako betebeharrak betetzea.

3.– Ebaluazioa gainditutzat joko da enplegatze-agentziak eskatzen den gutxieneko puntuazio globala lortzen duenean eta, hala badagokio, ebaluazio-irizpideetarako ezarritako gutxieneko atalaseak lortzen dituenean.

I. eranskinean ezarrita daude ebaluazio-irizpideak, adierazle aplikagarriak, esleitutako puntuazioak eta gutxieneko betetze-atalaseak.

4.– Enplegatze-agentzia batek ebaluazio-prozesua gainditzen ez badu, azkendu egingo da akordioa, 19.2 artikuluan aurreikusitako prozedura izapidetu ondoren.

17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Aurreko artikuluan xedatutakoa eragotzi gabe, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dute akordioan adostutako zerbitzuen jarraipen eta kontrol tekniko eta finantzarioa.

2.– Akordio irekia indarrean egon bitartean, ekitaldi bakoitzeko urtarrilean, akordioan adostutako jarduketak egiten dituzten langileen nominen kopiak eta horiek ordaindu direla egiaztatzen duten banku-ziurtagiriak aurkeztuko dizkio enplegatze-agentzia laguntzaileak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.

18. artikulua.– Akordio irekien indarraldia.

1.– Akordio irekiak sinatu eta bigarren urte naturaleko martxoaren 31ra artekoa izango da haien indarraldia.

Automatikoki luzatuko dira beste urtebetez, gehienez ere bi bider, salbu eta akordioa azkentzeko arrazoirik badago hasierako iraunaldia edo lehen luzapena amaitzean.

2.– Akordioaren indarraldia amaitu aurretik, luzapena barne, beste akordio bat sinatzeko eskatzen badu enplegatze-agentzia laguntzaileak 9.1 artikuluan aurreikusten den epean, automatikoki luzatuko da indarrean dagoena eskaera berria ebatzi arte, baldin eta amaitu ondoren oraindik ebazpenik eman ez bada.

19. artikulua.– Akordio irekiak azkentzea.

1.– Honako hauek dira akordio irekiak azkentzeko kausak:

a) Itunaren iraupen-epea amaitzea, aurreko artikuluan aurreikusitako luzapen automatikoen kasuak barne.

b) Bi alderdiak ados jartzea.

c) Enplegatze-agentzia laguntzaileak ez betetzea akordio irekitik eratorritako betebeharrak –10. artikuluan daude ezarrita– aldez aurretik eskatu bazaio betebeharrok betetzeko, hala dagokionean, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez betetzea dagozkion eginkizunak.

d) Enplegatze-agentzia laguntzailearen titularra den pertsona fisikoa hiltzea edo titulartasuna duen pertsona juridikoa azkentzea, enpresaren ondorengotza-kasuetan izan ezik.

e) Enplegatze-agentzia laguntzailearen hartzekodunen konkurtsoa deklaratzea.

f) Enplegatze-agentziaren izaera galtzea.

g) Enplegatze-agentzia laguntzaileak jarduera borondatez uztea, bi hilabete lehenago jakinarazita Lanbideri, zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko.

h) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 3. artikuluan adierazitako baldintza teknikoak edo baldintza ekonomikoak aldatzea, entitateak ados dagoela adierazi gabe.

i) 16. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-prozesua ez gainditzea.

j) Eskaintza faltsuak edo gezurretakoak erregistratzea; halakotzat hartuko dira enpresan bete behar diren benetako lanpostu hutsekin bat ez datozenak edo enpresak horien kudeaketa eskatu duela egiaztatu gabe daudenak, baldin eta akats baten ondorioz nahi gabe gertatu ez bada.

2.– Azkentzeko prozedura ofizioz hasi ahal izango da, aurreko Lanbidek 1. apartatuan aurreikusten den kausaren baten berri duenean, edo enplegatze-agentzia laguntzaileak hala eskatzen duenean. Lehenengo kasuan, 15 eguneko entzunaldia emango zaio agentziari.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak emango du azkentzea erabakitzen duen ebazpena, eta, han, adieraziko da, besteak beste, noiztik aurrera jo behar den azkendutzat akordioa eta nola likidatuko diren alderdien arteko betebehar ekonomikoak.

3.– Enplegatze-agentziaren batek dekretu honetan oinarrituta sinatu badu akordio irekiren bat eta artikulu honen 1. apartatuaren i) edo j) letretan azaldutako arrazoiren batengatik azkendu bada akordio hori, 12 hilabeteko epean ezin izango du berriro eskatu beste akordio ireki bat sinatzea, azkentze-ebazpena ematen den datatik hasita.

20. artikulua.– Zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzea akordioan adostutako zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsona eta enpresei.

Akordioaren indarraldia amaitutakoan, edo ekitaldi batean ordainsariak jaso ditzaketen jarduketen gehieneko kopurura iritsitakoan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bermatuko du akordioan adostutako zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen edo enpresen eskubideak ez direla kaltetuko akordioa amaitzearen ondorioz edo Lanbidek zerbitzuak zuzenean bere gain hartzearen ondorioz.

Hori gertatuz gero, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak bere bitartekoekin artatu ahal izango ditu pertsona edo enpresa erabiltzaileak, edo beste entitate batzuetara bideratu, Lanbiderekin akordio irekia badute sinatua zerbitzu bera emateko.

21. artikulua.– Akordio irekiak interpretatzea, zalantzak eta hutsuneak ebaztea eta gatazkak konpontzea.

1.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan enpresen eta ekintzailetzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak izango du eskumena akordio irekiak interpretatzeko eta zalantzak eta hutsuneak ebazteko, 9/2017 Legean ezarritako printzipioei jarraituz –9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Sektore Publikoko Kontratuena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora–.

2.– Administrazio-bidea amaitu ondoren, administrazioarekiko auzien jurisdikzioak izango du eskumena dekretu honetan araututako akordio irekiak sinatzearen ondoriozko auziak ebazteko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dekretutik kanpo utzitako jarduketak.

Dekretu honen arabera akordio irekiak sinatzen dituzten enplegu-agentziek, lehentasunez, esparru horretan garatuko dituzte ordainsariak jasotzeko eskubidea ematen duten bitartekaritza-jarduerak.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren 2022ko urriaren 27ko Ebazpenean araututako lankidetzak segitu egingo du gainerako entitateetarako eta akordio irekietan sartuta ez dauden jarduketetarako.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kobratzeko eskubidea sortzea.

Dekretu honetan aurreikusitako zenbatekoak kobratzeko eskubidea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin dagokion akordio irekia sinatu ondoren egiten diren eta dekretuan bertan jasotzen diren jarduerengatik soilik sortuko da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– 2026ko ekitaldian eskabideak aurkezteko epea.

2026ko ekitaldian, hilabeteko epea egongo da akordio irekiak sinatzeko eskabideak aurkezteko, dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Dekretua garatzea eta egikaritzea.

1.– Enpleguaren arloan eskumena duen saileko titularrak aukera izango du dekretu honetan ezarritako ordainsari-zenbatekoak, ehunekoak eta puntuazioa agindu bidez eguneratzeko, bai eta II. eranskina aldatzeko ere; eranskin horretan, lanbideak kualifikazio-mailaren arabera sailkatzen dira, enplegu-eskaintzen tratamenduari dagokion ordainsaria emateko.

2.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak eta bertako zuzendari nagusiak, beren eskumenez baliatuta, beharrezko diren erabaki eta ebazpenak eman ditzakete dekretu honetan xedatutakoa gauzatu dadin.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Dekretua indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko irailaren 15ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.


Azterketa dokumentala