
203. zk., 2026ko urriaren 23a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (231 KB - 16 orri.)
- EPUB (494 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
4452
AGINDUA, 2026ko urriaren 7koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko udalei udalerriko justizia-bulegoen 2026. urteko funtzionamendu-gastuetarako dirulaguntzak banatzeko moduluak eta dirulaguntzak ematen baitira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 35.3 artikuluak, 13.1 artikuluarekin lotuta, autonomia-erkidegoari esleitzen dizkio Justizia Administrazioaren funtzionamendurako behar diren baliabideak hornitzeko eskumenak. Eskumen horien egikaritza azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuarekin hasi zen, eta martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 errege-dekretuen bidez egindako eskualdaketekin finkatu zen, bereganatutako funtzioen garapen egokiagoa ahalbidetzen baitute. Eginkizun horiek kudeatzea eta bultzatzea Justizia eta Giza Eskubideen Sailari dagokio.
Udalerrietako justizia-bulegoak, Botere Judizialaren Lege Organikoaren artikulu berrien arabera, Bulego Judizialaren egituran sartu gabe, udalerri bakoitzean herritarrei zerbitzuak emateko Justizia Administrazioaren antolaketaren parte diren unitate gisa eratzen dira.
439 ter artikuluaren hirugarren apartatuak ezartzen du udalerriko justizia-bulego horien instalazioak eta bitarteko instrumentalak dagokion udalaren kargura egongo direla, salbu eta komeni bada Justizia Ministerioak edo justiziaren arloan eskumenak bereganatuta dituen autonomia-erkidegoak osorik edo partzialki kudeatzea. Zehazten du, halaber, udalerriko justizia-bulegoetako sistema eta ekipo informatikoak Justizia Ministerioak emango dituela, edo dagokion autonomia-erkidegoak, justiziaren arloko eskumenak bereganatuta badituzte.
Artikulu bereko laugarren apartatuak xedatzen duenez, Estatuaren Aurrekontu Orokorrek kreditu bat izango dute udalei adierazitako kontzeptuetatik eratorritako gastuak diruz laguntzeko eta, hala badagokio, udalen mendeko diren eta udalerriko justizia-bulegoetan lan egiten duten langileen gastuak laguntzeko. Dirulaguntza modulatu egingo da udalerrietako zuzenbidezko biztanleriaren arabera. Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoez hornitzeko eginkizunak bere gain hartuak dituzten autonomia-erkidegoetan, autonomia-erkidegoak hornitu eta ordainduko ditu dirulaguntza horiek.
Bestalde, Bake Epaitegietako Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuak udalerriko justizia-bulegoen funtzionamendurako behar diren baliabideen hornidura arautzen du, aurrekontu-baliabideen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak gauzatzeko, justiziaren arloan eskumena duen sailak urtero emango duen aginduaren bitartez.
Sailei dagokienez, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 20.1.b artikuluak Justizia eta Giza Eskubideen Sailari esleitzen dio Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabideak hornitzeko eskumena. Era berean, Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak Justizia Sailburuordetzari esleitzen dio behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak hornitzeko eginkizuna, bai eta jardueren antolamendua eta jarduna planifikatzeko eginkizuna ere. Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio, besteak beste, udalerriko justizia-bulegoei laguntzeko programak kudeatzea eta bake-epaitegietako justiziaren arloko jarduerak bultzatzea.
Deialdi hau Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da. Plan hori Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren 2025eko otsailaren 5eko Aginduaren bidez onartu zen (JDDH2025-2028.pdf), eta haren 2026ko otsailaren 10eko Aginduaren bidez eguneratu (Plan Estrategikoa_Dirulaguntzak_JDDH2025-2028.PDF), Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legera egokitzeko. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian eta Sailaren webgunean dago argitaratuta.
Deialdi hau bat dator Justizia Sailaren 2025-2028ko Plan Estrategikoaren helburuekin; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan justizia-zerbitzu publikoa hobeto ematera bideratuta dago plana.
Era berean, Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen eragina baloratu da, toki-entitateen finantzaketa arrazional eta egokia ziurtatzeko beharrari dagokionez, betetzen dituzten eginkizunen eta ematen dituzten zerbitzuen arabera eta horiek gauzatzeko behar dituzten baliabideen kostua aintzat hartuta.
Hala ere, adierazi behar da udalerriko justizia-bulegoen finantzaketa Botere Judizialaren Lege Organikoaren 439 ter artikuluan eta Bake Epaitegietako Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuan aurreikusitako araubide espezifikoaren bidez egituratzen dela. Izan ere, artikulu horiek Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen diote laguntza horiek urteko aginduaren bidez hornitzeko eta banatzeko eskumena, eta, hortaz, deialdi honi aplikatu beharreko esparru juridikoa osatzen dute.
Udalerriko justizia-bulegoen funtzionamendu-gastuak finantzatzeko, beharrezkoa da 2026ko ekitaldiko laguntzen deialdia egitea, haien oinarri arautzaileak onartzea eta kreditua banatzeko moduluak zehaztea, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudiarekin, eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailari esleitutako eskumenak baliatuz.
Hori horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia, oinarri arautzaileen onarpena eta banaketa-moduluen zehaztapena.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalei zuzendutako 2026ko laguntza-deialdia egiten da, udalerriko justizia-bulegoen funtzionamendu-gastuei aurre egin diezaieten.
2.– Laguntza horien oinarri arautzaileak onartu dira, eta agindu honen I. eranskin gisa gehitu dira.
3.– Laguntza horiek finantzatzeko kreditua banatzeko moduluak onartzen dira, zeinak agindu honen II. eranskinean jasota baitaude.
4.– Laguntzak agindu honetan eta berau osatzen duten eranskinetan aurreikusitakoaren arabera eman eta kudeatuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman zuen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Nolanahi ere, interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkeztu ahal izango dute.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 7a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO UDALEI ZUZENDUTAKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK, UDALERRIKO JUSTIZIA-BULEGOEN FUNTZIONAMENDU-GASTUAK FINANTZATZEKO 2026. URTEAN
1. oinarria.– Xedea.
1.– Oinarri hauetan araututako laguntzen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriko justizia-bulegoen funtzionamendu-gastuak finantzatzen laguntzea.
2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak udalek beren udalerriko justizia-bulegoen funtzionamendua bermatzeko egindakoak izango dira, Botere Judizialaren Lege Organikoaren 439 ter artikuluan eta Bake Epaitegietako Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
3.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira udalerriko justizia-bulegoen funtzionamendu-gastuak, aurreko apartatuan aurreikusitako jarduerak garatzeko direnak.
4.– Laguntzak entitate onuradunen artean banatuko dira, agindu honen II. eranskinean ezarritako banaketa-moduluak aplikatuta.
5.– Dirulaguntzak 2026ko ekitaldiari dagozkion gastuak hartuko ditu.
2. oinarria.– Entitate onuradunak.
Funtzionamendu-gastuak finantzatzeko, udalerriko justizia-bulegoak dauzkaten Euskal Autonomia Erkidegoko udalak izango dira agindu honetan araututako laguntzen onuradun.
3. oinarria.– Dirulaguntza emateko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak zuzeneko emakidaren prozeduraren bidez izapidetuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.2.b) artikuluan, haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 66. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.5.a) eta 29.4 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
2.– Laguntza horiek ematea Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 439 ter artikuluan eta Bake Epaitegietako Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuan xedatutakoaren ondorio da. Izan ere, artikulu horiek udalerriko justizia-bulegoen funtzionamendu-gastuak finantzatzea aurreikusten dute, eta Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen diote dagozkion laguntzak kudeatzeko eta banatzeko eginkizuna.
3.– Ondorioz, agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitateei emango zaizkie dirulaguntzak, eta ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketa edo hurrenkera egitea; aitzitik, organo kudeatzaileari dagokio betekizun horiek betetzen direla egiaztatzea eta banakako zenbatekoak zehaztea, II. eranskinean aurreikusitako banaketa-moduluen arabera.
4. oinarria.– Zuzkidura ekonomikoa eta laguntzen banaketa.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, guztira laurehun eta laurogeita hamalau mila bederatziehun eta hogeita bost euroko (494.925,00) gastua onartu da, 2026-1001611100 1.14110.42100 2026/000748 aurrekontu-partidaren kargura («Euskal Autonomia Erkidegoko Toki Erakundeei» izena du partida horrek).
Laguntza horiek udalerriko justizia-bulegoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalen artean banatuko dira, II. eranskinean horietako bakoitzari esleitutako zenbatekoen arabera, organo judizial horien funtzionamendu-gastuak ordaintzen laguntzeko.
Kreditua irizpide hauen arabera banatuko da:
1.– Udalerrietako zuzenbidezko biztanleria, organismo eskudunak egindako azken argitalpen ofizialaren arabera, honako eskala hau aplikatuz.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
2.– Espetxea duten udalerrietako udalek 1.850 euroko osagarria jasoko dute.
3.– Udalerriko justizia-bulegoen idazkaritzak berezko langileria daukaten elkarteetan sartuta egonez gero, udal horiek udalerriko biztanleriagatik legokiekeen zenbatekoaren % 85eko dirulaguntza jasoko dute.
4.– Aurreko apartatuan aipatutako idazkaritza-elkarteen egoitza beren udalerrian kokatuta duten udalek arau orokorren arabera dagokien zenbatekoaren % 100 jasoko dute, gehi elkartean sartuta dauden udalei biztanleriagatik legozkiekeen zenbatekoen % 15.
5.– Idazkaritzen elkarte berriak sortuz gero, agindu honetan aurreikusitako zenbatekoak zehazteko, funtzionamendu-data 2026ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa dutenak baino ez dira kontuan hartuko.
6.– 2026rako, 75 euroko igoera lineala aplikatu da tarte bakoitzeko, aurrekontu-marjina dagoelako.
5. oinarria.– Dirulaguntzaren ordainketa.
Udalerriko justizia-bulegoa duten udalei dagozkien zenbatekoak ordainketa bakarrean ordainduko zaizkie, eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean, udal onuradunak eskabidea aurkeztuta betiere.
6. oinarria.– Dirulaguntzaren kudeaketa.
Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan araututako laguntzak kudeatzea, bai eta laguntza horiek emateko eta jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren egiaztapen-, jarraipen-, ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egitea ere.
7. oinarria.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Udal interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz.
2.– Deialdi hau osatzen duten dokumentazioa eta gainerako ereduak bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: www.euskadi.eus/servicios/1097606
Prozedura telematikoan sartzeko eskaeraren ondorengo izapideak, hau da, zuzenketak, justifikazioak eta errekurtsoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
8. oinarria.– Baldintzak.
Laguntza ordaintzeko, udal bakoitzak eskabidea aurkeztu beharko du, horretarako gaituko den prozedura telematikoaren bidez, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Urteko lehenengo hiru hilabeteen barruan, udalek «memoria – erantzukizunpeko adierazpena» bete eta bidali beharko dute, horretarako prestatutako prozedura telematikoan eskuragarri dagoen formularioaren bidez, agindu honen III. eranskinean jasotako ereduaren arabera.
9. oinarria.– Betebeharrak.
Laguntza hauen onuradun diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
1.– Jarduera egitea edo egoera jakin batean egotea zeinetan zilegi den dirulaguntza ematea.
2.– Dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten eskakizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela justifikatzea dirulaguntza eman duen entitateari.
3.– Dirulaguntza eman duen organoak edo entitateak egiten dituen egiaztapen-jarduerak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen kontrolak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatutako dirulaguntzei dagokienez, hargatik eragotzi gabe Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusitakoak eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak.
4.– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinaraztea dirulaguntza eman duen entitateari. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
5.– Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman duen entitateari. Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
6.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal diren bitartean.
7.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako dokumentazio eta material guztietan.
8.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
9.– Udalerriko justizia-bulegoaren funtzionamendu-gastu arruntak ordaintzeko erabiltzea dirulaguntza, hala nola energia elektrikoa, gasa, telefonoa, bulegoko materiala, joan-etorriak eta, hala badagokio, justizia-bulego horietan zerbitzua ematen duten udalaren mendeko langileen gastuak, bai eta funtzionamendurako beharrezkoak diren beste gastu arrunt batzuk ere.
10. oinarria.– Justifikazioa.
Bake Epaitegietako Justiziari buruzko abenduaren 22ko 411/1998 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoa betetzeko, udalek, 2027ko ekitaldiko lehen hiru hilabeteetan, dirulaguntzaren xedea justifikatzen duen memoria – zinpeko adierazpena aurkeztu beharko dute (III. eranskina).
Zinpeko aitorpen-memoria hori elektronikoki beteko da, egoitza elektronikoan horretarako gaitutako aplikazioaren bidez. III. eranskin gisa ageri den eredua informazioa emateko besterik ez da, eta aplikazio horretan osatu beharko den edukia jasotzen du.
Memoria – zinpeko adierazpen horrek informazio hau jasoko du, gutxienez:
1.– Dagokion urtean justizia-bulegoaren esku jarritako instalazioen eta bitarteko instrumentalen zerrenda.
2.– Udalerriko justizia-bulegoaren funtzionamenduari dagozkion gastu-kontzeptuen xehetasuna.
3.– Udalerriko justizia-bulegoaren eta Udalaren artean partekatzen dituzten ondasun eta zerbitzuen identifikazio bereizia, eta bakar-bakarrik justizia-bulegoaren funtzionamendurako erabiltzen direnena.
4.– Emandako dirulaguntzaren xedea bete dela eta diruz lagundutako jarduerak gauzatzean egindako gastuak jasotako zenbatekoaren parekoak edo handiagoak izan direla dioen adierazpena.
11. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko edo entitate publiko edo pribatu batzuek helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin.
Hala ere, lortutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako funtzionamendu-gastuen kostua.
Soberakin hori gertatuz gero, agindu honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, muga hori betetzen dela bermatzeko behar den zenbatekoan.
12. oinarria.– Dirulaguntza aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, bereziki, helburu bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzen badira, dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
13. oinarria.– Ez-betetzeak eta itzularaztea.
Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo dirulaguntza emateko oinarri diren baldintzak betetzen ez badira, dagokion prozedura izapidetu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio bidegabeki jasotako zenbatekoak eta eskatzekoak diren berandutze-interesak.
Bereziki, jasotako funtsen aplikazioa behar bezala justifikatzen ez denean edo benetan egindako gastuak emandako dirulaguntzaren zenbatekoa baino txikiagoak direnean eskatuko da dirulaguntza itzultzea.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluan xedatutakoaren arabera egingo da itzulketa.
RSS