
203. zk., 2026ko urriaren 23a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (143 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4449
AGINDUA, 2026ko urriaren 5ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Usurbilgo (Gipuzkoa) «Usurbil» Lanbide Heziketako Ikastetxe Publiko Integratuaren izen espezifikoa aldatzea.
Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldatutako Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 111. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeen izen generikoa eguneratzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 4ko Aginduaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera, lanbide-heziketako heziketa-eskaintza guztiak ematen dituzten ikastetxeei ikastetxe integratu deituko zaie.
Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 13. artikuluak ezartzen duenez, ematen dituzten irakaskuntzei dagokien izendapen generikoaz gain, ikastetxeek izen espezifikoa izango dute eta hezkuntza-administrazio eskudunaren mendeko erregistro publiko batean inskribatuko dira. Hezkuntza-administrazio horrek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari helarazi beharko dizkio erregistro-idazpenak, gehienez ere hilabeteko epean. Ikastetxeek ezin izango dute erabili dagokion erregistro-inskripzioan agertzen ez den identifikaziorik.
Usurbilgo (Gipuzkoa) «Usurbil» Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren izen espezifikoa aldatzeko eskabidea aztertu da. Eskaera hori ikastetxeko Gizarte Kontseiluak eta Klaustroak onartu zuten 2026ko ekainaren 10ean. Era berean, Usurbilgo Udalaren 2025eko abenduaren 16ko ziurtagiriak adierazten du ez dagoela izen berria hartzeko eragozpenik.
Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarrean dagoen araudiak eskatutako dokumentazioa erantsi zaio, eta Hezkuntzako Ikuskaritza eskudunak aldeko txostena eman du, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak eta Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren 4. artikuluak emandako eskumenak baliatuz.
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Usurbilgo (Gipuzkoa) «Usurbil» Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren izen espezifikoa aldatzea onartzea (aurrerantzean, «Zubieta Lanbide Eskola» izango da), eta 2026-2027 ikasturtetik aurrera EAEko Unibertsitateaz Kanpoko Ikastetxeen Erregistroan inskribatuta geratuko da, erregistro-datu hauekin:
Ikastetxearen kodeak: 013022 (EAE) eta 20009366 (unibertsala).
Izen generikoa: Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua.
Izen espezifikoa: «Zubieta Lanbide Eskola».
Helbidea: Etarte, 9.
Udalerria: Usurbil.
Lurralde Historikoa: Gipuzkoa.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 5a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
RSS