
203. zk., 2026ko urriaren 23a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4448
EBAZPENA, 2026ko urriaren 7koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Villabona, Andoain, Urnieta eta Hernani udalerrietako (Gipuzkoa) «Hernani I-II kluster eolikoa» proiektuaren eta haren ebakuazio-azpiegitura erkideen aurretiazko administrazio-baimena eta ingurumen-ebaluazioa jendaurrean jartzeko izapideari dagokion alegazioak aurkezteko epea luzatzea.
Erreferentzia: GEY-2025-00004.
AURREKARIAK
1.– 2026ko irailaren 24an, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren iragarki bat argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zeinaren bidez jendaurrean jarri baitziren Villabona, Andoain, Urnieta eta Hernani (Gipuzkoa) udalerrietako «Hernani I-II kluster eolikoa» proiektuaren eta haren ebakuazio-azpiegitura erkideen aurretiazko administrazio-baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskariak. Iragarkian, gainera, 30 egun balioduneko epea ezarri zen alegazioak aurkezteko, hau da, 2026ko azaroaren 6ra arteko epea.
2.– Ukitutakoen eskaera batzuk jaso ditugu, jendaurrean jartzeko izapidearen barruan alegazioak aurkezteko epea luzatzeko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Gipuzkoako lurralde-ordezkariak du espediente hau ebazteko eskumena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren bidez esleitutako eskumena baliatuz (2024-12-10eko EHAA).
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa betez, Administrazioak, ofizioz edo interesdunek eskaturik, luza dezake ezarritako epea, manuren batek kontrakoa ez badio, komenigarritzat jotzen bada eta hirugarren batzuen eskubideei kalterik egiten ez bazaie; epearen erdia beste luza daiteke, gehienez ere.
3.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluaren arabera, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri behar dira gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean.
Aipatutako lege-xedapenak eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoak ikusita, Gipuzkoako lurralde-ordezkariak honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Jendaurrean jartzeko izapidearen barruan alegazioak aurkezteko epea 15 egun baliodun luzatzea, hau da, 2026ko azaroaren 27ra arte luzatzea.
Bigarrena.– Ebazpen hau eskatzaileei eta Premier ESPF Renovables S.L. sustatzaileari jakinaraz dakien agintzea, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 31.3 artikuluarekin bat etorriz, epeak luzatzeari edo hori ukatzeari buruzko erabakien kontra ezin da errekurtsorik jarri, hargatik eragotzi gabe prozedura amaitzen duen ebazpenaren aurka dagokion errekurtsoa jartzea.
Donostia, 2026ko urriaren 7a.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena,
ANTTON ARRIETA INSAUSTI.
RSS