
201. zk., 2026ko urriaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4417
EBAZPENA, 2026ko urriaren 2koa, Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariarena, Hezkuntzako sailburuaren agindu-proiektu bat jendaurrean jartzekoa. Delako agindu-proiektuarekin aldaketak egin behar dira Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 22ko Aginduan, zeinak ebaluazioa arautzen baitu Haur Hezkuntzan eta ebaluazioa, maila-igarotzea eta titulazioa Oinarrizko Hezkuntzan eta Batxilergoan.
Euskal hezkuntza-sistemaren erronka bat da ikasle migratzaileekin batera etorritako errealitate berrira egokitzen jarraitzea. Neurri asko ezarri dira ikasle horiek eta beraien familiek ikasteko eta parte hartzeko oztoporik izan ez dezaten.
Ikasle etorkinak eskolari osotoro atxikitzeko, beharrezkoa da harrera-prozesu bat, abiapuntutzat eskolako komunikazio-hizkuntzan gaitasuna eskuratzea izango duena, komunikazio-hizkuntza oinarrizko tresna baita gainerako ezagutza-arloetako edukiak ikasteko eta bereganatzeko. Komunikazio-hizkuntzaren behar besteko ezagutza gabe, ikasle migratzaileek zailtasunak izango dituzte gainerako arloetan, eta horrenbestez, zailtasunak inklusio-prozesuan eta eskola-porrotaren eta ikasketak uztearen arrisku handiagoa.
Hizkuntza-murgilketaren programa eraginkor bat euskarria da ikasle migratzailea eskolara egokitu dadin, hasierako hizkuntza-zailtasunak gainditzeko baliabideak emanez bermatzen tio matrikulatua dagoen ikasturteko curriculum-mailari guztiz heltzeko gauza izango dela denbora luze gabe (bi ikasturte). Prozesuak iraun bitartean ez litzateke objektiboa, ordea, ikaslea ohiko eran kalifikatzea, ebaluazio-parametro orokorrak aplikatuta, gainerako arloetan ezagutza eskuratzea zailtzen dion hizkuntza-gabezia batetik abiatu baita. Hizkuntza-murgilketaren aldi horretan, bada, ebaluatzeko erak desberdina izan behar du, eta ikaslearen jarduketa-plan pertsonalizatuan hala jasota agertu, aldi baterako hezkuntza-premia bat izanik berariazkoa izan behar baitu premia horri ematen zaion erantzunak ere.
Gauzak horrela, ikasle migratzaileen ebaluazioa hobetzeko eta hizkuntza-murgilketako prozesura egokitzeko, beharrezkoa ikusten da zenbait aldaketa egitea Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 22ko Aginduaren 30.7 artikuluan, agindu horrek arautzen baitu, hain zuzen ere, ebaluazioa Haur Hezkuntzan eta ebaluazioa, maila-igarotzea eta titulazioa Oinarrizko Hezkuntzan eta Batxilergoan.
Jendaurreko informazioaren ebazpen hau eman arte izapide hauek egin dira:
Kontuan izanik hala xedatzen duela 133.1 artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozedura dela-eta herritarren parte-hartzeaz diharduenean, bete zen arauaren testua idatzi aurreko kontsulta publikoaren izapidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren web-atariaren bidez.
Hala egitea xedaturik egonik, orobat, ekainaren 30eko 6/2022 Legean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarenean, Hezkuntzako sailburuak prozedura hasteko agindua eman zuen, 2026ko ekainaren 9an.
Honako hau ere aurreikusia egonik ekainaren 30eko 6/2022 Legean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzkoan, Hezkuntzako sailburuak aldez aurreko onarpenaren agindua eman zion izapidetzen ari zen proiektuari, 2026ko uztailaren 10ean.
Bestetik, ekainaren 30eko 6/2022 Lege berak, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurarenak, zehazten du 17. artikuluan ezen izapidetzen den xedapenak eragin zuzena izango badu herritarren eskubide eta interes legitimoetan, egin beharko dela jendaurreko informazioaren izapidea, non eta ez dagoen tartean artikuluak berak salbuespenekotzat jotzen dituen arrazoietakoren bat.
Azaldutakoagatik, jendaurrean jartzen da aipatutako agindu-proiektua, aldaketak eragin behar dituena Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 22ko Aginduan, zeinak ebaluazioa arautzen baitu Haur Hezkuntzan eta ebaluazioa, maila-igarotzea eta titulazioa Oinarrizko Hezkuntzan eta Batxilergoan. Jendaurreko informazioaren izapidea, hogei egun baliodunekoa, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuak, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, 15. artikuluan ematen dizkidan eskumenak baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea Hezkuntzako sailburuaren agindu-proiektua, aldaketak eragin behar dituena Hezkuntzako sailburuaren 2024ko urtarrilaren 22ko Aginduan, zeinak ebaluazioa arautzen baitu Haur Hezkuntzan eta ebaluazioa, maila-igarotzea eta titulazioa Oinarrizko Hezkuntzan eta Batxilergoan. Jendaurreko informazioaren izapidea, hogei egun baliodunekoa, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkeztu aukera izan dezaten, dekretu-proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Hezkuntza Saileko Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/).
Hirugarrena.– Aurrez aurrekoak nahiz elektronikoak izan, alegazioak aurreko apartatuan azaldutako helbideetan aurkez daitezke.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 2a.
Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendaria,
MIKEL JUARISTI IZAGUIRRE.
RSS