Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2026ko urriaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4372

EBAZPENA, 2026ko irailaren 25ekoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendariarena, zeinaren bidez 2026. urterako Nazioarteko Gauzatu laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzen baitira eta deialdia egiten baita.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia («SPRI») Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mendekoa. Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek sustatzera bideratutako jarduketez arduratzen da: industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, dibertsifikazioa eta industria-lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, informazio eta ezagutzaren gizartearen garapena, eta enpresa arloko ekintzailetza-jarduera.

Horri dagokionez, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko. Jarduera horien artean, gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko laguntza-programak aipatu behar dira.

Ondorioz, laguntza-programa honen helburu nagusia da euskal enpresak atzerrian ezartzea sustatzea.

Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DEAL») 7.2.a) artikuluan eskatzen du lege horretan aipatzen diren dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena, besteak beste, publikotasun-printzipioaren arabera egitea. Era berean, DEALaren 8.3 artikuluak dirulaguntza-mota edo -programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko betebeharra ezartzen du.

Horiek horrela,

ERABAKI DUT

Lehenengoa.– 2026. urterako «Nazioarteko Gauzatu» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horren edukia I. eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2026ko irailaren 25a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

NAGORE BONILLA GABARAIN.

ERANSKINA
NAZIOARTEKO GAUZATU 2026 LAGUNTZA PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

XIII. legegintzaldiko «Ongizatean hazi» Gobernu Programak 5 ardatz ditu Euskadi global baterako Ongizatean, Aurrerabidean, Eraldaketan eta Autogobernuan aurrera egiteko. Bigarrenak, Hazkunde eta Ongizate Ereduaren pean, lankidetza publiko-pribatuko esparruan, Euskadin industria-ehun moderno, dinamiko, garatu eta jasangarri bat bultzatzeko baldintzak sustatu nahi ditu, ekonomia berriak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz, bai eta aberastasuna sortu eta banatzeko ere, inor atzean gera ez dadin.

Konpromiso hori 2025eko irailaren 30eko Gobernu Kontseiluan onartutako Euskadi 2030 Industria Planean dago zehaztuta. Plan berri honen onarpenak aurreko legegintzaldietan hasitako politika publikoaren etapa berri bati hasiera ematen dio, eta, besteak beste, euskal enpresei nazioartekotzeko eta hedatzeko prozesuetan laguntzera bideratuta dago. Hiru ardatz estrategikoren (Industria gehiago, Industria hobea eta Emisio gutxiago) eta zeharkako ardatzaren (Desburokratizazioa) gainean eraikitzen da, eta ardatz horiek eraldaketa industrialaren ikuspegi integrala islatzen dute, egungo Europako testuinguruan. Ardatz estrategiko bakoitza bost lehentasun estrategikotan zehazten da, eta horiek proiektu zehatzen bidez hedatuko diren ekintza-ildoak biltzen dituzte. Hamasei lehentasunek Europako industrian abian diren trantsizio handiei erantzuten diete.

Euskadi 2030 Industria Planak euskal industriaren zein erronkari heldu behar zaion adierazten du. Jarraian aipatzen direnak dira deialdi honek gehien azpimarratu nahi dituenak:

• Enpresen batez besteko tamaina handitzea, erabaki-zentroak lurraldean mantenduko dituzten trakzio-enpresa gehiagorekin eta gure ETE-en batez besteko tamaina handiagoarekin. Erronka hori gainditzeak berekin dakar enpresa-hazkundea sustatzea, integrazio- eta eskalatze-prozesuak erraztea, inbertitzeko gaitasuna eta enpresa horiek nazioartean txertatzea.

• Gure enpresen nazioartekotzea finkatzea merkatu estrategikoetan. Helburua da enpresek merkatu globaletan jarduteko dituzten barne-gaitasunak indartzea, esportazio-partzuergoak sustatzea eta balio-kate globaletarako sarbidea erraztea.

• Gure industria-ehunduraren dinamismoa handitzea. Industria-ekimen berriak bultzatzea funtsezkoa da ekoizpen-sarea berritzeko eta dibertsifikatzeko. Euskadik oinarri industrial eta teknologikoko ekintzailetzari laguntzeko mekanismoak indartu behar ditu, bai eta ETEetan berrikuntzaren kultura sustatu ere.

Horri dagokionez, Nazioarteko Gauzatu programa aukeratu da, aurrerakin itzulgarriak emanez, euskal enpresak nazioarteko merkatuetan ezartzen laguntzeko. Bide horretatik, enpresek jarduten duten merkatuetan presentzia izateko duten gero eta premia handiagoari erantzuten zaio, eta, aldi berean, haien lehiakortasuna eta etorkizuneko bideragarritasuna indartzen dira.

Adierazi behar da Nazioarteko Gauzatu 2026 Programak nahikoa aurrekontu-kreditu duela eta SPRIren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen dela. Plan hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Gardentasunaren Atarian argitaratu zen. Hala, programak Planaren helburu hau lortzen laguntzen du: «euskal enpresek atzerrian dituzten ezarpenen sorrera eta garapena bultzatzea.»

SPRIren Administrazio Kontseiluak programa horri dagokion gastua baimendu du.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da euskal enpresek nazioarteko eremuan dituzten ezarpenak –ekoizpenekoak zein ekoizpen-prozesuari lotutako zerbitzu teknikoetakoak– sortu, zabaldu eta berritzeko laguntzak arautzea. Horren bidez, ezarpen horiek sendotu eta nazioarteko merkatuetan duten presentzia indartu nahi da, enpresen lehiakortasuna handitzeko, haien bideragarritasuna bermatzeko eta nazioartekotze-prozesu osoan garapen jasangarria sustatzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

Norgehiagoka-prozeduraren arabera eman beharreko laguntzak aurrerakin itzulgarriak izango dira.

Laguntza horiek ez dira inola ere zuzenean lotuta egongo esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat ezartzearekin eta ustiatzearekin edo esportazio-jarduerari lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

2026an laguntzak emateko programa honen helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 5.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2026rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

4. artikulua.– Enpresa onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.

1.– Oinarri hauetan jasotako laguntza jaso ahal izango dute honako bi kategoria hauetako bati dagozkion pertsona juridikoek:

a) Enpresa txiki eta ertainak; horiei (ETE), Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuko zaie –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena («651/2014 Erregelamendua»)–, eta, zehazki, haren 17. artikulua.

ETEen definizioa 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean zehaztutakoaren arabera aplikatzen da.

Enpresa txiki eta ertaintzat (ETE) hartuko dira 250 langile baino gutxiago dituzten enpresak, baldin eta urteko negozio-bolumena ez bada 50 milioi eurotik gorakoa edo urteko balantzea ez bada 43 milioi eurotik gorakoa.

Enpresa txiki gisa definitzen da 50 pertsona baino gutxiago hartzen dituena eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 10 milioi eurotik beherakoa duena.

Mikroenpresatzat hartzen da 10 langile baino gutxiago dituen enpresa, eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 2 milioi eurotik beherakoa duena.

b) Enpresa Handiak; horiei Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua aplikatuko zaie, 2023ko abenduaren 13koa, de minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa («2023/2831 Erregelamendua»).

2.– Enpresek ekoizpen-instalazio bat izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan, eta bertatik garatu beharko dute beren jarduera ekonomikoa. Halaber, ezarpen-proiektuan inplikatutako langile propioak izan beharko dituzte instalazio horretan.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak.

1.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:

a) DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek.

Zehazki, ulertuko da eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako kasuetan. Hala, ulertuko da dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta daudela zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean, edo itzultzeko dagokion ebazpenaren inpugnazioa bertan behera uztea adostu denean.

b) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende daudenek.

c) LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen dutenek, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne, otsailaren 28ko 4/2023 Legean, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko legean, ezarritakoaren arabera.

d) enpresen kasuan, eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako bakarrik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituztenek.

e) Enpresa handien kasuan, aurreko hiru urteetan de minimis laguntza gisa 300.000 euro jaso dituztenek.

f) ETEen kasuan, krisian dauden enpresek, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideen definizioaren arabera (EO C249, 2014-07-31).

g) Armak edo erabilera militarreko teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen dutenek, Europako Segurtasun Estrategian sartzen ez badira.

2.– Aurreko ataletan adierazitako baldintzak bete behar dira laguntza aurkezten denetik dirulaguntza guztiz itzuli arte.

6. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Oinarri hauen ondorioetarako, Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia, «BT&I») eta Finantzen Euskal Institutua («FEI») erakunde laguntzaile deklaratzen dira, DEALen 12. artikuluan ezarritako baldintzetan eta ebazpen honetan eta dagokion lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztapenekin.

2.– BT&I honako eginkizun hauetaz arduratuko da:

a) Laguntza-eskaerak jasotzea, laguntzari berariaz uko egitea, egin beharreko inbertsioak gauzatzeko luzapena eta inbertsioen aitorpena.

b) Dokumentazioa aztertzea eta, hala dagokionean, zuzentzeko eskatzea.

c) Enpresa-proiektuaren eta ezarpen-planaren azterketa teknikoak eta ebaluazioa.

d) Inbertsioei buruzko txosten teknikoa, eta ebaluazio-batzordeari bidaltzea.

e) Inbertsioa justifikatzeko agiriak jasotzea eta aztertzea.

f) Itzuli beharreko aurrerakinak ordaintzeko proposamena.

g) Itzulketa-likidazioen jarraipena.

h) Oinarri hauen 20. artikuluan araututako baldintzak aldatzeko eskaeren azterketa teknikoa.

3.– FEIk eginkizun hauek izango ditu:

a) Erakunde onuradunei onartutako aurrerakin itzulgarriak ordaintzea, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak emandako ordainketa-ebazpenetan xedatutako moduan eta baldintzetan.

b) Aurrerakin itzulgarriei lotutako eragiketak berariaz kontabilizatzea.

c) SPRIren organo eskudunak emandako laguntza-emate ebazpenak betez itzuli beharreko aurrerakinak ordaintzeko behar diren zenbatekoak FEIren aurrekontuan jasotzea.

d) Laguntzen kudeaketarekin zerikusia duten alderdi guztien berri ematea SPRIri. Horretarako, hiru hilean behin, aldeek sinatutako lankidetza-hitzarmenean zerrendatutako kudeaketa-datuak bidaliko dira, honako hauek barne:

d.1.– Eragiketa hauen balantzea, erregistro-datarekin:

– Onuradunei egindako ordainketak.

– SPRIren ordainketen kobrantzak.

– Onuradunen itzulketengatiko kobrantzak.

– Saldoa aurreko eragiketa bakoitzaren ondoren.

d.2.– Deialdiaren finantza-zorpetzeak sortutako interesen likidazioa kalkulatzea.

d.3.– Deialdia kudeatzeagatik sortutako komisioen likidazioa kalkulatzea.

d.4.– Onuradun bakoitzaren erregistro indibidualizatua, ordainketen, itzulketen eta gorabeheren datak jasoko dituena, bereziki onuradunek epemugan amortizatu gabeko zenbatekoei dagozkienak.

d.5.– Hitzarmenean definitutako jarraipen-batzordeak zehazten duen beste edozein informazio.

e) Urteko likidazio bat egitea, aurreko paragrafoan zerrendatutako kudeaketa-datu garrantzitsuenak jasotzen dituena.

f) Itzulitako zenbatekoak eta horien interesak jasotzea, hala badagokio, eta urtero SPRIri transferitzea, FEIk Nazioarteko Gauzatu programa egiteko bere gain hartutako zorpetzea kitatu ondoren.

g) Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta gainerako organo eskudunek laguntzen kudeaketari dagokionez egin ditzaketen egiaztapen-jarduketak onartzea eta horien mende jartzea.

7. artikulua.– ETEentzako eta enpresa handientzako laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

1.– Laguntza jasotzeko modukoak izango dira kanpoko inbertsio-proiektu hauek: establezimendu berri bat irekitzea, lehendik daudenak berritzea edo handitzea edo atzerriko sozietateak erostea, baldin eta euskal enpresak horietan duen partaidetza gehiengoa bada, inbertsioaren xede den herrialdeak legez hala agintzen ez badu.

2.– Laguntza jaso dezaketen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa lortu beharko dute jarraian zerrendatzen diren Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) kategorietan, edo inbertsioaren helmugako herrialdeko kontabilitate-planaren araberako kategoria baliokideetan:

203 Jabetza industriala eta patenteak.

206 Aplikazio informatikoak.

210 Lurrak eta ondasun naturalak.

211 Eraikuntzak.

212 Instalazio teknikoak.

213 Makineria.

214 Tresneria.

215 Beste instalazio batzuk.

216 Altzariak.

217 Informazioa prozesatzeko ekipoak.

3.– Sozietate berri baten eraketa zein laguntza jaso dezakeen inbertsioa 2026an hasi beharko dira, eta betiere laguntza-eskaera aurkeztu ondoren. Inbertsioak gehienez 36 hilabetetan gauzatu beharko dira, betiere 2029ko abenduaren 31 baino lehen. Sozietate berri bat eratze hutsa ez da inbertsiotzat hartuko laguntza hau emateko, eta beharrezkoa izango da, gainera, aurreko paragrafoetan deskribatutakoren bat egin izana (7.1 eta 7.2 artikuluak).

Laguntza-eskaera aurkezteko dataren aurretik egiten diren inbertsioak diruz lagungarriak izango dira, betiere laguntzaren eragin pizgarria bermatzen bada. Horretarako, eskaera aurkeztu aurretik egiten diren inbertsioak hartuko dira kontuan, baldin eta erakunde eskatzaileak, inbertsioak hasi aurretik, idatziz laguntza-eskaera bat aurkeztu badu. Kasu horretan, laguntza jaso dezakeen inbertsioa gauzatzeko 36 hilabeteko epea aurre-eskaera hori aurkezten den egunean hasiko da. Aurre-eskaerak gutxienez honako informazio hau jaso beharko du:

a) Enpresaren izena eta tamaina;

b) Proiektuaren deskribapena (hasiera- eta amaiera-datak barne) eta kokapena;

c) Proiektuaren kostuen zerrenda;

d) Eskatutako laguntza mota (aurrerakin itzulgarria).

e) Eta hori egiteko behar den finantzaketa publikoaren zenbatekoa.

Kasu horretan, interesdunak, deialdiaren epea ireki ondoren, behin betiko eskaera aurkeztu beharko du nahitaez, oinarri hauen 11. eta 13. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Inbertsio hori euskal enpresak proiektuan duen partaidetzaren arabera zenbatuko da.

5.– «Lursail eta ondasun naturaletan» eta «Eraikuntzetan» egindako inbertsioaren gehieneko zenbatekoa laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboen bestekoa izango da. Gehieneko zenbateko hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa zenbatuko, laguntzak zehazteari dagokionez.

6.– Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da, hau da, balio erantsiaren gaineko zerga edo inbertsioaren xede den herrialdean baliokidea dena kendu ondoren geratzen den fakturatutako zenbatekoa.

7.– Halaber, aktibo horiek:

a) Lehenengo aldiz erabili edo martxan jarri beharko dira.

b) Atzerriko enpresa bat eskuratuz gero, aktibo horiek berriak izango dira.

c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-aldia izan beharko dute, eta gutxienez bost urtez egon beharko dute enpresaren aktiboan.

d) Ezin izango zaizkie hirugarrenei laga kontraprestazioarekin edo kontraprestaziorik gabe.

e) Ezin izango ditu enpresa eskatzaileak berak fabrikatu (eta, nolanahi ere, inoiz ez dira zenbatetsiko dituzten kanpoko kontsumoak baino balio handiagoarekin).

f) Edozein bazkidek gauzatan egindako kapital-ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.

g) Diruz lagundu daitezkeen aktibo immaterialak laguntzaren onuradun den establezimenduan soilik erabili beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat hartuko dira, hirugarrenei erosiko zaizkie merkatu-baldintzetan, eta gutxienez bost urtez egon beharko dute enpresaren aktiboan.

8.– Leasingaren edo finantza-errentamenduaren bidez finantzatutako inbertsioa laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da, baldin eta enpresak berariaz konpromisoa hartzen badu kontratua amaitzean erosteko aukera baliatzeko, edo bi aldeek sinatutako exekuzio-konpromisoa baldin badago.

9.– Establezimendu baten aktiboak eskuratzeko, 651/2014 Erregelamenduaren 17.3.b) artikuluan adierazitakoa bete beharko da:

a) establezimendua itxi egin dela edo itxi egingo litzatekeela erosi ez balitz,

b) aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duen hirugarren bati erostea,

c) eragiketa merkatu-baldintzetan egitea.

Hasierako jabearen familiako kide batek edo langile batek enpresa txiki baten ardura hartzen duenean, aktiboak eroslearekin zerikusirik ez duten hirugarrenei eskuratu behar izateko baldintza ez da aplikatuko. Enpresa baten akzioak eskuratze hutsa ez da inbertsioa izango.

9. paragrafo honetan araututako kasuan, laguntza jaso dezakeen inbertsioa zehazteko, honako zenbateko hauetatik txikiena hartuko da erreferentziatzat: erosketagatik benetan ordaindutako prezioa edo, salerosketa-eragiketaren aurreko ekitaldiko kontuen arabera, erositako establezimenduari dagozkion eta 2. epigrafean zerrendatutako kategoriei dagozkien aktiboen balio garbia.

10.– Oinarri hauen ondorioetarako, berritze-proiektutzat hartuko dira lehendik dagoen establezimenduaren ekoizpen-prozesu orokorrean funtsezko aldaketa eragiten dutenak.

11.– Filialak dituzten enpresen kasuan, laguntzaren onuradun diren enpresen filialek atzerrian egiten dituzten inbertsioak soilik lagundu ahal izango dira, betiere bi enpresen helburu sozialak lotura argia badu.

12.– 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera, elkartutako edo lotutako enpresei aktiboak erosteko inbertsioak berariaz jakinarazi beharko zaizkio SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari, eta kanpo-kontroleko auditoretzen arabera baloratuko dira.

13.– Honako hauek ez dira diruz laguntzeko moduko inbertsiotzat hartuko:

a) Eraikuntzaren, higiezinen, finantzen, aseguruen, defentsaren, arrantzako eta akuikulturako produktuen eta nekazaritza-ekoizpen primarioaren sektoreetarako inbertsioak.

b) Ekipamendua edo makineria ordezkatze hutsa helburu duten inbertsioak, baldin eta horrek produkzio-prozesuan funtsezko aldaketarik ez badakar.

c) Atzerrian banaketa-sare bat ezartzea helburu duten inbertsioak.

14.– DEALen 30.1 artikuluak aurreikusi bezala, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezin izango da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izan.

15.– DEALen 31. artikuluari dagokionez, ez da aurreikusten onuradunak diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean kontratatzerik. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa.

16.– DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrenen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik. Hori horrela izango da, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago horiek gauzatzen, ematen edo hornitzen dituzten entitate nahikorik; kasu horretan, onuradunek justifikatu beharko dute inguruabar hori, hiru eskaintza aurkezteko betebeharraren salbuespen gisa. Edo, salbu eta gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada, eta hori ere onuradunek justifikatu beharko dute.

Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

17.– Nolanahi ere, oinarri hauen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira DEALen 30. artikuluarekin bat datozenak.

8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Onuradun izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu duten enpresei emango zaie laguntza, betiere balorazio-irizpide hauen eta haien haztapenaren arabera:

1. irizpidea: Inbertsio-proiektuaren memoria zehatza. Bertan, ezarpen-plana sartuko da, eta 1. eranskinean deskribatutako edukia jaso beharko du (gehienez 50 puntu):

1.1.– Enpresa eskatzailearen gaitasuna (gehienez 10 puntu).

1.2.– Proiektuaren izaera teknologikoa edo berritzailea (gehienez 15 puntu).

1.3.– Enpresaren gaineko eragina, lehiakortasuna eta trakzio-efektua Euskadin (gehienez 15 puntu).

1.4.– Enpresaren koherentzia estrategikoa eta inbertsio-ahalegina tamainari dagokionez (gehienez 10 puntu).

2. irizpidea: Enpleguaren gaineko eragina: kontuan hartuko da Euskadin enplegu-sorreran izandako eragin positiboa (gehienez 30 puntu):

2.1.– Enpresa eskatzailearen plantilla handitzea (30 puntu).

2.2.– Enpresa eskatzailearen plantilla finkatzea (15 puntu).

3. irizpidea: Gizarte Konpromisoa eta Jasangarritasuna: Garapen Jasangarriaren helburuekin bat etortzearen erakusgarri, helmugako ingurunean duen eragin positiboa baloratuko da, 2030 Agendaren helburuekin erakutsitako konpromisoaren bidez; eta enpresa eskatzaileak, hala badagokio, jasangarritasunaren, genero-berdintasunaren, lana eta familia bateragarri egitearen, euskararen sustapenaren eta erantzukizun sozial korporatiboaren arloko ziurtagiriak eta/edo planak izatea, oinarri hauen 2. eranskinean jasotakoak, baldin eta enpresaren ezaugarriengatik nahitaezkoak ez badira (gehienez 20 puntu):

3.1.– Giza eskubideen arloan helmugako inguruneari egiten dion eragin positiboa, dagokion Finantzaz kanpoko Informazio Egoeraren bidez edo antzeko ezaugarriak dituen eta ziurtatutako memoriaren bidez egiaztatua (20 puntu).

3.2.– Ingurumen-jasangarritasuneko, genero-berdintasuneko, euskararen sustapeneko eta erantzukizun sozial korporatiboko bi ziurtagiri edo gehiago (15 puntu).

3.3.– Ziurtagiri bat aurreko puntuko gai berberetan (5 puntu).

2.– 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak ezin izango dira inola ere programaren barruko laguntzaren onuradun izan.

9. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Eskaerak 8. artikuluko irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

2.– Itzuli beharreko aurrerakinak esleitzeko, egindako balorazioaren lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, eta artikulu honetan ezarritako finantzaketa-ehunekoa eta muga kuantitatiboak aplikatuta ateratzen den zenbatekoa erabiliko da, deialdiaren zuzkidura agortu arte, hala badagokio.

3.– Enpresaren tamainaren arabera, honako hau izan daiteke finantzaketa itzulgarriaren ehunekoa:

a) Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 50 enpresa txikientzat eta mikro-enpresentzat.

b) Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 35 enpresa ertainentzat.

c) Laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25 enpresa handientzat.

4.– Laguntza kalkulatzeko, euskal enpresak inbertsio-proiektuan duen partaidetza-ehunekoa bakarrik hartuko da kontuan.

5.– Aurrerakin itzulgarria ez da izango 1.000.000 eurotik gorakoa enpresa bakoitzeko. Gainera, enpresa handien kasuan, aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera finantzaketa emateak ekarriko lukeen dirulaguntza gordinaren baliokidea kalkulatuko da, eta, enpresa eskatzaileak aitortutako de minimis laguntzei gehituta, zenbateko horrek 300.000 euroko muga gainditzen badu, eman beharreko itzuli beharreko aurrerakina murriztu egingo da muga horretara egokitzeko.

ETE-en kasuan, aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera itzuli beharreko aurrerakinak emateak ekarriko lukeen dirulaguntza gordinaren baliokideak ez ditu gaindituko Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntza-intentsitatearen mugak, zeinaren bidez Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarriak diren laguntza-kategoria jakin batzuk ezartzen baitira.

6.– Proiektu bakar bat babestuko da deialdi, enpresa eta herrialde bakoitzeko.

10. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

1.– Beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek emandako laguntzak, programa honetan jasotakoen helburu bera badute, bateragarriak izango dira oinarri hauetako 4. artikuluan ETEentzat eta enpresa handientzat ezarritako mugak betez.

2.– De minimis laguntzen kasuan, ez dira metatuko estatu-laguntza batekin, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ezta arrisku-finantzaketako neurri bererako estatu-laguntzekin ere, baldin eta metatze horrek kasu bakoitzeko inguruabar zehatzetan Batzordeak onartutako kategoriaz salbuesteko erregelamendu batek edo erabaki batek ezarritako laguntza-intentsitatea edo dagokion laguntza-zenbateko handiena gainditzen badu. Diruz lagungarriak diren gastu espezifikoei esleitu ez zaizkien edo halako gastu espezifikoei egotzi ezin zaizkien de minimis laguntzak metatu ahal izango dira Estatuko laguntzekin, kategorien araberako salbuespen-erregelamendu bati edo Batzordeak hartutako erabaki bati jarraiki. De minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko eskubide juridikoa aitortzen zaion unean.

3.– Laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu inola ere, bakarka nahiz beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin batera, lagundutako inbertsioaren kostua.

4.– Dirulaguntza horiek proiektu edo jarduera bererako emandako beste laguntza batzuekin konbina daitezke, baldin eta laguntza-neurri horiek hautagarriak diren kostu desberdinei badagozkie, edo laguntza-neurriak –osorik edo partzialki– hautagarriak diren kostu berberei badagozkie eta horiek pilatzeak ez badu gainditzen 651/2014 (EB) Batzordearen Erregelamenduaren arabera aplikagarria den laguntza-intentsitate edo -kopuru handiena.

Europar Batasuneko erakundeek, agentziek, baterako enpresek edo Batasuneko beste organo batzuek zentralizatuki kudeatutako Batasuneko finantzaketa –estatu kide baten kontrolpean zuzenean edo zeharka ez dagoena– Estatuko laguntzekin konbinatzen denean, azken hori soilik hartuko da kontuan jakinarazpen-atalaseak eta gehienezko laguntza-intentsitateak betetzen diren zehazteko; betiere, hautagarriak diren kostu berberei lotuta emandako finantzaketa publikoaren guztizko zenbatekoak ez badu gainditzen aplikagarria den Europako legerian ezarritako finantzaketa-ehunekoen muga.

11. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2026ko azaroaren 20an bukatuko da.

2.– Deialdi honetako eskaerak, eskakizunak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bidez egin beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen («39/2015 Legea») 14.2 artikuluak ezarritakoaren arabera.

3.– Izapideak bide elektronikoz egiteko zehaztapenak eta erabili beharreko eskaerak helbide honetan beteko dira: www.spri.eus/gauzatuinternacional/

4.– Betetako eskaerarekin batera, enpresa eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluan aipatzen den dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

5.– Espedienterako sarbidea eta eskaeraren ondorengo gainerako izapideak bide elektronikoz egingo dira, helbide honetan: www.spri.eus/gauzatuinternacional/

6.– Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako jardueretan, eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko 10/1982 Legean, azaroaren 24koan, eta Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko 19/2024 Dekretuan, otsailaren 22koan, ezarritakoaren arabera.

7.– Ofizioz egiaztatuko da honako baldintza hauek betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduerarako zentro bat dutela.

– Euskadiko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda daudela dagokien epigrafean.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela.

Hala ere, eskatzaileak aurka egin ahal izango du ofizioz egiaztatzeari, eta, kasu horretan, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

8.– Gainerako betekizunak egiaztatzeko, 13. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauen 3. eranskin gisa erantsi den eredu normalizatuaren arabera. Bigarren kasu horretan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du, SPRIk hala eskatzen dionean, 39/2015 Legearen 69. artikuluko eskakizunak eta DEALen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako eskakizunak egiazkoak diren ala ez egiaztatu ahal izango da ikuskapen bidez egindako bisita batean edo dokumentuak eskatuta.

12. artikulua.– Zuzentzeak.

SPRIk edo BT&Ik ikusten badute aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat, zehaztasun faltaren bat edo argitu beharreko alderdiren bat dagoela, eskatzaileei jakinaraziko die, eta 10 egun balioduneko epea emango die horiek zuzen ditzaten, eta adieraziko die ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

13. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskatzaileek honako eduki hauekin egin beharko dute eskaera:

a) Eskaera telematikoa, eskatzaileari buruzko datuekin behar bezala beteta eta behar besteko ahalordea duen ordezkariak sinatuta.

b) Inbertsio-proiektuaren memoria xehatua, 1. eranskinean zehaztutako egiturari jarraituz. Bertan, ezarpen-plana, ekonomia- eta finantza-plana eta horiek egiteko epeak jasoko dira, baita ezarpenak enpresa eskatzailearen enpleguan, fakturazioan eta lehia-posizioan duen eraginaren kuantifikazioa ere, eta, taldeetako kide diren enpresen kasuan, enpresa eskatzaileari lotutako euskal enpresena. Atzerriko sozietate bat eskuratuz gero, sozietate horren balorazioa ere aurkeztu beharko da, salerosketa-eragiketari dagokionez harekin loturarik ez duen beste enpresa batek egindako balorazioa, bai eta ikuskatutako kontuak, erregistratutako azken kontuak edo salerosketa-eragiketaren aurreko ekitaldia egindako herrialdean baliokideak direnak ere. Makinen berritzeen kasuan, memoriak zehatz-mehatz justifikatu beharko du berrikuntza horrek funtsezko aldaketa eragiten duela lehendik dagoen establezimenduaren ekoizpen-prozesu orokorrean.

Kasu guztietan, memoriak proiektuaren izaera teknologikoa edo berritzailea frogatu beharko du, eta horrek merkatuan duen posizioa, lehiakortasuna eta etorkizuneko iraunkortasuna indartzen dituela, Euskadin duen industria-jarduerari kalterik egin gabe.

c) Hala badagokio, helmugako ingurunearen gaineko eragin positiboaren justifikazio-memoria, 3. irizpidean («Konpromiso soziala eta jasangarritasuna») adierazitakoaren arabera.

d) Enpresa eskatzailearen eraketaren eta ordezkaritza-ahalordearen eskriturak eta laguntzaren xede den ezarpenaren eskriturak eta, hala badagokio, geroko aldaketen eskriturak. Eskatzailea enpresa-talde bateko kidea denean, eskriturak eta eragiketan parte hartzen duten sozietate guztien ordezkaritza-ahalordea.

e) Emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria, ordainketak egiteko.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak, baldin eta ofizioz egiaztatzearen aurka badago.

g) Urteko kontuak eta azken bi ekitaldietan Merkataritza Erregistroan gordailututako dokumentazio gehigarria eta Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak.

h) «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillari» buruzko txostena, Gizarte Segurantzak emana, edo, eskatzailea kooperatiba bada, mutualisten batez bestekoaren ziurtagiria, deialdi hau argitaratu aurreko bi urteei dagokiena.

i) Oinarri hauen 3. eranskinean ageri den normalizatutako ereduaren edukiaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpena.

Horrez gain, enpresa handien kasuan, informazio hau eman beharko da:

– Aurreko hiru urteetan emandako de minimis laguntzen zerrenda, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

j) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeren kasuan, enpresaren ziurtagiria edo, hala badagokio, ROACen inskribatutako auditore baten ziurtagiria edo Adostutako Prozeduren Txostena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikulua betetzen dela egiaztatzeko, legez ezarritako ordainketa-epeei dagokienez, artikulu horretan zehaztutako baldintzetan.

k) Dokumentazioa EAEko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu beharko da.

l) DEALen 30.3 artikulua aplikatuz erakunde onuradunak eskatu behar dituen hiru aurrekontuak, salbu eta, aipatutako arauan aurreikusitako salbuespenen artean, ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago aurrekontu horiek egin, eman edo hornitzen dituzten behar adina erakunde; kasu horretan, onuradunek justifikatu beharko dute inguruabar hori.

2.– SPRIk laguntza-eskaeran aurkeztutako proiektua behar bezala ulertu eta ebaluatzeko beharrezkoa den dokumentazio edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari.

3.– Ez da derrigorrezkoa SPRIren eskuetan dauden eta indarrean dauden dokumentuak aurkeztea. Kasu horretan, eskaeran adierazi behar da zer organo edo saili aurkeztu zitzaizkion eta zer datatan, 39/2015 Legean ezarritako baldintzetan.

14. artikulua.– Eskaerak aztertzea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea amaituta, BT&Ik aurkeztutako eskaeren azterketa teknikoa egingo du, oinarri hauen 6.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta txosten teknikoak egingo ditu. Txosten horiek ebaluazio-batzordeari bidaliko zaizkio, eta hark ebaluaziorako erabiliko ditu.

2.– Eskaerak 8. artikuluko irizpideen arabera balioesteko ebaluazio-batzorde bat sortuko da, 3 pertsonaz osatua:

– Presidentea:

– BT&Iko Zerbitzu eta Programen zuzendaria.

– Ordezkoa: BTIko Adimen Lehiakorreko zuzendaria.

– Batzordekideak:

– BTIko Enpresa Zerbitzuen arduraduna.

– Ordezkoa: BTI programen kudeatzailea.

– Idazkaria:

– SPRIren Nazioartekotze programen arduraduna.

– Ordezkoa: SPRIren Nazioartekotze programen teknikaria.

3.– Batzorde hori balioz eratutzat joko da bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, baldin eta bertan, aurrez aurre edo urrutitik, lehendakaria eta idazkaria edo, hala badagokio, haien ordezkoak, eta gainerako batzordekideen artetik gutxienez beste pertsona bat bertaratzen badira. Atal honetan aurreikusi ez den batzordearen funtzionamenduari buruzko guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulua eta hurrengoak aplikatuko dira modu gehigarrian.

4.– Eskaeren balorazio teknikoa egiteko, 8. artikuluan jasotako irizpideak eta haztapenak aplikatuko zaizkie aurkeztutako proiektuei eta horien euskarri den dokumentazioari. Emaitza gisa, proiektuak lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, eta hori Batzordearen txostenean jasoko da.

5.– Jarraian, organo kudeatzaileak, espedientea eta batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamena idatziko du, SPRIren Nazioartekotze Zuzendaritzari zuzenduta.

15. artikulua.– Laguntzak emateko ebazpena.

1.– Laguntzak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, batzordeak proposatuta, SPRIko Nazioartekotze zuzendariari dagokio.

2.– Ebazpen horretan, laguntza eman zaien enpresen zerrenda jasoko da, eta enpresa horietako bakoitzari dagokionez, aurkeztutako inbertsioa, diruz lagundu daitekeen inbertsioa eta emandako laguntzaren zenbatekoa zehaztuko dira, epeen banakapenarekin, betiere ezarritako 3 urteen barruan. De minimis betebeharra duten laguntzen kasuan, emateko ebazpenean alderdi hori adieraziko da.

3.– Ukatzeko ebazpenen kasuan, ukatzeko arrazoiak jasoko dira.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa enpresa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

5.– Eskaera baiesten edo ezesten duen ebazpena SPRIko Nazioartekotze zuzendariak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Ebazpen horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio SPRIko Nazioartekotze Zuzendaritzari, 39/2015 Legean ezarritako epean eta moduan.

6.– Ebazpena eskatzaileei banan-banan jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, DEALen xedatutakoaren arabera.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak dira DEALen 14., 27. eta 42. artikuluetan aurreikusitakoak, eta, bereziki eta mugatzeko asmorik gabe, honako hauek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, enpresa onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten, gehienez ere 15 eguneko epean, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza eman den xederako erabiltzea, eta konprometitutako inbertsioa gauzatu dela eta enplegua sortu dela justifikatzea.

3.– Inbertsioa gauzatu bitartean eta sortutako enpleguari eusteko aldian, organo kudeatzaileari eskatzen zaion informazio osagarri guztia bidaltzea, bai eta gerta daitezkeen aldaketak ere, Administrazioak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahal izan ditzan horien garapenari eta egikaritzeari dagokienez.

4.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura jartzeko moduan izatea bost urtez, gastu hautagarriak egiten direnetik kontatzen hasita.

5.– Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.

6.– SPRIri jakinaraztea helburu bererako edo antzerako beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso izana. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatzen den unean edo aurretik.

7.– SPRIri jakinaraztea enpresak legez kanpokotzat jotako laguntzaren bat duen, baldin eta Europako Batzordeak, dirulaguntza eman ondoren, laguntza hori berreskuratzeko agindua jasotzen duen erabaki negatiboa hartu badu eta laguntza oraindik itzuli gabe badago.

8.– Honako hedapen-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko, DEALen arabera:

– Jendaurrean zabaltzeko egiten diren dokumentazioan, karteletan, propagandan edo argitalpenetan SPRIren logotipoa eta «SPRIk diruz lagunduta» esaldia jarri beharko dira, esteka honetan dagoen formatuaren arabera: https://www.spri.eus/es/logo/

– Bi hizkuntza ofizialak erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten ekintzak argitaratzean eta iragartzean.

– Dirulaguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legerian ezarritako baldintzetan.

9.– Emandako laguntzaren indarraldi osoan zehar, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, bai eta jasotako funtsak itzultzeko betebeharra ere beteta izatea, baldin eta horiek itzultzeko ebazpen baten ondorioz zordun bada.

10.– SPRIri jakinaraztea laguntza emateko kontuan hartu den edozein zirkunstantziaren aldaketa.

11.– Hizkuntza eta irudiak ikuspegi intersekzionalarekin eta, bereziki, sexuaren eta generoaren alderdiarekin errespetuz erabiltzea dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan. Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.

12.– Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean.

13.– Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusitako kasuan dagoenean, deslokalizazioan ez erortzea, DEALen 9.4.h) artikuluaren gehiegizko finantzaketan ez erortzea barne.

14.– Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu beharreko araudi sektorialak eskatutako baldintzetan, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko guztiak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.

15.– Jasotako funtsen erabilera justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke.

16.– Jasotako funtsak edo diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutakoa itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasotako kasuetan.

17.– DEALen 30.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, dirulaguntzaren onuradun enpresa bat denean, merkataritza-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikatu beharreko araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, halakorik ezean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritakoetan.

17. artikulua.– Aurrerakin itzulgarria ordaintzeko ebazpena.

1.– Laguntzak jasotzeko, enpresa onuradunek gauzatutako inbertsioen aitorpena aurkeztu beharko dute BT&In. Adierazpen horrekin batera, eredu ofizialaren araberako fakturen koadroa, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte. Horrez gain, kanpoko auditoretzaren txosten bat aurkeztu beharko da, ebazpenaren xede diren inbertsioak benetan gauzatu direla eta oinarri hauetan adierazitakora egokitzen direla ziurtatzeko. Auditoriak fakturen eta ordainketa-egiaztagirien berrikuspena jaso beharko du.

Enpresa onuradunak, hala badagokio, SPRIren eta BT&Iren esku jarriko du, hurrenez hurren, egindako inbertsioak egiaztatzeko eskatzen zaion dokumentazio guztia.

2.– Laguntzaren xede diren inbertsioen azken justifikazioa, beranduenez, inbertsio-proiektua amaitzeko emandako epea amaitu eta 12 hilabetera aurkeztu beharko da.

3.– SPRIko Nazioartekotze zuzendariari dagokio ebazpen bat ematea. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, osoa edo partziala, adieraziko da. Itzuli beharreko finantzaketa urtean behin ordainduko zaio enpresa bakoitzari.

4.– Aipatutako ebazpena, enpresa onuradunari ez ezik, FEIri ere bidaliko zaio, bertan adierazitako zenbatekoaren araberako laguntzaren ordainketa egin dezan.

5.– Enpresak legez kanpokotzat jotako laguntzaren bat badu, eta Europako Batzordeak laguntza hori berreskuratzeko agindua jasotzen duen erabaki negatiboa hartu badu, laguntza itzuli gabe dagoen bitartean, azken ordainketa eskatzeko unean laguntza hori deuseztatu edo itzuli dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du; izan ere, ordainketa ez da egingo inguruabar hori behar bezala justifikatu arte.

6.– Likidatutako aurrerakin itzulgarri metatua 600.000 eurotik gorakoa bada onuradun eta espediente bakoitzeko, onuradunak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako bermeak aurkeztu beharko ditu. Berme hori likidazioa ebatzi ondoren eta Finantzen Euskal Institutuak (FEI) ordaindu aurretik aurkeztu beharko da. Bermea askatu egingo da onuradunaren zorra espediente bakoitzeko 600.000 eurokoa edo txikiagoa denean.

18. artikulua.– Itzuli beharreko finantzaketa itzultzea.

1.– Inbertsioak amaitu ondoren, enpresek urtebeteko gabealdia izango dute itzulketak egiten hasi aurretik; beraz, lehen itzulketa inbertsio-proiektua amaitu ondorengo 2. urtean egingo da, eta gainerakoa beste lau urtez, kuota berdinetan.

Finantzaketaren itzulketak urtero egingo dira FEIren kontu batean, itzultzea dagokion ekitaldi ekonomikoaren lehen bi hilabeteetan. Urte bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa jasotako laguntzaren bostena izango da.

2.– Enpresa onuradunek banku-transferentziaren kopia bidaliko dute BT&Ira.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak inbertsioari buruz hartutako konpromisoa edo emandako finantzaketaren itzulketa aurreikusitako edozein epetan edo oinarri hauetan nahiz aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez badu, baita, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ere, organo eskudunak, ez-betetze espedientea izapidetu ondoren, administrazio-ebazpen bidez adieraziko du laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala badagokio, SPRIri jasotako laguntzaren kapital nagusia eta dirulaguntzen arloan aplikagarriak diren berandutze-interesak itzultzeko betebeharra dagoela, DEALen ezarritakoaren arabera eta bertan zehaztutako baldintzetan. Aipatutako zenbatekoek zuzenbide publikoko diru-sarreren izaera izango dute dagozkien ondorio juridikoetarako, eta horien kobrantza Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketari buruzko urtarrilaren 12ko 1/2021 Erregelamenduan diru-sarrera mota horientzat ezarritakoari jarraituz egingo da. Erreklamatutako zenbatekoak borondatezko epean ordaintzen ez badira, premiamendu-prozedura administratiboaren bidez kobratuko dira.

Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean sartzen bada, SPRIk, eman dituen laguntza itzulgarriak berreskuratzeko, kasu bakoitzean aplikatzekoak diren xedapenek aitortzen dioten lehentasuna izango du, eta, hala badagokio, itzultzeko betebeharraren erantzukizun subsidiarioa deribatzeko espedienteak hasi ahal izango dira pertsona juridikoen ordezkarien aurka, edozein izanik ere haien izaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren 100.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Ez-betetze espedientea hastea eta ebaztea SPRIko Nazioartekotze zuzendariari dagokio. Espedientea BT&Iren edo FEIren proposamenez ere hasi ahal izango da, itzulketekin lotutako gorabeherak direla eta.

20. artikulua.– Inbertsioa egiteko epea atzeratzea, dirua itzultzeko egutegia luzatzea edo aurreratzea, eta laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Inbertsioa gauzatzeko epearen luzapena: salbuespenez, enpresak aurrez eskaera egin eta behar bezala justifikatzen badu, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak urtebeteko luzapen bakarra eman ahal izango du egin beharreko inbertsioak gauzatzeko. Luzapen horrek, halaber, dagokion laguntzaren ordainketa-data atzeratzea ekarriko du, baldin eta alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute, bai eta 17.2 artikuluan ezarritako azken justifikazioa aurkezteko gehieneko epea luzatzea ere. Luzapen horrek ez du inolako aldaketarik ekarriko emandako finantzaketa itzulgarriaren zenbatekoan, ez eta dirua itzultzeko baldintzetan ere, eta urtebete bakarrik luzatuko dira dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako itzulketa-datak.

2.– Itzulketen egutegiaren luzapena: salbuespen gisa, enpresak eskatu eta justifikatu ondoren, eta programa kudeatzen duen organoak alegatutako inguruabarrak eta enpresaren finantza-egoera ebaluatu ondoren, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak itzulketen egutegiaren luzapena eman ahal izango du. Luzapen hori hasierako egutegian ezarritako itzulketa guztietarako edo batzuetarako izan daiteke, eta ezin izango da urtebetetik gorakoa izan, hasieran finkatutakoari dagokionez. Luzapen hori emateak dagozkion legezko interesak ordaintzeko betebeharra ekarriko du, eta aldez aurretik bermeak ematearen mende egon daiteke. Hemen deskribatutako luzapena ezin izango da eskatu, baldin eta, aldez aurretik eta proiektu bererako, aurreko atalean aipatzen den inbertsioaren exekuzioa atzeratzeko baimena eman bazaio enpresari, eta, horrekin batera, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako itzulketa-egunetan urtebeteko luzapena baldin badu.

3.– Itzulketen egutegian aurrerapena izatea: aurreko 1. eta 2. ataletan aurreikusitakoa gorabehera, onuradunek itzulketen egutegian aurrerapen bat edo batzuk eskatu ahal izango dizkiote SPRIri. Horren ondorioz, itzultzeke dauden aurrerakin itzulgarriak erabat edo partzialki ezereztuko dira, eta, horrela, hasieran aurreikusitako itzulketen egutegia laburtuko da, edo zati bat ezereztu ondoren itzultzeko dauden urterokoak murriztuko dira. Enpresak idatziz eskatu beharko du aukera hori, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak eman beharko du dagokion ebazpena.

4.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere ebazpen honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Dirulaguntza ematen duen organoak, gertatzen ari den egoeraren balorazioa egin ostean, bere kabuz edo interesdunak eskatuta, aukera izango du emandako laguntza edo haren baldintzak aldatzeko, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Alde baten instantziari erantzunez gero, pertsona onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez.

b) Zenbatekoa ez handitzea.

c) Benetan egindako edo egingo den jarduera edo jokabidea oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.

d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak ez egotea onuradunaren borondatearen mende.

e) Aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izan balira, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onartutako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

3.– 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra, eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen baitira, aplikagarri den neurrian.

4.– Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 EB Erregelamendua, de minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO: L-2023-81820).

5.– 651/2014 (EB) Salbuespenen Erregelamendu Orokorra, 2014ko ekainaren 26ko 187. EBAOn argitaratua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskaeran oinarrituta, eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzea da, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRI sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko SPRIk duen interes publikoa da.

Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Datuak laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo soilik tratamendu automatizatuan oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, idatzizko komunikazio baten bidez, helbide elektroniko honetara idatzita: lopd@spri.eus. Interesdunak, era berean, datuak babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatziz, helbide elektroniko honetara idatzita: dpd@spri.eus.

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: www.avpd.euskadi.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/es/aviso-legal/ web-orrialdeko pribatutasun-politikara.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRIk oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Onuradunek, nolanahi ere, programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egin beharko dute, oinarrietan zehaztutako baldintzetan.

Bilbao, 2026ko irailaren 25a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria,

NAGORE BONILLA GABARAIN.

1. ERANSKINA
INBERTSIO PROIEKTUAREN MEMORIA XEHATUA

1.– Enpresa eskatzailearen gaitasuna. Gehienez 10 puntu.

• Jarduera nagusia eta enpresaren produktuak.

• Enpresak ezarpenari ekiteko duen finantza-gaitasuna.

• Ekoizpenerako/logistikarako gaitasuna.

• I+Gn inbertitzeko gaitasuna.

2.– Proiektuaren izaera teknologikoa edo berritzailea. Gehienez 15 puntu.

• Helburuak.

• Ezarpenerako herrialde potentzialak aztertzea.

• Hautatutako herrialdea lehenesteko faktore erabakigarriak.

• Helmugako herrialdearen eta EAEren arteko abantaila konparatiboak.

• Hautatutako herrialdearen balizko arrisku politikoak, ekonomikoak eta sozialak identifikatzea.

• Ezarpen-herrialdeko legezko baldintzatzaileak.

Proiektuaren plangintza: proiektuaren faseak, ekintzak eta epeak ezartzea.

• Proiektua atxikitzeko industria-sektorea, RISS3ren eremuan goi-teknologiakoak lehenetsiz.

•- Proiektuaren aurrekontua.

• Enpresak nazioarteko merkatuen aurrean duen egoera (AMIA).

– Ahuleziak.

– Mehatxuak.

– Indarguneak.

– Aukerak.

3.– Proiektuaren izaera eraldatzailea: Enpresaren gaineko eragina, lehiakortasuna eta trakzio-efektua Euskadin. Gehienez 15 puntu.

• Fakturazio/esportazio aurreikuspena.

– Enpresaren fakturazio orokorra.

– Proiektuari zor zaion fakturazioa.

• EAEko plantillaren aurreikuspena.

– Enpresako enplegua, guztira.

– Proiektuaren ondorioz sortutako enplegua.

• Aurreikuspen kualitatiboa.

– Enpresaren lehia-posizioan duen eragina.

Jatorrian zein helmugan sortutako enpleguaren tipologia: (enpleguaren kalitatea, berdintasuna, etab.).

• Dibertsifikazio-potentziala.

– Esportazio teknologikoak handituko direla aurreikusita, balio erantsi handiagoko produktu eta zerbitzuetarako dibertsifikazioan duen eragina.

4.– Enpresaren koherentzia estrategikoa eta inbertsio-ahalegina, tamainari dagokionez. Gehienez 10 puntu.

• Enpresak nazioartekotze-proiektuari ekiteko duen gaitasuna eta bere fakturazioaren hazkundea hartuko dira kontuan, eta proposatutako inbertsio-ahalegina bere tamainaren alderantzizko ordenan haztatuko da.

2. ERANSKINA
GIZARTE KONPROMISOA ETA JASANGARRITASUNAREN ZIURTAGIRIAK

• Ingurumena (1).

– EMAS III ziurtagiria (lorpen-data, azken berritzea).

– ISO 14001 ziurtagiria (lorpen-data, azken berritzea).

– Ekoscan ziurtagiria (lorpen-data, azken berritzea).

– ISO 14006 ziurtagiria (lorpen-data, azken berritzea).

– ISO 14064 ziurtagiria (lorpen-data, azken berritzea).

– UNE 22470 ziurtagiria (lorpen-data, azken berritzea).

– UNE 22480 ziurtagiria (lorpen-data, azken berritzea).

• Berdintasuna eta kontziliazioa (2).

– Berdintasun-plana, Emakunderen metodologiaren arabera (data, balio-aldia).

– Kontziliazio-plana (data, balio-aldia).

– EFR ziurtagiria (lorpen-data, azken berritzea).

• Euskara (3).

– BIKAIN ziurtagiria (maila, lortutako data, azken berritzea).

– Bai Euskarari ziurtagiria (maila, lorpen-data, azken berritzea).

– Euskara Plana (data, balio-epea).

• Erantzukizun sozial korporatiboa eta jasangarritasuna (4).

– Global Compact erakundeko kide izatea, 2030 Agendaren 17 GJHekiko atxikimendua adierazteko.

– Eusko Jaurlaritzaren GJH plataformako kide izatea.

– ISO 26000 auditoria (badu, eskuratze-data, azken berritzea).

– IQNet SR10 ziurtagiria (badu, eskuratze-data, azken berritzea).

– SGE 21 ziurtagiria (badu, eskuratze-data, azken berritzea).

– UNE 165010:2009 EX ziurtagiria (badu, eskuratze-data, azken berritzea).

– Xertatu (ekintza-planaren data, azken ebaluazioaren data).

– SA 8000.

– Azken 3 urteetan, BEINT programaren esparruan, gazteak nazioartekotzearen arloan prestatzen lagundu izana.

• Beste ziurtagiri baliokide batzuk.

3. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[Izen-abizenak] jaunak/andreak, indarrean dagoen [...] NAN-zenbakia duenak, [eskatzailearen izena] ordezkatuz, [...] IFK zenbakiduna, eta jarduera-zentroa [helbidea, gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako jarduera-zentro ekonomiko bat adierazi beharko da] duenak, adierazten du:

I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:

– Enpresa handien kasuan:

i) Aurreko hiru urteetan ez duela 300.000 euroko de minimis laguntzarik jaso.

ii) Eskaera honetako dagokion atalean honako alderdi hauei buruzko informazioa erantsi da:

a) Aurreko hiru urteetan emandako de minimis laguntzak, emate-data, erakundea, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– ETEen kasuan:

i) Krisian dagoen enpresatzat ez hartzea, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasuneko jarraibideen arabera (2014/C 249/01 EBAO).

– Bi kasuetan, ez dagoela DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean; hau da:

a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso izana.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende egotea edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.

c) Kausaren batean erruduntzat jo izanagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, araudiak zehazten duen moduan.

f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta egotea, lege honen edo beste batzuen arabera. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan dagokion zehapenean ezarritako aldian sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Pertsona fisiko edo juridikoa, publiko edo pribatua, ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik administrazio bidean ebazpen irmo bidez zigortuta egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, kuota hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

– Bi kasuetan, ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten mende, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren.

– Bi kasuetan, ez duela LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne, otsailaren 28ko 4/2023 Legean, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko legean, ezarritakoaren arabera.

– Bi kasuetan, adierazpen honetan jasotzen dira eskatzailearen konpromisoak, hau da, enpresaren deslokalizazioan ez erortzeko konpromisoa, DEALen 49. artikuluaren arabera, eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa, DEALen 9.4.h) artikuluaren arabera.

k) Ez duela Europako Segurtasun Estrategian sartzen ez den armamentu edo erabilera militarreko teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen.

II.–

– Indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen ditut.

– Egiazkoak eta osoak dira eskaera honetako datu guztiak, bai eta aurkezten dudan dokumentazio guztia ere, eta neure gain hartzen dut dagokidan erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

III.– Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari aurkezten ez bazaio, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.

[...] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.


Azterketa dokumentala