
199. zk., 2026ko urriaren 19a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (194 KB - 11 orri.)
- EPUB (326 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4362
98/2026 EBAZPENA, urriaren 8koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2026-2027 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun handiko itunpeko ikastetxeei zuzeneko dirulaguntzak emateko erabakia.
Gobernu Kontseiluak, 2026ko irailaren 15ean egindako bilkuran, 2026-2027 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun handiko itunpeko ikastetxeei zuzeneko dirulaguntzak emateko erabakia onartu zuen, eta, behar bezalako publikotasuna ematekoa. Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun handiko itunpeko ikastetxeei 2026-2027 ikasturtean zuzeneko dirulaguntzak emateko erabakiaren testua. Erabakia ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 8a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 8KO 98/2026 EBAZPENARENA
ERABAKIA, 2026-2027 IKASTURTEAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HEZKUNTZA-KONPLEXUTASUN HANDIKO ITUNPEKO IKASTETXEEI ZUZENEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKOA
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 71. artikuluak ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek beharrezkoak diren baliabideak izango dituzte ikasle guztiek ahalik eta garapen pertsonal, intelektual, sozial eta emozional handiena lor dezaten, bai eta lege horretan oro har ezarritako helburuak lor ditzaten ere. Halaber, hezkuntza-administrazioei dagokie beharrezko baliabideak bermatzea hezkuntza-premia bereziak izateagatik arruntaz bestelako hezkuntza-arreta behar duten ikasleek ahalik eta gehien garatu ditzaten beren gaitasun pertsonalak, eta, betiere, ikasle guztientzat oro har ezarritako helburuak lor ditzaten.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen helburuetako bat da kalitatezko irakaskuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzea, aukera-berdintasunezko terminoetan, non ikasle guztiek izango baitute aukera kalitatezko hezkuntza izateko eta bizitzarako konpetentziak ahalik eta gehien garatzeko.
Hezkuntza-sistema bat ekitatiboa izateko herritarren arteko desparekotasun sozioekonomikoak arindu behar ditu, batetik, ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza bat jasotzeko aukera izan dezaten eta, bestetik, esfortzuak eta gaitasunak zehaztu dezaten errendimendu akademikoa, sorterria, sexua eta testuinguru soziala, ekonomikoa eta kulturala gorabehera. Abiapuntu horretatik, euskal hezkuntza-sistemak ekitatea indartzen du, eskolatze zabala eskainiz, baldintza berdinetan, eta neurriak hartuz jatorriarekin loturiko desberdinkeriak orekatzeko eta eskola-porrota edo eskola-uzte goiztiarra murrizteko.
Irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 10.1 artikuluaren arabera, Hezkuntza Sailari dagozkio, besteak beste, Autonomia Estatutuaren ondoriozko ahalmenak araubide orokorreko zein bereziko irakaskuntzei dagokienez, haien etapa eta maila guztiak barne; halaber, Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuari jarraikiz, Hezkuntza Sailari dagokio unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuak finantzatzeko itunen eta akordioen arloko era guztietako espedienteak aztertu, proposatu eta kudeatzea, hargatik eragotzi gabe sistemaren plangintzara egokitzea.
Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak konpromisoa hartu du, bereziki, gizarte-hezkuntzako kalteberatasun-egoera nabarmenean dauden gazteen ehuneko handi bat biltzen duten eta funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxe guztiei laguntzeko. Ikastetxe publikoen kasuan, Hezkuntza-zailtasun bereziko ikastetxeetarako orientazioko, aurrerapeneko eta hezkuntza-aberasteko programaren (PROA+ programa) jarduketetarako aurreikusitako finantzaketaren onuradun dira, gizarte-hezkuntzako kalteberatasun-egoera nabarmenean dauden gazteen ehuneko handi bat biltzen duten ikastetxeetan ikasleak atxikitzeko eta horien eskola-arrakasta hobetzeko.
Aitzitik, EAEko itunpeko ikastetxeak programa horretatik kanpo gelditu ziren. Beraz, Hezkuntza Sailak hezkuntza-zailtasun handiagoa jasaten duten itunpeko ikastetxeentzako dirulaguntza-lerro bat sortu du 2026-2027 ikasturterako; horren bidez, ikastetxe horiek ikasle kalteberen emaitzak hobetzeko jarduketak indartzeko eta babesteko, eta ikastetxeetako atxikipen-portzentajeak handitzeko.
Aipatutako itunpeko ikastetxe horien artetik, laguntzen hartzaile izan daitezen, 1. mailako hezkuntza-konplexutasunaren indizea dutenak hautatu dira (2023-2024 ikasturtetik aplika daitekeen eskalan 20 puntu baino gehiago). Indize horren helburua da ikastetxeak bere ikasleekiko duen egoera baloratzea, eta, horretarako, hainbat adierazle erabiltzen dira, hala nola ikaskuntza-emaitzak, hezkuntza-laguntzaren beharrak, egokitasuna, jatorria, jarraitutasuna eta maila sozioekonomikoa.
Hezkuntza Sailak konpromisoa hartzen du hautatutako ikastetxeei baliabide gehigarri ez-finkagarriak finantzatzeko, horretarako bideratutako aurrekontu-zuzkiduraren arabera. Hartara, ikasle kalteberei arreta emateak dakartzan erronka akademikoetara hobeto egokitzen lagunduko du.
Kasu honetan, laguntzaren xedearen eta hartzaileen berezitasuna eta zehaztasuna ikusirik, ezin da konkurrentzia publikoa sustatu; izan ere, laguntzaren oinarria zera da: onuradun izateko proposatzen diren ikastetxeak ISEI-IVEI institutuak objektiboki zehaztu dituenak izango direla, hain zuzen ere, ikasle kalteberen ehuneko handiak dituztenak, eta ikasle horien premia eta efikazia arrazoiek justifikatuko dutela, interes orokorrerako, dirulaguntzak zuzenean ematea.
Proportzionaltasun-printzipioari dagokionez, ekimenari berari erreparatuta argi ikus daiteke ezinbesteko erregulazioa duela, baita bete nahi den premiari bideratutako zuzkidura ekonomiko bat ere.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 29. artikuluari jarraikiz jardungo da. Artikulu horren arabera, laguntzak edo dirulaguntzak zuzenean ematea Jaurlaritzaren eskumena izango da, interesa duen saileko sailburuaren proposamenez. Gainera, zuzeneko dirulaguntza horiek salbuespenezkoak izango dira, eta justifikazio arrazoituaren eta memoria dokumentalaren bidez egiaztatu beharko dira dirulaguntza justifikatzen duten interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak.
Horregatik guztiagatik, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, eta egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako
ERABAKIA
Lehenengoa.– Xedea eta helburua.
1.– Erabaki honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-konplexutasun handieneko itunpeko ikastetxe pribatuei (I. eranskina) dirulaguntzak ematea 2026-2027 ikasturtean, erabaki honetan ezarritako estipulazioen arabera.
2.– Dirulaguntzaren helburua da hezkuntza-konplexutasun berezia duten itunpeko ikastetxe pribatuak indartzea, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan errefortzuko irakasle bat izan dezaten, hezkuntza-lerro bakoitzeko, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleen arreta hobetze aldera eta, azken batean, hezkuntza-aukeretan ekitatea lortzen laguntze aldera.
Bigarrena.– Onuradunak.
1.– Erabaki honen onuradun izango dira 1. mailako hezkuntza-konplexutasunaren indizea (2023-2024 ikasturtetik aplika daitekeen eskalan 20 puntu baino gehiago) duten Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak (I. eranskinean daude zerrendatuta).
Hezkuntza-konplexutasunaren indizea Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak kalkulatzen du.
Hirugarrena.– Diruz lagundutako gastua.
Zuzkiduran aipatutako gastua lagunduko da soilik, zehazki, 2026-2027 ikasturtean errefortzuko irakasleak kontratatzeko gastua, hau da, 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitartean (biak barne) egindako gastua.
Laugarrena.– Dirulaguntzaren kreditua eta zenbatekoa.
1.– 2026-2027 ikasturtean, 2.926.256,68 euro bideratuko dira hezkuntza-lerro bakoitzeko errefortzuko irakasle gehigarri bat kontratatzearen ondoriozko gastu baliokidea ordaintzera.
Dirulaguntzaren zenbatekoa Zuzendaritzaren aurrekontu-aplikazioetako kontabilitatean egotziko da (11), Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorretako partida, 42221 programa, 45301 kontzeptua. 2027ko urtarriletik abuztura arteko aldiari dagokionez, konpromiso-kreditu bidez egingo da.
2.– Lehen Hezkuntzako etapan eta Bigarren Hezkuntzako etapan hezkuntza-lerro bakoitzeko errefortzuko irakasle bat kontratatzera bideratutako zenbatekoa kalkulatzeko, 2026ko Aurrekontuen Legeko IV. eranskinean bildutako Ekonomia Itunaren moduko zenbatekoaren arabera egin da, 2026-2027 ikasturtearen lehen lauhilekorako; 2027ko urtarriletik abuztura arteko aldiari dagokionez, berriz, 2027ko Aurrekontuen Lege-aurreproiektuko IV. eranskineko modulu ekonomikoko zenbatekoen arabera. Eta ateratzen diren zenbatekoak I. eranskinean finkatutakoak dira.
Bosgarrena.– Diruz lagundu daitekeen gastua.
1.– Erabaki honetan aurreikusitako ondorioetarako, emandako dirulaguntzaren xede den gastua zuzkiduratik eratorritakoa edo, hala badagokio, irakasle gehigarriak kontratatzearen ondoriozkoa izango da, eta dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiliko da.
2.– Kontratazio horretan bermatu beharko da kontratatutako langileak ez direla epai irmoz kondenatu sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik. Horretarako, ikastetxeak bermatu egingo du Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. apartatuan ezarritakoa betetzen dela.
Halaber, bermatu egin beharko da kontratatutako irakasleek honako hauek dituztela:
a) Kontratuaren xede diren irakaskuntzak emateko behar den titulazioa.
b) Kontratatu diren irakaskuntzen hizkuntza-ereduarekin edo ereduekin bat datorren hizkuntza-eskakizuna.
3.– Diruz lagundutako gastuak 2026ko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra bitartean egin beharko dira. Alde horretatik, diruz lagundutako gastutzat hartuko da benetan ordaindu dena, gastu mota bakoitzerako emandako zenbatekoaren mugarekin.
Epez kanpo egindako gastuak ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.
4.– Ezin da diruz lagundutako jarduera azpikontratatu, irakaskuntza emateari dagokionez.
Seigarrena.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Emandako dirulaguntzen onuradunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dituzte kontsultak eta dirulaguntza horiek kudeatzeko izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.
3.– Izapideak bide elektronikoz nola egin, zer dokumentazio-eredu erantsi behar den eta horren inguruko gainerako argibideak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1230805
4.– Justifikazioa Nire karpeta atalaren bidez egingo da, helbide honetan: http://euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Zazpigarrena.– Emate-prozedura eta organo eskudunak.
1.– Dirulaguntza hauek zuzenean emango zaizkie, erabaki honen bidez, I. eranskinean zerrendatutako pertsona juridiko guztiei.
2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza izango da dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
Zortzigarrena.– Bateragarritasun-araubidea.
Emandako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste entitate publiko edo pribatu batzuek eman ahal dituzten beste batzuekin, betiere finantzaketa bikoitzik eragiten ez badute. Hortaz, beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.
Diruz lagundutako gastuaren aldibereko finantzaketa gertatzen bada, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzuli beharko da, eta dagokion berandutze-interesa ere eskatuko da (Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 16. artikulua).
Bederatzigarrena.– Ordainketak.
Dirulaguntza hiru epetan ordainduko da:
– Lehenengo zatia emandako guztizkoaren heren bat izango da, eta Gobernu Kontseiluak erabaki hau onartu ondoren ordainduko da, 2026-2027 ikasturtearen hasieran.
– Bigarren zatia emandako guztizkoaren beste heren bat izango da, eta ikasturtearen lehen lauhilekoari dagokion gastuaren justifikazioa egiaztatu eta gero ordainduko da. 2027ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu beharko da justifikazioa.
– Hirugarren zatia azken herena izango da, eta 2027ko urriaren 15a baino lehen 2026-2027 ikasturtearen bigarren eta hirugarren lauhilekoei dagozkien gastua justifikatu eta gero ordainduko da.
Hamargarrena.– Justifikazioa.
1.– Egiaztagiriak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora igorri behar dira, formatu elektronikoan edo digitalizatutako kopia moduan, Nire karpeta atalaren bidez: (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/). Honela aurkeztu behar da:
I.– Hasierako dokumentazioa erabaki hau argitaratu eta gero aurkeztuko da, hilabeteko epean:
a) II. eranskina, titularrak edo ikastetxearen ordezkariak sinatuta.
b) Kontratatutako irakasleen zerrenda. III. eranskinean jasotako informazioa eman beharko da.
c) Irakasleen lan-kontratuak.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko den kontratatutako langileek titulazioen eta hizkuntza-eskakizunen baldintzak betetzen dituztela eta ez dituztela epai irmoz kondenatu sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik (IV. eranskina).
e) Erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskatu edo lortu izanari buruzkoa, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere; baiezkoa izanez gero, zenbatekoa eta erakunde emailearen izena adierazi beharko dira (IV. eranskina).
II.– Hilean behin dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Kontratatutako irakasleen zerrenda eta III. eranskinean jasotako informazioa.
b) Kontratatutako irakasleen nominak.
c) Irakasleen Gizarte Segurantzako kotizazio-buletinak.
Dirulaguntzaren bitartez kontratatu diren langileak aldatuz gero, berriei buruzko dokumentu guztiak bidali beharko dira, baita ordezkatzeko arrazoiei buruzko azalpenak ere idatziz.
2.– Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen eta dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko aukera ematen duten frogagiriak egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren guztizko zenbatekoari dagokionez, eta onuradunari eskatu ahal izango dio hasieran eskatu ez diren frogagiriak aurkezteko. Egiaztagiri horiek zaintzapean eta eskura eduki beharko ditu.
3.– Aurkeztutako justifikazioaren ondorioz egiaztatzen bada dirulaguntzak gainditu egiten dituela benetan egindako gastuak, dirua itzultzeko egoki den prozedura abiaraziko da.
Hamaikagarrena.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari dirulaguntza emateko baldintzetan izandako edozein aldaketa. Aldaketa horien berri ez ematea nahikoa arrazoi izango da laguntza errebokatzeko.
2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
3.– Era berean, aipatutako onuradunak onartu egin beharko ditu dirulaguntza ematen duen administrazioak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako egiaztatze-jarduerak, halaxe ezartzen baitu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4.n) artikuluak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, sail eskudunaren bitartez, auditoretzak egin ahal izango ditu ikastetxeetan, emandako datuak egiazkoak direla egiaztatzeko.
Hamabigarrena.– Dirulaguntza emateko erabakia aldatzea.
Dirulaguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, aldi berean beste ekarpen batzuk lortzen badira arauetan baimendutako kasuetatik kanpo, aldatu egin daiteke dirulaguntza emateko erabakia, dirulaguntzei buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
Hamahirugarrena.– Laguntza itzultzea eta balizko ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.
1.– Erabaki honen bidez emandako dirulaguntza jasotzeko ezarritako edozein baldintza edo betebeharrak betetzen ez badira, edo abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatzen bada (besteak beste, laguntza ez erabiltzea diruz lagundu daitezkeen gastuetarako), arrazoi nahikoa izango da laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela eta/edo itzuli behar dela erabakitzeko, lege horretan ezarritako prozedurarekin bat etorriz.
2.– Itzulketarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. eta 42. artikuluetan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak.
Azken apartatuetako lehenengoa.
Erabaki honen bidez emandako dirulaguntzak arau hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
Azken apartatuetako bigarrena.
Erabaki honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, zenbatekoa, xedea eta ikastetxea adierazita.
Azken apartatuetako hirugarrena.
Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
RSS