
198. zk., 2026ko urriaren 16a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (240 KB - 16 orri.)
- EPUB (870 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
4338
AGINDUA, 2026ko irailaren 30ekoa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Barakaldoko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegiko bulego judizialeko Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileen lanpostuen zerrenda.
Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-arloko neurrien urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoak antolaketa judizialaren eredu tradizionalaren eraldaketa garrantzitsua bultzatu du. Besteak beste, lehenengo auzialdi judizialaren konfigurazioa aldatzen du; izan ere, pertsona bakarreko epaitegien eredutik kide anitzeko antolakuntzara igarotzen da, auzialdiko auzitegiak sortuz, eta horiek bulego judizial berri batzuen laguntza jaso beharko dute. Gainera, bulego judiziala birdefinitzen du, eta ezartzen du haren jarduera zerbitzu erkideen bidez garatuko dela. Zerbitzu horiek izapidetze-zerbitzu komunak eta, hala badagokio, bulego judizialean egon daitezkeen beste zerbitzu batzuk hartuko dituzte.
1/2025 Lege Organikoaren lehenengo xedapen iragankorrak auzialdiko auzitegiak modu mailakatuan eratuko direla ezartzen du, eta bosgarren xedapen iragankorrak bulego judiziala eta auzialdiko auzitegiak aldi berean ezarriko direla ezartzen du, legean bertan xedatutako baldintzetan. Horretarako, aurreikusten du justiziaren arloan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek, bakoitzak bere eremuan, bulego horietako bakoitzaren lanpostu-zerrendak egin beharko dituztela, baita onartu ere, erakunde sindikalekin negoziatu ondoren, eta, gero, lanpostuak bete beharko dituztela.
Botere Judizialaren Lege Organikoaren 522. artikuluak, bere idazketa berrian, ezartzen du eskumenak bereganatuta dituzten autonomia-erkidegoek, erakunde sindikalekin negoziatu ondoren, beren jardun-eremuko bulego judizialetako lanpostuen zerrendak egin eta onartuko dituztela, eskumen hori esleituta duen zuzendaritza-zentroko titularraren ebazpen baten bidez; eta eskatzen du, onartu aurretik, Justizia Ministerioari jakinarazi beharko dizkiotela.
Antolaketa-eredu berri horren hedapena errazteko, 1/2025 Lege Organikoaren bosgarren xedapen iragankorrak ezartzen du Justizia Administrazioaren Konferentzia Sektorialak bulego judizialaren eta haren lanpostu-zerrenden egituraren erreferentzia-ereduak egin eta onar ditzakeela, eta hartutako erabakiak dagokion garapena gaituko duela justizia-arloan eskumenak dituen administrazio bakoitzeko agintaritza eskudunaren ebazpen baten bidez.
Aurreko xedapenaren arabera, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak 2025eko azaroaren 28ko Agindua onartu du, zeinaren bidez Barakaldoko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegirako bulego judizialaren diseinua eta egitura erabakitzen baitira, Justizia Zerbitzu Publikoaren efizientzia-arloko neurrien urtarrilaren 2ko 1/2025 Lege Organikoan jasotako aurreikuspenekin bat etorriz.
Horren guztiaren ondorioz, agindu honen xedea da Barakaldoko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegiko bulego judizialeko lanpostu-zerrenda onartzea.
Azaldutakoagatik, ordezkaritza handieneko erakunde sindikalekin negoziatu ondoren, legez aurreikusitako eskakizunak bete ondoren, eta Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuak esleitutako eskumenen arabera, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Barakaldoko barruti judizialeko Auzialdiko Auzitegiko bulego judizialeko Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileen lanpostuen zerrenda onartzea. Zerrenda hori eranskinean dago.
Bigarrena.– Karrerako funtzionarioak lanpostu berrietara egokitzeko prozesuak egitea, agindu hau argitaratu ondoren.
Hirugarrena.– Barakaldoko barruti judizialean bulego judiziala ezartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Justizia Administrazioko zuzendariaren ebazpen baten bidez zehaztuko da ezarpen-data.
Laugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Giza Eskubideen sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 30a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
RSS