
198. zk., 2026ko urriaren 16a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (408 KB - 48 orri.)
- EPUB (2864 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4334
AGINDUA, 2026ko irailaren 15ekoa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, partaidetzazko toki-garapeneko estrategiaren (PTGE) babeseko proiektuetarako 2026ko ekitaldirako laguntzen oinarri arautzaileak ezarri eta laguntzen deialdia egiten dituena. Estrategia horren kudeaketa Itsas Garapen Elkartea, arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeari (ATET) dagokio, arrantza-eremuen garapen jasangarrirako, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (EIAAF) esparruan.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 (EB) Erregelamenduak Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen ditu, baita funts horietarako eta honako hauetarako finantza-arauak ere: Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtsa, Barne Segurtasuneko Funtsa, eta Mugak eta Bisatuen Politika Kudeatzeko Laguntza Finantzariorako Tresna. Gainera, lurralde-garapena ezartzen du III. tituluko II. kapituluan.
Erregelamendu horretan ezarritakoaren arabera, partaidetzazko toki-garapena lurralde-garapeneko modalitate bat da. Eremu geografikoetan oinarritutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategien bidez gauzatuko da, eta tokiko interes sozioekonomiko publiko eta pribatuen ordezkariek osatutako tokiko ekintza-taldeek zuzenduko dute.
Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko uztailaren 7ko 2021/1139 (EB) Erregelamenduak, Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsa ezartzen duenak, 2017/1004 (EB) Erregelamendua aldatu eta partaidetzazko toki-garapena arautzen du 30. artikuluan. Hori funtsaren 3. lehentasunaren barnean jasotzen da: «kostaldeko, uharteetako eta barrualdeko eremuetan ekonomia urdin jasangarria ahalbidetzea, eta arrantza- eta akuikultura-komunitateen garapena sustatzea».
3. lehentasun hori 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren 5.1.e) artikuluan deskribatutako helburu politikoan sartzen da: «herritarrengandik hurbilago dagoen Europa bat, mota guztietako tokiko ekimen eta lurraldeen garapen integratu eta jasangarria sustatuz».
2021-2027 programazio-aldirako partaidetzazko toki-garapena 2021/1060 (EB) Erregelamenduko 31. artikulutik 34. artikulura xedatutakoaren arabera arautzen da, eta 2021/1139 (EB) Erregelamenduaren 29 eta 30. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Lurralde-garapeneko tresna horrek, argi utzi du, aurreko programazio-aldian, kostaldeko guneen garapena sustatzeko gai dela eta tokiko komunitateen garapen ekonomiko eta sozialaren erronka zehatzei erantzuteko gai dela. Arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeek lurraldearen eragile dinamizatzaile gisa jardun dute, arrantza-politika bateratuari, hazkunde urdinari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari lotutako ekimenak sustatuz, baita enplegua sortzeko eragile dinamizatzaile gisa ere.
Europako Itsas, Arrantza eta Akuikultura Funtsaren (EIAAF) esparruan, lehengo Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldeak (ATET) hautatu zituen eta partaidetzazko toki-garapenaren estrategiak (PTGE) onartu zituen 2023ko uztailaren 7ko Aginduaren bitartez (EHAA, 144. zenbakia, 2023ko uztailaren 31koa).
Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2023ko urriaren 6ko Ebazpenaren bitartez, partaidetzazko toki-garapeneko estrategia onartu zen eta Itsas Garapen Elkartea FLAG, arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldea izendatu zen estrategiaren kudeaketaren arduradun.
Aipatutako estrategiaren lurraldeko aplikazio-eremua osatzen dute Bermeo, Mundaka, Ondarroa, Getaria, Mutriku, Berriatua, Elantxobe, Orio, Hondarribia, Pasaia, Zumaia, Lekeitio, Lemoiz, Zierbena, Santurtzi eta Plentziako udalerriek, eta Donostiako arrantza-portuak.
2024ko urtarrilaren 1ean, aipatutako tokiko ekintza-taldeak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sail desagertuak dagokion hitzarmena sinatu zuten partaidetzazko toki-garapenaren estrategia inplementatzeko EIAAF 2021-2027 programaren esparruan.
Onartutako estrategia bat dator Europar Batasunak tokiko komunitateak bultzatzeko, Europako Itun Berdea eta ekonomia urdina sustatzeko dituen helburuekin. Ondorio horietarako, ekonomia urdina ozeanoekin, itsasoekin eta kostaldeekin lotutako jarduera ekonomikoen multzoa da, berrikuntza, hazkundea eta enplegua sortzen dutenak, eta, aldi berean, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen jasangarritasuna, klima-neutraltasuna eta itsas ekosistemen babesa bermatu.
Agindu honetako laguntzen kudeaketa Itsas Garapen Elkartea FLAG arrantza-sektoreko tokiko ekintza-taldearekin lankidetzan egingo da, eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren erakunde laguntzaile gisa jardungo du, sinatutako hitzarmenean ezarritako baldintzetan.
Laguntza horiek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026-2028ko ekitaldietako dirulaguntzen plan estrategikoan sartuta daude. 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Eusko Jaurlaritzaren web-orrian (www.euskadi.eus) argitaratu.
Laguntza horiek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026-2028ko ekitaldietako dirulaguntzen plan estrategikoan sartuta daude. 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartu zen eta Eusko Jaurlaritzaren web-orrian argitaratu. Deialdi honek planaren helburuak betetzen laguntzen du, partaidetzazko toki-garapenaren estrategia aplikatzen lagunduz, sektorearen eta arrantza-udalerrien dibertsifikazio ekonomikoa bultzatuz, enplegua sortuz eta ekonomia urdinari lotutako jarduerak sustatuz.
Era berean, deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak ezarritakoaren arabera.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako sailburuek, gobernukide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea, 2026ko ekitaldirako, partaidetzazko toki-garapeneko estrategiaren (PTGE) babeseko proiektuetarako laguntzen oinarri arautzaileak eta laguntzen deialdia. Estrategia hori Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2023ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez onartu zen, eta, haren bidez, partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak (PTGE) hautatu eta onartu ziren, eta Itsas Garapen Elkartea FLAG izendatu zen hori kudeatzeko arrantza-sektoreko tokiko ekintza-talde gisa. eranskin bezala erantsi dira oinarriak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Interesdunek, agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabete igaro baino lehen. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 15a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS