Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2026ko urriaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4331

94/2026 EBAZPENA, irailaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Herriko Notario Elkargo Txit Prestuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, higiezinen datuak tratatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Notario Elkargo Txit Prestuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, higiezinen datuak tratatzeko. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 30a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 30EKO 94/2026 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA EUSKAL HERRIKO NOTARIO ELKARGO TXIT PRESTUAREN ARTEAN, HIGIEZIN-DATUAK TRATATZEKO
BILDU DIRA:

Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Denis Itxaso González Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak ordezkatzen duena.

Eta, bestetik, Euskal Herriko Notario Elkargo Txit Prestua, Angel Félix Nanclares Valle dekanoak ordezkatzen duena.

AGERTU DIRA:

Lehenengoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua den aldetik, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua izendatzeko den lehendakariaren ekainaren 24ko 27/2024 Dekretuaren arabera, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeak ematen dizkion eskumenak erabiliz.

Eta, bigarrena, Euskal Herriko Notario Elkargo Txit Prestuko (aurrerantzean, Notario Elkargoa) dekanoa den aldetik, hura ordezkatuz eta haren Zuzendaritza Batzak 2025eko martxoaren 25ean hartu zuen erabakia betez. Izan ere, Notario Erregelamenduaren 314. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak baliatuz, dekanoa da elkargoa ordezkatzen duena.

Agertutako bi alderdiek lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– EAEko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 10. artikuluan ezartzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, lurralde historikoek eta lurralde-izaerako toki-entitateek izango dituzte, dagozkien organoen bitartez, etxebizitza-gaietako eskumenak eta ardurak, lege horretan eta aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– 10/2023 Legea, azaroaren 9koa, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzekoa, eta oraintsu onartutako dekretua, 2026ko Urteko Estatistika Programa onartzen duena. Gobernu Kontseiluak onartu zuen dekretu hori, 2026ko ekainaren 2ko bileran, eta laster argitaratuko da EHAAn.

Euskal Estatistika Planean eta Urteko Estatistika Programan sartzen diren hainbat eragiketa Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren ardurapekoak dira, hala nola eraikuntzari eta etxebizitzari buruzko estatistika, etxebizitzaren erabilerari buruzko inkesta, alokairu-merkatuaren estatistika, alokairuan bizi diren familiei buruzko inkesta eta higiezinen salerosketari buruzko estatistika. Eta Euskal Estatistika Erakundearen eragiketa batzuetan ere parte hartzen du sail horrek, hala nola eraikinen eta lokalen erroldan, biztanleriaren erroldan eta etxebizitzen erroldan.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Notario Elkargo Txit Prestua zuzenbide publikoko korporazio bat da, eta haren sorrera, izaera juridikoa, osaera eta eginkizunak zuzenean datoz aplikagarria zaion araudi sektorialetik; zehazki, Notario Erregelamendutik, zeinaren 314. artikuluak hau ezartzen baitu: «Notario-elkargoak zuzenbide publikoko korporazioak dira, legean babestuta daude, eta Estatuak aitortzen ditu. Nortasun juridiko propioa dute, eta beren helburuak betetzeko gaitasun osoa (...). Dekanoak ordezkatzen du elkargoa».

Notarioek, beren eginkizunak baliatuz, indizeak betetzen dituzte, baimendutako eta esku hartutako dokumentuetan oinarrituta. Indize horiek notario-elkargoen zuzendaritza-batzetara bidaltzen dira, eta zuzendaritza-batzek Notariotza Kontseilu Nagusira igortzen dituzte. Beraz, azken horrek, indizeak oinarri hartuta, notariotzako indize bakar informatizatua osatzen du, zeinaren titularra eta arduraduna baita, Notariotza Legearen 17. artikuluan eta Notario Erregelamenduaren 286. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Horregatik, aipatu indize bakar informatizatuan (IBI) notarioen banakako indizeak batzen dira, beste barik, administrazio publikoekin lankidetza egokia ezartzeko. Indizeak baliatzen dira, beraz, banakako notarioak era guztietako administrazio publikoekin lankidetzan aritzeko.

Hala, notario-araudian bertan jasotzen da beharrezkoa dela administrazio publikoei informazioa modu sistematikoan ematea, notariotzako indize bakar informatizatuaren bidez. Informazioa emateko betebehar hori, zehazki, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 142.b) artikuluan sar daiteke, administrazio-informazioko sistema integratuak sortu eta mantenduz gauzatutako lankidetza-teknikaren barruan.

Notarioen kolektiboak bere informazio-potentzial guztia erabili du indize hori eskaintzeko, zeinak, besteak beste, herrialdeko higiezinen arloko jardueraren erreferentzia orokor bat eskain baitezake. Horrek, egiaz, alderdi hauetako adierazleak laburbiltzen ditu: higiezinen arloko transakzioenak, haien hipoteka-finantzaketarenak, eta, aurrekoarekin batera, beste adierazle batzuk, eraikuntzaren eta higiezinen sektoreei dagozkienak.

Horregatik, IBIn sartutako datuak tresna lagungarria dira eremu publikoan edo pribatuan erabakiak hartzeko, higiezinei buruzko datuen bilketa sistematiko handia delako eta adierazle ugari dituelako.

Laugarrena.– Testuinguru horretan, Euskal Herriko Notario Elkargoak notariotzako tresna teknologikoak ditu eskura («Notariotzaren plataforma estatistikoa»), hots, Notariotzaren Kontseilu Orokorrak garatu dituenak, higiezinen arloko datuen prozesamenduari, haien analisiari eta higiezinen arloko analisietarako eta balorazioetarako tresna teknologikoen eraikuntzari dagokienez. Tresna horiek oso baliagarriak izan daitezke Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarentzat, higiezinen eremuan egin behar dituen estatistikak egiteko eta Euskal Estatistika Erakundeari dagozkion estatistiketan laguntzeko.

Bosgarrena.– Testuinguru honetan, Notariotzak eta Euskal Herriko Notario Elkargoak hitzarmen ugari sinatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin. Hitzarmen horietan, hainbat kooperazio mamitu dira arlo teknologikoan, eta bidezkotzat jo da Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak notariotzako plataforma estatistikoaren egungo aurrerapenak baliatzea kooperaziorako bide berri gisa, higiezinen notariotza-datu estatistikoak eskuratzeko.

Bi organismoei dagokien baterako jarduketa berresteko, aurreko apartatuari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Euskal Herriko Notario Elkargoak, elkarrenganako harremanetan, kooperazioan aritu behar dute, eta beharrezko laguntza eman, estatistikak egiteko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren higiezinen errealitatearen gaineko ezagutza hobetzeko zereginak efikaziaz bete daitezen.

Kooperazio hori gauzatzeko, notariotzaren plataforma estatistikoa eskura jarriko da, Euskal Herriko Notario Elkargoaren bidez, zertarako-eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari erraztasunak emateko Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan erregistratutako higiezin-transakzioei buruzko datuak tratatu ditzan, horretarako hitzarmen bat izenpetuz. Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izango du, eta urtez urte luzatu ahalko da, baldin eta alderdi izenpetzaileek hala adosten badute.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak hau ezartzen du hitzarmenen edukiei buruzko 49. artikuluan: aurreko artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren hitzarmenek barnean hartu beharko dituzte gai hauek, gutxienez:

a) Zein diren hitzarmena sinatzen duten subjektuak, eta alderdietako bakoitzak zein gaitasun juridikorekin jarduten duen.

b) Zein eskumenetan oinarritzen den administrazio publikoaren, administrazioari lotuta edo haren mende dauden organismo publiko eta zuzenbide publikoko entitateen, edo unibertsitate publikoen jarduketa.

c) Zein den hitzarmenaren xedea, eta subjektu bakoitzak zein jarduketa egingo dituen hura betetzeko; hala badagokio, lortutako emaitzen titularra zein den adieraziko da.

d) Zein diren alderdietako bakoitzak bere gain hartutako betebehar eta konpromiso ekonomikoak, halakorik badago; haien urtekako denbora-banaketa adierazi beharko da, bai eta dagokion aurrekontuari zehazki egotziko zaiona ere, aurrekontu-legeriak xedatu duenaren arabera.

e) Zein ondorio aplika daitezkeen alderdiek hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez direnean, eta, hala badagokio, zein irizpide jarraituko den ez betetzeagatik egon daitezkeen kalte-ordainak zehazteko.

f) Zein mekanismo dauden hitzarmena eta izenpetzaileek hartutako konpromisoak betetzen ote diren jarraipena egiteko, kontrolatzeko eta zaintzeko. Mekanismo honek ebatziko ditu hitzarmenak interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen arazoak.

g) Zein den hitzarmena aldatzeko araubidea. Erregulazio espresurik ez badago, hitzarmenaren edukia aldatzeko, izenpetzaileek aho batez onartu beharko dute.

h) Zein den hitzarmenaren indarraldia, arau hauek aintzat hartuta:

i) Hitzarmenek iraupen jakin bat izan behar dute, gehienez ere lau urtekoa, salbu eta arau bidez epe luzeagoa aurreikusten bada.

ii) Aurreko apartatuan aipatutako epea amaitu aurreko edozein unetan, hitzarmenaren izenpetzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

Egin beharreko lankidetzen izaera dela-eta, hitzarmen bat sinatu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Herriko Notario Elkargoaren artean.

Azaldutako guztia dela-eta, alderdiek interesa dute hitzarmen hau erregulatu eta izenpetzeko, klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Euskal Herriko Notario Elkargoaren arteko kooperazio-mekanismoak ezartzea, EAEko higiezinen arloko estatistikak egiteko eta higiezinen errealitatea hobeto ezagutzeko.

Kooperazio horri esker, notariotzaren plataforma estatistikoa eskura jarriko da, eta plataforma horrek Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari lagunduko dio Euskal Autonomia Erkidegoan anonimo bihurtuta (dagokion bezala) erregistratzen diren higiezinen arloko transakzioei buruzko datuen tratamendua egiten.

Bigarrena.– Euskal Herriko Notario Elkargoaren konpromisoak.

Notario Elkargoak jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

– Notariotzaren plataforma estatistikoaren informazioa eskura jartzea, higiezinen merkatuko aldagai garrantzitsuenen portaera behar bezala ikusi ahal izateko eta informazioa geografikoki atera ahal izateko, EAEren, lurralde historikoen, udalerrien edo eskala txikiagoen arabera. Eremu geografiko txikienetan eta/edo higiezinen jarduera urria dutenetan bakarrik izango da mugatua emaitzen adierazgarritasuna.

– Plataforma estatistikoa mantendu eta eguneratzea, «business intelligence» tresnaren bidez edo antzeko beste merkataritza-tresna estandar batzuen bidez, egungoak edo etorkizunekoak, identifikatutako eremu geografikoetako higiezinen merkatuko aldagaiak barne hartuz. Aldagai horiekin batera, higiezinen merkatuan eragina duen informazio sozioekonomikoa eman ahal izango da, eta lurraldearen arabera banatuta egongo da, higiezinen arlokoaren modu berean.

– Aipatutako plataforma estatistikoan sartu beharreko edukia hitzarmen honen I. eranskinean zehaztutakora egokituko da.

– Zenbait formatutako fitxategi digitalak entregatzea, egungo edo/eta etorkizuneko merkataritza-tresna estandarrekin exekutatu, bistaratu eta kudeatu ahal izateko.

– Datuak hilean behin eguneratzea, eta argitaratutako azken hiruhilekora arteko serie historiko osoa izatea.

– Hiru hilean behin txosten bat ematea, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak kanpoan zabaldu dezan.

– Sortutako plataforma guztien erabilera-eskuliburuak ematea.

Hirugarrena.– Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren konpromisoak.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak jarduketa hauek egiteko konpromisoa hartzen du:

– Notariotzako informazioa eskuratu, jaso eta gainbegiratzea bere estatistika-organo espezifikoaren bidez, eta informazio hori estatistika-sekretuaren betebeharrari atxikitzea, indarrean dauden lege eta arauetan ezarritakoaren arabera. Hala, datuak, emaitzak eta analisiak modu agregatuan zabalduko direla ziurtatuko da.

– Behar diren tratamendu analitikoak egitea, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak erabakitzen dituen hedapen publikorako formatu normalizatuak egiten laguntzeko.

– Iturri gisa aipatzea, Notariotzaren Kontseilu Orokorraren notariotzaren argitalpen edo estatistiken erreferentzia metodologikoetan, datuak eskuratu eta prozesatzeko arduradun gisa. Era berean, emandako informazioa ez da erabiliko emaitzen analisi estatistikoa ez den beste ezertarako.

Laugarrena.– Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren konpromiso ekonomikoa.

Notario Elkargoak hitzarmen honetan jasotzen diren jarduketak egin ahal izateko, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak diru-kopuru bat ordainduko dio elkargoari: 65.000 euro gehi BEZa, honela banatuta:

– Zenbatekoa: 78.650 euro, BEZa barne (% 21). 19.662,50 euro hiruhilekoan, BEZa barne (% 21).

– 2026ko ekitaldia: hiruhileko 1. 19.662,50, BEZa barne.

– 2027. ekitaldia: 3 hiruhileko. 58.987,50, BEZa barne.

Zenbateko hori hiruhilekoka ordainduko da, dokumentazio hau aurkeztu ondoren:

– I. eranskinean zehaztutako emaitzen hiruhilekoko eguneratzeak.

– Hiru hilean behingo txostenak, barne direla plataformako eduki garrantzitsuenak eta komunikabideei aurkezteko materiala; aurrez aurreko laguntza ere jasoko da, beharrezkotzat jotzen bada. Txosten horren euskarazko itzulpena barne hartzen du.

Diru-ekarpen horiek egiteko, beharrezkoa izango da hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean aurrekontu-kreditu egokia eta nahikoa izatea.

Bosgarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Hitzarmen honen xede den datu pertsonalen tratamenduak araudi hau bete beharko du: batetik, (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datu Babesaren Erregelamendu Orokorra), eta, bestetik, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Xedapen horiei jarraituz, alderdiek espresuki adierazten dute haietako bakoitza datu pertsonalen tratamendu-arduraduna dela, bere eskumenen arabera, eta haietako bat ere ez dela tratamendu-eragiletzat jotzen.

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak hitzarmen honen bidez eskuratzen dituen datu pertsonalak, gainera, sekretu estatistikoaren betebeharrak babesten ditu, Estatistikako Funtzio Publikoaren maiatzaren 9ko 12/1989 Legean eta Euskadiko Autonomia Elkartearen Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Datu horiek «Ikerketa estatistikoak eta inkestak» izeneko tratamendu-jardueraren parte izango dira (ID 385).

Seigarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea adostu dute, eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria edo hark eskuordetzen duena izango da burua.

Jarraipen Batzordeak kide hauek izango ditu: bi kide, Notario Elkargoaren ordezkari gisa, organismo horrek izendatuak, eta bi kide, profil teknikokoak, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren eta Sailaren Estatistika Organo Espezifikoaren ordezkari gisa, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariak izendatuak.

Jarraipen Batzordeak jarduketa hauek egingo ditu:

– Lankidetza-jarduketa eta -ekintzen emaitza baloratu.

– Hitzarmenean ezarritako konpromisoak betetzen direla zaindu eta konpromiso horiek betetzeko neurriak proposatu.

– Hitzarmenaren gauzatzea eta garapena interpretatu eta ebatzi, bai eta sortu daitezkeen desadostasunak ere.

– Alderdiei hitzarmenaren luzapen posibleari eta egin beharreko aldaketen irismenari buruzko proposamen bat egin, hauek baloratu, eta, halakorik bada, kostu-handitzea zehaztu.

– Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da, eta hitzarmenean jasotako jarduketak behar bezala egiteko beharrezkoa den guztietan.

Zazpigarrena.– Alderdiek hartutako konpromisoak ez betetzea.

Alderdietako batek betetzen ez baditu hitzarmen honetan beren gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak, urratzea eragin duen alderdiren betebeharra izango da kalte eta galera guztien ordaina ematea.

Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Bi alderdiek etengabe hobetu nahi dituzte lortutako informazioaren kalitatea, analisia, zabalkunde publikoko plataformak eta zerbitzu eratorrien multzoa –sektoreko ekonomia- eta gizarte-eragileentzat eta publiko orokorrarentzat balio erantsi handikoak–. Hori dela eta, hitzarmen hau etengabe hobetzeko prozesu baten mende dago. Prozesu hori Jarraipen Batzordean zehaztu, ebaluatu eta adostuko da, eta, beharrezkoa bada, dagozkion egokitzapenak egingo dira.

Bederatzigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honek urtebeteko indarraldia izango du, azkenengoz izenpetzen denetik aurrera, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa badago. Indarraldia amaitu aurreko edozein unetan, higiezinen sektoreari buruzko estatistika-eragiketak euskal estatistika-planetan eta urteko estatistika-programetan mantentzen badira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa badago, hitzarmena izenpetzen duten alderdiek espresuki adostu ahal izango dute hitzarmena urtez urte luzatzea, eta laugarren klausulan adierazitako zenbatekoa igarotako urteko KPI orokorraren arabera soilik eguneratzea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan aurreikusitako mugaren barruan.

Hamargarrena.– Hitzarmena azkentzea.

Kasu hauetan azkenduko da hitzarmen hau indarraldia amaitu baino lehen:

– Alderdiek hala erabakitzen badute.

– Izenpetzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu.

– Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, laugarren klausulan adostutako zenbatekoak ordaintzeko aurrekontu-kreditu egoki eta nahikorik ez badago.

– Era berean, indarrean dagoen legeriak jasotzen duen suntsiarazteko beste edozein arrazoik ere eragingo du hitzarmena suntsiaraztea, beraren izaerarekin lotuta badago.

Hamaikagarrena.– Izaera juridikoa.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta bertan jasotako klausulei jarraikiz arautuko da, eta, bestela, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean erregulatutakoari jarraikiz.

Hitzarmenaren interpretazioari eta aplikazioari buruzko desadostasunak sortzen badira eta ezin badira Jarraipen Batzordean ebatzi, alderdiek EAEko administrazioarekiko auzien jurisdikzioko auzitegien mende jartzea adostu dute, eta uko egingo diote legokiekeen beste edozein foruri.

Eta hala jasota egon dadin, eta adierazitakoarekin ados daudela adierazteko, hitzarmen hau izenpetu dute, alderdi esku-hartzaileen izenpe elektronikoetatik azkenaren datan,

Egoitza elektronikoa, 2026ko irailaren 28a.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.

Euskal Herriko Notario Elkargoko dekanoa,

ANGEL FÉLIX NANCLARES VALLE.

ERANSKINA
EDUKIA.

Plataforma estatistikoan emango den informazioaren egitura.

Eremu geografikoak.

EAE.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa.

Bilbao, Donostia, Vitoria-Gasteiz.

Banaketa geografiko hauen arabera: EAEko udalerriak, udal-barrutiak (udala) / errolda atalak / beste edozein.

Ondasun higiezin mota.

Etxebizitza.

Garajeak.

Trastelekuak.

Merkataritza-lokalak.

Industria-pabiloiak.

Aldagaiak.

Salerosketaren prezioa.

m2-ko prezioa.

Salerosketa kopurua.

Interesgarritzat jotzen diren beste aldagai erabilgarri batzuk.

Banakatzeko aldagaiak eta bigarren mailakoak.

Etxebizitza: pisua, familia bakarreko etxebizitza.

Etxebizitza: berria eta erabilia.

Pisuen azalera, aintzat hartutako edozein banakapenetan.

Aldagaien denboraldia.

EAE, lurralde historikoak eta hiriburuak:

– Salerosketa kopurua: 2024tik aurrera.

– m2-ko prezioa: 2024ko 4. hiruhilekotik aurrera.

– Salerosketaren prezioa: 2024ko 4. hiruhilekotik aurrera.

Udal-banakapenak: 2024ko 1. hiruhilekotik aurrera.

Hilean behingo eguneratzeak, historikoa kargatzetik abiatuta.

Merkatuaren arabera segmentatutako aldagaiak (finka mota).

– EAEko, lurralde historikoetako eta hiriburuetako banakapen geografikoaren arabera:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

– Banaketa geografiko hauen arabera: EAEko udalerriak / errolda atalak / beste edozein.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala