
198. zk., 2026ko urriaren 16a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (105 KB - 3 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4329
92/2026 EBAZPENA, irailaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Errenteriako Udalarekin 2022ko urriaren 3an sinatutako hitzarmenaren luzapena, Errenteriako udal mugarteko «Esnabide» 32. sektorean gizarte-babeseko etxebizitzen sustapena ahalbidetzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmenaren luzapena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Errenteriako Udalarekin 2022ko urriaren 3an sinatutako hitzarmenaren luzapena, Errenteriako udal mugarteko «Esnabide» 32. sektorean gizarte-babeseko etxebizitzen sustapena ahalbidetzekoa. Hitzarmen luzapen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 29a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 29KO 92/2026 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAK ETA ERRENTERIAKO UDALAK 2022AN SINATUTAKO HITZARMENA LUZATZEA, ERRENTERIAKO UDAL-MUGARTEKO 32 SEKTOREAN («ESNABIDE») BABES SOZIALEKO ETXEBIZITZAK SUSTATZEKO
Sinatzaile bakoitzaren lekuan eta egunean,
HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Denis Itxaso Gonzalez jauna, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua.
Eta, bestetik, Aizpea Otaegi Mitxelena andrea, Errenteriako Udaleko alkate-udalburua.
HONELA AGERTU DIRA:
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu gisa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra ordezkatuz, Gobernu Kontseiluak 2026ko irailaren 15ean egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.
Eta, bigarrena, Errenteriako Udaleko alkate-udalburu gisa eta hura ordezkatuz, toki-korporazio horrek 2026ko irailaren 3an egindako osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.
Bi alderdiek luzapen-erabaki hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa aitortzen diote elkarri, eta
HAU ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Errenteriako Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2022ko urriaren 3an, Errenteriako udal-mugarteko 32 sektorean («Esnabide») babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko.
Bigarrena.– 2022an sinatutako hitzarmena 2026ko urriaren 3an iraungiko da, eta ez dago astirik egitekoak ziren ekintzak ordurako egiteko. Horregatik, beharrezkoa da hitzarmenaren luzapena izapidetzea, administrazio biek hartutako konpromisoak beteko direla bermatzeko.
Hirugarrena.– Hitzarmenak, zazpigarren klausularen arabera, 4 urteko indarraldia zuen, sinatu zen momentutik hasita. Baina klausula horrek hau ere esaten du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa) 49.h) 2 artikuluan xedatutakoarekin bat: aurreikusitako epe hori amaitu aurreko edozein momentutan hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dutela hura beste lau urtez luzatzea edo hura iraungitzea.
Laugarrena.– Alderdiak pozik daude orain arte izan duten elkarlanarekin eta koordinazioarekin, eta, horri eusteko asmoz, eta jarduketen eta etxebizitza egoki bat legez okupatzeko eskubidea gauzatzeko eraginkortasunaren arteko koherentzia gordetzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza-politika gidatzen duten eta hitzarmenean aipatzen diren gainerako printzipioak betetzen jarraitzeko, bi alderdiek beharrezko ikusten dute 2022ko urriaren 3an sinatutako hitzarmena luzatzea, hartan jaso ziren helburu guztiak bete ahal izateko.
Orain arte adierazitakoa aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Errenteriako Udalak
HAU ERABAKITZEN DUTE:
Artikulu bakarra.– Lau urtez luzatzea (2030eko urriaren 3ra arte) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko garai hartako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Errenteriako Udalak sinatutako hitzarmena, Errenteriako udal-mugarteko 32 sektorean («Esnabide») babes sozialeko etxebizitzak sustatzeko.
Ados daudela adierazteko, eta dagozkion ondorioak izan ditzan, alderdiek luzapen-erabaki hau sinatzen dute.
Egoitza elektronikoa, 2026ko irailaren 24a.
Errenteriako Udaleko alkate-udalburua,
AIZPEA OTAEGI MITXELENA.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS