Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2026ko urriaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
4328

AGINDUA, 2026ko irailaren 24koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita San Martin Zentro Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2026ko uztailaren 28an, «San Martin Zentro Fundazioa» izeneko fundazioak bere estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko aurkeztutako eskabidea sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailean.

Bigarrena.– Aldaketa-erabakia fundazioaren patronatuak 2026ko ekainaren 29an egindako bilkuran hartu zuen, eta 2026ko uztailaren 23an eskritura publikoan egiletsi zen Martín Gabarain Astorqui notarioaren aurrean, haren protokoloko 1509 zenbakiarekin.

Hirugarrena.– Patronatuaren bilera deitu zen, Fundazioaren Estatutuak aldatzea erabakitzeko, San Martin Zentro Fundazioak eta José Matía Calvo Fundazioak sinatutako lankidetza-hitzarmena onartzearen ondorioz. Hitzarmen horren xedea da bi erakundeen arteko lankidetza-esparru berri bat eta Fundazioaren gobernu-egitura berri bat ezartzea.

Aipatutako lankidetza-hitzarmenean hartutako konpromisoak betearazteko, beharrezkoa da San Martin Zentro Fundazioaren fundazio-estatutuetako 8.1, 8.3, 12, 14.3, 21.2, 22, 26.4 eta 37.2 artikuluak aldatzea, bai eta 26 bis artikulu berri bat txertatzea ere.

Aldatutako artikuluek, besteak beste, honako alderdi hauek arautzen dituzte:

– Patronatuaren osaera berria eta Jose Matia Calvo Fundazioak haren kideak izendatzeko eta kargutik kentzeko sistema.

– Patronatuko kideen agintaldiaren iraupena eta hutsik geratzen diren karguak betetzeko araubidea.

– Fundazioaren eta Azpeitiko Udalaren ordezkaritza izango duten Aholku Batzorde bat eta Jarraipen Batzorde bat sortzea.

– Zenbait erabaki hartzeko araubidea, Estatutuetan aurreikusitako kasuetan Azpeitiko Udaleko Alkatetzaren berrespena beharrezkoa izango dela ezarrita.

– Fundazioa likidatzearen ondoriozko ondarea zertarako erabiliko den.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.

Bigarrena.– Espedienteari funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Fundazioaren estatutuen testu bategina, 2026ko uztailaren 23an protokolizatzeko eskriturarekin batera aurkeztutakoa (1509 protokolo-zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak kontuan hartu beharreko azken bertsio balioduna izango da inskribatzeko ondorioetarako.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– San Martin Zentro Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Martín Gabarain Astorqui notarioaren aurrean 2026ko uztailaren 23an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 1509).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Hirugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 24a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala