Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2026ko urriaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4315

EBAZPENA, 2026ko irailaren 29koa, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren zuzendariarena, aisialdirako ontziak gobernatzeko tituluak eskuratzeko 2027ko azterketa arruntetarako deialdia egiteko dena.

Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 11ko 438/2024 Dekretuaren 15.1.ñ) artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DU:

Ondoren adierazten diren tituluak lortzeko, 2027an egin beharreko azterketa teoriko eta praktikoetarako deialdiak egitea:

– Azterketa teorikoak:

• 1. deialdia, 2027ko martxoaren 1etik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisialdirako ontzietako patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

• 2. deialdia, 2027ko maiatzaren 31tik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisialdirako ontzietako patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

• 3. deialdia, 2027ko azaroaren 1etik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisialdirako ontzietako patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

– Azterketa praktikoa:

• Deialdi bakarra, 2027ko ekainaren 21etik aurrera, honako titulu hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisialdirako ontzietako patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

Azterketen data zehatzak Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren web orrian iragarriko dira (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/itsasertzaren-garapena-portuak-itsas-gaiak/) azterketak baino astebete lehenago.

Deialdiak honako hauen arabera egingo dira:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– 1.– Honelaxe egingo dira azterketak:

a) Azterketa teorikoen lehen eta hirugarren deialdiak Irungo (Gipuzkoa) FICOBA Gipuzkoako erakustazokan egingo dira soilik. Azterketa egingo duen zentroa Pasai San Pedroko (Gipuzkoa) CIFP Blas de Lezo LHII izango da.

b) Azterketa teorikoen bigarren deialdia Barakaldoko (Bizkaia) Bilbao Exhibition Centre (BEC) aretoan egingo da. Azterketa Bilboko Ingeniaritza Eskolak egingo du (Portugalete-Bizkaia).

Nolanahi ere, azterketa guztiak horretarako eratutako epaimahai batek ebaluatuko ditu. Epaimahaia eratzeko, kontuan hartu behar dira ebazpen honen bigarren oinarriak xedatutakoa eta otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak zerbitzuko arrazoiak direla-eta eman beharreko kalte-ordainei buruz xedatutakoa.

2.– Azterketak indarrean dauden programei lotuko zaizkie, alorreko arauekin bat etorriz.

3.– Titulu bakoitzerako azterketa praktikoak hainbat zati izango ditu: nabigazioaren praktika eta segurtasunaren praktika, irrati-komunikazioak, bela praktikak.

4.– Eskabideak era presentzialean edo Interneten bidez egin beharko dira, urrats hauek betez:

a) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren web orrian sartu, eskabidearen atalean, edo zuzenean honako helbidean:

http://www.euskadi.eus/

b) Dagokion eskabide-inprimakia bete.

c) Azterketari dagokion tasa online eran ordaindu; ez dira inskribatutzat joko izena emateko epea amaitu baino lehen tasa ordaindu ez dutenak.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak adierazten du datu pertsonalak tratatu eta dagokion tratamendu-jardueran sartuko dituela. Halaber, Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Eskabidea formalizatu ondoren, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, bizileku-txartela edo indarrean dagoen pasaportea, eta, eskatzailea adingabea bada (16 urteak beteta izanik, betiere), gurasoetako baten edo tutorearen baimena aurkeztu beharko du, idatziz.

– Aisialdirako ontzietako patroiaren titulua edo titulu horren eskabidearen frogagiria, Yateko patroia izateko azterketara aurkezteko.

– Yateko patroiaren titulua edo titulu horren eskabidearen frogagiria, Yateko kapitaina izateko azterketara aurkezteko.

– Eskabidea ordezkaritza bidez egiten bada, ordezkaritza hori egiaztatzen duen agiria, eredu ofizialaren arabera: Borondatezko Lege Ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus

5.– Halaber, hautagaiek dokumentu, material eta tresna hauek eraman beharko dituzte azterketa teorikoetara, aurkezten diren azterketaren arabera:

– Oinarrizko nabigazioko patroia: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo indarrean dagoen pasaportea, eta boligrafoa.

– Aisialdirako ontzietako patroia: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo indarrean dagoen pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-karta erabiltzeko beharrezkoa den materiala.

– Yateko patroia: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo indarrean dagoen pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-karta erabiltzeko beharrezkoa den materiala.

– Yateko kapitaina: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo indarrean dagoen pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-kalkuluak egiteko beharrezkoa den materiala (2027ko almanaka nautikoa barne); ez da onartuko programatutako kalkulagailurik. Halaber, ingeleseko azterketan ezin izango da hiztegirik erabili.

6.– Eskabideak honako epe hauetan aurkeztuko dira:

– Azterketa teorikoak:

• 1. deialdia, 2027ko martxokoa: 2027ko urtarrilaren 25etik otsailaren 12ra arte.

• 2. deialdia, 2027ko ekainekoa: 2027ko apirilaren 26tik maiatzaren 14ra arte.

• 3. deialdia, 2027ko azarokoa: 2027ko irailaren 20tik urriaren 8ra arte.

– Azterketa praktikoa:

• Deialdi bakarra, 2027ko ekainekoa: matrikula-eskaera aurkezteko epea 2027ko ekainaren 7tik 11ra artekoa izango da.

7.– Azterketetan parte hartzeko dokumentazioa administrazio-bulego hauetan aurkeztu ahal izango da:

a) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila (Eusko Jaurlaritza, Donostia-San Sebastian kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

b) Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzako bulegoan (Eusko Jaurlaritza, Elkano kalea 3, Bilbo).

8.– Online egindako eskabideak deialdi bakarrerako izango du balioa. Geroagoko deialdi batean parte hartzeko, ezinbestekoa da beste eskabide bat egitea online, lehenengo oinarriko 4. puntuan aipatutako dokumentazioarekin batera.

9.– Izena emateko epea amaitu ondoren, onartuen zerrenda argitaratuko da eta erreklamazioak egiteko 5 eguneko epea irekiko da, zerrenda argitaratzen denetik kontatzen hasita.

10.– Azterketara aurkeztu ezean, matrikula ezin izango da hurrengo deialdi baterako aldatu, ezta azterketako eskubideak itzuli ere, tartean oso arrazoi larriak eta epaimahaiaren aurrean behar bezala justifikatutakoak ez badira behintzat.

Bigarrena.– Azterketak baloratuko dituzten epaimahaiak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren zuzendariak izendatuko ditu.

Hirugarrena.– Epaimahaiburuek ikastetxe aztertzaile bakoitzeko iragarki-taulan argitaratuko dituzte deialdiei eta titulazioei dagozkien azterketen datak, deialdi honetan aurreikusitako epeen barruan eta lehenengo oinarrian xedatutakoari kalterik egin gabe. Era berean, eta behar besteko aurrerapenarekin, ikastetxe bakoitzeko iragarki-taulan argitaratuko dituzte titulazio bakoitzari dagozkion azterketen orduak, epaimahai aztertzaileen osaera eta onartutako eta baztertutako pertsonen zerrendak.

Laugarrena.– Azterketak amaitutakoan, ikastetxe aztertzaile bakoitzeko iragarki-taulan erakutsiko dira lortutako kalifikazioen zerrendak. Halaber, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren web-orrian kontsultatu ahal izango dira:

https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/desarrollo-litoral-puertos-asuntos-maritimos/

Hautagaiek, hala badagokio, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahai bakoitzeko lehendakariari, 5 eguneko epean, aipatutako zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioek behar bezala arrazoituta egon beharko dute, NANaren fotokopiarekin batera, eta Epaimahaiaren Idazkaritzara bidali beharko dira, datu pertsonalak, helbidea eta posta-kodea adierazita, idatziz erantzun ahal izateko.

Azterketak 2 urtez gordeko dira, kalifikazioak irmo bihurtzen diren unetik aurrera. Salbuespenez, berrikusi diren azterketak 3 urtez gordeko dira.

Bosgarrena.– Deialdi hau eta honen ondoriozko administrazio-egintza guztiak aurkaratu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako modu eta kasuetan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 29a.

Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren zuzendaria,

KOLDOBIKA GOITIA MARKUERKIAGA.


Azterketa dokumentala