Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2026ko urriaren 15a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4311

AGINDUA, 2026ko abuztuaren 31koa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez baimendu egiten baita, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.7 artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak, osotara, Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokor guztian betetzea etxebizitzak transferituz.

Ikusi dugu Hondarribiko Udalak baimena eskatu duela babes publikoko bizitegitarako legez aurreikusita dagoen eraikigarritasuna udaleko eremu bat baino gehiagoren artean banatzeko; izan ere, eremu batzuetan estandarra mehetu egin bada ere, ordainetan, beste batzuetan areagotu egin da, eta zehatz-mehatz dago zehazturik non.

EGITATEAK

2026ko maiatzaren 11n, Hondarribiko Udalaren eskaera bat sartu zen. Eskaera horren bidez, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.7 artikuluan aurreikusitako baimena eskatzen zen, babes publikoko etxebizitzen estandarra Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko hainbat eremuren artean transferitzeko.

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz, Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena hasiera batean 2023ko maiatzaren 11n onartu zen, eta 2023ko maiatzaren 23an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. 2025eko ekainaren 19an onartu zen behin-behinean, eta 2025eko ekainaren 30ean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

Ondoren, 2026ko martxoaren 11n egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak hari buruzko txostena egin zuen, eta zenbait zuzenketa eskatu zituen, behin betiko onartu aurretik.

Lurralde Antolamendu eta Plangintza Zerbitzuak 2026ko uztailaren 14an aztertu ditu zuzenketa horiek, eta ez dute ondoriorik babes publikoko etxebizitzen estandarra betetzeari dagokionez.

2026ko abuztuaren 17an, Hondarribiko Udalaren beste eskaera bat sartu zen, zuzendu beharreko datuak eta azalpenak zuzendu ondoren. Atzera, baimena eskatzen zuen Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko eremu batzuen artean etxebizitzak transferituz bete ahal izateko, orotara, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak.

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Sail honek badu eskumena aztergai dugun espedientea ebazteko, hala baitago xedaturik Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeko 80.7 artikuluan eta Hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuko 11.1 artikuluan eta 18.3 artikuluan. Araubide horren arabera eratzen da Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspenean aurreikusitako transferentzia, betiere Hirigintzako estandarrak arautzen dituen Dekretuko xedapen iragankorrarekin bat (45/2025 Dekretua, otsailaren 18koa).

2.– Eskatu dutena da babes publikoko etxebizitzetarako lurzoruaren estandarra udalerri osoan konpentsatzea.

Lurraldearen okupazioa eta hiriaren funtzionaltasuna arrazoi-legez antolatu behar direla-eta, baldintza bat jarri dugu, derrigor bete beharrekoa: Tudelenea – Botika eraikitzeko prozesua hasi baino lehen, baldintza gisa, Presan eta Muliaten egitekoak diren BPE jarduketa guztiak exekutaturik behar dute egon -horra transferitzen baitira Lurzoru Urbanizagarriaren defizitak-, ziurtatuz, horrela, babes publikoko etxebizitzak aldez aurretik egikarituko direla.

3.– Hondarribiko Udalak egindako eskaera organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek aztertu dute. Hala, 2/2006 Legeak dionez, bizitegitarako hiri-lurzoruan, 2.322,90 m2 (s), gutxienez, babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzak eraikitzeko gorde behar dira: 1.161,45 m2 (s), gutxienez, babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko; eta, gainerakoan, 2.322,90 m2 (s)-ra iritsi arte, etxebizitza tasatuak. Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak 8.353 m2 (s) antolatzen ditu babes sozialeko etxebizitzatarako moduan, eta 2.906 m2 (s), berriz, etxebizitza tasatutarako gisan.

Era berean, lurzoru urbanizagarri sektorizatuaren kasuan, gutxieneko estandarrak honako hauek dira: 76.535,45 m2 (s) babes publikoko araubideren baten mendeko etxebizitzetarako; hots, 56.125,99 m2 (s), gutxienez, babes sozialeko etxebizitzetarako, eta gainerakoa, 76.535,45 m2 (s)ra iritsi arte, etxebizitza tasatuetarako. Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak 54.501 m2 (s) antolatzen ditu babes sozialeko etxebizitzatarako moduan, eta 19.016 m2 (s), berriz, etxebizitza tasatutarako gisan.

Ikusi dugu zer jartzen duen Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legean (2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa); Hirigintzako estandarrei buruzko 123/2012 Dekretuan (uztailaren 3koa), eta Euskadiko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenean, eta

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ados egonik Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean eta Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko zehaztapenetan ezarritakoarekin, baimena ematea lege horretako 80.7 artikuluan aurreikusitako etxebizitza-transferentzia egiteko.

Agindu honetako eranskinean dago jasota Hondarribiko udalerriko eremu bakoitzean zenbateko erreserba egin behar den babes sozialeko etxebizitzatarako eta zenbatekoa, berriz, erregimen tasatuko etxebizitzatarako.

Bigarrena.– Baimena, baldintza baten pean ematen dugu: Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren testuan sartzea espedientea bete izanaren justifikazioa, 2/2006 Legearen 80.7 artikuluaren eta 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluaren arabera, araubide horren arabera eratu baitzen HAPOn aurreikusitako transferentzia.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko apartatuetan ezarritako baldintzetan ematen da. Hortaz, behin betiko onarpena emateko orduan baldintza horiek aldatu egiten badira eta horrek, gero, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak osotara betetzeko orduan eragina duten eremuetako edozein aldatzea badakar (hartzaileak eta igorleak), baimenak ez du baliorik izango.

Laugarrena.– Agindu hau Hondarribiko Udalari jakinaraztea.

Agindu hau behin betikoa da eta administrazio bidea bertan amaitzen du. Nahi izanez gero, interesatuak Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa aurkez dezake Euskadiko Justiziako Auzitegi Nagusiak duen Administrazioarekiko Auzietako Salan, erabaki hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Edonola ere, aurretiaz Berraztertzeko Hautazko Errekurtsoa ere aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, agindua argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Hori eginez gero, ezingo da administrazioarekiko auzi errekurtsorik aurkeztu harik eta berraztertzekoaren berariazko ebazpena eman edo ustezko ezespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 31.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,

DENIS ITXASO GONZÁLEZ.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala