
197. zk., 2026ko urriaren 15a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (401 KB - 12 orri.)
- EPUB (297 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4309
EBAZPENA, 2026ko irailaren 15ekoa, Kulturako sailburuordearena. Horren bidez, hasiera ematen zaio Ordiziako (Gipuzkoa) Etxezarreta Kaleko 9. zenbakian dagoen «Herri Antzokia» izeneko eraikina babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, Monumentuaren kategorian, eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Hartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, haren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzeko.
Etxezarreta Kaleko 9. zenbakiko «Herri Antzokia» eraikinak dituen balio kulturalak ikusita, eta kontuan harturik EAEko Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ordiziako (Gipuzkoa) Etxezarreta kaleko 9. zenbakiko «Herri Antzokia» eraikina, Monumentu kategoriako babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko espedientea hastea, kontuan izanik ebazpen honen I. eranskinean egiten den mugaketa, II. eranskineko deskribapena eta III. eranskinean jasotzen den berariazko babes araubidea.
Espediente hau hastearekin berarekin batera, aplikatuko zaizkio ondasunari behin-behineko babes-araubide partikularra eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legeak babes bereziko ondasunetarako aurreikusten dituen araubide erkide eta espezifikoa ere.
Bigarrena.– Ordiziako (Gipuzkoa) Etxezarreta kaleko 9. zenbakiko «Herri Antzokia» Monumentu kategoriako babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko abiatu den espedientea jendaurrean jartzeko epea hastea, izapide horretarako oinarritzat hartuta I. eranskineko mugaketa eta II. eranskineko deskribapena eta III. eranskinean jasotzen den berariazko babes araubidea ezarriz.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkezteko, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 82. eta 83. artikuluetan xedatutakoari jarraituz. Espedientea aztergai egongo da Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroan (Donostia-San Sebastián Kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Jakinaraztea Ordiziako Udalari eta G Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroleko eta Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketako sailei prozedura hau irekitzearekin batera etenik geratzen direla, ondasun higiezinei dagokienez, gune babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko eta eraisteko lizentzia-emateak, etenik geratzen diren bezala dagoeneko emanda dauden lizentzien ondorioak ere, babes-araubidean ezarrita dagoen eran.
Ezinbesteko arrazoiak direla-eta obra atzeraezinen bat egin behar bada finkan, derrigorrekoa izango da horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eskuratzea.
Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.
Bosgarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Ordiziako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroleko eta Mugikortasuna, Turismoa eta Lurralde Antolaketako sailei, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari eta Fermin Suquia Goicoecheari.
Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, herritarrek haren berri izan dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 15a.
Kulturako sailburuordea,
ANDONI ITURBE AMOREBIETA.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
Mugaketak barne hartzen ditu, alde batetik, Herri Antzokia eraikina, eta bestetik, albo-fatxadaren ondoko kanpo-eskailerak. Mugatutako eremua osatzen dute, beraz, eraikinaren perimetro osoak eta eskailerek aldamenean eratzen duten guneak, bi elementu horiek multzo bat-bera osatzen baitute funtzionaltasunaren, ikusmenaren zein ingurumenaren ikuspegitik.
Horrelako proposamena egiten da beharrezkoa delako Ordiziako Herri Antzokia eraikinak ingurune- zein ikusizko elementu gisa duen balioa babestea, Mugaketa honekin, ondasuna babestu eta aintzatetsi egiten da, haren berezkotasuna bermatzeko. Ondasuna hiri-inguru baten parte izanik, nahikoa deritzo mugaketak higiezina bera eta kanpo-eskailera soilik hartzeari.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Herri Antzokiaren eraikina Ordiziako erdiguneko hiri-ehunean integratutako orube batean dago. Zehazki, eraikina Etxezarreta kaleko 9. zenbakian dago, fatxada Nagusia Etxezarreta kalera begira duela.
Hasieran Echezarreta Zine-Antzokia deiturik, Herri Antzokia 1927an proiektatu zen, eta 1928ko azaroaren 10ean inauguratu, eraldaketa sozial eta ekonomiko sakoneko une batean. 1920ko hamarkadak, Zorion Urte deritzon aldi hark, bereizgarri izan zituen industriaren goraldia, elektrifikazioa, kontsumoaren hedapena eta zinema masazko aisialdiaren adierazpide behinena izatea. Bigarren industrializazioarekin eta hiri-gizarte modernoarekin, zinema-aretoak funtsezko kultura-ekipamendu bilakatu ziren.
Sustatzaileak, Juan José Echezarreta Legorretako papergintzako enpresariak, arrazionalismoaren eta mugimendu modernoaren printzipioak uztartuko zituen ekipamendu berritzaile bat nahi zuen, eta Domingo Unanue arkitektoari enkargatu zion proiektua, zinema eta antzokiaren tipologia misto bat, soluzio aitzindariak eskainiko zituena suteen aurka eta ikusleen ebakuazio azkarra eta erosotasunaren alde, Estatuan arrazionalismoaren adierazgarri ziren beste obra batzuei aurrea hartuta.
Proiektua Madrilgo Arkitektura Eskolan ikasitako arkitekto batek, Domingo Unanue ordiziarrak, diseinatu zuen 1927an, 26 urte baino ez zituela. Haren lehen lan profesionala izan zen, eta arrazionalismoaren erakusgarri goiztiarrenetako bat Euskadin eta Estatuan. Unanuek Europako Mugimendu Modernoaren elementuak txertatu zituen, Le Corbusier, Mallet-Stevens eta Bauhausen ideietan inspiratuta eta haiek tokiko baldintzetara egokituta. Tradiziotik urrunduz, funtzionaltasunaren, segurtasunaren eta estetika modernoaren aldeko apustua egin zuen hiri-testuinguru historiko batean.
Eraikina 1928ko kultura-ekipamendu bat da, zinema-antzokia izateko sortua. Malda txikiko lursail batean integratua egonik, kalea barne-espazioekin lotzen duen egitura mailakatu batez baliatzen da kota-aldea gainditzeko. Fatxada nagusia, iparralderantz orientatua, Etxezarreta Kalera irekitzen da, hiri-bilbetik ikusten den irispide zuzen bat eskainiz.
Sostengu-egiturak, guztiz hormigoi armatuzkoa, bistan uzten ditu bere elementu bertikalak eta horizontalak, haiekin arkitektura-lengoaiaren beste osagai bat erakutsiz. Eraikina solairutan antolatua dago: besaulki-patioa behe-solairuan, anfiteatroa goikoan eta espazio osagarriak (foyerra, kamerinoak, biltegiak eta zerbitzu-eremuak). Hasieran 700 plazatik gora zituen, patioan eta anfiteatroan banatuak.
Bolumetriagatik bat dator arrazionalismo arkitektonikoaren printzipioekin, eta, hala, bereizgarri du bolumen garbien eta estalki lauen konposizio bat, apaindura gabea. Multzoa besaulki-patioa eta anfiteatroa hartzen dituen atal nagusiaren inguruan egituratzen da, eta berari atxikita, gainerako elementuak: kanpoko sarbidea, terraza eta eskailera. Elkarrekin, gorputz horiek irudi dinamiko bat eratzen dute, fatxadak lotzen dituzten ertz biribil eta plano jarraituek nabarmenduagoa.
Etxezarreta aldera, fatxada nagusiaren bereizgarri dugu horizontaltasuna, erritmoa eta argitasuna ematen dioten lerro jarraitu eta bao luzeek marraztua. Sarbidearen gaineko terraza, konposizio-baliabidea bezainbeste espazio funtzionala da. Alboetako fatxadetan integraturik, kanpoko eskailerak eta elementu zilindrikoak, ebakuaziorako baliabideak berez, plastikotasuna eta mugimendua gehitzen diote multzoari. Agertokiak berari lotua duen fatxada konplexutasun bolumetriko handiagokoa da, eta kanpotik ikusgai dituen gorputz mailakatuak eta elementu teknikoak mugimendu modernoak berezkoa duen eraikuntzaren zintzotasunaren lekuko dira.
Herri Antzokiaren orubea mugatzen duten bi kaleen artean kota-tartea nabarmena dago kota mugatzen duten bi kaleen artean: 7,5 metro inguru Etxezarreta Kaletik Domingo Unanue plazara. Soluzio moduan, behin betiko proposamenean bi erdisoto eraiki dira, hasieran tailerrerako eta zerbitzuetarako, eta haien gainean, aretoa, eraikinaren bolumen nagusia. Era horretan, irispidea goiko kotatik bermatzen da, eraikina hiriguneari lotua utziz, eta sestra-aldea aprobetxatuz sortutako espazio osagarriek eta terrazek funtzionaltasuna eta ingurunearekiko harremana hobetzen dute.
III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Babes-araubide hau ematen du hala xedatzen duelako Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 16. artikuluan eta abian jarri delako Ordiziako Etxezarreta kaleko 9. zenbakiko eraikina babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko prozedura, monumentu kategoria aitortuta.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Jarraian zehazten den babes-araubidea I. eranskineko mugaketari eta II.eko deskribapenari eutsiz aplikatuko da.
3. artikulua.– Balio kulturalak.
1.– Ordiziako Etxezarreta kaleko 9. zenbakiko eraikinaren (aurrerantzean, Herri Antzokiaren) kasuan, balio kulturaltzat jotzekoak dira Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 16. artikuluan xedatzen dituenak, hots, kultura-ondasun bati ematen dioten garrantziagatik ondasun hori aitorgarri eta belaunaldiz belaunaldi transmititu beharrekoa egiten dutenak.
2.– Hizpide dugun monumentuak balio kultural hauek ditu, ikuspegi historiko, teknologiko, ekonomiko, antropologiko eta industrialetik:
– Eraikina aisialdiaren demokratizazioaren sinboloa da, XX. mendeko kultura-fenomeno masiboa den zinemaren erakusgarria.
– Aitzindaria da zenbait elementua txertatzeagatik: bistako hormigoi armatua egiturazko sistema integral gisa, solairu librea, estalki lauak eta bestelako soluzioak, aurreratuak garairako.
– Arrazionalismoaren lehen erakusgarrietako bat da Gipuzkoan, Euskadin Mugimendu Modernoaren bereizgarri diren obrak baino lehenagokoa.
3.– Ingurune/paisaiarekiko, monumentuaren balio kulturalak ditugu:
– Eraikinaren kokapena, Ordiziako hirigune historikoan. Bolumetriagatik, terrazez eta estalki lauez hornitua, elementu bereizi gisa txertatzen da hiri-ehunean, modernotasuna erantsiz hiriaren ordura arteko profilari.
– Lurrazalera egokitua. Desnibel handiko orube batean eraikita dago, Etxezarreta Kalearen eta Geltoki kale zaharraren artean. Kota-alderako soluzio gisa bi behe-solairu eta atzeraemanguneak baliatzen dira, terrazak eta espazio irekiak sortuz aldi berean.
4.– Ikuspegi artistiko eta arkitektonikotik, monumentuak balio kultural hauek ditu:
– Lerro arkitektoniko arrazionalisten eta funtzionalen estiloa, Mugimendu Modernoaren Europako abangoardien ildokoa, bolumen kurbatuekin konbinatzen da, eraikinari berezitasuna halako monumentaltasun-aire bat emanez.
– Bolumen puru eta elkarrekin funtzionalki konektatutakoen konposizioa, terrazak, kanpoko eskailera eta proiekzio-kabina beregan integratzen dituena.
– Lerro horizontalek ezaugarritutako konposizio- eta arkitektura-elementuak, apaindurarik gabeak. Horizontaltasuna, batez ere, fatxadetan markatua, sarbideetako eta baoetako elementuekin kontrastatua. Kontrastea atal nagusiaren eta elementu funtzionalen artean, azken horiek dinamismoa eta mugimendua ematen diotelarik multzoari.
– Ohartzekoa estalki lau eta ibilgarria, elementu berezgarri bat mugimendu modernoaren arkitekturan.
4. artikulua.– Izaera loteslea.
Babes-araubide honen xedapenen izaera lotesleagatik, higiezina haren arabera kontserbatu beharko da. Loteslea da araubide hau, eta hortaz, bete beharrekoa, hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnei dagokienez. Tresna horietan jaso beharko dira, beraz, kultura-ondasun babestuaren zaintza eta kontserbazioa bermatuko duten zehaztapenak, hala aurreikusten baitu 47.3 artikuluan maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak. Aipatutako artikuluan xedatu bezala, tresna horiek kultura-ondarearen eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.
5. artikulua.– Preskripzio orokorrak.
1.– Babes-araubide honi atxikitako ondasunari Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea aplikatuko zaio gai hauetako araubideei dagokienez, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta gainerakoak.
2.– Maiatzaren 9ko Legeak, 6 Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, 29. artikuluan hala ezarririk, babes-araubide honi atxikitako ondasunaren jabeak, edukitzaileak eta haien ondasunon gaineko eskubide errealen titular diren gainerakoak behartuta daude indarrean dagoen legediak hirigintzaren eta kultura-ondarearen alorrean ezartzen dituen kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilpen-betebeharrak begiratzera, ondasunaren osotasuna ziurtatzeko eta haren galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.
3.– Babestutako kultura-ondasunaren titularrek eman beharko dizkiete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betetzeko behar den informazioa eta ondasunerako sarbidea. Era berean, haren azterketa egiten utziko diete berariaz baimendutako ikertzaileei, bai eta ondasunera bisita publikoak egiten ere, 6/2019 Legeak 32.2 eta 32.3 artikuluetan aurreikusten duen eran.
4.– Babestutako ondasuna osorik edo partzialki eraisteko, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 51. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
II. KAPITULUA
ESKU-HARTZE ARAUBIDEA
1. ATALA
ESKU HARTZEKO ETA KONTSERBATZEKO IRIZPIDE KOMUNAK
6. artikulua.– Esku-hartzeetarako baimentzea.
Maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, 33. artikuluan ezarri bezala, babes-araubide honi atxikitako kultura-ondasunaren gaineko esku-hartzeetarako beharrekoa izango da, oro har, kultura-arloan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko organoaren baimena. Lege beraren 46. artikuluaren arabera, aurretiazko baimena beharko da hirigintza-lizentziak eskuratzeko.
7. artikulua.– Esku-hartzeetarako irizpide orokorrak.
1.– Babestutako ondasun baten gaineko esku-hartzeetan zientziaren eta teknikaren bitarteko guztiak aplikatuko dira, ondasunaren ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta birgaitzea bermatzeko eta, finean, haren balioa nabarmenarazteko, babes-araubide honetan aurreikusi gabeko ondorioetarako Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikulura joz.
8. artikulua.– Erabilera baimenduak eta debekatuak.
1.– Monumentuaren kultura-ondasun babestuak haien kontserbazioa eta balioespenak bermatuz baliatuko dira, inola ere ez Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak V. eta VI. tituluetan egiten dituen zehaztapenei aurka eginez.
2.– Aurreko puntuaren ondorioetarako, Herri Antzokiaren erabilera nagusitzat zuzkidura jotzen da.
3.– Ez dira onargarritzat joko babestutako kultura-ondasunean kalteak eragiten dituzten erabilerak, ez eta babes-araubide honen 3. artikuluan definitutako kultura-balioetakoren baten aurkakoak direnak ere.
9. artikulua.– Sektoreko araudia eta irisgarritasunari buruzkoa aplikatzea.
1.– Baimenduko dira indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak, babes-araubide partikular honetan ezarritako jarduketa-mugekin, eta, betiere, babestutako ondasunaren kultura-balioak kaltetu gabe, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 34.10 artikuluan ezartzen duen bezala.
2.– Irisgarritasunari dagokionez, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 16. eta 32. artikuluetan ezarritakoa betez, zenbait doikuntza eta proposamen onargarri aurreikusten dira, mugikortasun urriko pertsonei irispide autonomoa bermatze aldera, betiere horretarako jarduketak bateragarriak badira ondasunaren balio kultural babestuekin. Herri Antzokiaren kasuan, horrelako doikuntzak batez ere eraikinaren barrualdean egingo dira, atari nagusiari lotuta dagoen eta gaur egun komunak hartzen dituen eremuan. Izan ere, bere kokapenagatik eremu horretatik zuzen heltzen da areto nagusira, anfiteatrora eta sotoko solairuetara, eta igogailu bat instalatzeko aukera ematen du, fatxaden konposizio arkitektonikoa aldatu gabe. Hauxe egin liteke:
– Oraingo eskailera-mailen ordez, arrapala egokitu bat jartzea, eraikinaren fatxadarekiko paralelo.
– Atarian desnibela gainditzeko arrapala bat instalatzea, babestutako ondasunaren balioekin bateragarriak diren materialekin eraikia eta itzulgarria.
– Igogailua jartzea gaur egun komunak dauden lekuan. Era horretan beheko solairua, anfiteatroa eta sotoko solairuak lotuta geratuko dira.
3.– Aurreko puntuan aurkeztutako esku-hartzea gauzatzekotan, zehaztu eta justifikatu egin beharko da proiektu tekniko batekin, haren bitartez esku-hartzearen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ez ezik ondasunaren kultura-balioen irautea ere egiaztatuz. Proiektuan, ordea, barrualdeko soluzioak bideraezinak direla ondorioztatzen bada, alternatiba osagarriak aztertu beharko dira, eta justifikatu, haiekin eraikinari eta haren kultura-balioei ahalik eta gutxien eragiteko. Kasu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio proiektuaren edukia zehaztea eta esku-hartzea baimentzea.
10. artikulua.– Esku-hartzearen proiektua eta memoria.
1.– Babes-araubide partikular honi atxikitako ondasunaren balioei eragiten dieten esku-hartzeetarako, berariazko proiektu tekniko bat beharko da, ondasunaren eta esku-hartzearen ezaugarrietara egokitua. Proiektua ondasunaren titularrak aurkeztu beharko dio kultura-ondarearen arloan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko sailari, onar dezan, hala aurreikusia baitago Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 35.1 artikuluan.
2.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, hura egiaztatu eta erregistratzeko, ondasunaren titularrak dagokion memoria aurkeztu beharko du kultura-ondarearen arloan eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko sailean.
3.– Babestutako ondasuna zaharberritzeko lanak haren azterketa historiko-arkitektonikoa izango du abiapuntu. Esku-hartzearen proiektua zein memoria, profesional eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte, eta egiaztatuko dute, halaber, badutela proiektua ahalik eta berme handienekin gauzatzeko gaitasun teknikoa, eta, beharrezkoa bada esku-hartze motagatik, ondasunerako behar den diziplinarteko taldea ere. Nolanahi ere, lanak errespetutsuak izango dira ondasunaren balioekiko, haien pertzepzio hobearen alde.
2. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE PARTIKULARRAK
11. artikulua.– Esku-hartzeetarako irizpide bereziak.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 38.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko, babes bereziko monumentu batean egiten den edozein esku-hartzek irizpide hauek errespetatu beharko ditu:
a) Eraikuntza-sistemaren batek huts egiteagatik kalte konponezinik gerta badaiteke monumentuan bertan nahiz haren estalki, iragazgaizte, egitura edo zimentuetan, baimenduta daude eraikuntza-sistema horien osotasuna kontserbatzeko ezinbestekoak diren esku-hartzeak.
b) Beste eraikuntza-sistema batzuen kasuan, hala nola itxiturak, banaketak, arotzeriak eta estaldurak, soilik esku hartuko da haien osotasuna bermatzeko, sistemari funtsezko aldaketarik egin gabe, alegia.
c) Soilik onartuko dira instalazio-sistemen eguneratzeak onuragarriak izango badira monumentuaren erabilerarako eta eragin negatiborik ez badute balio babestuen kontserbaziorako.
d) Soilik onartuko dira erabilera-aldaketak ezinbestekoak badira monumentuaren kontserbaziorako eta haren balioak nabarmenarazteko, eta frogatu beharko da erabilera berria bateragarria dela monumentuaren osotasunarekin.
12. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean zaindu beharreko elementuak.
Babes-araubide partikular honen 3. artikuluan deskribatzen diren balio kulturalak kontuan hartuta, honako hauek jotzen dira zaindu beharrekotzat babestutako kultura-ondasunean:
– Egungo bolumenaren konfigurazioa, solairuak, fatxadak eta estalkiak (estalki lau eta ibilgarria) barne. Hauek osatzen dute: oinplano errektangeluarreko bolumen nagusia, eszenatokiaren gorputzaren bolumena, aretoarekiko atzeraemana eta orubearen forma irregularrera egokitua, fatxada nagusiko terraza, eskailera helikoidala hartzen duen atal kurbatua eta sarrera-portikoa, proiekzio-kabina eta zerbitzuak hartzen dituen bolumen gehigarria.
– Eraikuntza-multzoaren lerrokadurak eta sestrak eta kokalekuan duen antolamendua.
– Fatxaden, gorputz zilindrikoen eta estalkien egungo konposizioa: baoen kopurua eta kokapena, materialak, baliabide estetiko-konpositiboak, apainketa eta jatorrizko altzairuzko barandak eta arotzeriak.
– Hormigoi armatuzko egitura-armazoia eta lengoaia arrazionalistaren parte diren bistako egitura-elementuak.
– Eraikinaren jatorrizko banaketa espazial globala, logika funtzional bati erantzuten diona: fluxuen banaketa, ebakuazio segurua eta espazio nagusien eta sekundarioen artikulazioa bolumen bereizien bidez.
13. artikulua.– Babestutako kultura-ondasuna degradatzen duten elementuak.
Kultura-ondasunaren balio babestuen degradatzailetzat jotzen dira elementu hauek:
– Jatorrizkoak ez diren PVCzko eta aluminiozko arotzeriak.
– Fatxadei atxikitako instalazioak (jatorrizkoak ez diren kolektoreak eta zorrotenak, kableak, kaxak eta ageriko eroanbideak).
– Atzeko terrazako gehikina, estalki inklinatua duena, bolumenean integratutako jatorrizko arotzeriak izan ezik.
– Jatorrizko diseinukoak ez diren elementuak, hala nola barandak, toldoak eta purutasun formala hausten duten antzeko beste elementuak.
– Argi-zuloen, leihoen eta aireztapen-zuloen itxiturak.
14. artikulua.– Babestutako kultura-ondasunean esku hartzeko zehaztapen espezifikoak.
1.– Oro har, ez da baimenduko higiezinaren nahiz haren zaindu beharreko elementuen balio kulturalak kaltetzen edo gutxiagotzen dituen esku-hartzerik, ez eta babes-araubide partikular honetako beste edozein xedapenen aurka doan esku-hartzerik ere. Baimenduko dira, aldiz, Aitzitik, baimendutako esku-hartzeak eraikinaren elementu tipologikoak, formalak eta egiturazkoak errespetatzen dituzten esku-hartzeak.
2.– Horren ondorioetarako, zehazten da jarraian zer eratan aplika daitekeen esku-hartzeen araubidea babestutako ondasunean eta 12. artikuluaren arabera zaindu beharrekoak diren haren elementuetan:
a) Ez da eraikinaren bolumenaren aldaketarik onartzen, non eta aldaketa ez den egiten aurreko artikuluan adierazitako degradatzaileak kentzeko. Ez da baimenduko, halaber, jatorrizko eraikinari eraikinak erantsiz haren azalera handitzea, edo oinplanoaren luzera edo zabalera handitzea. Ez da aldaketarik egin estalkiaren jatorrizko antolamenduan ere.
b) Ez dira aldatuko fatxaden gaur egungo konposizioa eta materialak, ez fatxadak osatzen dituzten elementuak, apaingarriak eta baoak. Ez da aldatuko ez baoen kopurua ez haien jatorrizko forma, tamaina eta proportzioak. Fatxadetan esku-hartzerik eginez gero, helburua fatxadak eta haien konposizio- eta apaindura-elementuak berreskuratzea eta zaharberritzea izango da. Onartuko dira, ordea, fatxadetako aldaketa puntualak baldin eta funtsezko itxura-aldatzerik ez badakarte eta balio artistiko berezia duten elementuak errespetatzen badituzte.
c) Ez dira onartzen eraikinaren kanpoko akaberen egitura edo osaera ezin lehengoratzeko eran aldatzen duten garbiketa-tratamenduak.
d) Jatorrizko arotzeria-elementuak zaharberritu egin behar dira, bai fatxadako baoetakoak bai ateetakoak, eta arotzeria baten jatorrizko materiala beste batez ordeztu bazen, berreskuratu egin beharko da jatorrizkoa.
e) Gorde behar da kultura-ondasunaren egiturazko antolamendu orokorra, hormigoi armatuzko egitura-armazoi batez osatua.
Hala behar bada, finkaketa egin daiteke, ezin berreskuraturik geratu diren parteak puntualki ordeztuz, baina aldaketarik egin gabe ez egitura-eskeman ez egitura-elementu nagusien posizioan edo kotetan. Horri dagokionez, ordeztu ahalko dira egoera txarrean dauden egiturazko elementuak, eta haien ordez berriak jarri, baldin eta jatorrizko materiala erabiltzen bada, eta soilik salbuespenezko kasuetan, behar bezala justifikatu bada, baimenduko dira material-aldaketa partzialak, aldaketa itzulgarri bada eta egituraren material generikoa errespetatzen bada.
f) Mantendu beharko dira barne-banaketa orokorren kokapena, neurriak eta zirkulazio- eta interkonexio-eskemak.
g) Onartzen dira erabilera berrietarako egiten diren barne-banaketaren eta -antolaketaren erreforma puntualak, non eta ez duten eraginik eraikuntza-multzoaren egiturazko antolaketa orokorrean, fatxadetan eta bolumetrian.
h) Onartzen dira arkitektura- edo kultura-garrantzi handiko barne-espazioak zaharberritzeko obrak, jatorrizko dekorazio-elementu arkitektonikoak mantenduz gero, eta onartzen dira, halaber, aldaketak jasandako elementuak, zatiak edo materialak lehengoratzeko lanak.
i) Onartzen dira 13. artikuluan zehaztutako elementu degradatzaileak kentzeko esku-hartzeak, baita horrelako elementuek 3. artikuluan definitutako kultura-balioak gutxiagotzen dituztenean edo 12. artikuluak kultura-ondasun babestuan zaindu beharrekotzat jotzen dituen elementuen balioak gutxiagotzen dituztenen ere. Baimentzen dira, halaber, higiezinen kontserbatzeko betebeharrari buruzko hirigintza-legeri aplikagarriak onartzen dituen esku-hartzeak.
j) Behar diren instalazioak ahalik eta modu diskretuenean sartu beharko dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira, 12. artikuluan zehazten diren babestu beharreko elementuak ahalik eta gehien errespetatuz.
k) Maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak, Euskal Kultura Ondareari buruzkoak, 50. artikuluan ezarritakoaren arabera, debekatuta dago babestutako kultura-ondasunean ikusiz nahiz entzunezko kutsadura eragiten duten elementuak instalatzea, monumentuaren ikuspegia ikuspena eragozten, zailtzen edo desitxuratzen baitute, eta haren testuinguru-balioak degradatu.
RSS