
190. zk., 2026ko urriaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (127 KB - 2 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
4103
149/2026 DEKRETUA, irailaren 15ekoa, AMUGE Asociación Intercultural para la Promoción y el Empoderamiento de las Mujeres Gitanas de Euskadi elkartea gizarte-interesekotzat jotzeko dena.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluak xedatzen duenez, gizarte-interesekotzat jo ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –baldin eta arauz zehaztutako baldintzak betetzen badituzte–; hain zuzen ere, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen egindako ibilbidea eta ekarpena aitortzeko.
Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Haren babesean, aipatutako aitorpena eskatu du AMUGE Asociación Intercultural para la Promoción y el Empoderamiento de las Mujeres Gitanas de Euskadi elkarteak, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.
Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzak adierazi bezala, AMUGE Asociación Intercultural para la Promoción y el Empoderamiento de las Mujeres Gitanas de Euskadi elkartea irabazi-asmorik gabeko erakundea da eta 2003. urtean eratu zen. Erakundeak helburu hauek ditu:
– Gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna sustatzea, emakumeen ahalduntze-prozesuak eta gizonekiko maskulinitate hegemonikoei buruzko hausnarketa-prozesuak bultzatuz.
– Emakumeen eta nesken aurkako edozein indarkeria mota ezabatzeko lan egitea.
– Arrazakeria eta, bereziki, ijitoen aurkako jarrerak desagerrarazten laguntzea, hezkuntza-, sentsibilizazio-, salaketa- eta eragin-ekintzen bidez.
– Ijitoen eta ijitoak ez direnen arteko benetako berdintasuna exijitzea, erakundeei ijitoen aurkako jarrerak desagerrarazteko politika eraginkorrak sustatzea eskatuz.
– Borroka feministan arrazismoaren aurkako borroka txertatzea, sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzen bidez eta mugimendu feministaren barruan sare sendoak sortuz, hierarkietatik eta tutoretzetatik at.
– Ijitoen feminismoaren praktikak eta teoria ikusaraztea, gure aldarrikapenak ezagutzera emanez, emakume ijitoen premiak eta eskaerak mugimendu feministan aintzat har daitezen eta sar daitezen.
– Ijito-herriaren kulturari balioa ematea eta haren balioak gizartean zabaltzea, dauden aurreiritziak eta estereotipoak hautsiz.
– Hezkuntza benetan inklusiboa, feminista eta kulturartekoa exijitzea, eremu formaletan zein ez-formaletan.
– Gizarte-eraldaketarako hezkuntza-jarduerak sustatzea eta garatzea, bai ijito-herriarentzat, bai gizartearen gehiengoarentzat.
– Ikasle ijitoen eskola-arrakasta areagotzea, ikasleek arrakastaz aurrera egingo dutela bermatuko duten politikak eta estrategiak aldarrikatuz.
– Ijito-herriaren asoziazionismoa eta ekintza boluntarioa sustatzea, emakume eta gazte ijitoei arreta berezia eskainiz.
– Sare komunitarioa indartzea tokiko beste eragile batzuekin batera, eta, aldi berean, emakume eta gazte ijitoen partaidetza soziala eta politikoa bultzatzea.
– Giza Eskubideak eta Bakea sustatzeko eta defendatzeko ekintzak garatzea.
– Ijito-herriaren bizi-kalitatea hobetzea, esku-hartze sozial eta komunitario integralaren bidez.
– Ijitoak gizarteratzearen alde lan egitea, haien gizarte- eta lan-desabantailako egoera gainditzera bideratutako prestakuntza eta orientabidearen bidez.
– Ijitoen artean euskararen erabilera sustatzea.
– Adingabe ijitoak artatzea eta laguntzea, haien gaitasunak eta trebetasunak osorik garatzeko.
– Neska eta emakume ijitoen eta, oro har, ijito-herriaren osasuna hobetzeko ekintzak sustatzea.
Elkarteak ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu duenez, 2020. urteaz geroztik etenik gabe jardunean dihardu Euskal Autonomia Erkidego osoan.
Aipatutako urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.
Horrenbestez, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko irailaren 15ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– AMUGE Asociación Intercultural para la Promoción y el Empoderamiento de las Mujeres Gitanas de Euskadi elkartea gizarte-interesekotzat jotzea, egiten dituen gizarte-ekintzen bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzen duelako.
2. artikulua.– AMUGE Asociación Intercultural para la Promoción y el Empoderamiento de las Mujeres Gitanas de Euskadi elkarteari deklarazio horren berezko eskubideak aitortzea, zeinak Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan jasota baitaude.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko irailaren 15ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS