
190. zk., 2026ko urriaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (118 KB - 1 orri.)
- EPUB (102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
4102
148/2026 DEKRETUA, irailaren 15ekoa, Claret Enea Fundazioa gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluak xedatzen duenez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak, baldin eta erregelamendu bidez zehazten diren baldintzak betetzen badituzte; hala egingo da, hain zuzen, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreak Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen egiten duen ibilbidea eta ekarpena aitortzeko.
Gizarte-zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzko urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.
Haren babesean, aipatutako aitorpena eskatu du Claret Enea Fundazioak, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.
Hirugarren Sektore Soziala eta Ekintza Komunitarioa Sustatzeko Zuzendaritzak adierazi bezala, Claret Enea Fundazioa 2004. urtean eratu zen, eta helburu hauek ditu:
a) Alde batetik, pertsona guztien egoera- eta aukera-berdintasuna sustatzea; bestetik, desabantaila sozialean dauden pertsonei arreta eta zaintza ematea hainbat alderditan: lanean, osasunean, etxebizitzan eta hezkuntzan, besteak beste.
Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu duela 2021etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoan. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan garatzen ditu bere eginkizunak.
Aipatu urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak xedatutakoaren arabera, Gobernu Kontseiluak onartutako dekretu baten bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetu baitu.
Ondorioz, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko irailaren 15eko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Claret Enea Fundazioa gizarte-interesekoa dela aitortzea, burutzen dituen gizarte-ekintzako jardueren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzen duelako.
2. artikulua.– Claret Enea Fundazioari aitorpen honen berezko eskubideak aitortzea, hau da, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak 74. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko irailaren 15ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS