Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2026ko urriaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
4100

EBAZPENA, 2026ko irailaren 11koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiko administrazio-baimena eta eraikuntzako administrazio-baimena eman eta onura publikoko deklarazioa egiten baita honako proiektu honetarako: Zorrotzaurre TA izeneko 132/13kV-eko transformazio-azpiestazio berria eraikitzeko proiektua, Bilboko (Bizkaia) udal-mugartean.

Espedientea: 48-AT-Y-2025-00120.

AURREKARIAK

1.– 2025eko abenduaren 23an, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.k aurretiko administrazio-baimena eta eraikuntzako administrazio-baimena eta onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen honako proiektu honetarako: Zorrotzaurre TA izeneko 132/13kV-eko transformazio-azpiestazio berria eraikitzeko proiektua, Bilboko (Bizkaia) udal-mugartean.

2.– Martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan (dekretu horren bidez arautzen dira instalazio hauen administrazio-baimenerako prozedurak: argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak) eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan adierazitako ondorioetarako, argitara eman zen horren iragarkia, eskabide hori jendaurrean jartzeko, 2026ko apirilaren 27ko EHAAn, 2026ko apirilaren 29ko BAOn, Bilboko udaletxeko iragarki-taulan eta 2026ko ekainaren 8ko El Correo egunkarian.

3.– Honako erakundeei egoki iritzitako baldintza teknikoak aurkezteko eskaera bidali zitzaien: 2026ko apirilaren 28an, Bilboko Udalari eta 2026ko apirilaren 30ean Bilboko Portu Agintaritzari, Ura-Uraren Euskal Agentziari, eta Eusko Jaurlaritzako Portuen, Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzari eta Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzari.

4.– Arauz ezarritako epean, 2026ko maiatzaren 13an, Ura-Uraren Euskal Agentziaren baldintza teknikoa jaso da. Bertan jakinarazten du Zorrotzaurre TA transformazio-azpiestazio berrirako aurreikusitako obrek ez dutela erakunde horren baimenik behar, babes-zortasuneko eremutik kanpo kokatzen direlako. Halaber, adierazten du ez dela mugarik antzematen uholde-arriskuari dagokionez.

Agiri hori I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U.ri bidali zitzaion, jakinaren gainean egon zedin.

5.– Halaber, arauzko epean ez da alegaziorik aurkeztu.

6.– Behin espedientea aztertuta, eskaeraren aldeko txostena ebatzi dute Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako energia-arloko zerbitzu teknikoek.

Ebazpen hau honako hauetan oinarritzen da:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuan xedatutakoaren arabera (urtarrilaren 27ko 8/2026 Dekretuaren bidez aldatua).

2.– Arau hauetan ezarritako arauzko izapide hauek bete dira espedientean: Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 26ko 24/2013 Legea; Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legea; eta bat datorren gainerako legedia.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarritzat hartuta, eta Lurralde Ordezkaritzako energia-arloko txostenarekin bat etorriz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

1.– Aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko baimena ematea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes S.A.U. enpresari, proiektu honetarako: Zorrotzaurre TA izeneko 132/13kV-eko transformazio-azpiestazio berria eraikitzeko proiektua, Bilboko (Bizkaia) udal-mugartean.

2.– Deklaratzea baimentzen den instalazio elektrikoa onura publikokoa dela. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, deklarazioak hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, urgentziaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklaraziorako ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen hau ematen da 48/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta baldintza orokor hauek kontuan hartuta:

1.– Obrak egiteko, onartutako proiektua bete behar da, kasu bakoitzean eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda.

2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera. Epe hori igaro eta instalazioa ustiatzeko baimenik eskatu ez bada, ebazpen hau iraungitzat jo ahal izango da.

3.– Lanak amaitutakoan, instalazioen titularrak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman, eta abian jartzeko akta egiteko.

4.– Obrak egiteko behar diren udal- eta probintzia-eskumenetako eta bestelako baimenak edo lizentziak eragotzi eta aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko Deskarbonizazioaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

Jarritako errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da. Epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, gora jotzeko errekurtsoa ezetsitzat joko da.

Bilbao, 2026ko irailaren 11.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Bizkaiko lurralde-ordezkaria,

MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.


Azterketa dokumentala