
190. zk., 2026ko urriaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (262 KB - 25 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4099
AGINDUA, 2026ko irailaren 9koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez gizarte-ekonomian ekiteko eta gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzetarako deialdia egiten baita 2026ko ekitaldirako.
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak –Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta sail horretako sailburuak 2025eko otsailaren 14an onetsi eta ondoren eguneratu zuen– eta Eusko Jaurlaritzaren 2026ko Aurrekontuaren Memoriak bere horretan mantentzen dituzte aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroak, eta gizarte-ekonomiako enpresen ekintzailetza bultzatzen dute eta gizarte-ekonomiako enpresen gizarte-oinarria indartzen jarraitzearen alde egin, 2026ko ekitaldian; horretarako, bide ematen dute zuzenean inskribatzeko lau talde jakinen nahitaezko ekarpena, lehentasuna emanez beti langabeei. Dirulaguntzen Plan Estrategiko hori argitaratuta dago Eusko Jaurlaritzaren web-orrian (https://www.euskadi.eus), hain zuzen ere sailari eskainitako espazioaren barruan, «Plan estrategikoa» atalean.
Laguntza-lerro honek gizarte-ekonomiaren sektorean ekintzailetza bultzatzeko konpromisoari eta egungo gizarte-ekonomiako enpresak indartzeko konpromisoari helduta jarraitzen du, preskriptoreen eta aholkularitza-zerbitzuen sarea hobetzeko. Sozietate-sare zabalagoa sortzen laguntzeak eta sare hori osatzen duen giza kapitala handitzeak (desgaitasuna duten pertsonei, langabeei, nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibetan sartzeari edo besteren konturako lanetik datozen pertsonei laguntzen jarraituz) gizarte-ekonomiaren sektorea eta haren abantailak ikusarazten laguntzen du, eta, azken batean, enpleguaren garapena bultzatzen du.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Laguntzen oinarriak onartzea eta deialdia egitea.
Gizarte-ekonomian ekiteko eta gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko 2026ko laguntzen oinarriak onartzea, eta laguntza horien deialdia egitea. Agindu honen eranskinean jaso dira oinarriak eta deialdia.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, arau hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuei dagokienez (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala baitago xedatuta Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 9a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
ERANSKINA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. oinarria.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, gizarte-ekonomian ekiteko eta gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko emango dituen laguntzen deialdirako oinarriak onartzea eta 2026rako deialdia egitea.
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak hiru kapitulu bereizitan multzokatutako 7 lerrotan banatzen dira:
a) II. kapitulua: Gizarte-ekonomiako enpresak sortzen lagunduko duen ekosistema bati eusten jarraitzeko laguntzak (Ekintzailetza kolektiboa sustatzea):
– 1. lerroa. Ideia-lehiaketa.
– 2. lerroa. Preskriptoreen sarea.
– 3. lerroa. Lurralde-sustapen planifikatua.
b) III. kapitulua: Gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko laguntzak.
– 4. lerroa. Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea.
– 5. lerroa. Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea helburu duten sustatzaileak.
– 6. lerroa. Krisialdian edo belaunaldien arteko erreleboan dauden enpresen bideragarritasun-azterketak.
c) IV. kapitulua: Gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzak.
– 7. lerroa. Lau kolektibo hauetako kideak sartzea, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa, sozietate kooperatiboaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten enpresetan:
1) Langabeak.
2) Besteren konturako langile ez bazkideak.
3) Desgaitasuna duten pertsonak.
4) Nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibetako bazkide bihurtzen diren pertsonak.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, adjudikatzeko prozedura eta dirulaguntza emateko muga.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, lau milioi eta hogeita bost mila (4.025.000) euro bideratuko dira.
2.– Aurreko apartatuan jasotako zenbateko orokorra honela banatzen da:
a) II. kapituluaren xedea betetzeko, zazpiehun mila (700.000) euro erabiliko dira, honela banatuta: bostehun eta hirurogei mila (560.000) euroko ordainketa-kreditua 2026ko ekitaldirako eta ehun eta berrogei mila (140.000) euroko konpromiso-kreditua 2027ko ekitaldirako.
b) III. kapituluaren xedea betetzeko, bi milioi bostehun eta hogeita hamar mila (2.530.000) euro erabiliko dira, honela banatuta: bi milioi eta hogeita lau mila (2.024.000) euroko ordainketa-kreditua 2026ko ekitaldirako –horietatik milioi bat eta hamasei mila (1.016.000) euro de minimis laguntzetarako eta milioi bat eta zortzi mila (1.008.000) euro de minimis ez denerako– eta bostehun eta sei mila (506.000) euroko konpromiso-kreditua 2027ko ekitaldirako –horietatik berrehun eta berrogeita hamalau mila (254.000) euro de minimis laguntzetarako eta berrehun eta berrogeita hamabi mila (252.000) euro de minimis ez denerako–.
c) IV. kapituluaren xedea betetzeko, zazpiehun eta laurogeita hamabost mila (795.000) euroko zenbatekoa bideratzen da, osorik 2026ko ekitaldiari lotuta.
3.– Laguntzak adjudikatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan aurreikusitako lehiaketa ez den norgehiagokarako beste prozedura bat erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Kapitulu bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoak nahikoak badira eskabideei erantzuteko, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa emango zaio, agindu honetan zehaztutako gehieneko portzentaje-mugak eta muga kuantitatiboak eta oinarri honen 4., 5. eta 6. apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta:
4.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura nahikoa izango ez balitz, 1.2 oinarriaren a) eta b) puntuetan zehaztutako kapituluetan zerrendatutako betekizun guztiak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, honela jokatuko da:
a) Baiespen-ebazpen guztiak asetzeko adinako baliabideak dituzten kapituluak autonomoki ebatziko dira.
b) Ondoren, dagoeneko ebatzitako kapituluetan soberako saldorik ote dagoen egiaztatuko da eta, halakorik badago, saldo horiek apartatu defizitarioetara bideratuko dira, hasiera batean kapitulu bakoitzera bideratutako guztizkoekiko proportzioan banatuta.
c) Hala eta guztiz ere, dauden baliabide ekonomikoak hasiera batean aipatutako parametroen arabera kalkulatutako zenbatekoak emateko adinakoak ez badira, zenbateko horiek murriztuko dira, eskabideen artean hainbanaketa bakar bat aplikatuz, banan-banan, kapitulu bakoitzerako.
5.– Esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura nahikoa bada 1.2 oinarriaren c) puntuaren arabera aurkeztutako eta onartutako eskabide guztiei erantzuteko, zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira Horrela ez bada, ordea, honela jardungo da:
a) Nahikoa bada 1.2 oinarriko c) puntuaren 1 azpiapartatuaren babesean (langabeak) aurkeztu eta onartutako eskabide guztiei erantzuteko, lehenengo eta behin, haiei guztiei erantzungo zaie. Sobera geratzen den zenbatekoarekin, proportzionalki murriztuko zaie kalkulatutako zenbatekoei, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.
b) Ez bada nahikoa 1.2 oinarriaren c) puntuaren 1 azpiapartatuaren babesean aurkeztu eta onartutako eskabide guztiei erantzuteko, proportzionalki murriztuko zaie oinarri horren babesean aurkeztutako eskabide guztien artean kalkulatutako zenbatekoei. Aipatutako beste hiru kolektiboen eskabideei –1.2 oinarriaren c) puntuaren 2., 3. eta 4. azpiapartatuak– ezezkoa emango zaie, 2.2.c) oinarrian jasotako zuzkidura agortzeagatik.
6.– 2.2.c) oinarriko (IV. kapitulua) eskabideei erantzun ondoren, soberakinik geratzen bada kapitulu horretan, II. eta III. kapituluetako saldo defizitarioei erantzuteko erabili ahal izango da, oinarri honen 4. apartatuko jarraibideei jarraituz.
3. oinarria.– Onuradun izateko betekizun orokorrak:
1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako laguntzak. Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, betekizun hauek bete beharko dituzte entitate eskatzaileek:
a) Bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, egunean ordainduta izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
b) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako desgaitzen duen debekurik ere.
c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
d) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari jakinarazi izana beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuei helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero.
e) Hala badagokio, hiru urteko edozein epealditan jasotako de minimis laguntzen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.
f) Berdintasun-plan bat izatea indarrean, Estatuko araudiaren arabera nahitaezkoa bada. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
g) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
h) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.
i) Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
j) Ez izatea krisialdian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).
k) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota betetzea, edo, bestela, egiaztatzea neurri alternatiboak abian jarri izana hori bete dadin.
l) Entitate eskatzaileak konpromisoa hartzea agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaketarik ez izateko.
2.– Aurreko ataleko betekizunak bete behar dira bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko.
3.– Agindu honen IV. kapituluan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izango dituzte 2025eko azaroaren 18tik agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arteko bitartean (biak barne) bazkide mugagabe bihurtu diren pertsonek. Laguntzen onuradun izateko, oinarri honen a), b), d) eta h) letretan jasotako betekizun orokorrak bete behar dituzte eskatzaileek.
4.– Bazkide gisa sartzeari dagokionez (IV. kapitulua), Euskal Autonomia Erkidegoko lantokiren batean sartu beharko dira, eta entitate horrek bertan izan beharko du egoitza sozial eta fiskala.
5.– 3. apartatuko betekizunak bete behar dira bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, egunean ordainduta izateko betekizuna bi unetan egiaztatuko da: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.
6.– Pertsonek eta entitateek telematikoki justifikatuko dute oinarri honetako 1. apartatuan zehaztutako betekizunak betetzen dituztela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera erregulatzen duen araudiaren arabera.
4. oinarria.– Eskabideak aurkeztea eta betekizun orokorrak egiaztatzea.
1.– Eskabideak eta horien izapideak eskabide normalizatu bidez egingo dira, bitarteko elektronikoak erabiliz. Eskabide normalizatua egoitza elektronikoan dago eskuragarri. Hala ere, IV. kapituluko laguntzak interesatzen zaizkienek (bazkideak sartzea) bide presentziala edo elektronikoa erabili ahal izango dute, eta bata zein bestea erabil dezakete prozeduraren hurrengo izapideetan ere.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Pertsona edo entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten hizkuntzan. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezkeenean (IV. kapituluko eskabideak), Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko lurralde-ordezkaritzetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako organoetan aurkeztuko dira, behar bezala eta osorik betetako eskabide normalizatuaren bidez.
5.– Eskabide-eredua eta deialdian dauden izapidetze elektronikoari buruzko zehaztapenak helbide elektroniko honetan ere eskuragarri daude:
II. kapitulua.– Gizarte-ekonomiako enpresak sortzen lagunduko duen ekosistema bat sortzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217915
III. kapitulua.– Gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217916
IV. kapitulua.– Gizarte-ekonomiako enpresetan bazkideak sartzeko laguntzak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1217917
6.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak eta jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7.– Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektrikoan onartutako sinadura elektronikoa eta ziurtagiria eduki beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak egiteko. Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
8.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
9.– Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa), gizarte-ekonomian eskumena duen zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, betetzen dituen, salbu eta eskatzaileak berariaz aurka egiten badu; horrelakoetan, berak aurkeztu beharko du betekizun hori betetzen duela dioen dokumentazioa.
10.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko dute entitate onuradunek betetzen dituztela 3. oinarriko 1. puntuan zerrendatzen diren betekizun orokorrak.
11.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere 15 eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkeztu ditzatela aurreko apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.
12.– Eskabideetan, aukera emango da pertsona edo entitate onuradunak espresuki uko egin diezaion organo kudeatzaileak haien datuak edo agiriak eskuratu edo egiaztatzeari, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak. Halakoetan, entitate eskatzaileak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko dokumentuak.
5. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
1.– Dirulaguntzak lortzeko eskabidea oso-osorik betetzen ez bada edo nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada, hamar eguneko epea emango zaio eskatzaileari (pertsona zein entitate) akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.
2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea telematikoki aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
6. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo ente publiko edo pribatuk xede eta helburu bererako ematen dituen laguntzekin.
2.– Dirulaguntzak beste lurralde-administrazio batzuetatik edo haien mendeko ente publikoetatik edo entitate pribatuetatik datozenekin uztartzen badira, eta horien baturak ondoz ondo 17., 22. eta 28. oinarrietan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntza murriztuko.
3.– Laguntza-agindu honetako jarduketen bateraezintasun-araubidea era egokian aplikatzeko, berezitasun hauek hartuko dira kontuan:
a) 1. oinarriaren 2.b) apartatuko 4. lerroan (gizarte-ekonomiako enpresak eratzea) jasotako diruz laguntzeko moduko jarduerari dagokionez, langabeziagatiko prestazioak, ordainketa bakarreko modalitatean (langabezia-kapitalizazioa), ez dauka agindu honen xede eta helburu bera.
b) 1. oinarriaren 2.b) apartatuko 5. lerroan (gizarte-ekonomiako enpresak eratzea helburu duten sustatzaileak) jasotako jarduera bateraezina izango da Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko 2026ko ekitaldirako deitzen dituen laguntzekin.
c) Enpresetan bazkideak sartzeko ematen diren laguntzak –agindu honetako 1. oinarriaren 2.c) apartatua– eta ordainketa bakarreko langabezia-prestazioa (langabezia-kapitalizazioa) aldi berean jasotzen direnean, eskatzailea salbuetsita egongo da aurretik langabe-izaera egiaztatzetik –26. oinarriaren 1.a) apartatuan ezartzen da betekizun hori– edo antzinatasuna egiaztatzetik –26. oinarriaren 1.b) apartatuan ezartzen da betekizun hori–, hori guztia Gizarte Ekonomiaren martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 10. artikuluarekin bat etorriz (urtarrilaren 10eko 1/2023 Legegintzako Errege Dekretuak sartutako aldaketagatik).
7. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.
2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bat egin eta jakinaraziko du oinarri hauetan ezarritako kapitulu bakoitzeko. Ebazpen horren bidez ebatziko da prozedura, eta erabakiko da zer laguntza eman eta ukatu. Ebazpen horiek banaka jakinaraziko zaizkie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.
Ebazpen horiek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
Ebazpenak, dirulaguntza zein pertsona edo entitate eskatzaileri emango zaion edo zeintzuek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko ditu, hala badagokio, dirulaguntzaren xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarrietan eskatutako gainerako baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskabideak ezetsi egin direla ere.
3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ezetsitzat jo behar dute eskabidea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. paragrafoan adierazi den gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.
4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, alde batetik, zein pertsona eta entitatek jaso duten dirulaguntza agindu honen babesean, zenbateko laguntza jaso duten zehaztuta, eta, bestetik, zein eskatzaile eta entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak; nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.
8. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Pertsona eta entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onartu egin duela joko da.
b) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztapenei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrolei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduerei men egitea ere.
c) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badituzte xede bererako, horren berri ematea idatziz Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
d) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein egoera objektibo zein subjektibo aldatu bada, horren berri ematea Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari. Jakin bezain laster eman beharko dute haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
e) Egiaztatzea egunean ordainduta dituztela bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
f) Jasotako funtsak zertan erabili diren egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
g) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.
h) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea eta publizitate egokia egitea jardueraren finantzaketa publikoari edo eska daitekeen beste edozein betebeharri, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Gainera, entitateek betebehar hauek ere izango dituzte:
i) Dirulaguntza zertarako eman zaion, jarduera hori egitea.
j) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.
k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
l) Diruz lagundutako jarduketekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
m) Berdintasun-plan bat izatea indarrean, Estatuko araudiaren arabera nahitaezkoa bada. Halaber, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak izatea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
n) 50 bazkide baino gehiago dituzten sozietate kooperatiboen kasuan, bitarteko espezifikoak jartzea indarkeria sexistarik gabeko eremua izan dadin kooperatiba.
Gainera, onuradunek betebehar hauek ere izango dituzte:
o) Bazkide denetik hiru urte igarotakoan, dirulaguntzaren onuradunak justifikatu beharko du bazkide izaten jarraitzen duela sartu zen entitatean, salbu eta onuradunaren borondatearen aurkako arrazoiak egiaztatzen badira, edo justifikatzen bada hark sozietatearen kapitalerako egindako ekarpenak (diruz lagundutako zenbatekoa gutxienez) enpresan jarraitzen duela. Horretarako, bazkide egin eta hiru hilabetera, enpresan segitzen duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
p) Justifikatu beharko du eusten diola hasiera batean egindako ekarpenari, eta aurreko apartatuan adierazitako epe berean egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, hori egiaztatzen duena. Pertsonak horrek nahita murriztu badu hasierako ekarpen hori, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio zenbateko hau: hasierako ekarpenaren ehuneko zenbat jaso zuen dirulaguntzatan, ehuneko hori azken ekarpenari aplikatu, ateratzen den zenbatekoa dirulaguntza modura jasotako zenbatekotik kendu, eta geratzen den zenbatekoa itzuli beharko du.
9. oinarria.– Ordaintzeko modua.
1.– Dirulaguntzen ordainketa honela egingo da:
a) II. eta III. kapituluetako jardueretarako, lehenengo ordainketa dirulaguntza osoaren % 80 izango da, eta dirulaguntza eman eta hamabost eguneko epean ordainduko da berariazko ukorik izan ez bada; eta bigarren ordainketa, gainerako % 20a, diruz lagundutako ekintza edo ekintzak amaitu ondoren ordainduko da.
b) IV. kapituluko jarduketetarako dirulaguntzak, berriz, ordainketa bakarrean emango dira, onuradunak dirulaguntza onartu ostean, edo, bestela, dirulaguntzari idatziz uko egin gabe 15 eguneko epea igaro ondoren.
2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona edo entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du. Pertsona edo entitate onuraduna erregistratuta ez badago, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan jasota dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
3.– Ez da inolako ordainketarik egingo pertsona edo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, edo zorduna bada dirulaguntza itzultzeko ebazpen baten ondorioz.
10. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, xedea betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, administrazio honen edo beste edozein administrazioren edo ente publiko edo pribatu baten dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, alabaina, agindu honetan entitate edo pertsona onuradun izateko ezarri diren betekizunak bete behar dira, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarrita daudenak ere. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate edo pertsona onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.
11. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Entitate edo pertsona onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezar daitezkeen baldintzak, dirulaguntza galduko du, eta jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari, bi hilabeteko epean. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 80 gutxienez exekutatzen duenean, exekutatu gabeko jarduketari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe. Aurreikuspen horrek II. eta III. kapituluetako eskaeretarako balio du.
3.– Ez-betetze partziala gertatuz gero, eta baldin eta bazkideak gutxienez 18 hilabete iraun badu bazkide gisa, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da, 3 urtera iristeko falta den denboraren proportzioan, hori baita dirulaguntza jasotzeko ezarri den betekizuna. 18 hilabete oso baino gutxiago iraun badu, dirulaguntza osoa itzuli beharko du. Aurreikuspen horrek IV. kapituluko eskaeretarako balio du.
4.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.
12. oinarria.– Dirulaguntza itzultzeko prozedura.
Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak laguntza jaso duen pertsona interesdunari edo entitate onuradunari prozedura hasi dela eta prozedura oinarritzen duten arrazoiak zein diren jakinaraziko dio, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
b) Alegazioak jasotakoan, edo epea igaro eta alegaziorik jaso ez bada ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpena emango du, eta horren bitartez xedatuko du, hala badagokio, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar zaion; horretarako epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
Dirulaguntza itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.
13. oinarria.– Datuen babesa.
1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
2.– Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide hauetara jo daiteke:
a) II. kapitulua: https://www.euskadi.eus/rgpd/1217915
b) III. kapitulua: https://www.euskadi.eus/rgpd/1217916
c) IV. kapitulua: https://www.euskadi.eus/rgpd/1217917
II. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK SORTZEN LAGUNDUKO DUEN EKOSISTEMA BATI EUSTEN JARRAITZEKO LAGUNTZAK (EKINTZAILETZA KOLEKTIBOA SUSTATZEA)
14. oinarria.– Diruz laguntzeko moduko jarduerak.
Kapitulu honen ondoreetarako, hauek izango dira diruz laguntzeko moduko jarduketak:
a) 1. lerroa: Ideien lehiaketak diseinatzea eta egitea, gizarte-ekonomian espiritu ekintzailea sustatzeko eta enpresetan gizarte-ekonomiaren arloko kultura zabaltzeko.
b) 2. lerroa: Gizarte-ekonomiako ereduaren preskriptoreen sarea optimizatzea eta osatzea, ekintzailetza kolektiborako ibilbideetan «sartzeko ate» izan daitezen tresnak emanez (informazioa eta ezagutza). Hauek izango dira diruz laguntzeko moduko ekintzak:
1. Informazio eta prestakuntzako saioak egitea Lanbideko zentroetan, prestakuntza presentzial eta birtualeko eskuliburuekin, langileentzat.
2. Gizarte-ekonomiako ereduak indarrean jartzeko proposamenak egitea LHko zentro, institutu eta unibertsitateetako orientazio-zerbitzuetan, inplikatutako eragileekin aztertuz nola eman dakiokeen presentzia handiagoa gizarte-ekonomiari Urrats bat eta Ikasenpresa bezalako programetan eta graduondoetan. Era berean, lurraldeko eragileen artean (tokikoak, eskualdekoak, foralak, Bis) eta ekintzailetzarekin lotutako beste eragile batzuen artean (merkataritza-ganberak, aholkularitzak, banku-fundazioak) eta eraldaketa-, ondorengotza- eta birmoldaketa-prozesuak goiz detektatzeko antenaren mantentze-jardueren artean, preskriptoreen informazioan oinarrituta.
c) 3. lerroa: Gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako urteko jarduketa-plana egin, garatu eta betetzea, inguruko hezkuntza-entitateen nahiz eskualdean oinarritutako lurralde-eremuan finkatutako enpresen partaidetza duten entitateek, hain zuzen, ahal dela gizarte-ekonomiakoak. Jarduketa-planak nahitaez jaso behar ditu eduki hauek:
1. Helburu kuantitatiboak, gizarte-ekonomiako enpresak eratzeko sustapenari buruzkoak, eta, hala badagokio, gizarte-ekonomiako enplegu asoziatiboa sortzekoak.
2. Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko plangintzan jasotakoa gauzatzeko behar diren gastuak, finantzaketa zehaztuta, eta barne direla xedea lortzeko atzerriko erakundeekin edo entitateekin lotu behar izan diren harremanetatik eratorritako gastuak.
3. Enpresa-jardueran arituko diren pertsonei etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa emango dieten hezkuntza-entitateen berariazko lankidetza edukitzea.
4. Gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek lurralde-sustapeneko urteko planean parte hartzen dutela bermatzea, etorkizuneko proiektuei estaldura eman badiezaiekete. Proiektu bakoitzerako, planean zehaztu behar da laguntzaren nondik norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila.
15. oinarria.– Entitate onuradunak.
Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:
a) 14.a) eta 14.b) oinarrietako jardueretarako: gizarte-ekonomiako enpresen asoziazio-entitateak eta helburu sozialen artean gizarte-ekonomiako enpresak sustatzea eta eratzea duten enpresa-lankidetzarako egiturak edo taldeak, beren jardueren esparruan, gutxienez, bi urteko eskarmentua dutenak.
b) 14.a) eta 14.c) oinarrietako jardueretarako: helburu soziala kooperatiba edo lan-sozietateen eraketa sustatzea duten pertsona juridikoak, irabazi-asmorik gabekoak badira, edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko entitateen esku bada (hemendik aurrera, entitate sustatzaileak).
c) Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta betiere horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.
16. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) 14.a) eta 14.b) oinarrietako jardueretarako: aurreikusitako jarduketak zergatik eta zertarako egin nahi diren zehatz-mehatz azaltzen duen memoria. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu eduki hauek:
1. Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.
2. Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.
3. Diruz laguntzeko moduko jarduketaren garapen-egutegi deskribatzailea.
4. Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plan xehatua.
5. Programan lankide izango diren entitateen zerrenda, behar izanez gero.
b) 14.c) oinarriko jardueretarako:
1. Jarduketa-plana, agindu honetako 14.c) oinarrian ezarritako baldintza eta betekizunekin.
2. Lurraldeko hezkuntza-entitateen egiaztagiriak, eta entitate horiek proiektuan duten inplikazioaren frogagiria.
3. Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek proiektuan duten parte-hartzeari buruzko egiaztagiria.
17. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:
a) 14.a) oinarriko diruz laguntzeko moduko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 75; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 50.000 euro jaso ahal izango ditu.
b) 14.b) oinarriko diruz laguntzeko moduko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.
c) 14.c) oinarriko diruz laguntzeko moduko jardueretarako: jardueraren kostuaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 60.000 euro jaso ahal izango ditu.
2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko –9. oinarriaren 1.a) puntuan jaso da–, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:
a) 14.a) eta 14.b) oinarrietako jardueretarako:
1. Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.
2. Memoria ekonomikoa, jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasotzen duena. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da. Egindako gastuaren egiaztagiriak jatorrizko fakturak edo kopia autentikoak izango dira.
3. Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi behar dira.
b) 14.c) oinarriko diruz laguntzeko moduko jardueretarako: Egindako sustapen-jardueraren urteko aldiari buruzko memoria xehatua, non berariaz jasoko baitira egindako jarduera osoa, bai gizarte-ekonomiako entitateen sustapena, bai, hala badagokio, hedapen-jardueratik eratorritakoak ez diren beste batzuk, eta egindako gastuaren justifikazio-dokumentazioa, jatorrizko fakturak edo kopia autentikoak aurkeztuta.
2.– Justifikazioan barne-gastuak eta entitate onuradunaren langile-gastuak sartzen badira, proiektua gauzatu den hilabeteei dagozkien Gizarte Segurantzako LZI eta KLO ereduen kopia aurkeztu beharko da, jardueran parte hartu duten langileak KLO ereduan identifikatuz. Enpresaren edo entitatearen legezko ordezkariaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren portzentajeari buruz.
III. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESAK ERATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK
18. oinarria.– Diruz laguntzeko moduko jarduketak.
Kapitulu honen ondoreetarako, hauek izango dira diruz laguntzeko moduko jarduerak:
a) 4. lerroa: Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea 2025eko azaroaren 18tik agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arteko bitartean (biak barne).
Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresatzat hartuko dira lan-sozietateak eta lan elkartuko sozietate kooperatiboak, bai eta beste mota batekoak izanik lan-bazkideekin eratzen diren kooperatibak ere.
Gizarte-ekonomiako enpresen eraketatzat hartuko dira, halaber, lehendik dauden enpresa-jarduera duten entitateak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzen diren kasuak, bai eta nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibak eratzen diren kasuak ere.
b) 5. lerroa: Gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea, osteko jarraipena eta enpresa-kudeaketarako doako aholkularitza barne direla, enpresaren jarraipena sustatzeko eta horri eusteko helburuarekin, enpresa inskribatu eta urtebeteko epean.
c) 6. lerroa: 2026an azterketa hauek egitea, gizarte-ekonomiako enpresa bat sustatzea helburu izanik:
1. Ezaugarri hauek dituzten sozietate anonimoen edo mugatuen ekonomiaren eta finantzen bideragarritasunaren azterlana egitea: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak areagotzea, gehiegizko gaitasuna izatea, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zor gehiago izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahultzea edo desagertzea.
2. Azterketa juridiko eta ekonomiko-finantzario baten bidez aztertu behar da ea bideragarria den langileek beren gain hartzea lanean ari diren enpresaren jabetza, belaunaldi-aldaketarik gabe.
19. oinarria.– Entitate onuradunak.
Hauek jaso ditzakete kapitulu honetan bilduriko laguntzak:
a) 18.a) oinarriko jardueretarako: 2025eko azaroaren 18tik agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arteko bitartean (biak barne) hurrenez hurren kooperatiben erregistroan edo merkataritza-erregistroan inskribatuta dauden kooperatibek edo lan-sozietateek. Ondorio horietarako, inskripzio-eskabidea dagokion erregistroetan aurkeztu den eguna hartuko da erregistroan inskribatu izanaren datatzat.
b) 18.b) oinarriko jardueretarako: helburu soziala kooperatiba edo lan-sozietateen eraketa sustatzea duten pertsona juridikoek, irabazi-asmorik gabekoak badira, edo haien jabetza batik bat irabazi-asmorik gabeko entitateen esku bada (hemendik aurrera, entitate sustatzaileak).
c) 18.c) oinarriko jardueretarako: enpresa-bideragarritasunari buruzko azterketak egin ditzaketen kanpoko aholkularitza-enpresek. Aholkularitza-enpresa horien partaidetzan gehiengoa izan behar dute gizarte-ekonomia ordezkatzen duten erakundeek, edo kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten aholkularitza-enpresek, gizarte-ekonomia ordezkatzen duen erakunderen batekiko lotura badute.
20. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak eta bete direla egiaztatzeko modua.
1.– Betebehar hauek dituzte 18.a) oinarriko diruz laguntzeko moduko jarduerak egiteagatik onuradun izan diren sozietate kooperatiboek eta lan-sozietateek:
a) Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostuen kopuruari eustea dagokion erregistroan inskribatutako data osteko urtean zehar, horren arabera zehaztu baita dirulaguntzaren zenbatekoa.
Aldi horretan baja edo sarrera berririk izan bada bazkideen artean, hasierako sarreren baldintza soziolaboral berberetan egin behar dira sarrera horiek.
Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko erabili zen bazkide langileen edo lan-bazkideen kopuruari eusten ez bazaio, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dira, mantendutako bazkide-kopuruaren proportzioan.
b) Gizarte-ekonomiako enpresen eta entitateen asoziazio-egitura batean integratuta jarraitzea, gutxienez dagokion erregistroan inskribatu eta hiru urte bete arte.
c) Agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak erreserba berezi batera zuzentzea; erreserba hori banatu ezinekoa izango da, harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; ukatu gabe, dirulaguntza jasotzen duen enpresak galerarik badu, galera horiek zenbateko horrekin konpentsatzeko aukera.
d) Gizarte-ekonomiako enpresa izaten jarraitzea dagokion erregistroan inskribatu zenetik hiru urte betetzen direnean.
2.– Honela egiaztatuko da aipatutako betebeharrak betetzen direla:
a) 20.1.a) oinarrian jasotakorako: entitate onuradunak bazkideen liburuaren kopia autentikoa igorri beharko dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari, hamabi hilabeteko aldia amaitu eta hilabeteko epean. Aipatutako kopia autentikoaren ordez, sozietateak emandako ziurtagiri bat igorri ahal izango da, non zehaztuko baita ziurtagiria ematen den unean jardunean dauden bazkide langileen edo gizarte-segurantzan bazkide langile gisa alta emanda dauden pertsonen zerrenda, baita entitatea eratu zenetik emandako bajen zerrenda ere. Aurkeztu beharreko dokumentazioa epe horretan aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaio entitateari aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro, eta eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta justifikatu gabeko aldiari proportzionalki dagokiona itzuli beharko dute, hala badagokio, haren erdia baino handiagoa bada.
b) 20.1.b) oinarrian jasotakorako: dirulaguntza eman duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du betebeharra betetzen dela, dagokion sozietate-elkartean integratuta jarraitzen duela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatuta. Bi unetan egiaztatuko da: sozietatea dagokion erregistroan inskribatu zenetik urtebete betetzen denean eta hiru urte betetzen direnean.
c) 20.1.c) eta 20.1.d) oinarrietan jasotakorako: dirulaguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko ditu, sozietatea erregistroan inskribatzen denetik hiru urte igarotakoan, aipatutako betebeharrak; horretarako, kooperatibek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu behar dituzten urteko kontuak aztertuko ditu. Aurkeztu ezean, errekerimendua egin eta 10 eguneko epea jarriko zaie horiek aurkezteko, ondorio horietarako. Epe hori igaro eta konturik aurkezten ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta ordaindutakotik justifikatu gabe dagoen aldiaren zati proportzionala itzuli beharko dute.
Onuradunak lan-sozietateak direnean, dirulaguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiete kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Bestela, lehen deskribatutako prozedurari jarraituko zaio.
3.– Entitate onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, eratutako lan elkartuko kooperatibak edo lan-sozietateak ez badio eusten asoziazio-egitura baten barruko gizarte-ekonomiako enpresa izateari hiru urtez, jarduketak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du gauzatutako epea gutxienez hemezortzi (18) hilabetekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan, eta jaso duen gehiegizko kopurua itzuli beharko du onuradunak.
4.– Entitate onuradunak justifikatzen badu sozietatea galerengatik azkendu edo likidatu dela, sozietateak 18.a) oinarrian adierazitako betebeharrak bete dituela ulertuko da, emandako dirulaguntzari dagokionez behintzat.
21. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) 18.a) oinarriko jardueretarako:
1. Enpresa-proiektuari buruzko enpresa-plana edo -planak, lehenengo ekitaldi osoan garatuko diren jarduerak azalduz.
2. Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkide langileen gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten agiriak, prestakuntza hori emango duen entitatearen izena adieraziz.
3. Bazkideen liburuaren kopia autentikoa, baita enpresan sartutako pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.
4. Sustatutako entitatearen erregistro-inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia autentikoa, eta sozietatean sartutako bazkide bakoitzaren kapital sozialerako (kooperatibak) eta lan-kapitalerako (lan-sozietateak) ekarpenaren banku-frogagiria.
5. Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia, edo horretarako eskabidea aurkeztu izana ziurtatzen duen agiriaren kopia.
6. Legez eratutako gizarte-ekonomiako asoziazio-egitura batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
7. Hala badagokio, desgaitasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, non adieraziko baita zein den desgaitasun-maila.
8. Hala badagokio, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa, edo espetxeak emandako ziurtagiria.
9. Hala badagokio, bizikidetza-egiaztagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita ordaindutako jarduerarik egiten ez duen seme edo alaba bat edo gehiago dituela bere kargura, baldin eta kontratatutakoek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago.
10. Etxeko indarkeriaren biktima izan direnen kasuan, egoera hori egiaztatzen duen agiria, hau da, etxeko indarkeriaren biktimak babesteko agindua.
11. Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, Ministerio Fiskalaren txostena –non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat– edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.
12. Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.
13. Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme edo alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.
14. Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen jakinarazpenaren kopia, horren gaineko eskumena duen organoak emana.
b) 18.b) oinarriko jardueretarako:
1. Entitate sustatzailearen eta sustaturiko entitatearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria.
2. Aurreikusitako jarduerei, gastu-aurrekontuari eta finantzaketa-planari buruzko memoria zehatza.
3. Enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako plana, non aurreikusitako metodologia adieraziko baita.
c) 18.c) oinarriko jardueretarako:
1. Bideragarritasun-azterketaren proiektuaren memoria.
2. Enpresa 18.c) oinarrian jasotzen diren egoeretako batean dagoela azaltzen duen justifikazioa.
d) 18. oinarriko jardueretarako, entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiaztatzeko:
1. Aitortu dituela administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik xede edo helburu bererako eskatu edo jaso dituen laguntzak.
2. Ez duela ezarrita zigor penal edo administratiborik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.
3. Ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren legezko debekurik, sexu-diskriminaziogatiko debekuak berariaz aipatuta.
4. Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. Konpromisoa hartzen duela gainfinantzaketarik ez izateko agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako.
6. Aitortu duela hiru urteko edozein epealditan de minimis araubideko dirulaguntzarik jaso duen.
7. Indarrean duela berdintasun-plana, Estatuko araudiaren arabera nahitaezkoa bada. Betekizun hori ofizioz egiaztatuko da, gerora Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak dituztela eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzen dituztela adierazi beharko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
8. Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
9. Betetzen dituela laneko segurtasun eta osasunaren alorreko araudian ezarritako eskakizunak.
10. Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
11. Ez dela krisialdian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (EBAO 2014/C 249/01).
12. Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota, edo, bestela, egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
13. Entitate eskatzaileak adierazten du bazkide batek ere ez duela parte hartu, urte honetan edo agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurreko azken hiru urteetan, antzeko ekonomia-jarduera bat garatzeko laguntza-lerro honen onuradun izan den beste kooperatiba edo lan-sozietate bat eratzen.
14. Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta bere gain hartzen duela haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna.
15. Bete egiten dituela indarrean dauden legeetan ezarritako betekizunak.
22. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:
a) 4.000 euro, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa sartutako pertsona bakoitzeko.
Halakotzat joko dira gizarte-ekonomiako enpresa eratzen denetik agindu honetako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den arte (egun biak barne) gizarte-ekonomiako enpresan sartzen diren bazkide langile edo lan-bazkide guztiak.
Aurreko paragrafoan bazkide langileak eta lan-bazkideak aipatzen direnean, nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatiben kasuan, eskubide osoko bazkideak aipatzen ari direla ulertu behar da.
b) Aurreko atalean zehaztutako kopuruari 1.000 euro gehituko zaizkio kasu hauetako bakoitzarengatik:
1. Emakumeak izatea, entitateko bazkide langile edo lan-bazkideen gehiengoa emakumeak badira.
2. Desgaitasuna duen pertsona izatea, hau da, urritasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izan eta gutxienez % 45eko desgaitasuna onartua izatea.
3. Eusko Jaurlaritzak eta Enplegu Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.
4. Guraso bakarreko familiako aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duen seme edo alaba bat edo gehiago izatea bere kargura.
5. Genero-indarkeriaren biktima izatea, hau da, pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen beste edozeinen indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izatea, betiere modu egiaztatu batean, bai genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren bidez, bai Ministerio Fiskalaren txostenaren bidez –non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat–, bai genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaiaren bidez.
6. Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonak, 162/2023 Dekretuaren arabera –162/2023 Dekretua, urriaren 31koa, zeinaren bidez laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen baita, eta enpresa horietan sartzeko prozedura eta haien erregistroa ezartzen baitira–, baldin eta aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan gertatzen bada pertsona horien kontratazioa. Gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitu eta berehala egiten bada kontratazioa, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.
7. Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak izatea, azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuak (290/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duena) VII. kapituluan horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak izatea, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.
8. Toxikomano ohiak izatea (alkoholiko ohiak eta drogazale ohiak); halakotzat hartuko dira, agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, baldin eta interesgarritzat jotzen bada lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea.
9. Pertsona bera bada aurreko egoera batean baino gehiagotan dagoena, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari 1.000 euro gehituko zaio egoera bakoitzeko, baina dirulaguntza gehienez ere 6.000 eurokoa izango da sartzen den bazkide edo lan-bazkide bakoitzeko.
c) Dirulaguntzak, a) eta b) letren arabera kalkulatuta, ezin izango du inola ere gainditu sozietateko bazkide langile mugagabeek harpidetutako kapitalaren guztizko kopurua, eta 30.000 eurotik gorakoa ere ez da izango.
2.– 18.a) oinarriko jarduerak egiten dituzten entitate onuradunentzat: aurreko apartatua aplikatuta ateratzen den kopuruaren % 100.
3.– 18.b) oinarriko jarduerak egiten dituzten entitate onuradunentzat: oinarri honen 1. apartatua aplikatuta ateratzen den kopuruaren % 30. Lurralde-sustapen planifikatuko jardueragatik onuradun den entitate baten kasuan –14.c) oinarria–, 18.b) oinarrian araututako jarduerarako diruz laguntzeko moduko gehieneko zenbatekoa 20.000 euro izango da.
4.– 18.c) oinarriko jarduerak egiten dituzten entitate onuradunentzat: bideragarritasun-azterketaren kostu garbiaren % 100, eginiko azterketa bakoitzeko 5.000 euroko mugarekin.
23. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko –9. oinarriaren 1.a) apartatuan jaso da–, frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu entitate onuradunak:
1.– 18.a) oinarriko jardueretarako: agindu honen 20.1.b) oinarrian aipatzen den Bazkideen Liburuaren kopia autentikoa edo entitatearen ziurtagiria.
2.– 18.b) oinarriko jardueretarako: Egindako jarduerak justifikatzen dituen memoria orokorra. Egindako gastuen justifikazio ekonomikoa jaso beharko da, bai eta egindako ordainketak egiaztatzeko eta justifikatzeko dokumentazioa ere. Era berean, enpresa-planaren bilakaerari eta lortutako emaitzei buruzko azalpen-memoria erantsi beharko da, dirulaguntza ekonomikoa jaso duen entitate bakoitzeko banakakoa.
3.– 18.c) oinarriko jardueretarako: egindako azterketaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.
24. oinarria.– De minimis laguntzak.
1.– Agindu honen 18.a) oinarriaren babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek erregelamendu hau bete beharko dute: (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Batzordearena, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).
IV. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESETAN BAZKIDEAK SARTZEKO LAGUNTZAK
25. oinarria.– Diruz laguntzeko moduko jarduketak.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak 2025eko azaroaren 18tik agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu arteko bitartean (biak barne) jarraian adieraziko diren bazkideak sartzeko jarduketak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira. Hauek dira sar daitezkeen bazkideak:
a) Langabeak sartzea, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa, sozietate kooperatiboaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten enpresetan.
b) Besteren konturako lan-kontratua duten langile ez bazkideak sartzea, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa, sozietate kooperatiboaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten enpresetan.
c) Desgaitasuna duten pertsonak sartzea, bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa sozietate kooperatiboaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten enpresetan.
d) Nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan eta jarduera mistoetan diharduten ustiategien titularrak sartzea, bazkide mugagabe gisa, nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibetan.
26. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– 3. oinarrian (3., 4. eta 5. puntuak) adierazitako betekizun orokorrez gain, kapitulu honetan deitutako laguntzen onuradun izateko, betekizun espezifiko hauek bete beharko dituzte eskatzaileek, xede-taldeen arabera:
a) Langabeak:
Langabe gisa inskribatuta egotea enplegu-zerbitzu publikoan, eta gutxienez hiru hilabeteko antzinatasuna izatea. Antzinatasun horrek etenik gabekoa izan beharko du, eta bazkide gisa sartu aurre-aurrekoa. Betekizun hori bete behar izanez gero, probaldia hasteko egunean bete beharko da –probaldia Euskadiko Kooperatiben abenduaren 20ko 11/2019 Legean dago araututa–.
b) Besteren konturako langileak:
Besteren konturako langileak onuradunak izan daitezke, baldin eta gizarte-ekonomiako entitatean bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartu aurre-aurreko epean enpresa horretan bertan izan bazuten lan-kontratua eta sei hilabetetik gorako antzinatasuna bazuten. Ez da dirulaguntzarik emango, baldin eta 1382/1985 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuaren barnean egiten bada lan-kontratu mugagabea –1382/1985 Errege Dekretua, abuztuaren 1ekoa, goi-zuzendarien lan-harreman berezia arautzen duena–.
Langileak entitate bat gizarte-ekonomiako entitate bihurtu delako sartzen badira bazkide langile edo lan-bazkide gisa, ezinbesteko betekizuna izango da sartu berri diren bazkideak besteren konturako langile izandakoak izatea, eta sartu aurre-aurreko lan-kontratua mugagabea izatea eta sei hilabete baino gehiagoko antzinatasuna izatea eraldaketa egin zuen enpresan bertan.
Legezko subrogazio baten haritik eta gizarte-ekonomiako entitatea adjudikaziodun suertatu den zerbitzu-kontrata edo administrazio-emakida baten ondorioz, langileak bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartzen badira gizarte-ekonomiako entitatean, ezinbesteko betekizuna izango da sartutako bazkide horiek kontratu mugagabea izan duten besteren konturako langile izatea jatorrizko entitatean.
c) Desgaitasuna duten pertsonak:
Desgaitasuna duten pertsonak badira, enplegu-zentro berezietatik badatoz eta era iraunkorrean sartzen badira gizarte-ekonomiako entitateren batean, betiere kontuan hartuta gizarte-ekonomiako entitate hori izan daitekeela pertsona horiek zerbitzuak ematen zituzten enplegu-zentro berezi bera. Euskal Autonomia Erkidegoko lantoki batean sartu behar dira behar dira.
Ondorio horietarako, desgaitasuna duten pertsonak izango dira urritasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izan eta gutxienez % 33ko desgaitasuna onartua dutenak.
d) Nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibetan sartzea:
1. Nekazaritzan, abeltzaintzan, basogintzan eta jarduera mistoetan diharduten ustiategien titularrak izatea, betiere euren kasa eta zuzenean egiten badituzte ustiategirako behar diren jarduerak, denbora osoan edo partzialean.
2. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibetan bazkide gisa sartzea.
3. Ustiategiek Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute.
4. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatiba bateko kideak badira, kide izaten gutxienez 5 urte daramatela, eta justifikatutako arrazoi objektiboak direla medio nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibaz aldatzen badira, arrazoi horiek egiaztatu beharko dira nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen entitateak emandako aldeko txostenaren bitartez.
27. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Kasu guztietan:
1. Bazkide-izaera egiaztatu behar da, administrazio-organoaren erabakiari buruzko ziurtagiriaren bidez, non adieraziko baita noiz hartu zuen bazkideak eskubide osoko bazkide mugagabearen izaera.
2. Sozietateak emandako ziurtagiria, non adieraziko baita zenbateko kapitala harpidetu duen eskatzaileak enpresan bazkide gisa sartzeko. Ziurtagiri horretan, kasuan-kasuan, banaka adierazi beharko dira sarrera-kuotaren eta hasierako ekarpenaren kopuruak.
3. Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:
i) Ea eskatzailea beste laguntzarik edo dirulaguntzarik jasotzen ari den xede eta helburu bererako administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik.
ii) Eskatzaileak ez duela ezarrita zigor penal edo administratiborik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.
iii) Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren legezko debekurik.
iv) Bete egiten dituela indarrean dauden legeetan ezarritako betekizunak.
v) Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta bere gain hartzen duela haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna.
b) Langabeak direnean:
1. Langabe gisa inskribatuta egondako aldiei buruzko ziurtagiria, enplegu-zerbitzu publikoak emana.
2. Dagokion enplegu-zerbitzu publikoaren ziurtagiria, non egiaztatu behar baita, hala badagokio, zenbat aitortu zaion ordainketa bakarreko langabezia-prestazioan.
c) Besteren konturako langileak direnean:
1. Lan-bizitzaren txostena, lan-kontratua hasi zen egunetik aurrerakoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, non agertu behar baita kontratu horrek sei hilabetetik gorako antzinatasuna duela.
2. Enpresaren ziurtagiria, non zehaztu behar baita ea zer-nolako harremana zeukan eskatzaileak entitatearekin eskubide osoko bazkide langile edo lan-bazkide mugagabe gisa sartu aurre-aurretik. Hau da, zehaztu beharko da ea besteren konturako langilea zen, bazkide langilea zen edo iraupen mugatuko lan-bazkidea zen.
3. Legezko subrogazio baten ondorioz sartuz gero, zerbitzu-kontratua edo administrazio-emakidarena, legezko subrogazioa egiaztatzeko.
d) Desgaitasuna duten pertsonak direnean:
Desgaitasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, non adieraziko baita zein den desgaitasun-maila.
e) Nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibetan sartzen direnean:
1. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren ziurtagiria, dagokion foru-aldundiak emana, non adieraziko baita nor den ustiategiaren titularra, hala badagokio; nekazaritza-araubideko lan-bizitzaren agiria, edo nekazaritzako besteren konturako langileen araubide berezikoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak emana.
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-kooperatibaren bateko kideak badira, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira: baja hartuko duten kooperatibaren ziurtagiria (kooperatiba horretan igarotako aldia azaldu beharko da) eta aldaketa hori egiteko premia objektiboaren aldeko txostena, nekazaritza-sektoreko kooperatibak ordezkatzen dituen entitateak emana.
2.– Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu zer dedikazio-erregimen daukan (partziala edo osoa) nekazaritza-ustiategian.
f) Hala badagokio:
1. Espetxe-egoera egiaztatzen duen agiria: Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena / Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa / Espetxeak emandako ziurtagiria.
2. Bizikidetza-ziurtagiria, familia-liburuaren kopia eta erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita ordaindutako jarduerarik egiten ez duen seme edo alaba bat edo gehiago dituela bere kargura, baldin eta sartzen diren pertsonek euren kargura badute ordaindutako jarduerarik ez duen ondorengo bat edo gehiago.
3. Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, aurreko lanpostuko lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duten agiriak. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme edo alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.
4. Genero-indarkeriaren biktima izan diren pertsonen kasuan, genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren kopia, Ministerio Fiskalaren txostena –non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat– edo genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaia.
5. Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.
6. Toxikomano ohien kasuan, onuraduna errehabilitazio-programan sartzea onartzen duen Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren jakinarazpenaren kopia.
28. oinarria.– Diruz laguntzeko moduko gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.
1.– Dirulaguntza-lerro honen kargura emandako dirulaguntzei dagokienez, onuradunek, bazkide langile bihurtzeko, sozietate kooperatiboan edo lan-sozietatean sartzeko unean kapital sozialean egin behar zituzten ekarpenak ordaintzen laguntzeko finantzaketarako erabiliko dira, eta, edonola ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan xedatutakora egokituko dira.
2.– Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak zenbateko hauek emango ditu dirulaguntza gisa:
a) 25.a) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: 3.000 euro.
b) 25.b) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: 2.000 euro.
c) 25.c) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: 2.500 euro.
d) 25.d) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: 2.000 euro.
3.– Kopuru horiei, hirurehun (300) euro gehitu ahal izango zaizkie apartatu hauetan adierazitako kontzeptu bakoitzeko, zeinak metagarriak izango baitira:
a) Emakumea izatea.
b) Desgaitasuna duen pertsona izatea, hau da, urritasun fisiko, psikiko edo sentsoriala izan eta gutxienez % 45eko desgaitasuna onartua izatea.
c) Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatiboan edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.
d) Guraso bakarreko familiako aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten seme edo alaba bat edo gehiago izatea bere kargura.
e) Genero-indarkeriaren biktima izatea, hau da, pertsona bera edo seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanen baten bidez lotura egonkorra izan duen beste edozeinen indarkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izatea, betiere modu egiaztatu batean, bai genero-indarkeriaren biktima babesteko aginduaren bidez, bai Ministerio Fiskalaren txostenaren bidez –non adierazi behar baita salatzailea genero-indarkeriaren biktima dela zantzuen arabera eta babes-agindua eman arte behintzat–, bai genero-indarkeriako gertakariek eragindako kondena-epaiaren bidez.
f) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu duten pertsonak, 162/2023 Dekretuaren arabera –162/2023 Dekretua, urriaren 31koa, zeinaren bidez laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen baita, eta enpresa horietan sartzeko prozedura eta haien erregistroa ezartzen baitira–, baldin eta aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteetan sartzen badira sozietate kooperatiboan edo lan-sozietatean.
g) Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak izatea, azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuak (290/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duena) VII. kapituluan horien kontratazioa sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak izatea, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.
h) Toxikomano ohiak izatea (alkoholiko ohiak eta drogazale ohiak); halakotzat hartuko dira, agindu honetan aurreikusitako laguntzen ondorioetarako, lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, baldin eta interesgarritzat jotzen bada lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea.
4.– Ematen den dirulaguntzak ez ditu gaindituko, inola ere, pertsona onuradunak dagokion sozietate kooperatiboan edo lan-sozietatean bazkide gisa sartzerakoan harpidetutako kapitalari (gehi sarrera-kuota edo jaulkipen-prima) dagozkion portzentajeak, hau da:
a) 25.a) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: % 100.
b) 25.b) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: % 50.
c) 25.c) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: % 75.
d) 25.d) oinarrian aurreikusitako kasuetarako: % 75. Lanaldi partziala eginez gero, harpidetutako kapitalaren % 50era murriztuko da portzentajea.
5.– Edonola ere, kapital-harpidetza horrek eskatzaileak egindako benetako diru-ekarpena izan behar du; izan ere, ez da kontuan hartuko lagapen, dohaintza edo doako bestelako formularen baten bidez egindako ekarpenik edo ekarpen-zatirik. Horrela, kapitala langabezia-kapitalizaziotik datorrenean, harpidetutako hasierako kapital-ekarpenaren eta langabezia-kapitalizazioaren zenbatekoaren arteko aldea izango da diruz lagunduko den zenbatekoa, 28.2.a) eta 28.2.b) azpiapartatuetan adierazitako mugarekin.
RSS