Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2026ko urriaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
4098

AGINDUA, 2026ko irailaren 9koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko laguntzen deialdia iragartzen baita 2026ko ekitaldirako.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak (Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2025eko otsailaren 14ko Aginduaren bidez onartua) eta Eusko Jaurlaritzaren 2026ko Aurrekontuaren Memoriak aurreko ekitaldiko dirulaguntza-lerroei eusten diete. Dirulaguntzen plan estrategiko hori Eusko Jaurlaritzako https://www.euskadi.eus web-orrian dago argitaratuta, sailari eskainitako espazioaren barruan, «Planak eta proiektuak» atalean. Enpresa-arloan duen garrantziagatik, kudeaketa aurreratuko tresnen ezarpena errazten jarraituko da, Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emanez.

Gizarte-ekonomiako enpresen gobernantzak eta administrazioak, oro har, ez dute gainerako enpresetan aplikatutakoaz bestelakoa den berezitasunik behar. Ondorioz, kudeaketa eraginkortasunez eginez gero, dagozkion emaitzak izango ditu, eta bazkideei onurak eragingo dizkie –gizarte-ekonomiaren kasuan, bazkideak langile ere badira–. Agindu honen bidez, gobernantza ekonomiko-finantzariorako dauden balio onenen erabilera sustatu nahi da.

Era berean, ingurumen-jasangarritasuna sustatzea eta enpresen digitalizazioa bultzatzea lehentasunezko erreferentzia dira Europar Batasunak exijitutako politika publikoetan. Hori dela eta, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak urteak daramatza laguntzak eskaintzen gizarte-ekonomiako euskal enpresetan alderdi horiek ezartzeko, eta aurreko ekitaldietako emaitzak oso arrakastatsuak izan dira.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Laguntzetarako oinarriak eta deialdia onartzea.

Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko 2026ko laguntzen oinarriak onartzea eta deialdia egitea; agindu honen eranskinean daude jasota oinarri horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzak hauen mende egongo dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 9a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, sozietate kooperatiboen eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko laguntza teknikorako emango dituen laguntzen deialdia egitea 2026ko ekitaldirako, oinarri hauetan jasota dauden baldintzen arabera.

2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:

a) Urteko kudeaketa-plana edo aginte-taula integrala egitea eta ezartzea, enpresen egitura ekonomiko-finantzarioa barne.

b) Kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketako aholkularitza espezifikoa jasotzea.

c) Kudeatzailetzari laguntzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea, kudeatzaileen edo zuzendarien egitekoetan laguntzeko, edo kooperatiba eta lan-sozietateetako jardun-arloekin zerikusia duten zerbitzuak kontratatzea, horien profesionalizazioa areagotzen laguntzeko xedez, merkatuan lehiakortasunari eusteko eta lehiakorragoak izateko giltzarrietako bat delako.

d) Zailtasunak dituzten enpresak suspertzeko plantzat hartzen diren ekintzak egitea, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko eta, hala badagokio, finantzaketa lortzeko gomendio zehatzak barne hartuta.

e) Antolakundeak eraldatzeko tresna berriak ezartzea, gizarte-ekonomiako entitateek antolaketa-eredu malguagoak izan ditzaten, bai eta kontziliazio-sistemak eta pertsonak garatzeko sistemak izan ditzaten ere.

f) Enpresak digitalizatzeko tresnak ezartzea. Honelako ekintzak lagundu ahal izango dira diruz: antolakundearen prozesuak eta eragiketak eraldatzeko teknologia digitalak erabiltzea ahalbidetzen dutenak, zenbait zeregin automatizatzeko prozesua errazten duten aplikazioen eta programen bidez; zeregin horietako batzuk izan daitezke informazioa bilatzea eta datuak formatu digitalean antolatzea, modu elektronikoan biltegiratu, partekatu edo manipulatu ahal izateko. Orobat, enpresen zibersegurtasun-soluzioak diruz lagundu ahal izango dira, babes digitaleko oinarrizko neurriak eta neurri aurreratuak ezartzen badituzte zibererasoak prebenitzeko, hala nola antibirusak ezartzen badituzte, pasahitzen kudeatzaileak edo hodeiko edo kanpoko segurtasun-kopiak erabiltzen badituzte, spamaren edo phishingaren aurkako iragazkiak instalatzen badituzte edo enpresaren wifi-sarea zifratuta dagoela ziurtatzen badute.

g) Ingurumena hobetzeko ekintzak ezartzea, enpresen jarduerak ingurumenean duen eragin negatiboa murrizteko.

h) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako entitateek aldez aurretik azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, euren entitate elkartuei bermeak emateko beharrezkoa den aldetik.

i) Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko eta eraldatzeko pizgarriak kentzen dituzten oztopo juridikoak aztertzea.

j) Plan estrategikoa egitea eta ezartzea eta bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioko planak prestatzea, ekintzailetza-zentro berriak eratzeko eta abian jartzeko.

2.– Ekintzak 2026. urtean hasi beharko dira. Aurreko apartatuko h) letrako ekintzei dagokienez, hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako entitateek euren entitate elkartuei bermeen prestazioa egingo dien entitatearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.

3.– Ekintzak, gehien jota, 2027ko lehen hiruhilekoan amaitu behar dira.

4.– Dirulaguntza bakarra eman ahal izango zaio entitate eskatzaile bakoitzari, eta diruz lagundu daitekeen jarduera bakarra egiteko, 5.2 oinarrian jasotako salbuespenarekin. Prozeduran lehendik eskaera bat erregistratuta duen entitate batek beste eskaera bat aurkezten badu, automatikoki atzera egindakotzat joko da.

5.– 2.1.e) oinarrian jasotakoaren ondorioetarako, antolakundea eraldatzeko tresna berritzat joko dira pertsonak enpresen funtsezko ardatz egituratzaile gisa hartuta eredu hauetakoren bat ezartzen dutenak:

a) Antolamendu-eredu malguak eta sarekoak: enpresa-eredu tradizionala (piramidala, taylorista) erakunde malguago bilakatzea, inguruneko aldaketetara egokitzeko.

b) Kontziliazioa kudeatzeko sistemak: interes sozialak, enpresakoak eta pertsonalak uztartzen dituzten tresnak.

c) Pertsonen garapen-eredua: pertsonen gaitasunak ezagutzea, haien hobekuntza-arloak hautematea eta hazkunde-aukerak identifikatzea ahalbidetzen duten tresnak, gaur egun eta etorkizunean enpresan duten eginkizunaren barruan.

d) Gatazkak kudeatzeko tresna aurreratuak.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2.1 oinarriaren a), b), d), e), f), g) eta i) letretako kasuetan, diruz lagundu daitezkeen gastuak diruz lagundu daitekeen proiektua egiteko behar den aholkularitzaren gastuak edo aholkularitza-entitateen gastuak izango dira. 2.1 oinarriko h) eta i) kasuei dagokienez, bermeak eratu aurretiko azterlan ekonomiko eta finantzarioa egiteko edo araudiari buruzko azterlanak egiteko behar diren gastuak izango dira diruz lagundu daitezkeenak. 2.1 oinarriko c) apartatuari dagokionez, han aipatutako zerbitzuak kontratatzeko gastuak izango dira diruz laguntzeko modukoak.

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta dirulaguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, laurehun eta berrogei mila (440.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: berrehun eta hirurogeita lau mila (264.000) euroko ordainketa-kreditua, 2026ko ekitaldiari dagokiona –horietatik, ehun eta hogeita lau mila eta berrehun (124.200) euro de minimis laguntzetarako, eta ehun eta hogeita hemeretzi mila eta zortziehun (139.800) euro de minimis ez direnetarako–; eta ehun eta hirurogeita hamasei mila (176.000) euroko konpromiso-kreditua, 2027ko ekitaldiari dagokiona –horietatik, laurogeita bi mila eta zortziehun (82.800) euro de minimis laguntzetarako, eta laurogeita hamahiru mila eta berrehun (93.200) euro de minimis ez direnetarako–.

2.– Laguntzak esleitzeko, hainbanaketa bidezko norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, agindu honen 11. oinarrian aurreikusitako gehieneko muga portzentual eta kuantitatiboak hartuko dira kontuan.

3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako 1. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko.

4.– Zuzkidura ekonomikoa ez bada aski hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak ordaintzeko, eta 5.1 oinarrian zehaztutako kolektiboetakoren batean entitate onuradunen kolektiboa artatzeko saldoa sobratzen bada eta bestean ebazpen positibo guztiak estaltzeko baliabideak falta badira, sobera dagoen saldoa beste taldearen beharrizanak estaltzeko erabiliko da.

5.– Aurreko aukeretako bat ere gertatzen ez bada, murrizketa proportzionala aplikatuko da kalkulatutako zenbatekoetan, bereizita, talde bakoitzerako.

5. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) Kooperatibak eta lan-sozietateak: 2.1.a) oinarritik 2.1.g) oinarrira bitartean eta 2.1.j) oinarrian adierazitako jardueretarako.

b) Gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-entitateak.

2.– Gizarte-ekonomiako enpresak ordezkatzen dituzten elkarte-entitateek eskaera bat aurkeztu ahalko dute, elkartutako enpresak batzen dituena, diruz lagundutako kudeaketa-tresnaren bat egiteko. Kasu horretan, diruz lagundutako jarduera egiteak doakoa izan beharko du entitate elkartu edo federatuentzat, eta elkarte-entitateak berak ordainduko du Administrazioak bere gain hartu ez duen kostua. Eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, baldintza orokor edo berezi guztiak betetzen dituzten enpresak edo entitateak soilik hartuko dira kontuan, laguntza-eskabidearekin lotutako lerro partikularraren arabera.

3.– 2.1 oinarriko a), f) eta g) letren kasuetan, kooperatiba edo lan-sozietate onuradunak azken bost urteen barruan eratuta edo eraldatuta egon beharko dira; epe hori 15 urtekoa izango da 2.1.d) oinarriko kasuetan.

4.– 2.1 oinarriko a), c) eta e) letren kasuetan, enpresan 100 langile baino gutxiago egon beharko dira. 2.1 oinarriko f) eta g) letren kasuetan, enpresan 10 langile baino gutxiago egon beharko dira.

5.– 2.1 oinarriko a), b), c), d), e), f), g) eta j) letren kasuetan, kanpoko aholkularitza-entitate baten edo gizarte-ekonomia ordezkatzen duen entitate baten aholkularitza eduki beharko da.

6.– 2.1 oinarriko a), b), c), d), e), f) eta g) letren kasuetan, ezin izango dute aurretik laguntza publikorik jaso antzeko kudeaketa-tresnak ezartzeko.

7.– 2.1 oinarriko d) letran jasotakoaren ondorioetarako, zailtasunak dituzten enpresatzat hartuko dira agindu hau eman aurreko bi ekitaldietan galerak izan dituztela egiaztatzen dutenak.

6. oinarria.– Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte entitate eskatzaileek:

a) Egiaztatzea egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Hori guztia, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz (agindu hori EAEko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

b) Ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo horretarako ezgaitzen duen debekurik.

c) Ez izatea ezarrita zehapen administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

d) Beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu direla eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea.

e) Hala badagokio, hiru urteko edozein epealditan jasotako de minimis laguntzen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

f) Berdintasun-plan bat izatea indarrean, Estatuko araudiaren arabera nahitaezkoa bada. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

g) Hitzematea ez dutela enpresa deslokalizatuko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

h) Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

i) Ez izatea krisialdian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).

j) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.

k) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota betetzea, edo, bestela, egiaztatzea jarri direla abian neurri alternatiboak hori bete dadin.

2.– Aurreko apartatuko baldintzak bete behar dira, bai entitate onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizunak bi unetan egiaztatuko dira: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.

3.– Pertsonek edo entitateek telematikoki justifikatuko dute oinarri honetako 1. apartatuan zehaztutako baldintzak betetzen dituztela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera.

7. oinarria.– Aholkularitza-entitateak.

Baldintza hauek bete behar dituzte 3. eta 5. oinarrietan adierazi diren kaudimen aitortuko aholkularitza-entitateek –pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan daitezke–:

a) Nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan garatzea beren jarduera.

b) Jardueraren ardatza enpresa-aholkularitza izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-zentroetan goi-mailako tituludunak izatea, batez ere gizarte-ekonomiako enpresetan egiaztatutako esperientzia dutenak (kasu guztietarako, 2.1.b) oinarrian jasotakorako izan ezik). 2.1.d) oinarriaren ondorioetarako, zailtasunak dituzten eta desagertzeko arriskuan dauden gizarte-ekonomiako enpresak aztertzen daukaten esperientzia egiaztatu beharko dute.

d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea egiaztatu beharko du.

e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten entitateekin, ez akzioen ez partaidetzen bidez. Betekizun hau ezin izango zaie ezarri 5.1.b) oinarriko entitateei.

8. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztuko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo oinarrian eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0036524

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Deialdian jasotako izapide elektronikoei buruzko zehaztasunak ere helbide elektroniko honetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0036524

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak egiteko (jakinarazpenak barne), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektrikoan onartutako sinadura elektronikoa eta ziurtagiria eduki beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak egiteko. Helbide honetan eskuratu daitezke onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, EAEko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, gizarte-ekonomian eskumena duen zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta eskatzaileak berariaz horren aurka egiten badu; horrelakoetan, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu baldintza hori betetzen duela egiaztatzeko agiriak.

9. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak gauzatzeko aurreikusitako justifikazio-memoria eta lan-plana. Bertan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira. Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma ere erantsiko da.

b) Horretaz gain, 2.1 oinarriko jarduera guztiei dagozkien eskabideen kasuan –salbu eta 2.1.h), 2.1.i) eta 2.1.j) oinarrietako jarduerei dagozkienak–, honako hauek ere bidali beharko dira:

1.– Agindu honen 7. oinarrian adierazitako entitate baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskabide irmoaren agiria, entitate horrek aipatu oinarriko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.

2.– 2025eko ekitaldiaren balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.

c) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiaztatzekoa:

1.– Ez duela aholkularitza-enpresarekiko edo pertsona fisiko aholkulariarekiko inolako loturarik, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partaidetzen bidez, 5.1.b) oinarriko entitateen kasuan salbu.

2.– Aitortu dituela administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik xede edo helburu bererako eskatu edo jaso dituen laguntzak.

3.– Ez duela ezarrita zehapen administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.

4.– Ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren legezko debekurik, sexu-diskriminaziogatiko debekuak berariaz aipatuta.

5.– Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen duela, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6.– Entitateak konpromisoa hartzen duela agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaketarik ez izateko.

7.– Aitortu duela hiru urteko edozein epealditan de minimis araubideko dirulaguntzarik jaso duen.

8.– Indarrean duela berdintasun-plana, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Baldintza hori ofizioz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak dituztela eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzen dituztela adierazi beharko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

9.– Betetzen dituela indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak.

10.– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

11.– Ez dela krisialdian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (EBAO 2014/C 249/01).

12.– Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota, edo, bestela, egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

13.– Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.

d) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta betiere horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.

e) Eskabidea aurkezten duen unean, zenbat bazkide langile dituen egiaztatu beharko du entitateak, eta, horretarako, Gizarte Segurantzak egindako Alta hartuta dauden Langileen Txostena baliatuko du.

Kooperatibako bazkide langileek edo lan-bazkideek erabaki badute Langile Autonomoen Araubide Berezian sartzea edo kooperatibako bazkideek sistema publikoa osatzen duten prestazio sozialen kooperatiba arteko sistema bat badute, posible izango dute langileen, bazkide langileen eta lan-bazkideen kopurua sozietate kooperatiboaren administrazio-organoak egindako ziurtagiri baten bidez egiaztatzea, baldin eta ziurtagiri horrek eskabidearen aurkezpen-datari egiten badio erreferentzia.

2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere hamabost (15) eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkez ditzatela 9.1.c) oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

10. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar (10) eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Halakoetan, eskabidea telematikoki aurkeztu den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

11. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Hauek izango dira dirulaguntzen zenbatekoak:

a) Agindu honen 2.1 oinarriko a), b), d), e), f) eta g) letretan arautzen diren ekintzetarako: aholkularitza-jardueraren kostuaren % 75; baina gehienez sei mila (6.000) euro eman dakioke zuzeneko entitate onuradun bakoitzari, baldin eta hamar bazkide baino gehiago baditu, agindu honen 5.4 oinarrian ezarritako baldintzen arabera, eta hiru mila (3.000) euro eman dakioke gehienez, entitate onuradun horrek hamar bazkide edo gutxiago baldin baditu.

1.– Ekintza horietarako entitate onuraduna 5.1.b) oinarrian jasotakoren bat bada, zenbatekoa zehazteko kalkulua banan-banan egingo da baterako eskabidean jasotako entitate bakoitzeko, apartatu honetako baldintza berberetan. Kontzeptu honengatik, entitate onuradunak ezin izango du 30.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso.

b) Agindu honen 2.1 oinarriko c) letran adierazten diren ekintzetarako: kontratatutako entitate edo pertsonaren jardueraren kostuaren % 50, eta, gehienez ere, hamar mila (10.000) euro zuzeneko entitate onuradunarentzat.

c) 2.1.h) eta 2.1.i) oinarrietako jardueren kasuan, aholkularitza-enpresaren jardueraren kostuaren % 75 emango da, baina diruz lagundutako jarduera bakoitzeko, gehienez ere hogei mila (20.000) euro emango dira.

d) 2.1.j) oinarriko jardueren kasuan, jardueraren kostuaren % 75 emango da, baina gehienez ere hogeita bost mila (25.000) euro emango dira.

12. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira administrazio honek edo beste edozein administraziok edo ente publikok xede eta helburu bererako ematen dituen laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 11. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Entitate onuradunak administrazio honetatik edo beste administrazio edo ente publiko batzuetatik arrazoi eta xede bererako jasotako laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostu osoa edo agindu honen 11. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta murriztu egingo da Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

3.– Bateraezinak izango dira agindu honetako laguntzak eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak gizarte-ekonomian ekiteko 2026ko deialdiari buruzko Aginduaren barruan kudeatzen dituen laguntzak (III. kapituluko laguntzak).

13. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bakarra egin eta jakinaraziko du, prozedura ebazteko eta emandako eta ukatutako laguntzak adosteko. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta berorren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

Ebazpenak jaso beharko du dirulaguntza zein entitatek jasoko duten; horrez gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru emango den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta zein diren dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak; halaber adieraziko du gainerako eskaerak ezetsi egin direla.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ezetsitzat jo behar dute eskabidea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. apartatuan adierazi den gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jasoko duten, eta, bestetik, zein entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak; nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

14. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira: % 60 ordainduko da, 2026ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, baldin eta 15.a) oinarrian adierazitako epea igaro ondoren dirulaguntzari uko egin ez bazaio; gainerako % 40a 2027ko ekitaldiaren kargura ordainduko da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak egiaztatu ondoren diruz lagundutako jarduerek eragindako gastu guztiak justifikatu direla.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria teknikoa. Egindako jardueren aitorpena eta haien kostua, egindako gastu bakoitza banakatuta.

b) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuek diruz lagundutako jardueren gastu eta diru-sarrera guztiak justifikatzen dituen memoria ekonomikoa, kontuan hartuta diruz lagundu daitezkeen gastuek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituztela. Guztizko gastuak eta diru-sarrerak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak erabiliko dira, merkataritza-trafikoan baliozkoak direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.

c) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.

d) Diruz lagundutako jardueren publizitaterik eginez gero, publizitate horretan Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren finantzaketa agerian adierazi dela justifikatzen duten agiriak.

3.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera, eta epemuga 2027ko ekainaren 30a izango da beti.

4.– Eskabideko proiektuan zehaztutako gastuak dira justifikatu beharko direnak. Justifikazio-memoria teknikoan, dirulaguntza-eskabideetan aurkeztutako aurrekontuarekiko izan diren desbideratzeak adierazi eta justifikatuko dira.

5.– Proiektuaren behin betiko kostu osoa ez badator bat dirulaguntza kalkulatzeko aintzat hartu zen kostuarekin, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak eta abar) justifikatu den zenbatekoa emandako laguntzarena baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki murriztuko da.

6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona edo entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du. Pertsona ez badago erregistratuta edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

7.– Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen baten bidez erabakitzen bada zorduna dela.

15. oinarria.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Entitate onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, dirulaguntza onartu duela joko da.

b) Dirulaguntza zertarako jaso duen, horretarako erabiltzea.

c) Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan «hirugarrenen datuen alta/aldaketa» egitea, emandako laguntza ordaindu ahal izateko, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

d) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

e) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.

f) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso badira xede bererako, horren berri ematea Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Halakoak jaso direla jakin bezain laster eman beharko dute horren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

g) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Aldaketak egon direla jakin bezain laster eman beharko dute horren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

h) Egiaztatzea egunean dituztela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

i) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egiteko behar badira ere.

j) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

m) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

n) Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.

o) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

16. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke; nolanahi ere, bete egin beharko dira jarraian adierazten diren eskakizunak, zeinak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin lotuta baitaude:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, onuradunak, 15.g) oinarrian adierazitako betebeharra betez, jakin bezain laster jakinaraztea, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

c) Oinarri hauen xedearen barruan aurreikusita egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

17. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezar daitezkeen baldintzak, dirulaguntza galduko du, eta jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Eusko Jaurlaritzako Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, bi hilabeteko epean. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak espedientea ireki beharko du, eta entzunaldia eman beharko dio entitate interesdunari, hamabost eguneko epean.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez exekutatzen duenean, exekutatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli egin beharko du, edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio, eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

3.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

18. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak entitate onuradunari, eta hamabost (15) eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo horretarako epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpena emango du, eta haren bitartez adieraziko du, hala badagokio, dagozkion diru-kopuruak itzuli behar zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epea izango da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.

19. oinarria.– Datuen babesa.

1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

2.– Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo dezakezu: https://www.euskadi.eus/rgpd/0036524

20. oinarria.– Europar Batasuna.

1.– Agindu honen 2.1 eta 5.1.a) oinarrien babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).

2.– Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jaso dituen de minimis laguntzak deklaratu beharko ditu, ziurtatzeko de minimis laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.


Azterketa dokumentala