
187. zk., 2026ko irailaren 30a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (247 KB - 22 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
4058
EBAZPENA, 2026ko irailaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen baitira laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko dirulaguntzen 2026ko deialdiaren oinarriak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluak, 2026ko irailaren 21eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko dirulaguntzen 2026ko deialdiaren oinarriak onartu ditu, Lanbideren estatutuen 11.j) artikuluaren arabera –estatutu horiek apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartu ziren–.
Estatutuen 14.2.n) artikuluan xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko ente publiko horren zuzendari nagusiari dagokio oinarriak argitaratzea.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren 2026ko irailaren 21eko Erabakia, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko dirulaguntzen 2026ko deialdiaren oinarriak onartzen dituena (ebazpen honen eranskinean daude jasota oinarriak).
Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren erabakiak ondorioak izango dituela ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hirugarrena.– Aditzera ematea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio Kontseiluaren erabaki honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 21a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusia,
FRANCISCO PEDRAZA MORENO.
ERANSKINA
LANERATZEKO ENPRESAK SORTU ETA MANTENTZEKO DIRULAGUNTZEN 2026KO DEIALDIAREN OINARRIAK
Abenduaren 13ko 44/2007 Legeak laneratzeko enpresen araubide juridikoa arautzen du, eta kalteberatasuneko eta gizarte-bazterketako arrisku-faktoreen eraginpean dauden pertsonak halako enpresen bidez lan-merkatu arruntean sartzea bultzatzeko esparrua ezartzen du. Izan ere, laneratzeko enpresak izaerako sozialeko enpresa bereziak dira, zeinak erakusten baitute enplegua dela –eta izango dela– bazterketa-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko bektore nagusietako bat eta, orobat, gizartearen jardueretan parte har dezaten ahalbidetzeko modu bat.
Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, urriaren 31ko 162/2023 Dekretuak ezartzen du laneratzeko enpresek zer baldintza bete behar dituzten eta zer prozedurari jarraitu behar dioten halakotzat kalifikatuak izateko eta, halaber, kalifikazio horrek zer betebehar dakartzan. Gainera, lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonek laneratzeko enpresatara irispidea izateko prozedura eta enpresa horietan jarraitzeko araubidea erregulatzen ditu.
Laneratzeko enpresen helburua da kalteberatasuneko edo gizarte-bazterketako faktoreen eraginpean dauden pertsonak lan-merkatu arruntean integra daitezen lortzea; horretarako, inklusio-plan pertsonalizatuak baliatuko dira, hau da, hartzaileei ikasketa-prozesu egokia eskainiko zaie, gizarte- eta lan-trebetasunak, oinarrizko heziketa, laneko kualifikazioa eta merkatuari buruzko ezagutzak eskura ditzaten, hartara enplegagarritasun-baldintza hobeak izateko.
Abenduaren 22ko 14/2022 Legearen xedea da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautzea. Sistema hori bideratuta dago pertsonak baztertuta geratzeko arriskua prebenitzera, bazterketa pertsonal, sozial eta laboraleko egoerak arintzera, bizitza duina bermatzera eta baliabide pertsonal, laboral, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenak erabat gizarteratzera. Legeak helburuetako bat du gizarte-bazterketa jasaten duten edo jasateko arriskuan dauden pertsonei gizarteratzeko eta laneratzeko zerbitzu eta programa eraginkorrak eskaintzea.
Gizarte-bazterketaren aurkako ekintza-politiken esparruan, laneratzeko enpresei dagokie eragile aktibo gisa jardutea, lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratu eta laneratu daitezen. Mota horretako enpresetan, enpresa-logika eta laguntza, jarraipen eta akonpainamendu sozialeko esku-hartzeak uztartzen dira. Esku-hartze horien bidez, gizarte-arloko eta lan-arloko ohiturak lortzea errazten da, eta, horien bidez parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzen denez, ezinbestekoak dira integrazio-zailtasun handiagoak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzeko.
Laneratzeko enpresak, beraz, gizartetik baztertuta dauden kolektiboetako pertsonak gizarteratzeko beste tresna bat dira. Kasu honetan, gizarteratzea bideratzen da laneratzeko enpresetan lan-prestazio bat ezarriz, zeinari esker kalteberatasuneko edo gizarte-bazterketako arrisku-faktoreen eraginpean dauden pertsonek enplegu arrunterako trantsizioa egingo baitute; orobat, laneratzeko enpresak Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legean aurreikusitako helburuak lortzeko baliabideetako bat dira.
Deialdi honen xedea da, hain zuzen ere, halako enpresei beren ezaugarri eta premia berezietara egokitutako zenbait laguntza-formula eskaintzea, eta haientzat berariaz diseinatutako laguntza ekonomikoen oinarri arautzaileak ezartzea. Horren esparruan, dirulaguntzak aurreikusten dira laneratzeko enpresak sortzea sustatzen duten entitateentzat, bai eta laneratzeko enpresentzat beraientzat ere, manten daitezen.
2025. urtera arte, laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzen oinarri arautzaileak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduaren bidez ezartzen ziren, zeinak indarraldi mugagabea baitzuen. Alabaina, agindu hori indargabetutzat jo behar da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen azken xedapenaren indarrez, dagoeneko igaro baita hango aurreikuspenetara egokitzeko eman zen epea. Horregatik prestatu dira oinarri hauek, harik eta berariazko araudi berria osatu arte, laneratzeko enpresek egiten duten lana babesten jarraitzeko 2026ko ekitaldian, enpresa horiek funtsezko eragileak dira-eta gizarte-desabantailak dituzten edo baztertuta dauden kolektiboetako pertsonak laneratzeko.
Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Dirulaguntzen 2026-2029rako Plan Estrategikoan jasota daude (bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onartua); hain zuzen ere, 4. helburu estrategikoaren barruan kokatuta dago («Aukera-berdintasuna, euskal enplegu-politikaren ardatz nagusia»), eta gako estrategiko honi erantzuten dio: «Beste kolektibo zaurgarri batzuek aukera berdinak izatea enpleguan». Web-orri honetan dago argitaratuta plan hori: https://www.lanbide.euskadi.eus/laguntzak-eta-diru-laguntzak/weblan00-ayudasysubvenciones/eu/
Deialdi hau eta oinarri hauek eman dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari estatutuen 4. artikuluaren b) eta f) letren babesean dagozkion eskumenak baliatuz –Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko ente publikoa da Lanbide, eta haren estatutuak apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onartu ziren–.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiak proposatuta, zuzenbide pribatuko ente publiko honetako Administrazio Kontseiluak, 2026ko irailaren 21ean egindako bilkuran, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko dirulaguntzen 2026ko deialdia eta haren oinarriak onartu ditu. Hona hemen:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
Oinarri hauen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko dirulaguntzak ematea, hartara lan-merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten eta kalteberatasuneko eta gizarte-bazterketako arrisku-faktoreen eraginpean dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 18.000.000 euro izango dira guztira. Horietatik, 5.400.000 euro 2026ko ordainketa-kredituari dagozkio; 5.400.000 euro, 2027ko konpromiso-kredituari; 5.400.000 euro, 2028ko konpromiso-kredituari, eta 1.800.000 euro, 2029ko konpromiso-kredituari, eta honen kargura ordainduko dira: 3121 programa, Gizarte-inklusioa; 4105. sekzioa, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritza; 03 zerbitzua, Inklusioaren eta Enplegu eta Prestakuntzako Ibilbideen Zerbitzua.
2026ko ordainketa-kredituari dagozkion 5.400.000 euroetatik, 800.000 euro aktibo ez-korronteen inbertsioak diruz laguntzeko erabiliko dira, hau da, III. kapituluko 1. sekzioko inbertsioetarako.
2.– Zenbateko horiek, hala badagokio, guztizko bolumenaren % 15era arte handitu ahal izango dira, beste deialdi bat egin beharrik izan gabe. Gehieneko zenbatekoak handitzeko ebazpena deialdia argitaratzen den modu berean argitaratu beharko da, baina argitaratze horrek ez du ekarriko beste eskaera batzuk aurkezteko beste epe bat zabaltzea, ez eta ebazteko beste epe bat hastea ere.
3.– Eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoak ez du gaindituko laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomiko guztien zenbatekoa, ez eta zenbateko hori handitzearen ondoriozkoa ere.
3. artikulua.– Eremua.
Oinarri hauetan ezarritako dirulaguntzak lortu ahal izateko, diruz lagundu daitezkeen jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietakoak izango dira, kontuan hartu gabe laguntzen onuradun diren laneratzeko enpresen eta entitateen egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen edo ez.
II. KAPITULUA
LANERATZEKO ENPRESAK SORTZEKO DIRULAGUNTZAK
4. artikulua.– Entitate onuradunak.
Hauek eskuratu ahal izango dituzte laneratzeko enpresak sortzeko dirulaguntzak:
a) Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duen eta enpresa horietan sartzeko prozedura eta haien erregistroa ezartzen dituen urriaren 31ko 162/2023 Dekretuaren 5. artikuluan azaltzen diren irabazi-asmorik gabeko entitate sustatzaileek.
b) Toki-entitateek.
c) Tokiko edo eskualdeko garapen-agentziek.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Kapitulu honetan araututako dirulaguntzaren xede izan daiteke laneratzeko enpresak sortzearen bideragarritasuna aztertzen duten merkatu-ikerketak egitea.
2.– Merkatu-ikerketak enpresa espezializatu batek egin beharko ditu.
Entitate onuradunak horretarako egin behar duen kontratazioari Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio. Horren harira, ezingo da merkatu-ikerketetarako kontraturik egin artikulu horren 7. apartatuan aurreikusitako inguruabarretan dauden pertsona edo entitateekin, eta ez da baimenik emango dirulaguntza eskatu duen entitatearekin lotutako enpresak kontratatzeko, halakotzat hartuta, betiere, artikulu beraren 8. apartatuan aipatuta dauden egoeretan daudenak. Betekizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.
3.– Merkatu-ikerketa 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean (egun hori barne) egin eta ordaindu beharko da.
6. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa merkatu-ikerketaren kostuaren ehuneko berrogeita hamar (% 50) izango da, BEZik gabe, eta, gehienez ere, 6.000 eurokoa.
7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Entitate interesdunek, eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
1.– Laguntza eman ondoren egin eta ordaintzen bada merkatu-ikerketa:
a) Merkatu-ikerketaren xede izango den laneratzeko enpresa sortzeko proiektua.
b) Ikerketa egingo duen entitate espezializatuaren aurrekontua edo proformako faktura.
2.– Eskabidea aurkeztu baino lehen egin eta ordaindu bada merkatu-ikerketa, egindako ikerketa aurkeztu beharko da.
8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo zatia, hau da, guztizko dirulaguntzaren % 70, dirulaguntza ematen den unean.
b) Bigarren zatia, gainerako % 30a, dokumentu hauek aurkeztu ondoren:
– Egindako merkatu-ikerketa, non eta ez den eskabidearekin batera aurkeztu.
– Egindako eta ordaindutako gastuaren egiaztagiriak: ikerketa egiteagatik jaulkitako faktura eta ordainketa-frogagiriak.
2.– 10 egun naturaleko epea egongo da agiri horiek aurkezteko, 5.3 artikuluan aipatutako dirulaguntza-aldia amaitzen denetik zenbatzen hasita.
3.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta ondorioztatzen bada emandako dirulaguntzaren zenbatekoa merkatu-ikerketaren kostuaren % 50 baino handiagoa dela, dirulaguntza aldatzeko edo itzultzeko prozedura izapidetuko da, dirulaguntzaren zenbatekoa doitze aldera.
III. KAPITULUA
LANERATZEKO ENPRESAK MANTENTZEKO DIRULAGUNTZAK
9. artikulua.– Entitate onuradunak.
Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duen eta enpresa horietan sartzeko prozedura eta haien erregistroa ezartzen dituen urriaren 31ko 162/2023 Dekretuaren 4. artikuluan definitzen diren laneratzeko enpresek baliatu ahal izango dituzte kapitulu honetan arautzen diren dirulaguntzak.
10. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Jarduera hauek izan daitezke laneratzeko enpresak mantentzeko dirulaguntzen xede:
a) Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzera edo mantentzera bideratutako aktibo ez-korronteetan egindako inbertsioak.
b) Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzea eta mantentzea.
c) Produkzioan laguntzeko teknikarientzako lanpostuak sortzea eta mantentzea.
d) Laneratzen laguntzeko ekintzetan espezializatutako teknikarientzako lanpostuak sortzea eta mantentzea.
e) Enpresa-jardueran laguntzeko jarduketak: merkatu-ikerketak eta auditoretzak.
f) Laneratzeko prestakuntza.
11. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna barne-merkatuarekin.
III. kapitulu honetan arautzen diren laneratzeko enpresak mantentzeko laguntzak bateragarriak dira barne-merkatuarekin, eta salbuetsita daude Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan adierazitako jakinarazpen-betebeharra betetzetik; izan ere, pertsona kalteberen enplegagarritasuna eta gizarte-inklusioa bultzatzera eta haiek lan-merkatuan berriro txertatzera bideratuta dauden zerbitzu-prestazioak konpentsatzeko laguntzak dira, Laneratzeko Enpresen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 13ko 44/2007 Legearen 16.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.
1. ATALA
GIZARTERATZE-PROZESUAN DAUDEN PERTSONENTZAKO LANPOSTUAK SORTZERA EDO MANTENTZERA BIDERATUTAKO AKTIBO EZ-KORRONTEETAN EGINDAKO INBERTSIOETARAKO DIRULAGUNTZAK
12. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Jarraian adierazten diren aktibo ez-korronteetan egindako inbertsioek dirulaguntza jaso ahal izango dute, baldin eta laneratzeko enpresaren jarduerarako nahitaezkoak eta erabilera esklusibokoak badira:
a) Eraikuntzak eta lokalen egokitzapena.
b) Instalazioak.
c) Bulegoko ekipoak eta altzariak.
d) Ibilgailuak.
e) Makineria eta tresneria.
f) Informazio-prozesuetarako ekipoak.
g) Softwarea eta aplikazio informatikoak.
2.– Nolanahi ere, eskuratutako aktibo ez-korronteek zuzeneko lotura izan beharko dute laneratzeko enpresak egiten duen jarduera nagusiarekin, eta gutxienez hiru urtez egongo dira enpresaren aktiboan.
3.– Inbertsioak 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean (egun hori barne) egin eta ordaindu beharko dira.
4.– Ez da onartuko finantza-errentamenduaren bidez (leasing) finantzatutako inbertsiorik.
5.– Diruz lagundu daitezkeen aktiboak eskuratzeko egiten den kontratazioari Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio.
Horren harira, inbertsioaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren araudian kontratu txikietarako ezarrita dauden zenbatekoak baino, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, salbu eta, ezaugarri bereziak izateagatik, merkatuan ez badago nahikoa entitate halakorik egin edo hornitzen duenik.
Aurkezturiko eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak erabiliko dira. Ez bada eskaintza merkeena aukeratzen, egindako aukera espresuki justifikatu beharko da memoria batean.
13. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren zenbatekoa inbertsioaren guztizko kostuaren ehuneko laurogeita bost (% 85) izango da, eta sortutako edo mantendutako gizarteratze-lanpostu bakoitzeko, gehienez ere, 12.000 eurokoa.
Dirulaguntzak emateko eta kopurua finkatzeko irizpideak eta gehieneko puntuazioen baremoa honako hauek dira:
1.– Inbertsio-proiektuaren kalitatea enpresa-ikuspuntutik eta gizarteratze-helburuekiko egokitzapenaren ikuspuntutik: gehieneko guztizko puntuazioaren % 45, gehienez ere.
2.– Enpresa-proiektuaren inbertsio-maila enpresaren finantza-ahalmenarekiko: gehieneko guztizko puntuazioaren % 15, gehienez ere.
3.– Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostu kopurua: gehieneko guztizko puntuazioaren % 20, gehienez ere.
4.– Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonek laneratzeko duten zailtasun-maila: gehieneko guztizko puntuazioaren % 20, gehienez ere.
14. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Laneratzeko enpresa interesdunek, eskabiderekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
1.– Laguntza eman ondoren egin eta ordaintzen bada inbertsioa:
a) Inbertsio-proiektua, non azalduko baita zer lotura duen ondasuna eskuratzeak laneratzeko enpresaren jarduerarekin eta zergatik den beharrezkoa ondasun hori eskuratzea.
b) Inbertsioaren aurrekontua edo proformako faktura.
c) Hala badagokio, 12.5 artikuluan adierazitakoa betetzeko eskatu eta jaso diren hiru eskaintzak, eta aukeraketaren justifikazioa.
2.– Eskabidea aurkeztu baino lehen egin eta ordaindu bada inbertsioa, aurreko apartatuko a) eta c) letretan jasotako dokumentuez gain, fakturaren kopia aurkeztu beharko da.
15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo zatia, hau da, guztizko dirulaguntzaren % 70, dirulaguntza ematen den unean.
b) Bigarren zatia, hau da, gainerako % 30a, fakturak aurkeztu ondoren ordainduko da, 14.2 artikuluan adierazitako kasuan izan ezik, eta, betiere, egindako inbertsioaren ordainketa-frogagiriak aurkeztutakoan.
2.– 10 egun naturaleko epea egongo da agiri horiek aurkezteko, 12.3 artikuluan aipatutako dirulaguntza-aldia amaitzen denetik zenbatzen hasita.
3.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta ondorioztatzen bada emandako dirulaguntzaren zenbatekoa inbertsioaren kostuaren % 85 baino handiagoa dela, dirulaguntza aldatzeko edo itzultzeko prozedura izapidetuko da, dirulaguntzaren zenbatekoa doitze aldera. Berdin jokatuko da, baldin eta egiaztatzen bada sortutako edo mantendutako lanpostu-kopurua txikiagoa dela 13. artikuluan jasotako 12.000 euroko muga aplikatuz kalkulatutako laguntzaren zenbatekoak ezarri zuen kopurua baino.
2. ATALA
GIZARTERATZE-PROZESUAN DAUDEN PERTSONENTZAKO LANPOSTUAK SORTZEKO ETA MANTENTZEKO DIRULAGUNTZAK
16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzeko eta mantentzeko dirulaguntzak eman ahal izango dira hurrengo hiru ekitaldietan, kontratatutako pertsonen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzarenak finantzatzeko, baldintza hauek betetzen badira:
a) Sortutako lanpostuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikotik enpresara igorritako pertsonek beteko dituzte, Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duen eta enpresa horietan sartzeko prozedura eta haien erregistroa ezartzen dituen urriaren 31ko 162/2023 Dekretuaren 19. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
b) Diruz lagundutako lanpostuak betetzeko sinatzen diren lan-kontratuek ezingo dute sei hilabete baino gutxiago iraun, ezta hiru urte baino gehiago ere; hain justu, kontratuaren iraupenak bat etorri behar du kontratatutako pertsonarentzat ezarritako gizarteratze- eta laneratze-ibilbidearen aldiarekin.
c) Lanaldia osoa edo partziala izan daiteke. Lanaldia partziala izanez gero, langile parekagarri baten lanaldi osoaren % 50ekoa izango da, gutxienez.
d) Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonekin sinatzen diren kontratuak lan-arloko legeetan aurreikusitako edozein kontratazio-modalitatekoak izan daitezke; besteak beste, enplegu arruntera igarotzeko kontratuak izan daitezke, zeinak Laneratzeko Enpresen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 13ko 44/2007 Legeak xedatzen baititu 12. artikuluan.
Enpresaratzea sozietate-lotura baten bidez formalizatzen bada, laneratzeko enpresak hartzen duen sozietate-formari aplikatu beharreko araudian xedatutakoaren arabera arautuko dira harremanak.
Lan-kontratuak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eredu normalizatuak erabiliz sinatu beharko dira.
e) Urteko ordainsari gordina (aparteko ordainsariak barne) kontratuan adierazi beharko da, eurotan.
f) Lan-kontratu berrien kopiak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan aurkeztu beharko dira, orientazio-aplikazioaren bidez, kontratua formalizatzen denetik 10 eguneko epean, edo eskabidearekin batera aurkeztuko dira, baldin eta eskaera egin baino lehen sinatu bada kontratua.
17. artikulua.– Laneratzeko enpresek kontratatu ditzaketen pertsonak.
1.– Laguntza-programa honen ondorioetarako, gizarteratu eta laneratzeko prozesu bat hasteko asmoz laneratzeko enpresa batean sartu ahal izango dira gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden langabeak, baldin eta jarduerako akordio pertsonala sinatu badute eta egoera hauetakoren batean badaude:
a) Diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren (BGD) titularrak eta bizikidetza-unitatearen onuradunak.
b) Gainerako baldintzak beteta, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrera (BGD) jaso ezin duten pertsonak, eskatzen den bizileku- edo erroldatze-aldia ez betetzeagatik, bizikidetza-unitatea ez eratzeagatik edo adinaren baldintza ez betetzeagatik.
c) Hamasei urtetik gorako eta hogeita hamarretik beherako gazteak, adingabeak babesteko erakundeetan egon direnak.
d) Droga-mendekotasuneko arazoak edo bestelako adikzio-nahasmenduak dituzten pertsonak, errehabilitazioko edo berriro gizarteratzeko prozesuan badaude.
e) Baldintzapeko askatasunean dauden pertsonak eta preso ohiak, bai eta beren espetxe-egoeragatik enplegu bat eskura dezaketen presoak ere, beren lan-harremana ez badago uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuaren 1. artikuluan araututako lan-harreman bereziaren aplikazio-eremuaren barruan (782/2001 Errege Dekretua, espetxeetako lantegietan lan-jarduerak egiten dituzten presoen lan-harreman berezia eta gizartearentzat lan egiteko zigorrak ezarriak dituztenen Gizarte Segurantzaren babesa arautzen dituena).
f) Barneratze-zentroetan dauden adingabeak, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren aplikazio-eremuan daudenak, baldin eta beren egoeragatik enplegu bat eskura badezakete eta beren lan-harremana ez badago aipatutako legearen erregelamenduaren 53.4 artikuluan ezarritako lan-harreman bereziaren aplikazio-eremuaren barruan (erregelamendu hori uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartu zuen), bai eta zaintzapeko askatasunean daudenak eta barneratze-zentroetan egon direnak ere.
g) Indarkeria matxistaren edo emakumearen aurkako edozein indarkeria motaren biktima diren emakumeak, baldin eta laguntza espezifikoak jasotzen badituzte edo lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak badituzte, harrera-baliabide espezifikoetatik etortzeagatik edo bestelako arrazoiren batengatik.
h) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuan jasotako ostatu-zerbitzuetatik datozen pertsonak.
i) Inklusio-prozesu edo -ibilbide bat egiten ari diren pertsonak, lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuek eta bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuek bideratutako laneratu aurreko programetatik edo lanerako orientazio- eta prestakuntza-programetatik datozenak.
j) Laneratzeko enpresak arautzen dituen estatu-araudian zehaztutako gizarte-bazterketako beste egoera batzuetan dauden pertsonak.
k) Beste kalteberatasun-faktore batzuen eraginpean dauden pertsonak.
2.– Era berean, gizarteratze- eta laneratze-prozesu bati ekiteko asmoz laneratzeko enpresa batean sartzeko moduko pertsonatzat hartuko dira errotze soziolaboraleko arrazoiengatik aldi baterako bizileku-baimenaren ebazpena duten eta enplegu-eskaerarik ez duten atzerritarrak, ebazpen hori laneratzeko enpresan Gizarte Segurantzan alta emateko aurreikusitako dataren aurreko hilabetean eman bada, Europar Batasunekoak ez diren langile atzerritarrak enplegu-zerbitzu publikoetan eta enplegu-agentzietan inskribatzea arautzen duen azaroaren 22ko TAS/3698/2006 Aginduaren 7. artikuluan eta Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onartzen duen azaroaren 19ko 1155/2024 Errege Dekretuaren 127.b) eta 130.5 artikuluetan xedatutakoaren arabera, 2/2009 Lege Organikoaren bidez onartutako erreformaren ondoren. Orobat, gizarteratzeko eta laneratzeko prozesu bati ekiteko asmoz laneratzeko enpresa batean sartzeko moduko pertsonatzat hartuko dira enplegu-eskaerarik ez duten atzerritarrak, baldin eta prestakuntzarako errotze-arrazoiengatik aldi baterako bizileku-baimenaren ebazpena badute, behin prestakuntza-aldia amaituta, uztailaren 26ko 629/2022 Errege Dekretuaren arabera (629/2022 Errege Dekretua, uztailaren 26koa, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua aldatzen duena).
18. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Dirulaguntza 2026ko ekitaldian sortutako eta hurrengo hiru ekitaldietan mantendutako lanpostu bakoitzeko emango da.
2.– Dirulaguntzaren urteko zenbatekoa 12.300 eurokoa izango da lanpostu bakoitzeko. Enpresak garatutako jardueren izaera dela-eta sortu edo mantendutako lanpostuak lanaldi partzialekoak badira, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.
Lanpostua betetzen duen langilea emakumea bada, dirulaguntzaren zenbatekoa % 5 handituko da.
19. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntza honela ordainduko da:
Emakidaren lehenengo urtean:
– Lehenengo ordainketa, lehenengo urteari dagokion dirulaguntza osoaren % 50, dirulaguntza ematen den unean.
– Bigarren ordainketa, gainerako % 50a, lehenengo ordainketa egin eta sei hilabetera.
Emakidaren tarteko aldian:
– Diruz lagundutako urteko zenbatekoaren % 50aren ondoz ondoko ordainketak; hain zuzen ere, sei hilean behingo bi ordainketa, diruz lagundutako ekitaldi bakoitzeko.
Emakidaren azkeneko aldian:
– Dirulaguntza-emakidaren azkeneko urtean, urte horretan diruz lagundutako zenbatekoaren % 50aren lehenengo ordainketa egingo da.
– Bigarren ordainketa, % 40koa, diruz lagundutako aldiaren bigarren zatiari dagokiona.
– Azken ordainketa, gainerako % 10ari dagokiona, prozesua burutu dela justifikatu ondoren ordainduko da.
2.– Ordainketa bakoitza egin baino lehen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak justifikazio-agiriak eskatuko dizkie laneratzeko enpresei –hain zuzen ere, altako langileen txostena eskatuko die–, eta egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela eta diruz lagundutako lanpostuei eutsi egin zaiela eta gizarteratze-prozesuan dauden pertsonek betetzen dituztela; egiaztatze-lan horiek ekitaldi bakoitzean bitan egingo ditu Lanbidek.
Dirulaguntza partzialki likidatuko da ordainketa bakoitza egin aurretik, baldin eta dirulaguntzaren zenbatekoa doitu beharra badago, ordainketa-aldian lanpostua benetan beteta egon den denborara egokitu dadin; halakoetan, deskontu- edo itzulketa-prozedura izapidetuko da, eta laneratzeko enpresari entzunaldia emango zaio.
20. artikulua.– Diruz lagundutako aldia amaitu aurretik lan-kontratuak azkentzea.
1.– Diruz lagundutako gizarteratze-lanpostu bat hutsik geratuz gero, dirulaguntza-eskubidea izaten jarraitzeko, nahitaezkoa izango da laneratzeko enpresak beste pertsona bat kontratatzea, 16. artikuluan adierazitako prozeduraren arabera eta baldintza berberekin.
2.– Laneratzeko enpresek 5 egun balioduneko epea izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinarazteko gizarteratze-prozesuan dauden pertsonen kontratuak azkendu direla, enpresan baja ematen zaienetik aurrera kontatzen hasita, eta, hala badagokio, ordezkoen kontratuak aurkeztu beharko dituzte.
3. ATALA
PRODUKZIOAN LAGUNTZEKO TEKNIKARIENTZAKO LANPOSTUAK SORTU ETA MANTENTZEKO DIRULAGUNTZAK
21. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Laneratzeko enpresek produkzioan laguntzeko teknikarientzako lanpostuak sortu eta mantentzeko dirulaguntza eskuratu ahal izango dute, haien soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzarenak finantzatzeko.
Produkzioan laguntzeko teknikarien eginkizuna da produkzio-jardueraren gaineko tutoretza egitea eta inklusio-prozesuan dauden pertsonei dagokien lanpostua betetzeko behar duten laneko trebakuntza ematea.
2.– Produkzioan laguntzeko teknikarien lanpostuak beteko dituzten pertsonak lanaldi osorako edo lanaldi partzialerako kontratatu daitezke; lanaldi partziala hautatzen bada, langile parekagarri baten lanaldi osoaren % 50ekoa izango da, gutxienez.
22. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Dirulaguntzaren urteko zenbatekoa 1.800 eurokoa izango da, gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzat sortutako eta hurrengo hiru ekitaldietan mantendutako lanpostu bakoitzeko.
Sortu edo mantendutako lanpostua lanaldi partzialekoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.
23. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntza honela ordainduko da:
Emakidaren lehenengo urtean:
– Lehenengo ordainketa, lehenengo urteari dagokion dirulaguntza osoaren % 50, dirulaguntza ematen den unean.
– Bigarren ordainketa, gainerako % 50a, lehenengo ordainketa egin eta sei hilabetera.
Emakidaren tarteko aldian:
– Diruz lagundutako urteko zenbatekoaren % 50aren ondoz ondoko ordainketak; hain zuzen ere, sei hilean behingo bi ordainketa, diruz lagundutako ekitaldi bakoitzeko.
Emakidaren azkeneko aldian:
– Dirulaguntza-emakidaren azkeneko urtean, urte horretan diruz lagundutako zenbatekoaren % 50aren lehenengo ordainketa egingo da.
– Bigarren ordainketa, % 40koa, diruz lagundutako aldiaren bigarren zatiari dagokiona.
– Azken ordainketa, gainerako % 10ari dagokiona, prozesua burutu dela justifikatu ondoren ordainduko da.
2.– Ordainketa bakoitza egin baino lehen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak justifikazio-agiriak eskatuko dizkie laneratzeko enpresei –hain zuzen ere, altako langileen txostena eskatuko die–, eta egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela eta produkzioan laguntzeko teknikarien lanpostu diruz lagunduei eutsi egin zaiela; egiaztatze-lan horiek ekitaldi bakoitzean bitan egingo ditu Lanbidek.
Dirulaguntza partzialki likidatuko da ordainketa bakoitza egin aurretik, baldin eta dirulaguntzaren zenbatekoa doitu beharra badago, ordainketa-aldian lanpostua benetan beteta egon den denborara egokitu dadin; halakoetan, aldaketa- edo itzulketa-prozedura izapidetuko da, eta laneratzeko enpresari entzunaldia emango zaio.
24. artikulua.– Diruz lagundutako aldia amaitu aurretik lan-kontratuak azkentzea.
1.– Diruz lagundutako lanpostua dirulaguntza-aldia amaitu aurretik hutsik geratuz gero, laneratzeko enpresak beste pertsona bat kontratatu beharko du produkzioan laguntzeko teknikari aritu dadin, 21. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako baldintzetan.
2.– Laneratzeko enpresek 5 egun balioduneko epea izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari kontratuen azkentzeen berri emateko, enpresan baja ematen zaienetik aurrera kontatzen hasita, eta, hala badagokio, ordezkoen kontratuak aurkeztu beharko dituzte.
4. ATALA
LANERATZEN LAGUNTZEKO TEKNIKARIENTZAKO LANPOSTUAK SORTU ETA MANTENTZEKO DIRULAGUNTZAK
25. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Laneratzeko enpresek laneratzen laguntzeko teknikarientzako lanpostuak sortu eta mantentzeko dirulaguntza eskuratu ahal izango dute, kontratatutako pertsonen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzarenak finantzatzeko.
Laneratzen laguntzeko teknikarien eginkizuna da gizarteratze-prozesuan dauden pertsonen laneratze- eta gizarteratze-ibilbideak garatzea eta horien jarraipena egitea; besteak beste, honelako jarduerak egin behar dituzte: enplegurako orientabideak eman; enpresak bilatu, aipatutako pertsonak lan-merkatu arruntean sar daitezen; eta haien akonpainamendu sozialaz arduratu, lanpostura egokitzeko prozesua eragozten edo oztopatzen duten arazo pertsonalei edo elkarbizitzakoei aurre egiteko eta irtenbidea emateko.
2.– Laneratzen laguntzeko teknikarien lanpostuak beteko dituzten pertsonak lanaldi osorako edo lanaldi partzialerako kontratatu daitezke; lanaldi partziala hautatzen bada, langile parekagarri baten lanaldi osoaren % 50ekoa izango da, gutxienez.
26. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren urteko zenbatekoa 1.100 eurokoa izango da, gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzat sortutako eta hurrengo hiru ekitaldietan mantendutako lanpostu bakoitzeko.
Sortu edo mantendutako lanpostua lanaldi partzialekoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.
27. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntza honela ordainduko da:
Emakidaren lehenengo urtean:
– Lehenengo ordainketa, lehenengo urteari dagokion dirulaguntza osoaren % 50, dirulaguntza ematen den unean.
– Bigarren ordainketa, gainerako % 50a, lehenengo ordainketa egin eta sei hilabetera.
Emakidaren tarteko aldian:
– Diruz lagundutako urteko zenbatekoaren % 50aren ondoz ondoko ordainketak; hain zuzen ere, sei hilean behingo bi ordainketa, diruz lagundutako ekitaldi bakoitzeko.
Emakidaren azkeneko aldian:
– Dirulaguntza-emakidaren azkeneko urtean, urte horretan diruz lagundutako zenbatekoaren % 50aren lehenengo ordainketa egingo da.
– Bigarren ordainketa, % 40koa, diruz lagundutako aldiaren bigarren zatiari dagokiona.
– Azken ordainketa, gainerako % 10ari dagokiona, prozesua burutu dela justifikatu ondoren ordainduko da.
2.– Ordainketa bakoitza egin baino lehen, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak justifikazio-agiriak eskatuko dizkie laneratzeko enpresei –hain zuzen ere, altako langileen txostena eskatuko die–, eta egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela eta produkzioan laguntzeko teknikarien lanpostu diruz lagunduei eutsi egin zaiela; egiaztatze-lan horiek ekitaldi bakoitzean bitan egingo ditu Lanbidek.
Dirulaguntza partzialki likidatuko da ordainketa bakoitza egin aurretik, baldin eta dirulaguntzaren zenbatekoa doitu beharra badago, ordainketa-aldian lanpostua benetan beteta egon den denborara egokitu dadin; halakoetan, deskontu- edo itzulketa-prozedura izapidetuko da, eta laneratzeko enpresari entzunaldia emango zaio.
28. artikulua.– Diruz lagundutako aldia amaitu aurretik lan-kontratuak azkentzea.
1.– Diruz lagundutako lanpostua dirulaguntza-aldia amaitu aurretik hutsik geratuz gero, laneratzeko enpresak beste pertsona bat kontratatu beharko du laneratzen laguntzeko teknikari aritu dadin, 25. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako baldintzetan.
2.– Laneratzeko enpresek 5 egun balioduneko epea izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari kontratuen azkentzeen berri emateko, enpresan baja ematen zaienetik aurrera kontatzen hasita, eta, hala badagokio, ordezkoen kontratuak aurkeztu beharko dituzte.
5. ATALA
ENPRESA-JARDUERAN LAGUNTZEKO JARDUKETETARAKO DIRULAGUNTZAK: MERKATU-IKERKETAK ETA AUDITORETZAK
29. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Laneratzeko enpresek dirulaguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte:
a) Merkatu-ikerketak egiteko dirulaguntzak, merkatu berriak irekitzeko edo enpresa-jarduera berriz bideratzeko.
b) Kontabilitate- eta kudeaketa-auditoretzak egiteko dirulaguntzak, laneratzeko enpresen kudeaketa finantzarioaren gardentasuna bultzatzeko.
Ezin izango dira dirulaguntza honen onuradun izan urriaren 31ko 162/2023 Dekretuaren 11.1.e) artikuluari jarraikiz urtero auditoretza bat egiteko betebeharra duten laneratzeko enpresak.
2.– Merkatu-ikerketak eta auditoretzak enpresa espezializatu batek egin beharko ditu.
Entitate onuradunak horretarako egin behar duen kontratazioari Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio. Horren harira, ezingo da merkatu-ikerketetarako kontraturik egin artikulu horren 7. apartatuan aurreikusitako inguruabarretan dauden pertsona edo entitateekin, eta ez da baimenik emango dirulaguntza eskatu duen entitatearekin lotutako enpresak kontratatzeko, halakotzat hartuta, betiere, artikulu beraren 8. apartatuan aipatuta dauden egoeretan daudenak. Betekizun hori egiaztatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.
3.– Merkatu-ikerketak eta auditoretzak 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean (egun hori barne) egin eta ordaindu beharko dira.
30. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Merkatu-ikerketak egiteko dirulaguntzaren zenbatekoa ikerketaren kostuaren ehuneko berrogeita hamar (% 50) izango da, BEZik gabe, eta, gehienez ere, 6.000 eurokoa.
2.– Auditoretzen kostuak 1.250 eurorekin finantzatuko dira, gehienez ere.
31. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Laneratzeko enpresa interesdunek, eskabiderekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
1.– Laguntza eman ondoren egin eta ordaintzen badira merkatu-ikerketak edo auditoretzak:
a) Merkatu-ikerketak izanez gero:
– Ikerketaren xede den proiektua: enpresa-jarduera orientatzeari buruzkoa edo merkatuak irekitzeari buruzkoa.
– Merkatu-ikerketaren aurrekontua edo proformako faktura.
b) Auditoretza izanez gero, aurrekontua eta proformako faktura.
2.– Eskabidea aurkeztu baino lehen egin bada merkatu-ikerketa edo auditoretza, egindako ikerketa edo auditoretza-txostena aurkeztu beharko da, dagokionaren arabera, bai eta fakturaren kopia ere.
32. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo zatia, hau da, guztizko dirulaguntzaren % 50, dirulaguntza ematen den unean.
b) Bigarren zatia, hau da, beste % 50a, merkatu-ikerketak edo auditoretza-txostenak eta fakturak aurkeztu ondoren ordainduko da, 31.2 artikuluan adierazitako kasuan izan ezik, eta, betiere, lanaren ordainketa-frogagiriak aurkeztutakoan.
2.– 10 egun naturaleko epea egongo da agiri horiek aurkezteko, 29.3 artikuluan aipatutako dirulaguntza-aldia amaitzen denetik zenbatzen hasita.
3.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta ondorioztatzen bada emandako dirulaguntzaren zenbatekoa merkatu-ikerketaren edo auditoretzaren kostua baino handiagoa dela, dirulaguntza aldatzeko edo itzultzeko prozedura izapidetuko da, dirulaguntzaren zenbatekoa doitze aldera.
6. ATALA
LANERATZEKO PRESTAKUNTZARAKO DIRULAGUNTZAK
33. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Laguntza-lerro honen xedea da laneratze-prozesuan dauden pertsona kontratatuen gizarteratze- eta laneratze-ibilbideekin lotutako prestakuntza partzialki finantzatzea; prestakuntza horri esker, hobeto jakingo dute zein diren laneratzeko enpresan beteko duten lanpostuari dagozkion eginkizunak.
2.– Prestakuntza-ekintzek 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko urriaren 31ra bitartean (egun hori barne) osorik eginda –edo amaituta– eta ordainduta egon beharko dute.
3.– Laneratzeko enpresatik kanpoko entitate batek emango du prestakuntza.
Entitate onuradunak horretarako egin behar duen kontratazioari Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio.
Horren harira, inbertsioaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren araudian kontratu txikietarako ezarrita dauden zenbatekoak baino, onuradunak hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, salbu eta, ezaugarri bereziak izateagatik, merkatuan ez badago nahikoa entitate halakorik egin edo hornitzen duenik. Aurkezturiko eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak erabiliko dira. Ez bada eskaintza merkeena aukeratzen, egindako aukera espresuki justifikatu beharko da memoria batean.
Kontratazio horri Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaio. Beraz, kontratua 60.000 eurotik gorakoa bada, nahitaez eskatu eta lortu beharko da, aldez aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren baimena. Bestalde, ezingo da prestakuntza emateko kontraturik egin artikulu horren 7. apartatuan aurreikusitako inguruabarretan dauden pertsona edo entitateekin, eta ez da baimenik emango dirulaguntza eskatu duen entitatearekin lotutako enpresak kontratatzeko, halakotzat hartuta, betiere, 31. artikuluaren 8. apartatuan aipatuta dauden egoeretan daudenak.
34. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Prestakuntzarako dirulaguntzek gizarteratze-prozesuan dagoen langileak egindako ikastaroaren gastuen ehuneko laurogei (% 80) estaliko dute, gehienez.
35. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.
Laguntza-lerro hau eskuratzeko, dokumentazio espezifiko hau aurkeztu behar da, eskaera-inprimakiarekin batera:
a) Eskatutako prestakuntza-ikastaroaren edo -jardueraren deskripzio-memoria laburra, eta ikastaro edo jarduera hori gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak laneratzeko beharrezkoa dela eta beteko beharreko lanpostuarekin zerikusia duela justifikatzen duen agiria.
b) Prestakuntza-ekintzak ez badira egin eta ordaindu eskabidea aurkeztu baino lehen: prestakuntza-jardueren proformako fakturak edo aurrekontuak.
c) Prestakuntza-ekintzak eskabidea aurkeztu baino lehen egin eta ordaindu badira: fakturen kopiak. Fakturan, prestakuntza jaso duen ikaslearen izen-abizenak jaso beharko dira.
36. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Dirulaguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo zatia, hau da, guztizko dirulaguntzaren % 60, dirulaguntza ematen den unean.
b) Bigarren zatia, hau da, gainerako % 40a, fakturak aurkeztu ondoren ordainduko da, 35.c) artikuluan adierazitako kasuan izan ezik, eta, betiere, egindako inbertsioaren ordainketa-frogagiriak aurkeztutakoan.
Fakturan, prestakuntza jaso duen ikaslearen izen-abizenak jaso beharko dira.
2.– 10 egun naturaleko epea egongo da agiri horiek aurkezteko, 33.2 artikuluan aipatutako dirulaguntza-aldia amaitzen denetik zenbatzen hasita.
3.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta ondorioztatzen bada emandako dirulaguntzaren zenbatekoa prestakuntza-jardueren kostua baino handiagoa dela, dirulaguntza aldatzeko edo itzultzeko prozedura izapidetuko da, dirulaguntzaren zenbatekoa doitze aldera.
IV. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK
37. artikulua.– Dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoerak.
1.– Ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean daudenak:
a) Epai irmo baten bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorra jaso izana, edo zigorra jaso izana prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik.
b) Konkurtso boluntarioaren deklarazioa eskatuta izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota egotea, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada, esku-hartze judizialaren mende egotea, edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, eta, hala egonez gero, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza-aldia igaro gabe egotea.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazita egotea, dena delako kausagatik errudun deklaratzeagatik.
d) Merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak badira, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean egotea edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat betetzea, arau horretan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (2023ko otsailaren 17ko EHAA) xedatutakoaren arabera.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, entitate edo enpresa eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
f) Egoitza fiskala erregelamenduz zerga-paradisu gisa sailkatutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Dirulaguntzei dagokienez, itzulketa-betebeharren ordainketak egunean ez izatea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (2023ko otsailaren 17ko EHAA). Konpromisoa hartu beharko dute egoera horretan gertatzen den edozein aldaketaren berri emateko, emandako dirulaguntza osoa justifikatu arte.
h) Epai edo administrazio-ebazpen irmo baten bidez kondenatuta edo zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galduta izatea, kondena- edo zehapen-aldia igaro gabe egonik, arrazoi hauengatik, besteak beste:
– Sexuan oinarritutako diskriminazioa eragiteagatik, edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan jasotako diskriminazio anizkoitza eragiteagatik.
– Ebazpen irmo baten bidez zehapen osagarri bat jasotzeagatik, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren 46.1.b) eta 46 bis 1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera –testu bategin hori abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen–.
i) Laguntzak edo dirulaguntzak jasotzea eragozten dien legezko kausa bat edukitzea, hauek barne:
– Ez izatea berdintasun-planik indarrean, estatu-araudiaren arabera horretara behartuta dagoen enpresa izanik.
– Ez edukitzea ezarrita neurririk sexu-jazarpena, sexuan oinarritutako jazarpena edota sexu-indarkeriak prebenitu eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan.
– LGTBIfobia egitea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne.
j) Zehapena ezarrita izatea arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
k) Desgaitasuna dutenentzat lanpostuak gordetzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, edo, bestela, hori betetzeko ordezko neurriak hartu gabe egotea.
l) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debeku-kausen eraginpean egotea.
m) Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitu zaizkiola-eta inskripzio-prozedura administratiboa eten zaion elkarte bat izatea, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen dion ebazpen judizial irmorik ez dagoen bitartean.
n) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 3. eta 5. apartatuetan xedatzen diren egoeretako batean egotea.
ñ) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan, eta eskatzailea irabazi-asmoa duen pertsona fisikoa edo juridikoa bada, zuzenbide publikoko entitate ez dena, ez betetzea Merkataritza Eragiketetan Berankortasunaren Aurkako Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3 bis artikuluan aurreikusitako moduan.
Eskakizun hori betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarreneko d) letrako bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoaren parekoa edo handiagoa denean (aurreko ekitaldian hornitzaileei egindako ordainketa guztietatik, ordaindutako fakturen % 90 abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako gehieneko epea igaro baino lehen ordaindutakoak izatea).
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak ez badu egiaztatzen 1. apartatuan aipatutako inguruabarren bat, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko da, eta agiri hori eskabide-orriari erantsiko zaio.
Dena den, ñ) apartatuko betekizuna egiaztatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Pertsona fisiko edo juridiko eskatzaileak kontabilitate-araudiaren arabera galdu-irabazien kontu laburtua aurkezteko modurik badu, 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko a) apartatuan aipatutako ziurtagiria aurkeztu beharko du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako eredua erabiliz.
Ziurtagiri hori dirulaguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
b) Eskatzaileak ezin badu aurkeztu galdu-irabazien kontu laburturik kontabilitate-araudiaren arabera, betekizun hori 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluko b) apartatuan aipatzen diren agirien bidez egiaztatuko da, hau da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez, zeinak apartatu horren 1. zenbakian eskatutako edukia izango baitu; edo, ziurtagiri hori egitea ezinezkoa bada, Prozedura Adostuen Txostenaren bidez, apartatu horren 2. zenbakian eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduaren 22 bis artikuluan aurreikusitako eran (erregelamendu hori uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, hala badagokio, dirulaguntzak emateko ebazpenak eman aurretik eskatuko die entitate eskatzaileei aurreko paragrafoan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.
3.– Entitate eskatzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartuko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera. Konpromiso hori dirulaguntza eskatzeko inprimakian sartuko den erantzukizunpeko adierazpenaren parte izango da.
38. artikulua.– Laguntzen onuradun diren entitateen betebehar orokorrak.
Oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzen entitate onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan aurreikusitako betebehar orokorrak bete beharko dituzte, eta zehazki, hauek:
a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrean behar bezala justifikatzea bete dituztela laguntza emateko edo laguntzaren onura jasotzeko eskatu diren betekizunak eta baldintzak, eta laguntzaren xede den jarduera egin dutela.
b) Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketen mende jartzea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa; ogasun publikoaren arloko eskumena duen saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa; enpleguaren arloko sail eskuduna, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
c) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea.
d) Beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak edo laguntzak, baliabideak edota diru-sarrerak lortu badira, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren baterako finantzaketa jaso dela berariaz adieraztea, agindu honetan araututako programen babesean diruz lagundu diren materialetan eta komunikazio-, zabaltze- edo argitaratze-ekintzetan.
39. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 08:00etatik kontatzen hasita.
Dirulaguntza-eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan sartuta (https://www.euskadi.eus/egoitza). Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren web-orrian ere txertatutako da hara iristeko esteka.
2.– Laneratzeko enpresak sortzeko dirulaguntzen kasuan, helbide honetan daude eskuragarri izapidetze-prozedurari buruzko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0136917
Laneratzeko enpresak mantentzeko dirulaguntzen kasuan, helbide honetan daude eskuragarri izapidetze-prozedurari buruzko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak, ereduak eta eskabideak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0136918
3.– Eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4.– Eskabidearekin batera, laneratzeko enpresek hastera doan urterako jarduera-plana eta aurrekontua aurkeztu beharko dituzte, eskatutako dirulaguntza-lerroei dagokienez.
5.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez bada nahitaezko dokumentazio guztia erantsi, pertsona edo entitate eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman eta gero.
7.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
40. artikulua.– Prozedura, izapideak eta ebazpena.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritza izango da deialdi honetako dirulaguntza-eskabideak kudeatu eta izapidetzeko organo eskuduna.
2.– Eskabideak ordenan ebatziko dira, harik eta dirulaguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak agortu arte, kontuan hartuta espedientea noiz geratu den osatuta.
Kreditua handitzen ez bada, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez.
3.– Kasuan-kasuan, deialdi honetako dirulaguntzak emateko zein ukatzeko, banakako eta berariazko ebazpena emango du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak. Dirulaguntza ukatuz gero, ebazpena arrazoitua izango da; alegia, berariaz adierazi beharko da zergatik ukatu den eskaera.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Eskabidea aurkeztu denetik hiru hilabete igaro eta ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, eskabidea ukatutzat jo beharko da, administrazio-isiltasunez.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntzaren zuzendariaren ebazpen baten bidez, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, entitateren bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.
6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, entitate eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Hirugarrenen datu-basean agertu beharko du.
Entitateak ez badu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren ordainketarik jaso edo banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimaki elektronikoa bete beharko du webgunean dagoen ereduaren arabera, Hirugarrenen erregistroko «hirugarrenen datuen alta edo aldaketa» atalean.
41. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea eta azkentzea.
Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, administrazio honen edo beste edozein administrazio publikoren edo ente publiko edo pribatu baten dirulaguntzak eta laguntzak jaso badira, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, alabaina, oinarri hauetan entitate edo pertsona onuradun izateko ezarri diren gutxieneko betekizunak bete behar dira, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarrita daudenak ere.
Ondorio horietarako, dirulaguntza eman duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko organoak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura izapidetuko da.
42. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste edozein administraziok edo entitate publiko zein pribatuk helburu eta xede bererako ematen dituenekin. Edonola ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagundu den jardueraren guztirako kostua.
2.– Deialdi honetan jasotzen diren dirulaguntzak eta entitate onuradunak beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuetatik xede eta helburu bererako jasotzen dituen bestelako dirulaguntzak metatzen badira, eta dirulaguntza horien baturak dirulaguntzaren xede den jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta murriztu egingo da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emango duen dirulaguntzaren zenbatekoa.
43. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
Baldin eta dirulaguntzen entitate onuradunak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetako batean badaude, 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan adierazitako betebeharrak betetzen ez badituzte, deialdi honek edo dirulaguntzak emateko ebazpenak xedatutako baldintzak eta betebeharrak betetzen ez badituzte edo, hala badagokio, laneratzeko enpresaren kalifikazioa galtzen badute urriaren 31ko 162/2023 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak adieraziko du ordaintzeke dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu dutela eta, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak eta dirulaguntza ordaindu den unetik dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli behar dizkiotela.
Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.
44. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
1.– Aurreko artikuluan jasotako ez-betetzeak gertatzen direnean, honela itzuliko dira jasotako laguntzak:
a) Prozedura ofizioz hasiko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren erabaki baten bidez. Itzulketa-prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko zaio entitate interesdunari, eta 15 eguneko epea emango zaio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.
Prozedura hasten denean, eten egingo dira artean egin gabe dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
b) Alegazioak jasotakoan, edo, horretarako epea igaro eta alegaziorik aurkeztu ez bada, prozedura amaitu egingo da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazioaren eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen baten bidez.
Itzulketa-prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilabete izango da.
2.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, galdutzat emango da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, bidezko diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharko zaizkio, ebazpena jakinarazten denetik bi hilabete igaro baino lehen. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
3.– Itzulketa borondatezko epean egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
45. artikulua.– Datuak babesteari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarduera bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Biltzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da, eta jardueraren helburua da Lanbideren eskumenekoak diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurrari jazartzea eta datuak estatistiketarako erabiltzea ere. Biltzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei komunikatu ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eta informazioaren tratamendua mugatzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez, zeina www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/ helbidean baitago argitaratuta.
Hemen kontsulta daiteke datu-babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml
46. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Dirulaguntzen arloko araubide juridikoari dagokionez, laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea aplikatu behar zaio.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan ezarritako erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, bermeen araubideari honako dekretu hau aplikatuko zaio, lege horren kontra ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren araubide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena.
Administrazio-prozedurari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
RSS