Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2026ko irailaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZU PUBLIKOA
4057

EBAZPENA, 2026ko irailaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integralak finantzatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia argitaratzen baita.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2026ko irailaren 21eko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integralak finantzatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onetsi ditu, Lanbideren Estatutuetako 14.2 artikuluaren n) letran xedatutakoarekin bat –estatutuok Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren estatutuak onartzen dituen apirilaren 29ko 93/2025 Dekretuaren bidez onetsi ziren–.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integralak finantzatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia argitaratzea, zeina Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak 2026ko irailaren 21ean egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi baitzen (ebazpen honen eranskin gisa jaso da).

Bigarrena.– Aditzera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak (erabaki honek onesten ditu lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integralak finantzatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia).

Hirugarrena.– Aditzera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka (lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integralak finantzatzeko dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dituen erabakia) berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
«LEHENTASUNEZKO ARRETAKO KOLEKTIBOENTZAKO ENPLEGU-PROIEKTU INTEGRALAK» FINANTZATZEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK ETA DEIALDIA

Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen xedea da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautzea. Sistema hori bideratuta dago pertsonak baztertuta geratzeko arriskua prebenitzera, bazterketa sozial eta laboraleko egoerak arintzera, bizitza duina bermatzera eta baliabide pertsonal, laboral, sozial edo ekonomiko nahikorik ez dutenak erabat gizarteratzera.

Hala, bere helburuen artean dago gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei gizarteratzeko eta laneratzeko zerbitzu eta programa efikazak eskaintzea, batez ere gizarte- eta enplegu-zerbitzuen lan koordinatuaren bidez sortuak.

Alde horretatik, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren (www.euskadi.eus) 3. bektore estrategikoan proposatutako orientabideen arabera, laguntza eta orientazio pertsonalizatua ematea da helburua. Enplegu-politika aktiboen funtsezko elementuak dira, pertsonen enplegagarritasuna hobetu eta lan-merkatuan sartzea errazten dutelako. Horrez gain, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian definitutako lan-merkatuaren eredu berriaren oinarria, besteak beste, lurralde-orekaren printzipioa da, enplegu-aukerak eskualde eta udalerri guztietara irits daitezen.

Ondorioz, deialdi honen xedea da enpleguari laguntzeko ibilbide integral bat eskaintzea, gizarteratze- eta laneratze-prozesuak gehien behar dituzten biztanleek, bereziki zaurgarritasun-egoeran edo gizarte-bazterkeriako arriskuan daudenek, lan-esperientzia izateko aukera izan dezaten, eta, tokiko entitateekin lankidetzan eta prestakuntza-jarduerekin eta banakako laguntzarekin batera, laneratze egonkorragoa lor dezaten. Ekitatearen eta lurralde-berrorekaren ikuspegitik, deialdi honen xede diren proiektuak gizarte-onurako esparruetan garatu beharko dira, eta bete gabeko gizarte-mailako beharrak betetzera edo arintzera edo kalitate eta interes publikoko ekoizpen-sinergia jasangarriak sortzera daude zuzenduta.

Deialdi honen abiapuntua dira «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berriak. Kolektibo zaurgarriak» ekimenean lortutako emaitza onak, Europar Batasunak (NextGenerationEU) finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Horren arabera, Lanbideren Administrazio Kontseiluak laguntza-deialdi bat onetsi zuen 2021eko abenduaren 21eko bilkuran, 47 enplegu-, prestakuntza- eta laneratze-proiektu garatzeko. 462 pertsonak jaso dute laguntza.

Lehen emaitzak onak izan zirela kontuan hartuta, proiektu horiek ezartzen jarraitu zen 2023-2024, 2024-2025 eta 2025-2026 deialdien bidez. Deialdiok Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren Administrazio Kontseiluak onetsi zituen 2023ko irailaren 5eko, 2024ko uztailaren 9ko eta 2025eko irailaren 23ko bilkuretan, hurrenez hurren, eta EAEko aurrekontuaren kargura soilik finantzatu ziren. Deialdi horietan 44, 45 eta 54 proiektu gauzatu eta garatu dira, hurrenez hurren –437, 441 eta 471 pertsona artatu dira–.

Deialdi honetako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2026ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude. Plana bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren 2026ko urtarrilaren 14ko Aginduaren bidez onetsi zen, eta www.lanbide.euskadi.eus web-orrian argitaratu zen, esteka honetan: (https://www.lanbide.euskadi.eus/contenidos/informacion/lan_buscadorayudas/eu_def/adjuntos/ERANSKINA-DPE-2026-2029_.pdf). Hori guztia Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez. Deialdia 4.4 gako estrategikoaren barruan sartzen da («Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako enplegurako aukera-berdintasuna eta merkatu arruntean benetako laneratzea lortzeko tresnak indartzea»).

Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen ildotik, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren helburua enplegu- eta toki-garapenerako planak sortzea da, alegia, tokiko eremuetan enplegu-politika publikoak planifikatzeko tresnak, ekonomia- eta gizarte-jarduera suspertzeko edo eraldatzeko. Horrekin, hazkundea eta lan duina sortu nahi da, dauden baliabideak eta lurralde-testuinguruko aukerak kontuan edukita.

Alde horretatik, jarduteko lehen urrats gisa, eta 15/2023 Legean bertan xedatutako etorkizuneko Enpleguaren Euskal Sarearen eta aipatutako enplegu- eta toki-garapeneko planen eszenatokiaren aurretik, Lanbidek dirulaguntza-lerro espezifiko batzuk ezarriko ditu 2026an, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan, eta norgehiagokan egiten den deialdi honetatik kanpo, toki-entitateentzat. Dirulaguntza espezifiko horiek bateraezinak izango dira deialdi hau gauzatzearekin eta dagokion dirulaguntza jasotzearekin.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiak proposatuta, zuzenbide pribatuko erakunde publiko honen Administrazio Kontseiluak, 2026ko irailaren 21eko bilkuran, «Lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integraletarakok» laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onesten ditu 2026ko ekitaldirako. Honela:

1. artikulua.– Oinarri arautzaileen xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da «Lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integralak» finantzatzeko dirulaguntzak emateko betekizunak eta baldintzak ezartzea. Proiektu horiekin, enplegurako arreta integrala eta pertsonalizatua emango zaie gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei edo gizarte-zaurgarritasuneko egoeran daudenei.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 6.983.536 euro dira guztira. Horietatik 4.126.119 euro 2026ko ekitaldiko ordainketa-kredituarenak dira, eta 2.857.417 euro 2027ko ekitaldiko konpromiso-kredituarenak.

Zenbateko horiek % 20 handitu ahal izango dira, indarreko legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onesten bada. Aldaketok eginez gero, horren berri emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak, osorik edo zati batean, Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF+ Programaren (2021-2027) esparruan.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako baldintzetan, dirulaguntzak jaso ahal izango dira 6. artikuluan zehaztutako pertsonentzako enplegu-proiektu integralak egiteko.

2.– Enplegu-proiektu integralek jarduketa hauek guztiak konbinatu beharko dituzte:

– Prestakuntza lan aurreko gaitasunen, zeharkakoen eta profesionalen inguruan.

– Parte-hartzaile bakoitzaren lan-kontratazioa.

– Lan-orientazioa eta aholkularitza.

2.1.– Prestakuntza, lan aurreko gaitasunetan, zeharkakoetan eta profesionaletan.

– Lan aurreko eta/edo zeharkako gaitasunen inguruko aurrez aurreko prestakuntza emateko talde-ekintzak. Horiei esker, trebetasun edo gaitasun gehiago lortuko dituzte, eta, horrela, proiektuaren lan-jarduera behar bezala garatzen dela bermatuko da. Gutxienez 60 ordu eta gehienez 90 ordu. Kontratuak irauten duen bitartean eta lan-ordutegitik kanpo.

– Gaitasun profesionalen inguruko aurrez aurreko prestakuntza emateko talde-ekintzak, gaitasun teknikoa hobetzeko. Gutxienez 40 ordu eta gehienez 110 ordu. Kontratuak irauten duen bitartean, edo, gehienez ere, kontratazioa hasi aurreko bi hilabeteetan, eta, nolanahi ere, lan-ordutegitik kanpo.

Prestakuntzak irauten duen bitartean, ikasleek estalita dute ikastaroetara joateagatik eta lekualdatzeagatik izan dezaketen arriskua, Eusko Jaurlaritzak sinatutako istripu- eta erantzukizun zibileko polizaren bidez.

2.2.– Parte-hartzaile bakoitzaren lan-kontratazioa, betekizun hauekin:

– Egindako kontratuekin ezin izango dira, inola ere, enplegua eskaintzen duen entitatearen ohiko jarduerak estali, ez eta haren zerbitzura dauden langileak ordezkatu ere.

– Kontratuak lanbide-kategoria eta sektore ekonomiko berekoak izango dira.

– Kontratuek 6 hilabete iraungo dute, eta lanaldi partzialekoak izango dira lanaldiaren % 75ean. Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzeko kontratua izango da kontratu-mota, Enpleguari buruzko Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa (505 kodea).

– Banakako ibilbidearen barruan egin beharreko lan-kontratuak artikulu honetako 3.a) apartatuan araututako proiektuak gauzatzeko epearen barruan hasi eta amaitu beharko dira.

– Kontratuak Contrat@ aplikazioaren bidez jakinarazi beharko dira, horiek hasi eta hamabost egun balioduneko epean, eta, jakinarazpenean, «Lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integralak» agertu beharko da, aplikazio horretan aurreikusitako baldintzetan.

– Lanpostuan garatu behar diren funtzioek eta edukiek, ahal dela, onura publikoko edo interes orokorreko eta sozialeko jarduerekin izan behar dute zerikusia, gauzatzen diren inguruneko beharrei erantzun behar diete, eta honako jardun-eremu hauetakoren batean garatu ahal izango dira:

– Hirugarren eta laugarren adinekoentzako laguntza eta arreta (silver economy).

– Etxebizitzak eta landa-ingurunea hobetzea eta birgaitzea, udalerri edo auzo behartsuenetan edo azpigaratuenetan.

– Talde behartsuak, desgaitasun fisiko edo psikikoa duten mendeko pertsonak edo gaixotasun kronikoa dutenak zaintzea eta laguntzea.

– Kultura, hezkuntza eta osasuna sustatzea.

– Ondare artistikoa eta historikoa sustatzea eta berreskuratzea.

– Birziklatzea eta baliabideak berrerabiltzea.

– Energia-efizientzia eta energia berriztagarriak.

– Espazio publikoen mantentze-lanak.

– Turismoarekin, aisialdiarekin eta kirolarekin lotutako jarduerak.

– Natura zaintzea: zuhaitz-masak, animalien espezieak, ibaien eta kostaldeen garbiketa.

– Eten digitala ezabatzea. Gaitasun digital gutxi duten pertsonei laguntza ematea administrazio publikoekiko zereginak bide elektronikoz egiten, erosketa elektronikoak egiten, banku-eragiketak egiten eta abar.

– Enpresa emakidadunak lanak amaitu dituen harrobiak berreskuratzea.

– Ibilgailu elektrikoak kargatzeko sareak instalatzea eta mantentzea.

– Birgaitzea eta eraikinen energia-araudi berrira egokitzea.

– Mugikortasun jasangarria.

– Jarduera soziokulturalak eta garapen komunitariokoak, belaunaldien arteko komunikazio-bideak ezar daitezkeen jarduerak lehenetsiz.

– Onura publikoko edo interes orokor eta sozialeko beste edozein jarduera, lanpostuan ikaskuntza formala eta praktika profesionala bateragarri egiteko aukera ematen badu.

2.3.– Lan-orientazioa eta aholkularitza.

Lan-orientazioko banakako ekintzak, proiektuan zehar laguntza-prozesuak errazteko. Honako hauek barne hartu ahal izango dituzte: gaitasunen balantzea, lan-merkatuaren informazioa, irteera profesionalak, helburuen plangintza eta enplegua bilatzeko trebetasunak. Gutxienez 6 ordu. Ekintza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren laneratzeko informazio-sistemetan orientazio-entitate gisa alta emanda dauden entitateek egin beharko dituzte.

Saio horiek benetan egin izana Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren orientazio-aplikazioan erregistratuta geratuko da. Erabiltzaileek sinadura eman beharko dute WACOM gailuaren bidez.

3.– Diruz lagundu daitezkeen enplegu-proiektu integralek ezaugarri hauek izango dituzte:

a) Proiektuak gehienez 15 partaiderekin eta gutxienez 8rekin onetsiko dira.

b) Nolanahi ere, 2026ko abenduaren 31 baino lehen hasi beharko dira proiektuak, eta 2027ko urriaren 1a baino lehen amaitu.

Ondorio horietarako, proiektuaren hasieratzat hartuko da jardueraren hasiera edo, bestela, Lanbiden aurkeztutako enplegu-eskaintza kudeatzeko eskaera edo prestakuntza eta/edo orientazioa azpikontratatzeko prozeduraren hasiera.

c) Taldea eratzea:

– Hasiera batean, taldeak gutxienez 8 eta gehienez 12 partaide izan behar ditu, eta partaideek 6.1 artikuluan definitutako lehentasunezko arretako kolektiboetakoak izan beharko dute. Taldea eratutzat joko da taldeko lehenengo jarduketa hasi ondoren. Alegia, artikulu honetako 2.1 eta 2.2 apartatuetan aipatzen den prestakuntza edo kontratazioa hasi ostean.

– Talde horrek koordinatzaile edo tutore bakarra izango du erreferente, eta hark koordinazio- eta jarraipen-lanak egingo ditu. Koordinazio- eta jarraipen-lan gisa ulertuko dira partaideen taldeak interes orokorreko jarduerak egiteko burutzen dituen lan profesionalen tutoretza-lanak. Figura hori 7. artikuluko 3.d) apartatuan jasotako baldintzetan finantzatu ahal izango da.

d) Partaideak ordezkatzeko politika.

Programan baja hartzen duten partaideak ordezkatzea baimenduko da, baldin eta proiektuan aurreikusitako prestakuntza-orduen % 35 eman aurretik eta hasierako hautagaien artean aukeratutako pertsona batekin ordezkatzen badira. Haiek ezin badute kontratua lortu hura lortzeko baldintza betetzen ez dutelako edo prest ez daudelako, hasierako eskaintzaren ezaugarri berak dituen beste lan-eskaintza bat ireki ahal izango da, ordezkapena egin behar denerako hasierako eskaintza iraungita badago.

Ordezkapena eginez gero, ordezkatutako pertsonak orientazio-orduak jaso baditu, ibilbidera haren ordez sartzen den pertsonak hari falta zaizkion orduak jasoko ditu, nahitaezko gutxieneko sei orduak bete arte.

4. artikulua.– Enplegu-proiektu integralak gauzatzea.

Programaren onuradunen kontratazioak, 3. artikuluko 2.2 apartatuan aurreikusitakoak, 5.1 artikuluan adierazitako entitateek egingo dituzte, baita haien mendeko entitateek ere, bai zuzenean, bai EAEko hirugarren sektore sozialekoak diren eta zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten irabazi-asmorik gabeko entitateen bitartez (Euskadiko hirugarren sektore sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean arautua), horiekin hitzarmena egiten bada edo horiei kontratu bidez adjudikatzen bazaie proiektuak gauzatzea.

Entitate onuradunak aurreikusitako jarduerak osorik (% 100eraino) edo zati batean gauzatzea hitzartu ahal izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Horren haritik, 20/2023 Legearen 31. artikulu horretako 7. apartatuan araututako debekuak errespetatzeaz gain, entitate onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurretiazko baimena eskatu beharko du, baldin eta hirugarrenekin kontratatutako jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 baino handiagoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, edo, bestela, kontratua entitatearekin berarekin lotutako pertsonekin edo beste entitate batzuekin egitekoa bada. Horretarako, eta dirulaguntzen araubidea arautzen duen arauaren 7.d) atalean xedatutakoaren arabera, baimen-eskaerarekin batera, sinatuko bide den kontratu-proposamenaren kopia aurkeztuko du, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak emango du ebazpena. Kontratazio hori egiteko, nahitaez, organo emaileak berariazko eta aldez aurreko baimena eman beharko du, eta ez da eraginkorra izango isilbidezko, ustezko edo administrazio-isiltasun bidezko ezein baimen-mota.

5. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Laguntzen onuradun izan daitezke entitate hauek, 3. artikuluko 2. apartatuan zehaztutako jarduketak egiteko:

– Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundiak, mankomunitateak, kuadrillak eta udalerriak edo udalerri-taldeak, bai eta autonomia-erkidegoko eta tokiko sektore publiko instituzionala osatzen duten eta aurreko horien mendeko diren edo haiei lotuta dauden organismoak eta gainerako entitateak ere. Modu berean, nortasun juridikorik gabeko udalerri-elkarteak. Horietako batek ordezkari izan beharko du, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaie. Taldea ezin izango da desegin EAEko Ogasun Nagusiaren eskubideen preskripzio-epe legez aurreikusitakoa igaro arte.

– EAEko tokiko edo eskualdeko garapen-agentziak eta horiei lotutako entitateak.

– Irabazi-asmorik gabeko landa-garapeneko elkarteak, Landa-garapeneko elkarteen berariazko araudiari buruzko ekainaren 25eko 158/2002 Dekretuan xedatutakoaren arabera eratutakoak.

2.– Bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluarekin, ezingo dira onuradun izan kasu hauetakoren batean dauden entitateak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazioa, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafikoa, iruzur eta ordainarazpen ilegalak edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso izana.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu izana, dena delako kausagatik errudun deklaratuz gero.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean egotea: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai horiek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.

g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso izana, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Hondakinak eta Lurzoru kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta egotea pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota bete ez izana, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

2.– Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeak, baldin eta haien kideetako batek aurreko apartatuan adierazitako debekuren bat badu.

3.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

4.– Inola ere ezingo dira izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean erregulatutako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuren bat jaso duten elkarteak.

Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitzeagatik elkarte baten inskripzio-prozedura administratiboa eteten bada Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, delako elkarte hori ere ezingo da izan onuradun edo entitate laguntzailea, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.

5.– Ezingo dira onuradun edo entitate laguntzaile izan dirulaguntzei buruzko oinarrizko araudian ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.

6.– Artikulu honen 1. apartatuaren b), d), e), f), g) eta j) letretan eta 2., 3. eta 4. apartatuetan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.

7.– Artikulu honen 1. apartatuaren a), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak ezarriko du debekuaren noiz artekoa. Halakorik ez badago, debekuaren noiz artekoa erregelamenduz erabakitako prozeduraren bidez ezarriko da, baina ezingo du iraun bost urte baino gehiago epai irmorik ez badago.

8.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1.c) artikuluan jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren noiz artekoa zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

9.– Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –13. artikuluaren 1. apartatutik 4.era bitarte aipatu dira debekuak–, bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Dokumentu hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez Administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

6. artikulua.– Hartzaileak.

1.– Deialdi honen babesean diruz laguntzen diren enplegu-proiektu integraletan, zaurgarritasun- edo bazterkeria-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonek parte hartu ahal izango dute. Langabezian eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon, eta EAEn bizi beharko dute.

Pertsona hauek zaurgarritasun- edo bazterkeria-egoeran edo -arriskuan daudela ulertuko da:

– 45 urtetik gorako pertsonak.

– Diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta/edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularrak edo onuradunak.

– Iraupen luzeko langabeak: halakotzat hartzen dira hautagaitza bidali aurretiko 540 egunetan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua Publikoan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta eta alta emanda egon eta langabezian gutxienez 360 egun eman dituztenak.

– Kualifikazio txikiko langabeak: enplegu-eskaeran 23. mailatik (DBHko graduatua edo baliokidea) gorakoa ez den bitartekotzako prestakuntza-maila adierazi duten pertsonak.

– Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak, laguntza espezifikoak jasotzen dituztenak edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituztenak, harrera-baliabideetatik datozelako edo bestelako zirkunstantziak dituztelako, kredentzialarekin akreditatuta eta enplegu-eskarian baldintza berezi horretan jasota daudenak.

– % 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortuta duten pertsonak.

– Gizarte-zerbitzuek egiaztatuta, gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonak.

– Mendekotasun-egoeran dauden eta alboko esklerosi amiotrofikoa duten pazienteen zaintzaile ez-profesionalak.

– Zaurgarritasun-egoeran dauden beste pertsona batzuk, enplegu-politiketarako lehentasunezko arretako kolektibotzat jotzen direnak, Enpleguaren otsailaren 28ko 3/2023 Legearen 50. artikuluan definitzen diren moduan.

2.– Ezin izango dira enplegu-proiektu integralen hartzaile izan, zaurgarritasun-egoeraren baldintza bete arren, «Lehentasunezko arretako kolektiboentzako enplegu-proiektu integralak» finantzatzeko 2025-2026ko deialdian diruz lagundutako proiekturen batean parte hartu duten pertsonak. Behar adina parte-hartzaile ez dagoelako ezin bada proiektua abian jarri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak baimendu ahal izango du pertsona horiek parte hartzea. Justifikazio-txostena aurkeztu beharko da egoitza elektronikoaren bidez.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Enplegu-proiektu integralaren prestakuntza-, kontratazio- eta orientazio-prozesu osoa amaitzen duen pertsona bakoitzak 17.115 euro jasoko ditu.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa programan parte hartzen duen pertsona bakoitzeko eta kontzeptu bakoitzeko kostu unitarioa kontuan hartuta zehaztu da. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izango da gastuaren benetako kostua baino handiagoa izan, eta justifikatzeko unean egiaztatu beharko da, 12. artikuluan jasotako baldintzetan.

3.– Hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak:

a) 1.794 euro, prestakuntza-ekintzetarako, 3. artikuluko 2.1 apartatuan adierazitakoaren arabera.

b) 9.375 euro, partaideen lan-kontratu bakoitzeko, 3. artikuluko 2.2 apartatuak dioenarekin bat. Dirulaguntza horren bidez, kontratatutako partaideen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak ordainduko dira.

c) 246 euro, orientazio-ekintzetarako, 3. artikuluko 2.3 apartatuan adierazitakoari jarraikiz.

d) 3.470 euro, lanbide-jardueraren koordinazio- eta jarraipen-lanak egiten dituzten langileen soldata-gastuak eta Gizarte Segurantzakoak estaltzeko. Partida horri dagokionez, dirulaguntza eman zenetik sortutako gastuak onartuko dira.

e) 2.230 euro, jarduketa horiek gauzatzearekin zuzenean lotutako beste kostu batzuetarako, jarduera horietan emandako denboraren proportzioan: aseguruak, materiala, lokalaren errentamendua, parte-hartzaileentzako kontziliazio-neurriak, etab.

4.– Hirugarrenak kontratatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu kontratazio horren kostua.

8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Dirulaguntzen eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira. Egoitza elektronikora, https://www.euskadi.eus/egoitza helbidetik sartu ahal izango da, eta bertara sartzeko esteka bat izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean.

Eskaeraren ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» delakoaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Orobat, izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Ahalordeen Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

2.– Izapidetze elektronikorako jarraibideak eskuragarri dauden administrazio-prozeduraren informazio-fitxa helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1210505

3.– Eskabide-inprimakia oso-osorik bete beharko da, eta proiektuaren edukiari eta faseei buruz eskatzen diren datuak eman beharko dira, bai eta ebaluatu beharreko kontzeptuei buruzkoak ere. Honako dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen legezko ordezkariak dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituela eta proiektu bakoitza berme osoz garatzeko behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak daudela adierazten duena.

Nortasun juridikorik gabeko udalerri-elkarteek aurkeztutako eskaeren kasuan, elkartea eratzeko sinatu duten dokumentuaren kopia aurkeztu beharko dute. Bertan, ordezkari gisa izendatu den udalerria, elkartutako udalerriek diruz lagundutako jarduera gauzatzeko hartu dituzten konpromisoak eta, hala badagokio, bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa jasoko dira. Kasu horretan, elkartutako udalerri bakoitzak sinatu beharko du erantzukizunpeko adierazpena.

b) Eskabide-memoria, gehienez ere 15 orrialdekoa. Bertan, proiektua deskribatuko da, puntu guzti hauei buruzko informazio xehatua, egokia eta nahikoa emanez (laguntza emateko ezinbestekoa den gutxieneko edukia):

– Komunitatearentzako interesaren eta proiektuaren onura publikoaren diagnostikoa, eskatutako lurralde-eremuan. Indarguneak, ahulguneak, aukerak eta mehatxuak zehaztuko dira.

– Proiektuak eskatutako lurralde-eremuan duen egungo lan-merkatuaren egoeraren azterketa, okupazioei edo lan-zereginei dagokienez. Langabezia- eta pobrezia-datuen azterketa, bilakaera eta ondorioak.

– Proiektuaren publizitate-estrategia, xede-publikoaren irismena eta hedapen-prozesua zehaztuta. Horrez gain, parte-hartzaileen lanpostuak betetzeko eskaintzaren eskaera-inprimakia aurkeztuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako ereduaren arabera –«Eskaintzen eskabide ereduak – Kontratazioak» web-orrian dago–, 10. artikuluan zehaztutako betekizunei jarraikiz.

– Lan-eskaintzak kudeatzera bidalitako pertsonen eta proiektuan parte hartzeko hautagaien azken hautaketa-prozesua diseinatzea. Elkarrizketetarako aurreikusitako hautagaien kopurua, elkarrizketa-gidoia, parte-hartzaileen taldea osatzeko irizpideak eta elkarrizketak egiten dituzten profesionalen osaera.

– Proiektuaren kronograma: prestakuntza-, orientazio- eta kontratazio-jardueren egutegia eta orduak.

– Prestakuntza-ibilbidea diseinatzea, xede duen kolektiboaren ezaugarrietan oinarrituta:

Lan aurreko gaitasunen edo gaitasun teknikoen inguruan egin behar diren prestakuntza-ekintzak planifikatzea. Plangintza, edukia, orduak, helburu orokorrak eta espezifikoak eta aplikatuko den metodologia didaktikoaren deskribapena.

– Lan-orientazioko estrategia: metodologia eta orientazio-ekintzan lagungarri gisa erabiliko diren tresnen zerrenda (ikus-entzunezkoak, Interneteko loturak, argitalpenak, eskuliburuak, etab.).

– Enplegu-estrategiaren definizioa.

– Komunitatean egingo diren lanen zerrenda.

– Partaideen lanpostuen deskribapena eta funtzioak.

– Partaideen koordinatzailearen edo langileburuaren lanpostuaren deskribapena eta funtzioak.

– Laneko arriskuak ebaluatzeko plana.

Gutxieneko edukia ez duten proiektuen eskabideak ezetsi egingo dira.

4.– Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako betekizunak, hamar egun balioduneko epea emango zaio entitate interesdunari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, hutsa edo akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

5.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2026ko irailaren 30ean amaituko da.

9. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Deialdi honen babesean aurreikusitako dirulaguntzak emateko prozedura ondoz ondokoa izango da.

2.– Enplegu eta Prestakuntzako zuzendaria da prozedura instruitzen duen organo eskuduna, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendaria, aldiz, ebazteko eskumena duena.

3.– Behin egiaztatuta eskabideek eta 8. artikuluan xedatutakoaren arabera erantsitako dokumentazioak deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela, modu ordenatuan emango dira dirulaguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera eta 2. artikuluko 1. apartatuan jarduera horietarako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.

Hasierako aurrekontu-zuzkidura eta, kasua bada, handiagotutakoa agortu ondoren, ukatu egingo dira falta diren eskabideak, eta zuzkidura agortu dela argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren ebazpenaren bidez.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du, eta banan-banan jakinaraziko da, bide telematikoak erabiliz.

Dirulaguntzak emateko ebazpenean honako hauek jasoko dira: zenbatekoa, ordaintzeko modua eta dirulaguntzaren justifikazioa.

Ukatzeko ebazpena arrazoitua izango da, eta berariaz zehaztuko dira eskaera ukatzeko arrazoiak.

5.– Ebazpenak eman eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitateak ezetsitzat jo ahal izango du dirulaguntzaren eskaera.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpenek ez dute administrazio-bidea amaitzen, eta ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea egongo da, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

7.– Publikotasun-printzipioa betetze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren ebazpen bidez, deialdi honen babesean laguntza jasoko duten erakundeen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Zer zenbateko jasoko diren agertuko da bertan.

10. artikulua.– Enplegu-proiektu integralen hartzaileak hautatzea.

1.– Entitate onuradunek enplegu-proiektu integraleko parte-hartzaileak aukeratze aldera, proiektu bakoitzeko enplegu-eskaintza bakarra aurkeztuko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren bulego batean.

Parte-hartzaileek nahitaez enplegu-eskatzaile eta langabetu gisa izena emanda egon beharko dute hautagaitza lan-eskaintzara bidaltzen duten unean eta proiektua hasi aurreko egunean. Proiektua prestakuntza-jarduketa edo kontratazio-jarduketa hasten denean hasiko da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egiaztatuko du baldintza horiek betetzen direla.

2.– Eskaintzaren eskaerak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Eskaintzaren eskaeran, proiektuan parte har dezaketen hautagaien bizileku geografikoa zer eremutan dagoen zehaztu beharko da. Euskal Autonomia Erkidegoan egon beharko du.

b) Esperientzia, hizkuntza eta bigarren hezkuntzako lehen etapatik gorako prestakuntza-maila (eskola-graduatua edo baliokidea) ezin izango dira nahitaezko baldintzatzat hartu, ezta baloratzeko modukotzat ere.

c) Eskainitako lanpostuek maila profesional eta soldata berekoak izan beharko dute, eta jarduera ekonomiko berekoak.

d) Entitate kontratatzaileak bakarra izan behar du.

3.– Hautagaitzak lortzeko eskaintza kudeatzen duen Lanbideren bulegoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren webgunean argitaratu eta bertan mantenduko du gutxienez zazpi egun naturalez.

4.– Deialdi honen babesean, ez dira ekintzen eta zerbitzuen jasotzailetzat hartuko lan-merkatu nazionalerako sarbiderik ez duten pertsonak.

5.– Entitate onuradunek hautatuko dituzte behin betiko hautagaiak. Entitateak eskaintzaren kudeaketari buruz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako inkestari erantzun beharko dio, jasotako hautagaitza guztien emaitzarekin.

6.– Koordinatzailea edo tutorea, zeinak lantaldearen jardueraren koordinazio-, kudeaketa- eta jarraipen-lanak egingo baititu eta 7. artikuluko 3.d) apartatuan aurreikusitako baldintzetan finantzatu ahal izango baita, ez da hartzailetzat jotzen, eta, beraz, haren hautaketa eta kontratazioa ez dira artikulu honetan deskribatzen diren betekizunen araberakoak.

11. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da. Honela:

a) Lehen ordainketa, proiektuaren dirulaguntza osoaren % 60koa, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, 2026ko aurrekontuaren kargura.

b) Bigarren ordainketa, guztizkoaren gainerako % 40ra artekoa, 2027ko konpromiso-kredituaren kargura, jarduketak 12. artikuluan aurreikusitako moduan justifikatu eta egiaztatu ostean.

2.– Aurreordainketen zenbatekoa 180.000 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren entitate onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintzan bermea, abala edo fidantza eratu izana egiaztatzen duen frogagiria aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan, ordainketa egin aurretik. Aurreratutako zenbatekoa agertu beharko da bertan.

Bermeak aurreordainketaren nominala estali beharko du, gehi horren interesak, gehienez ere urtebetez, eta nominalaren ehuneko hamabost, gehienez ere, balizko erreklamazio judizial edo estrajudizialaren kostu eta gastuetarako.

3.– Emateko ebazpena iritsi ondoren ordainduko du dirulaguntza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak, entitate onuradunak adierazitako banku-kontuan.

Dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona edo entitate onuradunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren hirugarrenen datu-basean agertu beharko du. Ez baldin badago erregistratuta, edo hirugarrenen datu-base horretan dauzkan banku-datuak aldatu egin nahi baditu, «Hirugarrenaren datuen alta/aldaketa» formulario elektronikoa bete beharko, du helbide honetan: https://www.euskadi.eus/web01-sedeform/es/x43kToolkitWar/form/fdp?procedureId=LAN06_KONTUAK&tipoPre

4.– Ordainketa bakoitza egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko du.

Entitate onuradunak hori egiaztatzearen aurka egiten badu, egoera horren ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Enplegu-ibilbide integralen proiektua gauzatzeko jarduketen likidazioa parte-hartzaile bakoitzeko eta gastu-kontzeptu bakoitzeko egingo da, 7. artikuluko 3. apartatuan zehaztutakoaren arabera.

2.– 3. artikuluko 2.2 eta 2.3 apartatuetan zehaztutako jarduketen likidazioa honela egingo da:

2.1.– Parte-hartzaile bakoitzaren lan-kontratazioaren kasuan (3. artikuluko 2.2 jarduketa), diruz lagundutako lan-kontratuak, ibilbide pertsonalizatuaren barruan egindakoak, dirulaguntzaren iraupena baino lehen azkentzen badira, hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinarazi beharko zaio, azkendu eta 7 eguneko epean.

Hala bada, azkendutako kontratuagatik emandako dirulaguntza osoa itzuliko da, eta dagokion prozedura izapidetuko da 15. artikuluan xedatutako baldintzetan, salbu eta azkentze hori probaldia ez gainditzeagatik, borondatez uzteagatik, bidezkotzat jotako kaleratzeagatik edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasunagatik gertatu bada. Kasu horretan, lan-kontratuaren benetako iraupenaren proportzioan murriztuko da kontratazioaren kontzeptuagatiko dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.2.– Orientazio-jarduketen kasuan (3. artikuluko 2.3 jarduketa), likidazioa benetan gauzatutako eta erregistratutako ekintzen arabera egingo da.

3.– Likidazioak ezin izango du inola ere gainditu hasieran emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.– Hirugarrenak kontratatuz gero, kontratatutako gastu-kontzeptuengatiko dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu kontratazio horren kostua.

5.– Ibilbide integralen proiektuaren justifikazioa kontratuak amaitu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko da.

Justifikaziok dokumentazio hau izango du:

a) Justifikazio-memoria bat. Gutxienez alderdi hauek bilduko ditu:

– Egindako jardueren eta lortutako emaitzen xehetasuna.

– Komunitatearentzat interesekoa den jarduera garatuaren deskribapena.

– Hasieran aurreikusitako helburuen ebaluazioa eta betetze-maila.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako fitxak, webgune honetan txertatuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1210505

– Ibilbide osoko ekintzen laburpen-fitxa, parte-hartzaileka.

– Lehentasunezko arretako kolektiboen gogobetetze-inkesta.

– Begirale-lanak egin dituzten pertsonen zerrenda.

– Gastuaren justifikazio-fitxa kontzeptuka, beste finantzaketa-iturri batzuk eta hirugarrenekiko azpikontratazioaren xehetasuna, c), d) eta e) letretan deskribatutakoa jasotzen duena.

c) Toki-entitateen edo sektore publikokoak diren entitateen kasuan, entitate onuradunaren idazkariak edo kontu-hartzaileak jaulkitako gastu-ziurtagiria, Lanbidek emandako ereduaren arabera. Bertan, gastu-kontzeptu bakoitzaren zenbatekoak zehaztuko dira, 7. artikuluko 3. apartatuak dioenaren arabera. Gainerako entitateek, Lanbidek emandako fitxaz gain, egindako gastua egiaztatzen duten gainerako dokumentuak eta kontzeptu bakoitzagatik egindako ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

d) Kasua bada, diruz lagundutako jarduketa finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasuna, zenbatekoa eta jatorria adieraziz. Lanbidek emandako fitxaren arabera.

e) Azpikontratatu diren jarduketen xehetasuna: kontratu txikia, edo hitzarmena edo azpikontratazioa.

6.– Aurreko apartatuan ezarritako epea igaro eta bertan jasotako dokumentazioa aurkeztu ez bada, organo eskudunak dokumentazioa aurkezteko eskatuko dio erakunde onuradunari. 15 eguneko epe luzaezina izango du horretarako. Dokumentazioa ez bada aurreikusitako epean aurkezten, edo justifikatutako zenbatekoa aurrerakin gisa jasotakoa baino txikiagoa dela ondorioztatzen bada, dirua itzultzeko prozedura hasiko da, 15. artikuluko prozedurari jarraikiz.

13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan oro har ezarritako betebeharrez gain, entitate onuradunek hauek ere bete beharko dituzte:

a) Enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskaera aurkeztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoan.

b) Dirulaguntza eman ostean eta Lanbiden inskribatutako pertsonen datuak eskuratu aurretik, entitateok tratamenduaren eragileak diren aldetik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak datu pertsonalen tratamenduaren inguruan emango dien konpromisoa sinatzea, arlo hori arautzen duen indarreko araudian xedatutako baldintzetan.

c) Kontratuen hasieraren berri ematea hamabost egun balioduneko epean, kontratatutako langile langabeen kopurua adierazita.

d) Kontratua azkendu dela jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, azkendu eta 15 eguneko epean.

e) Parte-hartzaileak ordeztu direla jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari, ordeztutako pertsonak azkendu eta 15 eguneko epean.

f) Frogatzea laguntza emateko edo jasotzeko bete behar diren betekizunak eta baldintzak betetzen direla, baita jarduera egin izana ere.

g) Dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.

h) Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera funtsean aldatzen duen gorabeheraren bat gertatzen bada, horren berri ematea, bai eta dirulaguntza emateko kontuan hartu den inguruabarren bat aldatzen bada ere.

i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso direla, beste edozein administrazio edo erakunde publikotatik (nazionalak zein nazioartekoak), kostu beraren gaineko finantzaketa bikoitzik gabe.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozeduren berri ematea.

k) Jasotako dirulaguntza aplikatzean iruzurra, ustelkeria edo interes-gatazkak saihesteko neurriak aplikatzea.

l) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin lankidetzan aritzea, ofizioz edo alderdi batek eskatuta diruz lagundutako jarduera egiaztatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan, bai eta Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Ogasun eta Finantza Saileko Ekonomia Politikarako eta Europako Funtsen Kohesiorako Zuzendaritzak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin behar dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduketak onartzea ere.

m) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea, probak edo elkarrizketak egitean eta proiektuetako partaideak hautatzean. Entitateak deialdi honen komunikaziorako eta hedapenerako erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili beharko dute, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexistak saihestu beharko dituzte, eta berdintasunaren, presentzia orekatuaren, aniztasunaren, erantzukidetasunaren eta rol eta genero-identitateen pluraltasunaren balioak dituen irudia sustatu beharko dute.

n) Diruz lagundutako jarduerari eta gastuei buruzko dokumentazio guztia 2032ko abenduaren 31ra arte gorde eta zaintzea, egiaztapenak egin ahal izateko.

o) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarekin aktiboki aritzea lankidetzan, programa ebaluatzeko. Xede horretarako eskatzen zaion edozein informazio emango du.

p) Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako hautagarritasun-baldintzak bete ditzaten, entitate onuradunak gastuaren kontabilitate-erregistroa izan behar du, eta horrek, berriz, kontabilitate-identifikazio berezitua edo kontabilitate-kode egokia.

q) Zenbait proiektuk Europako baterako finantzaketa jasoko dutela aurreikusita, entitateek espresuki adierazi beharko dute baterako finantzaketa jaso dutela (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoarena eta Europako Gizarte Funtsarena, Euskal Autonomia Erkidegoko EGF Plus Programaren (2021-2027) esparruan), deialdi honen babesean diruz lagundutako jarduerak komunikatzeko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan. Sinatutako kontratuetan ere aipatu beharko da Europako baterako finantzaketa duela.

Dirulaguntzaren entitate onuradunen zerrenda webgunean egongo da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 49. artikuluan jasotzen den bezala.

14. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, emandako dirulaguntza aldatu ahal izango da. Horretarako, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak bete behar dira, eta dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira.

Behin dirulaguntza emateko ebazpena emanda, onuradunak hura aldatzeko eskatu ahal izango du. Aldaketa egiteko, ebazpena eman ondoren eta entitate onuradun bakoitzarentzat diruz lagundutako jarduera gauzatzeko epean sortutako inguruabarrak hartu beharko dira oinarri. Inguruabarrok gertatu eta berehala formalizatu beharko da, eta, nolanahi ere, gauzatze-epe hori amaitu baino lehen.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak ebazpena eman beharko du proposatutako aldaketa onartzeko edo ukatzeko. Aldaketa eskatu eta bi hilabeteko epea izango du horretarako. Epe hori igarotzen bada ebazpen espresurik jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango da. Ebazpenek gehienez ere aldaketa-eskaera aurkezten den unera arteko atzeraeragina izan dezakete. Nolanahi ere, aldaketak hirugarrenen eskubideak kaltetzen ez baditu bakarrik baimendu ahal izango da.

2.– Baldintzak aldatzearen ondorioz, emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, dirua itzultzeko prozedurari ekingo zaio, 15. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Ezin izango da dirulaguntza ordaintzeko eskatu, eta, kasua bada, jasotako zenbatekoak osorik edo zati batean itzuli beharko dira, eta, gainera, dirulaguntza ordaintzen den unetik dirulaguntzen arloan aplikagarria den berandutze-interesa ordaintzeko eskatuko da, baldin eta, alde batetik, deialdi honetan aurreikusitako laguntzen entitate onuradunek betetzen ez badituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan xedatutako betebehar orokorrak edo deialdi honetan espezifikoki aurreikusitako betebeharrak eta baldintzak, edo, bestetik, 20/2023 Legearen 36. artikuluko itzulketa-kausak betetzen ez badituzte.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio entitate interesdunari. 15 eguneko epea emango dio egoki irizten dituen alegazioak egin ditzan.

3.– Alegazioak jasota edo alegaziorik aurkeztu ez eta epea igarota, prozedurari amaiera emango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren zuzendariaren ebazpen bidez. Itzultzeko prozedura ebazteko gehieneko epea 12 hilabete izango da.

4.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren arabera ez-betetzeren bat egon dela uste bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean dagozkion zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari itzuli beharra deklaratuko da. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

5.– Borondatezko aldian dirua itzultzen ez bada, dirua premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

16.– Datuen babesari buruzko informazioa:

Datu pertsonalen babesaren harira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak hemen xedatutakoa bete beharko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EBren 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Bildutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» tratamendu-jardueraren parte izango dira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoa da jarduera horren arduraduna, eta haren helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin lotutako dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta estatistikako datuak lortzea ere. Bildutako datuak beharrezkoak dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoari emandako botere publikoak gauzatzeko eta legezko betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte tratamenduaren arduradunaren aurrean, datu-babesaren gaineko eskubideak egikaritzeko prozeduraren bidez. Helbide honetan dago argitaratuta: www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/

Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea duzu hemen: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

17. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira administrazio honek edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek kontzeptu beragatik emandako beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Kontzeptu berekotzat jotzen da enplegu-programa integraletan diruz lagun daitekeen jarduketa-mota bera, pertsona berarentzat dena, dirulaguntzaren deialdia edozein dela ere.

Nolanahi ere, dirulaguntza horiek bateraezinak izango dira toki-entitateek edo haien mendekoek enplegu-programa integralen arloan jaso ditzaketenekin, tokiko enplegu-planen barruan honakoaz bestelako dirulaguntzak gauzatuz.

18. artikulua.– Aplikagarria den araudia.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzei Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa aplikatuko zaie.

Bermeen araubideari dagokionez, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 17. artikuluan aurreikusitako erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, dekretu hau aplikatuko zaio, lege horren aurka ez doan guztian: 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizunak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena.

Laguntzak Europako Plus Gizarte Funtsak batera finantzatzen baditu, honako bi hauen mende geratuko dira: alde batetik, (EB) 2021/1060 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Plus Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsizio Funtsari eta Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko xedapen komunak ezartzen dituena, bai eta funts horietarako eta Asilo, Migrazio eta Integrazio Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugen Kudeaketarako Finantza Laguntzarako Tresnarako eta Bisa Politikarako finantza-arauak ere, eta, bestetik, (EB) 2021/1057 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko ekainaren 24koa, Europako Plus Gizarte Funtsa ezartzen duena eta (EB) 1296/2013 Erregelamendua indargabetzen duena.


Azterketa dokumentala