
186. zk., 2026ko irailaren 29a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 6 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
4038
AGINDUA, 2026ko iraileko 21ekoa, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Ortuella udalerriko Peñota eremuan araubide orokorreko babes ofizialeko 94 etxebizitza errentamenduan adjudikatzeko prozedurari.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Etxebizitza horiek adjudikatzeko prozedurak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak xedatutakoari jarraituko dio, zeina baita etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak adjudikatzeko prozedurei buruzkoa; izan ere, hala xedatuta dago Babes publikoko etxebizitzen erregimen juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak aldaketak izan ditu III. kapituluan (alokairuko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien adjudikazioak arautzekoa), abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eragindakoak; dekretu hori da kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa.
Era berean, nahitaezkoa da aipatzea urriaren 10eko 147/2023 Dekretua, Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzkoa, zeinak, alde batetik, azken xedapenetako lehenengoan aldatu egiten baitu martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, eta, bestetik, azken xedapenetako bigarrenean aldatu egiten baitu 2012ko urriaren 15eko Agindua.
Azkenik, 2026ko apirilaren 21eko 55/2026 Dekretuak, Etxebizitzaren arloko erregelamenduzko xedapenak presaz aldatzeari buruzkoak, 2012ko urriaren 15eko Agindua aldatzen du bere VIII. kapituluan.
Bigarrena.– 2002ko irailaren 12an, alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak, eta bestetik, Ortuellako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten, Ortuella udalerriko Peñota auzoan babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko.
Hirugarrena.– Bizkaiko Etxebizitzako lurralde-ordezkariaren 2023ko abenduaren 22ko Ebazpenaren bidez, Ortuella udalerriko Peñota eremuan 94 etxebizitzako sustapenak araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen. Visesak (Euskadiko eta Etxebizitza eta Lurra S.A.) sustatzen ditu etxebizitza horiek eta EB2-2971/23-LC-000 da espediente zenbakia.
Laugarrena.– Agindu honen bidez adjudikatuko diren 94 etxebizitza horietatik 4 egokituta daude mugikortasun urri iraunkorra duten desgaituentzat, bi logelakoak dira eta 84,61 m2-ko azalera dute. Gainerako 90 etxebizitzetatik, 23 logela bakarrekoak dira eta 41,10 m2 eta 44,55 m2 bitarteko azalera dute; 60 etxebizitza bi logelakoak dira eta 57,45 m2 eta 64,83 m2 bitarteko azalera dute; eta 7 etxebizitza hiru logelakoak dira eta 84,50 m2 eta 88 m2 bitarteko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea errentamendua izango da. Etxebizitza horiek kupotan bananduko dira bosgarren ebazpen-zatian ezartzen den bezala.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak du eskumena agindu hau emateko, bat etorrita xedapen hauetan ezarritakoekin: martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua, Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa –12. artikulua, zehazki–, eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua, Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak adjudikatzeko prozedurei buruzkoa (aurrerantzean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua) –48. artikulua, zehazki–.
Bigarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019 Dekretuak (Kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa), azken xedapenetako zazpigarrenean aldatzen du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua, 47 bis artikulua gehituz, zeinak arautzen baititu errentamendu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko kupoak. Txertatu berri den 47. bis artikuluaren arabera, sustapen guztietan –salbu kolektibo jakin bati berariaz bideratutakoen kasuan–, etxebizitza-kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: desgaituak; 36 urtetik beherakoak; etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren titularrak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak; gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. Aipatutako 47 bis artikuluko 4. puntuan adierazitako ehunekoak errespetatu behar dituzte etxebizitza-kupoek.
Era berean, 2026ko apirilaren 21eko 55/2026 Dekretuak (Etxebizitzaren arloko erregelamenduzko xedapenak presaz aldatzekoa) aldaketa bat sartu zuen 47 bis artikuluan, 2. eta 5. apartatuei eragin ziena. Aldaketa horren bidez, adjudikatzeko lehentasun-irizpide bat ezartzen da zenbait taldetako kide diren pertsonentzat edo bizikidetza unitateentzat, honako hurrenkera hau finkatuz: eskubide subjektiboa, 36 urtetik beherakoak, premia berezia eta kupo orokorra. Bestalde, 36 urtetik beherako pertsonen taldeari erreserbatutako egokitu gabeko etxebizitzen gehieneko portzentajea ere aldatzen da, eta % 40tik % 50era igarotzen da.
Hirugarrena.– 2026ko apirilaren 21eko 55/2026 Dekretuak 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 25. artikuluko 3. apartatua ere aldatu zuen, etxebizitza babestuak adjudikatzeko prozeduretan parte hartzeko erroldatze baldintzei buruzkoa. Aldaketaren arabera, errentamendu erregimeneko prozeduretan, titularretako batek gutxienez hiru urteko errolda izan beharko du Euskal Autonomia Erkidegoan.
Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak, egungo erredakzioan, dio ezen etxebizitzak adjudikatuko direla 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoa aplikatutakoan pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du kontuan izanik zein diren eskatzaileen diru-sarrerak, zenbat kide dituen bizikidetza-unitateak, zer antzinatasun duten etxebizitza-eskatzaileek erregistroan eta nolakoa den etxebizitza-premia berezia.
Bizikidetza-unitateko kide kopuruagatik ematen den puntuazioa jartzeko, kontuan izango da zenbat logela duten sustapeneko etxebizitzek. Gauzak horrela, logela bateko etxebizitzetarako: 1 puntu emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta 1 puntu hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.
Bosgarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du noiz den egokia etxebizitza bat kontuan izanik zenbat kidek osatzen duten bizikidetza-unitatea eta zenbat gela dituen adjudikatu beharreko etxebizitzak.
Seigarrena.– Ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuetan zehazten da noiz egongo den gainokupatuta etxebizitza edo bizitoki bat (80/2022 Dekretua, ekainaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena).
Zazpigarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 30eko Aginduak zehazten du zein diren gehienez ere babes publikoko etxebizitzen prezioak eta errentak, eta zein den zuzkidura-bizitokien kanona.
Zortzigarrena.– Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako lehenak martxoaren 4ko 39/2008 Dekretua aldatzen du, eta dekretu horren 19. artikuluari 3. apartatu bat gehitzen dio, zeinak babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eska daitezkeen urteko gehieneko diru-sarrera haztatuen mugei eragiten baitie.
Horrenbestez, aztertu ondoren aipatutako legezko manuak, haiekin bat datozenak eta aplikagarri diren gainerakoak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea, Ortuella udalerriko Peñota eremuan, araubide orokorreko babes ofizialeko 94 etxebizitza errentamenduan adjudikatzeko prozedurari. Sustapen honen espedientea EB2-2971/23-LC-000. da.
Bigarrena.– Sustapen horretako etxebizitzak lagatzeko araubidea errentamendua izango da.
Hirugarrena.– Alde batetik, etxebizitza egokia arautzen duen 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluari jarraituz, eta, bestetik, gainokupazioa arautzen duen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuaren 5. artikuluari jarraituz, sustapenean ezin izango dute parte hartu 6 kide baino gehiagoko bizikidetza-unitateek.
Laugarrena.– 94 etxebizitza adjudikatzeko prozedura honetan parte hartzeko, honako betekizun hauek bete beharko dira agindu hau argitaratzen den egunean:
a) Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea alokairuko eskatzaile gisa, Ortuellan edo Bilbo Metropolitarreko eremu-funtzionaleko udalerriren batean (Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Alonsotegi, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Barakaldo, Barrika, Basauri, Berango, Bilbo, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Larrabetzu, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Ugao-Miraballes, Urduliz, Valle de Trápaga-Trapagaran, Zamudio, Zaratamo, Zeberio eta Zierbena). Dena dela, mugikortasun urriko kupoan parte hartzen duten pertsonek parte hartu ahal izango dute, edozein delarik eskaera-udalerria.
b) Agindu hau argitaratzen den egunean, titularretako batek behintzat Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon beharko du, gutxienez, etenik gabeko 3 urteko antzinatasunarekin.
c) 2025. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ezin dira izan 9.000 euro baino txikiagoak eta 46.463,29 euro baino handiagoak. Mugikortasun urria duten desgaituek, desgaitu psikikoek edo emakumeen kontrako indarkeria matxisten biktimek ez dituzte egiaztatu beharko gutxieneko diru-sarrerak. Etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortua duten pertsonek ere ez dituzte diru-sarrerak egiaztatu beharko. Alokairuko etxebizitzak eskuratzeko, diru-sarrera konputagarrien hartzailetzat joko dira adin nagusiko pertsona guztiak, baldin eta ez bazaie judizialki aldatu gaitasuna eta bizikidetza-unitatearen parte badira.
d) Bizikidetza-unitateek ez dituzte izango 6 kide baino gehiago.
e) Agindu hau argitaratzen den egunean bizikidetza-unitatea osatzen dutenetatik inork ezin du izan ez etxebizitzarik jabetzan, ez azalera- edo gozamen-eskubiderik. Dena dela, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 9 bis artikuluari jarraituz, etxebizitza-gabeziaren eskakizunari dagozkion salbuespenak aplikatuko dira; artikulu hori Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren azken xedapenetako bigarrenak erantsi zuen.
Bosgarrena.– Adjudikatu beharreko 94 etxebizitza horietatik, honako kupo hauek gordeko dira:
a) 4 etxebizitza, mugikortasun urriko desgaitasun iraunkorra duten pertsonei egokituak. Etxebizitza horiek adjudikatzeko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko 52. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituko zaio, bat etorrita 888/2022 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin (888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena):
Lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak adjudikatuko zaizkie desgaitasun-maila onartu, aitortu eta sailkatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 2. eranskinean A letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei; gero, 2. eranskin horretan B letrarekin kalifikatutako desgaitasunen bat duten pertsonei, eta, azkenik, 7 puntu edo gehiago eskuratzen dituztenei eranskin bereko D eta H bitarteko letretan ezarritakoak batuz.
Mugikortasun urriko desgaitasun iraunkorra egiaztatu duten pertsonek kupo honetan parte hartuko dute.
b) 90 etxebizitza gainerako eskatzaileen artean banatuko dira, kupo hauek errespetatuta:
– 36 etxebizitza adjudikatuko zaizkie (sustapen honetan adjudikatuko direnen % 40) 36 urtetik beherako gutxienez titular bat duten bizikidetza-unitateei.
– 19 etxebizitza adjudikatuko zaizkie (sustapen honetan adjudikatuko direnen % 21,11) agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duina eta egokia legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten eskatzaileei.
– 15 etxebizitza adjudikatuko dira (sustapen honetan adjudikatuko direnen % 16,67) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean.
– 20 etxebizitza adjudikatuko dira (sustapen honetan adjudikatuko direnen % 22,22) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra).
Seigarrena.– Kuporen batean egokitu gabeko etxebizitzak geratuko balira adjudikatu gabe dagokien multzoko pertsonei edo bizikidetza-unitateei, etxebizitza horiekin handitu egingo litzateke kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.
Era berean, kupo orokorreko eskaeren artetik etxebizitzarik adjudikatu gabe geratuko balitz, kupo bakoitzean gordetako etxebizitzak kontuan izanda, soberako etxebizitza horiek adjudikatuko lirateke eskaera gehien izan dituen kupoko pertsonen artean.
Adjudikazio-prozedura bukatu ondoren etxebizitzak adjudikatu gabe geratuko balira, bigarren adjudikazioetarako zehaztuta dagoen prozeduraren bidez esleituko lirateke.
Bestalde, mugikortasun urriko kupoan parte hartzen dutenen artean etxebizitza egokituak adjudikatu gabe geratuko balira, zuzenean bigarren adjudikazioetarako zehaztuta dagoen prozeduraren bidez adjudikatuko lirateke.
Zazpigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis 2. artikuluak xedatzen duenari jarraituz, kolektibo bateko baino gehiagoko kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak lehentasun honen arabera sartuko dira kupoetan: eskubide subjektiboa izatea, 36 urtetik beherakoak izatea, premia berezia izatea eta kupo orokorrekoak izatea.
Aurreko paragrafoan araututakotik salbuetsita daude mugikortasun urri iraunkorra egiaztatu duten pertsonak. Haiek beti kokatuko dira mugikortasun urriko kupoan; alegia, etxe egokitu bat eskuratzeko parte hartuko dute.
Zortzigarrena.– Agindu honetako baldintzak eta gainerako arau aplikagarrietakoak betetzen dituzten pertsonek parte hartu nahi badute sustapen honetako adjudikazio-prozeduran, dagokion eskaera aurkeztu beharko dute 2026ko irailaren 30etik urriaren 30era bitartean (biak barne), bide hauetako baten bitartez:
– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez.
– Aurrez aurre: Zuzenean Zerbitzua (aurrez hitzordua hartuta), Kale Nagusia 85, beheko solairua. 48011 Bilbo.
– Postaz: bidali dokumentazioa Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara (Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011 – Bilbo). Posta administratiboa erabiltzea gomendatzen da, posta bulegoko sarrera-data kontuan har dadin.
Bederatzigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz, eskaerak barematze-irizpide hauen arabera puntuatuko dira:
a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 10.722,29 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 10.722,30 eta 17.870,49 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 17.870,50 eta 29.784,16 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 29.784,17 eta 46.463,29 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.
b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, kontuan hartuko da zenbat logela duten sustapeneko etxebizitzek. Logela bakarreko etxebizitzak: 1 puntu emango zaie bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie hiru kide dituzten bizikidetza-unitateei, 1 puntu bi kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bestalde, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta 1 puntu hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.
c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: 1 puntu emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.
d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, espedienteei 4 puntu emango zaizkie, bizikidetza-unitatean kideren bat badago egoera hori egiazta dezakeena. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.
Hamargarrena.– Baremazioa kalkulatzeko, kontuan hartuko da zer egunetan argitaratzen den agindu hau. Berdinketa badago, antzinatasun handiena duen eskaeraren alde egingo da, eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenago sartu zena aukeratuko da.
Hamaikagarrena.– Sustapen honetako logela bakarreko etxebizitzak gehienez ere bi kide dituzten bizikidetza-unitateei esleituko zaizkie. Bi logelako etxebizitzak, berriz, gehienez lau kide dituzten bizikidetza-unitateei adjudikatuko zaizkie. Hiru logelako etxebizitzak, azkenik, gehienez sei kide dituzten bizikidetza-unitateei adjudikatuko zaizkie.
Hamabigarrena.– 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluaren idazketa berrian ezarri bezala, etxebizitzak adjudikatzeko orduan, irizpidetzat joko da zer kupo zehazten diren agindu horren 47 bis artikuluan, eta zein den etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena; betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.
Hamahirugarrena.– Adjudikazioa amaitutakoan, zenbat kupo dauden, hainbat itxarote-zerrenda egingo dira, parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenentzat. Itxaron-zerrenda agortzen bada, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluaren idazketa berrian ezarritakoari jarraituko zaio etxebizitzak adjudikatzeko.
Hamalaugarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-adjudikazioak eta itxaron-zerrendak argitara emango dira Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-ohol elektronikoan (www.euskadi.eus – egoitza elektronikoa – iragarki taula).
Hamabosgarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Errekurtso biak aurkezteko epea hasiko da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 21a.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
RSS