
186. zk., 2026ko irailaren 29a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (185 KB - 9 orri.)
- EPUB (121 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
4030
EBAZPENA, 2026ko irailaren 9koa, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiarena, 2026. urteko ekitaldian kanpoko euskal etxeak dauden tokietara bira kulturalak egiteko oinarri arautzaileak ezarri eta dirulaguntzen deia egiten duena.
Lehendakaritzaren Lau Urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota kanpoan den euskal komunitatea indartzeko deialdi honetako dirulaguntzen helburua. Plan hori Lehendakaritzaren 2024-2027 Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoa onartzen duen Gizarte Komunikazio eta Koordinazioko idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen, eta honako helbide honetan argitaratu zen: https://www.euskadi.eus/proiektua/lehendakaritzaren-2024ko-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2lehen/eu/
Era berean, dirulaguntza horiek Lehendakaritzaren 2026ko ekitaldirako Urteko Dirulaguntza Plan Estrategikoan jasota daude. Plan hori Koordinazioko eta Proiektu Estrategikoetako idazkari nagusiaren 2026ko martxoaren 26ko Ebazpenaren bidez onartu zen, eta helbide honetan argitaratu zen: https://www.euskadi.eus/proiektua/lehendakaritzaren-2026ko-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2lehen/eu/
2026rako deialdia egin da, euskal kultura zabaltzeko, bultzatzeko eta garatzeko jarduerak sustatzeko eta euskal gizataldeak finkatuta dauden herriekiko kultura-harremanak bultzatzeko. Era berean, ekitaldian zehar aurkezten diren mota horretako kultura-proiektuak antolatu eta horiei aukera berberak eman nahi zaizkie
Ebazpen hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoaren arabera arautuko da (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.)
Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen azaroaren 26ko 388/2024 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiari dagokio bere eskumen-esparruari buruzko dirulaguntzen deialdia egitea.
Ondorioz, hauxe
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
2026ko ekitaldirako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzea eta deialdia egitea, 70.000 eurokoa, kanpoan dauden euskal etxeetan kultura-birak egiteko, eranskin bakarrean onartzen diren oinarriekin bat.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Laguntza hauek Batzordearen 2023/2831 (EE) Erregelamenduaren mende daude (2023ko abenduaren 13koa, Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023ko abenduaren 15ekoa). Laguntza horiek de minimis gisa kalifikatzen dira, pertsona juridiko edo fisiko jakin bati emandako guztizko laguntza ez baita 300.000 eurotik gorakoa izango, hiru urteko edozein alditan. Muga horretatik beherako laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehia faltsutzen ez dutela uste da, eta, beraz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan aurreikusi ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo beraren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 9a.
Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia,
ANDER CABALLERO BARTUREN.
ERANSKINA
KANPOKO EUSKAL ETXEAK DAUDEN TOKIETARA BIRA KULTURALAK EGITEKO DIRULAGUNTZETARA BILTZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Oinarri hauen xedea da 2026. urtean zehar Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko euskal etxeak kokatuta dauden lekuetara kultura-birak egiteko dirulaguntzen deialdia egitea.
Euskal etxeen zein euskal etxeen federazioen edo konfederazioen programazioen barruan gutxienez hiru emanaldi egitea aurreikusten duen proiektua hartuko da bira kulturaltzat. Bira horien xede diren jardueren izaera eta jarduera horiek egiteko datak eta ordutegiak jarduera horiek garatzeko interesa duen euskal etxe bakoitzarekin adostu behar dira.
Bigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Euskal Etxeekin, Euskal Etxeen Federazioekin eta Konfederazioekin programatutako eta adostutako biren bidaia-gastuak ordaintzeko erabiliko dira dirulaguntzak. Zehazki, helmuga-herrialdera joateko joan-etorrien, helmuga-herrialdeko barne joan-etorrien edo herrialdeen arteko joan-etorrien kostu osoa edo partziala estaliko dute, bai eta bidesariak eta aparkatze-gastuak ere. Bira bakoitzeko gehienez 10.000 euroko dirulaguntza emango da.
– Autoa erabiliz gero, kilometroko 0,35 euro ordainduko dira, autobide- eta aparkaleku-gastuez gain. Furgoneten kasuan, kilometroko 0,45 euro ordainduko dira, autobide- eta aparkaleku-gastuez gain.
– Alokatutako ibilgailuak erabiliz gero, alokairu-faktura, erregaia eta autobide- eta aparkaleku-gastuak ordainduko dira.
– Hegazkin, tren edo beste garraiobide publiko bat erabiltzen bada, txartel arruntak baino ez dira onartuko.
Birak 2026ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira.
Hirugarrena.– Onuradunak eta onuradun izateko baldintzak.
1.– Laguntza-lerro honen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden pertsona fisiko eta juridiko guztiak, baldin eta beren helburuen artean kultura-zerbitzuak eskaintzea badute, eta euskal kultura hedatzeko jarduerak (emanaldiak, kontzertuak, hitzaldiak eta antzekoak) egiten badituzte Euskal Etxeak dauden lekuetan.
2.– Erakunde onuradunek emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntza onartu dutela ulertuko da baldin eta, 15 eguneko epean, esleipenaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote.
3.– Ebazpen honen babesean emandako dirulaguntzak eskuratzeko, ezinbestekoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduak izatea ere. Baldintza horiek betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, baldintza horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematen den unean zein ordainketak egiten diren unean.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzak eskatzen dituzten pertsonek eta erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, haien baimenik behar izan gabe. Hala ere, eskatzaileek uko egin ahal izango diote egiaztapen horri, eta, kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
4.– Honako hauek ezin izango dute ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzarik eskuratu:
a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3., 4. eta 5. paragrafoetan jasotako debekuren baten eraginpean dauden pertsonek edo erakundeek.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituzten eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez dituzten pertsonek eta erakundeek.
c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duten pertsona edo erakunde eskatzaileek, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean daudenek, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bateginaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.
d) Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan aurreikusitako kasuetan dauden pertsonek.
Laugarrena.– Zenbatekoa.
Laguntza horietarako 2026. urterako bideratutako zenbatekoa 70.000 eurokoa da guztira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026rako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kreditutik dator.
Bosgarrena.– Laguntzak kudeatzen dituen organoa.
Kanpoko Euskal Komunitaterako Zuzendaritza arduratuko da deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeaz.
Organo kudeatzaileak, espedienteak eta Ebaluazio Batzordearen txostena ikusita, ebazpen-proposamena egingo du, eta ebazteko eskumena duen organoari bidaliko dio.
Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, helbide elektronikoaren bidez.
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1273301
https://www.euskadi.eus/euskaldunak
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/
3.– Eskatzaileak sinatu beharko du eskabidea, eta pertsona juridikoen kasuan, legezko ordezkaritza duen pertsona fisikoak.
4.– Izapideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/tramitatzeko-laguntza-eta-arreta/web01-sede/eu/
5.– Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta harekin batera doan dokumentazioa. Halaber, prozeduran zehar, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
7.– Eskabidea eta ondorengo izapideak eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu; horretarako, ordezkaritza Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/erregistroa/ahalerr/web01-sede/eu/
8.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
Zazpigarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Egin beharreko jarduera deskribatzen duen memoria, proiektuan genero-ikuspegia nola txertatuko den jasoko duena. Memorian, euskal etxeekin eta euskal etxeen federazio zein konfederazioekin adostutako biraren deskribapen xehea jasoko da, eta dokumentazio grafikoa ere jaso ahal izango da.
b) Eskatutako laguntzaren aurrekontu xehea, eurotan adierazia.
c) Proposatutako jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan izandako eraginaren eta onarpenaren frogagiriak (sariak, jarduketen kopurua eta komunikabideetan egindako aldeko aipamenak).
d) Estatutuen kopia, elkarteak edo enpresak badira, edo jarduera ekonomikoen gaineko zergako alta eta zer jarduera-epigrafetan dagoen alta eginda.
e) Bira egingo den euskal etxeekin edo euskal etxeen federazio edo konfederazioekin adostutako biraren egiaztagiri idatzia.
Eskatzaileak sinatu beharko du eskabidea, eta pertsona juridikoen edo erakundeen kasuan, legezko ordezkaritza duen pertsona fisikoak.
Zortzigarrena.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da betebehar hauek betetzen direla:
a) Edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu izana jakinaraztea.
b) Eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
c) Eskatzaileak ez izatea dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo ez izatea horretarako legezko debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritako zehapen eta debekuen arabera.
d) Eskatzailean ez egotea otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerakoak eta LGTB pertsonen eskubideak bermatzekoak, 82. artikuluan ezarritako inguruabarretako bat ere.
e) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak izatea, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzea.
Bederatzigarrena.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren agiriak falta direla edo horietan formazko akatsak daudela ikusiz gero, edo baloratzeko alegatutako dokumentazioan akatsak daudela ikusiz gero, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela ebazpena eman ondoren.
Hamargarrena.– Laguntzak baloratzeko eta esleitzeko irizpideak.
1.– Dirulaguntza lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozeduraren bidez emango da, eta Ebaluazio Batzordeak proiektuaren alderdi hauek baloratuko ditu:
a) Aurkeztutako proiektuaren originaltasuna. Irizpide honetan, Euskal Etxeetan, Federazioetan edo Euskal Etxeen Konfederazioetan orain arte egin diren jarduera motei dagokienez, kultur birak dakarren espiritu berritzailea baloratuko da. Horrela, lortutako mailaren eta ondorengo balorazioaren arabera, gehienez 20 puntu lor daitezke.
Originaltasun-irizpide horren haztapena jarraian zehazten den moduan egingo da:
– 0 puntu originaltasun-maila oso ahula eta gabezia handiak dituzten proiektuen kasuan.
– 5 puntu originaltasun-irizpidea partzialki betetzen duten proiektuen kasuan; zuzena, baina berritasun-maila txikiarekin.
– 15 puntu eskatutakoarekin bat datorren maila lortzen duten proposamenen kasuan.
– 20 puntu etorkizuneko proiektuetarako erreferente gisa erabil litezkeen ekarpenekin koherentea den betetze sendoa adierazten duten ekimenen kasuan.
b) Birak iraun bitartean kanpoan bizi diren euskal herritarrekin konprometitutako emanaldiak. Gutxienez 3 jarduera kontratatu beharko dira, eta horiengatik 15 puntu lortuko dira. 3 jarduera horietatik harago, 2na puntu gehiago lortu ahal izango dira konprometitutako jarduketa bakoitzeko. Gehienez 25 puntuz baloratuko da guztira irizpide hau.
c) Aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna eta arrazionaltasuna, joan-etorriei eta eskatutako finantzaketari dagokienez. Aurrekontua koherentea eta proportzionatua den eta eskatutako laguntza kostuari dagokionez arrazoizkoa den baloratuko da. Gehienez 30 puntu emango dira, taula honen arabera:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
finantzaketa % = eskatutako zenbatekoa x 100 / joan-etorrietarako aurrekontu osoa
d) Proposatutako jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan lortu duen eragina, eragina eta onarpena (sariak, jarduketen kopurua eta komunikabideetako aldeko aipamenak). Ebaluazio Batzordeak baloratuko du programatutako jarduketek zer eragin, onarpen eta interes izan duten kulturaren esparruan aurretiazko jardueretan. Irizpide hori gehienez 25 punturekin baloratuko da, eta puntu bat emango da komunikabideetan proposamenarekin lotutako jarduketa, jasotako aintzatespen edo aldeko aipamen bakoitzeko.
e) Genero-ikuspegia. Proiektuak genero-ikuspegia zeharka zenbateraino txertatzen duen baloratuko da. Horretarako, emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua sustatzea eta proiektuaren jardueretan eta emaitzetan aukera-berdintasuna sustatzen duten neurri zehatzak aplikatzea hartuko dira kontuan. Irizpide hori gehienez 10 punturekin baloratuko da, honela banatuta: 5 puntu, emakumeen eta gizonen (onuradunak, taldea, hizlariak, etab.) parte-hartzearen oreka-mailagatik, eta 5 puntu, gehienez, proiektuaren diseinuan eta gauzatzean genero-ikuspegia benetan txertatzeagatik.
2.– Dirulaguntza jasotzeko gutxienez 45 puntu lortu beharko dira hautaketa-fasean.
Hamaikagarrena.– Ebaluazio Batzordea.
Ebaluazio Batzordea kide hauek osatuko dute:
– Ziortza Olano Astigarraga andrea, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusikoa, Batzordeko presidentea.
– Gorka Ruiz de Azúa Gomez de Segura jauna, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusikoa, batzordekidea.
– Caren Luisovna León Peraza andrea, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusikoa, 2. bokala.
– Iñigo Durana Ibañez jauna, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusikoa, Batzordeko idazkaria.
– Amaia Uribe Villar andrea, Koordinaziorako eta Proiektu Estrategikoetarako Idazkaritzako berdintasun-teknikaria. Hitza izango du, baina botorik ez.
Ebaluazio Batzordeak eskabideak ebaluatuko ditu eta egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko duen txostena egingo du. Txosten hori organo kudeatzaileari bidaliko zaio.
Hamabigarrena.– Prozedura ebaztea.
1.– Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusiak, organo kudeatzaileak egindako proposamena ikusita ebatziko du kultura-birak egiteko laguntzen deialdia. Dirulaguntza emateko ebazpenak puntu hauek jasoko ditu: onuradunen zerrenda, diruz lagundutako jarduera, atal bakoitzean lortutako puntuazioa eta guztizko puntuazioa. Ebazpenean, halaber, dirulaguntza ukatu zaien pertsonen zerrenda adieraziko da.
2.– Dirulaguntzak esleitzeko edo, hala badagokio, ezesteko ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei aukeratutako helbidean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, guztiek horren berri izan dezaten.
3.– Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari, eta aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, dirulaguntza-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hamahirugarrena.– Ebazteko eta jakinarazteko epea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera, prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Epe hori igaro eta argitalpenik egin ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango du eskatzaileak, aipatutako legearen 24. artikuluan eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoari dagokionez.
Ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 388/2024 Dekretuaren 2.4 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Ebazpenari berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo horren beraren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dakioke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hamalaugarrena.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Dirulaguntza eskatu zen xederako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2026. urtean gauzatzea.
3.– Diruz lagundutako proiektua eskaeran aurkeztutako baldintzetan garatzea.
4.– Dirulaguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eskatzen dieten informazioa ematea Kanpoko Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzari, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
5.– Laguntza ematen duen organoari jakinaraztea helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzarik jaso duen estatuko zein nazioarteko edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik.
6.– Enpresa-deslokalizazioan ez erortzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
7.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan aurreikusitako gainerako betebeharrak.
Hamabosgarrena.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
Onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, bira amaitu eta hiru hilabeteko epean:
a) Dirulaguntzaren xede den bira gauzatzeari buruzko txosten xehea.
b) Diruz lagun daitezkeen gastuak justifikatzeko agiriak (bigarren oinarria), emandako dirulaguntzaren kargura sortutakoak
Hamaseigarrena.– Dirulaguntza ordaintzea.
Ordainketa bi zatitan egingo da. Lehenengoa, emandako laguntzaren % 70ekoa, laguntza onartu ondoren, eta gainerako % 30ekoa, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko Idazkaritza Nagusian justifikazio-txostena eta txartelen ordainagiriak jaso ondoren. Nolanahi ere, 2026ko abenduaren 31 baino lehen emango dira.
Hamazazpigarrena.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren helburua bete bada– eta, hala badagokio, beste edozein erakunde publiko edo pribatutatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jaso badira, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Horretarako, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusiak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitzeko.
Hamazortzigarrena.– Beste laguntzekiko bateragarritasuna.
Ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
Hemeretzigarrena.– Itzultzeko arrazoiak eta itzultzeko prozedura.
Dirulaguntza emateko baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarri bezala eta harekin bat.
RSS