Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2026ko irailaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3959

EBAZPENA, 2026ko abuztuaren 28koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez memoria demokratikoa berreskuratzeko liburuak argitaratzeko dirulaguntzen 2026. urteko deialdia egiten baita eta hori arautzen duten oinarriak onartzen baitira.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeari buruzko azaroaren 27ko 4/2014 Legearen 3. artikuluak organismo horri esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, EAEko gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, hartara, balio eta printzipio demokratikoak sustatu, horietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da betiko ohoratu eta berreskuratzea Gerra Zibilaren, diktadura frankistaren, ETAren terrorismoaren eta legez kontrako kontraterrorismoen biktima guztiak. Eta, haiekin batera, beren senideak ere bai.

Institutu honek helburu horiek lortzeko dituen tresnetako bat, hain zuzen ere, dirulaguntzen lerroa da. Deialdi hau Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Dirulaguntzen 2025-2028rako Plan Estrategikoko dirulaguntza-lerro bat da. Institutuko zuzendariaren 2025eko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez Plan Estrategikoa eguneratu zen; helbide honetan eskuratu daiteke:

https://euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/plan_estrat_sub_gogora_2025/es_def/adjuntos/Plan-Estrategico-de-subvenciones-2025-2028.pdf

Era berean, azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bitartez onartutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren estatutuen 11.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Institutuko zuzendariari dagokio laguntzak eta dirulaguntzak erregulatzea, deitzea eta esleitzea.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deskribatutako helburu guztiak kontuan hartuta, Gerra Zibiletik gaur egunera arteko EAEko memoria demokratikoa berreskuratzeari buruzko argitaratu gabeko ez-fikziozko liburuak argitaratzeko 2026ko dirulaguntzen deialdia egiten da eta hori arautzen duten oinarriak onartzen dira. Oinarriak ebazpen honen eranskinean bildu dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetako dirulaguntzak honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia; eta 7/2025 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2026ko abuztuaren 28a.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,

ALBERTO ALONSO MARTIN.

I. ERANSKINA
MEMORIA DEMOKRATIKOA BERRESKURATZEKO LIBURUAK ARGITARATZEKO 2026KO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA
OINARRIAK

1. oinarria.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea Gerra Zibiletik gaur egunera arteko Euskadiko memoria demokratikoa berreskuratzeari buruzko argitaratu gabeko ez-fikziozko liburuak argitaratzeko emango diren laguntzak. Sortze-prozesuan ezin izango da erabili adimen artifizialeko softwarerik.

2. oinarria.– Denbora eremua.

Argitalpenak dirulaguntza jasoko badu, edizioaren eta/edo maketazioaren azken fasean egon behar da, eta 2026ko abenduaren 31rako amaitu behar da nahitaez.

3. oinarria.– Dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak.

Liburuek memoria historikoa edo oraintsuko memoria berreskuratzearekin eta egia argitzearekin lotutako gaiak jorratu behar dituzte, giza eskubideen defentsaren eta eskubideon urraketen salaketaren ikuspegitik. Gainera, jarduerak EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean edo bietan egin beharko dira.

Ez-fikzioko liburuak:

1.– Edizioaren eta/edo maketazioaren azken fasean dauden testu berriek jaso ahal izango dute dirulaguntza.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izango da ez-fikzioko liburuak euskarara edo gaztelaniara itzultzeko beste hizkuntza batzuetatik. Liburu bat itzultzeko dirulaguntza jaso ahal izateko, ezinbestekoa da ez egotea argitaratuta Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako batean (edo bietan).

3.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira fikziozko eleberriak, lan poetikoak eta antzezlanak.

4.– Amaierako testuak 100.000 karaktere izan beharko ditu gutxienez, nobela grafikoen edo komikien kasuan izan ezik.

5.– Liburuen argitalpenean jabetza intelektualari buruzko indarreko araudian ezarritakoa bete behar da, bai eta ISBNrako eta legezko gordailurako lege-izapideak ere.

4. oinarria.– Zenbatekoa.

1.– Deialdi honetara, berrogei mila (40.000,00) euro bideraturiko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2026ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Gehienez bost mila (5.000,00) euroko dirulaguntza eman ahal izango da ez-fikzioko liburu bakoitzeko. Dirulaguntzen deialdi honen 10.3 oinarrian ezarritakoaren arabera, onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik emango zaio dirulaguntza; hori dela eta, onuradun bakoitzak bost mila (5.000,00) euro jaso ahal izango ditu, gehienez.

3.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako 2023/2831 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 2831. zk., 2023-12-15ekoa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; beraz, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko hirurehun mila (300.000,00) euroko kopurua, hiru urteko edozein alditan. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen, eta, horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

4.– Aurreko apartatuan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntza eskatzen duen entitate edo pertsona bakoitzak hiru urteko edozein alditan jasotako beste minimis laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena erantsiko du, minimis laguntza berriak Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela frogatzeko. Erregelamendu honen ondorioetarako kontuan hartu behar den hiru urteko aldia etengabe ebaluatu behar da. Minimis laguntza ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zenbateko osoa kontuan hartu behar da.

5. oinarria.– Laguntzak emateko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak norgehiagokan emango dira, lehiaketa bidez.

2.– Horretarako, aurkezten diren eskabideak alderatuko dira, haien arteko lehentasunak ezartzeko, deialdi honen 15. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Hala, hautaketa-fasean deialdi honen 15. oinarrian ezarritako gutxieneko puntuazioa (50 puntu) eskuratzen dutenen artean balorazio handiena dutenei emango zaie laguntza, deialdi honetarako esleitutako kredituak agortu arte.

3.– Onuradun bakoitzak eskabideak baloratzeko fasean lortzen duen puntuazioaren araberako diru-kopurua jasoko du. Lortzen den puntuazioa portzentaje modura aplikatuko zaio eskabidean aurkeztutako aurrekontuari.

4.– Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa ez da izango eskatutakoa baino gehiago, ez eta 4.2 oinarrian proiektu bakoitzeko ezarritako gehieneko zenbatekoa baino gehiago ere, hau da, bost mila (5.000,00) euro liburuko. Gainera, onuradun bakoitzak ez du jasoko bost mila (5.000,00) euro baino gehiago, 4.2 oinarrian ezartzen den bezala.

6. oinarria.– Dirulaguntzarako onartuko diren gastuak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluari jarraikiz, dirulaguntzarako onartuko dira dirulaguntza jasotzen duen jarduerak zalantzarik gabe eragiten dituen gastuak, behar-beharrezkoak direnak eta 2026. urtean egiten direnak, baldin eta justifikazio-aldia amaitu aurretik ordaindu badira. Zehazki, honako hauek:

– Ez-fikziozko liburuen edizioarekin zuzenean lotutako gastuak; hala nola, diseinua, maketazioa, jatorrizkoaren eta proben zuzenketa, edizioaren koordinazioa, ISBNaren eskaera, inprimaketa edo koadernaketa.

– Publizitatea (kartelak, programak).

Gastu hauek inola ere ez dira diruz lagunduko:

• Ermandadeko bazkariak, otorduak, catering-ak eta antzekoak.

• Erakundearen egiturako langileen nominak.

• Lokalak eta eraikinak erostea.

• Luxuzko gastuak.

• Banku-kontuetako interes zordunak.

• Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

• Prozedura judizialetako gastuak.

• Zeharkako zergak, onuradunek berreskuratu edo konpentsatu ditzaketenean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

• Egile-eskubideak eskuratzeko inbertsio ukiezinak.

• Ondasun edo material inbentariagarriak eskuratzeko, eraikitzeko, birgaitzeko eta hobetzeko gastuak.

• Finantza-gastuak, aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak, notario- edo erregistro-gastuak, eta peritu-gastuak.

Zeharkako kostuak diruz lagundutako proiektuari egotzi beharko dizkio onuradunak, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian, eta, betiere, kostu horiek proiektua benetan egiten den aldiari badagozkio. Jarduera guztietarako diruz lagundu ahal izango dira proiektuaren zeharkako gastu hauek, baina ezingo dute inolaz ere proiektuaren kostu osoaren % 15 gainditu:

• Gastu orokorrak (bulego bat alokatzea, langile administrariak, mezularitza, bulegoko materiala eta abar), dirulaguntzaren xedearekin zuzenean lotuta badaude.

Edizioaren kostutzat jotzen diren eta diruz laguntzeko modukoak diren gastuak deialdi honen hurrengo oinarrian arautzen den jarduera lagungarriak gauzatzeko aldian egin eta ordaindu beharko dira.

Dirulaguntzarako onartzen diren gastuen erosketa-kostua ezin da izan merkatuko balioa baino gehiago.

7. oinarria.– Erakunde eta pertsona onuradunak.

1.– Ebazpen honen xede diren laguntzak eskatu ahal izango dituzte deialdi hau argitaratu baino lehenagotik dirulaguntzaren izaerarekin bat datorren jarduera profesionalen bat duten nortasun juridikorik gabeko erakundeek eta pertsona fisikoek eta pertsona juridiko pribatuek, baldin eta euskararen eremu geografikoan kokatuta badaude. Dirulaguntza honen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea sartzen dira euskararen eremu geografikoan. Enpresaburu indibidualen edo autonomoen kasuan, jarduera profesionalean egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emanda egon beharko dute.

8. oinarria.– Eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela frogatzea.

1.– Erakunde eta pertsona eskatzaileek egunean eduki beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten erakundeek baldintza hori betetzen duten ala ez. Horretarako ez du beharko eskatzaileen baimenik. Hala ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz, eskatzaileak horri ezezkoa eman ahal izango dio. Kasu horretan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela frogatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Erakunde eta pertsona eskatzaileek egunean eduki beharko dute dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa. Hori eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da. Era berean, erakunde eta pertsona onuradunek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 14. artikuluko baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Ondorio horietarako, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena sinatu beharko dute.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuetan aipatzen diren egoeretako batean dauden pertsonek eta erakundeek ezin dute jaso laguntzarik. Egoera horiek dirulaguntza jaso nahi dutenen erantzukizunpeko adierazpenen bidez frogatuko dira.

4.– Eskatzailea pertsona fisikoen edo pertsona juridiko pribatu zein publikoen nortasunik gabeko elkartea denean, eskabidean eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz agertu beharko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak, bai eta bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, kideak ere onuraduntzat hartuko baitira. Betiere, elkarteak ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko du, eta horrek ahalorde askietsiak eduki beharko ditu elkarteak onuraduna den aldetik dauzkan betebeharrak betetzeko. Elkartea ezin izango da desegin harik eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 43. artikuluan xedatutako preskripzio-aldia igaro arte.

9. oinarria.– Bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan azaltzen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berarekin ematen dituen beste batzuekin, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketa gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da.

Hori dela eta, gogoan eduki behar da ezen, minimis laguntzen araudiaren arabera, pertsona fisiko edo juridiko bati emandako guztirako laguntza ezin dela izan hirurehun mila (300.000,00) eurotik gorakoa, hiru urteko edozein alditan. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen, eta, horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

2.– Dirulaguntza hauek ezin dira bateratu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bidez liburuak argitaratzeko ematen dituen dirulaguntzekin.

3.– Dirulaguntza hauek ezin dira bateratu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko ematen dituenekin.

10. oinarria.– Izapidetzea.

1.– Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 64. eta 69. artikuluetan ezartzen dena gorabehera, pertsona fisikoek eskubide hauek dauzkate Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekiko harremanetan:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntz ofizialak erabiltzeko eta arreta hizkuntza horietan jasotzeko eskubidea, kalitate berarekin bietan, herritarrek hizkuntza-eskubideak baliatzeko modua arautzen duen legeriaren arabera.

b) Administrazioarekiko harremanetarako arreta-modalitatea edo kanala aukeratzeko eskubidea, kasu honetan izan ezik: dekretu honetan, administrazio-prozedura erkidearen arauetan edo kasuan kasuko prozeduraren araudian xedatzen denaren arabera baliabide jakin bat nahitaez erabili behar denean.

c) Ordezkari bidez jarduteko eskubidea.

d) Baliabide elektronikoak erabiltzeko laguntza jasotzeko eskubidea, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12.2 artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz. Laguntza hori Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoetan ematen dute langile gaituek, eta ezartzen diren bulegoetan ere jaso ahal izango da.

e) Administrazio publikoekin irispide-puntu elektroniko orokor baten bitartez komunikatzeko eskubidea.

2.– Harremanak bitarteko elektronikoen bitartez edukitzera behartuta ez dauden pertsona fisikoek bide elektronikoak edo aurrez aurrekoak erabili ahal izango dituzte deialdi honetako eskabideak, kontsultak eta izapideak egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez edukitzera behartuta ez dauden pertsona fisikoek noiznahi erabaki ahal izango dute bitarteko elektronikoak erabiliko dituzten ala ez eskubide eta betebeharrak baliatzeko, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 17. artikuluari jarraikiz.

– Aurrez aurre: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean zerbitzuan. Ahal dela, hitzordua eskatu beharko da, hauetakoren batera joz: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/ webgunea; erregistroen arloko arreta-bulegoak; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako establezimenduak.

– Kanal elektronikoa: behean ageri den egoitza elektronikoan.

Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekiko harremanetako aukeratzen den modua noiznahi aldatu ahal izango da; nolanahi ere, aldatu nahi izanez gero, prozedura izapidetzeko eskumena daukan organoari jakinarazi beharko zaio, aldaketa jasota gera dadin.

Jakinarazpenaren ondorioak prozedura izapidetzeko eskumena daukan organoak hura jaso ondoko bosgarren egun baliodunetik aurrera gertatuko dira.

3.– Eskabideak, justifikazioak eta deialdi honen inguruko beste izapide batzuk egiteko jarraibideak biltzen dituen administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxa Euskadi.eus egoitza elektronikoan eskura daiteke, zehazki helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/servicios/1043411

Helbide horretan honako hauek eskuratu daitezke:

– Prozedura izapidetzeko jarraibideak.

– Eskabidea ebazteko epeari eta administrazio-isiltasunaren ondorioei buruzko informazioa.

– Eskabidea betetzeko jarraibideak, eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

– Prozedurako betekizunen eta egiaztatzeko moduaren inguruko informazio eguneratua, administrazio publikoen arteko kontsulta-sistemen bidez lortzeko aukera eta interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena barne.

– Prozeduran egin daitezkeen izapide guztiak.

– Prozeduran erabil litezkeen eredu eta inprimaki normalizatu guztiak (eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak,...), EAEko Administrazioaren izapidetze elektronikorako plataforma komunean dauden inprimakietan oinarrituta, behar bezala normalizatuta, hizkera argian eta irakurketa errazerako idatzita, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan, eta sektore publikoko webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen irisgarritasunari buruzko araudian aurreikusitako irisgarritasun-betekizunak beteta. Inprimaki eta eredu horiek egiteko, herritarren arretarako eta zerbitzu digitaletarako organo eskudunaren jarraibideak jarraituko dira, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 60. artikuluaren arabera.

4.– Eskabide-inprimakiak eta gainerako administrazio-izapideak formalizatzeko eredu normalizatuak aurkezteko, web euskarriko inprimaki elektronikoak erabiliko dira beti; inprimaki horiek egoitza elektronikoko prozedura-fitxatik eskuratuko dira, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/servicios/1043411

5.– Administrazioarekiko harremanetarako izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsona juridikoek eta bitarteko elektronikoak erabiltzea aukeratzen duten pertsona fisikoek «Nire karpeta» bidez egingo dituzte eskabidearen ondoren bitarteko elektronikoen bidez egin beharreko izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren egoitza elektroniko honetan:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Herritarren karpetan («Nire karpeta-Mi carpeta») sartzeko, aurretik administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearen legerian ezartzen diren sistemetako baten bidez identifikatu beharko da (7. apartatuan zehazten dira).

Pertsona interesduna ez ezik, honako hauek ere sar daitezke Herritarren karpetan («Nire karpeta-Mi carpeta»):

a) Ordezkariaren ziurtagiri elektronikoa kualifikatua daukaten ahaldunak.

b) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 6.4 artikuluan arautzen diren ahalordeetako bat, interesdunak emana eta Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatua, daukaten pertsonak.

Herritarren karpetan («Nire karpeta-Mi carpeta») honako hauek egiteko aukera egon behar da, gutxienez:

a) Sartzen den pertsona alderdi interesduna den prozedura guztietako espedienteen izapidetzea zer egoeratan den aztertu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.a) artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.

b) Egindako izapideak eta bakoitzak espedientean daukan data aztertu.

c) Espedienteetako dokumentu elektronikoak bistaratu eta deskargatu.

d) Komunikazioak eta jakinarazpenak bistaratu.

e) Administrazioaren esku dauden pertsonaren komunikazioetarako eta jakinarazpenetarako datuen berri jakin. Nolanahi ere, indarreko araudian horretarako mugak ezar daitezke.

f) Ezartzen diren administrazio-ziurtagiriak eskuratu.

Oro har, jakinarazpen guztietarako Herritarren karpeta erabiliko da, baina beste baliabide batzuk ere erabili ahal izango dira.

Jakinarazpen-sistema elektronikoak aukera emango du egiaztatzeko zer egun eta ordutan jartzen den jakinarazpenaren xede den egintza entitate interesdunaren eskura edo, hala badagokio, legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura, bai eta jakinarazpenaren edukia zer egun eta ordutan eskuratu den ere, une horretatik aurrera joko baita egintzat jakinarazpena. Interesdunaren eskura utzi eta, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, jakinarazpena atzera bota dela ondorioztatuko da. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki edo materialki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

Izapidetzean, komunikazioetan hizkera ulergarria eta argia erabiltzen dela bermatuko da, bat etorriz Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 12.3 artikuluarekin.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren Administrazio Instituzionalaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta elektronikoki sinatzeko onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Era berean, ordezkari baten bitartez egin ahal izango dira izapideak elektronikoki. Ildo horretan, Zuzenbidean onartutako edozein bitarteko, haren existentzia modu fidagarrian erakusten duena, erabili ahal izango da ordezkaritza egiaztatzeko. Ordezkaritza frogatzeko moduetako bat da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatzea helbide honetan sartuta:

https://www.euskadi.eus/representantes.

11. oinarria.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, aipatutako egoitza elektronikoan sartuta. Harremanak elektronikoki edukitzera behartuta ez dauden pertsona fisikoek aurrez aurreko bidea edo elektronikoa aukeratu ahal izango dute.

3.– Eskabidea, ezarritako betekizunen erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki elektroniko normalizatuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri. Eskabide-inprimakian hauek sartuko dira:

– Pertsona fisikoen kasuan, adieraziko da zer kanal erabiliko den administrazioarekiko jakinarazpen eta komunikazioetan.

– Kasu guztietan, jakinarazpen- eta komunikazio-abisuak jasotzeko datuak emango dira, eta hizkuntza aukeratuko da.

4.– Onuradun bakoitzeko proiektu bakarra lagunduko da diruz. Erakunde edo pertsona fisiko bakoitzak hainbat proiektutarako laguntza eskatu ahal izango du, eta proiektu bakoitzeko eskabide bat egin beharko du. Erakunde batek proiektu bat baino gehiago aurkezten baditu, deialdi honen 14. oinarrian biltzen diren adjudikazio-irizpideak aplikatuz puntuazio handiena lortu duena bakarrik lagunduko da diruz.

12. oinarria.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Erakunde edo pertsona eskatzaileari buruzko datuak, bai eta nortasun juridikorik gabeko erakundeetako kide bakoitzari buruzkoak ere.

b) Proiektua gauzatzeko kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatua. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak zehaztuko dira, egotekotan. Aurrekontua aurkezteko, prozedura-fitxan dagoen eredua erabiliko da nahitaez.

c) Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko baitira: xedea, metodologia, balizko hartzaileak, lurralde-eremua eta egingo diren jardueren egutegia.

d) Ez-fikziozko liburua idatzi duen idazlearen ibilbide artistikoa.

e) Dirulaguntzaren izaerarekin bat datorren jarduera profesionalean egindako ibilbidea.

f) Proiektuan genero-ikuspegia barne hartzeari buruzko azalpen-memoria.

g) Dirulaguntza eskatzen duen entitate edo pertsona bakoitzak hiru urteko edozein alditan jasotako beste minimis laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena erantsiko du, minimis laguntza berriak Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela frogatzeko. Aurreikuspen hau pertsona fisikoen edo pertsona juridikoen –nortasunik gabeko pribatu edo publikoen– taldeetako kide guztiei aplikatuko zaie, zeinek banakako adierazpenak aurkeztu beharko baitituzte. Minimis laguntzei buruzko adierazpena aurkezteko, prozedura-fitxako eredua erabiliko da nahitaez.

h) Dirulaguntza-deialdira aurkezten diren ez-fikziozko liburuak baloratu ahal izateko, pdf formatuan aurkeztu beharko dira. Aurkezteko modu hori betetzen ez bada, baztertu egingo da.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, eskabideari erantsita, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2. eta 3. apartatuetan aipatzen den inguruabarrik ez dagoela adierazten duena. Nortasun juridikorik gabeko erakundeen kasuan, adierazpena kideetako bakoitzak sinatu duela ulertuko da.

j) Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du dirulaguntza eskatu duten pertsonek eta erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituzten ala ez, eta horretarako ez du haien baimenik beharko. Hala ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz, eskatzaileak horri ezezkoa eman ahal izango dio. Kasu horretan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela frogatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Interesdunek eskubidea dute administrazio jarduleak jada bere esku dauzkan dokumentuak edo beste edozein administraziok taxutu dituenak ez ekartzeko. Administrazio jarduleak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahalko ditu, interesdunak aurka egin ezean. Ezin izango da aurka egin, dokumentua ekartzea nahitaezkoa denean zehatzeko edo ikuskatzeko ahala egikaritzeko esparruan.

Administrazio publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte dokumentuak, beren sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez.

3.– Era berean, jarduerak hobeto baloratu daitezen, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

4.– Dagoeneko eginda dauden jarduketen kasuan, egindako gastuak frogatzen dituzten agiri guztiak ere aurkeztu beharko dira.

5.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio erakunde eskatzaileari, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

13. oinarria.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Erakunde edo pertsona eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, 10 eguneko gehieneko epea emango die haiei, antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die, zuzentzen ez badituzte, eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

14. oinarria.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Epaimahaiburua:

– Iñaki De Pablos Vaca, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

Bokalak:

– Amaia Goenaga Sánchez, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Memoria Historikoko teknikaria.

– Alaitz Vives Urbieta, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko prentsako teknikaria.

– M.ª Dolores Fiallegas García, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko artxiboko, liburutegiko eta dokumentazioko teknikaria.

Idazkaria:

– Nagore Otaola Moscoso, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Aholkularitza Juridikoko teknikaria. Bileretan hitza izango du, baina botorik ez.

2.– Bokal eta idazkarien kasuan, maila bereko funtzionarioek ordezkatu ahal izango dituzte, haiek izendatzeko eskumena duten organoek proposatuta, baldin eta absente badaude, beren kargua hutsik badago eta gaixorik edo justifika daitezkeen bestelako egoeraren batean badaude.

3.– Bermatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan.

15. oinarria.– Balorazio eta hautaketa irizpideak.

1.– Proiektuei dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:

• Proiektuaren potentzial estrategikoa eta haren egokitasuna edo gizarte-interesa. 30 puntu gehienez.

Proiektua zer mailatan egokitzen den deialdiaren xedera. Proiektuaren izaerari, metodologiari eta antolamenduari buruzko azalpenaren argitasuna baloratuko da, zehaztu ahal izateko proposatutako jarduerak bat ote datozen dirulaguntzaren xedearekin. Gehienez 10 puntu.

Plan hauen helburu eta ikerketei lotzen zaizkien proiektuak: 2025-2028 jarduketa-plana (//www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/jarduera-plana-2025-2028/); Gogoraren 2025eko kudeaketa-plana (https://www.euskadi.eus/sail-plana/kudeaketa-plana-2025-2028/web01-s2enple/eu/). 15 puntu gehienez.

Zehazki, gai hauei buruzko proiektuak:

– Destakamendu penalak eta langile-batailoiak.

– Lehenengo Eusko Jaurlaritzako kideak, kargudun politikoak eta funtzionarioak.

– Emakumea Babesteko Euskadiko Patronatua (1941-1985).

– Sexu- eta genero-aniztasuna frankismoan; zehazki, errepresioa eta ekintza kolektiboa.

– Euskal herritarrei eragiten dien Ordena Publikoko Auzitegia, euskal antifrankismoa aztertzeko eta balioan jartzeko.

– Eskuin muturreko talde terroristak eta «Gerra Zikin»aren lehen fasea.

– Ondasun-inkautazioen eta erantzukizun politikoen jurisdikzioa.

– Deportatuak eta nazien kontzentrazio-esparruak.

– 1936ko kolpe militarraren, Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktimen eta lekukoen testigantzen bilketa.

– Giza eskubideen urraketa genero-ikuspegitik, emakumeek jasandako urraketa motei arreta berezia jarrita.

Aztertutako gaiari buruzko ikuspegi berritzailea edo ezezaguna ematea. Irizpide hau baloratzeko, ez-fikziozko liburuen kasuan, orain arte argitaratutako bibliografia hartuko da kontuan. 5 puntu gehienez.

Honako hauek aipatzen dira baloratzeko alderdi berritzaile bezala:

– Hautatutako gaiari buruz orain arte argitaratu diren lan gehienek eman ez duten ikuspegi bat izatea.

– Gutxiago landu den denbora-tarte kronologiko edo eremu geografiko bat izatea.

– Gai bati buruz orain arte jorratu ez diren alderdiak jorratzea, orain arte lekukotzarik eman ez duten edo hainbesteko tokirik izan ez duten kolektiboak agertzea, eta abar.

• Proiektuaren kalitate tekniko eta profesionala. 30 puntu gehienez.

Proiektuaren egitura eta baliabide narratiboak. 25 puntu gehienez. Irizpide horri dagokionez, honako alderdi hauek baloratuko dira, orientazio gisa:

Lexiko aberats eta askotarikoa erabiltzea, eta oin-oharrak, bibliografia, terminologia-glosarioa, iturri dokumentalen eranskinak, mapak, ilustrazioak eta abar sartzea.

Erakunde edo pertsona eskatzaileak antzeko proiektuetan izandako ibilbidea. 5 puntu gehienez.

Horri dagokionez, baloratuko da entitate edo pertsona eskatzaileak liburu ez-fikziozkoak aurretik argitaratuta izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Gerra Zibiletik gaur egunera arteko memoria demokratikoa berreskuratzearen eremuan edo Giza Eskubideen defentsarekin lotutako beste eremu batzuetan.

• Zeharkako politikak. 20 puntu gehienez.

Proiektuan euskara erabiltzea eta euskarazko materialak edo material elebidunak sortzea. 10 puntu gehienez.

Proiektuan genero-ikuspegia sartzea. 10 puntu gehienez.

Ondorio horietarako, proiektuan genero-ikuspegia sartzeari buruzko azalpen-memorian baloratuko da nola jasotzen den genero-ikuspegia aurkeztutako proiektuetan: aztertutako gaian emakumeen testigantza jasotzen den, arlo jakin batean adituak diren emakumeen balorazioak sartzen diren aurkeztutako lanetan, eta abar.

Halaber, baloratuko da gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua ote dagoen pertsona juridiko eskatzaileen antolaketa-egituran, eta, era berean, kontratatutako langileen eta pertsona fisiko eskatzaileen genero-berdintasunaren arloko prestakuntza ere baloratuko da.

• Dibulgaziorako gaitasuna – Proiektuaren zabalkundea. 20 puntu gehienez.

Baloratuko da proiektuaren memorian dibulgazio-plan edo marketin-kanpaina bat sartzea, obraren publizitatea egiteko. Horren barruan, proiektua gizartera hedatzeko jarduketa guztiak bilduko dira, barne hartuta interneteko eta sare sozialetako publizitatea.

Baloratuko da, halaber, elkarte, udal eta erakundeekin lankidetzan aritzea, proiektua ezagutarazteko aukera emango duten sinergiak bilatzeko.

Guztira, 100 puntu emango dira gehienez.

2.– Dirulaguntza adjudikatzeko, eskabideak 50 puntutik gora lortu beharko du, aurreko baremoen arabera.

16. oinarria.– Prozedura ebaztea.

1.– Epaimahai kalifikatzaileak aurkeztutako eskabideen ebaluazioari buruzko txostena egingo du. Txosten horretan erakunde edo pertsona onuradunen lehentasun-ordena ezarriko du eta laguntzen zenbatekoa zehaztuko du. Proposamena egiteko, ebazpen honen 5., 6. eta 15. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz proiektu bakoitzak lortu duen puntuazioa baloratuko da.

2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, epaimahai kalifikatzaileak egindako txostena aztertuta, laguntzak adjudikatzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean laguntzen zenbatekoa jaso beharko da. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Ebazpen hori sei hilabeteko epealdiaren barruan eman eta jakinarazi beharko zaie interesdunei, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Aldi horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazten, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

5.– Erakunde onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak honako hauetan argitaratuko dira: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorrean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios eta Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren atarian (www.gardena.euskadi.eus).

17. oinarria.– Kudeaketa-organoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzek dakartzaten kudeaketa-lanak egitea.

18. oinarria.– Erakunde edo pertsona onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde eta pertsona onuradunek emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio.

Dirulaguntza onartuz gero, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta hura garatzeko araudia bete beharko dira, bai eta 698/1991 Dekretua ere, edo horren ordezko araua (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena). Berekin dakar, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko arauketa bete behar izatea, aplikagarriak diren agindu guztietan.

2.– Erakunde eta pertsona onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, bai eta 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

3.– Erakunde eta pertsona onuradunek espezifikoki bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan onuradunei ezarritako betebeharrak.

4.– Erakunde eta pertsona onuradunek egunean eduki beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Deialdi honetako organo kudeatzaileak behar beste aldiz eta automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzak eskatzen dituzten pertsonek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela adierazten duen dokumentazioa, baldin eta interesdunek berariaz baimena ukatzen ez badute. Azken kasu horretan, aipatutako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.– Erakunde eskatzaileek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak informaziorik eskatuz gero, erakunde onuradunek eman egin beharko diete.

7.– Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

8.– Diruz lagundutako proiektuetatik sortutako zabalkunde-jardueretan eta argitaratzen diren materialetan, erakunde onuradunek sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko dituzte.

9.– Diruz lagundu diren proiektuen finantzaketa publikoaren publizitate egokia egin beharko dute erakunde eta pertsona onuradunek, gardentasunari buruzko legedian xedatutakoaren arabera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Zehazki, argitalpenetan Gogora Institutuaren logotipoa agertu beharko da, ondo ikusteko moduan.

10.– Emandako dirulaguntza ebaluatzeko, erakunde edo pertsona onuradunek Gogora Institutuari jakinarazi beharko diote zenbateko tirada izan den edo zenbat ale saldu diren. Datu horiek justifikazio-memoriaren atal espezifiko batean sartu beharko dira.

11.– Aurreko paragrafoetan jasotako betebeharrak pertsona fisikoen edo juridikoen –nortasunik gabeko pribatu edo publikoen– taldeetako kide bakoitzari aplikatuko zaizkio, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako betearazpen-konpromisoak betez, eta horietako bakoitzak aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez.

12.– Era berean, erakunde eta pertsona onuradunek enpresa-deslokalizaziorik ez gauzatzeko konpromisoa adierazteko betebeharra daukate, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluari jarraikiz.

19. oinarria.– Ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 60 ordainduko da, dirulaguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epea igarotzean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkeztu.

b) Bigarren ordainketan, proiektuaren kostu osoa (% 100) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aurrean justifikatu ondoko likidaziotik sortutako zenbatekoa ordainduko da, hurrengo oinarrian zehaztutako moduan.

2.– Emandako dirulaguntza ordaindu ahal izateko, erakunde eta pertsona onuradunek hirugarrenen altaren agiria aurkeztu beharko dute. Erregistratuta ez badaude edo Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko bankuko datuak aldatu nahi badituzte, elektronikoki izapidetzera behartuta dauden pertsonek elektronikoki egin beharko dute, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez, hemen: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/.

20. oinarria.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Dirulaguntza justifikatzeko, egindako proiektuaren memoria xehea aurkeztu beharko da, eta proiektuan genero-ikuspegia nola txertatu den adieraziko. Gainera, gastuen eta sarreren balantzea aurkeztu beharko da, bai eta diruz lagundutako proiektua edo programa gauzatzeko egindako gastuen jatorrizko fakturak (eta horiek ordaindu direlako frogagiriak) edo kopia konpultsatuak ere, hau da, dirulaguntzen justifikazioa, proiektuaren kostu osoa adierazita (% 100) -Emandako kopurua eta zati kofinantzatua. Dirulaguntzaz gain funts propioak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere.

2.– Aipaturiko memoriari azken produktuaren kopia bat erantsi beharko zaio, jabetza intelektualari buruzko indarreko araudian ezarritakoa betetzen duena, eta ISBNrako eta Legezko Gordailurako lege-izapideak bete beharko dira, ale-kopurua adierazita. Diruz lagundutako liburuaren kopia hurrengo apartatuan ezarritako justifikazio-epearen barruan aurkezten ez bada, justifikatzeko betebeharra ez betetzat joko da.

3.– Justifikazio-agiriak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutura bidali beharko dira 2027ko urtarrilaren 15a baino lehen.

4.– Oinarri honetan aurreikusten ez den guztian Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

5.– Gogora Institutuaren estatutuen 4. artikuluan jasotzen denez, Institutuaren eginkizunen artean Euskadiko memoria demokratikoaren ondarea kontserbatzea dago, besteak beste, eta, horretarako, memoria demokratikoari buruzko funts publiko bat sortzea aurreikusten da (Gogora Institutuaren estatutuak azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bidez onartu ziren).

Eginkizun horiek betetzeko, Gogora Institutuak liburutegi espezializatu bat sortu du, zeinaren dokumentu-funtsean sartuko baitira dirulaguntza jaso duten obrak; obra horiek kontserbaziorako, dibulgaziorako, kontsultarako eta mailegurako baino ez dira erabiliko. Horiek guztiak irabazi asmorik gabeko erabilerak dira, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuaren 37. artikuluaren babestutakoak, eta ez dute egile-eskubideen titularren baimenik beharko, nahiz eta egileek ordainsaria jasotzeko eskubidea izango duten beren lanen maileguengatik, Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginaren 37.2 artikuluan ezartzen denaren arabera.

21. oinarria.– Dirulaguntza eman direneko inguruabarrak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarrak aldatuz gero, betiere xedea betetzat jotzen bada, edo beste erakunde publiko edo pribatu baten dirulaguntza edo laguntzaren bat edo diru-sarrera edo baliabide bat jasotzen bada helburu bererako, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta deialdi honetan onuraduna izateko ezartzen diren gutxieneko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, eta bertan emandako dirulaguntzaren zenbatekoa egokituko da.

2.– Emandako dirulaguntza edo hura emateko kontuan hartutako inguruabarren bat aldatzen bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete beharko dira.

3.– Dena delakoagatik diruz lagundutako proiektu bat ezin bada gauzatu eskabidean adierazitako moduan, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu behar ez bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak berariazko ebazpen baten bidez zehaztuko du emandako zenbatekoa itzuli behar dela, bidezkoa bada.

22. oinarria.– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea eta dirulaguntza itzultzea.

1.– Ez-betetzetzat 20/2023 Legearen 36. artikuluan araututakoak hartuko dira, bai eta honako hauek ere:

a) Justifikazio-betebeharra ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea, 20/2023 Legearen 36. artikuluari jarraikiz.

b) Dirulaguntza baldintzak bete gabe edo baldintzak faltsutuz eskuratzen denean edo hura eskuratzea galaraziko luketen baldintzak ezkutatuz eskuratzen denean.

c) Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua betetzen ez denean edo dirulaguntzaren bidez hartu behar den jokabidea hartzen ez denean.

d) Dirulaguntza emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez direnean.

e) 20/2023 Legearen 12.5.d), 14.c) eta 42. artikuluek ezartzen dituzten kontrol-jarduketei erresistentzia, aitzakiak edo oztopoak jartzen zaizkienean edo kontrol horiei uko egiten zaienean.

f) Deialdi honen 17.9 artikuluan jasotako publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.

g) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa, 20/2023 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

h) Jasotako dirulaguntza, osorik edo zati batean, onartutako jarduera ez den beste baterako erabiltzea, dirulaguntza eman zitzaion proiektuaren arabera.

i) Hautatutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, aldaketok funtsezkoak ez izanik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak berariaz baimentzen baditu, eskabide arrazoitu bat jaso ondoren.

2.– Erakunde onuradunak ez badu betetzen oinarri honen 1. puntua, laguntza emateko ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako baldintzetako bat edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharretako bat, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, behar denean, jasotako zenbatekoa (osorik edo zati bat) itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bai eta berandutze-interesak ordaindu ere; horrez gainera, bidezko zehapena ezarriko zaio. Hori guztia Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera egingo da.

3.– Honako irizpide hauek ezartzen dira dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetako bat betetzen ez denean dirua itzuli behar denerako, portzentajeak zehaztuta:

– Dirulaguntza inguruabarrak faltsututa edo ezkutatuta lortzea. Itzuli beharrekoa: % 100.

– Eskabidean adierazitako helburuak inola ere ez betetzea. Itzuli beharrekoa: % 100.

– Eskabidean adierazitako helburuak zati batean ez betetzea. Bete gabeko helburuen proportziozko kopurua.

– Zabalkunderako neurriak ez betetzea. Itzuli beharrekoa: % 40.

– Justifikatzeko betebeharra ez betetzea. Itzuli beharrekoa: % 100.

– Justifikazioa behar bestekoa ez izatea. Behar bezala justifikatu ez den zatiaren proportziozko kopurua.

– Diruz lagundutako liburuaren azken kopia deialdi honen 19.2 oinarrian ezartzen den epealdiaren barruan ez aurkeztea. Itzuli beharrekoa: % 100.

– Onuradun gisa ezarritako beste baldintza batzuk zati batean ez betetzea. Bete gabeko baldintzen proportziozko kopurua.

Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-printzipioari erantzunez.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Memoria Demokratikorako laguntzak eta dirulaguntzak.

– Arduraduna: Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua.

– Helburua: laguntzen eta dirulaguntzen prozedurak fase guztietan kudeatzea, eta Institutuaren helburu bertsuak dituzten erakundeen eta entitate publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, memoria integratuaren politika publiko bat koordinatzeko.

– Legitimazioa: interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean gauzatutako eginkizun bat betetzea.

– Hartzaileak:

Ogasun publikoa eta zerga-administrazioa.

Gizarte Segurantzako erakundeak.

– Eskubideak: datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: gure web-orri honetan kontsulta daiteke Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/124400-capa2-eu.shtml

– Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.

– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

– 16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala