Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2026ko irailaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3958

EBAZPENA, 2026ko abuztuaren 28koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez 2026. urterako dirulaguntzen oinarri arautzaileak onesten baitira eta deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteek edo fundazioek memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko.

Botere publikoak memoria historiko eta demokratikoa ezagutarazteaz eta iraunarazteaz arduratu behar dira, memoria ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Horretarako, erakundeek behar diren ekimenak bideratu beharko dituzte, aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen Gerra Zibilean eta Francoren diktaduran gertaturiko bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten pertsonak: balio demokratikoak defendatzeko borrokatu zirenak eta gatazkan bizia galdu zutenak, askatasuna galdu zutenak eta, azken batean, aldi historiko horretan erbesteratzearen bidegabekeria pairatu zutenak.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzeari buruzko azaroaren 27ko 4/2014 Legearen 3. artikuluak organismo horri esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, EAEko gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.

Helburu horiek lortzeko, aginpide publikoak memoria ezagutarazteaz eta iraunarazteaz arduratu behar dira, memoria ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Helburu horrekin, bidegabekeriak eta giza eskubideen urraketak pairatu dituzten pertsonak aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen beharrezkoak diren ekimen instituzionalak egin behar dira, bai eta Gogora eragile aktibo bihurtuko duten ekimenak ere, balio politiko eta sozialak etengabe oroitarazteko, herritarrek gure herrian askatasuna eta demokraziaren garapena defendatzeko hamarkadetan zehar izandako prozesuari buruz duten ezagutza, ulermena eta kontzientzia bermatze aldera.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, hartara, balio eta printzipio demokratikoak sustatu, horietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Horretarako, gerra zibilean bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten biktima guztien memoria berreskuratu eta ohoratu behar dugu, bai eta diktadura frankistaren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsonak eta horien senideak ere. Bestalde, Espainian II. Errepublika aldarrikatu zenetik (1931) 1978an Konstituzioa onartu zen arte EAEn izan diren demokraziaren aldeko borroken memoria eta balio demokratikoen bultzada berreskuratu behar ditugu.

Institutu honek helburu horiek lortzeko dituen tresnetako bat, hain zuzen ere, dirulaguntzen ildoa da. Bestalde, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Dirulaguntzen 2025-2028 Plan Estrategikoa dauka martxan, zuzendariaren 2026ko martxoaren 6ko Ebazpenaren bidez eguneratua. Horren barruan, diruz lagundu daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau. Zehazki, «Memoria historikoaren arloko dirulaguntzen deialdia» da, memoriaren politika publikoak koordinatzeko helburu estrategikoaren barruan sartzen dena. Helbide honetan dago eskuragarri: https://www.gogora.euskadi.eus/contenidos/informacion/gogora_dokumentuak/es_def/Actualizacion-del-plan-estrategico-de-subvenciones-2026.pdf

Elkarte eta fundazioek sustatutako proiektuak finantzatzearen bidez, gizarte zibilaren parte hartzea sustatzen da Euskadiko memoria historikoa berreskuratzeko, ikertzeko, zaintzeko eta zabaltzeko jarduketetan. Horrez gain, mesede egiten zaio ezagutzaren sorrerari eta transferentziari, memoria-ondarearen zaintzari eta balio demokratikoen eta giza eskubideen dibulgazioari; halaber, administrazio publikoek sustatutako politika publikoen irismena handitzen da eta erakundeen eta memoriaren arloan espezializatutako elkarte-ehunaren arteko lankidetza indartzen da.

Era berean, azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bitartez onartutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko estatutuen 11.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Institutuko zuzendariari dagokio laguntzak eta dirulaguntzak erregulatzea, deitzea eta esleitzea.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ebazpen honen bidez onesten dira Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteek edo fundazioek memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak (I. eranskinean jasotakoak) eta 2026. urterako deialdia.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetako dirulaguntzak honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; oinarrizko araudia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotakoa; eta 7/2025 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.

Bilbao, 2026ko abuztuaren 28a.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,

ALBERTO ALONSO MARTIN.

I. ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ELKARTEEK EDO FUNDAZIOEK MEMORIA HISTORIKOA BERRESKURATZEKO PROIEKTUAK EGITEKO 2026. URTERAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA
OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntzak arautzea diruz laguntzeko, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan 1931-1978 urteen arteko memoria historikoa eta demokraziaren eta askatasunaren aldeko borrokaren memoria berreskuratzera zuzendutako berariazko proiektuak, eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteek edo fundazioek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan garatutako Euskal Autonomia Erkidegoko memoria historikoa zabaltzeko jarduketak. Era berean, honako hauek lagunduko dira diruz: pertsonak eta gertaerak oroitzeko jarduketak, Euskal Autonomia Erkidegoko memoria historikoa zabaltzeko jarduketak, eta testigantzen bilketa eta grabazioa, ikus-entzunezko formatuan.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2026ko ekitaldian garatu beharko dira, eta 2026ko abenduaren 31n amaituta egon beharko dute nahitaez.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Memoria berreskuratzeko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, 1. artikuluari jarraikiz, eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badituzte:

a) Giza eskubideen urraketekin eta gizarte demokratikoaren eraikuntzarekin zerikusia duten pertsonak eta gertaerak oroitzeko edo omentzeko jarduerak, betiere giza eskubideekiko eta indarkeria ezarekiko eta EAEko memoria demokratikoaren balioak transmititzearekiko konpromisoari eusten diotenak. Hau da, oroimen-jarduketak ezin dira baztertzeko edo gertaerak parekatzeko erabili. Ezta ere historia berridatzi, eta terrorismoaren, indarkeriaren edo giza eskubideen urraketen adierazpideak legitimatzeko.

b) EAEko memoria historikoa ezagutarazteko jarduerak. Honelakoak:

– Jardunaldiak edo mintegiak.

– Aldi baterako erakusketak.

– Liburuxkak argitaratzea. Deialdi honetan erregulatutako dirulaguntzen ondorioetarako, liburuxkatzat hartuko da lau orrialde baino gehiago eta berrogeita hamar orrialde baino gutxiago dituen inprimakia, aldizkakoa ez dena.

– Webguneetarako eta ikus-entzunezko beste euskarri batzuetarako dibulgazio-edukia sortzea.

Jardueren edukiak, alde batetik, gertakariak berreraikitzera eta 1931tik 1978ra Euskal Autonomia Erkidegoan jazo diren eta giza eskubideen urraketa larriak ekarri dituzten gertaera traumatikoekin lotutako prozesuak dokumentatzera bideratuta egon behar dira: Gerra Zibila eta diktadura frankista. Alde horretatik, lanek biktimengan jarri behar dute arreta, eta Gogora Institutuaren estandar etikoak errespetatu. Hau da, edukiak ezin dira baztertzeko edo gertaerak parekatzeko erabili. Ezta ere historia berridatzi, eta terrorismoaren, indarkeriaren edo giza eskubideen urraketen adierazpideak legitimatzeko. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan demokrazia eraikitzen eta balio demokratikoak sendotzen lagundu duten gertakari historikoak eta kolektiboak berreskuratu eta ikusaraztea.

Edukiak fase aurreratuan egon behar dira, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira, balorazioa egiteko.

c) Giza eskubideen urraketa larrien, Gerra Zibilaren edo diktaduraren biktimen eta horien senideen testigantzak biltzea eta grabatzea, ikus-entzunezko formatuan. Hau da, edukiak ezin dira baztertzeko edo gertaerak parekatzeko erabili. Ezta ere historia berridatzi, eta terrorismoaren, indarkeriaren edo giza eskubideen urraketen adierazpideak legitimatzeko.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko memoria demokratikoaren parte aktibo izan diren antolakunde, mugimendu edo kolektiboetan parte hartu duten pertsonen testigantzak grabatu ahal izango dituzte.

Gogora Institutuari eman beharko zaio azken produktuaren kopia bat, justifikazio-dokumentazioarekin batera.

2.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira memoria historikoa berreskuratzeko xedea ez duten proiektuak, bai eta 3.1 artikuluan zehaztu gabeko jarduerak xede dituztenak ere.

Era berean, berariaz kanpo geratzen dira sariak emate hutsean dautzan proiektuak, bai eta memoria historikoa hezkuntzaren eremuan soilik zabaltzeko proiektuak ere. Kanpo geratzen dira, halaber, editatzeko edo maketatzeko azken fasean dauden liburuak, bai eta muntatzeko edo postprodukzioko azken fasean dauden dokumentalak ere.

4. artikulua.– Entitate onuradunak.

1.– Oinarri arautzaile hauen xede diren dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan edo Fundazioen Erregistroan inskribatuta dauden legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoek eska ditzakete, haien estatutu sozialen arabera memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzea badute helburu.

2.– Entitate eskatzaileek egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

3.– Entitate eskatzaileek egunean izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

4.– Ezin izango dira dirulaguntza hauen onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeretako batean daudenak.

5.– Artikulu honetan aipatutako baldintzak betetzen jarraitu behar da dirulaguntzen prozesu osoan, zeina amaituko baita proiektuaren guztizko kostua (% 100), jasotako laguntzak eta deialdi honetan ezarritako gainerako betebeharrak justifikatu ondoren.

5. artikulua.– Entitate eskatzaileen eskakizunak egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, baimen beharrik gabe. Hala ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eskatzaileak horri ezezkoa eman ahal izango dio, eta, orduan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bat egingo da honako betebehar hauek betetzen direla egiaztatzeko:

a) Entitate onuradunak konpromisoa hartzen duela beste edozein administrazio edo entitate publiko zein pribaturi helburu bererako eskatutako eta haien aldetik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emateko.

b) Entitate eskatzaileak eskaera egiten duen unean ordainduta dituela dirulaguntzen itzulketa-betebeharrak.

c) Entitate eskatzaileak dirulaguntza eskatzea erabaki duela eta laguntzaren bidez ordaindu ezin den zatia finantzatuko duela.

d) Entitate onuradunak konpromisoa hartzen duela bere betebeharrak betetzen jarraitzeko dirulaguntzen prozedurak irauten duen bitartean, eskaera egiten denetik justifikatzen den arte.

e) Entitate eskatzaileak ez duela dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko administrazio- edo zigor-zehapenik jaso, eta ez dagoela dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen ezein lege debekuren pean.

f) Entitate eskatzaileak ez duela sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenik jaso.

g) Entitate eskatzaileak enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adierazten du, 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.

h) Entitate eskatzaileak gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa adierazten du, 20/2023 Legearen 9.4.h artikuluaren arabera.

Era berean, entitate eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela, orobat, dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak.

6. artikulua.– Zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetara ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500) euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2026ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki finkatuko da, 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera, proiektuaren xederako zuzenean bideratutako aurrekontua eta oinarri hauetan zehaztutako dirulaguntzen balorazio- eta kuantifikazio-irizpideak kontuan hartuta. Nolanahi ere, gehienez ere hamar mila (10.000) euroko dirulaguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko, eta onuradun bakoitzak gehienez hogei mila (20.000,00) euro jasoko ditu.

3.– Emandako laguntzak bideratuko dira proiektuaren gastuen guztizko zenbatekoaren ebazpenean adierazten den ehunekoa finantzatzera (% 100ekoa izan daiteke). Ehuneko txikiagoak finantzatzen badira, entitate onuradunak bere gain hartu beharko du gainerako zenbatekoa, eta funts propioak edo beste dirulaguntza batzuk baliatu beharko ditu.

4.– Laguntzek bete beharko dute Batzordeak 2023ko abenduaren 13an onartutako 2023/2831 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 2831. zk., 2023-12-15ekoa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko hirurehun mila (300.000) euroko kopurua, hiru urteko ezein alditan. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen, eta, horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Aurreko paragrafoan adierazitako ondorioetarako, dirulaguntza eskatzen duen entitateak aitortu egin beharko ditu hiru urteko edozein alditan jaso dituen edo jaso ditzakeen beste laguntza batzuk. Erregelamendu honen ondoreetarako kontuan hartu behar den hiru urteko epea etenik gabe ebaluatu behar da. Minimis laguntza ematen den bakoitzean, aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zenbateko osoa kontuan hartu behar da.

5.– Dirulaguntza hauek beste edozein entitate publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin bateratu daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Halakorik gertatuz gero, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

7. artikulua.– Laguntzak emateko eta kuantifikatzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, norgehiagoka-prozedurari jarraituko zaio. Bertan, aurkeztutako eskabideak ebaluatuko dira, elkarren artean alderatuta, 14. artikuluan jasotako irizpideen arabera. Eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei emango zaie dirulaguntza, betiere aurkeztutako proiektuek deialdi honetako 14.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa (50 puntu) lortu badute. Eskuragarri dagoen kreditua agortzen bada, deialdi honetarako eskuragarri dagoen kreditu osoa horien artean hainbanatuko da, 14. artikuluan ezarritako irizpideen arabera lortu duten puntuazioa kontuan hartuta, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoa betez.

2.– Onuradun bakoitzak eskabideak baloratzeko fasean lortzen duen puntuazioaren araberako diru-kopurua jasoko du. Lortzen den puntuazioa portzentaje modura aplikatuko zaio eskabidean aurkeztutako aurrekontuari.

3.– Ematen diren laguntzek ez dute gaindituko ez eskatutako zenbatekoa, ez proiektuko gehieneko zenbatekoa, 6.2 artikuluaren arabera, hau da, hamar mila (10.000) euro proiektu bakoitzeko. Inola ere ez dute gaindituko deialdi honen 6.2 artikuluan onuraduneko ezarritako gehieneko zenbatekoa; hau da, hogei mila (20.000,00) euroko zenbatekoa.

8. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak:

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak badira, betiere 2026. urtean egiten badira, eta justifikazioaldia amaitu aurretik ordaintzen badira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege orokorraren 30. artikuluari jarraituz.

Zehatza ez bada ere, diruz lagundu daitezkeen eta ezin daitezkeen gastuen zerrenda hau ezartzen da:

– Honako hauek hartuko dira oroitzeko edo omentzeko jarduketetarako diruz lagundu daitezkeen gastutzat:

• Proiektua garatzeko izendatutako langileen gastuak, indarrean dagoen lan-legediaren arabera formalizatutako lan-kontratua badute.

• Ekitaldia egingo den lekua errentan hartzearen kostuak.

• Ekipamendu teknikoa eta soinu-, proiekzio-, dekorazio-, argazki- eta bideo-ekipamendua.

• Hizlarien eta gonbidatu berezien dieta-, garraio- eta ostatu-gastuak.

• Itzultzaileak, behar izanez gero.

• Pleita-, garraio-, muntaketa- eta desmuntaketa-zerbitzuak.

– Honako hauek hartuko dira ikerketa-jarduketetarako diruz lagundu daitezkeen gastutzat:

• Liburuxkak argitaratzeko: liburuxken edizioarekin zuzenean lotutakoak, hala nola diseinu, maketazio, jatorrizkoaren eta proben zuzenketa, edizioaren koordinazio, inprimaketa eta azaleztatzearekin lotutakoak.

• Aldi baterako erakusketetarako: erakusketa diseinatzeko eta ekoizteko gastuak, erakutsi beharreko materialaren garraio-gastuak, baita erakusketa muntatzeko ezinbestekoa den beste edozein gastu ere.

• Web-orrietarako eta ikus-entzunezko beste euskarri batzuetarako dibulgazio-edukia sortzeko: dibulgazio-edukia sortzearekin zuzenean lotutako gastu guztiak hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat. Ondorio horietarako, ez dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko web-orria mantentzeko gastuak.

• Testigantzak grabatzeko diruz lagundu daitezkeen gastuak.

– Jarduketa guztietarako diruz laguntzeko modukoak dira zeharkako kostuak (bulegoaren alokairua, administrariak, mezularitza, bulegoko materiala eta abar), diruz lagundutako jarduerari egozten zaizkionak, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian, eta kostu horiek jarduera benetan gauzatzen den aldiari badagozkio. Zeharkako kostuak proiektu guztiaren % 15 izan ahalko dira, gehienez.

Diruz laguntzeko moduko gastuak izango dira soilik dirulaguntzaren xede diren jarduketei hertsiki lotutako ikerketa-lanetatik eratorritako gastuak.

Proiektuaren azalpen-memorian, entitate onuradunek berariaz justifikatu beharko dute ikerketa-lanok egiteko beharra, eta dagokion jarduketarekin zuzenean lotuta daudela egiaztatu beharko dute.

– Honako hauek ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko ezein jarduketatan:

• Senidetasunezko otorduak edo agapeak.

• Entitatearen egitura finkoko langileen nominak.

• Lokalak eta eraikinak eskuratzea.

• Luxuzko gastuak.

• Banku-kontuetako interes zordunak.

• Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

• Prozedura judizialetako gastuak.

• Zeharkako kostuak eta zergak, onuradunek berreskuratu edo konpentsatu ditzaketenean, bai eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

• Egile-eskubideak eskuratzeko inbertsio ukiezinak.

• Administrazioak egiaztatutako merkatu-balioa gainditzen duten gastuen kasuan, balio horretatik gorako zenbatekoa.

• Finantza-gastuak, aholkularitza juridikoko edo finantzarioko gastuak, notario- edo erregistro-gastuak, eta peritu-gastuak.

• Ez dira diruz lagunduko dirulaguntzaren xede diren jarduketei zuzenean lotuta ez dauden ikerketa-lanak.

• Ez dira diruz lagunduko zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarren aldiz aldatzeko ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan ezarritakoa gainditzen duten langileen dietekin eta lokomozioarekin lotutako zenbatekoak. Hau da, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira, eta mantenurako dietako 42 euro, dagozkion egiaztagiriak aurkeztuta.

2.– Entitate eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan oinarri honen arabera diruz lagundu ezin diren gastuak jasotzen badira, edo, diruz laguntzeko modukoak badira ere, ezarritako muga gainditzen badute, edo argi eta garbi gehiegizkoak badira merkatuko-balioa aintzat hartuta, kendu edo zuzendu egingo dira, diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontua finkatzeko; eta, hain zuzen ere, hori izango da dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa zehazteko oinarria.

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte entitate interesdunek, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez, www.euskadi.eus, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluaren arabera.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan zehazki:

https://www.euskadi.eus/servicios/1043611

Helbide horretan honako hauek egongo dira eskuragarri:

– Prozedura izapidetzeko jarraibideak.

– Eskaera ebazteko epeari eta Administrazioaren isiltasunaren ondorioei buruzko informazioa.

– Eskabidea betetzeko jarraibideak, eta harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

– Prozedurako betekizunen eta egiaztatzeko moduaren inguruko informazio eguneratua, administrazio publikoen arteko kontsulta-sistemen bidez lortzeko aukera eta interesdunaren erantzukizunpeko adierazpena barne.

– Prozeduran egin daitezkeen izapide guztiak.

– Prozeduran erabil litezkeen eredu eta inprimaki normalizatu guztiak (eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak,...), EAEko Administrazioaren izapidetze elektronikorako plataforma komunean dauden inprimakietan oinarrituta, behar bezala normalizatuta, hizkera argian eta irakurketa errazerako idatzita, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan, eta sektore publikoko webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen irisgarritasunari buruzko araudian aurreikusitako irisgarritasun-betekizunak beteta. Inprimaki eta eredu horiek egiteko, herritarrentzako arretaren eta zerbitzu digitalen eskumena duen organoaren jarraibideak beteko dira, bat etorriz Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 60. artikuluarekin.

3.– Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren administrazio instituzionalaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Herritarren karpetan («Nire karpeta») sartzeko, aurretik administrazio publikoen administrazio prozedura erkidearen legerian ezartzen diren sistemetako baten bidez identifikatu beharko da (4. apartatuan zehazten dira).

Herritarren karpetan («Nire karpeta-Mi carpeta») honako hauek egiteko aukera egon behar da, gutxienez:

a) Sartzen den pertsona alderdi interesduna den prozedura guztietako espedienteen izapidetzea zer egoeratan den aztertu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.a) artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz.

b) Egindako izapideak eta bakoitzak espedientean daukan data aztertu.

c) Espedienteetako dokumentu elektronikoak bistaratu eta deskargatu.

d) Komunikazioak eta jakinarazpenak bistaratu.

e) Administrazioaren esku dauden pertsonaren komunikazioetarako eta jakinarazpenetarako datuen berri jakin. Nolanahi ere, indarreko araudian horretarako mugak ezar daitezke.

f) Ezartzen diren administrazio-ziurtagiriak eskuratu.

Oro har, jakinarazpen guztietarako Herritarren karpeta erabiliko da, baina beste baliabide batzuk ere erabili ahal izango dira.

Izapidetzean, komunikazioetan hizkera ulergarria eta argia erabiltzen dela bermatuko da, bat etorriz Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 12.3 artikuluarekin.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

5.– Era berean, ordezkaritza edo ahalordetzea egiaztatzeko, hala dela sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada. Hauek dira, besteak beste:

a) Apud acta ahalordetzearen bitartez, agerraldi pertsonala eginez erregistroen arloko arreta-bulegoetan edo egoitza elektronikoan agerraldi elektronikoa eginez.

b) Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu izana egiaztatzen duen agiria, helbide honetan eskuragarri dagoen edozein administrazio publikoren aurrean formalizatua: https://www.euskadi.eus/erregistroa/ahalerr/web01-sede/eu/

c) Ordezkariaren ziurtagiri elektroniko kualifikatuaren bidez.

d) Matrizea notario-artxibo batean edo merkataritza-erregistro batean egindako inskripzio batean jasota duen dokumentu publiko baten bidez.

e) Soilik espediente jakin baterako borondatezko ordezkaritza emanez, egoitza elektronikoan eskuragarri egongo den berariazko inprimaki normalizatua erabiliz.

10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta.

11. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimakian egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri. Eskabide-inprimakian, jakinarazpen- eta komunikazio-abisuak jasotzeko datuak emango dira, bai eta aukeratutako hizkuntza ere.

2.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

a) Entitate eskatzailearen datuak.

b) Proiektuaren memoria xehatua. Gutxienez honako alderdi hauek barne hartu beharko ditu:

– Proiektuaren helburuak.

– Erabiliko den metodologia eta prozesuaren kronograma.

– Entitate eskatzailearen esperientzia eta prestakuntza. Entitateak antzeko proiektuak gauzatzen duen esperientzia zehaztu beharko da, bai eta memoria historikoa berreskuratzeko beste edozein motatako jarduketetan duen esperientzia ere.

– Herritarrekiko harremana. Hartzaileen kopurua, herritarrek parte hartzeko aurreikusitako mekanismoak, proiektuaren dibulgazio-ahalmena eta herritarrengan eragina izateko aukera zehaztu beharko dira. Halaber, proiektua zabaltzeko zein elkarterekin edo udalekin lankidetzan aritzea aurreikusten den adierazi beharko da.

– Genero-ikuspegia eta hizkuntza ofizialen erabilera-planteamendua.

– Alderdi berritzaileak.

– Entitate eskatzaileak proiektua gauzatzeko eskura dituen giza baliabideak eta baliabide materialak; adierazi beharko da, gainera, entitateak berdintasunaren arloko prestakuntza edo ibilbidea duen norbait baduen, eta gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatuta dagoen entitate eskatzailearen egituran. Halaber, boluntario gisa jardungo dutenen kopurua adierazi beharko da; hau da, proiektuan inolako ordainsaririk jaso gabe lagunduko dutenena.

c) Proiektua gauzatzeak ekarriko duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banakatuta, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari diruz laguntzeko moduko zer partida finantzatzeko eskatzen zaion adierazita, bai eta proiektua finantzatzeko zer beste iturri dauden ere, halakorik balego. Aurrekontua deialdi honen III. eranskineko ereduaren arabera aurkeztu beharko da nahitaez.

d) Entitatearen estatutuen kopia, soilik baldin eta berariaz uko egiten bazaio dokumentazio hori dirulaguntza kudeatzen duen organoak zuzenean hartzeari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera.

e) Entitate eskatzaileak hiru urteko edozein alditan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko. Minimis laguntzei buruzko adierazpena deialdi honen II. eranskineko ereduaren arabera aurkeztu beharko da nahitaez.

f) Zerga-betebeharrak egunean izatearen egiaztagiria eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiri positiboa, organo kudeatzaileak egiaztapena zuzenean lortzearen aurka egonez gero bakarrik.

g) Eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez direla adierazten duena.

h) Zabalkunde-jarduketetan, entitateak edukia aurkeztu beharko du, balorazioa egin dadin (3.1.b).

3.– Era berean, proiektuak balioespen hobea lor dezan, entitate eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango dute.

4.– Dagoeneko eginda dauden proiektuen kasuan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiri guztiak ere aurkeztu beharko dira.

5.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio entitate eskatzaileari, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako hutsak zuzentzea.

Entitate eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak ikusten badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, entitateei 10 eguneko gehieneko epea emango die antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskabideari uko egin diotela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin.

Eskabidea modu presentzialean aurkezten bada, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela jakinaraziko zaio entitate eskatzaileari. Horretarako, zuzenketa egin deneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

13. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

1.– Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Epaimahaiburua:

– Iñaki De Pablos Vaca jauna, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

Bokalak:

– Amaia Goenaga Sánchez andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Memoria teknikaria.

– Roberto Palacios Martínez jauna, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Memoria teknikaria.

– Ruth Cancelo García andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Memoria teknikaria.

Idazkaria:

– Nagore Otaola Moscoso andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Aholkularitza Juridikoko teknikaria. Bileretan parte hartuko du, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Absentzia, lanpostu huts, gaixotasun edo justifikatutako beste edozein kasuren aurrean, organo eskudunek hala proposatzen badute, maila bereko funtzionarioek bokalak eta idazkaria ordeztu ahal izango dituzte.

3.– Epaimahai kalifikatzailearen bilera-deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta gainerako idazkietan Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bermatuko da.

14. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, norgehiagoka-prozedurari jarraituko zaio. Bertan, aurkeztutako eskabideak ebaluatuko dira, elkarren artean alderatuta, honako irizpide hauen arabera:

– Proiektuaren potentzial estrategikoa eta egokitasun edo interes soziala. 45 puntu gehienez. Irizpide honen barruan, honako azpi-irizpide hauek balioetsiko dira:

• 15 puntu gehienez: Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. Proiektuaren izaerari, metodologiari eta antolamenduari buruzko azalpenaren argitasuna baloratuko da, zehaztu ahal izateko proposatutako jarduerak bat ote datozen dirulaguntzaren xedearekin.

• 20 puntu gehienez: Gogora Institutuaren 2025-2028 jarduketa-planaren eta 2026ko kudeaketa-planaren helburuetara eta ikerketetara mugatzen diren proiektuak. Zehazki, gai hauei buruzko proiektuak:

– Destakamendu penalak eta langile-batailoiak.

– Lehenengo Eusko Jaurlaritza osatu zuten kideak, kargudunak eta funtzionarioak.

– Emakumea Babesteko Euskadiko Patronatua (1941-1985).

– Sexu- eta genero-aniztasuna frankismoan; zehazki, errepresioa eta ekintza kolektiboa.

– Euskal herritarrei eragiten dien Ordena Publikoko Auzitegia, euskal antifrankismoa aztertzeko eta balioan jartzeko.

– Eskuin muturreko talde terroristak eta «Gerra Zikin»aren lehen fasea.

– Ondasun-inkautazioen eta erantzukizun politikoen jurisdikzioa.

– Deportatuak eta nazien kontzentrazio-esparruak.

– 1936ko kolpe militarraren, Gerra Zibilaren eta diktaduraren biktima eta lekukoen testigantzak jasotzea.

– Genero-ikuspegidun giza eskubideen urraketa, arreta berezia jarrita emakumeek jasandako urraketa-motei.

• 10 puntu gehienez: Orain arte landu ez diren gaien tratamendua, publikoki gutxiago tratatu direnak eta jorratutako gaiaren ikuspegi berritzailea edo ezezaguna ematen dutenak.

Puntuazio handiagoa jasoko dute proposamenaren berrikuntza-mailari buruzko informazio nahikoa ematen duten proiektuek, ikuspegi kualitatiboa barne hartzen duten proiektuek.

– Aurkeztutako proiektuaren kalitate teknikoa. 20 puntu gehienez.

– Elkarteen eta udalen arteko lankidetza. Beste entitate batzuekin lankidetzan halako jarduerak egiten izandako esperientzia baloratuko da. 5 puntu gehienez.

– Proiektua hedatzeko eta ahalik eta hartzaile gehienengana iristeko hartutako neurriak. 5 puntu gehienez.

– Helburuak eta gastu-efizientzia ebaluatzeko kontrol-mekanismoak; puntuazio handiagoa emango zaie ebaluazio-tresnak eta -uneak behar bezala deskribatzen dituzten proiektuei deskribapen orokorragoak eta ez hain espezifikoak dituzten proiektuei baino. 5 puntu gehienez.

– 20 puntu gehienez: Zeharkako politikak.

• Proiektuan euskara erabiltzea eta euskarazko materialak edo material elebidunak sortzea. 10 puntu gehienez.

• Proiektuan genero-ikuspegia sartzea. 10 puntu gehienez.

Horretarako, aurkeztutako proiektuetan genero-ikuspegia nola jasotzen den baloratuko da. Halaber, baloratuko da gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua ote dagoen pertsona juridiko eskatzaileen antolaketa-egituran, bai eta proiektuan jardungo duten langileek genero-berdintasunaren arloko prestakuntza duten ere.

Guztira, 100 puntu emango dira gehienez.

2.– Dirulaguntza emateko beharrezkoa izango da, aurreko baremoei jarraikiz, gutxienez 50 puntu lortzea.

Eskatzaile bakoitzak zenbateko dirulaguntza jasoko duen zehazteko, eskatutako baldintzak bete eta eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditzen duten eskabideek lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Eskuragarri dagoen kreditua agortzen bada, deialdi honetarako eskuragarri dagoen kreditu guztia eskabideen artean hainbanatuko da, horietako bakoitzak lortu duen puntuazioaren arabera, deialdi honen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

15. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Epaimahai kalifikatzaileak aurkeztutako eskabideen ebaluazioari buruzko txostena egingo du. Txosten horren bidez ezarriko da entitate edo pertsona onuradunen lehentasun-ordena, eta emandako laguntzen zenbatekoa zehaztuko da.

2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusirik, laguntzak adjudikatzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean laguntzen zenbatekoa jaso beharko da. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

4.– Epe horretan ez bada ebazpen espresurik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

5.– Entitate onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak honako hauetan argitaratuko dira: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen erregistro orokorrean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (www.euskadi.eus/tablon-electronico-anuncios eta Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren atarian (www.gardena.euskadi.eus).

16. artikulua.– Kudeaketa organoa.

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzek dakartzaten kudeaketa-lanak egitea.

17. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Entitate onuradunek onartu egin beharko dute emandako dirulaguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean entitate onuradunak idatziz uko egiten ez badio.

Dirulaguntza onartuz gero, bete egin beharko dira bai Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea eta hura garatzen duen araudia, bai 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena, edo hura ordezten duen araua. Berekin dakar, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritakoa onartzea, aplikagarriak diren agindu guztietan.

2.– Entitate onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, bai eta 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean eta 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.

3.– Entitate onuradunek berariaz bete beharko dituzte onuradunen betebeharrak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoak.

4.– Entitate eta pertsona onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Deialdi honetako organo kudeatzaileak behar beste aldiz eta automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzak eskatzen dituzten pertsonek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela adierazten duen dokumentazioa, interesdunek berariaz baimena ukatzen ez badute behintzat. Azken kasu horretan, aipatutako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.– Entitate eskatzaileek dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak informaziorik eskatuz gero, entitate onuradunek eman egin beharko diete.

7.– Interesdunak ez daude beharturik diharduen administrazioaren esku jada dauden dokumentuak edo beste administrazioren batek eginak direnak ekartzera. Diharduen administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskuratu ahalko ditu, interesdunak aurka egin ezean. Ezin izango da aurka egin, dokumentua ekartzea nahitaezkoa denean zehatzeko edo ikuskatzeko ahala egikaritzeko esparruan.

Administrazio publikoek elektronikoki eskuratu beharko dituzte dokumentuak, beren sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez.

8.– Entitate onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.

9.– Diruz lagundutako proiektuetatik sortutako zabalkunde-jardueretan eta argitaratzen diren materialetan, entitate onuradunek sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko dituzte.

10.– Entitate onuradunek dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo edozein motatako jarduketen finantzaketa publikoaren publizitate egokia egin beharko dute, gardentasunaren legedian ezarritako baldintzen arabera. Zabalkunde idatzian edo grafikoan Gogora institutuaren logotipoak agertu beharko du, dirulaguntza jasotzen duen entitatearenak duen tamaina berean eta ikusgarritasun-baldintza beretan.

11.– Era berean, onuradunaren betebeharra da deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.4.p) artikuluan ezarritakoaren arabera.

18. artikulua.– Ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 60 ordainduko da, dirulaguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epean, ez bada berariaz uko egiten.

b) Bigarren ordainketan, 2027an, proiektuaren guztizko kostua (% 100) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aurrean justifikatu ondorengo likidaziotik sortutako zenbatekoa ordainduko da, hurrengo artikuluan zehaztutako moduan.

2.– Emandako dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunek Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko dute. Erregistratuta ez badaude edo aipatutako Hirugarrenen Erregistroko bankuko datuak aldatu nahi badituzte, izapideak elektronikoki egitera behartuta dauden pertsonek elektronikoki egin beharko dute, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bitartez, hemen: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

19. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– 2027ko martxoaren 31 baino lehen, dirulaguntzaren entitate onuradunak Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan proiektuaren guztizko kostuagatik (% 100) gauzatu beharreko laguntzen justifikazioa aurkeztu beharko du –emandako zenbatekoa eta, hala badagokio, kofinantzatutako zatia–. Horretarako, fakturak edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein frogagiri aurkeztu beharko du, behar bezala beteta, emandako dirulaguntza justifikatzeko dokumentazio honekin batera:

a) Gauzatutako proiektuaren memoria xehea, pertsona onuradunak sexuaren arabera bereizita aipatuz eta genero-ikuspegia nola txertatu den azalduz.

Oroitzapenezko eta zabalkundeko ekintzen kasuan, bertaratuen kopurua eta iraupena adieraziko dira. Liburuxkak argitaratzean oinarritutako zabalkunde-ekintzen kasuan, inprimatutako aleen kopurua adieraziko da, edo, deskargena, Interneten eskuragarri badaude. Webguneetarako dibulgazio-edukia sortzean oinarritutako zabalkunde-ekintzen kasuan, webgunearen helbidea adieraziko da.

b) Memoria ekonomikoa: Memoria, era berean, honako dokumentu hauetaz osatuta egongo da:

Jarduketaren gastu eta inbertsio guztien zerrenda xehatu eta banakatua. Gastu eta inbertsioek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

• Jarduketa gauzatzeari erantzun behar diote, zalantzarik gabe.

• Eskuratze-kostuak ez du merkatuko balioa gainditu behar.

• Jarduera egiteko epea amaitu baino lehen eginak izan behar dute (2026ko abenduaren 31 baino lehen).

• Justifikatzeko epea amaitu baino lehen ordaindu behar dira (2027ko martxoaren 31 baino lehen).

Gastu bakoitzaren kasuan, zenbatekoa, hartzekodunaren eta faktura edo ordainagiriaren identifikazioa, jaulkipen-data eta ordainketa-data adieraziko dira.

Diruz lagundutako jarduketa finantzatu duten bestelako diru-sarrera edo dirulaguntzen zerrenda.

Bai gastuen zerrendan, bai diru-sarrerenean, diru-sarreren guztizkoari dagozkion zenbatekoek bat etorri beharko dute, eta, era berean, guztizkoak jarduketaren kostu osoarekin bat etorri beharko du.

Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak eta ordainagiriak edo haien kopia kautoa. Bai fakturak, Fakturazio-betebeharrak arautzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuaren betekizun formalen araberakoak, bai Lurralde Historikoek arlo horretan onetsitako dagokion araudian ezarritako betekizunak.

Soldaten jatorrizko ordainagiriak edo kopia kautoak, eredu ofizialaren araberakoak, eta, haiekin batera, Gizarte Segurantzako kotizazioaren aldizkari ofizialenak, kontratatutako kanpoko langileen gastuak justifikatzeko, bai eta aldi baterako kolaborazioen gastuen jatorrizko ordainagiriak ere. Horietan, besteak beste, honako datu hauek adierazi behar dira: jasotzailearen datuak, haien nortasun agiri nazionala –NAN–, ordainketaren kontzeptua eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako –PFEZ– atxikipena.

c) Dirulaguntza honen babespean sortzen diren programen, iragarki-kartelen, argazkien eta gainerako material grafiko, idatzizko edo soinuzkoen ale bat. Era berean, Gogora Institutuari dirulaguntza honen babesarekin grabatutako testigantzaren edo testigantzen kopia bat emango zaio.

2.– Administrazioak, beharrezko baderitzo, agiri originalak eska ditzake.

Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.

3.– Edonola ere, bete egin beharko da Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluan xedatutakoa.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, beste edozein entitate publikok edo pribatuk emandako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk jasotzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta deialdi honetan onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.

2.– Edozein arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez, eta dagokion atzerapen-interesa eskatuko du.

3.– Era berean, dirulaguntza aldatzen bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako zazpi baldintzak bete beharko dira.

21. artikulua.– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

1.– Ez-betetzetzat 20/2023 Legearen 36. artikuluan araututakoak hartuko dira, bai eta honako hauek ere:

a) Justifikazio-betebeharra ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea, 20/2023 Legearen 36. artikuluari jarraituz.

b) Dirulaguntza baldintzak bete gabe edo baldintzak faltsutuz eskuratzen denean edo hura eskuratzea galaraziko luketen baldintzak ezkutatuz eskuratzen denean.

c) Dirulaguntzaren helburua, jarduera edo proiektua betetzen ez denean edo dirulaguntzaren bidez hartu behar den jokabidea hartzen ez denean.

d) Dirulaguntza emateagatik ezarritako baldintzak betetzen ez direnean.

e) 20/2023 Legearen 12.5.d, 14.c eta 42. artikuluek ezartzen dituzten kontrol-jarduketei erresistentzia, aitzakiak edo oztopoak jartzen zaizkienean edo kontrol horiei uko egiten zaienean.

f) Deialdi honen 17.9 artikuluan jasotako publizitate-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea.

g) Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa, 20/2023 Legearen 51. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

h) Jasotako dirulaguntza, osorik edo zati batean, onartutako jarduera ez den beste baterako erabiltzea, dirulaguntza eman zitzaion proiektuaren arabera.

i) Hautatutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, aldaketok funtsezkoak ez izanik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak berariaz baimentzen baditu, eskabide arrazoitu bat jaso ondoren.

2.– Entitate onuradunak ez baditu betetzen artikulu honen 1. puntua, laguntza emateko ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako baldintzak, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan jasotako betebeharrak, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa itzuli beharko dio, osoki edo partzialki, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze-interesarekin batera; horrez gainera, dagozkion zigorrak ezarriko zaizkio. Hori guztia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

3.– Honako irizpide hauek ezartzen dira dirulaguntza emateko ezarritako baldintzen balizko ez-betetzeak mailakatzeko, kasu bakoitzean itzuli beharreko ehunekoekin:

a) Dirulaguntza baldintzak faltsutuz edo ezkutatuz lortzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

b) Eskabidean jasotako helburuak inola ere ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

c) Eskabidean jasotako helburuak zati batean ez betetzea. Bete ez diren helburuekiko proportzioan.

d) Zabalkunderako neurriak ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

e) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea. Itzuli beharreko ehunekoa: % 100.

f) Justifikazioa behar bestekoa ez izatea. Behar bezala justifikatu ez den zatiarekiko proportzioan.

g) Onuradun gisa ezarritako beste baldintza batzuk zati batean ez betetzea. Bete gabeko baldintzekiko proportzioan.

Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-printzipioari erantzunez.

4.– Era berean, dirulaguntzak itzultzeko prozeduran Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoa aplikatu beharko da.

22. artikulua.– Hizkuntza-eskubideak.

Ebazpen honen eremuan, herritarrek euskara zein gaztelania erabili ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin dituzten harremanetan, ahoz zein idatziz, eta hizkuntza horretan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala