
180. zk., 2026ko irailaren 21a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (174 KB - 5 orri.)
- EPUB (143 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
3955
AGINDUA, 2026ko abuztuaren 28koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzeko eta beste batzuk kentzeko.
Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera, honako hauek behar dira unibertsitate-titulu ofizialak irakatsi ahal izateko: autonomia-erkidego eskudunak nahitaezko aldeko txostena ematea dena delako unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko beharrizan eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruz; dagokion kalitate-agentziak aldeko txostena egitea ikasketa-planaren memoriaren kalitatea egiaztatzeko; Unibertsitate Kontseiluak ikasketa-plana egiaztatzea; eta autonomia-erkidegoak hura ezartzeko baimena ematea.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan arautzen da nola egokitu Goi Hezkuntzako Europar Eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planetako eta kreditu- eta balorazio-sistemetako nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.
Ikasketa ofizialak nola ezarri araututa dago xedapen hauetan: Unibertsitate-irakaskuntzen antolaketa eta irakaskuntza horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen duen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan eta Gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuan.
Irakaskuntza ofizialen ikasketa-planak ziurtatzeko prozedura araututa dago 822/2021 Errege Dekretuaren 26. artikuluan. Haren 3. puntuan ezartzen denez, autonomia-erkidegoek, beren lurralde-eremuko unibertsitate-programazioari eta titulazio ofizialen mapa antolatzeari buruzko eskumenak baliatuz, unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko beharrizan eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko nahitaezko txosten bat egin beharko dute, ziurtatzeko prozedura hasi aurretik. Esku artean dugun prozedura honetan baimenduko diren titulazioak –Unibertsitate Antolamendu eta Plangintzaren zuzendariak egin du titulazio horiek ezartzeko proposamena– aldeko txostena jaso dute, beharrizan eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzkoa.
Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluan dago araututa zer prozedura bete behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak agindu-proposamena prestatu behar du, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak aldeko txostena egin dio, 2026ko ekainaren 24an, 2026-2027 ikasturterako gradu eta masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko eta kentzeko proposamenari, zeina Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aurkeztu baitzuen.
Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak edo ebaluazio-agentzia eskudunak, bat etorriz 822/2021 Errege Dekretuaren 26. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan xedatutakoarekin, Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako graduko eta masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko proposamenen (I. eta II. eranskinak) aldeko egiaztatze-txostena egin du, baita III. eranskinean jasotako titulazio ofizialak kentzearen aldekoa ere.
Unibertsitate Kontseiluak ebatzi du baieztatzea I. eta II. eranskinetan zerrendatutako graduko eta masterreko unibertsitate-irakaskuntza ofizialei dagozkien ikasketa-planak.
Horrenbestez, gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuta, eta 2026ko uztailaren 16ko bilkuran Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari aurkeztu ondoren, jakinaren gainean eta informatuta egon daitezen, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea I., II. eta III. eranskinetan zerrendatzen diren unibertsitateko gradu eta masterreko irakaskuntza ofizialak ezartzeko eta kentzeko.
2. artikulua.– Irakaskuntza horiek abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 18.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz kendu beharko dira (dekretu horren bidez arautzen da nola ezarri eta kendu behar diren gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak).
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraztea, azken horrek Espainiako Gobernuari igor diezaion tituluei ofizialtasuna emateko proposamena, eta tituluak Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskriba daitezen; eta agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Unibertsitate-titulu ofizialen egiaztapena berritzeko, aintzat hartuko dira Unibertsitate-ikasketen antolamendua eta horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren 34. eta 35. artikuluak.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 28a.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,
JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.
RSS