
179. zk., 2026ko irailaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (484 KB - 30 orri.)
- EPUB (300 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
3939
AGINDUA, 2026ko abuztuaren 28koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, Karrera Judizialera eta Fiskalera, eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora sartzeko oposizioak 2027ko ekitaldirako prestatzeko oinarri arautzaileak ezarri eta laguntza ekonomikoen deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 20. artikuluak adierazten duenez, Justizia eta Giza Eskubideen Sailari dagozkio, besteak beste, Botere Judizialarekiko harremanak zaintzea eta Justizia Administrazioaren funtzionamendurako baliabideak jartzea.
Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 326/2024 Dekretuaren 9. artikuluak Justizia Sailburuordetzari esleitutako eskumen nagusiak biltzen ditu, hauek nabarmenduz: Justizia Administrazioaren funtzionamendurako beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak ematea, Zuzenbideko Estatua garatzen lagunduko duten neurriak bultzatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia sendotzea. Era berean, 10. artikuluak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari esleitzen dio, besteak beste, lanbide juridikoetan eta Justizia Administrazioarekin lotutakoetan sartzeko prestakuntzarako laguntza-sistema bat planifikatu eta garatzea.
Agindu honen bidez deitutako laguntzak Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude. Plan estrategiko hori 2025eko otsailaren 5eko Aginduaren bidez onartu zen (Plan-Estrategico-Subvencios_JDH2025-2028.pdf), eta Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuaren 2026ko otsailaren 10eko Aginduaren bidez eguneratu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legera egokitzeko.
Plan Estrategiko honek «Zuzenbidean lizentziatutako pertsonentzako laguntzak, karrera judizialera, fiskalera eta Justizia Administrazioko abokatuetara sarbidea prestatzeko» izeneko dirulaguntzen lerro bat (1.1.1) barne hartzen du. Laguntza horien helburua da Karrera Judizialean eta Fiskalean eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan sartzea eragozten duten oztopo ekonomikoak ezabatzen laguntzea. Beraz, laguntza horiek emateko, eskatzaileen errenta-mailari eta Espainiako Konstituzioan ezarritako berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioei erreparatuko zaie.
Era berean, deialdi honen bidez, sartzeko titulazio-baldintzak betetzen dituzten gazteak motibatu nahi dira, Justizia Administrazioko kidego Judizial, Fiskal eta Letraduen aldeko lanbide-asmoak bidera ditzaten, eta adierazitako lanbide juridikoetara talentua erakar dadin.
Laguntza ekonomiko horiek kudeatu eta emateko, beharrezkoa da aldez aurretik oinarri arautzaile batzuk ezartzea, Herri Administrazioen dirulaguntzen jarduera arautzen duten printzipioen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako printzipioen arabera.
Ondorioz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Xedea.
Agindu honen xedea da Karrera Judizialera, Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora sartzeko oposizioak prestatzeko 2027ko ekitaldirako dirulaguntzen oinarriak onartzea eta deialdia egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aipatzen diren laguntzek dirulaguntza izaera dute, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatutakoaren araberakoak izango dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 28a.
Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea eta gastu finantzagarriak.
1.– Agindu honen xedea da Karrera Judizialean eta Fiskalean eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan sartzeko hautaprobak prestatzeko gastuak finantzatzeko 36 bekatarako oinarri arautzaileak ezartzea eta deialdia egitea 2027ko ekitaldirako.
2.– Gastu finantzagarriak izango dira hautaprobak prestatzearekin zuzenean lotutakoak, Karrera Judizial edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioko Letraduen kidegoko pertsonek prestakuntza espezializatuko zentroetara joateak edo prestakuntza zuzentzeak sortutakoak barne, bai eta prestakuntza horrekin lotutako material didaktikoaren, joan-etorrien, ostatuaren eta mantenuaren gastuak ere.
3.– Bi beka gordeko dira ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasun-maila duten pertsonentzat, baldin eta egoera hori egiaztatzen badute, eta beren egoera eta lortu nahi duten Karrerari edo Kidegoari dagozkion eginkizunak bateragarriak direla egiaztatzen badute.
4.– Eskatzailerik egon ez delako edo eskatutako baldintzak ez betetzeagatik esleitu ez diren beka erreserbatuak txanda orokorrari gehituko zaizkio.
2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa eta ordaintzeko modua.
1.– Beka bakoitzaren zenbatekoa urtean 7.332 eurokoa izango da. Beka hilean 611 eurokoa izango da, betiere aldi horretan onuradunak bekarako eskatzen diren baldintzak betetzen jarraitzen badu.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudiaren arabera legozkiokeenak.
3.– Hilero ordainduko da beka, hilabete bakoitzeko lehen hamabostaldian.
4.– Deitutako bekak finantzatzeko, 264.000 euro erabiliko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2027ko Aurrekontu Orokorretako dagokion aurrekontu-partidaren kontura.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, deialdiko bekak ebazteko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2027ko aurrekontu orokorretan.
3. artikulua.– Laguntzen iraupena.
1.– Bekek urte natural bat iraungo dute, hau da, 2027ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.
2.– Beka-aldian onuradunak dagokion hautaketa-prozesua gainditzen badu, laguntza jasotzeko eskubidea oposizio-fasea edo, hala badagokio, lehiaketa-oposizioa gainditu dutenen behin betiko zerrenda Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da.
4. artikulua.– Bekak esleitzea, ordezkoen zerrenda eta lanpostu hutsak betetzea.
1.– Agindu honen 19.1 artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera ebatziko da deialdia.
2.– Eskatutako baldintzak bete eta deitutako 36 beketako baten onuradun izateko behar adinako puntuazioa lortzen ez duten eskatzaileek ordezkapen-zerrenda bat osatuko dute, balorazio-irizpide horien arabera ordenatuta.
3.– Dirulaguntza emateko ebazpena eman eta hurrengo bi hilabeteen barruan bete gabe geratzen diren lanpostuak, uko egiteagatik, ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik, gerora sortutako ezintasunagatik edo onuradun-izaera galtzea dakarren beste edozein arrazoirengatik, ordezkotza-zerrendan ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera beteko dira.
4.– Bekak gehienez hiru urtetan baliatu ahal izango dira, ondoz ondokoak edo txandakakoak.
5.– Salbuespen gisa, deialdiko beka guztiak eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileekin bete ezin direnean eta, hala badagokio, ordezkapen-zerrenda baten bidez bete ezin direnean, laguntza baliatzeko hiru urteko gehieneko muga arrunta agortu duten pertsonak izan daitezke onuradun. Kasu horietan, urte gehigarri bat eman ahal izango da, baina ezin izango da, inola ere, lau urteko gehieneko epe metatua gainditu.
6.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuan, Agindu honen 19.2 artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera esleituko dira beka hutsak.
5. artikulua.– Betekizun orokorrak.
Laguntza horiek eskuratu ahal izateko, interesdunek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:
1.– Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Erregimena arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan ezarritako debekuren baten eraginpean:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak: konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu-, epailearen eskuhartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.
d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 2. eta 3. artikuluetan jasotakoaren arabera. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeari buruzkoa da, eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa ere bai.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.
g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeari buruzkoa da agindu hori), ez eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
Deialdi honetan ez dira aplikatuko 13.1 artikuluan ezarritako debekuak, dirulaguntza honen xedetik kanpo egoteagatik, dela gaiagatik, dela pertsona juridikoei zuzentzeagatik:
a) (...) Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.
b) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
c) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
Deialdi honi ere ez zaizkio aplikatuko 13.4 eta 13.5 artikuluetan ezarritako debekuak, dirulaguntza honen xede ez diren pertsona juridikoei buruzkoak direlako.
2.– Ezingo dira onuradun izan LGTBIfobia bultzatzen edo sustatzen dutenak, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne. Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoak, 82. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Azken zazpi urteetatik gutxienez bost urtez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
4.– Zuzenbideko Lizentziatura edo Gradua izatea.
5.– Karrera Judizial eta Fiskalean eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan sartzeko hautaketa-prozesua argitaratu zen azken deialdian eskatutako baldintzak betetzea, hautatutako kidegoaren arabera.
– Karrera judizialean eta fiskalean sartzeko hautaproben kasuan, Hautaketa Batzordearen 2026ko ekainaren 4ko Erabakian (2026ko ekainaren 15eko EAO, 145. zk.) xedatutakoari jarraituko zaio. Erabaki horren bidez, Eskola Judizialeko ikasleen plazak betetzeko hautaprobak deitzen dira, ondoren Karrera Judizialean eta Fiskalean sartzeko (2026ko ekainaren 15eko EAO, 145. zk.).
https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2026-12918
– Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan sartzeko, Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoan txanda irekiko eta barne-sustapeneko sistema orokorraren bidez sartzeko hautaketa-prozesurako deialdia egiten duen martxoaren 26ko PCJ/307/2025 Agindua aplikatuko da (2025eko martxoaren 31ko EAO, 77. zk.).
https://www.boe.es/diario_boe/txt.php?id=BOE-A-2025-6403
6.– Oposizioa zentro espezializatu baten zuzendaritzapean prestatzea, edo Karrera Judizial edo Fiskaleko edo Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza izatea. Baldintza hori eskabidea aurkezten den unean bete beharko da.
Zentro espezializatutzat hartuko da beka hauen xede diren oposizioak prestatzen diharduena, eta prestatzaileak, berriz, prestaketa-prozesua zuzentzen dutenak, baldin eta eskatzailearen lehen mailako zuzeneko senideak, odolkidetasunekoak edo ezkontza-ahaidetasunekoak ez badira, eta karrera judizialeko edo fiskaleko kideak edo Justizia Administrazioko letraduen kidegokoak badira.
Baldintza hori ez da betetzat joko, baldin eta prestakuntza plataforma edo sistemen bidez egiten bada, eta helburua ez bada erreferentziako hautaketa-prozesuko oposizio-fasea osatzen duten ariketa guztiak gainditzea.
7.– Deialdi honetan aipatzen diren oposizioak prestatzeko antzeko bekaren baten onuradun ez izatea gehienez ere hiru urtez jarraian edo txandaka, 4.5 artikuluan jasotako kasuan dauden eskatzaileen kasuan izan ezik.
6. artikulua.– Baldintza ekonomikoak.
1.– Eskatzaileek, eskabidea aurkezteko unean, bizikidetza-unitateko kideek 2025. urtean lortutako diru-sarrera eta bizimodu guztiei buruzko datuak aurkeztu beharko dituzte, betiere Agindu honetan xedatutakoaren arabera konputagarria bada.
2.– Deialdi honen ondorioetarako, edozein baliabide ekonomiko, diruzko edo espezietako diru-sarrera edo bizibidetzat hartuko da, jatorria edozein dela ere, honako hauek barne hartuta:
a) Laneko errentak, hala nola soldatak, langabezia-prestazioak, pentsioak eta antzeko ordainsariak.
b) Ekonomia, enpresa, lanbide, nekazaritza edo antzeko jardueretatik eratorritako errentak.
c) Kapital higigarriaren errentak, interesak, dibidenduak, bizi-aseguruen etekinak eta antzekoak barne.
d) Ondasun higiezinen errentamenduaren edo ustiapenaren ondoriozko kapital higiezinaren errentak.
e) Ondasunen eskualdaketetatik, sarietatik, kalte-ordainetatik edo antzeko eragiketetatik eratorritako ondare-irabazi eta -galerak.
f) Prestazio, laguntza edo sorospen publikoak, zergapetzetik salbuetsitako errentak barne, baldin eta baliabide ekonomiko eraginkorra izan.
7. artikulua.– Egoera pertsonalak, familiakoak eta ekonomikoak zehaztea.
a) Ohiko bizilekua.
Ohiko bizilekutzat hartuko da eskatzailea modu eraginkor eta jarraituan bizi den etxebizitza, errolda kolektibo historikoan halakotzat ageri dena.
Erroldako inskripzioa zantzu nagusia da; hala ere, Administrazioak beste elementu batzuk baloratu ahal izango ditu, erroldaren eta benetako bizilekuaren arteko desadostasun-zantzuak daudenean.
b) Bizikidetza- edo familia-unitatea.
Bizikidetza- edo familia-unitatetzat hartuko da eskatzailearekin bere ohiko etxebizitzan modu eraginkor eta jarraituan bizi diren pertsonen multzoa.
Talde-erroldan inskribatzea identifikazio-irizpide orokor gisa erabiliko da, eta ez da baztertuko beste frogabide batzuk baloratzea egiazko bizikidetza egiaztatu behar denean.
c) Kide konputagarriak.
Bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonak hartuko dira kide konputagarritzat, b) letran deskribatutako benetako bizikidetza-irizpidearen arabera.
Kide konputagarri izaera bizikidetza bidez bakarrik zehazten da, hurrengo artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe.
d) Ahaidetasun-loturarik gabeko bizikidetza.
Etxebizitza berean bizitzeak berez ez du esan nahi unitate ekonomiko komuna dagoenik.
Familia-loturarik ez duten pertsonak kide konputagarritzat hartuko dira soilik bizikidetza egonkorra eta egiaztatua dagoenean eta gastuak edo baliabideak partekatzeko zantzu objektiboak daudenean, hala nola:
Ondorio horietarako, honako hauek baloratu ahal izango dira, besteak beste:
a) Etxeko gastu komunak egotea.
b) Etxebizitza mantentzeko ekarpen bateratua.
c) Errentamendu-kontratu independenterik ez egotea.
d) Bizikideen artean autonomia ekonomikoa egiaztatzen duen elementurik ez izatea.
Administrazioak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, baldin eta arrazoizko zalantzak badaude unitate ekonomiko komun baten existentziari buruz.
e) Sostengatzaile ekonomiko nagusiak.
Honako hauek hartuko dira halakotzat:
1.– Independentzia ekonomikoa eta familiarra egiaztatzen duen eskatzailea, eta, hala badagokio, ezkontide edo izatezko bikotekide gisa bizi den pertsona, erregistratuta egon ala ez.
2.– Eskatzailearen aita eta/edo ama, hura independizatuta ez badago.
Horietako bat 2025ean edo 2026an hiltzen bada, ez da bizikidetza-unitateko kide gisa zenbatuko.
3.– Banantze edo dibortzioen kasuan, eskatzailearekin bizi ez den gurasoa ez da kide konputagarritzat joko.
Sostengatzaile nagusitzat hartuko da guraso bizikidearen ezkontide edo bikotekide berria, erregistratua egon zein ez, zeinaren errentak eta ondarea familia-zenbaketan sartuko baitira.
4.– Eskatzailea salbuespenezko arrazoiengatik hartzen duten pertsonak:
– Babesgabetasuna edo familia-gatazka.
– Etxebizitza galtzea edo familia-haustura.
– Gaixotasun larria edo mendekotasuna.
– Harrera informala, premia-arrazoiengatik.
Pertsona horiek benetako baliabide ekonomikoak ematen dituztenean soilik izango dira sostengatzaile nagusiak. Bestela, ondorio ekonomikorik gabeko bizikidetzako kide izango dira soilik.
5.– Ez da onartuko Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden pertsona ez-independenteen eskabiderik, baldin eta haien bizikidetza-unitateak eta sostengatzaile nagusiek ezin badute egiaztatu ohiko bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan dutela.
8. artikulua.– Jatorrizko familia-unitatea edo independizatu gabeko bizikidetza-unitatea
Eskatzailea ez badago independizatuta eta ohiko etxebizitzan seme edo alaba gisa bizi bada, kide konputagarriak izango dira:
a) Eskatzailea.
b) Bi gurasoak, betiere ohiko etxebizitzan bizi badira, egoera juridikoa edozein dela ere (ezkonduak, bananduak edo dibortziatuak).
Legez onartutako guraso bakarra badago, edo bat hil bada, guraso hori bakarrik zenbatuko da.
c) Hogeita bost urtetik beherako anai-arreba ezkongabeak, eta adin horretatik gorakoak, desgaitasunen bat badute eta gurasoen mende badaude.
d) Ohiko bizilekuan bizi diren gurasoen aurrekoak.
Salbuespen gisa, ez dira zenbatuko egoitzetan modu iraunkorrean sartutako aurreko ahaideak edo III. mendetasun-gradua dutenak.
e) Ezkontza, izatezko bikote edo antzeko harreman baten bidez gurasoetako batekin bizi den pertsona.
f) Familia-loturarik ez duten eta eskatzailearekin salbuespenezko zirkunstantziengatik bizi diren pertsonak. Halakotzat joko dira eskatzailea aldi baterako edo modu iraunkorrean jatorrizko familia-unitateaz bestelako bizileku batean bizitzera behartzen duten egoerak, gerora sortutakoak, borondatezkoak ez direnak eta behar bezala justifikatutakoak.
Ondorio horietarako, salbuespenezko zirkunstantziatzat hartuko dira, besteak beste: babesgabetasun-egoera edo familia-gatazka, familia-haustura edo etxebizitza galtzea ekonomia- edo egitura-arrazoiengatik, harrera informala premiagatik eta gaixotasun larriagatik edo mendekotasunagatik.
Zenbaketa ekonomikoari dagokionez, atal honetan sartutako pertsonak bakarrik joko dira kide konputagarritzat eskatzaileari eusten modu eraginkorrean laguntzen duten baliabide ekonomikoak ematen dituztenean. Bestela, ez dira bizikidetza-unitatean sartuko errentaren ondorioetarako, eta bizikidetza-eremura mugatuko dira.
9. artikulua.– Familia-unitate propioa edo bizikidetza-unitate independentea.
Eskatzailea independizatu bada eta bere bizikidetza-unitatea eratu badu, kide konputagarriak izango dira:
a) Eskatzailea, haren ezkontidea edo izatezko bikotekidea, erregistroan inskribatuta egon ala ez.
b) Hogeita bost urtetik beherako seme-alabak eta desgaitasuna duten eta gurasoen mende dauden adinekoak.
c) Harreran dauden pertsonak, aplikatzekoa den foru-araudiaren arabera.
d) Eskatzailearen edo haren ezkontidearen edo bikotekidearen aurreko ahaideak.
e) Ahaidetasunik gabeko bizikideak, ezin bada justifikatu etxebizitza partekatu baten alokairua.
10. artikulua.– Pertsona bakarreko bizikidetza-unitatea.
Eskatzailea jatorrizko familiatik independizatu bada edo umezurtza bada eta pertsona bakarreko bizikidetza-unitatea osatzen badu, eskatzailea soilik izango da kide konputagarria.
11. artikulua.– Familia-errentaren muga.
a) Oro har, familia- edo bizikidetza-unitate konputagarriak ezingo du 75.000 euroko urteko errenta-atalasea gainditu. Eskatzaile guztiei aplikatuko zaie muga hori, b) letran aurreikusitako kasuetan izan ezik.
b) Eskatzaileak independentzia ekonomikoa egiaztatzen duenean, hau da, jatorrizko familiarekin bizi ez dela, ekonomikoki haren mende ez dagoela, ohiko etxebizitzaren titulartasuna edo errentamendua duela eta baliabide ekonomiko propio nahikoak dituela, urteko 20.000 euroko atalase espezifiko eta lehentasunezkoa aplikatuko da, a) letran aurreikusitako atalase orokorra ordezten duena.
Ondorioz, 20.000 euroko atalasea arau berezia da eskatzaile independenteentzat, eta 75.000 euroko atalasea, berriz, gainerako bizikidetza-unitateei aplikatu beharreko arau orokorra da.
12. artikulua.– Familia-errentaren kalkulua.
1.– Familia-errenta, deialdi honen ondorioetarako, edozein eratako diru-sarrerak jasotzen dituzten familia-unitateko kide konputagarri bakoitzak lortutako errentak gehituz lortuko da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen araudi aplikagarriaren arabera (PFEZ). Ondorio horietarako, 2025eko ekitaldia hartuko da erreferentziatzat.
2.– Urteko diru-sarrera garbitzat hartuko dira PFEZaren zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria osatzen duten etekin eta egozpen guztien batura, bai eta salbuetsitako errentak ere, nahiz eta zerga-oinarriaren parte ez izan eta tributaziorik sortu ez.
Adibide gisa, honako hauek sartzen dira:
a) Lanaren etekinak, langabeziagatiko, ezintasunagatiko, pentsioengatiko eta gainerako prestazio publikoengatiko prestazioak barne, horiek lotuta edo salbuetsita badaude.
b) Jarduera ekonomikoen etekinak.
c) Kapital higigarriaren eta higiezinaren errendimenduak.
d) Ondare-irabaziak eta -galerak.
e) PFEZaren araudian aurreikusitako errenta-egozpenak.
Kasu guztietan, diru-sarrerak zenbatuko dira PFEZaren arabera kengarriak diren gastuak kendu ondoren.
3.– Prestazio publikoak, kontribuziopekoak edo ez-kontributiboak, hala nola langabezia, ezintasuna, DSBE, bizi-gutxieneko diru-sarrera, gizarte-larrialdiko diru-sarrera edo antzeko laguntzak, laneko errenta gisa edo errenta salbuetsi gisa zenbatuko dira, izaera juridikoaren arabera, eta familia-errentan sartuko dira, aurreko zenbakian aurreikusitakoaren arabera.
4.– PFEZaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien kasuan, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria batuz eta aitorpenaren ondoriozko kuota likidoa kenduz zehaztuko da errenta.
5.– Diru-sarrera propioak lortzen dituzten eta PFEZaren aitorpena aurkeztu ez duten kide konputagarrientzat, eskatzaileak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu eta 2025eko ekitaldian jasotako diru-sarrerak adierazi.
6.– Sostengatzaile nagusien errentak % 100ean zenbatuko dira. Eskatzailea independentetzat jotzen denean, eusle nagusitzat hartuko da eskatzailea bera eta, hala badagokio, harekin ezkontide edo izatezko bikotekide gisa bizi den pertsona. Sostengatzaile nagusiak ez diren pertsonen errentak % 50ean zenbatuko dira, eskatzailea independentea ez denean, bere errentak, bere anai-arrebena eta elkarrekin bizi diren beste senide batzuenak barne.
7.– Konpentsazio-pentsioak eta elikagaiengatiko urterokoak ezkontide ohiaren edo izatezko bikotekide ohiaren diru-sarreratzat hartuko dira, eta ordaindu behar dituen pertsonaren diru-sarreren murrizketatzat, betiere azken horrek ordainketa egin dela agiri bidez egiaztatzen badu.
8.– Baldintza horiek onuradun izateko nahiz izaera horri eusteko eskatu ahal izango dira, eta dirulaguntza ematen den unean eta dirulaguntza ordaintzen den aldi osoan betetzen direla egiaztatuko da.
13. artikulua.– Agiriak ez aurkezteko eskubidea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen (APAPEL) 28. artikuluan eta herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa eta zerbitzu publikoetarako sarbidea bitarteko elektronikoen bidez emateari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Administrazioak gauzatuko du interesdunek jada administrazio publikoen esku dauden edo haien plataformen bidez kontsulta daitezkeen dokumentuak ez aurkezteko duten eskubidea.
Ezarritako baldintzak egiaztatzen dituzten datuak edo agiriak plataforma horien bidez lortu edo egiaztatuko dira, interesdunak berariaz aurka egiten ez badu edo baldintza horiek lortzeko bideraezintasun teknikoa badago.
Aurka eginez gero, interesdunak dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko ditu, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoari dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak.
2.– Administrazio-izapidetzea sinplifikatzeko eta eskubide horren erabilera bermatzeko, ez da beharrezkoa izango interesdunen baimena lortzea Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan.
14. artikulua.– Eskakizunak ofizioz egiaztatzea.
Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du honako baldintza hauek betetzen direla, interesdunak espresuki aurka egin ezean:
a) Nortasun-datuak egiaztatzea (Poliziaren Zuzendaritza Nagusia – DGP).
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea.
c) Euskararen ezagutza-maila, ziurtagiria Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan jasota badago.
Espresuki aurka eginez gero, interesdunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu gainerako dokumentazioarekin batera, hurrengo atalean.
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatzen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoa beteko da.
15. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Dokumentazio akademikoa.
a) Hautatutako hautaketa-prozesuan parte hartzeko beharrezkoa den Zuzenbideko titulazioa. Tasak ordaindu izanaren titulu ofiziala edo ziurtagiria aurkeztu beharko da. Frogagiri horrek ordainketa egiaztatzen ez badu, dagokion banku-egiaztagiria ere aurkeztu beharko da.
b) Era berean, espediente akademiko osoa aurkeztu beharko da, 0tik 10era bitarteko zenbakizko eskalako batez besteko nota globala barne.
Aurreko deialdietan titulua eta espediente akademikoa aurkeztu dutenek ez dute titulua eta espediente akademikoa aurkeztu beharrik izango.
2.– Bizikidetza-unitatearen osaera egiaztatzen duen dokumentazioa.
Erroldatze historiko kolektiboaren ziurtagiria, eskaera egiten den egunean etxebizitzan bizi diren pertsona guztien zerrenda jasotzen duena (bizikidetza-ziurtagiria).
3.– Egoera ekonomikoa egiaztatzen duen dokumentazioa.
a) Arau orokorra.
Bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsona guztien egoera ekonomikoa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du eskatzaileak.
b) PFEZaren aitorpena aurkeztu behar duten pertsonak.
Hori aurkeztu behar duten bizikidetza-unitateko kideen 2025eko ekitaldiko PFEZaren aitorpen-likidazioaren fotokopia osoa aurkeztuko da.
c) PFEZaren aitorpena aurkeztera behartuta ez dauden pertsonak.
Aitorpena aurkezteko obligaziorik ez dagoenean, ekitaldi horretan errenta-iturri desberdinetatik jasotako diru-sarreren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, besteak beste, lanaren etekinak, jarduera ekonomikoen errendimenduak, kapital higigarriaren errendimenduak, kapital higiezinaren etekinak eta ondare-irabaziak.
d) Prestazio eta laguntza publikoak.
Halaber, prestazio edo laguntza publikoei buruzko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu organo eskudunak, kasu hauetan:
1) Ez dago PFEZaren aitorpena aurkeztu beharrik.
2) Aitorpena aurkeztu bada ere, prestazio horiek ez dira bertan ageri edo ezin dute haien benetako zenbatekoa jakin.
Besteak beste, honako hauei buruzkoak izan daitezke:
Langabeziagatiko prestazioak, aurre-erretiroa, ezintasuna, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE), kotizaziopeko edo kotizazio gabeko prestazioak, pentsioak, gizarte-larrialdietarako laguntzak, gizarteratzea edo antzeko beste batzuk.
4.– Banantzea, dibortzioa edo antzeko egoerak.
Aurkeztu egin beharko da.
1) Egoera egiaztatzen duen dokumentazioa.
2) Dago kion hitzarmen arauemailea.
Hitzarmenean ezarritako zenbatekoak ordaintzen ez badira, legez baliozkoa den edozein bide erabiliz egiaztatu beharko da.
5.– Familia- eta ekonomia-independentzia egiaztatzea.
1) Familia-independentzia.
Eskatzaileak bere independentzia-izaera alegatzen duenean, egiaztatu beharko du bizitza autonomoa duela ekonomiaren eta bizitegiaren ikuspegitik, bere diru-sarrerak dituela eta familia-nukleotik kanpoko etxebizitza batean bizi dela justifikatuz, dela jabetzan, errentamenduan edo beste edozein titulu legitimotan.
Ondorio horietarako, jatorrizko familiarekin bizi ez izana hartuko da familia-independentziatzat, eta hori egiaztatzeko, gurasoena edo legezko tutoreena ez den beste bizileku batean erroldatu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, edo, hala badagokio, zurztasun-egoera egiaztatzen duen agiria.
2) Independentzia ekonomikoa.
Eskatzaileari oinarrizko gastuei (elikadura, jantziak, etxebizitza eta garraioa) aurre egiteko aukera emango dioten diru-sarrera propio nahikoak eta erregularrak izatearen arabera baloratuko da. Nahikotasun horren balorazioa egiaztatutako gainerako inguruabar ekonomikoekin batera egingo da.
Ondorio horietarako, ez dira konputatu beharreko diru-sarreratzat hartuko honako hauek:
a) Eskatzailearen aurrezkiak.
b) Gizarte Segurantzan dagokion erregimeneko altaren estaldurarik gabe egindako lanak.
c) Familia-laguntzak.
Ez da independentzia ekonomikoa egiaztatutzat joko eskatzailearen ohiko etxebizitza doan lagatzen denean edo jatorrizko familiako kideek merkatukoak baino baldintza onuragarriagoetan erabiltzen dutenean, mendekotasun ekonomikoa eragiten duen oinarrizko premia bati erantzuteko gauzazko prestazioa delako.
Halaber, eskatzaile bat ekonomikoki independentetzat jo ahal izateko, guraso edo legezko tutore batek ere ezin izango du kenkaria aplikatu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen-likidazioan. Hori egiaztatzeko, eskatzaileak zerga-ziurtagiria aurkeztu beharko du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean guraso edo legezko tutore batek ere ez duela kenkari fiskalik aplikatzen egiaztatzeko.
3) Emantzipazio-programak.
Eskatzailea emantzipaziorako laguntza-programa batean sartuta badago, eta programa horrek ostatua eta mantenua barne hartzen baditu, ez du familia-independentzia egiaztatu beharko, baina independentzia ekonomikoa justifikatu beharko du.
4) Independentzia egiaztatu ez izana.
Familiarekiko independentzia eta independentzia ekonomikoa egiaztatzen ez bada, bizikidetza-unitatean sartuko dira gurasoak, salbu eta eskatzailea beste bizikidetza-unitate bateko kide bada, hala nola ezkontidearekin, izatezko bikotekidearekin edo antzeko harremana duen pertsona batekin eratutakoa.
Gurasoak bizikidetza-unitatean sartu behar direnean, PFEZaren aitorpenak aurkeztu beharko dituzte. Aurkeztu ezean, eskaera ukatu egingo da.
6.– Eskatzailea ekonomikoki bere gurasoak ez diren pertsonen mende badago, salbuespenezko egoera hori egiaztatu beharko da ebazpen, epai judizial edo legez baliozkoa den beste edozein bitartekoren bidez.
7.– Desgaitasuna. Desgaitasun-egoera egiaztatzen duen ziurtagiria, hala dagokionean.
8.– Familia- edo bizikidetza-inguruabar bereziak.
Eskatzaileak letra honetan aurreikusitako inguruabarrak egiaztatu beharko ditu dokumentu ofizialen bidez, hala nola gizarte-zerbitzuen txostenak, administrazio-ebazpenak, hezkuntza- edo osasun-zentroen ziurtagiriak edo alegatutako egitateak egiaztatzeko aukera ematen duen beste edozein dokumentu publiko.
1) Ohiko bizilekuan gurasoen aurrekoak bizi direnean, edo aurreko ahaide horiek egoitza-zentro batean modu iraunkorrean bizi direnean, edo mendetasuneko III. gradua aitortuta dutenean.
2) Era berean, egiaztatu beharko da eskatzailea zein egoeratan bizi den salbuespenezko inguruabarrengatik hartzen duten beste senide batzuekin edo familia-loturarik gabeko pertsonekin. Halakotzat hartuko dira ezusteko egoerak, borondatezkoak ez direnak eta behar bezala justifikatuak, eskatzailea aldi baterako edo modu iraunkorrean bere jatorrizko familia-unitatekoa ez den beste etxebizitza batean bizitzera behartzen dutenak.
16. artikulua.– Eskakizunak betetzeari eta emandako datuak zehazteari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
Agindu honen III. Eranskinean agertzen den eredu normalizatuaren araberako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-inprimakian jasoa), honako inguruabar hauek betetzen direla justifikatuko da, hargatik eragotzi gabe ebazpena eman aurretik dagokion dokumentazioa aurkezteko betebeharra, hala badagokio:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan ezarritako debekuetako bat ere ez izatea:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatua izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaitua izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, erruduntzat jo den arrazoiagatik.
d) Pertsona fisikoa edo pertsona juridikoen legezko ordezkaritza dutenak Herri Administrazioen Zerbitzupeko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikoen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko kasuren batean egotea, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguren bat izatea, araudi horretan ezarritako baldintzetan.
e) Indarrean dauden xedapenen arabera, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.
g) Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. artikuluan jasotakoaren arabera (agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da), ezta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere.
2.– Debekua LGTBIfobiarengatik.
Ezin izango dira onuradun izan LGTBIfobia egiten, bultzatzen edo sustatzen duten pertsonak, bihurketa-terapiak sustatzea edo egitea barne, otsailaren 28ko 4/2023 Legeak, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrari eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzkoak, 82. artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Beste laguntza batzuekiko bateraezintasuna.
Beka ematen den unean eta bekak irauten duen bitartean, funts publiko edo pribatuekin finantzatutako beste beka edo laguntzarik ez izatea, baldin eta helburu bera badute.
4.– Lan- edo lanbide-bateraezintasuna.
Ez da diruzko edo gauzazko ordainsaririk jasotzen ari, ez eta ordainsari profesionalik ere, norberaren edo besteren konturako lanbide- edo lan-jarduera bat egiteagatik, baldin eta jarduera horren iraupena lanaldi erditik gorakoa bada emandako bekaren indarraldian (gehienez 20 ordu astean).
5.– Aurreko deialdien mugak.
Deialdi honetan aipatzen diren irakaskuntzak prestatzeko antzeko beste edozein bekaren onuradun ez izatea hiru urtez jarraian edo aldizka, gehienez ere, 4.5 artikuluan jasotako kasuan dauden eskatzaileen kasuan izan ezik.
6.– Karrera Judizialeko, Fiskaleko edo Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko prestatzaile edo prestatzaile zentro bateko zuzendaritza du.
7.– Hautatutako kidegoaren araberako hautaketa-prozesuaren azken deialdian eskatutako baldintzak betetzea.
17. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Justizia Administrazioaren Letraduen Kidegora sartzeko prestatzera bideratutako laguntzak emateko prozeduraren eskaeran eta gainerako izapideetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra ezartzen duen azaroaren 14ko 172/2023 Dekretuaren arabera, adierazitako baldintzak betetzen dituzten interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez soilik eskatu beharko dituzte dirulaguntzak, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/servicios/0035115
Horretarako, eskabide-orria osorik bete beharko da, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako baliabideren bat erabili beharko da.
Herritarrei arreta integrala eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez sartzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 71. artikuluan adierazten denez, identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak erabiltzeak esan nahi du Administrazioak emandako datu pertsonalak erabil ditzakeela sinadura autentifikatzeko eta egiaztatzeko, eta ez duela erantzukizunik izango interesduna ez den hirugarren batek baliabide horiek erabiltzeagatik.
Pertsona bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du, eta prestatuko duen karrera edo kidegoan sartzeko hautaprobak aukeratu beharko ditu, eta aurreko urteetan emandako beka berritu behar den ala ez adierazi. Kasu horretan, beka zein urtetan eman zitzaion ere zehaztu beharko du.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Prozedura izapidetzen den bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
– Izapidetze telematikorako zehaztapenak:
– Aplikazioan sartzeko ziurtagiri elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bitartekoak eta sinadura elektronikoa helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/certificados-electronicos
– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazio-memoria eta gainerako ereduak bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko xehetasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/0035115
– Eskatzaileak ordezkari bidez izapidetu ahal izango du eskabidea elektronikoki. Horretarako, eskabidea aurkeztu aurretik, eskatzailearen ordezkari izendatutako pertsonak inskribatuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako ahalordetzeen ordezkarien erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/representantes
– Eskabidearen ondorengo izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barne, bai eta Administrazioak ebazpenen jakinarazpen elektronikoak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/micarpeta
Horretarako, interesdunak identifikazio-sistemak behar bezala erabiltzen direla ziurtatu beharko du, eta bere herritarren karpetara bere kabuz edo baimendutako pertsona batek bakarrik sartzen dela zaindu beharko du.
– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen datu-basean agertu beharko du onuradunak. Alta emateko edo hirugarrenaren datuak aldatzeko, interesdunak Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du, helbide honetan: https//:www.euskadi.eus/alta terceros
4.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Onuradunak beka onartzen badu, agindu honetan ezarritako arau guztiak bete beharko ditu, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gorabeheren berri eman beharko du.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Erregimena arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.
Zehazki:
a) Dagokion oposizioa prestatzeko jarduera egitea eta bekaren zenbatekoa Agindu honen 1.2 artikuluan adierazitako gastuetarako soilik erabiltzea.
b) Deitzen den lehen hautaketa-prozesuan parte hartzea:
– Onuradunak lehenengo aldiz:
Deitzen den lehen hautaketa-prozesuan parte hartu beharko dute, baldin eta gutxienez urtebeteko tartea badago emateko ebazpena argitaratzen den egunetik hautaketa-prozesuaren deialdia argitaratzen den egunera arte.
– Aurreko urteetako onuradunak:
Ondorengo hautaketa-prozesuetan parte hartu beharko dute, nahiz eta urtebete igaro ez esleipen-ebazpena argitaratu zenetik hautaketa-prozesuaren deialdia egin arte.
Ondorio horietarako, honako hauek hartuko dira partaidetzatzat:
– Onartutakoen zerrendan sartzea.
– Ariketen aurkezpena.
– Azterketak egitea.
c) Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean justifikatzea beka ematea eragin zuten betekizunak eta baldintzak betetzen direla, bai eta diruz lagundutako jarduera egin dela ere.
d) Dirulaguntza ematen duen organoaren egiaztatze-jardueren eta honako hauei dagozkien kontrol-jardueren mende jartzea:
a) Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.
b) Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
c) Finantzaketa dela-eta eskumena duten beste kontrol-organo batzuk.
e) Beste administrazio publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.
Horren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori.
f) Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta ordaintzeko unean, egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritako moduan.
g) Jasotako funtsak edo diruz lagundutako kostuaren gainetik lortutako gaindikina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
h) Beka prestatzeko eman den hautaketa-prozesuko oposizio-fasea gaindituz gero, berehala jakinaraziko zaio dirulaguntza eman duen erakundeari.
Laguntza oposizio-fasea edo, hala badagokio, lehiaketa/oposizio fasea gainditu dutenen zerrenda aldizkari ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da.
19. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Balorazio-irizpide orokorrak.
Onuradun izateko, Ebaluazio Batzordeak irizpide hauek baloratuko ditu elkarrekin:
a) Egoera ekonomikoa.
Egoera ekonomikoa 0tik 45 puntura bitarteko eskalaren arabera baloratuko da, tarte hauen arabera:
Urteko familia-errenta.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Urteko per capita errenta (familia-unitateko kide bakoitzeko.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Diru-sarrerak egiaztatzeari buruzko azalpena:
1) Diru-sarrerak PFEZaren aitorpenean jasotzen direnean, etekin garbiak hartuko dira kontuan, agindu honen 12.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2) Legez baliozkoak diren beste bide batzuetatik egiaztatzen badira etekin garbirik gabe, diru-sarrera gordinak baloratuko dira.
b) Ikasketa-espedientea.
Batez besteko nota globalaren arabera baloratuko da, 0tik 35 puntura bitarteko eskalan:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
c) Euskararen ezagutza
0tik 15 puntura bitartean baloratuko da, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailen arabera:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren eta haren aldaketen arabera (187/2017 eta 65/2023 Dekretuak), euskararen ezagutza egiaztatzen duten tituluak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B1, B2, C1 eta C2 mailekin parekatuko dira, eta baliozkotuta geratuko dira.
d) Aurreko urteetan onuradun izana:
Beka aurreko deialdietan jasotzeagatik, gehienez 5 puntu emango dira:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Hori egiaztatzeko, organo eskudunaren ziurtagiria, Estatuko Aldizkari Ofizialaren kopia edo agiri baliokide fede-emailea aurkeztu beharko da.
2.– Laugarren urteko beka hutsak baloratzeko irizpideak.
Beka guztiak esleitu ez badira eta hutsak badaude, hiru urteko muga agortu duten aurreko deialdietako onuradunek eskatu ahal izango dituzte, eta laugarren bat lortu ahal izango dute. Balorazioa irizpide hauen arabera egingo da:
a) Egoera ekonomikoa.
Egoera ekonomikoa 0tik 35 puntura bitartean baloratuko da, honako tarte hauen arabera:
Familia-unitateko urteko errenta.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Urteko per capita errenta (familia-unitateko kide bakoitzeko).
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Diru-sarrerak egiaztatzeari buruzko azalpena:
Atal orokorrean aplikatzen den irizpide bera aplikatuko da:
1) Etekin garbiak, PFEZn jasota badaude, agindu honen 12.4 artikuluaren arabera.
2) Diru-sarrera gordinak, beste bide batzuetatik egiaztatzen badira.
b) Espediente akademikoa.
0tik 35 puntura bitartean baloratuko da, kasu orokorrean bezala:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
c) Euskararen ezagutza.
0tik 20 puntura bitartean baloratuko da:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Atal orokorrean aipatutako euskara-tituluak baliozkotzeko eta parekatzeko araudia ere aplikatuko da.
d) Azterketak gainditzea.
Azken lau urteetan oposizioko azterketak gainditu izanagatik 10 puntu emango dira gehienez:
– Gainditutako azterketa bat: 5 puntu.
– Gainditutako bi azterketa: 10 puntu.
Egiaztatzeko, epaimahaiaren edo organo eskudunaren ziurtagiria, EAOren kopia edo dokumentu baliokidea aurkeztu beharko da.
3.– Berdinketa hausteko irizpideak.
Guztizko puntuazioan berdinketa gertatuz gero, honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenkera honetan:
a. Per capita familia-errenta txikiena duen pertsonak izango du lehentasuna.
b. Berdinketak jarraitzen badu, familia-unitateko errenta txikiena lehenetsiko da.
c. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, ikasketa-espedientean batez besteko nota orokor handiena duenaren alde ebatziko da.
20. artikulua.– Emateko prozedura.
Bekak emateko prozedura lehiaketa bidezkoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Horretarako, lehiaketatzat hartuko da laguntzak emateko aurkeztutako eskabideak alderatzeko prozedura, agindu honen 19. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen araberako lehentasun-hurrenkera ezartzeko, eta irizpide horien arabera puntuaziorik handiena lortzen dutenak bakarrik esleituko dira.
1.– Hasiera.
1) 20/2023 Legearen 20. artikuluaren arabera, dirulaguntzak norgehiagoka-erregimenean emateko prozedura beti ofizioz hasiko da. Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da prozedura.
2) Bekak emateko prozedura Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu bidez hasiko da. Agindu horretan deialdia eta oinarri arautzaileak ezarriko dira.
2.– Kudeaketa.
1) Justizia Administrazioko zuzendariak kudeatuko du prozedura, eta ebazpen-proposamena egiteko erabiliko diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egingo ditu.
2) Hautagaitzak baloratzeko, eskabideak ebaluatzeko batzorde bat eratuko da, ahal dela emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin.
Ebaluazio Batzordearen osaera:
Batzordeburua:
M.ª Dolores Movilla Rivas andrea, Justizia Administrazioko zuzendaria, edo haren legezko ordezkoa.
1. bokala:
Sara Mallen Basterra andrea, Vitoria-Gasteizko Lehen Auzialdi Auzitegiko Adingabeen Ataleko magistratu-epailea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lehendakariak izendatutako karrera judizialeko kide gisa.
2. bokala:
M.ª Carmen Adán del Río andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia, edo haren legezko ordezkoa.
3. bokala:
Jose María Bastos Marzal jauna, Justiziako zuzendaria, edo bera legez ordezten duen pertsona.
4. bokala:
Blanca Rosa Barbero Blanco andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko gobernu-idazkaria, edo bera legez ordezten duen pertsona.
5. bokala:
Jose Ramon Intxaurbe Vitorica jauna, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoa, edo legez ordezkatzen duen pertsona.
6. bokala:
Alberto Emparanza Sobejano jauna, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoa, edo legez ordezkatzen duen pertsona.
Idazkaria:
M.ª Belen Beltran Cano andrea, Justizia Administrazioko Zuzendaritzako aholkulari juridikoa.
3) Eskabideak ebaluatu ondoren, Batzordeak txostena egingo du, Agindu honen 19. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz egindako ebaluazioaren emaitzarekin.
Txostenean, aurkeztutako eskabideen zerrenda ordenatua jasoko da, onuradun gisa proposatutako pertsonak zehaztuko dira, bai eta ordezkoen zerrenda eta, hala badagokio, 4. artikuluan aurreikusitakoaren arabera onuradun izan daitezkeen pertsonen zerrenda ere.
Zerrendak oposizioa zein kidegotan egin den kontuan hartu gabe egingo dira.
4) Organo kudeatzaileak txostena egingo du, eta bertan adieraziko du bere esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek laguntzak eskuratzeko beharrezko baldintza guztiak betetzen dituztela.
5) Organo kudeatzaileak, espedientea eta Ebaluazio Batzordearen txostena ikusita, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta, onartutako eta baztertutako eskabideen zerrendarekin, baztertzeko arrazoiak, onuradunen behin-behineko zerrenda eta ordezkoen zerrenda adieraziz.
Proposamen hori «nire karpeta»ren bidez jakinaraziko zaie interesdunei, eta 10 egun balioduneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko.
6) Interesdunek egindako alegazioak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, eta bertan jasoko dira beka ematea proposatzen zaien eskatzaileen zerrenda, lortutako puntuazioa eta aplikatutako balorazio-irizpideak.
Behin betiko ebazpen-proposamena kudeaketa-fasean onuradun gisa proposatutako pertsonei jakinaraziko zaie, 10 egun balioduneko epean onarpenaren berri eman dezaten. Onartzen ez bada, onuradun gisa proposatutako pertsonak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.
3.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1) Behin betiko ebazpen-proposamena onartu ondoren, Justizia sailburuordeak, prozedura ebazteko organo eskuduna den aldetik, dirulaguntza emateko ebazpena emango du. Ebazpen horretan, onuradunen zerrenda, ordezkoen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsitako edo baztertutako eskabideen zerrenda jasoko dira. Halaber, dirulaguntzen araubidea ezartzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluan ezarritako gainerako alderdiak jasoko ditu. Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie.
2) Agindu hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.
3) Sei hilabeteko epean interesdunei ez bazaie dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi, eskabideak administrazio-isiltasunez ezetsitzat joko dira.
4) Ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteaz gain, eta Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26. artikuluan xedatutakoa betez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen, ordezkoen eta, hala badagokio, lanpostu hutsen behin betiko zerrenda, emandako zenbatekoa eta finantzatutako jarduketa.
5) Argitalpenak bereziki babestutako datuak dituenean, datu horiek bereizi ondoren egingo da publizitatea.
6) Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Dirulaguntzen Erregistro Orokorrera bidaliko da deialdiari eta dirulaguntza emateko ebazpenari buruzko informazioa.
21. artikulua.– Justifikazioa.
Bekaren onuradunak organo kudeatzaileari justifikatu beharko dio beka emateko eskatutako betekizunak eta baldintzak betetzen dituela, bai eta diruz lagundutako jarduera egin duela ere.
Horretarako, lauhileko bakoitza amaitzean, honako dokumentazio hau bidali beharko du:
a) Jarduera-memoria bat, II. eranskinaren araberakoa, laguntzaren xede diren oposizioak prestatzeko jardueraren garapena justifikatzen duena, egindako jarduerak, lortutako aprobetxamendu-maila eta Agindu honetan ezarritako baldintzen betetze-maila adierazita.
b) Prestatzaileak edo laguntzaren xede diren oposizioak prestatzeko ardura duen zentroak emandako ziurtagiria, lortutako aprobetxamendu-maila adierazita.
c) Oposizioak dagokion lauhilekoan prestatzeko egindako gastuak egiaztatzen dituzten agiri ekonomikoak; horretarako, fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko zaizkie prestakuntza hori zuzendu duten prestatzaileei edo zentro espezializatuei. Gastuak egiaztatzeko, fakturak edo froga-balio baliokidea duten agiriak aurkeztu beharko dira, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.
22. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.
Beka emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, beka emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere laguntzaren onuradun izateko oinarri hauetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Era berean, xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik, dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide horiek lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.
Horretarako, organo eskudunak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, emandako zenbatekoak doitzeko, eta, hala badagokio, laguntza murrizteko edo behar ez bezala jasotako zenbatekoak itzultzeko.
Agindu honetan bateraezintzat jotako beste laguntza batzuk lortuz gero, emandako beka aldatu edo ezeztatu egingo da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira.
23. artikulua.– Itzulketa.
1.– Beka gisa jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta dagokion berandutze-interesa eskatuko da, beka ordaintzen denetik itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte, edo, hala badagokio, zordunak diru-sarrera egiten duen egunera arte, hori lehenagokoa bada, dirulaguntzen araudian aurreikusitako kasuetan.
2.– Bereziki, honako kasu hauetan itzuli beharko dira jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean:
a) Diruz lagundutako jarduera justifikatzeko edo justifikatzeko betebeharra ez betetzea, Agindu honen 23. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
b) Beka betekizunak bete gabe lortu izana, eskatutako baldintzak faltsutuz edo beka ematea eragotziko zuketenak ezkutatuz.
c) Emandako bekaren helburua edo jarduera ez betetzea.
d) Oposizioa prestatzeko jarduera etetea bekaren indarraldian. Agindu honen 24. artikuluaren arabera baimendutako aldi baterako etenaldia ez da etenalditzat hartuko.
e) Administrazioari egin beharreko egiaztatze-, jarraipen- edo kontrol-jarduketei aurka egitea, aitzakia jartzea, oztopoak jartzea edo uko egitea.
f) Agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.
g) Agindu honen 25. artikuluan aurreikusitako edozein bateraezintasun-kausatan erortzea.
h) Onuradunak uko egitea edo bekaren xede den oposizioa prestatzeari uztea.
i) Dirulaguntzak arautzen dituen araudian aurreikusitako beste edozein kasu.
3.– Dagokion hautaketa-prozesua gaindituz gero, oposizio-fasean edo, hala badagokio, oposizio-lehiaketan gainditutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen den egunetik aurrera amaituko da beka jasotzeko eskubidea. Hala ere, horrek ez du esan nahi onuradunak eskatutako baldintzak bete dituen aldiari dagozkion zenbatekoak itzuli behar direnik.
4.– Proportzionaltasun-printzipioarekin bat etorriz, itzuli beharreko zenbatekoa zehazteko, beka emateko eskatutako baldintzen betetze-maila eta epealdia hartuko dira kontuan.
Ez-betetzea partziala edo aldi baterakoa denean, ez-betetze hori gertatu den aldiari dagozkion zenbatekoak soilik itzuli beharko dira.
5.– Onuradunek 20/2023 Legearen IV. tituluan, dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruzkoan, aurreikusitako erantzukizunak eta zehapen-araubidea bete beharko dituzte.
6.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta horiek biltzeko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitakoa aplikatuko da.
7.– Kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. Tituluan xedatutakoari lotuko zaio, eta, nolanahi ere, interesdunari entzuteko izapidea bermatuko da.
24. artikulua.– Prestaketa-jarduera aldi baterako etetea.
1.– Bekaren indarraldian, oposizioa prestatzeko jarduera aldi baterako etetea eskatu ahal izango du onuradunak, gehienez ere sei hilabetez, baldin eta ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen bada.
2.– Ez da ezinbestekotzat joko zentro espezializatu bat ez edukitzea, ezta oposizioa prestatzeko ardura duen prestatzaile bat edo batzuk ez egotea edo ordezkatzea ere.
3.– Aldi baterako eteteko eskaera etenaldia hasi baino lehen aurkeztu beharko zaio Justizia Administrazioko Zuzendaritzari. Etendura, hala badagokio, berariazko ebazpen bidez baimenduko da.
4.– Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko da, eta etetea eragin duten zirkunstantziak egiaztatzen dituen dokumentazioarekin batera aurkeztuko da.
5.– Aldi baterako etenaldia baimentzeak beka jasotzeko eskubidea etetea ekarriko du baimendutako aldian zehar. Aldi horretan ez da ordainketarik egingo, eta ez da dagozkion zenbatekoak jasotzeko eskubiderik sortuko.
6.– Etetea eragin zuen arrazoia amaitutakoan, onuradunak Justizia Administrazioko Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, prestakuntza-jarduerari berrekiteko eta, hala badagokio, beka jasotzeko.
25. artikulua.– Bateraezintasunak.
1.– Beste laguntza batzuekiko bateraezintasunak.
Agindu honetan araututako laguntzak bateraezinak izango dira beste edozein beka, laguntza, dirulaguntza, sarrera edo baliabide publiko edo pribaturekin, hautaketa-probak guztiz edo partzialki finantzatzera bideratuak, edozein dela ere horiek ematen dituen administrazioa, entitatea edo erakundea, deialdi honen xede diren hautaketa-prozesuak izan zein ez.
Bateraezintasuna laguntza ematen den unean eta beka baliatzen den aldi osoan aplikatuko da.
2.– Bateraezintasuna lan- edo lanbide-jarduerekin.
Beka jasotzea bateraezina izango da norberaren edo besteren konturako lan-jarduerekin edo jarduera profesionalekin, baldin eta jarduera horietarako dedikazioa lanaldi erditik gorakoa bada, edo hogei ordutik gorakoa astean, beka baliatzeko aldian.
Ondorio horietarako, diruzko edo gauzazko ordainsariak ez ezik, jarduera horien ondoriozko zerbitzu-sariak edo etekinak ere sartuta daudela ulertuko da.
3.– Jakinarazteko eta itzultzeko betebeharra.
Bateraezintasun-egoera sor dezakeen edozein gorabehera gertatzen bada, onuradunak berehala jakinarazi beharko dio organo kudeatzaileari.
4.– Ez-betetzearen ondorioak.
Bateraezintasun-kausa bat gertatzen bada edo aurreko paragrafoan aurreikusitako jakinarazpen-betebeharra betetzen ez bada, beka jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, bidegabeki jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren II. Tituluan eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. Tituluan xedatutakoaren arabera.
26. artikulua.– Errekurtsoen araubidea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman zuen organoari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Nolanahi ere, interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkeztu ahal izango dute.
27. artikulua.– Datuen babesa.
Eskabidean agertzen diren datu pertsonalak tratatuko dira eta Karrera Judizialera, Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora sartzeko oposizioak prestatzeko laguntza ekonomikoak izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Justizia Administrazioko Zuzendaritza, Justizia eta Giza Eskubideen Saila.
Helburua: karrera Judizialera, Fiskalera eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegora sartzeko oposizioak prestatzeko laguntzen jarraipena eta kontrola. Laguntzak emateko baremoak aplikatzea, bekadunei informazioa ematea eta eskatzaileei jakinaraztea.
Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko beharrezkoa den tratamendua.
Hartzaileak: ez da aurreikusten daturik komunikatzea.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean (www.euskadi.eus/clausulas-informativos/web01-sedepd/es/transparencia/000100-capa2-es.shtml).
Araudia.
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra:
eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?URI=CELEX:32016R0679&from=ES
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?UD=BOE-A-2018-16673).
RSS