
179. zk., 2026ko irailaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (1353 KB - 4 orri.)
- EPUB (397 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
3938
EBAZPENA, 2026ko irailaren 10ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bitartez onartu egiten baita jarraian zehazten den proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta dei egiten zaie haien titularrei okupazio aurreko aktak egiteko: «Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektua».
Garraio Azpiegituretako zuzendariaren 2024ko irailaren 11ko Ebazpenez, onetsia eman zitzaion «Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektuari», eta 2024ko urriaren 1ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 191. zenbakian.
Proiektuaren helburua Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan dagoen Torretxoko trenbide-pasagunea kentzea da, bide berri bat eraikiz horretarako. Zehazki, Errotatxoko egungo bidearen zati bat desagerrarazi, eta haren ordez pasagune bat irekiko da oraingo trenbidearen azpian. Trazadura berriaren oinplanoari eta altxaerari esker, hots, pasabidea trenbide-plataformaren azpialdera aldatuz, saihesten dira egungo trazaduren eta bestelako gorabeheren mugapenak.
Lursailak lortzearren ukitu diren ondasun eta eskubideak kudeatzeko, horiek xehetasunez identifikatu dira proiektuan, desjabetzeen eranskineko lurzatien zerrenda eta planoetan.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2026ko maiatzaren 4ko Ebazpenez, hasiera eman zitzaion proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko prozedurari, eta jendaurreko aldian jarri zen desjabetzeen eranskineko zerrenda. Era berean, interesdunei jakinarazi zitzaien, eta 2026ko maiatzaren 11n Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, «El Correo» eta «Deia» egunkarietan eta Berrizko udaletxeko iragarki-taulan argitaratu zen.
Izapide honetan bi alegazio-idazki aurkeztu dira. Idazkiok Zerbitzu Teknikoetara bideratu dira, behar diren neurriak hartzeko eta, halakorik badago, akatsak zuzentzeko, banakako erantzuna emanez.
Jendaurreko epea amaiturik, ukitutako ondasun eta eskubideen behin betiko zerrenda egin da.
Organo honi dagokio garraio-azpiegituren alorreko jarduerak gauzatzeko behar diren desjabetze-espedienteak izapidetzea, hala jasotzen baitu 11.2.c) artikuluan azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuak, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak.
Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeak 6.2. artikuluan hala xedaturik, eta hura aldatzen duen abenduaren 19ko 26/2022 Legearekin ere bat etorrita, beharrezkoa bada lursail berriak erabiltzea trenbideko lineak, linea-tarteak edo bestelako trenbide-azpiegiturako elementuak eraikitzeko nahiz lehendik dagoen bat aldatzeko, eta horretarako nahitaez desjabetu behar bada proiektuan ukitutzat identifikatzen diren ondasun edo eskubidetakoren bat, proiektua onartzeak ekarriko ditu berekin onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, okupatu beharraren deklarazioa eta okupazioaren premiazkotasunarena ere. Horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzearen 1954ko abenduaren 16ko Legeak xedatutako prozedurara jo dezan, eta, horrenbestez, ukitutako lurrak okupatzeko edo eskubideak eskuratzeko, aurretiazko aktan haien deskripzioa, titularren identitatea eta balioztapenerako behar diren datu zehatzak jasota. Aurretiaz ere, perituak okupatu aurreko gordailu gisa zehaztu duen zenbatekoa ordainduko edo kontsignatuko da, eta, hala badagokio, okupazioaren premiazkotasunak eragindako kalteen zenbatekoa ere ordaindu edo kontsignatu da.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «Bilbo-Donostia lineako 37+154 KPan Torretxoko trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onartzea, eta haiek okupatu beharra deklaratzea, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeak 6.2 artikuluan adierazten dituen ondorioekin.
Bigarrena.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, zerrendan bertan adierazen diren egunean eta orduan Berrizko Udalera bertaratu daitezen, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko eta, hala badagokio, horiek formalki okupatzeko. Edonola ere, beharrezkoa izanez gero, aukera egongo da lursailetara joateko, interesdunek hala eskatuta.
Aipatutako egintzara interesdunek berek joan behar dute, edo haien izenean jarduteko behar den eran baimendutako ordezkoek; titulartasuna egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte (eskritura publikoak, Jabetza Erregistroko ziurtagiriak edo informazio-oharrak, eta abar), bai eta beren eskubideak egiaztatzen dituen beste zeinahi agiri ere, eta hala egoki iritziz gero, beren perituekin eta notario batekin aurkeztu ahal izango dira, kasu horretan beren kontura ordainduta.
Era berean, hala xedatzen baitu 56.2 artikuluan 1957ko apirilaren 26ko Dekretuak, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamendua onartzen duenak, interesdunek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte okupazioaren aurreko akta egiten den egunera arte, aktetan litezkeen akatsak zuzentzeko. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira, Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Donostia Kalea, 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari. Haren aurka, hilabeteko epean, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriko sailburuordeari, epea Ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Errekurtsoa jartzeko idazkia organo honi edo Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriko sailburuordeari zuzenduko zaio.
Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi (2) hilabeteko epean, kontuan izanik, halaber, uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duenak, 44. artikuluan aurreikusten duen aurretiazko errekerimendua, artikuluak berak zehazten dituen eran eta epean aurkeztu beharrekoa.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 10a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS