
179. zk., 2026ko irailaren 18a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (108 KB - 2 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3936
EBAZPENA, 2026ko irailaren 8koa, Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkaritzen esku uzten baita meategien arloko zenbait eskumenen egikaritza.
Urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoak, hauxe xedatzen du 9. artikuluaren 1. apartatuan: «Administrazio publikoetako organoek beste organo batzuei delegatu diezazkiekete beren eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta hierarkikoki bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden organismo publikoak edo zuzenbide publikoko entitatean badira».
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak 2015eko azaroaren 13an emandako ebazpenez, meategien arloko zenbait eskumen orduko Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkaritzen esku utzi ziren.
Indarrean hasi zenean abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, zeinaren bidez Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri baitzen, berresleitu eta zehaztu egin ziren, orobat, Saileko organoen eskumenak. Dekretuaren 7. artikuluan xedatuaren ildotik, Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariari dagokio esleituak dituen egitekoak betetzeko behar diren egintza administratiboak ematea, eta geroago, 12. artikuluan, aipatzen dira egiteko horien artean mineral-hobien eta gainerako erreserba geologiko eta geotermikoen meatze-araubidea, ikerketa eta aprobetxamendua.
Era berean, abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuak ezartzen du, 20. artikuluan, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkaritza bat egongo dela lurralde historikoetako bakoitzean, eta ordezkaritza horiek funtzio betearazleak izango dituztela sailaren eskumeneko arloetan, zeinek bere lurraldean. Artikulu beraren 8. apartatuan xedatzen denez, gai hauei buruzko espediente guztiak Meategien Arloan izapidetuko dira, ebazpena eman arte:
a) Meatzaritza-segurtasuna.
b) Meatze-jarduera eta -ustiapenen funtzionamenduaren kontrola eta jarraipena.
c) Meatze-jarduerek kaltetutako naturaguneen leheneratzea.
Aurreko guztiagatik, beharrezkoa da eskumenen eskuordetza-araubide berri bat onartzea, sailaren antolakuntza- eta funtzio-egitura berriari egokitua, eta indargabeturik uztea, beraz, 2015eko azaroaren 15eko Ebazpenaz ezarritakoa.
Azaldutakoagatik, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 20ko 40/2015 Legeak 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko lurralde-ordezkaritzei jarraian zehazten diren eskumenak eskuordetzan ematea, bakoitzak bere lurralde-eremuan eta zerrendatzen diren prozedura hauetan jarduteko.
1.– A edo B ataletako meatzaritza-baliabideak aprobetxatzeko baimen-prozedurak eta C edo D ataletako baliabide-aprobetxamendua ematekoak: eskuordetzan uzten da prozedurak hasi, antolatu eta izapidetzeko eskumena, eta prozedura amaitzekoa Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariari dagokio.
2.– Luzapenak emateko eta meatze-eskubideak eskualdatu, iraungi eta ezeztatzeko prozedurak: eskuordetzan uzten da prozedurak hasi, antolatu eta izapidetzeko eskumena, eta prozedura amaitzekoa Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariari dagokio.
3.– Ustiapen Proiektu Orokorrak eta haien aldaketak onartzeko prozedurak, Lehengoratze Planak eta haien aldaketak onartzekoak eta Lanak uzteko Planak eta haien aldaketak onartzekoak: eskuordetzan uzten da prozedurak hasi, antolatu eta izapidetzeko eskumena, eta prozedura amaitzekoa Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariari dagokio.
4.– Alorrari buruzko ingurumen-araudian hala ezarrita egoteagatik espediente batek ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren beharra badu: eskuordetzan uzten da meatze-arloari dagozkion faseak hasi, antolatu eta izapidetzeko eskumena.
Bigarrena.– Eskuordetza hau baliatuz ematen diren ebazpenetan, espresuki adieraziko da hala emanak izan direla, eta organo eskuordetzaileak emandakotzat joko dira.
Hirugarrena.– Eskuordetze honek ez du eragozten Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzak, organo eskuduna izateagatik, alor honetaz jarraibideak eta irizpideak ematea.
Laugarrena.– Edozein unetan, Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak eskuordetza hau ezezta dezake, bai eta edozein espedienteren ardura bereganatu ere.
Bosgarrena.– Indarrik gabe geratzen da 2015eko azaroaren 13ko Ebazpena, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkaritzen esku utzi baitzen meategien arloko zenbait gairi buruzko eskumena.
Seigarrena.– Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 8a.
Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendaria,
JOSE LUIS AZKUE ARRASTOA.
RSS