Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2026ko irailaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3907

ERABAKIA, 2026ko ekainaren 24koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkurarena, zeinaren bidez onartzen baita irakasle eta ikertzaileen ordainsari osagarri gehigarriak esleitzeko ebaluazioa eskatzeko urtebeteko deialdia.

María Pilar Elorrieta Santos Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluko idazkari nagusiak honako hau

ZIURTATZEN DU:

Bi mila eta hogeita seiko ekainaren 24an bilduta, Gizarte Kontseiluaren berrehun eta berrogeita hamaikagarren osoko bilkurak beherago aipatzen den erabakia hartu zuen aztergai zerrendako zortzigarren puntuaz, zeinak honela baitzioen: Irakasle eta Ikertzaileen gehigarrizko ordainsari osagarrien urtebeteko deialdia, osagarriak esleitzeko ebaluazioa eskatzeko.

Lehenengoa.– Onartzea erabaki honi erantsitako UPV/EHUko Irakasle-ikertzaileen Ordainsari Osagarri Gehigarrien urteko deialdia.

Bigarrena.– Erabaki hau eta erantsitako deialdia argitaratzea Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean.

Errekurtsoak.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa betez, jakinarazten da egintza honek administrazio bidea agortzen duela, Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 38.4 artikuluak jaso bezala. Egintzaren auka, errekurtsoa jar daiteke bi hilabeteko epean Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan argitaratzen denetik kontatzen hasita.

Bilbao, 2026ko ekainaren 24a.

Kontseiluburua,

JOSUNE ARIZTONDO AKARREGI.

Idazkari nagusia,

MARÍA PILAR ELORRIETA SANTOS.

ERANSKINA
1. DOKUMENTUA
2026KO DEIALDIA EBALUAZIOA ESKATZEKO DENA GEHIGARRIZKO ORDAINSARI-OSAGARRIAK ESLEITZEKO

Lehenengoa.– Deialdiaren helburua.

1.– Deialdi honen helburua da irakasle eta ikertzaileei gehigarrizko ordainsari-osagarriak esleitzea, haien merezimenduak ebaluatu eta gero. Ebaluazioa egingo da deialdia argitaratzen den unean Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Egiaztatzeko Agentziak indarrean duen ebaluazio- protokoloari jarraikiz.

2.– Gehigarrizko ordainsari-osagarriak hiru mailatan sailkatuko dira; maila horiek metatu ahal izango dira, eta tarte progresibo desberdinak izango dituzte. Hain zuzen:

– C maila, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean egindako jardun profesionala saritzen duena.

– B maila, kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzeko.

– A maila, bikaintasuna saritzen duena.

Hauek arautuko dute deialdi hau: deialdiaren beraren testuak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari osagarriei buruzko urriaren 17ko 209/2006 Dekretuak (64/2011 Dekretuak egindako aldaketekin). Haietan jasota ez dagoenerako, eutsiko zaio Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari.

Bigarrena.– Aplikazio esparrua.

1.– Hauek eska dezakete merezimenduak ebaluatzea:

a) UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek, hala funtzionarioek nola administrazio kontratudunek edo lan kontratudunek, baldin eta zerrenda honetako 2. puntukoen artekoak ez badira.

2.– Honako hauek ezin dute ebaluazioa eskatu:

a) Aurreko deialdietan ebaluatuak izan direnek, ebaluatutako aurreko alditik bost urte igaro ez badira 2024ko abenduaren 31ra arte, salbu eta C2 eta B1 mailetarako ebaluazioa eskatu nahi badute.

b) Agentziarekin kolaboratzen duten irakasle eta ikertzaileek, kanpoan uzten baititu urriaren 17ko 209/2006 Dekretuko hirugarren xedapen gehigarriak, martxoaren 24ko 64/2011 Dekretuak egindako aldaketen arabera.

c) Martxoaren 4ko 41/2008 Dekretuak, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsariei buruzkoak, kanpo uzten dituenak.

Hirugarrena.– Eskariak.

1.– Edozelan ere, eskariak bide telematikoz egingo dira, horretarako jarritako aplikazio informatikoaren bidez, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari-osagarriei buruzko urriaren 17ko 209/2006 Dekretuko 7.2 artikuluari jarraikiz (dekretu hori 64/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen).

Behin eskaria eginda, eskatzaileak eskariaren laburpen bat jasoko du aplikazio informatikoaren bidez; interesatuak dokumentu hori elektronikoki sinatu eta UPV/EHUko erregistro elektronikoaren bidez bidali beharko du prozeduren katalogoan (ordainsari-osagarri gehigarrien eskaera) (https://egoitza.ehu.eus/eu/catalogo-de-servicios), deialdi honetan zehaztutako epearen barruan. Dokumentu hori bidali ezean, eskaria ez da ondo egindakotzat joko.

2.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 20ko 1/2025 Legegintzako Dekretuak ezarritakoaren arabera, 87. artikulutik 90. artikulura bitarteko artikuluetan eta –zehazki– 90.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, 50,69 euroko tasa ezarri da Unibasq-en alde ebaluazio-eskubideak direla eta. Ordaindu izanaren agiria aurkeztu beharko da, aplikazio informatikoan zehazten den bezala. Tasa ordaindu ezean, eskaria ez da ondo egindakotzat joko. C mailako osagarriak bakarrik eskatuz gero, ez da tasa hau ordaindu beharko.

Laugarrena.– Espedienteak Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziara bidaltzea.

Eskariak Unibasq-era bidaliko dira, balorazio txostena egin dezan, nahitaezkoa baita, eta bidaltzerakoan epe bat ezarriko da. Eskariok agentziara bidaltzen direnean txostena eskatzeko, eten egingo da prozedura ebazteko epea, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.d) artikuluari jarraikiz.

Bosgarrena.– Akatsak zuzentzea.

Baldin eta epearen barruan aurkeztutako eskariek ez badituzte betetzen deialdian ezarritako baldintzak edo ez bada aurkeztu baldintzak egiaztatzeko behar den dokumenturen bat aurkeztu, interesatuari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko. Horretarako, hamar egun balioduneko epea izango du, zuzenketa egitea eskatzen zaion egunaren biharamunetik hasita.

Seigarrena.– Merezimenduen ebaluazioa.

Merezimenduak, hala badagokio, maila eta tarte bakoitzerako, justifikatu ondoren ebaluatuko dira, deialdi hau argitaratzen den egunean indarrean dagoen Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren ebaluazio-protokoloan ezarritako baldintzetan.

Edozein kasutan, merezimenduen egiaztapen-dokumentuak baldintzak egiaztatzen dituzten dokumentuekin batera bidaliko dira aplikazio informatikoak ezartzen duen eran. Behin amaituta eskariak aurkezteko epea, eskatzaileek errekerimendu bat jasoko dute euren merezimenduen egiaztapen dokumentuak konproba ditzaten eta adieraziz ezen, hala egin ezean, ez direla ebaluatuko merezimendu horiek.

Zazpigarrena.– Ebazpena.

1.– Deialdia bi fasetan ebatziko da: aurrena, C mailako gehigarrizko ordainsari osagarriak esleituko dira, eta, gero, B, A mailetakoak eta unibertsitate-eskolako irakasle titular ez doktoreen espezifikoak.

2.– Gizarte Kontseiluak, Gobernu Kontseiluaren proposamenez, gehigarrizko ordainsari osagarriak esleituko dizkie irakasle eta ikertzaileei banan-banan, banakako erabakiak emanez, Unibasq-ek bere txostenean (ikus laugarren oinarria) irakasle eta ikertzaile bakoitza kokatu duen maila eta tarteen arabera. Erabaki horri Unibasq-ek egindako ebaluazioa erantsiko zaio. Erabaki horien aurka, interesatuek aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango dute, jakinarazpena egiten zaienetik hilabeteko epean; bestela, zuzenean haien aurka egin dezakete administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita.

Zortzigarrena.– Jakinarazpena.

Aurreko oinarrian esandakoa kalterik egin gabe, behin Gizarte Kontseiluak onartuta gehigarrizko ordainsari osagarriak esleitzea, posta elektroniko korporatiboan jakinaraziko da zer tarte lortu diren eta zer estekatan eskuratu ahal izango den Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak egindako txostena.

Bederatzigarrena.– Ondorio ekonomikoak.

Merezimenduen ebaluazioak eta osagarrien esleipenak ondorioak izango dituzte, ebaluazioa egin, eta hurrengo urtean, 64/2011 Dekretuaren bidez aldatutako urriaren 17ko 209/2006 Dekretuko 10. artikuluari jarraikiz.

Hamargarrena.– C mailako gehigarrizko ordainsari osagarrietarako oinarriak.

1.– Helburua.

1.1.– C mailak, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean egindako jardun profesionala saritzen duenak, bi tarte ditu:

– C1 tartea. Hau eskuratzeko, hiru urteko lotura izatea egiaztatu behar da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin.

– C2 tartea. Hau eskuratzeko, zazpi urteko lotura izatea egiaztatu behar da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearekin.

1.2.– Zenbatzeko, kontuan hartuko dira 2025eko abenduaren 31ra arte unibertsitatean egindako zerbitzuak. Antzinatasuna, berriz, UPV/EHUk egiaztatuko du ofizioz.

1.3.– Aipatutako denbora hori zenbatzerakoan, jarduneko zerbitzutzat hartuko dira zerbitzu bereziak eta seme-alabak zaintzeagatiko eszedentziak, familia zaintzeko eszedentziak eta genero indarkeriaren biktimak diren funtzionarioen lehen sei hilabeteko eszedentziak edo, lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen kasuan, antzeko egoerak.

2.– Zer dokumentu aurkeztu behar duten lehen aldiz ebaluazioa eskatzen dutenek aitor dakiela unibertsitatean egindako jardun profesionala.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte lehen aldiz aurkezten direnak jardun profesionala saritzen duten C1 eta C2 mailak lortzeko ebaluaziora:

– Eskaera inprimakia, aplikazio informatikoan 1. eranskin gisa eskura daitekeen ereduaren arabera.

– Saileko Kontseiluaren txostena, 2.1 ereduaren arabera egina. Honako hauek jasoko ditu:

• Irakasleak ez duela txosten negatiborik jaso bere irakaslanari buruz (hau da, ez duela hutsegite formalik egin ez tutoretzetan, ez eskoletan, ez akten epeetan etab.).

• Sistematikoki bete dituela irakaslanari buruzko inkestak eta ez duela eduki balorazio negatibo errepikaturik.

3.– Zer dokumentu aurkeztu behar duten aurretik aurkeztu direnek gehigarrizko ordainsari-osagarriak eskuratzeko ebaluazioetara:

Agiri hauek aurkeztu beharko dituzte jardun profesionala (Cl eta C2) aitortzeko ebaluazioa bigarren aldiz egiten duten pertsonek:

– Eskaera-inprimakia, aplikazio informatikoan 1. eranskin gisa eskura daitekeen ereduaren arabera.

– Saileko Kontseiluaren txosten positiboa, arrazoitua eta argumentatua, 2.2 ereduaren arabera egina. Honako hauek izango ditu oinarri:

• Bere irakaslanari buruzko txosten negatiborik ez eduki izana.

• Irakaslanari buruzko inkestak sistematikoki bete izana, ahal izan den guztietan, eta balorazio negatibo errepikaturik ez eduki izana.

• Tutoretzak bete izana egiaztatzen duten Ikuskaritzaren txostenak.

• Irakaslearen autotxostena.

• Irakasleak ikerketan eta jakintzaren transferentzian egindako lanak.

4.– Nor dagoen txostena aurkeztetik salbuetsita.

Kasu hauetan, ez da beharrezkoa izango aurreko bi ataletan aipatutako txostena aurkeztea:

– Irakasleak ohiko irakaskuntzatik salbuetsita daudenean edo aldi batez egon direnean, guztiz edo zati batean, kargu akademikoak betetzeagatik edo liberatuta egoteagatik (liberazio sindikala, euskara ikastekoa, sabatikoa, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan eguneratzekoa, eta abar). Kasu horietan, beharrezkoa izango da egiaztatzea zergatik egon den irakaskuntzatik kanpo.

– Langileak zerbitzu bereziak ematen, seme-alabak zaintzeko eszedentzian edo, irakasle eta ikertzaile kontratatuen kasuan, antzeko egoeretan egon direnean; kasu horietan, beharrezkoa izango da egiaztatzea zergatik egon den interesatua ohiko irakaskuntzatik kanpo.

5.– Zer dokumentu aurkeztu behar duten ikertzaileek ebaluaziorako.

– Eskaera-inprimakia, aplikazio informatikoan 1. eranskin gisa eskura daitekeen ereduaren arabera.

– Irakaslea atxikita dagoen Saileko Kontseiluaren txostena, 2.3 ereduaren arabera egina, zeinean ziurtatzen den irakasleak bere betebeharrak bete dituela.

Hamaikagarrena.– B eta A mailetako gehigarrizko ordainsari osagarriak eskatzeko oinarriak.

1.– Helburua.

1.1.– B mailak, hau da, kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzen dituenak, hiru tarte ditu:

– B1 maila. Tarte hori lortzeko, baldintza hauek bete beharko dira: gutxienez bost urteko antzinatasuna izatea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gainera C1 tartea eta 25 puntu izatea.

– B2 maila. Maila hori lortzeko, baldintza hauek bete beharko dira gutxienez: hamar urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta 50 puntu izatea.

– B3 maila. Maila hori lortzeko, baldintza hauek bete beharko dira: hamar urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta 75 puntu izatea.

1.2.– A mailak, hau da, bikaintasuna saritzen duenak, bi tarte ditu:

– A1 maila. Maila hori lortzeko, baldintza hauek bete beharko dira: hamabost urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta gutxienez 90 puntu izatea.

– A2 maila. Maila hori lortzeko, baldintza hauek bete beharko dira: hamabost urteko antzinatasuna izatea, doktorea izatea, eta C1 eta C2 tarteak eta gutxienez 90 puntu izatea.

1.3.– Zenbatzeko, kontuan hartuko dira 2025eko abenduaren 31ra arte egindako zerbitzuak. Antzinatasuna, berriz, UPV/EHUk egiaztatuko du ofizioz.

1.4.– Aipatutako denbora hori zenbatzerakoan, jarduneko zerbitzutzat hartuko dira zerbitzu bereziak eta seme-alabak zaintzeko eszedentziak, familia zaintzeko eszedentziak eta genero indarkeriaren biktimak diren funtzionarioen lehen sei hilabeteko eszedentziak edo, irakasle eta ikertzaile kontratatuen kasuan, antzeko egoerak.

1.5.– Lehen aldiz ebaluaziora aurkezten direnek alegatu ahal izango dituzte beren bizitza akademiko osoko merezimenduak, 2025eko abenduaren 31ra arte. Aurretik ebaluaziora aurkeztu direnek, berriz, aurkeztu ahal izango dute zer merezimendu lortu duten aitorpena egin zitzaien ebaluazio hartatik 2025eko abenduaren 31ra arte.

1.6.– Eskariarekin batera, merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, 1.1 oinarrian aipatutako protokoloan esaten den legez.

2.– Zer dokumentu aurkeztu behar duten ebaluazio berri bat eskatu nahi dutenek edo lehen aldiz ebaluaziora aurkezten direnek.

– Eskaera inprimakia, aplikazio informatikoan 11. eranskin gisa eskura daitekeen ereduaren arabera.

– B2, B3, A1 eta A2 tarteetarako besterik ez: egiaztatu behar da zer irakaskuntza, ikerketa eta jakintzaren transferentziako zerbitzu edo kudeaketa egin diren beste unibertsitate edo ikergune batzuetan, edozelako lotura laboral, estatutario edo administratiborekin. Ebaluazioa bakarrik aztertuko da eta, bere kasuan, onartuko da baldin eta B2 tramotik aurrera eskatzen bada eta UPV/EHUk ez badu 15 urtetik gorako antzinatasuna aitortu.

Hamabigarrena.– Unibertsitate eskolako irakasle titularrentzako gehigarrizko ordainsari osagarria.

1.– Helburua.

1.1.– Unibertsitate eskoletako irakasle titularrek, nahiz eta ez izan doktore, eskubidea izango dute ebaluazioan gehigarrizko ordainsari osagarria lortzeko, baldin eta urteko antzinatasuna badute, eta, gutxienez, 50 puntu lortzen badute; bestetik, ebaluazioan gutxienez 75 puntu lortzen badute, eskubidea izango dute beste gehigarrizko ordainsari osagarri bat lortzeko.

1.2.– Zenbatzeko, kontuan hartuko dira 2025eko abenduaren 31ra arte egindako zerbitzuak. Antzinatasuna, berriz, UPV/EHUk egiaztatuko du ofizioz.

1.3.– Aipatutako denbora hori zenbatzerakoan, jarduneko zerbitzutzat hartuko dira zerbitzu bereziak eta seme-alabak zaintzeagatiko eszedentziak familia zaintzeko eszedentziak eta genero indarkeriaren biktimak diren funtzionarioen lehen sei hilabeteko eszedentziak edo, lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen kasuan, antzeko egoerak.

1.4.– Lehen aldiz ebaluaziora aurkezten direnek alegatu ahal izango dituzte beren bizitza akademiko osoko merezimenduak, 2025eko abenduaren 31ra arte. Aurretik ebaluaziora aurkeztu direnek, berriz, aurkeztu ahal izango dute zer merezimendu lortu duten aitorpena egin zitzaien ebaluazio hartatik 2025eko abenduaren 31ra arte.

1.5.– Eskariarekin batera, merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, 1.1 oinarrian aipatutako protokoloan esaten den legez.

2.– Ebaluaziorako behar den dokumentazioa.

– Eskaera inprimakia, aplikazio informatikoan III. eranskin gisa eskura daitekeen ereduaren arabera.

– Egiaztatu beharko dute zer irakaskuntza, ikerketa eta jakintzaren transferentzia-zerbitzu edo kudeaketa zerbitzu egin duten beste unibertsitate edo ikergune batzuetan, edozelako lotura laboral, estatutario edo administratiborekin. Bakarrik aztertuko da eta, bere kasuan, onartuko da baldin eta ebaluazioa eskatzen bada unibertsitate-eskolako irakasle titularrentzako gehigarrizko ordainsari osagarria lortzeko eta UPV/EHUk ez badu aitortu 15 urtetik gorako antzinatasuna.

Hamahirugarrena.– 2015ekoaren aurreko deialdietan lortutako tarteen egonkortasuna.

Baten batek gehigarrizko ordainsari osagarriak lortu baditu 2015. urteko deialdia baino lehenagokoetan, eta ezin izan baziren aurkeztu 2015, 2016 2017 2018, 2019, 2020, 2021, 2022, 2023 eta 2024 urteko deialdietara, eskatu ahal izango dute aurtengo deialdian osagarri horiek finko bihurtzeko. Horretarako, behar bezala beteta aurkeztuko da aplikazio informatikoan eskuragarri dagoen IV. eranskina.

Hamalaugarrena.– Deialdi ofizialetako bekak, atxikipen zentrotzat Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea izan dutenak.

Deialdi honetako tarte eta mailak ebaluatzeko eskatutako urteak zenbatzeko, kontuan hartuko da zenbat denboran izan duten beka ofiziala, betiere, unibertsitate honetako zentroren batean atxikita egon bada onuraduna (beka ofizialtzat hartuko dira UPV/EHUk, Eusko Jaurlaritzak edo Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak deitutakoak). Behin graduaturik, hemen aintzat hartuko dira prestakuntza eta espezializazio zientifiko eta teknikoko jarduerak egiteko ematen diren bekak; hain zuzen ere, prestakuntzako dagoen ikertzaile izaera ematen dutenak.

Hamabosgarrena.– Eskuordetza.

Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearen esku uzten dira deialdia aurrera ateratzeko beharrezkoak diren izapide guztiak, salbu Gizarte Kontseiluari aurkeztu behar zaion gehigarrizko ordainsari osagarrien esleipen proposamena.

Era berean, irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordearen esku uzten da eredu normalizatuak onartzea, hala eskaera-ereduak nola deialdiaren gestio egokirako beharrezkoak diren gainerako eredu guztiak, kontuan izanda deialdia modu automatizatuan izapidetuko dela.

ERANSKINAK

Eskaria egiteko nahitaez erabili behar den aplikazio informatikoan daude deialdiaren hamargarren, hamaikagarren, hamabigarren eta hamahirugarren oinarrietan aipatzen diren I., II., III. eta IV. eranskinak.


Azterketa dokumentala