Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2026ko irailaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3903

AGINDUA, 2026ko irailaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita udal-titulartasuneko musika-ikastegiak finantzatzeko dirulaguntzak emateko.

Musika-irakaskuntzak irakaskuntza artistikoen erreferente nagusiak dira EAEn. Tradizioz, xarma berezia izan dute gizartean, eta hori dela-eta tokiko administrazioek eskaintzen dituzte.

Gizartean duten garrantziarengatik, udalen esfortzuagatik, eta herritarren prestakuntza sustatzeagatik, hezkuntzako administrazioak baliabideak kudeatu izan ditu eremu hori antolatu, planifikatu eta finantzatzeko.

Ikasketa horietarako aurrekontuen bidez, irakaskuntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoan normalizazio-prozesua izatea lortu nahi da, bai espazioan banatzeko orduan, bai eta irakaskuntza horietan ematen diren espezialitateak eta mailak orekatzeko orduan ere.

Musika-ikastegien helburu nagusia da tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren alorretan prestakuntza praktikoa ematea, bai eta nahi dutenak irakaskuntza profesionaletarako gidatzea eta prestatzea ere. Kontserbatorioek eta baimendutako ikastegiek irakaskuntza arautua eskaintzen dute, eta musika-eskolek, ordea, arautu gabeko irakaskuntza.

Agindu honen xedea da udal-titulartasuneko musika-ikastegiak diruz laguntzea eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2016ko apirilaren 7ko 2/2016 Legean agindutakoa betetzea. Lege horrek, izan ere, Administrazio Orokorrari esleitzen dio ikastegi horien finantziazioa; zehazki eskaintzen dituzten zerbitzuen estandarraren heren batena. Finantziazio hori bermatzeko, zehaztu da zein diren udal-titulartasuneko kontserbatorioek eta musika-eskolek eskaini beharreko zerbitzuen estandarra eta hari lotutako modulu ekonomikoak.

Laguntza horiek Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen 2026ko Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira. Plana Hezkuntzako sailburuaren 2026ko otsailaren 24ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuta dago. Izan ere, plan horren ardatz estrategikoen eta dirulaguntza-lerroen artean dago toki-administrazioek ematen dituzten musika-irakaskuntza arautuak nahiz ez-arautuak finantzatzen jarraitzea.

EBk kulturarentzako estatu-laguntzei buruz dituen arauen barruan, 2014ko uztailaren 1ean indarrean jarri zen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez adierazten baita zenbait laguntza-kategoria bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014-06-26ko L 187, EBAO); aurrerantzean, erregelamendu hori 651/2014 (EB) Salbuespenen Erregelamendu Orokorra izango da. Erregelamendu horren 53. artikuluan ezarritakoaren arabera, kulturarako eta ondarea zaintzeko laguntzak jakinarazi beharrik ez den kategoriakoak dira, eta, 5. apartatuan, funtzionamendurako laguntzak daude sartuta.

Ondorioz, agindu honen xede diren dirulaguntzak 651/2014 zenbakidun Salbuespenen Erregelamendu Orokorrean sartuta egongo dira (erregelamendu horren bidez adierazten da zenbait laguntza-kategoria bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen 2025eko abenduaren 23ko 7/2025 LEGEAN ezarritakoa betez (hor esleitzen baitira udal-titulartasuneko musika-ikastegiei laguntzeko aurrekontu-partidak), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Udal-titulartasuneko musika-ikastegiei dirulaguntzak emateko deialdia egitea, eranskinean jasotzen den moduan, eta laguntza-programaren oinarriak onartzea 2026ko ekitaldirako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi hau honako hauetan xedatutakoaren mende dago: 39/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, 2015eko urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 20/2023 Legea, 2023ko abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Erregimena Arautzekoa; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legean jasotako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

Agindu hau ebatziko da publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak jarraikiz, Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikulua betez, eta erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 8a.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.

ERANSKINA
ARAU-OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Dirulaguntza-deialdi bat egitea 2025-2026 ikasturteko kostuak finantzatzen laguntzeko: musika-irakaskuntza arautuak ematen dituzten udal-titulartasuneko kontserbatorioenak (oinarrizko irakaskuntza eta irakaskuntza profesionala) eta 2024ko maiatzaren 21eko 64/2024 Dekretuak araututako udal musika-eskolenak.

Bigarrena.– Eskura daitekeen kreditua.

Helburu horretara, gehienez ere, 14.450.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura.

Hirugarrena.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi horretan parte hartu ahal izango dute Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2016ko apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean jarri zenean Euskal Autonomia Erkidegoan zeuden musika-ikastegi hauen erakunde titularrek, baldin eta hala inskribatuta badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Ikastetxeen Erregistroko atal espezifikoan:

a) Udal-titulartasuna duten musika-eskolek, arautu gabeko irakaskuntza emateko baimena badute (2024ko maiatzaren 21eko 64/2024 Dekretua).

b) Udal-titulartasuna duten kontserbatorioak, irakaskuntza arautua emateko baimena badute (2005eko irailaren 20ko 250/2005 Dekretua eta 2007ko abenduaren 11ko 229/2007 Dekretua).

2.– Aurreko puntuan deskribatutako musika-ikastegien titular diren toki-erakundeek deialdian parte hartu ahal izango dute, nahiz eta ikastegiok Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legea indarrean jarri ondoren inskribatutakoak izan, lege horren 16.7 artikuluan xedatutakoa betez, betiere txosten banatan egiaztatzen badute ikastegia irekitzeak ez duela eragiten zerbitzu-bikoiztasunik beste lurralde-ente batekin eta ez duela kolokan jartzen erakundearen finantza-jasangarritasuna. Txosten horiek hezkuntza-arloko administrazioak eta finantza-tutoretza esleitua duen foru-aldundiak emango dituzte, toki-erakundeak aurretik eskatuta.

Laugarrena.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluaren arabera, diruz lagundu daitezke musika-ikastegiek 2025-2026 ikasturtean dituzten langile-gastuak eta ekipamendu- eta funtzionamendu-gastuak, baldin eta musika irakastearekin zuzeneko lotura badute.

1.– Langile-kostuak.

• Langile-gastuak honela zehaztuko dira: kostu gordina, gizarte-segurantza, eta beste (beste aseguru batzuk).

• Irakasleak ez diren eta beste erakunde batzuetan ere ari diren langileen kostuak proportzioan kalkulatuko dira, musika-ikastegietan duten dedikazioa soilik kontuan hartuz.

• Zuzendaritza-lanen gastuak irakasleak ez diren langileen gastutzat hartuko dira.

2.– Funtzionamendu-gastuak honako hauek izango dira:

• Azpiegiturak eta tresna teknologikoak mantentzeko, konpontzeko eta kontserbatzeko gastuak.

• Garbiketa-gastuak.

• Zerbitzuak: elektrizitatea, ura, gasa.

• Aholkularitza-gastuak, zerbitzu juridikoenak.

• Ikastegiaren asegurua.

• Ezohiko jardueren bidaia-gastuak: joan-etorriak, mantenua, dietak.

• Marketin- eta publizitate-gastuak.

• Ustekabeko gastuak: konponketak, istripuak.

• Langileen kontratazioa kudeatzeari lotutako gastuak (azpikontratak edo kudeaketa-gastuak) funtzionamendu-gastutzat hartuko dira, eta ez langile-gastutzat.

• Irakasleen prestakuntzaren gastuak funtzionamendu-gastutzat hartuko dira.

• Musika-ikastegiak sortzen dituen baina bere gain hartzen ez dituen kostuak beste erakunde batzuek diruz lagundutako gastutzat hartuko dira, eta beste laguntza batzuen multzoan sartu beharko dira.

• Musika-eskolak beste erakunde batzuekin partekatzen baditu instalazioak, instalazioen erabileraren proportzioan kalkulatuko dira gastuak (guztizkoaren %).

3.– Ekipamendu-gastuak honako hauek izango dira:

• Bulegoko materiala. Material suntsikorra eta suntsiezina.

• Altzariak.

• Erabileratik eta zaintzatik eratorritako tresnak eta materialak.

• Material didaktikoa: inprimatua, ikus-entzunezkoa eta multimedia.

4.– Gastu horiek IV. eranskinean jasoko dira (memoria ekonomikoa).

Bosgarrena.– Betekizunak eta haiek egiaztatzeko era.

1.– Dirulaguntza lortzeko, eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Hirugarren oinarrian aipatzen diren ikastegietako baten titularra izatea. Egiaztapen hori ofizioz egingo da.

b) Egunean izatea indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko agindua).

c) Ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, ezta horretarako desgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik gertatutakoak barne, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, Espainiako estatuko legerian ezarritako baldintzetan, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen 2023ko martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluari jarraikiz.

d) Ez egotea Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan ezarritako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

e) Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu bat jaso eta bete gabe, baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa dela eta bateraezina barneko merkatuarekin. Halaber, ez egotea krisian, Krisialdian dauden Enpresa Ez Finantzarioak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatu Laguntzei buruzko Gidalerroetako definizioaren arabera (EBAO, C 249, 2014-07-31).

Aipatutako betekizunak betetzea beharrezkoa izango da onuradun izateko eta izaera hori dirulaguntza likidatu arte mantentzeko.

2.– Baldintzak egiaztatzea.

Agindu honen xede diren laguntzak emateko eskabideak aurkezteak berekin ekarriko du erakunde eskatzaile titularrek baimena ematea organo kudeatzaileak automatikoki egiazta dezan bete egiten direla zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, entitate eskatzaileak espresuki uko egin ahal izango dio baimena emateari; kasu horretan, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

Gainerako betekizunak eskabidea egiteko formulario elektronikoari atxikiko zaion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira –Erantzukizunpeko adierazpenak (I. eranskina)–, Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 eta 13.9 artikuluak aplikatuz.

Seigarrena.– Tramitatzea.

1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1041011

2.– Eskabidea aurkeztu ondorengo tramite guztiak ere bitarteko elektronikoz egingo dira –dokumentazioa zuzendu, espedientea berrikusi, eta prozedurako gainerako tramiteak, deialdi-ebazpenaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa barnean dela–, eta horretarako, helbide hau erabiliko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

3.– Eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da (Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluak).

4.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietako baldintzak espresuki eta formalki onartzea.

Zazpigarrena.– Eskabideak.

1.– Eskabidea webgunean eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1041011

Eskabidearen formulario elektronikoan bertan dago eskuragarri erantzukizunpeko adierazpena (I. eranskina).

Eskabide hori entitate onuradunaren titularrak edo legezko ordezkariak elektronikoki izenpetuta eta data jarrita aurkeztu beharko da.

2.– Eskatzailearen nortasun telematikoa egiaztatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta elektronikoki sinatzeko onartutako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

3.– Ordezkaritza.

a) Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izango ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea.

b) Pertsona fisikoaren ziurtagiri batekin identifikatuz gero, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda egon ezean, notario-ahalorde bat edo egiaztagiri bat aurkeztu ahal izango da, eskatzaileari prozedura honetan ordezkari gisa jarduteko baimena emango diona.

Zortzigarrena.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidearekin batera, artikulu honetan aipatutako nahitaezko dokumentazioa aurkeztu beharko da, bide elektronikoa erabiliz soilik. Behar izanez gero, dokumentu horien ereduak hemen eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1041011

1.– Irakasleen ziurtagiria (II. eranskina). Ziurtagiri horretan, 2025-2026 ikasturteko irakasleen izenak eta haiek irakasten ematen duten denbora asteka adierazita agertuko dira. Irakas-denbora zuzena da irakasleek ikasturte osorako dagozkien ikasleei irakasten emandako denbora.

2.– Matrikulatutako ikasleen datuen ziurtagiria (III. eranskina), non jasoko baitira musika-eskolan edo kontserbatorioan matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datuok deialdia ebazten laguntzeko erabilitako aplikazioan sartuko dira, eta bat egin beharko dute Hezkuntza Sailak «Eskola-jardueraren estatistika» txostenean jasotakoekin; ezingo dira inoiz txostenean jasotakoak baino altuagoak izan. Alderik izanez gero, instantzia kudeatzaileak azken datu horiek erabiliko ditu.

3.– Jasotako dirulaguntzaren justifikazioa, honako hauek jasoko dituena:

a) 2025-2026 ikasturtean egindako jardueren kostuari buruzko memoria ekonomiko bat (IV. eranskina), toki-erakunde titularreko kontu-hartzaileak sinatu eta zigilatua. Honako datu hauek jasoko ditu memoriak:

• Benetan egindako gastua (informazio hori behar bezala banakatuta egon behar da honako gastu hauetan: irakasleak, irakasle ez diren langileak, funtzionamendua eta ekipamendua), bai eta ikastegiaren hasierako aurrekontua eta izandako desbideratzeak ere.

• Ikastegiak 2025-2026 ikasturtean izandako diru-sarreren xehetasuna, datu hauekin: ikastegiaren baliabide propioekin bildutako zenbateko osoa (finantziazio propioa), ikasleen ekarpena (matrikula eta kuotak) eta ikastegiak 2025-2026 ikasturteko gastuetarako jaso dituen dirulaguntzak, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

b) Matrikula-kostuen eta hileko eta hiruhileko kuoten ziurtagiria.

c) V. eranskina, «Kostuen justifikazioa», non ikastegiaren kostu osoa jasotzen baita (langile-, funtzionamendu- eta ekipamendu-gastuak). Irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak adierazi beharko dira, zenbait ataletan banakatuta: soldata gordina, gizarte-segurantza, eta beste aseguru batzuk (Elkarkidetza,...). Toki-erakunde titularreko kontu-hartzaileak sinatu eta zigilatu beharko du.

Ikastegiko irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak justifikatzeko, aipatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazio-orriak (RLC eta RNT ereduak, lehengo TC1 eta TC2 ereduak) edo langile horien lan-egoera normalizatua egiaztatzen duten beste dokumentu baliokide batzuk aurkeztu beharko dira.

Erakundeak gorde beharko ditu fakturen eta funtzionamendu- eta ekipamendu-gastuen justifikagirien jatorrizko agiriak, legeak ezarritako epean. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak, era aleatorioan, fakturak eta gainerako dokumentuak aurkezteko eska diezaioke (jasotako laguntzaren % 25 justifikatu arte gutxienez).

Justifikagiriak jatorrizkoak eta originalak izango dira.

Erakunde titular onuradunek jatorrizko justifikagiriak zaintzapean eduki beharko dituzte, eta Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren eskura jarri, hark eskatzen baditu ere.

Justifikagiri horien bidez, 2025-2026 ikasturtean egindako gastuak justifikatu beharko dira.

d) Jarduerari buruzko memoria bat, gai hauek jasoko dituena, besteak beste:

• Egindako jarduerei buruzko azalpen labur bat.

• Programatutako helburuen betetze-mailari buruzko informazioa.

• Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.

Bederatzigarrena.– Dirulaguntza hitzarmen bidez gauzatzea.

Emandako dirulaguntzaren onarpena hitzarmenaren bidez gauzatuko da Hezkuntza Sailaren eta diruz lagundutako eskolen eta kontserbatorioen titular diren toki-entitatearen artean, interesdunei ebazpena elektronikoki jakinarazten zaienetik 10 eguneko epean. Hitzarmen hori agindu honetako oinarrien VI. eranskinean dago jasota.

Hamargarrena.– Jarraipen Batzordea.

Hezkuntza Sailak eta toki-erakunde bakoitzak izenpetutako hitzarmena behar bezala betetze aldera –bederatzigarren oinarrian aipatzen da hitzarmena–, jarraipen batzorde bat eratuko da, eta kide hauek izango ditu:

– Ikastetxe eta Plangintzako zuzendaria edo haren ordezkoa, batzordeburu jardungo duena.

– Hezkuntzako ikuskatzaile bat, ikuskatzaile nagusiak izendatua.

– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari jardungo duena.

– EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkari bat.

Hamaikagarrena.– Jarraipen Batzordearen eginkizunak.

1.– Jarraipen Batzordeak gainbegiratuko du zenbateraino betetzen diren hitzarmena eta ikastegi bakoitzaren urteko plana, zeina udal-titulartasuneko musika-eskola edo kontserbatorio bakoitzaren esku egongo baita.

2.– Horretarako, Jarraipen Batzordeak aztertuko du zer datu aurkeztu dituzten ikastegiek eskabidearekin batera, zortzigarren oinarriko 3.d) puntuan aipatzen den jarduera-memoria barne dela. Gainera, egotzi zaizkion eginkizunak betetzeko beharrezko ikusten dituen agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango ditu, eta ikastegiak gehienez bost eguneko epea izango du arrazoi edo justifikazio egokiak aurkezteko.

Agiri horiek aztertuta, Jarraipen Batzordeak txosten batean bilduko ditu bere balorazioak, gomendioak eta ondorioak. Txostena Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari helaraziko zaio, dagozkion neurriak har ditzan.

Hamabigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hamahirugarrena.– Eskabidea eta dokumentazioa zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo aginduzko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean osatzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Aldez aurretik, administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bitarteko elektronikoz egingo da. Jakinarazpen elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko da.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta tramitea gauzatutzat. Prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

Organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

Laugarrena.– Hezkuntza-zerbitzuen estandarrari lotutako modulu ekonomikoak.

1.– Honako hauek dira Hezkuntza Sailak ezarritako modulu ekonomikoak eta beren zenbatekoak, kontserbatorioek eta musika-eskolek eskaini beharreko hezkuntza-zerbitzuen estandarrari dagokionez:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2.– Musika-eskolen kasuan, irakasleen gastuen modulua kalkulatzeko aplikatu behar den ikasle-kopurua ateratzeko, N1, N2, N3 eta N4 prestakuntza- eta gaitasun-maila ezberdinetan matrikulatuta dauden ikasleak hartuko dira aintzat; eta ostera, musika-kontserbatorioen kasuan, oinarrizko graduan eta gradu profesionalean 2025-2026 ikasturte akademikoan matrikulatutako ikasleak.

Hezkuntza Sailak «Eskola-jardueraren estatistika» txostenerako bildutako matrikula-datuak hartuko dira erreferentziatzat.

3.– Zuzendaritza-taldeko kideen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen gastuei dagozkien modulu ekonomikoei zenbateko finko bat esleitu zaie, eta berbera izango da udal-titulartasuneko kontserbatorio eta musika-eskola guztietan.

4.– Toki-erakunde bat musika-eskola zein musika-kontserbatorio baten titularra bada, behin baino ez dira kontabilizatuko administrazioko eta zerbitzuetako langileei eta zuzendaritza-taldeari dagozkien modulu ekonomikoak.

5.– Funtzionamendu-gastuei eta ekipamendu-gastuei dagozkien modulu ekonomikoen azken zenbatekoa kalkulatzeko, biderkatu egin behar dira esleitutako zenbatekoa eta udal-titulartasuneko kontserbatorio edo musika-eskola horrek 2025-2026 ikasturtean matrikulatuta dituen ikasleen kopurua.

6.– Goian zehaztutako modulu ekonomikoak gehieneko zenbateko ekonomikoak direla ulertzen da.

Hamabosgarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Betekizunak betetzen dituzten eskatzaile guztiei emango zaie dirulaguntza. Beharrezkoa izanez gero, deialdi honetako kreditu erabilgarri guztia hainbanatu egingo da onuradunen artean.

2.– Dirulaguntzaren guztirako zenbateko indibidualizatua zehazteko, kontuan hartuko dira udal-titulartasuneko kontserbatorioek eta musika-eskolek eman beharreko hezkuntza-zerbitzuen estandarrari dagozkion modulu ekonomikoak, hamalaugarren oinarrian jasota daudenak. Formula hau aplikatuta kalkulatuko da dirulaguntza:

Zenbateko indibidualizatua, guztira = irakasleen gastuen modulua x ikasleak, prestakuntza- eta gaitasun-mailaren arabera edo irakaskuntza-graduaren arabera (kontserbatorioen kasuan) + zuzendaritza-taldearen gastuen modulua (zuzendaritza, idazkaritza eta ikasketa-burutza) + administrazio eta zerbitzuetako langileen gastuak + funtzionamendu-gastuen modulua x matrikulatutako ikasleak, guztira + ekipamendu-gastuen modulua x matrikulatutako ikasleak, guztira.

3.– Edonola ere, emandako laguntzaren zenbatekoak ez du inola ere gaindituko musika-ikastegiari esleitu zaion eta justifikatu den gastuaren herena. Baldin eta aurreko apartatuko formularen kalkuluak ematen duen dirulaguntzak zenbateko hori gainditzen badu, dirulaguntza muga horretara egokituko da, eta soberakina gainerako onuradunen dirulaguntzetara bideratuko da.

Hamaseigarrena.– Laguntzak emateko prozeduraren kudeaketa.

1.– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariari dagokio deialdi honetan ezarritako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

2.– Eskabideak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak txosten tekniko bat egingo du aurkeztutako dokumentazioaren balorazioarekin.

3.– Ikastetxe eta Plangintzako zuzendariak, espedientea eta txosten teknikoa aztertu ondoren, behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen horretan adieraziko dira dirulaguntza zein erakunderentzat proposatzen den eta dirulaguntzaren zenbatekoa zein den, baita zein eskabide baztertu diren ere.

4.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da behin-behineko ebazpen-proposamena (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Aldi berean, organo kudeatzaileak jakinarazpenen abisuak bidaliko dizkie interesdunei, SMS edo mezu elektroniko bidez, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

5.– Pertsona edo erakunde onuradunek 10 egun balioduneko epea izango dute alegazioak aurkezteko, behin-behineko ebazpen-proposamena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren, eta aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

Hamazazpigarrena.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Hezkuntza Politiketako sailburuordeak behin betiko ebazpena eman eta jakinaraziko du. Ebazpen horretan, eskatutako dirulaguntzak eman ala ez erabakiko da. Emandako dirulaguntzen kasuan, honako hauek adieraziko dira: entitate onuraduna, dagokion musika-ikastegia eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Eskabidea ukatzen bada, berriz, horretarako arrazoiak adieraziko dira.

2.– Behin betiko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Ebazpen-epea igaro ondoren interesdunak horren berri jaso ez badu, eskabidea ezetsi egin zaiola ulertu ahalko du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

3.– Organo kudeatzaileak aldi berean bidaliko dizkie jakinarazpenen abisuak interesdunei, SMS edo mezu elektroniko bidez, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzen onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, seigarren oinarrian aipatutako bide elektronikoak erabiliz. Horretarako epea hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan. Interesdunen batek errekurtsoa aurrez aurre aurkezten badu, bide elektronikoz aurkezteko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da errekurtsoaren aurkezpen-datatzat.

Hemezortzigarrena.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, bederatzigarren oinarrian adierazitako hitzarmena sinatu ondoren.

2.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.

Hemeretzigarrena.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte: Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotzen diren betebeharrez gain, honako beste hauek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio, ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.

2.– Bederatzigarren oinarrian adierazitako hitzarmena sinatzea, deialdiaren behin betiko ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hamar eguneko epean.

3.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabiltzea, ez beste ezertarako.

4.– Hezkuntza Ikuskaritzaren esku jartzea dirulaguntza eskatzeko aurkeztutako dokumentazioa, horretarako oinarritzat hartu dena, gainbegiratu edo ikuskatu beharreko beste elementu bat baita.

5.– Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa ematea.

6.– Helburu bererako beste dirulaguntzarik edo laguntzarik lortuz gero, dirulaguntza ematen duen administrazioari jakinaraztea.

7.– Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, hedatzeko edozein bitartekotan jakinaraztea, logotipo ofizialak jarriz, diruz lagundutako jarduerak Hezkuntza Sailaren laguntza jaso duela, eta Eusko Jaurlaritzako Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari dei egitea, diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten ekitaldi publikoetara joan dadin.

Hogeigarrena.– Ez-betetzeen araubidea eta itzulketa-prozedura.

1.– Erakunde onuradunak esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango du, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere, baldin eta honako egoera hauetako bat gertatzen bada:

a) Entitate onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen berariazko xederako.

b) Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera ez gauzatzea.

c) Interesatu zitzaizkion xede jakinetarako aplikatu izana ez justifikatzea.

d) Oro har, ez betetzea arau hauetan ezarritako betebeharrak: Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritakoak eta agindu honetakoak edo emate-ebazpenekoak; kasu horietan, jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzuli beharko dira, gehi dagokien berandutze-interesa, eta, hala dagokionean, zehapenak ezarri ahal izango zaizkie.

2.– Aurreko puntuan adierazitako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitako moduan eta bertan ezarritakoa betez.

Itzultzeko prozedurak honako jarduketa hauek ekarriko ditu:

a) Hezkuntza Politiketako sailburuordeak hasiko du prozedura. Prozedura hasten denean, oraindik egin gabe egon litezkeen ordainketak eten egingo dira.

b) Ebazpen horretan, prozedurari hasiera emateko arrazoiak jasoko dira, eta 15 eguneko epea emango da egokitzat jotako alegazioak egiteko.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari Hezkuntza Politiketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izango da gehienez, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du behar diren kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezkoa izango da.

d) Borondatezko epean itzultzen ez bada, behar diren kopuruak kobratuko dira, indarrean dauden arauei jarraikiz.

Hogeita batgarrena.– Bateragarritasun-araubidea.

Beste administrazio publiko batzuek nahiz erakunde pribatuek ematen dituzten laguntzak, helburu berekoak badira, bateragarriak izango dira agindu honek deitutakoekin, baldin eta ez badute gainditzen Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 8. artikuluan ezarritako muga (EBAO, L187, 2014ko ekainaren 26koa). Laguntza horiek Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari jakinarazi behar zaizkio.

Muga hori gaindituz gero, arau honen babespean emandako laguntzari kendu egingo zaio mugatik gora jasotzen den kopurua.

Aldi berean beste laguntza batzuk jaso arren, ezin izango da onartu, inola ere, diruz lagundu daitezkeen jarduketen gainfinantziaziorik. Hori gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio.

Hogeita bigarrena.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Ikastetxeen eta plangintzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: dirulaguntzak ematea 0 eta 3 urte arteko umeentzako haur-eskolen titular diren EAEko udalei, arte plastikoetako eta musikako ikastegiei, irakaskuntza-kooperatibei, ikasleen guraso-elkarteei (IGE) eta horien federazio eta konfederazioei, eta Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteei.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko; tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

Hartzaileak: Europar Batasuneko organoak; estatuko administrazioko beste organo batzuk; autonomia-erkidegoko beste organo batzuk; arlo horretan eskumena duen ministerioa; Europako Batzordea.

Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/045400-capa2-es.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

3/2018 Lege Organikoa, 2018ko abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala