Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2026ko irailaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3902

EBAZPENA, 2026ko ekainaren 26koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Mendi parke eolikoaren (31,2 MW) eta hari loturiko azpiegituren proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duena, zeina Green Devco Energy 5 S.L.k sustatu baitu, Amurrioko eta Aiarako (Araba) udal-mugarteetan.

AURREKARIAK

2025eko martxoaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak (aurrerantzean, Arabako Lurralde Ordezkaritza) jendaurreko informazioaren izapidearen mende jarri zituen Mendi parke eolikoa eta hari loturiko azpiegituren proiektua, Amurrioko eta Aiarako (Araba) udal-mugarteetan, eta dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 73. artikuluan xedatutakoarekin, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.

Izapide horren behin betiko iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2025eko apirilaren 9an (69. zk.) eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean 2025eko maiatzaren 5ean (49. zk.). Halaber,, dokumentazioa ikusgai egon zen Energia eta Meategi Proiektuen Informazio Publikoaren webgunean, Euskadi.eus helbidean (https://www.euskadi.eus/iragarkia-2025eko-martxoaren-28koa-zeinaren-bidez-jendaurrean-jartzen-baitira-amurrioko-eta-aiarako-araba-mendi-parke-eolikoaren-30-mw/web01-a2energi/eu/).

Halaber, jendaurreko informazioaren izapidearen aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Arabako Lurralde Ordezkaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Emaitza espedientean jasota dago.

Jendaurreko informazioaren eta kontsulten lehen izapidearen ondoren, ikusi zen beharrezkoa zela ingurumenean eta kultura-ondarean eskumenak dituzten administrazioek inpaktu kritikotzat jotako posizio batzuk ezabatzea eta aldatzea. Hori dela eta, sustatzaileak proiektuaren bertsio berri bat egin zuen, eta aldaketa horiek gehitu zituen proiektua hobeto egokitzeko ingurumenaren arloko eskakizunetara, eta beste aldaketa batzuk egin zituen, hala nola turbinaren tamaina unitarioa handitzea, sarbide- eta konexio-baimenean baimendutako potentzia errespetatzeko. Zehazki, ME-03, ME-06 eta ME-07 posizioak kendu ziren, eta dorre meteorologikoaren kokapena aldatu zen.

Aipatutako aldaketak kontuan hartu ondoren, Ingurumen-inpaktuaren Azterketa berri bat egin zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38 artikuluan ezartzen duenarekin bat etorriz.

Ondorioz, 2025eko urriaren 30eko iragarkiaren bidez, Arabako Lurralde Ordezkaritzak berriro jarri zituen jendaurrean Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetako (Araba) Mendi parke eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, aldaketekin. Iragarkia 2025eko azaroaren 11ko EHAAn (217. zk.) eta 2025eko azaroaren 19ko ALHAOn (132. zk.) argitaratu zen. Era berean, dokumentazioa ikusgai egon zen Energia eta Meategi Proiektuen Informazio Publikoaren webgunean (https://www.euskadi.eus/iragarkia-2025-haizeparkea-mendi/web01-a2energi/eu/).

Jendaurreko informazioaren izapidea burutu ondoren, Arabako Lurralde Ordezkaritzak jasotako alegazioak jakinarazi zituen.

Era berean, Arabako Lurralde Ordezkaritzak berriro ere kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei, eta emaitza espedientean jasota dago.

2026ko urtarrilaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzaren eskaera jaso zen, Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetan (Araba) Mendi parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko (Green Devco Energy 5 S.L.).

Ondoren, 2026ko otsailaren 9an eta martxoaren 6an, Arabako Lurralde Ordezkaritzak Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren txostenari dagokion dokumentazio gehigarria bidali zuen.

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek dokumentazioa aztertu ondoren, 2026ko otsailaren 27an Arabako Lurralde Ordezkaritzari eskatu zitzaion Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzaren txostena biltzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. 2026ko apirilaren 22an, organo substantiboak txostena igorri zuen.

Espedienteko dokumentazio berrikusi ondoren, egiaztatu zen eskaerak ez zituela betetzen Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritako baldintzak, eta 2026ko martxoaren 26an zenbait alderdi zuzentzeko eskatu zitzaion Arabako Lurralde Ordezkaritzari.

2026ko apirilaren 8an, maiatzaren 5ean eta 11n eta ekainaren 9an, Arabako Lurralde Ordezkaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera burutu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan; horretarako, honako dokumentazio osagarri hau aurkeztu zuen:

– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren gehigarria. Mendi parke eolikoaren proiektua Amurrio eta Aiara udalerrietan (Araba, EAE). (Saitec, 2026ko apirila).

– Proiektuaren eta landarediaren kartografia, shape formatuan.

– Alegazio partikular bat eta sustatzaileak emandako erantzuna.

– Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzaren txostena, 2026ko ekainaren 3koa, Arabako Lurralde Historikoko Ibilbide Berdeen Sareko Nerbioiko Parke Linealari eragitea saihesteko ebakuazio-linearen trazadurari buruzkoa.

2026ko ekainaren 15ean, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak organo substantiboari igorri zion Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren ebazpen-proposamena. Horren bidez egin da Green Devco Energy 5 S.L.k Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetan (Araba) sustatutako Mendi parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena, Ekialde Hurbileko Krisiari Erantzuteko Plan Integrala onartzen duen martxoaren 20ko 7/2026 Errege Lege Dekretuaren 23. artikuluaren 1.c) apartatuan ezarritakoaren arabera. Bidalketaren helburua da sustatzaileari 10 egun balioduneko entzunaldi-izapidea ematea, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko ebazpen-proposamenari dagokionez.

2026ko ekainaren 22an, Arabako Lurralde Ordezkaritzak espedientean sartu zituen sustatzailearen alegazioak Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren proposamenari dagokionez. Proposamen horren bidez Mendi parke eolikoaren eta hari loturiko azpiegituren proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da, eta Green Devco Energy 5 S.Lk sustatu du, Amurrioko eta Aiarako (Araba) udal-mugarteetan. Ingurumen-organoak alegazio horien inguruan egin duen balorazioa ebazpen honen 3. eranskinean dago jasota. Eskaerak, osatu ondoren, agiri hauek jasotzen ditu:

– Proiektuaren memoria:

• «Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetako (Araba) Mendi parke eolikoaren proiektuaren 1. aldaketa (instalatutako potentzia: 30 MW)» (2025eko martxoaren 19a).

• «Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetako (Araba) Mendi parke eolikoaren proiektuaren 2. aldaketa (instalatutako potentzia: 31,2 MW)» (2025eko urriaren 21a).

• «Mendi 30 kV sekzionamendu-zentroaren proiektua, Aiarako udal-mugartea (Araba)» (2025eko urriaren 10a).

– Ingurumen-inpaktuaren azterketa:

• Amurrioko eta Aiarako (Araba, Euskadi) Mendi parke eolikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa (V01 bertsioa, 2024ko apirilaren 15ekoa; V02 bertsioa, 2025eko urriaren 8koa).

• Ingurumen-inpaktuaren azterketaren gehigarria. Mendi parke eolikoaren proiektua Amurrio eta Aiara udalerrietan (Araba, EAE). (Saitec, 2026ko apirila).

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza (jendaurreko informazioaren epea, jasotako alegazioen zerrenda, alegazioen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak alegazioei emandako erantzuna).

– Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza (kontsultatu diren administrazio publikoetako erakundeen zerrenda, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak txosten horien ingurumen-edukiari dagokionez egindako oharrak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, horien helburua da ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatutako proiektu publiko zein pribatuei, zehazki, D3 taldean (Energiaren Industria) 3.j epigrafean daudenei: «5 aerosorgailu edo gehiago, guztira 10 MW-eko potentzia edo handiagoa dutenak, dauzkaten parke eolikoak. Beste parke eoliko batetik 2 km baino gutxiagora dauden parke eolikoak, baldin eta dituzten baterako magnitudeak aurreko atalaseetara iristen badira edo atalase horiek gainditzen badituzte. Arau honen ondoreetarako, parke eolikotzat hartuko dira energia eolikotik elektrizitatea sortzera bideratutako instalazioak, sare propioen bidez elektrikoki konektatutako hainbat aerosorgailu baliatuz, sarbide- eta kontrol-egitura bera partekatuta, energia propioa neurtuta eta sare orokorrera konektatuta».

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Arabako Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egiteko zer behar den xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketak indarreko araudian ezarritako alderdiak kontuan hartzen dituela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du, zuzendaritza horrek baitauka horretarako eskumena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Amurrioko eta Aiarako (Araba) udal-mugarteetako Mendi parke eolikoa (31,2 MW) eta hari loturiko azpiegituren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea (Green Devco Energy 5 S.L.k sustatutako proiektua da), ingurumen-eraginei dagokienez soilik, ondoren egindako analisiaren arabera eta azaltzen diren alderdi nahiz arrazoiengatik:

Ingurumen-ebaluazio hau aipatutako proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean eginda dago, eta jarduketa hauek biltzen ditu:

– «Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetako (Araba) Mendi parke eolikoaren proiektuaren 1. aldaketa (instalatutako potentzia: 30 MW)» (2025eko martxoa).

– «Amurrioko eta Aiarako udal-mugarteetako (Araba) Mendi parke eolikoaren proiektuaren 2. aldaketa (instalatutako potentzia: 31,2 MW)» (2025eko urria).

– «Mendi 30 kV sekzionamendu-zentroaren proiektua, Aiarako udal-mugartea (Araba)» (2025eko urria).

– Amurrioko eta Aiarako (Araba, Euskadi) Mendi parke eolikoa proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa (V01 bertsioa, 2024ko apirilaren 15ekoa; V02 bertsioa, 2025eko urriaren 8koa).

– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren gehigarria. Mendi parke eolikoaren proiektua Amurrio eta Aiara udalerrietan (Araba, EAE). (Saitec, 2026ko apirila).

1.– Proiektuaren kokapena eta deskribapena.

1.1.– Sustatzailea eta organo substantiboa.

Green Devco Energy 5 S.L da proiektuaren sustatzailea.

Organo substantiboa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritza da.

1.2.– Kokapena.

«Mendi» parke eolikoa Aiaran eta Amurrion dago, Arabako Lurralde Historikoan. Guztira 31,2 MW-eko 4 aerosorgailu ditu.

ME-01 eta ME-02 aerosorgailuak eta dorre meteorologikoa Inordui mendiaren gailurrean daude, ME-04 Aldama inguruan eta ME-05 Bidabe mendian, Amurrio udalerrian.

Sarbide orokorra A-3616 errepideko 38. KPan hasten da, Lezama inguruan, eta ME-04 posiziora iristen da.

Erdi-tentsioko lurpeko ebakuazio-linea (aurrerantzean, ETLL), ME-01etik Mendi sekzionamendu-zentroraino doa, eta Amurrio eta Aiara udalerrietatik igarotzen da. Trazadura Amestui errekarekiko paraleloan doa, eta Nerbioi eta Izoria ibaien ibilguak zulaketa zuzendu baten bidez gurutzatzen ditu, sekzionamendu-zentrora (aurrerantzean, SZ) iristeko.

«Mendi» sekzionamendu-zentroa eta hura Aiara TAE azpiestazio elektrikoarekin (dagoeneko badagoena) lotzen duen goi-tentsioko lurpeko ebakuazio-linea (aurrerantzean, GTLL) Aiarako Murga auzoan daude. Espedientean jasota dago sustatzaileak 2023ko abenduaren 1ean lortu zuela Aiarako 30 kV TAE azpiestaziora sartu eta konektatzeko baimena.

1.3.– Aztertutako alternatibak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak (aurrerantzean, IIA) (v02 bertsioa), zero alternatibaz edo «ez jardutekoaz» gain, parke eolikoa diseinatzeko bi alternatiba proposatzen ditu.

Energia ebakuatzeari dagokionez, 2026ko maiatzean aurkeztutako gehigarriak ebakuazio-linearen hiru alternatiba jasotzen ditu.

1.3.1.– Aerosorgailuetarako alternatibak.

• 1. aukera: guztira 7 aerosorgailuk osatzen dute, bakoitza 4,5 MW-koa (4.0 MW-ra mugatuta 3., 5. eta 6. posizioetan), eta instalatutako guztizko potentzia 30 MW-koa da. IIAren v01 bertsioan hautatutako alternatiba da. Aerosorgailuen arteko barne-bideei dagokienez, alternatiba horrek 2,52 km-ko luzera planteatzen du guztira. Proposatutako trazadurak ia ez du baliatzen lehendik dagoen bidea.

• 2. alternatiba: guztira 4 aerosorgailu planteatzen ditu, bakoitza 7,8 Mw-koa, eta instalatutako guztizko potentzia 31,2 MW-koa da. IIAren v02 bertsioaren alternatiba berria da, jendaurreko informazioaren eta kontsulten ondoren. Aerosorgailuen arteko barne-bideei dagokienez, alternatiba horrek 1,24 km-ko luzera planteatzen du guztira.

2. alternatiba hautatu da; izan ere, nabarmen murrizten du zenbait ingurumen-faktoreren gaineko inpaktu negatiboa, eta mantendu egiten du 1. alternatibaren ia energia-ekoizpen bera.

1.3.2.– Ebakuazio-linearako alternatibak.

• 1. alternatiba: IIAren 02. Bertsioa da. Ebakuazio-linea bi tartetan banatzen da: lehen tartea, lurpekoa eta 3,29 km-koa, ME-01 aerosorgailuaren eta Mendi SZren artean; eta bigarrena, 0,05 km-koa, Mendi SZtik eta Aiara TAEtik. Alternatiba horretan, linea Nerbioiko Parke Linealetik igarotzen da, eta pasabidea baliatzen du Nerbioi ibaia gurutzatzeko.

• 2. alternatiba: Arabako Foru Aldundiak proposatutako alternatiba da. Horren bidez, linearen trazadurak Nerbioiko Parke Lineala saihesten du, eta zuzenean gurutzatzea proposatzen du (A-625 errepidea eta trenbidea zeharkatuz), lurpeko tinkatze baten bidez. Alternatiba honetan, linearen luzera 1,51 km-koa da; izan ere, alternatiba horretan ez da A-625 errepidea gurutzatzetik haratagoko aukerarik aurreikusten, eta ez du loturarik parkeko posizioen sare elektrikoarekin, ez eta IIA v02an definitutako ebakuazio-sarearekin ere.

• 3. alternatiba: alde batetik, erdi-tentsioko lurpeko linea bat proiektatu da, 2.992,71 metrokoa, ME-01 aerosorgailuaren eta SZren artean; horietatik 314,49 m lurpeko tinkatze bati dagozkio, hain zuzen ere, trenbidearen instalazioak, A-625 errepidea eta Izoria eta Nerbioi ibaien ibilguak sakonera handiagoan gurutzatzen dituena; bestetik, goi-tentsioko lurpeko linearen zati bat proiektatu da, 56,53 m-koa, SZren eta Aiara TAEren artean.

Kasu horretan, tinkatzearen hargunearen hasiera hegoalderantz mugituko da, 2. alternatibarekin alderatuta; zehazki, malda txikiagoko lursail batera. Sarrera zuhaitz autoktonorik gabeko soilgune batean kokatuko da, eta hara lehendik dagoen baso-pistatik sartzen da.

Azkenik, 3. alternatiba hautatu da ebakuazio-linearako; izan ere, erabat lurpean dagoenez eragin txikiagoa izango du hegaztiengan eta paisaian, eta tinkatzearen diseinuak arrisku teknikoa murriztuko du, irisgarriagoa den malda batean diseinatuko baita, eta eragina murriztuko du landaredi autoktonoan.

1.4.– Hautatutako aukeraren deskribapena.

Aurretik deskribatu den bezala, Mendi parke eolikoan guztira 4 aerosorgailu egongo dira, eta guztira 31,2 MW-eko potentzia instalatua izango dute.

Elementu nagusi hauek osatzen dute parkea:

Aerosorgailuak: Aerosorgailuak GOLDWIND markakoak izango dira (GWH175-7.8 MW modeloa) eta 7.800 kW-eko potentzia izango du bakoitzak, eta 175 m-ko errotore-diametroa; errotore bakoitzaren ekortze-azalera 96.211,5 m2-koa izango da, eta abatz-altuera, berriz, 110 m-koa.

Hurrengo taulan, UTM koordenatuak adierazten dira, ETRS89 sisteman, eta aerosorgailu bakoitzaren kota, itsas mailaren gaineko metrotan.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Zimenduei dagokienez, 22,2 m-ko diametroko zapata zirkular bat eraikiko da, 1,16 eta 5,1 m arteko ertz aldakorrarekin, eta 6,9 m-ko diametroko oinazpiko zirkular batekin.

Dorre meteorologikoa: Neurketa-dorre iraunkor autosostengagarri bat instalatuko da, eta lursailaren mailatik dorrearen goiko aldera 99,5 metroko gehieneko altuera izango du; zehazki, posizio honetan egingo da: X: 501920, Y: 6,9 m4770494. Dorrea 49,75 metroko tutu-formako bi atalek osatzen dute, eta oinarriaren diametroa 1,8 metrokoa da. Zimendua 9 m x 9 m-koa hormigoizko zapata karratu bat da (81 m2), 3,5 m-ko sakonerakoa.

Muntaketa-plataformak: aerosorgailu bakoitzaren muntaketa-plataformek 2.602 m2 inguruko azalera izango dute, eta honako eremu hauek izango dituzte: aldamio esekiaren biltegiratze-eremua, garabien lan-eremua, dorrearen sekzioen biltegiratze-eremua, palak biltegiratzeko eremua eta garabi nagusiaren sareta-besoa muntatzeko eremua.

Sarbideak: A-3616 errepidetik egingo da sarbidea, 38. KPn. Tokiko errepideak eta lehendik dauden pistak aprobetxatuko dira, baina beharrezkoa izango da zati batean egokitzea eta trazadura berriko bideak eraikitzea.

Oro har, bideek gutxienez 6 m-ko zabalera, 60 m-ko kurbadura-erradioa eta gehienez % 12ko malda izango dituzte. Guztira 8.988 metroko luzera aurreikusten da: 5.135 metro bide berrien kasuan eta 3.853 metro egokitu beharreko bideen kasuan.

Sekzionamendu-zentroa: Mendi sekzionamendu-zentroa (Mendi SZ) Aiara udalerrian egongo da, UTM ETRS 89 HUSO 30 koordenatuetan (X: 499144, Y: 4770178), parkeko ME-01 aerosorgailutik 2,5 kilometro hego-mendebaldera eta Luiaondotik kilometro batera hego-mendebaldera, gutxi gorabehera. Mendi SZ hesitutako esparru batean egongo da, eta sarbidea bide publikotik izango du. Hormigoizko inguratzaile prefabrikatua izango du, eta bi ate. Kanpoaldean, 11,7 m x 6 m (70,2 m2) izango ditu, eta, guztira, 4,5 m-ko altuera. 20 m x 12 m (240 m2) inguruko azalera bat prestatuko da, behar bezala trinkotua eta zabor-legarrezko zoruarekin, eta horren gainean eraikiko da HM10 garbitasuneko hormigoizko lauza bat eraikiko da, gutxienez 10 cm-ko lodierakoa.

Ebakuazio-linea: aurkeztutako IIAren gehigarriaren arabera, energiaren ebakuazioa 2.992,71 m-ko erdi-tentsioko lurpeko linea baten bidez egingo da (aurrerantzean, ETLL), ME-01 aerosorgailutik Mendi 30 kV SZraino doana. Horietatik 314,49 m trenbidearen instalazioak, A-625 errepidea eta Izoria eta Nerbioi ibaien ibilguak zeharkatzen dituen lurpeko tinkatze bati dagozkio. SZtik goi-tentsioko lurpeko linea bat abiatuko da Aiara TAEraino, 56,53 m-koa (lehendik badago).

Bilketa-plataforma: guztira 3.386 m2-ko azalera duen bilketa-eremu bat zehaztu da, Me-04ren ondoan. Zehazki, bilketa-eremuaren zentro geometrikoa HUSO 30 ETRS 89 eremuari dagozkion UTM koordenatuek definitzen dute: X: 503857, Y: 4767786.

Lur-mugimenduak: IIAren gehigarriaren arabera, guztira 176.903,85 m3 lur-erauzketa eta 154.788 m3 betelan sortuko direla kalkulatzen da.

Eragindako azalera: ingurumen-inpaktuaren azterketaren gehigarriaren arabera, proiektuaren aldi baterako azalera 138.576,97 m2-koa izango da, eta erabateko eragin iraunkorra, berriz, 102.463,83 m2-koa.

Obra-plana: proiektuaren memoriaren arabera, aurreikusi da proiektua 14 hilabetetan gauzatu behar dela. Sustatzaileak aurkeztutako sekzionamendu-zentroaren banakako proiektuan hura eraikitzeko zortzi asteko kronograma bat dago jasota.

2.– Proiektuaren eremuan garrantzitsuak diren ingurumen-alderdiak.

2.1.– ingurumen-sentsibilitatea.

«Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» (2021, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumena Saila) azterlanaren eta geoEuskadi atarian eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, egiaztatu da sentsibilitate txikiko kategorian sailkatutako eremuetan proiektatzen direla parkeko azpiegitura asko –hau da, aerosorgailuak, dorre meteorologikoa, bilketa-eremua, ETLLaren zati handi bat eta bideak–. Neurri txikiagoan, sekzionamendu-zentroa, ETLLaren azken tartea eta GTLLa ingurumen-sentsibilitate ertaineko eremuetan daude. Ingurumen-sentsibilitate handiko eta handieneko eremuei dagokienez, eremu horietan daude barneko eta sartzeko bideen zati batzuk eta ETLLa, Izoria eta Nerbioi ibiaen ibilguetatik igarotzen denean.

ME-01 eta ME-02 aerosorgailuen hegalek sentsibilitate handieneko eremuak hartzen dituzte, eta ME-05 aerosorgailuaren hegaldiak sentsibilitate handiko zati bat hartzen du. Eremu horiek sentikortasun handia eta handiena dute, besteak beste, industrialderen batean baso naturala dagoelako.

2.2.– Gune babestuak eta korridore ekologikoak.

Mendi parke eolikoaren kokalekua EAEko naturagune babestuen saretik kanpo dago. Hauek dira Natura 2000 Saretik hurbilen dauzkaten eremu babestuak:

– ES2110009 KBEa eta Gorbeia Parke Naturala, gertuen dagoen aerosorgailutik (ME-05) 3,1 km ekialdera, gutxi gorabehera.

– Arkamu-Gibillo-Arrastaria KBEa (ES2110004), hurbilen dagoen aerosorgailutik (ME-04) 7,6 km hegoaldera, gutxi gorabehera.

– ES2110003 Urkabustaiz Uharteko Hariztiak KBEa, hurbilen dagoen aerosorgailutik (ME-04) 8,7 km hegoaldera, gutxi gorabehera.

– ES0000244 HBBE Gorobel mendilerroa, hurbilen dagoen aerosorgailutik (ME-04) 10 km hego-mendebaldera, gutxi gorabehera.

Natura 2000 Sareko eremu horietan kontserbatu behar diren eta proiektuak eragin diezaiekeen elementuen artean daude, besteak beste, kiropteroak eta zenbait hegazti-espezie.

Zehazki, Gorbeia KBEan (kokalekutik hurbilen dagoena), funtsezko elementuak dira habitat desberdinei lotutako zenbait abifauna-espezie. KBE horren arau- eta kudeaketa-dokumentuetan Batasunaren edo eskualdearen intereseko 48 espezie jaso dira, besteak beste sai zuria (Neophron percnopterus), sai arrea (Gyps fulvus) eta belatz handia (Falco peregrinus). Era berean, zenbait saguzar-espezie Gorbeia KBEko funtsezko elementu gisa identifikatutako habitatetan daude, eta 17 espezie babestu daudela egiaztatu da.

ES2110004 Arkamu-Gibillo-Arrastaria KBEan eta ES0000244 Gorobel mendilerroa BBEan, kontserbatu beharreko hegaztien artean miru gorria (Milvus milvus) nabarmentzen da. Halaber, espezie hauek identifikatu dira: sai zuria (Neophron percnopterus), sai arrea (Gyps fulvus), miru beltza (Milvus migrans) eta belatz handia (Falco peregrinus).

ES2110003 Urkabustaizeko Irla-hariztiak KBEak balioa du hainbat espezierentzako aldi baterako igarobide eta babesleku gisa. Hegazti-espezieen artean, miru gorria (Milvus milvus) nabarmentzen da.

Espainiako Hegaztien eta Biodibertsitatearen Kontserbaziorako Gune Garrantzitsuei (IBA) dagokienez, proposatutako proiektua «La Peña Mendiak - Gorobel Mendilerroa - Arkamu Mendilerroa» 033. IBAtik 6,5 kilometrora dago, ipar-ekialdera.

Proiektuaren ingurunean, EAEko Hezeguneen Inbentarioko hezegune batzuk (3. taldea) identifikatu dira, kokalekutik 1 km-ra eta 5,5 km-ra.

Proiektuak ez dator bat Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) azpiegitura berdearekin, ebakuazio-linea Nerbioi eta Izoria ibaiekin gurutzatzen den gunean izan ezik, azpiegitura berdearen bilbe urdinaren barruan identifikatuta baitaude. Azpimarratu behar da ebakuazio-linea elektrikoa bi ibilguekin gurutzatzeko lurpeko tinkatzea aurreikusi dela.

Bestalde, proiektua ez dator bat Euskal Autonomia Erkidegoko Korridore Ekologikoen Sareko elementuekin (Eusko Jaurlaritza, 2005).

2.3.– Flora, landaredia eta habitatak.

EUNIS (2019) kartografiaren arabera, proiektuaren inguruko landaredia baso naturala eta baso-landaketak dira nagusiki, batez ere ameztiak eta, neurri txikiagoan, hariztiak eta haltzadiak. Halaber, txilardiak, iratzediak, belardiak eta sasitzak ere badaude.

Azterlanaren eremuan dauden Batasunaren intereseko habitatak (aurrerantzean, BIH) honako hauek dira: 4030 txilardi lehor europarrak, 6230* Nardus formazio belarkarak, espezie ugarikoak, zonalde menditarreko substratu silizeoen gainean (eta Europako kontinentaleko zonalde azpi-menditarrekoak), 6510 Altitude baxuko sega-belardi pobreak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis), 91E0* Baso alubialak: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae) baso alubialak, 9120 Pagadi azidofilo atlantikoak, oihanpeak dituztenak: Ilex eta batzuetan Taxus (Quercecion robori-petraeae o Ilici-Fagenion) eta 9230 Iberiar penintsulako ipar-mendebaldeko hariztiak (Quercus robur eta Quercus pyrenaica).

IIAren arabera, proiektuaren eragin-eremuan Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan dauden bi taxon hauteman dira: Ilex aquifolium L (Aquifoliaceae) eta Ruscus aculeatus L. (Liliaceae), eta biak «Interes Bereziko Eremu» gisa katalogatuta daude.

Era berean, kultura-ondare etnografikoko zuhaitz lepatu batzuk identifikatu dira, natura-balioaren ikuspegitik interesa dutenak. Eremu hori azterketa botanikoan eta kultura-ondarearen azterketan deskribatuta dago, eta parkearen barruko bideak zeharkatuko du; hala ere, aurreikuspenen arabera, ez da alerik kenduko.

Euskadiko flora mehatxatua berreskuratzeko planei dagokienez, ez da hauteman, proiektuaren eremuan, flora-espezieak berreskuratzeko edo kontserbatzeko eremurik.

2.4.– Fauna.

Proiektuaren baitako faunari dagokionez, aurkeztutako dokumentazioan proiektuaren esparruan egon daitezkeen fauna-espezieen inbentario bibliografiko bat jaso da, Espainiako Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Inbentarioaren informazioan oinarrituta. Halaber, abifaunaren eta kiropteroen urteko landa-azterketa bat ere jaso da.

UTM 10x10 km-ko 30TWN07, 30TWN06 eta 30TVN97 laukietan (ebakuazio-linea) 185 taxon ornodun erregistratu dira guztira, eta horietatik 101 hegaztiak dira (besteak beste, miru gorria, belatz handia, arrano txikia, mirotz zuria, sai arrea, sugezale europarra, gabirai arrunta eta usapal europarra), 48 ugaztunak (nabarmentzekoak dira, besteak beste, otsoa, basakatua, azeria, katajineta, katagorria, lepazuria, orein gorria, orkatza, igaraba eta bisoi europarra), 14 arrain kontinentalak (nabarmentzekoak dira, besteak beste, amuarrain arrunta, aingira eta igaraba handia), 9 anfibioak (besteak beste, uhandre palmeatua eta marmolairea, txantxiku arrunta, baso-igel iberiarra, baso-igel jauzkaria edo San Antonioko zuhaitz-igel jauzkaria) eta 13 narrasti (besteak beste musker berdea, horma-sugandilla, apoarmatu istilzale, Seoane sugegorria).

Dokumentazioan «4. eranskina. Abifaunaren eta kiropteroen azterketa» jasota dago, eta 2024ko urtarrilaren 17tik abenduaren 16ra bitartean egindako hegazti eta saguzarren errolden emaitzak jasotzen ditu.

Mehatxatutako fauna-espezieak kudeatzeko planei dagokienez, proiektuak ez du barne hartzen plan horien xede den eremurik, eta hurbilen dagoena bisoi europarraren (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremua da, ME-05 aerosorgailutik 620 m ingurura eta ME-04 eta ME-05 arteko barne-bidetik 430 m ingurura.

GeoEuskadin eskuragarri dagoen informazioaren arabera, proiektuak ez du hartzen EAEko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planean mugatutako Interes Bereziko Eremurik; hala ere, parke eolikoaren kokalekutik hurbil, eremu hauek daude:

– Gorbeia interes bereziko eremua eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremua, aerosorgailuetatik 3,1 km ekialdera, gutxi gorabehera.

– Arkamu-Gibilillo-Arrastaria interes bereziko eremua eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremua, aerosorgailuetatik 8 km hegoaldera, gutxi gorabehera.

– Gorobel interes bereziko eremua eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremua, aerosorgailuetatik 10,2 km hego-mendebaldera, gutxi gorabehera.

– Trianoko Mendien interes bereziko eremua eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremua, aerosorgailuetatik 15 km iparraldera, gutxi gorabehera.

Era berean, ez du hartzen abifaunarentzako babes-eremurik (ABBE), 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezarritakorik (Arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen ditu). Hala ere, aerosorgailuetatik eta aireko ebakuazio-lineatik hurbil, aipatutako aginduan sartutako gune hauek daude:

– Gorbeia Abifaunarentzako Babes-eremua, ME-02tik 1,3 km iparralderara eta ME-04tik 2,3 km mendebaldera.

– Gorobel-Urduña-Gibijo-Arkamo Abifaunarentzako Babes-eremua, lurpeko lineatik 3,1 km mendebaldera, ME-01 aerosorgailutik 5,1 km mendebaldera eta ME-04 aerosorgailutik 4,9 km hegoaldera.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek sinatutako Euskal Autonomia Erkidegoan lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako plana dokumentu teknikoaren arabera, kiropteroen honako babesleku hauek daude 15 km-ko inguruan:

– Kexaako dorretxea (Kexaa, 30TVN9469): Rhinolophus ferrumequinum espeziearen babeslekua, ME-01 aerosorgailutik 7,8 km-ra.

– Itxulegor haitzuloa (Orozko, 30TWN1569): Espezie hauen babeslekua: Plecotus auritus, Myotis emarginatus, Myotis daubentonii, Barbastella barbastellus, Myotis beschteinii, Myotis nattereri, Myotis myotis, Myotis mystacinus, Rhinolophus ferrumequinum y Eptesicus serotinu, ME-04 aerosorgailutik 11,1 km-ra.

– Tres Cantos haitzuloa (Aginaga, 30TVN9264): Rhinolophus ferrumequinum espeziearen babeslekua, ME-01 aerosorgailutik 11,1 km-ra.

– Arteko Gure Amaren Santutegia (Artziniega, 30TVN8975): Rhinolophus ferrumequinum, Myotis emarginatus eta Plecotus sp. espezieen babeslekua, ME-01 aerosorgailutik 13,2 km-ra.

2.4.1.– Abifauna.

Aipatutako «04. eranskina. Abifaunaren eta Kiropterofaunaren azterketa» (Icarus Estudios Medioambientales, 2025eko martxoa – 2025eko irailean egokitua) proiektuaren ingurune hurbilena aztertzen du: 1 km instalazioen inguruan, non abifaunaren eta kiropteroen errolda sistematikoak egin diren. Informazio hori 5 km-ko erradioan zegoen informazio bibliografikoarekin osatu zen, eta erradio hori handiagoa zen (10 km) hegazti-espezie batzuen kasuan, hala nola harkaiztarren kasuan.

Abifaunaren eta kiropteroen azterketa parke eolikoaren hasierako egoerarako egin zen, hots, 7 aerosorgailu kontuan hartuta. Ondoren, egokitu egin da parkearen egoera berria aztertzeko (4 aerosorgailu). ME-01, ME-02, ME-04 eta ME-05 posizioak aurreko azterketan zeudenetatik oso hurbil daudenez edo mantendu egin direnez, urteko zikloaren azterketan bilduta dauden datuak baliagarriak dira bi fauna-taldeetan izan dezaketen inpaktuaren ondorioak ateratzeko.

Hauek dira abifauna azterketaren baldintzatzaile nagusiak:

Hegaztien hegaldi-erroldak.

Guztira, 78 hegazti-espezietako 8.658 hegazti hauteman dira. Hegazti txikiei dagokienez, txonta arrunta eta negu-txirta izan dira ohikoenak. Erroldatutako hegazti guztietatik 1.470 ale tamaina handiko eta ertaineko hegaztiak dira (20 espezie).

Horien artean, ugariak dira sai arrea (Gyps fulvus), 862 hegaldirekin; ondoren, beleak (Corvus corone), 257 hegaldirekin; erroiak (Corvus corax), 88 hegaldirekin; eta pagausoak (Columba palumbus), 124 hegaldirekin.

Bestalde, mehatxu-maila desberdinak dituzten espezieak daudela nabarmendu behar da, hala nola sai zuria (Neophron percnopterus), zeina 7 aldiz begiztatu den (heldu baten 6 begiztatze eta ale sasiheldu baten begiztatze bakarra), eta miru gorria (Milvus milvus), zeina 31 aldiz begiztatu den, eta kasu guztietan ale migratzaileak edo negutarrak izan dira. Espezie horiek Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartuta daude, «kaltebera» eta «galzorian» kategorietan, hurrenez hurren.

Tamaina handi eta ertaineko gainerako espezieak hauek izan ziren: liztorjale europarra (9) (Pernis apivorus), arrano beltza (1) (Aquila chrysaetos), zapelatza (1) (Hieraaetus pennatus), mirotz urdina (1) (Circus pygargus), zuhaitz-belatz europarra (2) (Falco subbuteo), aztore arrunta (7) (Astur gentilis), ahate urdina (2) (Anas platyrhynchos), zapelatz arrunta (29) (Buteo buteo), belatz gorria (11) (Falco tinnunculus), sugezale europarra (6) (Circaetus gallicus), belatxinga mokogorria (8) (Pyrrhocorax pyrrhocorax), belatz handia (3) (Falco peregrinus), gabirai arrunta (6) (Accipiter nisus), miru beltza (15) (Milvus migrans).

Hegaldi mota nagusia lekualdatzea izan zen (% 49,7), eta, ondoren, zikleo-hegaldiak (% 38,7). Migrazio-hegaldiak guztizko kopuruaren % 5 baino ez ziren izan. Gainerako hegaldiak ibiltzekoak, lurraldea markatzekoak, tokikoak eta eztei-geldialdiak izan ziren.

Hegaztien dibertsitate-parametroak nabarmenagoak izan ziren udaberrian eta udan, eta inguruneak ugalketan duen garrantzia nabarmendu zen, baina ez hainbeste negualdirako edo migraziorako.

Hegaldien norabidean NE-SO eta N-S ibilbidea izan zen nagusi, mendiaren NO-SE noranzkoan doazen bi gailur-lerro nagusiekiko perpendikular samar; zehazki, Peña Negrakoa (ME-05 aerosorgailuaren iparraldean) eta Inorduikoa (ME-01 eta ME-02). Hala, hegaldien % 18,7 SO noranzkoan egin ziren, eta % 18,0 S noranzkoan.

Hegaldi-lineen eta aerosorgailuen proiekzio zentralaren arteko batez besteko gutxieneko distantzia 1662 ± 936 m-koa izan zen, eta hegaldien batez besteko altuera, berriz, 71 ± 62 m-koa. Hegaztien hegaldi-ibilbideen eta aerosorgailuen proiekzioaren arteko batez besteko gutxieneko distantzia 100 m-tik beherakoa dela kontuan hartuta, ME-01en kasuan, 57 hegaldi egin ziren arrisku-eremuan; ME-02an, 75 hegaldi; ME-04an, 22 hegaldi; eta ME-05ean, 81 hegaldi. Datu horiek erakusten dute hegaztiek gutxiago egiten dutela hegan ME-04 aerosorgailuaren inguruan, eta gehiago, berriz, ME-02 eta ME-05 aerosorgailuen inguruan.

Inguru horretako espezie ugarienen hegaldi-patroiak aztertuta (sai arrea, belabeltza, erroia eta pagausoa), ikus daiteke haizeak eragin esanguratsua izan zuela espazioaren erabileran, espeziearen arabera.

– Putreei dagokienez, oro har, ME-01, ME-02 eta ME-04 aerosorgailuetatik gertuago eta ME-05 aerosorgailutik urrunago egin zuten hegan. Hego-ekialdeko haizea zegoenean 24 putre aerosorgailuren batzuen erradioaren barrutik igaro ziren, batez ere ME-04 aerosorgailuaren barrutik. Haizerik gabeko egunetan, 7 hegaldi baino ez ziren detektatu ME-01 aerosorgailuaren erradioaren barruan. Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haizearekin, 11 hegaldi hauteman ziren hegalen erradioan, batez ere ME-01 eta ME-02 aerosogailuen kasuan. Ekialdeko eta ipar-ekialdeko haizearekin, 16 hegaldi hauteman ziren, eta ME-01, ME-02 eta ME-05 aerosorgailuen hegalen proiekzioan sartu ziren. Hegoaldeko haizearekin, 58 hegaldi hauteman ziren lau aerosorgailuen hegalen proiekzioen barruan. Mendebaldetik hego-mendebalderako haizearekin, 26 hegaldi hauteman ziren hegalen proiekziotik, batez ere ME-01, ME-02 eta ME-05 aerosorgailuetan.

– Belabeltzari dagokionez, hegaldiak modu homogeneoan hauteman ziren urte osoan, eta udazkenean zertxobait areagotu ziren. Hegaldien % 38,5 hegalen altuera-tartean hauteman ziren. Belabeltzak ME-01 eta ME-02 aerosorgailuetatik nabarmen hurbilago eta ME-04 eta ME-05 aerosorgailuetatik urrunago ibili ziren. Guztira, 21 hegaldi aerosorgailuren baten ekortze-eremutik igaro ziren. Haizeak belabeltzen hegaldi-eremuak baldintzatzen ditu; izan ere, gehiago hurbiltzen dira ME-01 eta ME-02 aerosorgailuetara, mendebaldeko eta iparraldeko haizea dabilenean.

– Erroien hegaldiak batez ere udazkenean eta neguan detektatu ziren, eta udan oso urriak izan ziren. Hegaldien % 55,7 hegalen ekortze-eremuan hauteman ziren. Erroiek ME-02 aerosorgailuetatik nabarmen hurbilago eta ME-01 eta ME-05 aerosorgailuetatik urrunago ibili ziren. Guztira, 12 hegaldi aerosorgailuren baten ekortze-eremutik igaro ziren. Erroien kasuan, haizeak hegaldi-eremuak ere baldintzatzen ditu nolabait, eta horrek S eta SOko haizeekin ME-01 eta ME-02 aerosorgailuetatik hurbilago hegan egiteko nolabaiteko joera eragiten du.

– Pagausoaren hegaldien bolumen handiena Peña Negra eta Eskerrola garaiek osatzen duten gailurrean hauteman da, ME-05 aerosorgailuaren iparraldean, aerosorgailuen ekortze-eremutik kanpo. Hegaldi-ibilbide batek bakarrik egiten du muga ME-05 aerosorgailuaren hegalen proiekzio-eremuarekin.

Espezie mehatxatuei dagokienez, urtean zehar egindako erroldetan sai zuriaren bi ale baino ez ziren hauteman (Neophron percnopterus); heldu bat sei hegaldi desberdinetan detektatu zen ekainaren 5eko erroldetan, eta 4 urteko sasiheldu bakarra, maiatzaren 23an. Hegaldiaren batez besteko altuera 32,9 ± 11,1 m-koa izan zen (tartea = 20-50 m). Bi aleak Peña Negra eta Eskerrolaren gailurrean ibili ziren, ME-05 aerosorgailuaren iparraldean, hegalen proiekzio-eremutik kanpo.

Miru gorriari dagokionez, 31 hegaldi hauteman ziren azterketa-eremuan, guztiak udazkenean (% 64,5) eta neguan (% 35,5). Aurkitutako ale guztiak migratzaileak edo negutarrak ziren, eta, nahiz eta 2024ko denboraldian bikote ugaltzaile bat egon zen Amurrion, ez zen hegaldirik hauteman ugaltze-aldian. Hegaldi motari dagokionez, % 54,8 joan-etorriko hegaldiak izan ziren, % 25,8 ibiltzekoak, % 12,9 migraziokoak eta % 6,45 zikleokoak. Hegaldiaren batez besteko altuera 58,4 ± 46,4 m-koa izan zen (tartea = 10-250 m). Hegaldi horien artean, % 77,4 hegalen altuera-tartean egin ziren (30-200 m). Miru gorrien hegaldi-altuerak lotura nabarmena izan zuen haizearen intentsitatearekin, eta, beraz, haize arin, leun eta termikoekin milanoak gainerako haizeekin baino altuago aritu ziren. ME-01 eta ME-02 aerosorgailuetatik nabarmen hurbilago eta ME-04 eta ME-05 aerosorgailuetatik urrunago ibili ziren. Hegaldietako hiru hegalen ekortze-eremutik igaro ziren, bat ME-01ean, beste bat ME-02an eta beste bat ME-04an. Hala, miru gorriak aerosorgailuen proiekziotik gertuago egin zuen hegan, N, NO eta SE haizea zebilenean.

Hegazti harkaiztarren habiak eta etzalekuak.

Habiei dagokienez, aerosorgailuen inguruan ez zen aurkitu katalogatutako espezie bakat baten habiarik, okil beltzaren habiak eta aztoreak okupatutako lurralde bat salbu. Espezie horiek Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartuta daude, «berezien» kategorian.

Azterlanak adierazten du ez dagoela putre-kolonien erregistrorik parke eolikoaren inguruan, eta hurbilen dauden koloniak 10 km-ra baino gehiagora daudela, Gorobel mendilerroan.

Sai zuriari dagokionez, 10 km-ko erradioan 2 habia identifikatu dira: bat Ziorragako eremuan, ME-04 aerosorgailutik 4,5 km hego-ekialdera; eta bestea Laudioko eremuan, ME-01 aerosorgailutik 7 km-ra (Zuberogoitia, 2024). Bestalde, 10 km-ko ertzean beste hiru lurralde daude: Txolope, Itxina eta Lanteno.

Belatz handiari dagokionez, parkearen inguruko 10 km-ko erradioan bi habia hauteman dira: bat Laudion, ME-01 aerosorgailutik 7 km iparraldera, eta bestea Orozkon, ME-05 aerosorgailutik 6,6 km ipar-ekialdera.

Basoko harraparien eta okil beltzen habiak, etzalekuak eta habiak egiteko lurraldeak.

Miru gorriari (Milvus milvus) dagokionez, «galzorian» kategorian sailkatuta dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan, eta etzaleku-kontzentrazio handia hauteman da Lanteno, Zuatza eta Erretes Lanteno artean, proiektuaren eremuaren mendebaldean. Zehazki, ME-01 aerosorgailutik 6-8 km ipar-mendebaldera, Zuatzako etzalekuak daude, 48 miru gorrirekin; halaber, Kexaan 62 miru eta Lantenon beste 70 miru daude. Bestalde, dozena bat ale baino gehixeago dituzten beste bi etzaleku txiki ere badaude. ME-04 aerosorgailutik 4,5 km hegoaldera, Lezanako etzalekua dago (26 miru), eta ME-01 aerosorgailutik 6 km iparraldera, ale gutxiko etzaleku bat dago Laudion. Azterlanaren arabera, azterketa-eremuaren inguruko 10 km-ko erradioan, miru gorriaren habia bat identifikatu da Amurrion. Habia ME-04 aerosorgailutik 5,5 km-ra dago, hego-mendebaldean. Bestalde, azken urteetan habiak egiteko eremu posible bat hauteman da Belandian eta beste bat Lantenon, biak 10 km-ko ingurunean.

Aerosorgailuen inguruan ez zen aurkitu katalogatutako espezie bakar baten habiarik, okil beltzen habiak eta aztoreak okupatutako lurralde bat salbu.

Okil beltzari dagokionez (Dryocopus martius), abifaunaren azterketaren arabera, habiak egiteko eremu bat identifikatu da ME-05 aerosorgailuaren ondoan, pinuez inguratutako pago-unada txiki batean; halaber, ezin da beste lurralderen bat baztertu Inordui gailurraren inguruan, non hosto galkorren unadak eta pinudi helduak dauden, ME-04 aerosorgailutik hurbil.

Aztore arruntari (Aster gentilis) dagokionez, azterlanaren arabera, landa-lanean eme heldu baten hegaldiak eta mugimenduak hauteman ziren. Mugimendu horietatik ondoriozta daiteke ME-05 aerosorgailuaren mendebaldean dauden pinuen eremuan habiak egiteko eremu bat dagoela.

Gaueko harrapariak eta zatak.

Gaueko harrapariei dagokienez, azterlanaren arabera, aztertutako eremuan urubi arruntaren 10 eremu daude (Strix aluco).

Gaueko hegaztien erroldan, zata arrunta (Caprimulgus europaeus) hauteman zen, eta espezie hori Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan «interes bereziko espeziea» kategorian sartuta dago. Zehazki, proiektuaren eremuan 24 ale identifikatu ziren, batez ere txilardietan eta belardien ertzetan, baina baita urtebete lehenago matasrrasean moztu ziren eta txilardi eta iratzediek okupatzen zituzten eremuetan ere; izan ere, hori da espeziearentzat habitat egokia (Zuberogoitia et al., 2018).

Hegaztien erroldak.

Urteko zikloan 78 espezie desberdinetako 8.658 hegazti hauteman ziren aldizkako erroldetan. Jarraian zehazten dira errolda-puntu bakoitzetik 50 m-ko erradioan detektatu ziren hegaztiak.

Bi espezieren kasuan 1.000 ale baino gehiago detektatu ziren: txonta arrunta eta negu-txairta. Txonta arruntak ale sedentarioak ditu, bai eta migratzaile asko ere; eta, neurri txikiagoan, negutarrak ere badaude. Negu-txirta migratzailea eta negutarra da aztertutako eremuan. Sorbeltz arrunta ere badago, hau da, migrazio-mugimenduetan hauteman zen udako espeziea. Hurrengo postuetan karnaba eta txantxangorria daude. Biak urte osoan zehar daude, eta neguan horien kopurua handitu egiten da Europako iparraldetik datozen aleekin.

Espezie paseriformeen kopuru nabarmenena 2. eta 3. behaketa-puntuetan hauteman zen, ME-05 aerosorgailuaren iparraldean. Azterlanean aurkeztutako migrazioaren analisiari dagokionez, migrazioaren zatirik handiena 1., 2. eta 3. behaketa-puntuetan hauteman zen (lehenengo biak ME-05 aerosorgailuaren iparraldean eta hirugarrena hegoaldean); 5., 6. eta 7. behaketa-puntuetan (Inorduiko gailurra, ME-01 eta ME-02 aerosorgailuetatik hurbil), berriz, ez zen IA hauteman. 2. eta 3. puntuetako migrazioa askotarikoagoa izan zen, eta sorbeltz eta txirta ugari hauteman ziren, besteak beste. Udazkeneko migrazioari dagokionez, hegoaldeko haizea dagoenean fluxu bat ikus daiteke, eta 1., 2. eta 3. behaketa-puntuak ditu ardatz.

Sentikortasun-indizea eta kalteberatasun-mapa.

Landa-azterketan detektatutako espezie bakoitzaren Sentikortasun Indizea (SI) jasotzen du azterlanak. Kalkulua egin ondoren, Espazio Urrakortasunaren Indizea (EUI) lortzen da, parke eolikoaren proiekturako espazio urrakortasunaren mapa egiteko.

Espazio urrakortasunaren mapek erakusten dutenez, Peña Negra eta Eskerrola garaiek osatzen duten gailurrean (garai batean ME-06 eta ME-07 aerosorgailuak zeuden bertan, ME-05 aerosorgailuaren iparraldean) jaso da tamaina ertaineko eta handiko hegaztien hegaldien bolumen handiena, harrapari planeatzaileena zein belardietan eta txilardietan elikatzen diren hegaztiena. Inordui gailurra (ME-01 eta ME-02 aerosorgailuak) da hegaldi-kontzentrazio handiena duen bigarren eremua.

2.4.2.– Kiropteroak.

Aurkeztutako Abifaunaren eta Kiropterofaunaren Azterlanaren arabera (IIAren 04. eranskina), kiropteroen erroldak egiteko detektagailu pasiboak (Audiomoths) eta detektagailu aktiboak (EchoMeter) erabili ziren.

Gainera, errolda zehatzak egin ziren zulo ugariko zuhaitz zaharrak zituzten baso-partzeletan, babeslekuak bilatzeko; hala ere, ez zen identifikatu babesleku aktiborik aztergai dugun eremuaren inguruan.

Guztira, 12 kiroptero-espezie detektatu ziren, eta kasu gehiago generoari dagokionez (Myotis, Nyctalus, Plecotus). Honako hauek dira detektatutako espezieak: ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), ferra-saguzar txikia (Rhinolophus hipposideros), saguzar txikia (Pipistrellus pipistrellus), Kuhl pipistreloa (Pipistrellus kuhlii), Cabrera saguzarra (Pipistrellus pygmaeus), koba-saguzarra (Miniopterus schreibersii), mendi-saguzarra (Hypsugo savii), gau-saguzar handia (Nyctalus lasiopterus), gau-saguzar txikia (Nyctalus leisleri), gau-saguzarra (Nyctalus noctula), baratze-saguzarra (Eptesicus serotinus), ipar belarrihandia (Plecotus auritus), saguzar buztanluzea (Tadarida teniotis), baso-saguzarra (Barbastella barbastellus).

Identifikatutako espezie guztiak Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan daude jasota, eta mehatxu-maila handia jasaten duten espezieen erregistroak nabarmentzen dira: Barbastella barbastellus, galzorian; eta beste 5 espezie (Rhinilophus ferrumequinum, Miniopterus schreibersii, Nyctalus lasiopterus, Nyctalus noctula, Plecotus auritus) kalteberatzat jotzen dira.

Zehazki, detektagailu pasiboekin (Audiomoths) 12 espezie detektatu ziren, 2 gehiago generoari dagokionez eta bi espezieren arteko 5 zalantza-kasu hauteman ziren (11.978 igarotze). Pipistrellus pipistrellus eta Pipistrellus kuhlii izan ziren espezierik adierazgarrienak, bien artean igarotzeen % 83,4 egin baitzituzten; ondoren, Hypsugo savii (% 5,03), Nyctalus leisleri (% 1,59), Epseticus serotinus (% 1,29) eta Miniopterus schreibersii (% 1,25).

Detektagailu aktiboekin (errolda-puntuak) 9 espezie hauteman ziren, eta 2 gehiago generoari dagokionez (1.498 igarotze). Erregistratutako igarotzeen % 88 Pipistrellus pipistrellus eta Pipistrellus kuhlii espezieenak izan ziren, baita Nyctalus leisleri (% 3,3) eta Epseticus serotinus (% 4,7) espezieenak ere.

Egiaztatu zen mugimendu handiena gaueko lehen orduetan hautematen dela, haize gutxirekin (ez dago mugimendurik 2,5 m/s-tik gora; hala ere, Saratxoko estazio meteorologikoko haizearen abiadura erregistratu zen, aztertutako eremuan gertatzen dena baino txikiagoa), tenperatura leunekin eta euririk gabe, eta mugimendu hori pixkanaka murriztu egiten da faktore horiek aldatu ahala. Era berean, hauteman zen hegaldien tasa nabarmen handiagoa izan zela hostozabalak zeuden inguruneetan, bai hariztiek osatutako partzeletan, bai haien arteko ertzetan eta eremu irekietan, eta pinudiekin nahasten diren puntuetan.

Babeslekuei dagokienez, parke eolikoaren 10 km-ko erradioan intereseko babesleku batzuk erregistratu dira, eraikinetan, egituretan (zubiak), basoetan eta haitzuloetan. Hala ere, azterketa-eremuaren ingurune hurbilean, parkea ezarriko den eremuan, ez dago kobazulorik, etxolarik edo antzeko beste babeslekurik.

Azterketa-eremuaren barruan, zuloak dituzten zuhaitz lepatuen bi unada txiki identifikatu dira, hasiera batean kiropteroak hartzeko egokiak izango liratekeenak; haritz lepatuen inguruan P.pipistrellus eta P.kuhlii erregistratu ziren; eta pagadian, berriz, E.serotinus eta P.kuhlii. Hala ere, unada horietan ez da babesleku zehatzik identifikatu.

2.5.– Hidrologia eta hidrogeologia.

Jarduketa-eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan dago, Nerbioi ibaiaren arroan, batez ere azaleko ur-masetara isurtzen diren arroetan: Nerbioi I eta Altube II.

Hainbat ibai eta erreka daude parke eolikoaren instalazioetatik eta haren azpiegituretatik hurbil. Aerosorgailuak eta identifikatutako ur-ibilguak zuzenean gainjartzen ez badira ere, planteatutako sarbideak Bergantza ibaia, Iperraga erreka eta Izenik Gabeko erreka bat (5501) zeharkatuko ditu. Gainera, ETLLak Nerbioi eta Izoria gurutzatuko ditu lurpeko tinkatzearen bidez, eta Amestui ibilguarekiko paraleloan joango da.

Aztergai den eremua hegoaldeko antiklinaleko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017.006). ETLLaren azken zatia, sekzionamendu-zentroa eta GTLLa Kuaternario Balmaseda-Elorrio sektorearen gainean daude. Sektore hori bat dator Interes Hidrogeologikoko Eremuekin.

Plan Hidrologikoaren Eremu Babestuen Erregistroko elementuei dagokienez, parke eolikora sartzeko bidearen hasiera bat dator Berganzo zundaketaren hornidura-hartunearen babes-eremuarekin.

2.6.– Geologia, geomorfologia eta edafologia.

Litologiari dagokionez, aztergai dugun eremua honako hauek osatzen dute: alubioi-metakinak, alubioi-kolubialak; metakin kolubialak; tokian estratifikatutako hareharri silizeoak, edo konglomeratikoak edo burdintsuak; hareharriak, batzuetan kareharriak, eta lutitak; eta lutita karedunak edo silizeoak, ale oso fineko hareharri ilunak.

Aztertutako eremuak ez du ukitzen Interes Geologikoko Gunerik (IGG).

2.7.– Mendiak, nekazaritza eta abeltzaintza.

Aztergai dugun eremuak Arabako lurralde historikoko onura publikoko mendi (aurrerantzean, OPM) ugari ditu, eta horien artean daude 1., 16., 56. eta 64. OPMak.

EAEko Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, azterketa-eremuko lurzoru gehienak «Basoa» kategoriakoak dira, eta, neurri txikiagoan, «Basoa-Mendi barbana» eta «Nekazaritza eta abeltzaintzarako eremua: Trantsizioko Landa Paisaia».

2.8.– Paisaia.

IIAren 02. eranskinean paisaia integratzeko azterketa dago jasota.

Jarduketa guztiak Amurrio, Luiando, Apotz-Etxebarri, Orrotegi eta Barabio ikuspen-arroetan egingo dira, eta, hedaduragatik, Barabio eta Amurrio dira kaltetuenak. Horietako bakoitzak proiektuak eragindako eremuaren % 34,69 eta % 28,92 hartzen du, hurrenez hurren. Arroetako bat ere ez da sartzen EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan.

EAEko paisaien kartografiaren arabera, proiektuak eragindako eremuan 4 paisaia-unitate daude guztira, eta nagusienak ibai-eremuko baso-landaketak dira, eta ibai-eremuko harkaitza. Horietako bakoitzak proiektuak eragindako eremuaren % 83,44 eta % 13,45 hartzen du, hurrenez hurren. Puntualki, jarduketak bat datoz ibai-eremuko nekazaritza-mosaikoko paisaia-unitateekin (% 0,96) eta ibai-eremuan belardiak eta atlantikoaldeko laborantzak nagusi dituen nekazaritzako paisaia-unitateekin (% 2,16).

Proiektua ez dator bat EAEko Paisaia Berezi eta Apartekoekin, eta hurbilen daudenak Gorbeiako mendigunea (ME-04tik 1,7 km-ra) eta Peñalbatik Babiora bitarteko haranak (ME-02tik 4,5 km-ra) dira. Horiek sartuta daude EAEko Paisaia Berezi eta Apartekoen katalogoan. Paisaia-mugarriei dagokienez, Murga Dorrea dago hurbilen, eta Aiara TAEtik 1,2 km hego-mendebaldera dago, gutxi gorabehera, eta ME-01 aerosorgailutik 3,4 km-ra.

Proiektua Laudioko (Aiara) eremu funtzionalean dago, eta oraindik ez du Paisaiaren Katalogo eta Zehaztapenik.

2.9.– Kultura-ondarea.

IIAk Qark Arqueología S.L.k 2025eko irailean egindako inpaktu arkeologikoaren azterketa jasotzen du 07. eranskin gisa. Azterlan horrek proiektuaren esparruan kultura-ondarearen esparruko ondasun ugari identifikatzen ditu, bai arkeologikoak, bai arkitektonikoak. Besteak beste, elementu hauek nabarmentzen dira: Elexazarreko aztarnategia, bide-horma zaharra, Inordui mendiko postontzia, terrazamendu-horma, pagadi lepatua, aska, Urrutiako kirikiñausia, Luiaondo zubia eta Markijanako zubia.

Era berean, 2026ko maiatzean aurkeztu zen IIAren gehigarrian 03. eranskina jasota dago. Eranskin horretan, proiektuaren aldaketen inpaktu arkeologikoaren azterketa jasotzen da, hau da, ETLLaren, SZaren eta GTLLaren azken zatiarena.

2.10.– Arriskuak.

Azterketaren eremuan bi partzela lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan daude (kodeak: 01010-00032 eta 01010-00021). 01010-00032 kodea duen partzela Aiara TAEri dagokio, eta harekin lotuko du goi-tentsioko lurpeko linea (GTLL), sekzionamendu-zentrotik abiatuko dena; beraz, jarduketa bat dator inbentariatutako partzela horren zati batekin. Aipatutako partzelaz gain, erdi-tentsioko lurpeko linea (ETLL), sekzionamendu-zentrora iritsi aurretik, bat dator inbentariatutako 01010-00021 kodearekin (zabortegi motakoa).

Ingurumen-arriskuei dagokienez, parke eolikoaren inguruan dauden zuhaitz-masek baso-suteen arrisku handia eta oso handia dute, eta ME-05 aerosorgailua arriskun handiko eremu batean aurreikusi da. Bestalde, erdi-tentsioko ebakuazio-lineak eta parkeko bideak baso-suteen arrisku handiko eta oso handiko eremuak ere zeharkatzen dituzte.

Eremuan akuiferoak kutsatzeko arrisku nabarmenik ez duten guneak daude.

Higadurari dagokionez, orokorrean proiektua jarduketa-eremua higadura-maila oso txikiko eta lurzoru-galera onargarriko guneen gainean dago, RUSLE ereduaren arabera. Halaber, ez da detektatu muturreko higadura-prozesuak edo higadura-prozesu larriak dituen eremurik.

2.11.– Sinergiak.

IIAren 11. eranskinak ondorio metagarri eta sinergikoei buruzko azterketa bat jasotzen du. Bertan, izapidetzen ari diren eta «Mendi» parke eolikoaren inguruan, 15 km-ko erradioan dauden energia berriztagarrien proiektuak jasotzen dira.

Zehazki, 15 km-ko erradioan Larragorri PEa izapidetzen ari dira, eta hurbilen dagoen aerosorgailua ME 05etik 2,46 km iparraldera dago; Ferosca I PEaren kasuan, berriz, ME 01etik 3,57 km ipar-mendebaldera.

3.– Inpaktu nagusiak.

Espedientean dagoen informazioaren arabera –barnean harturik ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotzen dena zein ukituriko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek egindako txostenetakoa–, bai eta jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioetako informazioaren arabera ere, ebaluazioaren alderdi garrantzitsu hauek azpimarratu daitezke, laburbilduz:

3.1.– Inpaktuak obra-fasean.

Obra-fasean, proiektua gauzatzeagatik sortutako inpaktu nagusiak honako hauekin lotuta daude: lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak eta materialen garraioa, indusketak eta berdinketak, zangak eta eroanbide elektrikoak eraikitzea, lurpeko tinkatzea egikaritzea, bideak eta sarbideak irekitzea eta egokitzea, aerosorgailuen dorreak eta muntaketa-plataformak zimendatzea, instalazio osagarrien gunerako eta makineria-parkerako berdinketak, ur-ibilguak gurutzatzea, EZa eraikitzeko berdinketak, aerosorgailuak muntatzea eta eraikitzea, dorre meteorologikoa eta sekzionamendu-zentroa.

Horrenbestez, fase horretako jarduketek eragina izango dute baso naturaletan, landaketetan, soroetan sastraka eta laboreetan, Batasunaren intereseko habitatetan, paisaiaren morfologian eta faunaren eta haren populazioen habitataren kalitatean. Gurutzaketa batzuk jabari publiko hidraulikoaren gainean egingo dira, eta uren kalitateari eragiteko arriskua egongo da, erabilitako materialetatik eratorritako ustekabeko isurketengatik edo partikulak arrastaka eramateagatik lur-mugimenduak egin bitartean. Gainera, hondakinak sortuko dira, atmosferaren kalitateari eragingo zaio (obretan hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzea atmosferara) eta giza habitataren kalitateari eragingo zaio (zarata).

3.1.1.– Flora, landaredia eta habitatak.

Landarediaren gaineko eraginari dagokionez, aerosorgailuak eta haien plataformak Pinus radiata landaketen gainean aurreikusi dira. Gainera, ME-01, ME-02 eta ME-04 aerosorgailuen kasuan, bat egiten dute beste habitat batzuekin ere: Pinus pinaster espeziearen landaketak eta tartean haritz ale gazteren bat duten lahardiak (ME-01), eta iratzediak eta lahardiak (ME-02 eta ME-04).

Parkearen barruko bideek honako landaketa hauek zeharkatuko dituzte: Pinus radiata, amezti eurosiberiarra (Quercus pyrenaica), koniferoen landaketa gazteak, Ulex sp. nagusi den txilardi atlantikoa, iratzediak, Quercus rubraren landaketa, Quercus robur nagusi den baso azidofiloa eta belardiak. Era berean, azpimarratu behar da trazadurak pagadi lepatu sakabanatuak hartzen dituela, eta horien ondotik igaroko dela inolako alerik moztu gabe.

Bestalde, sartzeko bideak honako hauei eragiten die: Pinus radiataren landaketei, Quercus rubraren landaketei, eukalipto-landaketei, amezti eurosiberiarrari (Quercus pyrenaica), baso misto atlantikoei eta ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarrei.

Erdi-tentsioko ebakuazio-linea (ETLL), sekzionamendu-zentroarekin konektatu aurretik, Pinus radiata eta Pinus pinaster landaketetatik igaroko da, bai eta honako hauetatik ere: Quercus pyrenaica espeziearen ale sakabanaturen bat, Ulex sp. nagusi den txilardi atlantikoa, hostozabal gazteen baso naturalak, Quercus robur nagusi den baso azidofiloa eta belardi bat.

Sekzionamendu-zentroak eta goi-tentsioko lurpeko lineak belardi bati eragingo diote.

Eragindako landarediaren azaleren kalkuluari dagokionez, IIAren gehigarriaren arabera, proiektuak 13,8 ha landarediari eragingo dio guztira. Zehazki: zuhaixka-eremua, 14.370,44 m2; belardi-larreak, 4.655,62 m2; larre-belardi, 1.765, 74 m2; larre-sastrakak, eta 639,45 m2, larreak. Baso naturalei dagokionez, honako hauei eragingo zaiela aurreikusi da: baso misto atlantikoa, 1.403,86 m2; pagadiak, 3.569,89 m2; basoko pinua, 420,93 m2; erkameztia, 353,65 m2(Quercus faginea); ametza, 5.932,79 m2 (Quercus pyrenaica) eta haritz kanduduna, 248,86 m2 (Quercus robur). Ibaiertzeko basoei dagokienez, honako eragin hau aurreikusi da: haltzadia, 109,13 m2 (Alnus glutinosa). Landaketa-basoei dagokienez: urkiak, 17.706,53 m2 (Betula pendula); eukaliptoak, 2.448,91 m2; larizio pinua, 417,43 m2; Pinus pinaster 7.113,43 m2; Pinus radiata, 71.404,99 m2; askotariko hostozabalen landaketak, 1.045,14 m2 eta haritz gorria, 4.339,10 m2(Quercus rubra).

Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan dauden taxonentzat aurreikusitako azalerei dagokienez, proiektuak Ilex aquifolium espeziea duten hainbat kokaguneri eragingo die unean-unean, bideak zabaltzearen eta azpiegiturak instalatzearen ondorioz. Bestalde, Bergantza ibaian eta haren ibaiadarrean isuski ugari (Ruscus aculeatus) hauteman da azterketa-eremuaren barruan; are gehiago, populazio-gune handi bat osatzen du, eta A-3616 errepidearekin lotzen den tartean sarbidea eraikitzeak nolabaiteko eragina izango du. Hala, IIAren 3. eranskinaren azterketa botanikoak proiektuarekiko 19.564,09 m2-ko gainjartze-azalera zenbatetsi du Ilex aquifolium espeziaren kasuan, eta 42,84 m2-koa, berriz, Ruscus aculeatus espeziearentzat.

Lanek eragingo dieten Batasunaren intereseko habitatak (aurrerantzean BIH) honako hauek izango dira: BIH 4030 txilardi lehor europarrak, BIH 6230* Nardus formazio belarkarak, espezie ugarikoak, zonalde menditarreko substratu silizeoen gainean (eta Europako kontinentaleko zonalde azpi-menditarrekoak), HIC 6510 Altitude baxuko sega-belardi pobreak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis), HIC 91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae) baso alubialak, HIC 9120 pagadi azidofilo atlantikoak, oihanpeak dituztenak: Ilex eta batzuetan Taxus (Quercecion robori-petraeae o Ilici-Fagenion) eta HIC 9230 Iberiar penintsulako ipar-mendebaldeko Quercus robur eta Quercus pyrenaica hariztiak.

Eragin handiena 9230 BIHan hautemango da; zehazki, habitat horren 16.767,34 m2 kentzea aurreikusten da, batez ere bideak eraikitzeko. Parkeko barne-bideek eta aerosorgailuen plataformek 4030 BIHari eragingo diote (10.461,65 m2-ko azaleran). Barne-bideek eta ETLLak 6230* BIHari eragingo diote, 765,58 m2-ko azaleran. 9120 BIHari dagokionez, lehen aipatu den bezala, parkeko barne-bideek pago lepatu sakabanatuak dituen eremu bat zeharkatzen dute, eta horien ondotik igaroko dira, alerik moztu gabe (5.821,91 m2). 91E0* BIHan eragina izango du Iperraga ibaiaren goi-ibarrean parkera sartzeko bideak erakitzeak (eragindako azalera: 109,13 m2). Nabarmendu behar da, ETLLaren trazadura aldatu eta Nerbioi eta Izoria ibilguak gurutzatzeko lurpeko tinkatzea egiten bada, ekidin egiten dela IIAren (v2) aurreko bertsioan 91E0* BIHan aurreikusitako afekzioaren zati handi bat, 609,65 m2-koa baitzen.

AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondarearen zerbitzuek adierazi dutenez, ebakuazio-linearen eta MIA-04 eta MIA-05 aerosorgailuen artean proiektatutako sarbidearen kasuan, saihestu egin behar da pago lepatuei eta belardiei/ihidiei eragin ahal zaien edozein kalte. Bestalde, ezartzen dute Batasunaren intereseko habitatetan eragin puntual eta oso txikiren bat gertatuz gero, konpentsazio-neurriak jaso beharko direla Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektuan, gutxienez behin betiko eragina jasango duen azaleraren bikoitza hartuko duten esku-hartzeen bidez.

Ildo horretan, IIAk (8. kapitulua) zenbait neurri jasotzen ditu obra-fasean landarediari ahalik eta kalte gutxien eragiteko: lanak hasi aurreko prospekzioa eta zuhaitzen inbentario xehatua egitea, ukitutako gorosti-oinak eta beste espezie autoktono batzuk zenbatesteko; obra-eremuaren mugaketa zehatza; BIHak eta baso naturalak zuinkatzea; eta pago lepatuen aleak balizatzea, besteak beste.

Gainera, eraikuntza-fasea amaitu ondoren ingurumena lehengoratzea aurreikusten da. Ildo horretan, IIAren 10. eranskinean Leheneratze Plana jasota dago. Plan horretan, obran okupatutako azalerak leheneratzea eta landareztatzea planteatzen da (lur-erauzketako eta lubetetako ezpondak, plataforma iraunkorrak, aldi baterako plataforma eta aldi baterako bilketa-eremua, ETLLari lotutako ebakuazio-zangak), eta, horretarako, tokiko klima-baldintzetara egokitutako espezie autoktonoak erabiliko dira. Era berean, desagerrarazitako habitat naturalak konpentsatzeko neurriak zehazten dira: ibaiertzeko haltzadiak landatzea, 91E0* BIH (1.219,31 m2), eta lehendik dagoen pista bat lehengoratzea, 9230 BIH (3.113,46 m2).

Hala, sustatzaileak ase egin nahi du Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren eskaera (1:2 proportzioa, hau da, 1 desagerrazi, 2 leheneratu); hots, ameztiei eta hariztiei dagokienez leheneratzea (bi formazio horietan 16.767,34 m2-ko eragina aurreikusten da; aldiz, unitate horiek landatzea proposatzen da (34.789,88 m2) eta haltzadi kantauriarra (109,13 m2 kaltetuak eta 1.219 m2 leheneratu beharrekoak). Nabarmendu behar da, linearen trazaduraren aldaketarekin 91E0* BIHaren gaineko eragina murriztu bada ere, sustatzaileak ez duela murriztu horretarako proposatutako konpentsazio-azalera.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen zerbitzuak ez daude ados IIAn proposatutako konpentsazio-neurriekin, proposamen tematikoari eta irismenari dagokienez; beraz, berrikusi eta zerbitzu horiekin adostu egin beharko dira.

3.1.2.– Geologia, geomorfologia eta edafologia.

Obrak egiteak, besteak beste, lurzorua okupatzea eta trinkotzea, lurraren eraldaketa geomorfologikoa eta higadura eta lurzoru emankorra galtzea eragingo du.

IIAren gehigarriaren arabera, proiektuaren okupazioa 138.576,97 m2-koa izango da, honela banatuta: Lur-erauzketek eragindako azalera, 19.238,19 m2 eta lubetek eragindako 38.272,34 m2; aerosorgailuen plataforma iraunkorrek okupatutako eremua, 8.941,64 m2, eta aldi baterako plataformek okupatutako eremua, 1.468,67 m2; bilketa-eremuek okupatutako eremua, 3.389,53 m2; sarbidearen eraginpeko azaleraren eremua, 14.775,17 m2; parkeko barne-bideek okupatutako eremua, 38.293,72 m2; dorre meteorologikoak okupatutako eremua, 81 m2; sekzionamendu-zentroak okupatutako eremua, 451,17 m2; erdi-tentsioko lurpeko lineak okupatutako eremua, 1.604,92 m2; eta goi-tentsioko lurpeko lineak okupatutako eremua, 31,40 m2.

Lur-mugimenduen balantzeari dagokionez, ingurumen-inpaktuaren azterketaren gehigarriaren arabera, 176.903,85 m3 lur-erauzketa eta 154.788 m3 betelan sortuko dira.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak adierazi duenez, IIAn ez da zehazten hondeatzeko eta lur-erauzketako material guztia betelana eta lubeta egiteko berrerabiliko den, eta beharrezko material horren jatorria eta ezaugarri fisiko-kimikoak adierazi beharko lirateke. Sustatzailearen erantzunean jasota dago lur-erauzketen eta lubeten arteko balantzea lortu nahi dela, obran bertan indusketaren ondoriozko materialak ahalik eta gehien aprobetxatzeari lehentasuna emanez. Halaber, adierazi du ez dela aurreikusten proiektuari lotutako maileguak edo harrobiak irekitzea, ez eta proiektuari lotutako zabortegiak edo soberakin-biltegiak gaitzea ere.

Higadura-arriskuak, batez ere, lehendik dauden bideak egokitzeko eta sarbide berriak irekitzeko lur-mugimenduek eragingo dituzte.

3.1.3.– Hidrologia.

Hidrologiari dagokionez, sarbideak Bergantza ibaia, Iperraga erreka eta Izenik Gabeko erreka (5501) zeharkatuko ditu. Gainera, erdi-tentsioko lurpeko lineak Nerbioi eta Izoria ibaiak zeharkatuko ditu. Horretarako, lurpeko tinkatze bat egingo da, eta tinkatzearen hasiera eta amaiera Nerbioitik 65 metro baino gehiagora eta Izoriatik 140 metro baino gehiagora jarriko dira.

Uraren Euskal Agentziak (Ura) adierazi du sartzeko pistaren hasieran Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan jasota dauden bi ur-hartune daudela, bai eta hornidura-eroanbide batzuk ere, eta, beraz, obrak egin aurretik eta bitartean behar diren neurriak hartu beharko direla.

3.1.4.– Fauna.

Obra-fasean, eragozpenak sortuko zaizkio faunari; besteak beste, makineriaren eta kamioien joan-etorriengatik, lur-mugimenduengatik, landaredia soiltzeagatik eta azpiegiturak muntatu eta eraikitzeagatik. Horrek guztiak istripuak izateko arriskua handitzea (kolpatzeagatik, pozoitzeagatik, harrapatzea, etab.), zaratak eta habitaten kalitatea aldatzea ekarriko du, eta horrek inguruko fauna aldi baterako lekualdatzea eragin dezake.

AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko zerbitzuen txostenean jasotako irizpideak kontuan hartuta, IIAn prebentzio-neurriak zehazten dira eraikuntza-fasean espezieei eragitea saihesteko, hala nola eremuan habiak aldez aurretik ikuskatzea, batez ere hegazti harraparien, piziformeen, ugaztun erdiakuatikoen kasuan, bisoi europarra eta ibai-karramarro autoktonoa, besteak beste; obra-egutegia egitea, hala badagokio; eta airearen, uren, lurzoruaren eta landarediaren kalitatea babesteko proposatutako gainerako neurriak.

3.1.5.– Mendiak, nekazaritza eta abeltzaintza.

Lanak gauzatzeak eragina izango du nekazaritzako partzela eta ustiategietan zein onura publikoko mendietan (OPM).

AFAko Nekazaritza Zuzendaritzak IIAren gehigarria aurkeztu aurreko proiektuaren bertsioaren nekazaritza-eraginaren ebaluazioa (JIHP) egin du. Txosten horretan adierazten denez, sekzionamendu-zentroak, lurpeko ebakuazio-lineak eta sekzionamendu-zentrorako sarbide bat egiteak 0101XXXX-0006 REA kodea duen ustiategiko 382 eta 365 partzelei eragingo diete modu iraunkorrean eta osoan; beraz, ustiapenaren bideragarritasunari eragingo ez liokeen arren, neurri babesle eta zuzentzaile jakin batzuk beharko lirateke. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du konpentsazio-neurri ekonomikoak eta jabeekiko akordioak prestatuko dituela.

OPMei dagokienez, honako hauei eragingo zaie: 1. OPMa (honako hauek eragiten diote: parke eolikoko aerosorgailu guztiak, barne-bideek, erdi-tentsioko lurpeko linearen zati bat, bilketa-eremua, obra-etxola, dorre meteorologikoa eta sarbidearen zati bat); 16. OPMa (erdi-tentsioko lurpeko linearen zati bat, 58 metro inguruko luzerarekin); 56. OPMa (erdi-tentsioko lurpeko linearen zati bat, 770 metro inguruko luzerarekin) eta 64. OPMa (sarbidearen zati bat, 860 metro inguruko luzerarekin).

Onura publikoko mendien gaineko eraginari dagokionez, AFAko Nekazaritza Saileko Mendi Zerbitzuak gogorarazi du beste kokapen-aukera batzuk planteatu beharko liratekeela, onura publikoko mendiei eragitea saihesteko. Edonola ere, gogorarazi du onura publikoko mendien erabilera pribatiboa edo okupazioa administrazio-emakidaren mende dagela.

3.1.6.– Kultura-ondarea.

Lur-mugimenduek ondare historiko, kultural edo arkeologikoa osatzen duten ondasunak suntsitzea edo aldatzea eragin dezakete.

IIAren 07. eranskinean jasota dagoen inpaktu arkeologikoaren azterketak proiektuak kultura-ondareko elementu katalogatuetan eta katalogatu gabeetan duen eragin-maila baloratzen du, obren inguruko kultura-ondareko elementuak eta prospekzio arkeologikoa identifikatu ondoren.

Nabarmentzekoa da hasierako proiektuko ME-03 aerosorgailua kendu egin zela Elexazar aztarnategiari eragiten ziolako, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren irizpideei jarraituz.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak adierazi du proiektuak zuzenean eragiten diola Elexazar aztarnategiari, barne-bideek eta zangak ekialdetik mendebaldera zeharkatuko baitute aztarnategian behin-behinean mugatutako eremua. Zuzendaritzak adierazi du zundaketa arkeologikoen bidez egiaztatu beharko dela eremu horretan ez dagoela ukitu gabeko zein gutxi eraldatutako aztarna arkeologikorik edo egitura esanguratsurik.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuak proiektu arkeologiko bat aurkezteko eskatu du udal-obretarako lizentzia eman aurretik, hura baimentzeko. Proiektu arkeologiko horrek, aldez aurretik, honako hauek jasoko ditu: Elexazar aztarnategian ETLLak eragindako tartea induskatzea; proiektuko obrek, sarbideek eta ebakuazio-lineek dakartzaten lur-mugimendu guztien kontrol arkeologikoa egitea; QARKren azterlanean aipatutako ondare-afekzioko eremuaren barruan dauden ondasun guztiak (eraikitako ondasunak, ondasun arkeologikoak eta baso-arkeologiako elementuak) balizatzea; eta ukitutako mendi-mugarriak erauztea, kontserbatzea eta birjartzea.

2026ko maiatzean aurkeztutako IIAren gehigarriaren 03. eranskinaren arabera, non jasotzen baita proiektuaren aldaketen inpaktu arkeologikoaren azterketa, hau da, ETLLaren, Szaren eta GTLLaren azken zatiarena, trazadura-aldaketaren prospekzioan ez da identifikatu lurpeko ebakuazio-zangaren eragina jaso dezakeen ondasun historiko-arkeologikorik. Hala ere, adierazten da ezin izan direla aztertu linearen trazadura berriaren bi zati: bata, landarediak bidea ixten duelako (0,13 km-ko luzera duen tartea), eta bestea, hesitutako finka pribatua delako. Neurri zuzentzaile gisa, aztertu ezin izan diren zatietarako obra eginez gero, bigarren prospekzio intentsibo sistematiko bat egitea planteatzen da, sastrakak kendu ondoren.

3.1.7.– Ibilbide-sarea.

2026ko maiatzean aurkeztutako IIAren gehigarrian sustatzaileak ebakuazio-linearen trazadura-alternatiba bat sartu zuen, «IV2 - Nerbioiko Parke Linealeko Bide Berdea» proiektuari eragitea saihesteko. Eremu hori Arabako Lurralde Historikoko Ibilbide Berdeei buruzko urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Arauan ezarritako erregulazioaren mende dago, AFAko Natura Ingurunearen Zuzendaritzako Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuak 2025eko abenduaren 18ko txostenean zehaztutakoaren ildotik. Hartutako irtenbidearen aldeko balorazioa eman du foru-organo horrek 2026ko ekainaren 3ko txosten batean.

3.2.– Inpaktuak ustiapen-fasean.

Ustiapen-faseari dagokionez, inpaktua sortu dezaketen proiektuko ekintza nagusiak hauek dira: parke eolikoaren eta haren instalazio erantsien presentzia, aerosorgailuen besoen mugimendua, makineriaren noizbehinkako mugimendua eta instalazioak mantentzeko lanak.

3.2.1.– Habitatak eta fauna.

Sustatzaileak emandako informazioaren arabera, Mendi parke eolikoko instalazio guztien okupazio iraunkorreko azalera 12,7 ha-koa da. Instalazio eolikoek eragina izango dute lurreko eta aireko faunaren habitatetan, haien erabilgarritasuna gutxituz bazkaleku-, ugalketa- eta elikadura-eremutzat.

Ingurumen-inpaktu nagusiak, bereziki abifaunari eta kiropteroei dagozkienak, talka, barotrauma eta portaera-aldaketekin lotutako arriskuak dira, aerosorgailuen funtzionamenduaren ondorioz sortuak. Era berean, aerosorgailuen presentzia oztopo bat da hegaztien mugikortasunerako, eta konexioa zatikatzen du. IIAren arabera, hegazti eta kiropteroen talken ondoriozko hilkortasunaren gaineko inpaktua ertaina da.

3.2.1.1.– Abifauna.

Kontuan hartuta 04. eranskineko (urteko zikloa) abifaunari eta kiropterofaunari buruzko azterlanetako emaitzak, agerian geratzen da parkearen inguruko aireko espazioa baliatzen dutela zenbait harrapari espeziek eta, batez ere, sai arreak (Gyps fulvus); hain zuzen ere, espezie hori da gehien identifikatu dena eta istripuak izateko aukera handiena duena. Era berean, mehatxu-maila desberdinak dituzten espezieak hauteman dira, hala nola sai zuria (Neophron percnopterus), zeina 7 aldiz begiztatu baita, eta miru gorria (Milvus milvus), zeina 31 aldiz begiztatu baita; Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan «kaltebera» eta «galzorian» kategorietan katalogatutako espezieak dira, hurrenez hurren.

Abifaunaren aztelanean gehitutako kalteberatasun espazialaren mapek erakusten dutenez, Peña Negra eta Eskerrola garaiek osatzen duten gailurrean (IIAren lehengo bertsioan garai batean ME-06 eta ME-07 aerosorgailuak zeuden bertan, ME-05 aerosorgailuaren iparraldean) jaso dira tamaina ertaineko eta handiko hegaztien hegaldien bolumen handiena, harrapari planeatzaileena zein belardietan eta txilardietan elikatzen diren hegaztiena. Inordui gailurra (ME-01 eta ME-02 aerosorgailuak) da hegaldi-kontzentrazio handiena duen bigarren eremua.

Proiektu mota horiekiko sentikortasun handiagoa eta mehatxu-kategoria handiagoa duten espezie harraparien kasuan lortutako emaitzei dagokienez, talka-arrisku handia duten aerosorgailuak ME-01 eta ME-02 dira (75-100 pertzentila); aldiz, ME-04 eta ME-05 talka-arrisku txikiagoa duten eremuetan daude (10-50 pertzentila).

Ildo horretan, IIAn jasota dago arriskua egongo dela honako alderdi hauengatik: inguruan intereseko espezieak daudelako; Mendi parke eolikoko aerosorgailuei lotutako abifauna eta kiropterofauna hiltzeko arriskua dagoelako; hegaztien eta kiropteroen azterketaren emaitzen arabera (IIAren 04. eranskina), inguruan Natura 2000 Sareko naturagune babestuak daudelako (Gorobel mendilerroa, Gorbeia, Urkabustaiz Uharteko Hariztiak eta Arkamu-Gibilillo-Arrastaria) (ikus IIAren 09. eranskina); eta inpaktu hori metatzen delako inguruan beste parke eoliko batzuk daudelako (Ferosca 1 PE, Larragorri PE). Hala ere, sustatzaileak uste du arrisku hori arindu egingo dela dagozkion babes- eta jarraipen-neurriak ezartzen direnean. Neurri horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: etengabeko presentzia duen parkeko ornitologoak eskatuta turbinak gelditzea; kiropteroen jarduera handiagoko baldintza meteorologiko jakin batzuetan murrizketa operatibo bat aplikatzea; eta aerosorgailu gatazkatsuentzako protokolo zorrotz bat aplikatzea.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen zerbitzuek positiboki baloratzen dute ME-06, ME-07 eta ME-03 aerosorgailuak kentzea, proiektuaren lehen bertsioaren arabera gatazkatsuenak baitira.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen zerbitzuek, IIAren lehen bertsioari buruzko 2025eko ekainaren 25eko txostenean, adierazi zuten beharrezkotzat jotzen zutela linea elektrikoaren aireko tartea (50 m TAEraino) xehetasunez aztertzea eta birplanteatzea, eta beste aukera batzuk aztertzea, hala nola airean proiektatutako linea elektrikoa lurperatzea, betiere teknikoki posible bada, eta ezinezkoa izanez gero, elektrokutatzea eta talka egitea saihesteko sistemak instalatzea. Ildo horretan, sustatzaileak 2026ko maiatzean aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren gehigarrian, Mendi sekzionamendu-zentrotik Aiara TAEra doan ebakuazio-linea erabat lurperatzea planteatu zen.

3.2.1.2.– Kiropteroak.

IIAren 04. eranskinean aurkeztutako kiropteroen emaitzei dagokienez, Pipistrellus (P.pipistrellus eta P.kuhlii) bi espezieak erregistroan izan ziren nagusi (igarotzeen % 88), eta, ondoren, Nyctalus leisleri (igarotzeen % 3,3) eta Eptesicus serotinus (igarotzeen % 4,7). Guztira, 12 espezie detektatu ziren, eta beste zenbait kasu generoari dagokionez (Myotis, Nyctalus, Plecotus). Identifikatutako espezie guztiak Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan jasota daude, eta mehatxu-maila handia jasaten duten espezieen erregistroak nabarmentzen dira: Barbastella barbastellus, galzorian; eta beste 5 espezie (Rhinilophus ferrumequinum, Miniopterus schreibersii, Nyctalus lasiopterus, Nyctalus noctula, Plecotus auritus) kalteberatzat jotzen dira.

Ingurumen-inpaktuaren azterketan kiropteroak babesteko zenbait neurri proposatzen dira, besteak beste aerosorgailuen funtzionamendua operatiboki murriztea. Urte bakoitzeko maiatzaren 1etik urriaren 31ra bitartean geldirik egongo dira, eguzkia sartu baino ordubete lehenagotik ilunabarraren ostean lau ordu igaro arte, tenperatura 12.ºC-tik gorakoa denean eta aerosorgailuaren errotorearen altueran haize-abiadura 6 m/s-tik beherakoa denean.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen zerbitzuek ezarritakoa betetzeko gehitu da neurri hori.

Bereziki abifaunari eta kiropteroei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak egokitzat jotzen du sustatzaileak hurbileko parke eolikoen jarraipen-sistemak koordinatzeko egindako proposamena, eta ildo horretan aurrera egiteko eskatu du.

3.2.2.– Natura 2000 Sarean eta konektagarritasun ekologikoan duen eragina.

Parke eolikoa naturagune babestuetatik kanpo egon arren, horien artean dago, eta zeharkako eragina izan dezake espezieek espazio horien artean duten mugikortasunean. Egoera hori areagotu egin daiteke ingurunean izapidetzen ari diren beste parke eoliko batzuk daudelako; izan ere, inpaktu hori metatzen dute eskualdeko konektagarritasunari dagokionez.

Kiropteroei dagokienez, IIAn jasota dago gerta litekeen hesi-efektu bakarra migrazio-mugimenduak eragoztea izango litzatekeela. Hala ere, kiropteroen migrazio-hegaldiaren altuera eta aerosorgailuen kopuru txikia kontuan hartuta, ez da gertagarritzat jotzen ondorio hautemangarriak eragitea kiropteroen gaineko hesi-efektuari dagokionez; izan ere, igarotzeko iragazkortasunari eutsiko diote, murrizketa nabarmenik gabe.

Abifaunari dagokionez, IIAn jasota dago gaur egun ez dagoela Euskadiko hegaztien migrazio-ibilbideei buruzko informazio kartografikorik, baina horri buruzko berrikuspen bibliografikoa egin dela. Hala ere, berrikuspen horren osagarri, badago Bizkaiko Espezie Basatien Birgaitze Zentroko GPS bidez markatutako sai arreari buruzko informazioa, eta faunaren azterketan dago jasota (IIAren 04. eranskina). Aleetako baten kasuan erregistratu ziren joan-etorrietan, Gorobel mendilerroko eremu babestuaren ingurunetik etorkizuneko parkearen eremura hurbildu izana hauteman da, nahiz eta ez den maiz izan; halaber, ez da izan detektatutako desplazamenduen lehentasunezko norabidea ere. Hala ere, horrek agerian uzten du inguruko eremu babestuetatik datozen eta antzeko ezaugarriak dituzten beste espezie batzuk ere proiektuaren eremura hurbil daitezkeela, besteak beste, harrapariak, planeatzaileak edo hegazti nekrofagoak.

IIAren arabera, abifaunaren azterketaren datuek eta gaur egun dagoen bibliografiak erakusten dute parke eolikoaren kokalekua ez litzatekeela egongo naturagune babestuen arteko konexiorako lehentasunezko ibilbidearen barruan.

Beraz, faunaren hilkortasuna eta konektibitate ekologikoan nolabaiteko aldaketa izateko aukera alde batera utzi gabe, IIAk ondorioztatzen du Natura 2000 Sareko hegazti- eta kiroptero-populazioek ez dutela inpaktu nabarmenik izango, kontuan hartuta parke eolikoaren tamaina, hurbil egon daitezkeen aireko korridoreen kokapena eta babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak hartzea. Jasota dagoenaren arabera, nolabaiteko arriskua egon daiteke, baina, nolanahi ere, proiektua abifaunarentzako eremu kritikoetatik urrun dago, eta arrisku hori Ingurumena Zaintzeko Plan espezifikoaren bidez kontrolatuko da.

Gainera, IIAn prebentzio-neurriak ezartzen dira konektagarritasun-arazo gehien izan ditzaketen espezieei buruz beharrezkoa den informazioa eskuratzeko; zehazki miru gorriaren migrazioaren azterketa espezifikoa (5 ale GPSaren bidez markatu beharko dira) egingo da, lortutako emaitzen arabera une gatazkatsuetan aerosorgailuak gelditzeari buruzko erabakiak hartu ahal izateko. Hala, IIAn neurrizkotzat jotzen da inpaktua.

Horri dagokionez, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen zerbitzuek adierazi dute ME-06 eta ME-07 aerosorgailuak kentzeak, dorre meteorologikoa barne, aukera ematen duela ipar-ekialde/hego-mendebalde korridore bat irekitzeko (1,3 km), zeinak neurri batean murriztuko baitu espezie migratzaile eta ez-migratzaile askok talka egiteko duten arriskua.

Bestalde, faunari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak uste du proiektuan egindako aldaketek eta, zehazki, ME-06, ME-07 eta ME-03 aerosorgailuak kentzeak (IIAren lehen bertsioan proposatu ziren) nabarmen murrizten dutela abifauna eta kiropterofauna espezieen hilkortasun-arriskua.

3.2.3.– Paisaian izango duen inpaktua.

Ikusizko inpaktu nagusia aerosorgailuak, dorre meteorologikoa, bideak eta sekzionamendu-zentroa egoteak eragingo du.

IIAren 02. eranskinean paisaia integratzeko azterketa bat jasota dago. Horren bidez, aerosorgailuen ikusgarritasuna aztertu da parke eolikoaren inguruko 15 km-ko erradioan, bai eta proiektuaren gainerako elementuena ere (sarbideak, sekzionamendu-zentroa, etab.), horien inguruko 5 km-ko erradioan. Lortutako emaitzen arabera, aerosorgailuak aztertutako eremuaren % 24,77tik ikusi ahal izango dira. Proiektuaren gainerako azpiegiturei dagokienez, 5 km-ko erradioan, aztertutako eremuaren % 23,71tik ikusiko dira.

Sustatzaileak adierazi du, azterketaren emaitzetan ondorioztatu daitekeen bezala, aerosorgailuak nabarmen ikusten direla. Horri dagokionez, ikusgarritasun-balioak nabarmenak dira parke eolikoarekiko lehen 7 km-ko hego-ekialdeko herenaren zati handi batean; izan ere, A-624 errepidearen hego-mendebaldean, Amurrioko hirigunearen inguruan, dagoen mendikate txikiaren hegal gehienak orientazio eta goragune egokiak dituzte, eta, horietatik, aerosorgailu guztiak ikus daitezke. Eremu eta distantzia berean, nabarmena da Amurrioko hiri-ingurunearen eta Amurrioko hego-mendebaldean dagoen haranaren beheko eremuaren ikusgarritasuna. Parke eolikoaren ipar-mendebaldean, eta lehen 5 kilometroen barruan, halaber, nabarmena da Pagonabarra mendiaren ekialdeko hegalen (602 m) eta aerosorgailuen kokapenetik gertuen dauden eta mugakide diren mendien sistemen ikusgarritasuna. 5 eta 10 km artean, Amurrioko hirigunearen eta A-624 errepidearen hego-mendebaldean dauden aipatutako eremuez gain, nabarmentzekoa da parke eolikoa nabarmen ikusten dela eremu menditsuetatik, hala nola Arna (1243 m), Kolometa (1006 m), Burbona (934 m), Mojón alto (840 m) eta Andotoleta gailurra (792 m) mendietatik. Horietatik, parke eolikoko aerosorgailu ia guztiak ikusiko dira. 10 eta 15 km arteko distantzian, aerosorgailuen ikusgarritasuna nabarmen murrizten da, baina parkea oraindik ere ikus daiteke eremu batzuetatik, hala nola iparraldean Ganekogortaren inguruan dagoen gailur-lerrotik (996 m) eta, batez ere, ekialdeko hegaletatik eta Gorobel mendilerroko labarraren ertzetik (parke eolikotik 12 km hego-mendebaldera dago).

Hiriguneei dagokienez, Amurrioz gain (parke eolikoaren magalean dagoenez ikusgarritasuna nabarmena da), beste eremu batzuk nabarmentzen dira, hala nola Saratxoko industrialdeak (Amurrioko hegoaldean) eta Aiara-Murgako industrialdeak (Amurriotik 2 km-ra ipar-mendebaldera), horietatik aerosorgailu guztiak ikusi ahal izango baitira.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak adierazi du proiektuaren bertsio berriaren paisaia-inpaktua txikiagoa izango dela hasierako proiektuarekin alderatuta; izan ere, aerosorgailuen kopurua murriztu egingo da (nahiz eta horien altuera handiagoa izan, aldea ez da esanguratsua), bai eta ingurunean proiektatutako beste parke eoliko batzuekin ondorio metagarri eta sinergikoak sortzeari dagokionez ere. Gainera, ME-04 - ME-05 eta ME-05 - ME-02 aerosorgailuen arteko tartea zabala da, eta, hortaz, azpiegiturak ikusizko inpaktu txikiagoa izango duela uste du.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen zerbitzuen ustez, ME-06 eta ME-07 aerosorgailuak kenduz gero, nabarmen murriztuko dira indusketak eta lur-mugimenduak eremu oso ikusgarri batean, eta, era berean, positiboki baloratzen dute dorre meteorologikoa kota askoz ere baxuago batean birkokatzea (itsas mailatik 680 metroko kotatik gutxi gorabehera 580 metroko kotara igaroko baita).

3.2.4.– Nekazaritzan izango duen eragina.

IIAren 13. eranskinean, nekazaritza-sektorearen gaineko eraginaren ebaluazio bat gehitu da, Nekazaritza eta Basogintzako LPSaren I. eranskineko D dokumentuan («Jarduketa-tresnak») xedatutakoari jarraikiz. Gainera, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak 2025eko ekainaren 4ko txostenean (2025eko abenduaren 19ko txostenarekin osatu zen) Nekazaritza-sektorearen gaineko Eragina Ebaluatzeko Protokoloa jasotzen du (aurrerantzean, SEEP).

IIAren gehigarrian, Mendi sekzionamendu-zentroaren kokapena eta ebakuazio-linearen trazadura aldatzen dira, eta, beraz, sustatzaileak aldaketa horien berri eman beharko dio Arabako Foru Aldundian nekazaritza-arloan eskumena duen organoari.

3.2.5.– Biztanleengan izango duen eragina.

Zaratari dagokionez, 06. eranskinaren azterketa akustikoan lortutako emaitzen arabera, funtzionamendua ohikoa denean, ME-04 eta ME-05 aerosorgailuek ez dituzte betetzen isurtzeko muga-balioak eta kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskinaren 2. zatiko F taulan ezarritakoaren arabera. Ondorioz, IIAn zehaztuta dago ME-04 eta ME-05 aerosorgailuak gauez 107.2 dB (A)-ko gehieneko soinu-potentzian funtzionatu behar dutela, eta funtzionamendu hori 8 m/s-ko gehieneko haize-abiadurara mugatuta dago.

Beraz, aintzat hartuta herrietara eta zarata sortzen duten azpiegitura eta instalazioetara dagoen distantzia eta 06. eranskinean jasotako modelizazio akustikoen emaitzak, sustatzaileak inpaktua intentsitate txikikotzat eta hedapen puntualtzat jotzen du, jarduera etetean berehala berreskuratu baitaiteke, eta bateragarria da.

Zaratari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak azterketa akustiko espezifiko bat egiteko eskatu du, Elexazar aztarnategia xede puntutzat hartuta, bisitarien gaineko eragin akustikoa aztertzeko, kontuan hartuta museo-aztarnategi horietan bisita gidatuak egin ohi direla. Sustatzaileak erantzun du egungo araudian, akustikaren zein kulturaren arlokoan, ez dagoela atalase akustiko onargarririk hizpide dugun bezalako elementu arkeologiko bati dagokionez; hortaz, txertatzen den eremu motari dagozkionak aplikatu dira, IIAren 06. eranskinean islatzen den bezala. Izan ere, agerian geratzen da aplikatu beharreko legedian ezarritako balioak betetzen direla. Nolanahi ere, eta elkarbizitza hobea izan dadin, sustatzaileak neurri aringarri gisa proposatu du aztarnategian audiogida batzuk instalatzea, bisitaren esperientzia hobetzeko eta aerosorgailuen zaratak eragindako eragozpenak saihesteko.

Itzalen Azterlanean (IIAren 14. eranskina) xedatutakoaren arabera, ME-04 aerosorgailutik gertu dauden 5 hartzaile potentzialetatik (landa-etxebizitzak) 4k balio esanguratsuak lortzea espero da, eta 8 ordu itzal/urte atalasea gainditzea. Beraz, beharrezkotzat jotzen da neurriak ezartzea; besteak beste, 4 hartzaileen (inguruko landa-eraikinak) jarraipen-lanak egitea eta haien benetako egoera eta erabilera ezagutzea, inpaktu hori murriztuko duten oztopoak aurkitzeko, bai eta fase operatiboan jarraipena egitea ere, kalkulatutako zenbatespenen egokitzapena egiaztatzeko. Emaitzen arabera, neurri hauek ezartzen dira: arkitektura- edo natura-hesiak jartzea eta/edo aldi baterako geldialdi teknikoak programatzea atalaseak gainditzen diren garaietan lainorik gabeko egunetan. Era berean, keinada-efektu nabarmena antzematen den leiho edo geletan fotorrezeptoreak instalatzea proposatu da.

3.2.6.– Sinergiak.

Energia berriztagarrien instalazioak, dela eolikoak dela fotovoltaikoak, elkarrengandik distantzia txikira metatzeak efektu garrantzitsuak, metagarriak edo sinergikoak izan ditzake udalerrietan bertan eta inguruan.

11. eranskinak IIAren ondorio metagarri eta sinergikoen azterketak azpiegitura garrantzitsuenen presentziak proiektuaren fase desberdinetan eragindako ondorio sinergikoak aztertzen ditu: faunari eragindako inpaktuak, fauna-habitaten galerari, hesi- eta talka-efektuari dagokionez, zein landarediari, paisaiari, naturagune babestuei eragindakoak eta zaratari lotutakoak. Azterketa IIAren esparruan egindako beste azterlan espezifiko batzuekin osatzen da, hala nola abifaunaren eta kiropterofaunaren azterketarekin, azterketa botanikoarekin, paisaia-azterketarekin eta abarrekin.

Faunak talka egiteari dagokienez, azterlanak adierazten du litekeena dela ondorio metagarriak agertzea abifaunan eta kiropterofaunan, beste proiektu batzuk hurbil daudelako, baina ez da uste esanguratsua izango denik, ingurumen-inpaktuaren azterketan planteatutako neurri arintzaileei eta ingurumen-jarraipenari esker.

Hesi- edo konektagarritasun-efektuari dagokionez, azterketak ez du efektu sinergikorik edo metagarririk identifikatu eskala handiko mugimenduetan. Hala ere, faunari buruzko azterlan espezifikoen azken emaitzak ikusita, eskualde-mailan, hegaztien eta kiropteroen gaineko ondorio metagarriak ager daitezkeela uste da; hala ere, ez da uste maila esanguratsuetara iritsiko denik, neurri aringarriak proposatu direlako, ingurumen-jarraipena egin delako eta, bereziki, parkearen konfigurazio berriaren ondoren, 3 posizio kendu direlako, horietako bi fauna-interakzioari dagokionez gatazkatsuenak direla identifikatu ondoren (ME-06 eta ME-07).

Habitataren galerari dagokionez, hasieran ez da eragin sinergiko eta/edo metagarririk identifikatu, landarediaren eta naturagune babestuen kasuan bezala.

Paisaiaren gaineko eraginari dagokionez, azterketak paisaiaren gaineko metatze-efektu bat identifikatzen du, eremu batzuetatik aldi berean hainbat parke eoliko ikusten baitira. Hala ere, jakinarazi da eragin hori ez dela oso garrantzitsua, proiektuak egoera eta kokapen jakin batzuetan (gailurrak eta leku altuak, behatzaile iraunkorrik ez dutenak) eta distantzia ertain-luzean baino ez baitira ikusten batera.

Naturagune babestuei dagokienez, hasiera batean azterketak ez du identifikatu zuzeneko ondorio sinergiko edo/eta metagarririk inguruneko gune babestuetan, espazio horietan dagoen faunaren zeharkako inpaktua izan ezik, lehen aipatu bezala.

Eragin akustiko bateratuari dagokionez, Mendi PEak hurbileko Larragorri PEarekin eta Ferosca I PEarekin dituen ondorio metagarriak aztertuta, uste da sinergiak ager daitezkeela Larragorri PEarekin, hori baita proiektuaren eremutik hurbilen dagoen parkea. Hala ere, ondorio sinergiko eta/edo metagarri horiek ez dira esanguratsuak, eredu akustikoan lortutako emaitzen arabera. Hortaz, Mendi parke eolikoak bete egingo lituzke jarduera berrien kasuan legeriak kanpoko ingurunerako ezarritako muga-balioa eta kalitate akustikoko helburuak beteko lituzke (213/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzkoa) egoerarik kaltegarriena ere kontuan hartuta (gauekoa), baldin eta aerosorgailuak azterketan adierazitako potentzietara mugatzen badira (108.5 dB (A) ME-01 eta ME-02etan eta 107.2 dB (A) ME-04 eta ME-05etan).

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak, besteak beste, faunan eta paisaian ondorio metagarriak eta sinergikoak sortzeko aukera dagoela ikusi ondoren, garrantzitsutzat jotzen du Larragorri, Ferosca I eta Mendi parke eolikoen operatiboen arteko koordinazio-mekanismoak antolatzea, ahal den neurrian inpaktua murrizteko.

3.3.– Jendaurreko informazioaren izapideen eta kontsulten emaitza.

Ebazpen honen eranskinean, zerrendatu egiten dira jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioak, eta organo substantiboak kontsultatu dituen Administrazio publikoen eta pertsona interesdunen txostenak.

Ebazpenean zehar laburbildu egin dira jendaurreko informazioaren izapideetan egindako txostenetako eta alegazioetako zein eta eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsultetan eskuratutako ingurumen-gogoetak eta -proposamenak.

Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):

1.– Proiektuari ezarritako baldintzak, eta ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak, obra- eta ustiapen-faseetarako.

1.1.– Baldintza orokorrak.

1.1.1.– Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.

1.1.2.– Premiazko neurriei buruzko ekainaren 3ko 105/2008 Dekretuaren (Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea garatzen duena) 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektua garatzeko Plan Berezi bat izapidetu behar da (eta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaio), hirigintzarekin bat datorrela bermatzeko.

1.1.3.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

1.1.4.– Sor daitezkeen aldaketek, puntualak izan arren, ingurumenaren gaineko eraginaren azterketa izan beharko dute, eta, hala badagokio, babes- eta zuzenketa-neurri gehigarriak hartuko dira, eta ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirian txertatuko dira, hargatik eragotzi gabe aurreko puntuan adierazitakoa.

1.1.5.– Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurri horien dimentzionamenduak eta kontrolerako esleitutako langileak nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko.

1.1.6.– Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan eta proiektu-planoetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketan adierazitako neurriei honako apartatu hauetan azaltzen diren neurriak gehitu beharko zaizkie:

1.2.– Fauna babesteko neurriak.

1.2.1.– Obren zuinketa-fasean, eta obren xede den gainazaleko belar-sastrakak kendu aurretik, faunaren alorreko aditu batek egon beharko du obran bertan. Aditu horren eginkizuna izango da detektatzea ba ote dagoen intereseko espezieen habiarik, errunaldirik edo txitarik, gordelekurik, putzurik, hezegunerik eta ur-punturik, basafaunari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Prospekzioa eragindako eremu osora hedatuko da, aldi baterako bada ere. Babestutako faunaren habiak edo babeslekuak hautemanez gero, beharrezkoa izanez gero, berehala hartuko dira dagozkion prebentzio-neurriak, obra aldi baterako geldiaraztea barne, eta horren berri emango zaio Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzari, kasu bakoitzean hartu beharreko neurriak zehaztu ditzan; halaber, organo substantiboari jakinarazi beharko zaio, eta hark ingurumen-organoari jakinaraziko dio.

1.2.2.– Aerosorgailu guztiek sistema automatikoak izango dituzte, detekzio, disuasio akustiko eta geldialdiko moduluekin. Sustatzaileak aztertu beharko du merkatuan eskuragarri dauden teknologia-sistemarik eraginkortasunenak instalatzeko aukera. Haien artean, bereizmen handiko kamera-multzoak dituzten ikusmen artifizial estereoskopikodunak aztertuko ditu, mugimenduan dauden paletara hurbiltzen diren hegaztiak tridimensionalki eta denbora errealean detektatzeko eta kokatzeko gai direnak eta haien ibilbidea erregistratzeko eta aurreikusteko ere bai, eta, horren arabera, disuasio- eta geldiarazte-ekintzak eragiten dituztenak. Neurri horren eraginkortasuna baloratzeko eta sistema horiek kalibratzeko, behatzaileen presentziarekin konbinatuko da lehenengo urtean. Parkearen balio-bizitza osoan zehar, sistema horien eraginkortasuna hobetuko duten gailu teknologiko berriak esperimentatuko dira.

Parkea ezin izango da martxan jarri aukeratutako mekanismoa erabiltzeko moduan ez dagoen bitartean. Hautatutako sisteman edozein aldaketa egiteko, ebazpen honen bigarren apartatuaren 5. puntuan aipatzen den jarraipen-batzordearen adostasuna beharko da.

1.2.3.– Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, zaintza intentsiboa egingo da, gerta litezkeen sarraskiak detektatzeko, eta, kasuak hala eskatzen duenean, kentzeko, miru gorriek, sai zuriek, sai arreek edo beste hegazti nekrofago batzuek aerosorgailuekin talka egiteko arriskua areagotzen duten leku edo baldintzetan. Baldin eta parkean eta haren ingurunean identifikatzen badira animalia-hondakinak botatzeko guneak edo hegazti horiek erakar ditzaketen beste gune batzuk, haien hilkortasun-arriskua areagotu dezaketenak, beste eremu seguruago batzuk proposatu eta ahalbidetuko dira, adostu ondoren mehatxatutako faunaren kudeaketan eskumena duen administrazioarekin nahiz abeltzainekin edo botatzearen beste arduradunekin.

1.2.4.– Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen zerbitzuek 2025eko ekaineko txostenean adierazitakoa kontuan hartuta, obrak hasi aurretik, abifaunaren jarraipen-azterlan espezifikoak egiten jarraitu behar da; zehazki, arreta berezia eskaini behar zaie miru gorriari eta sai zuriari, eraginari erreparatuta garrantzi handieneko espezieak baitira. Lan horiek egiten jarraitu beharko da lanak egiten diren bitartean eta amaitu ondoren ere. Laginketak areagotu egingo dira miruaren eta sai zuriaren migrazio-garaian (udazken-negua eta udaberri-uda, hurrenez hurren).

Emaitzak neurri gehigarriak ezartzeko erabili beharko dira. Halaber, ustiatzen ari diren edo instalatzeko izapidetze-egoera aurreratuan dauden beste parke eoliko batzuetako balizko ondorio metagarriak eta sinergikoak aztertuko dira. Horri esker, mehatxatutako hegazti-espezie horiei buruzko datuak alderatuko dira lurraldeko beste puntu batzuetan, balizko eragina baloratzeko eta zehazteko. Horretarako, kontuan hartu behar dira espezieek Arabako Lurralde Historikoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan duten presentziari buruzko datuak. Azterketa horien emaitzaren arabera, sustatzaileak eta ebazpen honen bigarren apartatuaren 5. puntuan aipatzen den jarraipen-batzordeak balioetsiko dute beharrezkoa ote den aerosorgailuen geldialdi selektiboak programatu beharra, migrazioaren une kritikoetan.

Miru gorriari dagokionez, proiektuaren ingurunean negua igarotzen duten populazioak aztertuko dira, parke eoliko horren inpaktua behar bezala baloratu ahal izateko. Migrazio-bidea sakon aztertu eta data eta ordutegi jakin batzuk ezarri beharko dira, Jarraipen Batzordearekin adostu ondoren, eztei aurreko eta osteko igarobideetan; kasu horretan, aerosorgailuak geldirik egon beharko dira, hegaztiak talken ondorioz hil ez daitezen, galtzeko arriskuan dagoen espeziea baita. Horretarako, beste azterketa bat egin beharko da, parke eolikotik hurbilen dauden etzalekuetako bateko gutxienez 5 ale GPSarekin markatzeko. Helburua da aerosorgailuak gelditze-aldiak zehaztea, hautemandako arriskuarekiko modu propoportzionalean. Gutxienez 5 ale aktibo markatu behar dira; beraz, horietakoren baten seinalea edozein arrazoirengatik galtzen bada, beste ale bat markatuko da.

1.2.5.– Eraikitzeko baimena lortu ondoren, sustatzaileak kiropteroen babesleku garrantzitsuen prospekzioari buruzko ikerketa egiten jarraitu beharko du, eta 5 kilometroko erradiora zabalduko du kokalekuaren inguruan, populazio horien datuak biltzen jarraitzeko.

1.2.6.– Kiropteroen talka-arriskua minimizatzeko, aerosorgailuek geldirik egon beharko dute eguzkia sartu baino ordubete lehenagotik eta ilunabarraren ostean lau ordu igaro arte, beheko errotorearen parean 6 m/s-tik beherako haize-abiadura dagoenean eta meteorologia egokia denean kiropteroek hegan egiteko; hau da, euririk eta lainorik ez dagoenean eta 14 ºC-tik gorako tenperatura dagoenean, intsektuak dauden ohiko aldietan (apiriletik irailera, urrira arte luza daiteke, hilkortasunaren jarraipen-datuen arabera).

1.2.7.– Aire-segurtasunerako seinaleztapen- eta argiztapen-sistemak ezarri beharko dira, eta horiek ahalik eta inpaktu txikiena sortuko dute faunarengan eta paisaian.

1.3.– Batasunaren eta eskualdearen intereseko flora, landaredia eta habitatak babesteko neurriak.

Arabako mendiei buruzko foru-arauan xedatzen dena gorabehera, eta, hala badagokio, eskumena duen Arabako Foru Aldundiko organoak ezartzen duena eragotzi gabe, neurri hauek ezarriko dira:

1.3.1.– Proiektuaren inguruan, zenbait interesgune topatu dira, ametzak eta pago lepatuak daudelako. Gune horiek kontserbatzen direla bermatzeko, obren zuinketa fasean eta lurrak mugitzeko fasean, floran eta landaredian aditua den norbaitek egon beharko du obran. Haren eginkizuna izango da guneon kokapenak identifikatzea eta seinaleztatzea, bai landan, bai xehetasunezko kartografian, parke eolikoa eraikitzeko lanek eremu horietan eraginik ez dutela bermatzeko bezain argi eta era osatuan. Seinaleztapen hori obra-zuzendaritzak baimendu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.16 puntuan aipatzen den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

1.3.2.– Era berean, ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira aerosorgailuen zuinketa-faseko kokaleku zehatza, obrarako sarbideak, zangak, bideak, makinak edukitzeko guneak, eta obra-materialak pilatzeko nahiz landare-lurra aldi baterako metatzeko eremuak, baita Mendi sekzionamendu-zentroa ere.

Bereziki saihestuko dira intereseko landarediari (baso naturalak), bertako landarediari eta intereseko florari zuzenean edo zeharka eragin diezaioketen kokaleku guztiak. Horri dagokionez, aerosorgailuen posizioa behar adina doituko da egikaritze-proiektuan, eta, hala, minimizatu egingo da zuhaitz-landaredian, Batasunaren intereseko habitatetan eta katalogatutako flora-populazioetan beharrezkoa ez den edozein afekzio, bai plataformak instalatzeagatik, bai egin beharreko zanga eta bide gehigarriengatik.

Era berean, aerosorgailuetara sartzeko proiektatutako konponbidea zehatz-mehatz berrikusi beharko da, azken eraikuntza-diseinua zehatza eta oso arrretatsua izan dadin, bertako zuhaitz-aleei eragitea saihestuz, eta arreta berezia jarriz kerzineei eta pago lepatuei.

Ildo horretatik, eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuak adierazi duenez, ebakuazio-linearen eta MIA-04 eta MIA-05 aerosorgailuen artean proiektatutako sarbidearen kasuan, pago lepatuei eta belardi/ihidiei eragin ahal zaien edozein kalte saihestu behar da. Sustatzaileak proposatutako neurrien egokitasunari buruz galdetuko zaio foru-organo eskudunari, aipatutako elementuetan eragin nabarmenik ez izateko.

Gainera, parke eolikorako sarbidearen hasieran, ahalik eta gehien murriztu beharko da bertako amezti eurosiberiarraren gaineko eragina, zehazki, 9230. BIH Harizti galaiko-portugesen gainekoa (Quercus robur eta Quercus pyernaica).

1.3.3.– Aurreko paragrafoetan aipatutako prospekzio- eta mugaketa-lan botanikoetan Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoko beste gune edo espezie interesgarri batzuk aurkitzen badira, tarte horretan geldiarazi egingo da obra, eta egoera horren berri eman beharko zaie Arabako Foru Aldundiko organo eskudunari eta organo substantiboari, eta azken horrek, era berean, ingurumen-organoari jakinaraziko dio.

1.3.4.– Era berean, kontrolatu egingo da proiektua egiteko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan egiten direla obrak. Obretarako prestatutako pistetatik, bideetatik eta aparkalekuetatik kanpo, makinen eta ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta txikiena izango da.

1.3.5.– Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da eraginik izan, sarbideak egiteagatik, materialak biltzeagatik, instalazioak kokatzeagatik edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

Istripuz kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo,neurri zuzentzaileak eta lehengoratze-neurriak hartu ahal izango dira. Aldez aurretik, txostena egingo du ebazpen honen 1.16 apartatuan aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.

1.4.– Mendiak, nekazaritza eta abeltzaintza babesteko neurriak.

1.4.1.– Obrak egin aurretik, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzaren aldeko txostena jaso beharko da, sekzionamendu-zentroaren eta ebakuazio-linearen trazadura berriaren eta EAEko Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialaren bateragarritasunari buruz.

1.4.2.– Obrak hasi aurretik, sustatzaileak berariazko baimena eskatu beharko dio Nekazaritza Zuzendaritzari honako onura publikoko mendi hauei dagokionez: «Lejazar gaina» (1.); «Arcillones» (16.); «Velamburueta» (56.) «Ejido de Larrinbe» (64.).

1.5.– Lurzoruaren eta lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea babesteko neurriak.

1.5.1.– 2026ko maiatzean aurkeztutako IIAren gehigarrian proiektatuta dagoenaren arabera, Nerbioi eta Izoria ibaien ibilguetan lurpeko tinkatze bidez ebakuazio-linea gurutzatzeko, arroko erakundearen nahitaezko administrazio-baimena behar da, eta Uraren Euskal Agentzian izapidetu beharko da.

Era berean, sarbide berrian aurreikusita dagoen Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko pasabidea egiteko, arroko erakundearen nahitaezko administrazio-baimena behar da, eta Uraren Euskal Agentzian izapidetu beharko da.

Gainera, uren arloan indarrean dagoen araudiaren arabera, nahitaezko baimena beharko dute jabari horretan nahiz haren zortasun-eremuetan (5 metro) eta zaintza-eremuetan (100 metro) egiten den jarduketa orok, eta Uraren Euskal Agentzian izapidetu beharko da. Baimen horren esparruan zorrotz aztertuko dira ezaugarriak eta eraginak, eta, hala badagokio, dagozkion baldintzak ezarriko dira.

1.5.2.– Ibilgailuen zirkulazio-plataformak garbitzeko urak husten dituzten bideetako eta sarbideetako jabari publiko hidraulikoaren gaineko zeharkako drainatze-lineetan, kutsadura minimizatzeko sistemak aurreikusi beharko dira jabari horretara isuri aurretik.

1.5.3.– Pista eta zangak egokitzeko eta irekitzeko jarduketak egin aurretik, lur-mugimenduak dauden eremuetatik hurbilen dauden ur-puntuen kokapen zehatza egiaztatu beharko da. Horiek babesteko behar diren neurriak zehaztuko dira, eta obrak egin bitartean ur-puntu horien inguruan kontu handiz jardungo da. Aprobetxamendu horiek egokitzeko obrak egiteko aukera aurreikusiko da, edo, hala badagokio, murriztutako emariak leheneratzeko hornidura-sistema alternatiboak aurreikusiko dira. Horretarako hartzen diren neurri zehatzak pista hori egiteko proiektuan zehaztu beharko dira.

1.5.4.– Eraikuntza-proiektuak ura hartzea aurreikusten badu, nahitaezkoa den aldi baterako baimena/emakida eskatu beharko zaio aldez aurretik arroko erakundeari.

1.5.5.– Obra-fasean lursailera eta ibilgu publikoetara egin daitezkeen isurketei dagokienez, arroko erakundearen aldez aurreko baimena beharko da, eta horren esparruan ezarriko dira kasuan kasuko preskripzioak. Era berean, jarduteko fasean kontrol-zentroaren instalazioetan jardueraren ondorioz lursailera edo ibilgu publikora isurketak egin behar badira, arroko erakundeari nahitaezko isurketa-baimena eskatu beharko zaio, eta Uraren Euskal Agentzian izapidetu beharko da.

1.5.6.– Neurri egokiak hartuko dira lurrazaleko zein lurpeko urei istripuz eragin diezaiekeen isurketarik eta lur-arrasterik ez izateko. Horretarako, obren zuinketa fasean, eta kasu guztietan ere eremu horretako lur-mugimenduak hasi aurretik, obra-zuzendaritzak, bigarren apartatuaren 1.16 puntuan aipatutako ingurumen-aholkularitzaren ikuskaritzarekin, beharrezkoak diren neurri guztiak hartu beharko ditu obra-leku desberdinetatik datozen ur kutsatuak parkearen inguruneko lurrazaleko zein lurpeko uretara eta natura-interes handiko eremuetara irits ez daitezen. Kontu handiz ibili beharko da Iperraga errekaren goi-ibarrean, Izenik Gabeko ibilguan (5501), Bergantza ibaian, Amestui ibaian, Izoria ibaian eta Nerbioi ibaian.

1.5.7.– Aurreko puntuan adierazitako helburu berarekin, euria egiten duen egunetan ez da lur-mugimendurik egingo, makinak ez dira joan-etorrian ibiliko eta, oro har, ez da eremuko lurrazaleko uretara solido esekiak eramaten nabarmen lagun dezakeen edozein jarduera burutuko.

1.5.8.– Makinak mantentzeko eta garbitzeko eragiketak eta isurketa kutsatzaileak eragin ditzaketen gainerako ekintzak horretarako prestatutako gunean egingo dira. Eremu hori egokitu egingo da, istripuz isuri edo botatako likidoak edo solidoak bildu ahal izateko moduan, horiek lurzoruan iragazi edo ibilguren batera iritsi aurretik.

Obraren makina-parkera bideratutako azalera eta haren mantentze-gunea drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta lantegiko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

1.5.9.– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da (biribilkiak, material pikortatua, etab.), berehala erabili ahal izateko istripuz isuri edo ihesik badago. Istripuz jario edo isuriak daudenerako jarduteko protokolo bat ezarriko da.

1.5.10.– Hormigoi-upelak horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoi-garbiketaren esneak ibaiaren ibilgura isurtzea. Hormigoi-hondakinak ebazpen honen 1.11 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

1.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

1.6.1.– Arabako Lurralde Historikoko Kultura Ondarearen balizko eraginei dagokienez, sustatzaileak bete egin beharko ditu Kultura eta Arkeologia Ondarearen arloan eskumena duen foru-organoak horri buruz ezartzen dituen jarraibideak.

1.6.2.– IIAk proposatzen dituen neurri zuzentzaile eta babesleak (prospekzio eta zundaketa arkeologikoak oinarri hartuta), eta obretan planteatutako kontrola eta jarraipena, nolanahi ere, kulturaren eta ondare arkeologikoaren arloan eskumena duten organoek aztertu eta ebaluatu beharko dituzte, Arabako Foru Aldundikoek zein Eusko Jaurlaritzakoek.

1.6.3.– Ildo horretan, Arabako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuaren txostena kontuan hartuta, proiektu arkeologiko bat aurkeztu beharko da. Proiektu arkeologiko horrek, aldez aurretik, honako hauek jasoko ditu: ETLLak eragindako tartea Elexazar aztarnategian induskatzea; proiektuan obrek, sarbideek eta ebakuazio-lineek dakartzaten lur-mugimendu guztien kontrol arkeologikoa egitea; QARKren azterlanean aipatutako ondare-afekzioko eremuaren barruan dauden ondasun guztiak (eraikitako ondasunak, ondasun arkeologikoak eta baso-arkeologiako elementuak) balizatzea; eta ukitutako mendi-mugarriak ateratzea, kontserbatzea eta birjartzea. Organo horren txostenaren arabera, udalek ezin izango dute udal-obretarako lizentziarik eman, harik eta Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak baimendutako proiektu arkeologiko bat izan arte.

1.6.4.– Zerbitzu horrek jakinarazi duenez, eraikuntza-aztarna esanguratsuak daudela egiaztatuz gero, zangaren trazadura desbideratu beharko da, aztarnategi arkeologikoa ez zeharkatzeko, etorkizuneko mantentze- eta ikerketa-lanak oztopatuko dituen lurpeko linea elektrikoaren presentziak legezko zortasunik izan ez dezan.

1.6.5.– Proiektuaren aldaketa oro Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari jakinarazi behar zaio, Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 65. artikuluaren arabera. Ildo horretan, organo horri ebakuazio-linearen trazadura berriaren berri eman behar zaio, azterketa arkeologiko berriarekin batera (IIAren 03. eranskina, 2026ko maiatzean aurkeztua).

1.7.– Paisaia lehengoratzeko eta obrak integratzeko neurri zuzentzaileak.

1.7.1.– Lanek ukitutako eremu guztiak lehengoratuko dira, baita lehengoratze-planean agertu ez arren obren ondorioz kaltetu direnak ere. Ingurumen-lehengoratzean lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko da, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere.

1.7.2.– Lur-mugimenduak dauden bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, ukitutako eremuak lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.

1.7.3.– Eragindako eremu guztiak lehengoratzeko neurriak (aerosorgailuetarako sarbide nagusia, operatiboak izateari uzten dioten gaur egungo pisten eta sarbideen zatiak, barne-bideak, aerosorgailuen lerrokatzea, husteko linea elektrikoa eraikitzeak kaltetutako azalerak) obrekin batera egikarituko dira, eta, horrela, obrek aurrera egin ahala, ingurumen-inpaktuaren azterketen adierazitako birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira. Lehengoratuko diren gainazalek ureztatze-sistema bat izan beharko dute, gutxienez landareztatzearen lehenengo faseetan.

1.7.4.– Parke eolikoaren bizitza baliagarri osoan zehar, zenbait mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean. Ez da pestizidarik, herbizidarik edo antzekorik erabiliko landaredia tratatzeko.

1.7.5.– Aurreko paragrafoetan adierazitako eginbeharrak betetze aldera, parke eolikoa egiteko proiektuak barnean hartu beharko du ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektu bat, aurreikusten bada obren ondorioz kalte egingo zaiela eremu horiei.

Proiektu horrek hirugarrenek egikaritzeko adinako xehetasun-maila izan beharko du, eta benetan ukitutako eremuak lehengoratzeko jarduketa guztiak jasoko ditu. Gainera, instalatutako landare-estalkia hasierako lehengoratzearen ondorengo 5 urteetan zaintzeko eta mantentzeko kostuaren aurrekontua jaso beharko du. Orobat, 5 urtean behin ebaluatuko da lehengoratutako eremuaren bilakaera, eta lehengoratzearen arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

1.7.6.– Obra kontratatzeko baldintza-agiriak zein aurrekontuek barne hartu beharko dituzte proposatutako landareztatze- eta paisaiaren lehengoratze-jarduketak behar bezala betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak.

1.8.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

1.8.1.– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondorengo garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketek ukitutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak igarotzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

1.8.2.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta zatikirik ez barreiatzeko.

1.9.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

1.9.1.– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki biztanleguneen inguruan, eta, bereziki, indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, zarata sortzeko ordutegia mugatzean eta erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.

1.9.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

1.9.3.– Egunez bakarrik egingo da lan.

1.9.4.– Parke eolikoak, funtzionamendu fasean, nahitaez bete beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 1. eranskineko 2. zatiko F taulako muga-balioak.

1.9.5.– Sortutako zarata-mailen jarraipenetik ondorioztatzen bada biztanleguneren batean edo etxebizitza isolaturen batean legez ezarritako zarata-atalaseetako bat gainditu dela, organo substantiboari eta eragindako udalari jakinaraziko zaie. Kasu horretan, zarataren jatorri den aerosorgailua edo aerosorgailuak prebentiboki geldiaraziko dira. Sustatzaileak zarataren kausak aztertuko ditu, egindako inpaktu akustikoari buruzko azterlana berrikusiko du, eta bi administrazioei prebentzio- eta arintze-neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie, aerosorgailuaren diseinuari edo funtzionamenduari eragingo diotenak. Sustatzaileak ekintza horiek egin arte ezin izango du aerosorgailua berrabiarazi, eta organo substantiboak berariaz jakinarazten dizkion baldintzetan jarriko du martxan. Gainera, inpaktu horren jarraipena areagotuko du eta ezarritako neurri aringarriak gauzatzen direla eta eraginkorrak direla ziurtatuko du. Ondoren, neurri gehigarriak ez direla eraginkorrak ikusten bada eta zaratek legez ezarritako atalaseak gainditzen jarraitzen badute, organo substantiboak, lehendik hartutakoez gain, beste prebentzio-neurri edo neurri aringarri batzuk zehaztuko ditu, eta, arazoak irauten badu, zarata sortzen duten aerosorgailuen funtzionamendua behin betiko eten, eta eraitsi egin beharko dira.

1.9.6.– Azterketa akustikoaren emaitzen arabera, gauez (23:00etatik 07:00etara), ME-04 eta ME-05 aerosorgailuek ezingo dute funtzionatu 8 m/s-tik gorako haizeekin, 107.2 dB (A) ez gainditzeko eta aldi horretan ezarritako legezko muga-balioak betetzeko.

Hala ere, sustatzaileak proposatuta eta modelizazio akustikoaren emaitzak alderatzeko, erakunde egiaztatu batek zarata neurtzeko kanpaina bat edo gehiago egin ahal izango ditu azterketa akustikoan aurreikusitako hartzaile sentikor berberen kasuan, gauez (Ln) eta haizearen gehieneko abiadurari dagokion 108.5 dB (A) gehieneko soinu-potentziarekin (8,5 m/s). Kalitate akustikoko helburu aplikagarriak gainditzen ez direla egiaztatuz gero, ingurumen-organoak erabaki ahal izango du, organo substantiboarekin batera, aurreko paragrafoko neurria berrikustea.

1.10.– Shadow flickerraren edo aldizkako itzalaren ondorioak murrizteko neurriak.

Hartzaile sentikorren kasuan aldizkako itzalaren maila onargarriak gainditzen badira, azterketa xehatua egingo da gai horri buruzko gida eguneratuak oinarri hartuta; era berean, eskura dauden teknikarik onenak aplikatuko dira efektu hori arintzeko (adibidez, aldi baterako deskonexio-sistemak erabiltzea aldizkako itzalaren efektua kontrolatzeko). Ildo horretatik, sustatzaileak proposatutako hesi naturalak edo artifizialak ezartzea ez da jo neurri zuzentzaile egokitzat.

1.11.– Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.

1.11.1.– Proiektuaren gauzatze- eta ustiatze-faseetan zehar sortutako hondakinak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

1.11.2.– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

1.11.3.– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada hondakinak balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik.

1.11.4.– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

1.11.5.– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

1.11.6.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

1.11.7.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

1.11.8.– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

1.11.9.– Aipatutako ontziak edo bilgarriak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

1.11.10.– Apirilaren 8ko 7/2022 legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, erabilitako olioa andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok etiketatuta egon eta azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

1.11.11.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

1.12.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.

1.12.1.– Eremuko zenbait partzela agertzen direnez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak (Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzekoak) eta lege hori garatzen duen 209/2019 Dekretuak xedatutakoa bete beharko da.

1.12.2.– Era berean, obrak gauzatzean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak detektatzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.

1.13.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak eragindako eremua obrako hondakinik gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honen 6.9 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

1.14.– Konpentsazio-neurriak.

1.14.1.– Konpentsazio-neurriak Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuarekin eta Ingurumen Jasangarritasunaren Zerbitzuarekin adostu beharko dira. Horri dagokionez, sustatzaileari eskatzen zaio aldez aurretik aipatutako zerbitzuekin harremanetan jartzeko eta balizko neurrien multzoa kontrastatzeko. Neurri horiek, nolanahi ere, natura-ondarea eta biodibertsitatea hobetzeari buruzkoak izango dira.

Neurri horiek hirugarrenek aplikatu ahal izateko beste garatu beharko dira eta proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira.

1.14.2.– Konpentsazio-neurriak adostu ondoren, eta parke eolikoa eraiki aurretik, sustatzaileak konpentsazio-plan bat erantsi beharko dio bigarren apartatuaren 1.7.5 puntuan aipatutako ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektuari. Konpentsazio-plan horrek zehaztapen hauek bete beharko ditu:

a) Kendutako natura-ondarea adinako konpentsazioak ezarriko ditu, eta lehengoratu egingo ditu Batasunaren intereseko habitatak, behin betiko ukituriko pagadiak eta zuhaizti autoktonoak (1:2 proportzioa, hau da, 1 desagerrazi, 2 lehengoratu). Era berean, inguruko baso autoktonoak hobetzeko jarduketak egingo dira.

b) Konpentsazio horiek proiektutik hurbil dauden eremuetan egingo dira ahal den neurrian, lurralde-konektagarritasun ekologikoa hobetzen lagundu dezaten.

c) Proiektuak abifaunan dituen erasanak konpentsatzeko eta hura kontserbatzen laguntzeko, sustatzaileak gutxienez 5 GPS-GSM igorgailu erosi beharko ditu. Irratimarkak dituzten ale kopuruak konstantea izan beharko du parke eolikoaren ustiapen fasean zehar. Horrek zera esan nahi du, gailu horiek galdu edo hautsiz gero, berriz jarri beharko direla. GPS igorgailu horiek Arabako Foru Aldundian basaflora eta basafaunaren kudeaketan eskumena duen organoaren eskura jarriko dira. Organo horiek zehaztuko dituzte, hain zuzen ere, markatu beharreko aleak, metodoa eta markaketaren arduradunak, miru gorriaren populazio negutarrari buruzko informazioa lortzeko, bai eta haren lurraldeei eta inguruneko fauna mehatxatuaren beste espezie batzuei buruzkoa ere. Hori guztia lagungarria izango da datuak eskuratzeko eta, ondorioz, espezie horiek kudeatzeko etorkizuneko planetarako. Lanak hasi aurretik markatu beharko dira aleak, eta sustatzaileak izango du bildutako datuak aztertzeko ardura. Datu horiek ere ingurumen-administrazioen esku jarriko dira.

1.15.– Jarduera uztea.

Aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketaren apartatu batek barne hartzen du parke fotovoltaikoko instalazio guztiak desmuntatzea haien bizitza baliagarriaren ondoren. Era berean, okupatutako lurzorua berreskuratzea eta haren izaeraren arabera sortutako hondakinak kudeatzea aurreikusten du.

1.15.1.– Jarduera uzten den garaian aplikagarria den berariazko araudia betetzeaz eta teknika egokienak aplikatzeaz gainera, instalazioak desmuntatzeko lanetarako eraisketa-proiektu bati jarraituko zaio, zeinean babes- eta zuzenketa-neurri batzuk aplikatuko baitira. Hain zuzen, ebazpen honetan parke eolikoaren egikaritze- eta ustiapen-faseetarako ezarri direnen antzeko neurriak aplikatuko dira, batez ere jatorrizko erliebea berrezartzeari dagozkionak, eta lurzoruaren eta landaretzaren lehengoratzeari, uren kalitatea babesteari eta hondakinen kudeaketari buruzkoak. Uzte- eta eraiste-aldiak lehengoratze-proiektu espezifiko baten xede izan behar du. Sustatzaileak aurkeztuko du, eta ebazpen honetako 5. ataleko Jarraipen Batzordeak baliozkotuko du.

1.15.2.– Bestalde, lehen aipatu bezala, jatorri eolikoko energia elektrikoa ekoizteko jarduera (bakar-bakarrik azpiestazioak eta energia-metatzea potentzia-transformadoreen bidez) lurzorua kutsa dezakeen jarduera gisa dago jasota, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera. Ildo horretatik, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasi beharko du sustatzaileak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31. artikuluan xedatu bezala, eta kontuan hartu beharko ditu abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) 23. artikuluan ezarritako zehaztapenak.

1.16.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta berme aldian, eta, bereziki, obren zuinketa eta lur-mugimenduak egiteko fasean, obra zuzendaritzak ingurumen-aholkularitza bat izan beharko du, ebazpen honetako babes- eta zuzenketa-neurriak ez ezik, jarraipen-neurriak ere aplikatzeko eta ikuskatzeko gaitasuna duena. Era berean, ondare historiko-artistikoaren kontserbazioan espezializatutako langileak eduki beharko ditu. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

2.– Ingurumena zaintzeko programa.

Obra kontratatzeko baldintza-agirian sartuko da ingurumena zaintzeko programa, eta dagokion aurrekontua izango du, ez behin-behinean obra-harrera egin arte soilik, baita obraren berme-aldian eta parke eolikoaren funtzionamenduan zehar ere. Aldi horietan, ingurumen-inpaktuaren azterketak aintzat hartu beharreko alderdiei buruzko atalean proposatzen duenari jarraituko zaio zaintza egiteko, ezertan eragotzi gabe zaintza horren emaitzak ikusita egin beharreko egokitzapenak. Nolanahi ere, jarraian zehazten diren kontrolak gehitu beharko dira.

2.1.– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

Egiaztatuko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela, aurreikusitako azalera baino eremu handiagoa hartu gabe.

2.2.– Parke eolikoaren funtzionamendu-fasean faunaren gaineko eraginak kontrolatzea.

Obren fasea hasten denetik, eta parke eolikoaren bizitza baliagarri osoan zehar, sustatzaileak fauna basatiaren jarraipena egingo du proiektuaren eragin-eremuan, eta arreta berezia jarriko die Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan eta EMEKen agertzen diren espezie mehatxatuei, hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

2.2.1.– Parke eolikoaren lehen bost funtzionamendu-urteetan, urtero egingo dira landa-lanak eta prospekzioak aerosorgailuen ezarpen-eremuan, faunaren urteko azterketako (abifauna eta kiropteroak) laginketa-metodo, -teknika eta -intentsitate berberekin, eta operazioaren aurretik egindako azterketaren xehetasun-maila berarekin, populazioak nahiz haien espazioaren erabilera-ezaugarriak zehazteko (bereziki, hegaztiak aerosorgailuetatik igarotzea eta haien artetik igarotzea).

Urteko kanpaina bakoitzean, jarduketa aurreko egoerarekin alderatuta, konparatuko da ea proiektuak espezie bakoitzaren ugaritasuna eta ale kopurua murriztu dituen, bai eta aztergai den eremuan espezie horien portaeran eta espazioaren erabileran aldaketak gertatu diren ere. Jarraipena moldagarria izango da. Lortutako emaitzak zein diren kontuan harturik, orientabideak emango ditu neurri aringarri osagarri eraginkorragoen beharrari buruz nahiz hondar-inpaktua konpentsatzeko neurrien beharrari buruz. Urteko kanpaina bakoitzari dagokion txostena egingo da, eta organo substantiboaren bidez ingurumen-organoari helaraziko zaio.

Seigarren funtzionamendu-urtetik aurrera, murriztu ahal izango da jarraipenaren aldizkakotasuna: gutxienez bost urtean behin egin beharko da kanpaina bat, betiere aplikatutako arintze-neurrien eraginkortasunari buruz aurreko urteetan lortutako emaitzak kontuan hartuta.

2.2.2.– Parke eolikoaren funtzionamenduaren lehen 5 urteetan, miru gorriaren eta sai zuriaren jarraipen espezifikoei buruzko azterlanak egiten jarraitu beharko da, ebazpen honen bigarren apartatuko 1.2.4 puntuan zehaztutakoari jarraikiz. Seigarren urtetik aurrera, erroldak 5 urtean behin errepikatuko dira parke eolikoaren bizitza erabilgarri osoan. Aztertuko da ea populazioaren tamaina murrizten den parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta.

2.2.3.– Parkearen funtzionamenduaren lehen 5 urteetan, bigarren apartatuaren 1.2.5 puntuaren arabera identifikatutako kiropteroen babeslekuen urteko jarraipena egingo da parke eolikoaren inguruan, 5 kilometroko erradioan. Seigarren urtetik aurrera, prospekzioak 5 urtean behin errepikatuko dira, parke eolikoa ustiatzeko fasean. Aztertuko da ea koloniaren tamaina murrizten den parkea instalatu aurreko egoerarekin alderatuta.

2.2.4.– Talken aurka hautatutako sistemari dagokionez, sistema horren eraginkortasunaren jarraipena egin beharko da, eta, horrenbestez, ingurumen-administrazio eskudunek azkar eskuratu beharko lituzkete sistemak ematen dituen informazioa eta datu garrantzitsuak, lehenbailehen zuzendu ahal izateko parke eolikoaren bizitza erabilgarri osoan zehar hautematen diren gabeziak. Nahitaez erregistratu eta aurkeztu beharko dira talken aurkako sistema automatikoen alarmek eragindako geldialdiei buruzko datuak, sistema horien eraginkortasunaren ebaluazioa eta ebazpen honen bigarren ataleko 2.10 puntuko urteko txostena.

2.2.5.– Parkearen bizitza baliagarri osoan zehar, aerosorgailuekin talka egitearen ondoriozko hilkortasunaren jarraipena egiteko kanpainak egingo dira urtero. Ingurumen-jarraipeneko taldeak txakur trebatuak izango ditu, ingurumenaren gaineko eraginaren azterketaren atalean jaso bezala. Detekzio-mailari dagokionez alde nabarmena badago txakur trebatuak erabiltzearen eta arakatzaileen artean, txakurrak erabiltzea eskatu ahal izango da prospekzio-jardunaldi guztietarako.

Hilkortasunaren jarraipen-programak mapa bat izango du, landarediaren orografiak edo dentsitateak laginketak egitea zailtzen edo eragozten duten guneekin, zenbatetsitako hilkortasunaren kalkuluan dagozkion zuzenketak egiteko. Era berean, aerosorgailu bakoitzaren trantsektoak gurutzatzeko behar den denbora kalkulatuko da, laginketarako definitutako eremuan egindako ibilbidearen luzeraren arabera; horretarako, txakur trebatuak erabiltzen ez direnean erreferentzia gisa 2 km/h hartuko da, eta haiekin eman beharreko denbora ere kalkulatuko da. Lerrokaduran zehar aerosorgailuen artean mugitzeko behar den denbora gehituko da.

Hilkortasunaren jarraipenaz arduratzen diren pertsonek GPS gailuak eduki beharko dituzte, laginketa-jardunaldien trackak grabatzeko.

Parke eolikoa ustiatzen den lehen urtean, egunero egingo da jarraipen hori. Emaitzek baliagarriak izan behar dute aerosorgailuen funtzionamendua programatzeko neurriak ia berehala hartu ahal izateko, urteko emaitzen zain egon gabe. Bigarren urtetik aurrera, prospekzioak egingo dira lekuan bertan –oro har, hamabostean behin, eta garai kritikoetan, berriz, astean behin–, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusi bezala.

2.2.6.– Hilkortasunaren jarraipena egitean detektatzen baldin bada hegaztien eta kiropteroen funtsezko espezieren bat –jasota dagoena Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan eta Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan–, gorpuzkiak zer espezieri dagozkion zehaztuko da, eta Arabako Foru Aldundiko organo eskudunari jakinaraziko zaio. Era berean, edozein unetan egiaztatzen bada aerosorgailuren batek hegazti edo kiroptero babestuen hilkortasun handia eragiten duela, ebazpen honen 2. eranskinean jasotako «Aerosorgailu gatazkatsuen aurrean jarduteko protokoloa»ri jarraituko zaio.

2.2.7.– Jarraipen-jarduketa horiei erantzuteko, abifaunaren eta kiropteroen hilkortasunaren jarraipena egiteko programa espezifikoa zehaztuko da ingurumena zaintzeko programan.

Jarraipen-programak alderdi hauek zehaztuko ditu: jarraipena garatzeko baldintza espezifikoak, detektagarritasun- eta iraunkortasun-testa, zeregin horretan diharduen talde teknikoa, bisiten aldizkakotasuna eta ordutegia, ikuskatu ahal diren eremuen eta eremu ez-irisgarrien edo landare-estalkien mapak, transektuen mapak eta egin beharreko distantzien eta erabilitako denboraren kalkulua, predazioa eta detektagarritasuna zuzentzeko faktoreak, txostenak egitea eta abar.

Ingurumen-organoak, bestalde, hilkortasunaren jarraipen-protokoloen eguneratze ororen berri emango dio sustatzaileari, eta protokolo horiek Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean ere argitaratuko dira.

2.2.8.– Hilkortasunaren jarraipen-datuen transferentzia Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean argitaratutako jarraibideen arabera egingo da, esteka honetan:

https://www.euskadi.eus/energia-berriztagarrien-proiektuen-ingurumen-ebaluazioa-egiteko-jarraibide-teknikoak/web01-a2inginp/eu/

Era berean, Euskadiko Energia Berriztagarrien LPSan aurreikusitako EAEko adierazleak kalkulatzeko, urteko txostenean istripua izan duten hegaztien eta kiropteroen ale-kopuruaren datuak aurkeztu beharko dira, espezie kopurua/instalatutako MW arabera neurtuta.

2.2.9.– Aipatutako baldintzen arabera egin beharreko hilkortasunaren jarraipena, bai eta portaerarena eta espazioaren erabilerarena ere, sustatzailearekin zerikusirik ez duen enpresa batek egin behar ditu, gaitasun tekniko nahikoa –lanbide-kualifikazioei buruzko arauen arabera– duten pertsonen bidez. Aipatutako dokumentu horien egileak eta sustatzailea izango dira horien edukiaren eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule solidarioak, Administraziotik modu frogagarrian jasotako datuei dagokienez izan ezik. Egiten diren azterlan eta txosten guztietan, egileen identitatea, lanbide arautua eta sinadura agertu beharko dira.

2.2.10.– Ingurumen-inpaktuaren azterketan ageri den abifaunaren eta kiropteroen azterketaren emaitzak, bai eta aurreko paragrafoetan ezarri diren espazioaren jarraipen- eta erabilera-ekintzen emaitzak ere, oinarri gisa erabiliko dira aerosorgailuen banakako funtzionamendu-erregimenaren egutegi bat ezartzeko. Egutegi hori egokitu egingo da identifikatutako espezie giltzarrien erregistratutako portaeraren eta erabileraren arabera, eta urtero berrikusiko da. Egutegi horrek finkatuko du aerosorgailuek, banaka hartuta, zer aldi eta egoeratan egokitu beharko duten beren funtzionamendua –aldi baterako geldialdia barne– aurreikusitako arrisku-egoeren aurrean talka egiteko probabilitatea murrizteko, hala nola migrazio-mugimenduak, tokiko ohiko mugimenduak, baldintza meteorologiko txarrak, jarduera-aldia, elikagaien eskuragarritasuna eta ehizaki-ugaritasuna eta abar. Egutegia urtero eguneratuko eta hobetuko da, ingurumena zaintzeko programaren populazioen portaerari eta erabilerari buruzko zein hilkortasunari buruzko jarraipenen informazioarekin, bai eta detekzio- eta kontrol-sistema automatikoekin lortutako datuekin ere.

2.2.11.– Bost urtean behin, fauna hegalariaren urteko jarraipen-txostenak ondorioen laburpen bat izango du, aurreko urteko txostenen emaitzetan oinarritua, gutxienez alderdi hauek izango dituena:

a) Urteko jarraipenen emaitzen eta haien eraginkortasunaren aldakortasuna eta bilakaera interpretatuko eta justifikatuko ditu (jarraipen-ekipoetako edo lan-ohituretako aldaketak; ezarritako hobekuntzak; baldintza meteorologikoak; eta beste faktore batzuk, emaitzetan eragina izan ahal dutenak).

b) Bost urteko txosten horietako lehenengoan, abifaunaren eta kiropteroen espazio-erabilerari buruzko jarraipen-kanpainen emaitzak analizatuko dira (apartatu honen hasieran aipatutakoak).

c) Laburpen bat alderdi hauei buruz: EMEKeko espezieen populazioen jarraipena eta egoera, haien lurraldeen eta babeslekuen bilakaera, eta, hala badagokio, parke eolikoaren eragin-eremuan habia egiten duten bikoteen ugalketa-tasak.

d) Datuak talken aurkako sistema automatikoen alarmek eragindako geldialdi-erregimenari buruz, eta sistema horien eraginkortasunaren ebaluazioa.

e) Aerosorgailuek aldi horretan erregistratutako hilkortasunari buruzko datu agregatuak, eragindako espezieak barne.

f) Kasuak hala eskatzen badu, aerosorgailu gatazkatsuen protokoloa aplikatzearen emaitzak.

2.2.12.– Halaber, ingurumena zaintzeko programak mekanismo azkar eta arin bat ezarri beharko du ganadua hiltzen den kasuetan sarraskia detektatu eta kentzeko, eta parke eolikoaren eragin-esparrutik ateratzeko.

2.2.13.– Ingurumen-inpaktuaren azterketan eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren txostenean adierazitakoaren arabera, sustatzaileak hurbileko parke eolikoen (Ferosca I eta Larragorri) jarraipen-sistemak koordinatzeko egindako proposamena aplikatuko da.

2.3.– Obrak egitean, Batasunaren eta eskualdearen intereseko florari, landarediari eta habitatei eragindako afekzioak kontrolatzea.

2.3.1.– Ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.3 puntuko neurriekin bat etorriz, Ingurumen Aholkularitzak eta Arabako Foru Aldundiko teknikariek gainbegiratuta, obran bertan jarraipena egingo da, era horretan flora mehatxatuan zein proiektuaren eraginpeko eremuan dauden Batasunaren eta eskualdearen intereseko landare-komunitateetan obrek eragindako ondorioak arintze aldera aurreikusitako neurriak gauzatu daitezen eta eraginkorrak izan daitezen.

2.3.2.– Energia berriztagarrien LPSan ezarritako landarediaren eta habitaten gaineko eraginari buruzko EAEko adierazleak kalkulatzeko, sustatzaileak jarraian zehaztutako informazioa eman beharko du eraikuntza-proiektuarekin batera. Halaber, proiektua aldatzen bada eta obrak egin ondoren, informazio hau berrikusi eta eguneratuko da:

– Etengabe eragindako Batasunaren intereseko habitaten azalera hektareatan, instalazioko elementu guztiak kontuan hartuta, landaredi-unitatea eta Batasunaren, lehentasunaren eta eskualdearen intereseko habitat-motaren arabera, EUNIS kodeari erreferentzia eginez.

– Leheneratutako landare-azalera, hektareatan eta urtean behin neurtuta, landaredi-unitatearen eta Batasunaren, lehentasunaren eta eskualdearen intereseko habitat-motaren arabera, EUNIS kodeari erreferentzia eginez.

2.4.– Airearen, lurzoruaren eta lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea kontrolatzea.

2.4.1.– Luiziak gertatzeko balizko arriskuen jarraipena egitea, eraikuntza fasean eta parkea ustiatzeko fase osoan. Lurraren mugimenduren bat hautemanez gero, arrazoiak aztertuko dira eta neurri egokiak definitu eta gauzatuko dira.

2.4.2.– Obrek mugitutako lurzoruetan higadura-fenomenoak agertzearen inguruko jarraipena egitea.

2.4.3.– Uren arloan eskumena duen organoak erabakitzen duena gorabehera, obrak egiten diren bitartean kontrolatu egingo dira hondakin-uren balizko isurketak, lurrak mugitu aurreko obra-fasean. Denbora horretan, laginketak egingo dira astero-astero, baldin eta obrak lurrazaleko eta lurpeko ur-ibilgu horien eta ur-bilketa horien eragin-eremuan egiten badira. Obrek ur-baliabideetan izango dituzten eraginak zehazteko, ukitutako ur-masetatik uretan gora eta uretan behera ageri den kalitate fisiko-kimikoari eta egoera ekologikoari buruzko egoera zehaztuko da eragiketen aurretik.

2.5.– Zarataren kontrola.

2.5.1.– Parke eolikoaren funtzionamendua hasi ondoren, zarata-kontrolak egingo dira. Horretarako, lehenbiziko funtzionamendu-urtean, zarata-neurketak egingo dira gutxienez sustatzaileak aurkeztutako azterketa akustikoan adierazitako hartzaile hurbilenetan.

2.5.2.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako kalitate-helburuak betetzen ez badira, zarata-mailak murrizteko neurri osagarriak planteatu beharko dira, bigarren apartatuko 1.9.5 puntuan adierazitakoaren arabera.

2.5.3.– Neurtzeko metodoak eta erreferentzia-balioak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoari atxiki beharko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari ere.

2.6.– Itzalaren efektua kontrolatzea.

Itzalei buruzko azterketaren arabera (ingurumen-inpaktuaren 14. gehigarria) balizko gainditzeak dituzten hartzaileengan duten benetako inpaktuaren jarraipena egingo da fase operatiboan. Gainditzeak badaude, neurriak hartuko dira, ebazpen honen bigarren ataleko 1.10 puntuan adierazi bezala.

2.7.– Lehengoratzearen eta konpentsazio-neurrien arrakastaren kontrola.

Obren afekzioari buruzko azken txostena kontuan hartuta, zeinean proiektuaren egikaritzeak ezabatutako edo eragindako baso naturalen eta habitaten azaleren benetako datuak emango baitira, eguneratu egin beharko da Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua, Konpentsazio Planak barnean hartzen duena.

Parke eolikoaren funtzionamenduko lehenengo bost urteetan, urteko kontrolak egingo dira: Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektuan zein Konpentsazio Planean jasotako lehengoratze- eta konpentsazio-neurrien xede diren lursailen bilakaeraz (hurrenez hurren, bigarren apartatuaren 1.7 eta 1.14 puntuetan adieraziak), bai eta ereiteen, landaketen eta baso-tratamenduen arrakastari buruz ere. Ingurumena zaintzeko programak ondorengo kontrolen maiztasuna zehaztuko du. Gutxienez bost urtean behin egin beharko dira, eta ezarritako landare-formazioak sendotzen direla ziurtatu arte luzatuko dira. Jarraipen horren emaitzak urteko txostenetan txertatuko dira, bai eta eraitsi ondorengo azken txostenean ere.

2.8.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-mailarena ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaltzeko, dagokion organoaren bidez.

Proiektua egikaritzean aldaketak egin badira, xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegiaren arabera justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak. Halaber, hondeaketa-soberakinen norako zehatza dokumentatuko da.

2.9.– Ingurumen Zaintzako Programaren dokumentu bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta, han, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean eta ebazpen honen bigarren apartatuaren 2. puntuan proposatutako betebeharrak bilduko ditu. Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste alderdi hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuek xehetasunezko kartografian duten kokapena, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontu zehaztua. Era berean, bigarren apartatuaren 5. puntuko jarraipen-batzordeak baliozkotu beharko du.

Bereziki, dokumentu bateginak atal espezifikoak izango ditu besteak beste, eta lan hauen inguruko programazio zehatza jasoko dute:

– Aerosorgailuak ezartzeko eremuan abifaunaren eta kiropteroen espazio-erabilerari buruzko jarraipena programatzea, ebazpen honen bigarren apartatuaren 2.2.1 puntuaren arabera.

– Erroldak programatzea eta hegazti-populazioen eta kiropteroen babeslekuen bilakaeraren jarraipena egitea proiektuaren eraginpeko eremuetan, bigarren apartatuaren 2.2.2 eta 2.2.3. puntuetan zehazten denari jarraikiz.

– Hegaztien eta kiropteroen hilkortasunaren jarraipena programatzea, bigarren ataleko 2.2.5 puntutik 2.2.8 puntura bitartean.

– Hala badagokio, hurbileko beste parke eoliko batzuekin koordinatuta jarraipena egiteko proposamena, bigarren apartatuko 2.2.13 puntuaren arabera.

– Habitaten eta espezieen kontserbazio-egoeraren bilakaera kontrolatzea, bigarren apartatuaren 2.3.1 puntuan jasotakoari jarraituz.

– Zarata eta itzal efektua kontrolatzea 2.5 eta 2.6 puntuetan, hurrenez hurren.

2.10.– Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzak bidaltzea.

2.10.1.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako urteko jarraipen-txostena aurkeztu beharko da. Txosten hori urte bakoitzeko martxoaren 1etik 15era bitartean bidali beharko zaio organo substantiboari. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta, aldez aurretik zehaztu ez denean, hartutako laginen xehetasunak emanda.

2.10.2.– Hegaztien hilkortasunari buruz erregistratutako datuak hilero bidali beharko zaizkio ingurumen-organoari, 2.2.8 puntuan adierazitako formatuan, eta organo horrek 5. apartatuko Jarraipen Batzordeko kideen eskura jarriko ditu, hargatik eragotzi gabe bigarren apartatu honetako 2.2.6 puntuan aipatutako presako jakinarazpenak.

2.10.3.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2021 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean, ingurumena zaintzeko programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da. Biak (ingurumena zaintzeko programa eta egiaztapen-zerrenda) organo substantiboaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Aldez aurretik ingurumen-organoari jakinaraziko zaio egoitza elektronikoan argitaratuko direla.

2.10.4.– Bost urtean behin 2.2.11 puntuan aipatutako ondorioen txostena egin eta bidaliko da.

2.10.5.– Ingurumena zaintzeko programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bost urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

3.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Ebazpen honen aurreko apartatuetan xedatutakoari eragin gabe, organo substantiboak jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko dizkio ingurumen-organo honi:

3.1.– Eraikuntza baimendu baino lehen, ebazpen honetako bigarren apartatuaren 2.9 puntuan aurreikusitako ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina.

3.2.– Eraikuntza-lanak hasi aurretik, azterketa osagarriak aurkeztuko dira, eta analizatuko da miru gorriak eta sai arreak zer-nola erabiltzen duten espazioa inguru horretan, ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.2.4. puntuak dioenaren arabera.

3.3.– Eraikuntza-lanak hasi aurretik, 5 kilometroko erradioan kokatutako kiropteroen babesleku garrantzitsuen azterketa egingo da, ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.2.5 puntuak dioenaren arabera.

3.4.– Obrak hasi aurretik, obrek kaltea eragin diezaiekeela aurreikusitako lursail guztien Ingurumena Lehengoratzeko eta Paisaia Integratzeko Proiektua, bai eta konpentsazio-plana ere (bigarren apartatua, 1.14. puntua), guztia ere ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.7 puntuan eta hurrengoetan jasotzen diren xehetasunekin. Obrak amaitu ondoren, ingurumena lehengoratzeko eta paisaia integratzeko proiektu horren egokitzapena aurkeztuko da, eta zehazturik egongo dira benetan kaltetutako eta bigarren apartatuko 2.3.2 puntuaren arabera konpentsatu beharreko azalerak.

3.5.– Ustiapen-baimena eman aurretik, aerosorgailuen urteko funtzionamendu-proposamena jasotzen duen dokumentu bat aurkeztuko da, zeinak oinarri gisa hartuko baititu ebazpen honen bigarren apartatuaren 2.2.1 puntuko espazioaren erabilerari buruzko azterketak. Hurrengo urteetan, aerosorgailu horien urteko funtzionamendu-proposamena bigarren apartatuaren 2.2 puntuan jasotako kontroletan lorturiko emaitzetan oinarrituko da, eta parke eolikoaren urteko jarraipen-txostenetan txertatuko.

3.6.– Obrak amaitutakoan, lanak egitean izandako gorabeheren erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere, ebazpen honetako bigarren apartatuaren 2.8 puntuan adierazten denari jarraituta.

3.7.– Obrak amaitu ondoren eta hurrengo urteetan, urte bakoitzeko martxoaren 1etik 15era bitartean, ebazpen honen bigarren apartatuaren 2.10 puntuan ezarritako ingurumena zaintzeko programaren emaitzei buruzko txostena.

3.8.– Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, lur-mugimenduen balantze xehatua, eta, kasuak hala eskatzen badu, indusketako soberakinak proiektuarekin zuzenean lotu gabeko eraikuntza-erabileretarako kudeatzen direlako egiaztapena, bai eta ebazpen honen bigarren apartatuaren 1.11 puntuan adierazten den hondakinen ingurumen-jarraipenaren txosten xehakatua ere.

3.9.– Eraikuntzarako administrazio-baimena lortu ondoren, eraikuntza-proiektua parke eolikoaren azken konfigurazioarekin eta azpiegitura osagarrien behin betiko antolaketarekin eta trazadurarekin. Instalazioko elementu guztien kartografia eguneratua erantsiko da, esteka honetan agertzen diren jarraibideen arabera:

https://www.euskadi.eus/energia-berriztagarrien-proiektuen-ingurumen-ebaluazioa-egiteko-jarraibide-teknikoak/web01-a2inginp/eu/

3.10.– Bost urtetik behin, jarraipenaren laburpena, ebazpen honetako bigarren apartatuaren 2.2.11 puntuan adierazten diren zehaztapenak dituena.

Dokumentazio hori guztia bigarren apartatuaren 5. puntuko Jarraipen Batzordeko kideen eskura jarriko da. Dokumentuak ingurumen-organoaren onespena behar du, betiere ebazpen honetako bigarren apartatuaren 3.1 puntuko jarraipen-batzordeak balioetsi ondoren. Gainerako dokumentazio guztiari dagokionez, ingurumen-organoak zer zuzenketa behar diren jakinaraziko dio sustatzaileari, eta jakinaren gainean jarriko du organo substantiboa.

4.– Neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea.

Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere.

Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo sortu daitezkeen ingurumen-inpaktuen aurrean ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

Jarraipenaren emaitzen edo teknika edo jardunbide onenen arabera, ingurumen-organoak, Jarraipen Batzordeak hala proposatuta, doikuntzak egin ahal izango ditu ingurumena zaintzeko programan, ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatu beharrik gabe, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoa betez eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatzea eragin dezaketen inguruabarrei dagokienez.

5.– Parke eolikoaren jarraipen-batzordea.

5.1.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.2.g) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta ingurumen-ebaluazioaren eta natura-ondarearen babesaren arloko araudiak EAEko erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen artean esleitutako eskumenen banaketa kontuan hartuta, Mendi parke eolikoaren Jarraipen Batzordea sortu da, helburu hauekin: ebazpen honen xede den proiektuaren egikaritzea eta funtzionamendua gainbegiratzea, bai eta ingurumena zaintzeko programaren emaitzak analizatzea ere, eta, hala badagokio, emaitza horiek ikusita, babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurri osagarriak hartzeko proposatzea.

5.2.– Batzordeak izaera teknikoa izango du, eta honako erakunde hauetako kide bana izango du: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritza (organo substantiboa), Ingurumen Administrazioko Zuzendaritza (ingurumen-organoa), Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritza (basafaunaren eta basafloraren espazioak eta espezieak babesteko eta planifikatzeko eskumena duen organoa), guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak; Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritza (eremu babestuak eta basafauna eta basaflora kudeatzeko eskumena duen organoa).

5.3.– Sustatzaileak ebazpen honetako bigarren apartatuaren 3. puntuan eskatutako agiriak bidaliko dizkio ingurumen-organoari –beti organo substantiboaren bidez–, eta, ingurumen-organoak apartatu honetako lehenengo paragrafoan adierazten diren eginkizunak betetzeko behar den informazio guztia helaraziko die jarraipen-batzordeko gainerako kideei.

5.4.– Batzordea obrak hasi aurretik eta ustiatzeko baimena eman aurretik elkartuko da. Ondoren, urtero elkartuko da, sustatzaileak parke eolikoaren urteko jarraipen-txostenak entregatzearekin batera (bigarren apartatuaren 2.10 puntua). Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak egingo ditu deialdiak, eta hark egingo ditu, orobat, batzordearen lehendakaritza- eta idazkari-lanak.

Hirugarrena.– Proiektua gauzatzen hasteko epea lau urtekoa izango da, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epealdi horretan proiektua gauzatzen hasten ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honen indarraldia amaituko da, eta adierazpenak ez du sortuko berezko ondorio gehiagorik. Halakoetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko otsailaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78,5. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari, organo substantiboaren bitartez, zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Adieraztea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ezingo dela errekurtsorik jarri, baina horrek ez dituela baztertzen proiektua baimentzen duen egintzaren aurka administrazio-bidean eta bide judizialean egoki diren errekurtsoak.

Seigarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari, baita jarraipen-batzordearen gainerako kideei ere.

Zazpigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 26a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

I. ERANSKINA

Jendaurreko informazioaren eta ukitutako Administrazio publikoei nahiz pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluen arabera.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren jendaurreko informazioaren aldian, 31 partikularrek eta Ferosca Wind S.L.k aurkeztu dituzte alegazioak.

II. ERANSKINA

Aerosorgailu gatazkatsuekiko protokoloa.

Jarraipenean zehazten bada aerosorgailuren batek heriotza eragiten duela Estatuko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan jasotako hegaztien edo kiropteroen talken ondorioz (Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 68. artikuluan eta hurrengoetan jasotako Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrenda onartzen den bitartean, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan «galzorian» eta «kaltebera» kategorietan sartuta dauden hegazti- eta kiroptero-espezieei eranskin honen 1. apartatuko baldintzak aplikatuko zaizkie, eta «bereziak» eta «interes berezikoak» kategorietan sartuta dauden hegazti- eta kiroptero-espezieei protokolo honen 2. apartatuko baldintzak aplikatuko zaizkie) (LESPRE).

1.– Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendako eta espezie mehatxatuen Espainiako eta EAEko katalogoan galzoriko espezie edo espezie kaltebera gisa sailkatuta dagoen espezieren batekin talka eragiten duten aerosorgailuak:

1.1.– Aurreko bost urteetan aerosorgailu berak espezie mehatxatu berarekin talkarik izan ez badu: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak aerosorgailuaren funtzionamendua kautelaz geldiaraziko du, eta horren berri emango die organo substantiboari eta natura-ondarearen alorrean eskumena duten ingurumen-organoei. Sustatzaileak ahalik eta lasterren aztertuko ditu kausak; talka arriskua berraztertuko du, eta aerosorgailuaren diseinuaren edo funtzionamenduaren gehigarri diren neurri aringarri batzuk proposatuko dizkie bi organoei, baita konpentsazio neurri batzuk ere, arriskuan dagoen espeziearen populazioari eragindako galeragatik. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ezingo du berrabiarazi aerosorgailuaren funtzionamendua, eta organo substantiboak natura-ondarearen arloan eskumena duen organoak proposatuta espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin, eta inoiz ez hiru hilabete baino lehen. Halaber, aerosorgailuak eragindako hilkortasunaren segimendua areagotuko du sustatzaileak, baita neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien ezarpen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1.2.– Aurreko bost urteetan aerosorgailu berak beste talka bat izan badu espezie mehatxatu berarekin: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak aerosorgailuaren kautelazko geldialdia egingo du, eta horren berri emango die organo substantiboari eta natura-ondarearen alorrean eskumena duten ingurumen-organoei. Sustatzaileak xehero aztertuko du, urte osoko ziklo batean, aerosorgailuaren inguruan eragindako espeziearen populazioa (kontuan hartu beharreko gutxieneko distantziak, 1. taularen arabera), espeziearen migrazio-iragateak barne; talka-arriskuaren analisia berrikusiko du; ebaluazio berri bat egingo du espeziearen gaineko eraginari buruz (iraungitze-faktorea tokiko eskalan, hustubide-efektua...); eta prebentzio-neurri gehigarri batzuk proposatuko dizkie organo substantiboari eta natura-ondarearen alorrean eskumena duten ingurumen-organoei (hala nola funtzionamendua etetea migrazio-iragateetan, espeziearen presentzia-garaietan eta jarduera-ordutegietan edo bestelako arrisku-egoeretan, edo aerosorgailua eraistea), istripu gehiagoren arriskua saihesteko, bai eta espezie mehatxatu horren populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurri batzuk ere. Sustatzaileak ekintza horiek egin ondoren baino ezingo ditu berrabiarazi aerosorgailuak, eta, organo substantiboak, natura-ondarearen arloan eskumena duen ingurumen-organoak proposatuta, espresuki jakinarazten dizkion baldintza eta neurri gehigarriekin. Halaber, aerosorgailuak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, baita ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

1.3.– Aurreko bost urteetan aerosorgailu beraren eta espezie mehatxatu beraren arteko bi talka edo gehiago gertatu badira: talka detektatu bezain laster, sustatzaileak horren berri emango die organo substantiboari eta natura-ondarearen alorrean eskumena duten ingurumen-organoei; eta espezie mehatxatuaren populazioari egindako kalte berria konpentsatzeko neurriak proposatuko dizkie. Gainera, aerosorgailu horren funtzionamendua behin betiko geldituko du eta lehenbailehen eraitsi beharko du, salbu eta organo substantiboak, natura-ondarearen alorrean eskumena duten ingurumen-organoek proposatuta, salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarraitzeko, istripu gehiagorik gertatu ezin den baldintza berrietan.

2.– Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendako espezieekin talka egiten duten aerosorgailuak.

2.1.– Urtero, jarraipenean ikusten bada aerosorgailuek talkagatiko heriotzak eragin dituztela Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan mehatxupean sailkatuta ez dauden espezieetan, sustatzaileak kasu bakoitzaren kausak aztertuko ditu, aerosorgailu bakoitzak talka egiteko duen arriskua berrikusiko du, eta neurri aringarri gehigarriak proposatuko dizkie organo substantiboari eta natura-ondarearen alorrean eskumena duten ingurumen-organoei, diseinuaren eta funtzionamenduaren arloetan, bai eta kaltetutako espezie babestuen populazioei eragindako galerak konpentsatzeko neurriak ere. Ukitutako aerosorgailuen funtzionamenduak, aurrerantzean, organo substantiboak zehaztuko dituen baldintza berriei jarraituko die, betiere natura-ondarearen alorrean eskumena duen autonomikoak proposaturik. Halaber, aerosorgailu horietako bakoitzak eragindako hilkortasunaren jarraipena areagotuko du sustatzaileak, bai eta ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

2.2.– Urteren batean aerosorgailuren batek 2. taulan adierazten den hilkortasun zenbatetsiko atalaseren bat gainditzen badu (Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan mehatxupean sailkatuta ez dauden espezieetako banakoak), arriskutsutzat joko da. Sustatzaileak funtzionamendua kautelaz geldiaraziko du, eta horren berri eta urteko heriotza-tasaren analisiaren emaitza emango die organo substantiboari eta natura-ondarearen alorrean eskumena duten ingurumen-organoei. Une horretatik aurrera, aerosorgailu arriskutsua geldirik dagoela, sustatzaileak xehero aztertuko ditu, urte osoko ziklo batean, aerosorgailu horren inguruko espezie babestuen populazioak (1. taulan adierazitako distantzien arabera), migrazio-iragateak barne; aerosorgailu horren talka-arriskuaren analisia berrikusiko du; ebaluazio berri bat egingo du espeziearen gainean aerosorgailuak duen eraginari buruz (populazioen iraungitze-faktorea tokiko eskalan, hustubide-efektua...); eta istripu berriak izateko arriskua nabarmen murrizten edo guztiz ezabatzen duten neurri aringarri gehigarri batzuk proposatuko dizkie organo substantiboari eta natura-ondarearen alorrean eskumena duten ingurumen-organoei (funtzionamendua etetea migrazio-iragateetan, espeziearen presentzia-garaietan eta jarduera-ordutegietan edo bestelako arrisku-egoeretan, besteak beste). Aurreko jarduketa guztiak egin ondoren, aerosorgailua berriz martxan jarri ahal izateko, organo substantiboak horretarako espresuki emandako baimena beharko du, eta nahitaez bete beharko ditu natura-ondarearen alorrean eskumena duten ingurumen-organoek proposatutako baldintza berriak. Halaber, sustatzaileak urtebeteko hurrengo bost aldietan areagotu egingo du aerosorgailu arriskutsu horiek eragindako hilkortasunaren jarraipena, baita ezarritako neurri aringarri eta konpentsatzaile gehigarrien gauzatzearen eta eraginkortasunaren jarraipena ere.

2.3.– Aurreko apartatuan adierazitako aerosorgailu arriskutsu baten jarraipen bereziko bost urteko epean egiaztatzen bada berdin jarraitzen duela, hau da, jarraitu egiten duela Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendan mehatxupean sailkatuta ez dauden espezieetan talkagatiko heriotzak eragiten, eta aurreko apartatuan adierazitako atalaseak gainditzen baditu berriz urteren batean, nahiz eta aringarri gehigarriak hartuak izan, sustatzaileak organo substantiboari eta natura-ondarearen alorrean eskuduna den organoari jakinaraziko die, aerosorgailua behin betiko gelditu, eta eraitsi egingo du, salbu eta organo substantiboak (eta natura-ondarearen alorrean eskumena duten ingurumen-organoek proposatuta) salbuespenez eta espresuki baimena ematen badu funtzionatzen jarrai dezan, istripu gehiagorik gertatu ezin den baldintza berrietan.

1. taula. Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendako populazioen azterlanetan kontuan hartu beharreko distantzia minimoak.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

2. taula. Aerosorgailu bat arriskutsutzat jotzea eragiten duten Babes Bereziko Erregimenean dauden Espezie Basatien Zerrendako espezieetako (mehatxatu gabekoak) aleen talken kopurua urteko.

(Ikusi .PDF Fitxategia)
III. ERANSKINA

Sustatzaileak aurkeztutako alegazioen balorazioa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren proposamenari dagokionez. Proposamen horren bidez Mendi parke eolikoaren (31,2 MW) eta hari loturiko azpiegituren proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da, eta Green Devco Energy 5 S.Lk sustatu du, Amurrioko eta Aiarako (Araba) udal-mugarteetan.

Lehenengoa.– Sartzeko eta konektatzeko baimenak lortzeko egunari buruzko akats materiala.

Sustatzaileak bere alegazioan adierazi duenez, akats bat dago sarbide- eta konexio-baimena lortzeko egunean, eta, beraz, zuzendu egin da eta data zuzena jaso da; hots, 2023ko abenduaren 1a.

Bigarrena.– MIA-04 eta MIA-05 aerosorgailuen artean proiektatutako sarbidean dauden pago lepatuei eta belardi/ihidiei buruzko idazketa.

Alegazioa ebazpen-proposamenaren 1.3.1 neurriari buruzkoa da, eta honako hau zehazten du zehazki:

«(...) MIA-04 eta MIA-05 aerosorgailuen artean aurreikusitako sarbidean, ez zaie kalterik eragin behar pagadi lepatuei eta belardi/ihidiei (...)».

Sustatzaileak aurreko idazkeraren ordez hau jartzeko eskatu du, ikuspegi materialetik betetzea ezinezkoa izan daitekeen interpretazio murriztaileegiak saihesteko.

«MIA-04 eta MIA-05 aerosorgailuen artean aurreikusitako sarbidean, pago lepatuak moztea saihestuko da, eta ahalik eta gutxien eragingo zaie».

Bigarren apartatuko 1.3.1 puntuan jasotako neurriak hitzez hitz jasotzen du Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zuzendaritzaren txostenean zehaztutako baldintza, lurralde historiko horretan basafauna eta basaflora kudeatzeko eskumena duen organoa baita. Beraz, ez da onartu idazketa aldatzea, baina erakunde horrekin proiektuan hartuko diren babes- eta zuzenketa-neurriak adosteko aukera gehitu da, natura-ondareko elementu horietan eragin nabarmenik ez izateko. Hortaz, honela ageri da 1.3.1 puntuko paragrafo hori:

«(...) MIA-04 eta MIA-05 aerosorgailuen artean aurreikusitako sarbidean, ez zaie kalterik eragin behar pagadi lepatuei eta belardi/ihidiei (...)». Sustatzaileak proposatutako neurrien egokitasunari buruz galdetuko dio foru-organo eskudunari, aipatutako elementuetan eragin nabarmenik ez izateko.

Hirugarrena.– Miru gorriari buruzko neurriak.

Sustatzaileak bigarren ataleko 1.2.3 puntuko prebentzio-neurriaren harira idazketa berri bat proposatu du, miru gorriaren migrazio-mugimenduetan aerosorgailuek duten funtzionamendu-araubideari dagokionez, aerosorgailuen muga operatiboak Jarraipen Batzordean zehaztu daitezen, eta denborari zein operatiboari dagokienez zehaztu ahal izan daitezen, espeziearen jarraipen eta irrati-markatze programaren bidez lortutako informazioa oinarri hartuta.

Onartu egin da sustatzailearen proposamena, eta, beraz, hau da 1.2.3 puntuaren idazketa:

«Miru gorriari dagokionez, proiektuaren ingurunean negua igarotzen duten populazioak aztertuko dira, parke eoliko horren inpaktua behar bezala baloratu ahal izateko. Migrazio-bidea sakon aztertu eta data eta ordutegi jakin batzuk ezarri beharko dira, Jarraipen Batzordearekin adostu ondoren, eztei aurreko eta osteko igarobideetan; kasu horretan, aerosorgailuak geldirik egon beharko dira, hegaztiak talken ondorioz hil ez daitezen, galtzeko arriskuan baitago. Horretarako, beste azterketa bat egin beharko da, parke eolikotik hurbilen dauden etzalekuetako bateko gutxienez 5 ale GPSarekin markatzeko, aerosorgailuak gelditzeko zehazte aldera, hautemandako arriskuarekiko modu propoportzionalean. Gutxienez 5 ale aktibo markatu behar dira; beraz, horietakoren baten seinalea edozein arrazoirengatik galtzen bada, beste ale bat markatuko da».

Laugarrena.– ME-04 eta ME-05 aerosorgailuen gaueko funtzionamendu-araubidea.

Alegazioan ebazpenaren lehen apartatuko 3.2.5 puntua aipatzen da, herritarren gaineko eraginei eta, zehazki, inpaktu akustikoari buruzkoa. Ildo horretatik, hau aipatzen da:

«Zaratari dagokionez, 06. eranskinaren azterketa akustikoan lortutako emaitzen arabera, funtzionamendua ohikoa denean, ME-04 eta ME-05 aerosorgailuek ez dituzte betetzen isurien muga-balioak eta kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskinaren 2. zatiko F taulan ezarritakoaren arabera. Ondorioz, IIAn zehaztuta dago ME-04 eta ME-05 aerosorgailuek gauez 107.2 dB (A)-ko gehieneko soinu-potentzian funtzionatu behar dutela, eta funtzionamendu hori 8 m/s-ko gehieneko haize-abiadurara mugatuta dago».

Sustatzaileak adierazi du kontuan hartu behar dela azterketa akustikoaren ondorioek modelizazio teorikoa dutela oinarri, eta, beraz, komenigarria dela benetako funtzionamendu-neurketen bidez kontrastatzea, aipatutako azterlanean proposatu bezala.

Horregatik, aurreko idazkeraren ordez honako hau proposatu du:

«Zaratari dagokionez, 06. eranskinaren azterketa akustikoan lortutako emaitzen arabera, ME-04 eta ME-05 aerosorgailuek gauez 107.2 dB (A)-ko gehieneko soinu-potentzian funtzionatu behar dute, eta funtzionamendu hori hasiera batean 8 m/s-ko gehieneko haize-abiadurara mugatuta dago. Era berean, tokian bertan neurketa akustikorako kanpaina bat egingo da, Mendi Parke Eolikoa instalatuta eta martxan dagoenean, neurketa errealen bidez egiaztatzeko betetzen direla isurien muga-balioak eta aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak, batez ere gauez. Hori betetzen dela egiaztatuz gero, hasiera batean aurreikusitako funtzionamendu-araubidea berrikusi eta ME-04 eta ME-05 aerosorgailuak funtzionatzea baimendu ahal izango da, baldintza ez hain murriztaileekin, gauez 8 m/s-ko haize-abiadura dagoenean martxan jartzea barne, hala badagokio».

Alegazioan aipatzen den atalean, ustiapen-fasean dagoen instalazioaren inpaktu akustikoa aztertzen da, eta azterlan akustikoaren ondorioak jasotzen dira.

Bestalde, alegazioan adierazten den bezala, azterketa akustikoak hau proposatzen du: «tokian bertan neurketa akustikorako kanpaina bat egingo da, Mendi Parke Eolikoa instalatuta eta martxan dagoenean, soinu-igorpenen aldizkako kontrol zorrotza egiteko sonometroen bidezko neurketen bidez, eta ezarritako muga-balioak betetzen direla berresteko, batez ere aldi murriztaileenean (gauez)».

Alegazioan aipatzen den azterlan akustikoan proposatutako kanpaina immisio-balioak betetzen direla kontrolatzeko neurri bat da, azterketa akustikoan egindako modelizazioaren emaitzen baliozkotasuna egiaztatzeko neurri bat baino, eta ebazpen honen bigarren apartatuaren 2.5 puntuan ere aipatzen da, zarataren kontrolari buruzkoan.

Sustatzaileak adierazten duen bezala, azterketa akustikoaren ondorioak modelizazio batean oinarritzen direnez, alegazioaren proposamenak agertoki kaltegarrienean eta murriztaileenean neurketa-kanpaina bat egitea eskatuko luke; hau da, gauez (Ln), 108.5 dB (A)-ko gehieneko soinu-potentziarekin eta 8,5 m/s-ko gehieneko abiadurarekin, egiaztatzeko ea mailak benetan gainditzen diren eta beharrezkoa den ME-04 eta ME-05 aerosorgailuek funtzionamendu-erregimen murriztailea izatea.

Bigarren apartatuko 3.2.5 puntuaren idazketa aldatzea onartu ez bada ere (adierazi bezala, puntu horretan azterketa akustikoaren ondorioak errepikatzen dira), onartu egiten da 1.9.5 epigrafea gehitzea ebazpenaren bigarren apartatuko 1.9 puntuan, zehazki:

1.9.5.– Azterketa akustikoaren emaitzen arabera, gauez (23:00etatik 07:00etara), ME-04 eta ME-05 aerosorgailuek ezingo dute funtzionatu 8 m/s-tik gorako haizeekin, 107.2 dB (A) ez gainditzeko eta aldi horretan ezarritako legezko muga-balioak betetzeko.

Hala ere, sustatzaileak proposatuta eta modelizazio akustikoaren emaitzak alderatzeko, erakunde egiaztatu batek zarata neurtzeko kanpaina bat edo gehiago egin ahal izango ditu azterketa akustikoan aurreikusitako hartzaile sentikor berberen kasuan, gauez (Ln) eta haizearen gehieneko abiadurari dagokion 108.5 dB (A) gehieneko soinu-potentziarekin (8,5 m/s). Kalitate akustikoko helburu aplikagarriak gainditzen ez direla egiaztatuz gero, ingurumen-organoak erabaki ahal izango du, organo substantiboarekin batera, aurreko paragrafoko neurria berrikustea.


Azterketa dokumentala