
177. zk., 2026ko irailaren 16a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (143 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3901
AGINDUA, 2026ko abuztuaren 28koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuarena, zeinaren bidez 2026. urterako dirulaguntzak ematen baitzaizkie azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak eratutako Sindikatu Hauteskundeen Batzordean, Lurralde-Batzordeetan eta Ikuskapen-Araubidean parte hartzen duten sindikatuei.
Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituenak, dirulaguntzak aurreikusten ditu Dekretuak berak eratutako organo horiek osatzen dituzten sindikatuentzat, orduko Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-dotazioen kontura eta dirulaguntzak emateko prozedura bat ere ezarriz.
Era berean, Dekretuak arautzen du 8. artikuluan zer ordezkaritza dagokien sindikatuei aipatutako Hauteskundeen Batzordean, eta proportzionaltasuna irizpide, kontuan hartzen du horretarako zer ordezkaritza eskuratu duen Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak enpresetako eta administrazio publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan, legezko ordezkagarritasun-emaitzetara iritsitako erakunde sindikalik diskriminatu gabe.
Bestetik, Dekretuan aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zein izango den zehazten denean, Bigarren Xedapen Gehigarriak berak jasotzen du dirulaguntzaren zenbatekoa zati berdinetan banatu ahalko dela sindikatuen artean, edo, proportzionaltasuna bitarte, aintzat hartuz zer ordezkaritza eskuratu duen Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak enpresetako eta administrazio publikoetako langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan, beti ere dirulaguntzak banatzeko aginduan xedatutakoa betez eta kontuan hartuz akordiorik izan ote den aldez aurretik sindikatuekin.
Bigarren Xedapen Gehigarriaren 2. puntuan xedatutakoa betez, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak, 2026ko ekainaren 17ko Aginduz, 2026. urterako dirulaguntzak emateko prozedura hasi zuen, 237/2000 Dekretuak hala aurreikusten baitu Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta lurralde-batzordeetako kide diren eta ikuskapen-erregimenean parte hartzen duten sindikatuentzat.
2026ko ekainaren 22an, Hauteskunde Sindikalen Batzordea osatzen duten sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariak hala adosturik, proposatu zioten Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari proposatu berdinetan bana zezala dirulaguntza, zeinari abenduaren 23ko 7/2025 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026rako Aurrekontu Nagusiak onartu zituenak, 837.237,00 euroko aurrekontu-zuzkidura esleitua dion (3112 Programak, 21 Zerbitzua).
Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak Bigarren Xedapen Gehigarriaren 3.etik 5.era bitarteko puntuetan xedatutakoarekin bat etorriz, Agindu honen bidez dirulaguntza ematen zaie Dekretuak eratutako Sindikatu Hauteskundeen Batzordea, Lurralde Batzordeak eta Ikuskaritza osatzen dituzten erakunde sindikalei.
Aurreko guztiagatik,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Dirulaguntza ematea.
1.– 2026. urterako dirulaguntzak ematen zaizkie azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak eratutako Sindikatu Hauteskundeen Batzordean, lurralde-batzordeetan eta ikuskapen-erregimenean parte hartzen duten sindikatuei.
2.– Alderdi guztiak hala adosturik, eta Dekretuak ere Bigarren Xedapen Gehigarriko 3. puntutik 5. puntura bitartean hala aurreikusten baitu, dirulaguntza zati berdinetan banatuko da. Kontuan izanik, beraz, abenduaren 23ko 7/2025 Legeak, 2026ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartzen dituenak, 837.237,00 euroko aurrekontu-zuzkidura esleitzen duela dirulaguntza horretarako, Hauteskunde Sindikalen Batzordea osatzen duten eta jarraian zerrendatzen diren sindikatu guztiek 209.309,25 euro jasoko dituzte:
– Euskal Langileen Alkartasuna (ELA).
– Confederación Sindical de CC.OO. de Euskadi.
– Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).
– Unión General de Trabajadores (UGT-Euskadi).
2. artikulua.– Dirulaguntza jasotzeko baldintzak.
Aurreko artikuluan ezarritako dirulaguntza jaso baino lehen, interesatuta dauden sindikatuek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, kontuan harturik zer xedatzen duen Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko eraz eta dirulaguntzen itzulketak egiaztatzeko eraz ere Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko dira, zerga-organo eskudunek edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emanak, hurrenez hurren. Espedientea kudeatzen duen organoak zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez.
Erakunde eskatzaileak, ordea, horren aurka egin ahal izango du, baina kasu horretan berak aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak.
b) Honako hauek egiaztatzen dituen erantzukizun-adierazpena aurkeztea:
b.1) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailetik lehenago jasotako laguntzak justifikatu direla.
b.2) Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aurreikusten dituen inguruabarretako ezeinetan.
b.3) Dirulaguntzetatik itzuli beharreko zenbatekoak ordainduak dauzkala, kontuan harturik zer xedatzen duen Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko eraz eta dirulaguntzen itzulketak egiaztatzeko eraz ere Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez.
3. artikulua.– Ordaintzeko era.
Dirulaguntza ordainketa bakar batez jasoko da, lehenago Agindu honetan zehazten diren agiriak aurkezturik.
4. artikulua.– Bateragarritasuna.
Laguntzak bateragarriak dira sindikatuek jaso ditzaketen beste laguntza, dirulaguntza, sarrera edo baliabide batzuekin, non eta horien xedea eta helburua ez diren 28ko 237/2000 Dekretuak araututako laguntzen xede eta helburu berak, delako Dekretuaren bidez sortuak izan baitziren, hain justu, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari. Haren aurka, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 123. eta 124. artikuluetan aurreikusten dituen errekurtsoak ezar daitezke: berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke, beraz, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek ondorioak izango ditu emana izan den uneaz geroztik, horrek eragozten ez badu ere pertsona interesdunei haren jakinarazpena egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Jende orok haren berri izan dezan, argitara bedi Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 28a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
RSS