
177. zk., 2026ko irailaren 16a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (173 KB - 7 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3900
EBAZPENA, 2026ko abuztuaren 24koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio euskara kultura-ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik Babes Bereziko Kultura-ondasun Immaterial izendatzeko espedienteari, eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen baita.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren arabera, kultura-ondarearen arloko eskumen esklusiboa bereganatu zuen. Hartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Euskarak kultura-ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik dituen kultura-balioak ikusita, eta Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aintzat hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea euskara kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa Babes Bereziko Kultura-ondasun Immaterial izendatzeko espedienteari, kontuan hartuta identifikazioa, kategoria, espazio- eta denbora-esparrua, deskribapena eta elementuak, komunitate eramailea eta transmisioa, bai eta ebazpen honen eranskinean agertzen diren arriskuak eta zaintza-neurriak ere.
Espediente hau hasteak berekin ekarriko du euskarari, kultura-ondare immaterialaren hedatzaile den aldetik, berehala eta behin-behinean aplikatzea ondasun hori babesteko araubide berariazkoa, bai eta Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean babes bereziko kultura-ondasunetarako aurreikusitako babes-araubide erkide eta berezia ere.
Bigarrena.– Jendaurrean jartzea euskara kultura-ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik Babes Bereziko Kultura-ondasun Immaterial deklaratzeko hasitako espedientea, honako hauek kontuan hartuta: identifikazioa; kategoria; espazio- eta denbora-esparrua; deskribapena eta elementuak; komunitate eramailea eta transmisioa; eta ebazpen honen eranskinean agertzen diren arriskuak eta zaintza-neurriak. Horrela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita 20 eguneko epean, alegazioak egin ahal izango dira eta egokitzat jotzen den dokumentazioa aurkeztu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea, indarrean dauden xedapenen arabera.
Laugarrena.– Ebazpen honen berri ematea Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailari eta Eudeli.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta hiru Lurralde Historikoetako aldizkari ofizialetan argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 24a.
Kulturako sailburuordea,
ANDONI ITURBE AMOREBIETA.
ERANSKINA
1.– Identifikazioa.
a) Izena: euskara kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa.
b) Eremu geografikoa: Euskal Autonomia Erkidego osoari dagokion adierazpena.
2.– Kategoria.
Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Unescoren Kultura-ondare Immateriala Babesteko Konbentzioak zehaztutako eremuei jarraikiz, euskara kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa kultura-ondare immaterialaren hurrengo kategorian agertzen da bereziki: ahozko tradizioak eta adierazpideak, hizkuntza barne, kultura-ondare immaterialaren hedatzailea den aldetik. Horrek esan nahi du kultura-adierazpenak sortzea, transmititzea, birsortzea eta zaintzea ahalbidetzen duen bitartekoa dela. Aldi berean, zeharkako izaera duenez, kultura-ondare immaterialaren kategoria-multzo osoan parte hartzen du; izan ere, elementu artikulatzaile gisa, komunitate eramaileek ondorengo kategoria hauetan sailkatutako adierazpenak izendatzea, interpretatzea, transmititzea eta bizirik iraunaraztea ahalbidetzen du: usadio sozialak, bertsolaritza, emanaldi tradizionalak eta oroitzapenezkoak, jai-ekitaldiak, naturarekin eta unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta usadioak, eskulangintzari buruzko teknikak, kirola, gastronomia, musika edo dantza.
3.– Espazio- eta denbora-esparrua.
Euskara kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa gaur egun hiru administrazio-mugapenetan banatuta dagoen lurraldeari lotuta dago: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Hirigune Elkargoa. Hala ere, diaspora ezarri den eta lotura komunitario sendoak dituen lurraldeetan ere du presentzia.
Ondarearen ikuspegitik, espazioak barne hartzen ditu euskara kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa sortzea, transmititzea eta birsortzea ahalbidetzen duten familia-, komunitate-, jai-, hezkuntza-, elkarte- eta ingurune digitaleko testuinguru guztiak, besteak beste.
Denbora-eremuari dagokionez, euskara kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa etengabeko komunikazio-, sozializazio- eta transmisio-prozesua da; haren bidez komunitate eramaileek ezagutzak, balioak eta kultura-adierazpenak sortzen, transmititzen eta birsortzen dituzte. Eguneroko jarraitutasun horrek, topaketa eta ospakizun kolektiboetan indartuta, ondareak bere bizitasunari eustea eta gizarte-aldaketetara egokitzea ahalbidetzen du, bere esanahia galdu gabe.
4.– Deskribapena eta elementuak.
Kultura-ondare immateriala komunitateek beren kultura-herentziaren partetzat aitortzen dituzten, etengabe transmititzen eta birsortzen dituzten eta nortasuna eta jarraitutasuna sortzen duten praktika, ezagutza eta adierazpenek osatzen dute. Testuinguru horretan, bai Unescoren Kultura-ondare Immateriala Babesteko Konbentzioak bai Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legeak kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa kokatzen dute hizkuntza. Horrek esan nahi du kultura-adierazpenak sortzeko, transmititzeko eta birsortzeko bidea dela. Funtzio hori bereziki nabarmena da ahozko tradizioan: bertsolaritzan, euskararen kasu espezifikoan, baina baita toponimian, abestietan, atsotitzetan, herri-kontakizunetan eta abarretan ere; hala ere, naturari, teknika tradizionalei, emanaldi tradizionalei, usadio sozialei, erritu-adierazpenei eta garatzen diren hizkuntzari estuki lotuta dauden esanahia eta jarraitutasuna dituzten beste praktika batzuetan ere nabarmena da.
Unescoren arabera, hizkuntzaren ondare-balioa kultura-unibertso partekatu bat artikulatzeko eta bizirik mantentzeko duen gaitasunean datza; horren bidez, ezagutzak, balioak, gizartea antolatzeko moduak, memoria kolektiboa eta lurraldea zein errealitatea ulertzeko moduak transmititzen dira. Funtzio horrek komunitate eramaileen baitan baino ez du zentzua hartzen, haiek baitira hizkuntza beren kultura-praktiken esparruan sortu, erabili eta etengabe birsortzen dutenak.
Euskarak, beraz, ez du komunikazio-tresna gisa soilik jarduten; aitzitik, komunitate eramaileek beren kultura-ondarea sortzen, interpretatzen eta bizirik mantentzen duten prozesuen funtsezko osagaia da. Hala, kultura-unibertso partekatu baten jarraitutasunari ekarpena egiten dio, eta kultura-adierazpenak sortzeko, transmititzeko eta birsortzeko bitartekoa eratzen du.
Bestalde, euskarak hedatzen dituen kultura-adierazpenak euskal hiztunek historian zehar errealitatea ulertu, antolatu eta transmititu duten moduaren emaitza dira. Ondorioz, sortzen, pentsatzen, transmititzen eta bizitzen diren kultura-produktuak dira, eta kultura-tradizio bat biltzen dute bere baitan, zeinak berariazko ezagutzak, emozioak, jokabide-arauak, trebetasunak, gaitasunak, partekatutako esperientziak eta funtsezko kapital sinbolikoa barne hartzen dituen. Hala, mundua ikusteko eta munduan egoteko modu jakin baten adibide gisa, kultura-adierazpen horiek beren kulturaren gordailu eta hedatzaile dira, eta, belaunaldiz belaunaldi transmititzerakoan, denboraren joanean zehar, testuinguru eta errealitate berrietara egokitzeko birsortzen dira.
Euskara, komunitate bati bere burua aitortu eta kolektiboki proiektatzeko aukera ematen dioten sistema sinbolikoen eta kultura-erreferentzien hedatzailea den aldetik, kultura-nortasuna artikulatzen duen elementua da ikuspegi horretatik. Era berean, gaitasun nabarmena du erreferente kolektibo gisa jarduteko, komunitate eramailearen kohesioa indartzeko eta kultura-memoria partekatu bat eraikitzen, transmititzen eta birsortzen laguntzeko.
Gainera, ezinbestekoa da ondare-elementu hori hizkuntza minoritario eta minorizatu baten testuinguruan ulertzea, Unescok berak «zaurgarri» gisa katalogatua izan dena. Hizkuntza horren transmisioak prozesu historiko, politiko eta sozialak izan ditu ezaugarri, eta prozesu horiek erabilera-espazioak baldintzatu dituzte. Horrek, halaber, eragina izan du hedatzen duen kultura-ondarearen jarraitutasunean. Horren ondorioz, bere komunikazio-dimentsioaz harago, euskara komunitate eramailearen kidetasun-sentimendua indartzen duen erreferente sinboliko eta identitario bilakatu da.
Ondarearen ikuspegitik, gutxiengo bati atxikitako eta hark birsortutako ondarearen aitortzak ekarpen garrantzitsua egiten dio kultura-aniztasunari, eta, horrekin batera, garapen jasangarriari. Hartara, 2030 Agendaren postulatuekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat dator, egungo globalizazio teknologiko, ekonomiko, linguistiko eta kulturalaren testuinguruaren aurrean, zeinak arriskuan jartzen baitu haren espezifikotasuna eta iraupena. Hala, 2005eko Kultura-adierazpenen Aniztasuna Babestu eta Sustatzeko Unescoren Konbentzioak kulturartekotasuna eta kultura-adierazpenen aniztasunarekiko errespetua sustatzeko eskatzen die botere publiko arduradunei, eta bereziki gutxiengo sozialei atxikitakoei, kulturaren eta garapen jasangarriaren artean dagoen lotura berretsiz eta hizkuntza-aniztasuna kultura-aniztasunaren eta gizadiaren ondare komunaren funtsezko elementu gisa aitortuz.
5.– Komunitate eramailea eta transmisioa.
Komunitate eramailea kultura-ondare immaterialaren elementu nagusia da; izan ere, kultura-adierazpenek balioa hartzen dute soilik komunitateek berek aitortzen, praktikatzen, transmititzen eta birsortzen dituztenean. Euskara ondarearen hedatzaile gisa aintzat hartuta, komunitate hori osatzen dute euskararen birsorkuntzan, transmisioan eta zaintzan aktiboki parte hartzen duten pertsonek, elkarteek eta gainerako erakundeek.
Euskal hizkuntza-komunitateak historikoki bizi izan duen diglosia-egoerak pertsonen elkartze-mugimendu indartsua sortu du, zeinaren helburua eskubideak eskuratzea eta hizkuntza, kultura eta nortasun propioak dituen komunitate gisa aitortua izatea izan den. Prozesu horrek hausnarketa garrantzitsua eragin du komunitateen baitan, eta horren ondorioz eraiki dira haien autoordezkaritza, nortasuna eta ondarearen defentsa. Komunitate horrek bere nortasuna zaintzeko borondatea aitortzen du, eta haren ardatz gisa hartzen ditu hizkuntza eta horrek hedatzen dituen kultura-ondare immaterialaren adierazpenak. Horrek guztiak komunitatea biltzeko elementu gisa jarduten du.
Transmisioa, bestalde, kultura-ondare immaterialaren jarraitutasuna bermatzen duen funtsezko mekanismoa da. Historikoki funtzio hori batez ere familia- eta komunitate-eremuan garatu bazen ere, espazio horien ahultzeak transmisio-eremu berriak sortzea bultzatu zuen, hezkuntza- eta kultura-ekimenak belaunaldien arteko transmisioaren osagarri gisa kokatuz eta euskararen eta hark hedatzen dituen kultura-adierazpenen zaintza indartuz. Gaur egun, lurraldeko eremu zabal batean, neurri handi batean elkarte horien bidez edo eskolan aurkitzen dituzte hiztun berriek euskarazko sozializazio-, kohesio-, aisialdi- eta kultura-ekoizpenerako lekuak. Komunitatearentzat erreferentziazko kultura-ingurune eta sorkuntza- nahiz birsorkuntzarako gune dira horiek, bai eta eraikuntza sozial eta kulturalerako komunitate-espazio ere. Prozesu horien jarraipena, estrategia instituzionalean ez ezik, sare asoziatibo zabal batean ere oinarritzen da, euskara eta hark hedatutako kultura-adierazpenak sustatu, ikertu, dokumentatu eta transmititzen dituena.
Elkartegintzaren ekarpena aitortzeaz gain, komunitateen interesak defendatzeko funtsezkoa dena, honako hauek ikusarazi eta balioetsi behar dira:
Alde batetik, emakumeen ekarpen historikoa hizkuntzaren, balioen, ahozko tradizioaren eta kultura-ezagutzen eguneroko transmisioan komunitatearen baitan, bai eta pixkanaka sorkuntza- eta irudikapen-eremu publikoetan gero eta presentzia handiagoa izatea. Prozesu horrek kultura-adierazpenak aberastu ditu, eta euskal kultura-ondare immaterialaren izaera dinamikoa, inklusiboa eta bizia indartu du. Unescok berak adierazten du emakumeen parte hartzea funtsezkoa izan dela eta dela hizkuntzen, kode etikoen, balio-sistemen, erlijio-sinesmenen eta portaera-jarraibideen transmisioan, bai eta funtsezko funtzioak betetzen dituztela kultura-bitartekari eta transmisio-eragile gisa. Ideia hori bereziki garrantzitsua da kultura-ondare immaterialaren ikuspegitik; izan ere, luzaroan ikusgarritasun txikiagoa izan duten egunerokoan eta komunitate-esparruetan garatutako kultura-transmisio moduak aitortzeko aukera ematen du.
Beste alde batetik, jaiotzez euskal hiztunak ez diren pertsonen inplikazioa eta ahalegina, hizkuntza eta horrek hedatutako kultura bereganatzeko, beren buruarentzat eta/edo beren ondorengoentzat izanda ere, bereziki beste lurralde batzuetatik iritsitako pertsonen sektoreetan. Hori ezinbestekoa izan da hizkuntza eta kultura biziberritzeko prozesuan. Ildo horretan, Unescok adierazten du hizkuntza baten aldeko jarrerak erabakigarriak direla haren jarraitutasunerako, eta hizkuntza hori identitate kolektiboaren funtsezko ikur bihur daitekeela soilik komunitateak kultura-balio esanguratsua aitortzen dionean.
6.– Arriskuak eta zaintza-neurriak.
Ezinbestekoa da adieraztea euskararen jarraipen historikoa, eta horrekin batera hedatzen dituen kultura-adierazpenena, funtsean komunitate eramailearen inplikazioan oinarritu dela. Horrek, fosilizaziotik urrun, ondarearen kontzientziazio-, berritze-, biziberritze-, ikerketa- eta balioa emateko prozesu sakonak bultzatu ditu, azken hamarkadetan bereziki.
Hala ere, Unescok euskara hizkuntza zaurgarri gisa katalogatu izanak azpimarratu egiten du hizkuntza babestu eta zaindu beharra, haren bidez sortzen eta birsortzen diren kultura-adierazpenen hedatzaile den aldetik; izan ere, kultura-ondare oso bat hartzen du bere baitan, haren euskarri da eta hura metatzea, gordetzea eta transmititzea ahalbidetzen du. Nazioarteko erakundeak argi eta garbi azpimarratzen du hizkuntza batek erabilera-eremuen galera edo ordezkapen-prozesuak jasaten dituenean, hizkuntza horren bidez transmititutako ondarea bizirik mantentzea ahalbidetzen duten mekanismoak ere ahuldu egiten direla.
Gaur egun, euskarari kultura-ondare immaterialaren hedatzaile gisa atxikitako arrisku nagusiak ez dira belaunaldien arteko transmisioa ahultzea, fenomeno horrek EAEtik kanpoko zenbait euskal lurraldetan irauten duen arren, baizik eta, batez ere, hizkuntzaren ezagutzaren eta erabilera eraginkorraren arteko desoreka. Izan ere, komunitate eramaileak ahaleginak egin arren, hizkuntzaren erabilerak ez du bere ezagutzaren erritmo berean aurrera egin, eta euskara gizartean normalizatzea oraindik egiteke dagoen erronketako bat da. Horri aurre egiteko, euskara funtzio sozial guztietan erabiltzeko gai diren hiztun osoak eta hizkuntza-kontzientzia aktiboa behar dira.
Bestalde, komunitatean parte hartzeko guneen murrizketak eta kultura eta hizkuntza homogeneizatzeko prozesuek mugatu egiten dituzte ondarea birsortzeko aukerak eta kultura-adierazpenak bizirik mantentzea ahalbidetzen duten gizarte-baldintzak. Hau da, hizkuntza-transmisioaz gain, kultura-ondare immaterialaren transmisioak, oro har, eraldaketa garrantzitsuei egin behar die aurre, globalizazioaren, digitalizazioaren eta belaunaldi berrien sozializazio-moduetan izandako aldaketen ondorioz. Izan ere, irismen globaleko kultura-erreferenteen gero eta hedapen handiagoak nabarmen murrizten du tokiko eta komunitateko testuinguruei lotutako kultura-adierazpenen presentzia soziala, eta identitateak ikasteko eta eraikitzeko moduak eraldatzen ditu, ahozkotasunean, eguneroko bizikidetzan eta parte-hartze komunitarioan oinarritutako transmisio-eredu tradizionalen kaltetan. Horrek zaildu egiten du euskarak hedatzen dituen ezagutzak, kontakizunak, adierazpenak eta kultura-balioak transmititzea.
Beraz, homogeneizazio-arriskua ez da hizkuntza-aniztasunaren balizko galera gisa soilik ulertu behar, baizik eta, halaber, hizkuntzak hedatzen dituen ondare-tradizioen eta -adierazpenen oinarri diren kultura-transmisioko prozesuak bizirik mantentzeko komunitateen gaitasunaren murrizketa gisa ere. Horren aurrean, egungo erronka nagusietako bat parte hartzeko testuinguru esanguratsuak sustatzea da, belaunaldi berriek kultura-adierazpen horiek bere egin ditzaten eta haien jarraitutasunari ekarpen aktiboa egin diezaioten, betiere kontuan hartuta kultura-ondare immaterialaren bizitasuna kultura-adierazpenak modu kolektiboan gauzatzeko, partekatzeko, transmititzeko eta birsortzeko aukera ematen duten komunitate- eta gizarte-esparruak egotearen mende dagoela.
Horregatik guztiagatik, nahitaezkoa da kontuan hartzea ondarea transmititzea ahalbidetzen duten komunitateen eta kultura-prozesuen bideragarritasuna; izan ere, transmisio hori, batetik, ondarea sortzen, praktikatzen, transmititzen eta birsortzen duten pertsonen eta komunitateen parte-hartze aktiboaren mende dago, eta, bestetik, pertsonak komunitate eramaile aktibo baten parte direla sentitzeko gai izatearen mende, haren kultura-praktiketan parte hartuz eta praktika horiek egungo testuinguruetara egokitzeko ekarpena eginez.
Aurreko guztiagatik, eta kultura- eta hizkuntza-ondare honen arrisku- eta zaurgarritasun-egoera kontuan hartuta, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroak babes-neurri gisa proposatzen du elementua Babes Bereziko Kultura-ondasun Immaterial izendatzea, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen babesean.
Izendapen hori oinarri gisa erabiliko da elementuaren zaintzari dagokionez beharrezkotzat jotzen diren neurri guztiak hartzeko. Hala, arreta berezia jarriko da euskaran beren adierazpide nagusia aurkitzen duten ezagutzen, praktiken, adierazpenen eta kultura-transmisiorako moduen jarraitutasuna bermatzean. Bidenabar, funtsezkoa da neurri multzoak arreta berezia eskaintzea euskal hiztunak ez diren pertsonek hizkuntza eta hark hedatutako ondarea eskuratzeko dituzten aukerei.
Gainera, ezinbestekoa da adieraztea edozein zaintza-neurrik kultura-ondare immaterialaren izaera bizia eta dinamikoa aitortu behar duela. 2003ko Konbentzioak azpimarratzen du kultura-adierazpen horiek etengabe birsortzen direla unean uneko testuinguru historiko eta sozial aldakorren arabera. Ondorioz, euskarak ondare-hedatzaile gisa jarraitzea ez da soilik jasotako formei eustean oinarritzen; horrez gain, egungo gizartean sorkuntzarako, komunikaziorako eta kultura-transmititzeko tresna baliagarria izaten jarraitzeko duen gaitasunaren mende ere badago.
RSS