
177. zk., 2026ko irailaren 16a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (251 KB - 14 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3899
AGINDUA, 2026ko irailaren 8koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei lotutako fundazio eta elkarteei 2026ko ekitaldirako dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duena.
Gernikako Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari aitortzen dizkio, besteak beste, eskumen esklusiboak kulturaren arloan eta nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten fundazio eta elkarteen arloan. Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin lotutako fundazio eta elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan kulturaren prestakuntzan eta garapenean laguntzen dute, hainbat proiektu, programa edo jarduera eginez, euskal gizarteari zuzendutako ikastaro, mintegi, hitzaldi, erakusketa, biltzar, bilera, prestakuntza-jarduera eta argitalpenen bidez.
Era berean, Autonomia Estatutuaren 6. artikulutik ondorioztatzen da gure Autonomia Erkidegoari agintzen zaiola eta eskumenak ematen zaizkiola euskara sustatu eta bultzatzeko proiektu, programa edo jarduerak garatzeko, Euskadiko berezko hizkuntza ofiziala den aldetik.
Eskumen-esparru horren testuinguruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokio, bere helburu nagusietako bat den aldetik, euskal kultura sustatzea, Euskadin garatutako kultura-adierazpen guztiak eta, bereziki, gure nortasunaren adierazgarri direnak barne hartzen dituela ulertuta. Euskara eta euskal kultura dira, beraz, gure idiosinkrasiaren funtsa biltzen duten elementuak, eta euskal gizarte osoari dagokio, baina, batez ere, botere publikoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, haren iraupena, hedapena eta sustapena bermatzeko erantzukizuna.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 26ko 389/2024 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio dekretu horren 6. artikuluan ezarritako eginkizunak betetzea musikaren, arte eszenikoen, liburuen, ikus-entzunezkoen, ikusizko arteen eta kultura- eta sormen-industrien arloetan. Gainera, zuzendaritza horrek arlo horietako jarduera profesionalari emango dio lehentasuna.
Halaber, euskara sustatuko du kultura sustatzeko politika publikoetan, baldin eta bere eskumeneko esparruan garatzen badira, Saileko Euskararen Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta; gainera, genero-ikuspegia txertatuko du kultura sustatzeko bere eskumen-eremuan garatzen diren politika publikoetan, eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurriak ezarriko ditu, bai eta ekintza positiboak ere, beharrezkoa den eremuetan, Saileko Berdintasunerako Administrazio Unitatearekin lankidetzan eta koordinatuta.
Ildo horretan, lehenago adierazi den bezala, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei lotutako fundazio eta elkarteek irmoki laguntzen dute kulturaren garapenean, euskal gizartea izanik azken hartzailea.
Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartu da (Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko otsailaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen), bai eta 2026ko Dirulaguntzen Urteko Planean ere (Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko otsailaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen).
Ondorioz, honako hau:
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Agindu honen I. eranskineko oinarri arautzaileak onartzea, eta deialdia egitea Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei lotutako fundazioek eta elkarteek 2026an egindako azterlan-, ikerketa- eta zabalkunde-proiektu, -programa edo -jarduerak eta komunitatearen kultura-garapena sustatzen duten ekimenak sustatu eta bultzatzeko dirulaguntzetarako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 8a.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
I. ERANSKINA
LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Deialdiaren xedea.
Agindu honen xedea da Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin lotutako fundazioek eta elkarteek azterlan-, ikerketa- eta zabalkunde-proiektu, -programa edo -jarduerak eta komunitatearen kultura-garapena sustatzen duten ekimenak sustatzeko eta bultzatzeko dirulaguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea.
2. oinarria.– Onuradunak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke betekizun hauek betetzen dituzten fundazio eta elkarteak:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.
b) Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin lotuta egotea.
c) Estatutuetan ezarritako interes orokorreko helburuen artean kultura-proiektuak, -programak edo -jarduerak garatzea izatea.
d) Hurrengo oinarrian zehazten diren diruz lagundu daitezkeen jardueretako batzuk garatzea edo egiteko asmoa izatea.
e) Egunean izatea zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta itzulketa-betebeharrak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluetan ezarritakoaren arabera (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
Deialdi honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, dirulaguntzen eskatzaileen baimenik gabe. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztuko du.
f) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntza publikoen deialdien eraketa, funtzionamendua eta konkurrentziarako aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzak betetzea.
2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan daitezke, halaber, erakunde politikoekin lotura duten fundazioak eta elkarteak, alderdi politikoek osatzen badituzte eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza badute; agindu honetan araututakoaren ondorioetarako, alderdi politikotzat hartuko dira, baldin eta aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
3.– Era berean, agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira aurreko paragrafoan aipatutako alderdi politikoak osatzen dituzten erakunde politikoei lotutako fundazio eta elkarteak, baldin eta, oinarri honen 1. paragrafoan ezarritako betekizunak betetzeaz gain, zuzenbidean baliozkoa den edozein frogabideren bidez egiaztatzen badute zein alderdi politikoren mende dauden edo zenbat eserleku dituzten alderdi politiko horiek. Zuzenbidean frogabide baliozkotzat jotzen dira, besteak beste, honako bi hauek:
a) Erakunde politikoa arautzen duten estatutuetan edo arauetan alderdi politiko horren partaidetza-ehunekoa adieraztea, baldin eta alderdi politiko horren fundazioak edo elkarteak agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatzen baditu. Horrela, zehaztu ahal izango da erakunde politikoko alderdi bakoitzak zenbat eserleku izango dituen Eusko Legebiltzarrean.
b) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren hauteskunde-barruti guztietako hautagaien zerrendetan adieraztea hautagai bakoitza erakunde politikoko zein alderdi politikotakoa den.
4.– Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duen alderdi edo erakunde politiko berari lotutako fundazio edo elkarte batek baino ezin izango ditu eskuratu agindu honetan araututako dirulaguntzak. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duen alderdi edo erakunde politiko berari lotutako fundazio edo elkarte bat baino gehiago aurkezten badira, dirulaguntzen onuradun izango da agindu honen 13. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera puntuazio handiena lortzen duena.
5.– Ezin izango dute agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzarik eskuratu honako fundazio eta elkarte hauek:
a) Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten erakunde politikoak osatzen dituzten alderdi politikoei lotutakoak, alderdi politiko horri lotutako fundazio edo elkarteren bat agindu honetan araututako dirulaguntzetara aurkezten bada.
b) Laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala jaso dutenak, edo horretarako legezko debekuren baten eraginpean daudenak, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion zehapenak ezartzen duen aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso berdintasun-plan bat izan behar duten fundazioek eta elkarteek, baldin eta Estatuko araudiaren arabera berdintasun-planik indarrean ez badute, eta, 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurririk ezarri ez badute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.
c) Transen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua betetzen ez dutenak.
d) Europako Batzordeak aldez aurretik erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu baten mende daudenak.
e) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 3., 4. eta 5. apartatuetan jasotako egoeraren batean daudenak.
3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak, programak edo jarduerak.
1.– Agindu honen 1. oinarrian aipatzen diren jarduerak izango dira diruz lagungarriak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan egin edo garatzea; hala ere, eremu horretatik kanpo garatu ahal izango dira euskal kultura kanpoan zabaltzea helburu duten jarduerak.
b) Aztertzeko, ikertzeko eta garatzeko hainbat jarduera egitea; besteak beste, ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak, erakusketak, biltzarrak, bilerak, oroitzapenak, foroak eta topaketak, sariak eta lehiaketak, prestakuntza-jarduerak, argitalpenak, dokumentazio- eta artxibo-zentroak, informazioa eta online komunikazioa.
c) Euskal herritarrentzat izatea; nolanahi ere, zenbait jarduerak, beren izaera eta helburua dela-eta, pertsona edo kolektibo jakin batzuk izan ditzakete hartzaile, edo, oro har, herritar guztientzat izan daitezke.
d) Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu orekatua aurkeztea, eta aurrekontuko diru-sarreren artean eskatutako dirulaguntza sartzea.
e) Berezko finantzaketa-maila diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuaren % 30 edo handiagoa izatea, eta diruz lagundu ezin diren gastuen % 100 izatea. Horretarako, finantzaketa propiotzat hartuko da edozein iturritatik datorrena, agindu honetan araututako dirulaguntza izan ezik.
f) Proiektuak kultura-sektore batean edo batzuetan sartuta egotea (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika edo bertsolaritza).
g) Proiektuak 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitartean gauzatzea.
4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, behar-beharrezkoak direnak eta deialdi honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo haren balizko aldaketetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino handiagoa izango.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira aurkeztutako jarduera-proiektutik eratorritako gastu hauek:
a) Langile-gastuak:
– Kudeaketako, zuzendaritzako edo koordinazioko langileen gastuak.
b) Ostatu- eta desplazamendu-gastuak (langileenak eta entitateko arduradunenak).
c) Jarduerarako materialen gastuak.
d) Komunikazio-gastuak.
e) Zeharkako gastuak (alokairua, argia, ura, telefonoa, gasa, Internet...).
3.– Entitate onuradunak hirugarrenekin azpikontratatu ahal izango du jarduera, kontratu guztien prezioak diruz lagundutako proiektu eta jardueren % 70eraino batuta. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak berak kontratatzea diruz lagundutako proiektuak eta jarduerak egiteko beharrezkoak diren gastuak.
Nolanahi ere, kontratu bakoitzean emandako lanak edo zerbitzuak aurrekontuaren epigrafeetan jasotako kontzeptuetara egokitu beharko dira.
4.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Higiezinetan obrak egitea.
b) Ekipamenduan egindako gastuak; halakotzat hartuko dira fundazio edo elkarte onuradunaren ondarea handitzea dakarten gastuak, hala nola makineria, altzariak, ekipamendu informatikoak eta garraio-elementuak erostea.
c) Amortizazio-gastuak.
d) Tributuen gastuak.
e) BEZ kengarriaren zenbatekoa, onuradunak zerga horren aitorpena egin behar duenean. Kasu horretan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.
f) Irakasle, hizlari eta txostengileen ordainsari profesionalak, jasotzailea dirulaguntzaren onuradun den fundazio edo elkarteko zuzendaritza-organoetako kidea denean.
5.– Diruz lagundu daitezkeen gastu hauek honako muga hauekin lagunduko dira diruz:
a) Protokolo- eta ordezkaritza-gastuak, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 5era arte.
b) Bidaia-, bazkari-, dieta-, garraio-, lokomozio-, ostatu- eta asistentzia-gastuak diruz lagunduko dira, gehienez ere, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
5. oinarria.– Dirulaguntzen baliabide ekonomikoak eta mugak.
1.– Dirulaguntza hauetarako, guztira, 280.000 euro erabiliko dira.
2.– Hautatutako proiektu bakoitzari emango zaion gehieneko zenbatekoa ezin izango da onartutako gastu-aurrekontuaren % 70 baino handiagoa izan.
6. oinarria.– Emateko prozedura.
Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak lehiaketa ez den norgehiagoka-prozeduraren bidez ebatziko dira, aurkeztutako eskabideak alderatuz, 13. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideetan oinarrituta. Proiektuek oinarri horretako 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoaren arabera lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko dira enuradunei eman beharreko zenbateko zehatzak, betiere agindu honetan ezarritako gehieneko mugak errespetatuz.
7. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, pertsona juridikoak behartuta daude harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera, administrazio-prozeduraren edozein izapidetarako.
3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, 39/2015 Legearen 16.4.a) artikuluaren arabera, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, esteka honetan: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082513
Era berean, artikulu horrek aukera ematen du interesdunek administrazio publikoetako organoetara zuzentzen dituzten dokumentuak «Administrazioaren edo organismoaren erregistro elektronikoan eta 2.1 artikuluan aipatzen diren subjektuetako edozeinen gainerako erregistro elektronikoetan» aurkezteko.
Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Helbide honetan eskuratu daitezke EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
4.– Izapidetze elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan aldez aurretik inskribatutako ordezkariaren bidez egin ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko jarraibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri (aurreko puntuan daude jasota).
6.– Elkarte edo fundazio eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta hari erantsitako egiaztagiriak. Halaber, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
8. oinarria.– Betekizunak egiaztatzea eta eskatutako dokumentazioa.
1.– Fundazioari edo elkarteari buruzko dokumentazioa:
a) Alderdi Politikoei buruzko ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoaren laugarren xedapen gehigarriak aipatzen duen Alderdi Politikoen Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.
2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa:
a) Azalpen-memoria, http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082513 estekan deskarga daitekeen ereduaren arabera.
b) Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu guztiak eta diru-sarreren aurreikuspena jasoko dituena, hemen deskarga daitekeen ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082513
c) Aurreikusitako egutegia (2026).
d) Hala badagokio, azalpen-memorian alegatutako alderdiak justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu ahal izango dira, 13. oinarriko balorazio-irizpideak baloratzeko beharrezkotzat jotzen badira.
3.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Hala, administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, salbu eta interesdunek berariaz aurka egiten badute.
9. oinarria.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, erantzukizunpeko adierazpen bidez, inguruabar hauek egiaztatu beharko dira eskabidearekin batera:
a) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu izana beste edozein administrazio edo ente publiko nahiz pribatutatik, eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa.
b) Egunean dituztela dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
c) Ez dutela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen administratiborik edo penalik, eta ez dutela horretarako legezko inolako debekurik, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan ezarritako zehapenen eta debekuen arabera.
d) Estatuko araudiaren araberako berdintasun-plan bat izatea, hura indarrean izatea eta, 50 langile baino gehiago badituzte, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko neurriak ezarri izana.
e) Eskabideko eta erantsitako dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, bereziki Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 3., 4. eta 5. apartatuetan ezarritakoak.
Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute onuradun gisa proposatzen direnek, dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.
10. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendaria izango da laguntza kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Zuzendaritza horri dagokio aurkeztutako eskabidean ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzea, aurrekontua 5. oinarrian ezarritako mugetara egokitzen den aztertzea eta, hala badagokio, onartutako aurrekontu osoa zehaztea.
11. oinarria.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidearen izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta dela edo dokumentu horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzendu dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, ebazpen baten bidez.
12. oinarria.– Balorazio-batzordea.
1.– Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Hauek osatuko dute batzordea:
– Presidentea: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzako Kultura Sustatzeko Zerbitzuko arduraduna. Hura ez badago, batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.
– Bokalak: Kulturako sailburuordeak Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzako teknikarien artean izendatutako 1-3 bokal.
2.– Batzordeko idazkari, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendatua.
3.– Eratuko den balorazio-batzordeak emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan beharko du, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabideak balorazio-irizpideen arabera ebaluatu ondoren, batzordeak txosten bat egingo du, eta, bertan, egindako ebaluazioaren emaitzak azalduko ditu, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.– Organo kudeatzaileak egoki irizten dien argibide guztiak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak behar bezala ebaluatu ahal izateko beharrezkotzat jotzen duenean.
6.– Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusita, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.
13. oinarria.– Baloratzeko eta dirulaguntzaren zenbatekoa kuantifikatzeko irizpideak.
1.– Proiektuak, programak edo jarduerak baloratzeko, irizpide eta ehuneko hauek hartuko ditu kontuan balorazio-batzordeak:
a) Fundazio edo elkarte eskatzailearekin lotura duen alderdi politikoak Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan lortutako ordezkaritzari 40 puntu emango zaizkio gehienez; formula honen arabera kalkulatuko dira puntuok:
Pi = (eserleku kopurua x Pm)/E
Hau da,
Pi: entitate onuradun bakoitzari dagokion puntuazioa.
Eserleku kopurua: fundazio edo elkarte bakoitzarekin lotura duen alderdi politikoaren eserleku kopurua.
Pm: irizpide honengatik gehienez lor daitekeen puntuazioa.
E: Legebiltzarrean ordezkaritza handiena duen alderdi politikoaren eserleku kopurua.
b) Proiektuaren, programaren edo jardueraren autofinantzaketak eskatutako finantzaketa-maila gainditzen badu, gehienez ere 9 puntu emango dira lortu beharreko guztizko puntuaziotik. Ehunekoa zehazteko, ez dira kontuan hartuko ez eskatutako dirulaguntza, ez beste administrazio publiko batzuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak edo dirulaguntzak; hau da, horiek guztiak kenduko dira autofinantzaketa-maila kalkulatzeko. Kalkulua egiteko, autofinantzaketa-maila handiena duen fundazio edo elkarteari emango zaio irizpide honen arabera eman daitekeen gehieneko puntuazioa, eta gainerakoei laguntza proportzionala emango zaie, formula honen bidez:
AUi = (GSi – EKi – GDPi) / GGi
AUi: autofinantzaketa-maila.
GSi: eskatzailearen diru-sarrerak.
EKi: eskatutako zenbatekoa.
GDPi: gainerako dirulaguntza publikoak.
GGi: proiektuaren gastuak, guztira.
c) Fundazioaren edo elkartearen erabaki-organoetan emakumeak egotea gehienez 5 punturekin baloratuko da.
– 5 puntu: emakumeen presentzia % 60tik gorakoa bada.
– 3 puntu: emakumeen presentzia % 40tik gorakoa bada.
– 0 puntu: emakumeen presentzia % 40tik beherakoa bada.
d) Kultura- programen edo -jardueren kopurua gehienez 15 punturekin baloratuko da.
Kultura-ekoizpena gizartearen esku jarri nahi da; horrela, herritarrek kultura-adierazpen guztiez gozatu ahal izango dute. Horretarako, kultura-programazioan musika, arte eszenikoak, literatura-produkzioa, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak eta kultura-ondarea hartuko dira kontuan. Balorazioa honela egingo da:
– Kultura-programazioa (gehienez 15 puntu): puntu 1 kultura-jarduera bakoitzeko.
e) EAEko kultura-eragileen parte-hartzea kultura-jardueran edo -programan (gehienez 15 puntu).
– 1 puntu, EAEko kultura-eragileek kultura-jardueran parte hartzen duten bakoitzeko.
Kultura-agenteak izango dira musika, arte eszenikoak, liburua, ikus-entzunezkoak, ikusizko arteak edo kultura-ondarearen sektoreko elkarte, konpainia edo artista profesionalak.
f) Fundazioaren edo elkartearen hizkuntza-politika eta -jarduera osoan hizkuntza ofizialen erabilera egokia* (gehienez 10 puntu).
– Jardueran hizkuntza ofizialak erabiltzea (gehienez 6 puntu):
– 6 puntu: % 90 eta % 100 artean bada euskaraz.
– 3 puntu: % 75 eta % 89 artean bada euskaraz.
– 1 puntu: % 74 eta % 50 artean bada euskaraz.
– 0 puntu: % 50etik behera bada euskaraz, edo eskaerak balorazioa egiteko informazio nahikorik ematen ez badu.
– Ez dagokio (EE): jarduera-lekua euskararen lurraldetik kanpo dagoenean (EAE, Nafarroa eta Iparraldea). Hartzaileak euskaldunak badira (adibidez, euskal etxeen jardueraren bat), baloratu egingo da eta ez da «ez dagokio» kontsideratuko.
Oharra: Balorazio-batzordeko kideen gehiengoak ez-egokitzat (EE) jotako proiektuak ez dira kontuan hartuko batez besteko puntuazioa lortzeko orduan.
– Hizkuntza ofizialak erabiltzea jarduera sustatzeko eta jarduera-memoriak egiteko (gehienez 4 puntu).
– 4 puntu: jarduera eta jarduera-memoriak euskaraz sustatzen bada, % 90 eta % 100 artean.
– 2 puntu: jardueraren sustapena eta jarduera-memoriak euskaraz egiten badira % 75 eta % 89 artean.
– 1 puntu: jardueraren sustapena eta jarduera-memoriak euskaraz egiten badira % 50 eta % 74 artean.
– 0 puntu: jardueraren sustapena eta memoria % 50etik behera egiten bada euskaraz edo ez bada zehazten eskabidean hizkuntza ofizialen erabilera.
g) Jarduerak lurraldean duen eragina eta jarduera garatzen den lurraldea (gehienez 6 puntu).
– Jardueraren lurralde-eragina (gehienez 3 puntu):
– 3 puntu: Euskal Autonomia Erkidegoa edo goragokoa bada.
– 2 puntu: lurralde historiko edo eskualde batean baino gehiagotan bada.
– 1 puntu lurralde historiko edo eskualde batean bakarrik bada.
– 0 puntu: eragina udal-mailan bada.
– Jarduera garatzen den lurraldea (gehienez 3 puntu):
– 3 puntu: Euskal Autonomia Erkidegoa edo goragokoa bada.
– 2 puntu: lurralde historiko edo eskualde batean baino gehiagotan bada.
– 1 puntu: lurralde historiko edo eskualde batean bakarrik bada.
– 0 puntu: eragina udal-mailan bada.
2.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez badezake ere, onuradun bakoitzeko proiektu bakar batek jaso ahal izango du dirulaguntza. Balorazio-irizpideak aplikatuta puntuazio handiena lortzen duen proiektua lagunduko da, formula honen bidez:
SP = SM* PO/PM
Hau da,
SP = proposatutako dirulaguntza.
SM = gehieneko dirulaguntza.
PO = lortutako puntuazioa.
PM = ondoen baloratutako proiektuaren puntuazioa.
3.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, zuzkidura ekonomiko orokorra proiektuek balorazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, proportzioan.
4.– Aurreko paragrafoan aipatutako prozeduraren bidez kalkulatutako zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, muga guztiak errespetatzen dituen gehieneko zenbatekora murriztuko da emaitza. Deskribatutako prozesua errepikatu egingo da hautatutako proiektu eta jarduera guztiei erantzun arte edo 5. oinarrian deialdiari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte. Prozesu hori honako formula honen bidez zehaztuko da:
SO = SP* DO/SUM (SPi)
Hau da,
SO = esleitutako dirulaguntza.
SP = aurreko fasean proposatutako dirulaguntza.
DO = zuzkidura (5.1 oinarria).
SUM (SPi) = aurreko kalkuluan proposatutako dirulaguntzen batura (laguntzaren muga gainditzen dutenak).
14. oinarria.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena Kulturako sailburuordeak emango du, Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako zuzendariaren proposamena ikusita; izan ere, hori zehaztea deialdiaren oinarrien gutxieneko edukiaren parte da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 9.4.g) artikuluak hala eskatuta.
2.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren ondorioak izango ditu, gehienez ere sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Argitalpen hori egiten den egun berean, horren berri emango zaie eskaeran abisuak bidaltzeko gailu elektroniko bat edo helbide elektroniko bat identifikatu duten fundazio eta elkarte interesdunei. Ohar hori informazio-ondorioetarako baino ez da, eta ez da jakinarazpentzat hartuko.
3.– Adierazitako epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte beren nahiak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.
4.– Ematen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
15. oinarria.– Bateragarritasunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste entitate publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Nolanahi ere, proiektu berari emandako dirulaguntza publikoen baterako zenbatekoak ezin izango du guztizko diru-sarreren % 80 gainditu. Deialdi honen ondorioetarako, autofinantzaketatzat hartuko da iturri publikoetatik ez datozen diru-sarreren zatikia, eta onartutako guztizko aurrekontutzat, berriz, aurrekontu araztua. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion mugaraino murriztuko da.
2.– Hala ere, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektua edo proiektuaren zati bat egiteko emandako beste dirulaguntza batzuekin.
16. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan onartutako dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
c) Diruz lagundutako proiektua eskabidean aurkeztutako baldintzetan garatzea.
d) Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
e) Estatuko edo nazioarteko beste edozein administraziok edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako beste laguntza, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuen berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari.
f) Diruz lagundutako proiektuei buruzko informazio, publizitate eta sustapen guztietan eta horiek zabaltzeko erabiltzen den edozein bidetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin egin direla adieraztea.
g) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan aurreikusitako gainerako betebeharrak.
17. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Agindu honen kargura emandako dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, dirulaguntza 3. apartatuan adierazitako moduan justifikatu ondoren.
2.– Dirulaguntza ordaindu ahal izateko, entitateak erregistratuta egon beharko du Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan. Erregistratuta ez badago edo banku-datuak aldatu nahi baditu, helbide honetan egingo du alta edo aldaketa: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
3.– Dirulaguntza hauen onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan (justifikaziorako azken eguna 2026ko abenduaren 30a izango da):
a) Memoria xehatua, diruz lagundutako jardueraren exekuzioari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzkoa, 2026ko ekitaldian.
b) 2026ko ekitaldian egindako kultura-jardueren zerrenda.
c) 2025eko aurrekontu betearazia (gastuak eta diru-sarrerak), onartutako aurrekontuaren eta inprimaki deskargagarriaren arabera.
d) 2026an diruz lagundutako proiektua gauzatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztien zerrenda sailkatua, deskarga daitekeen inprimaki-ereduaren arabera.
e) Egindako gastuen egiaztagiriak eta fakturak, 2026ko aldiari dagokion onartutako aurrekontu osoarekin batera, kasu bakoitzean hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren igorpena egin dela egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera. Ez da onartuko tiket-bidezko justifikaziorik.
18. oinarria.– Aldatzeko ebazpena.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere dirulaguntzaren xedea betetzat jotzen bada, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 eta 25. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
19. oinarria.– Dirua itzultzeko arrazoiak.
1.– Honako hauek izango dira itzultzeko arrazoiak:
a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Proiektua ez garatzea eskabidean aurkeztutako baldintzetan, honako hauei dagokienez: inplikatutako baliabideak, helburuak eta edukiak, inplikatutako sektoreak eta eragileak, eta hartzaileak.
c) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.
d) Eskabidearekin batera aurkeztutako proiektuan edo jardueretan Kulturako sailburuordeak aurreko oinarriaren arabera erabaki ez dituen aldaketak egitea.
2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
20. oinarria.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburuaren deskribapena: kultura- eta sormen-sektoreko laguntza ekonomikoak kudeatzea.
Lege-oinarria: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean eta tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak baliatuz egindako eginkizuna betetzeko (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa).
Hartzaileak: arloan eskumenak dituzten administrazio publikoak.
Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du bere datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian jasotako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml
RSS