Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2026ko irailaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3892

AGINDUA, 2026ko abuztuaren 27koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2026ko ekitaldirako laguntza-deialdia egiten duena.

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen (2008ko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 250. zenbakian argitaratua (aurrerantzean, EHAA)) VII. titulua elkarteen ordezkaritzari eta antolaketari buruzkoa da. Horrela, hau dio 85. artikuluak: «EAEko administrazioek harremana eta zerbitzua eman behar diete laborantzan, abeltzaintzan eta basogintzan (hots, orokorrean nekazaritza eta elikagaigintzan) jarduten diren pertsonei, fisiko nahiz juridiko izan». Beraz, arloarekin zerikusia duten elkarteak eratzea eta haiei eustea bultzatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako politikak diseinatzeko erakunde solaskide garrantzitsuen izaera ematen zaie, eta, horretarako, euskal administrazioek beharrezko baldintzak sortuko dituzte elkarte horiek nekazaritza eta elikagaigintzako azpisektoreen interesen ordezkari izan daitezen. Asoziazionismoaren barruan, nekazarien erakunde profesionalak nabarmendu behar dira; halaxe jasotzen dira 87. artikuluan. Nekazarien erakunde profesionaltzat hartzen dira estatutuetan, oro har, nekazarien interes sozioekonomikoak ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna jasota daukaten elkarteak eta, gutxienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten dutenak. Bete behar dituzte, gainera, 87. artikuluan bertan aipatzen diren eskakizunak. Asoziazionismoa oro har eta nekazarien erakunde profesionalak bereziki solaskide eraginkorrak dira, eta haien bidez bideratzen dira, halaber, ordenamendu juridikoan jasotako kontsultak.

Lehen sektorearen egituratze sozial eta profesionaleko tresna gisa duten eginkizuna betetzean, nekazarien erakunde profesionalek gastuak izaten dituzte; haien jarduera sindikalak etengabe hobetzen jarrai dezaten laguntzeari egoki irizten dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako Sailaren bidez. Hori da, hain zuzen ere, agindu honen xedea: Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten nekazari-erakunde profesionalentzako laguntzen 2026ko ekitaldirako deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko eginkizunak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza sektoreari oro har eta afiliatuei bereziki orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko haien jarduera sindikalei eusteko.

Sustapen-lan hori ez da berria, 1993ko ekitaldiaz geroztik aplikatzen ari den dirulaguntzen arloko programa bat da eta.

Laguntza hauetarako, lege eta arau hauetan xedatutakoa hartu behar da kontuan: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; 38/20023 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; eta uztailaren 21eko 8887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena. Hain zuzen ere arau horiek direla-eta eguneratu behar izan dira onuradun izateko baldintzak, bai eta izaera hori lortutakoan bete beharko dituzten obligazioak ere.

Agindu honen bidez eskaintzen diren laguntzak, era berean, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude, zeina Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartu baitzen (agindu horrek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu zuen 2026ko, 2027ko eta 2028ko ekitaldietarako). Dirulaguntzen plan estrategiko hori Eusko Jaurlaritzaren web-orrian dago argitaratuta (www.euskadi.eus), sailaren webguneko goiburuan ageri den «Planak eta proiektuak» atalean.

Programa honen finantzaketa 2026ko ekitaldiari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean aurreikusitakoaren arabera. Deialdi honetako laguntzen zenbatekoa 241.000,00 eurokoa izango da.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

2026rako dirulaguntza-deialdi hau onartzea, egitea eta eranskinean jasotako oinarriak argitaratzea, eta I. eranskinean, eskabide-eredua ematea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko erregimena.

Oinarri horietan prozeduraren arloan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Errekurtsoak.

Interesdunek, agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen. Bestela, zuzen-zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 27a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten nekazari-erakunde profesionalentzako laguntzen 2026ko ekitaldiko deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko eginkizunak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza sektoreari, oro har, eta afiliatuei, bereziki, orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko jarduera sindikalei eutsi diezaien.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.

2. oinarria.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko betekizunak.

Sindikatu izaerako nekazari-erakunde profesionalak izan daitezke onuradunak, hots: Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legearen 87. artikuluan xedatutako betekizunak betetzen badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea xedetzat duten eta nekazaritzako profesionalez osaturik dauden erakundeak, diharduten nekazaritzaren ekoizpen-azpisektorearengatik inolako bereizketarik egin gabe; horrez gain, seigarren oinarriko betekizunak ere bete beharko dituzte.

Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legetik eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretutik eratorritako baldintzak bete beharko dira, bai eta Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoko legeriatik erator daitezkeenak ere.

1.– Laguntza-eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, eta legez eratuak izatea.

c) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastua bera finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.

c) Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan nekazari-erakunde profesionalei ezartzen zaizkien eskakizunak betetzea, hau da:

– Beren estatutuetan, oro har, nekazaritzan diharduten pertsonen interes sozioekonomikoak ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna jasotzea, eta gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita egotea.

– Nekazaritzako azpisektore batean edo batzuetan benetan ezarrita egotea.

– Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita egotea gaur egun, eta gutxienez, laguntza eskatu aurreko bi urteetatik hona, etenik gabe.

– Bulego irekiak eta giza baliabide nahikoa edukitzea, nekazariei behar bezalako laguntza emateko, edo, hala badagokio, erakunde kidetuei laguntza emateko.

– Irabazi-asmorik ez izatea.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren arabera, ezingo dira lege honetan araututako dirulaguntzaren onuradun izan inguruabar hauetako bat duten pertsonak edo erakundeak, non eta oinarri arautzaileetan ez dagoen salbuespenen bat jasota, dirulaguntzaren xedea dela-eta:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren epai irmo baten bidez kondenatuak izan direnak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez kondenatuak izan direnak.

b) Hartzekodunen borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaera egin izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu), esku-hartze judizialaren menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, administrazioarekin egindako edozein kontraturi ebazpen irmoa eragin izana.

d) Lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean dauden pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea (erregelamendu bidez zehaztuko da nola), Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa) dioenarekin bat etorriz, bai eta Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari dagozkion betebeharrak egunean ez izatea.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak itzuli behar izateagatik sortutako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

k) Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartu behar du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Ezingo dira onuradun izan lege honen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeak, baldin eta haien kideetako batek aurreko apartatuan adierazitako debekuren bat badu.

4.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru diren pertsonak edo beste inguruabar batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

5.– Inola ere ezingo dira lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4.5 eta 4.6 artikuluetan ezarritako debekuren bat jaso duten elkarteak.

Halaber, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaien elkarteak, ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak daudelako, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, harik eta ebazpen judizial irmorik ematen ez den arte, horren bidez dagokion erregistroan inskribatu ahal izateko.

6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluaren arabera, dirulaguntzen oinarrizko araudian ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak ezin izango dira onuradun izan (epe horiek abenduaren 29ko 3/2004 Legean araututa daude, merkataritza-eragiketetan berankortasunik ez gertatzeko neurri batzuk ezartzeaz batera).

7.– Halaber, ezin izango dira onuradun izan LGTBfobia egin, bultzatu edo sustatu duten enpresak, bihurtze-terapiak sustatu edo egitea barne.

Artikulu honetako 2 zenbakiaren b), d), e), f), g) eta j) letretan eta 3, 4 eta 5 zenbakietan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.

Artikulu honetako 2 zenbakiaren a), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak zehaztuko du debekuaren irismena. Halakorik ez bada, irismena arauz zehaztutako prozeduraren bidez ezarriko da, eta ezingo da bost urtetik gorakoa izan debekua ez bada epai irmo baten ondoriozkoa.

Artikulu honetako 2 zenbakiaren c) letran jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren noiz artekoa zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko –artikulu honen 2 zenbakitik 5era bitarte aipatu dira debekuak– bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe; berariaz horren aurka agertzen direnean salbu, kasu horretan egiaztatu egin beharko baitute datu hori. Bestalde, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, pertsona edo entitate eskatzailearen edo onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Elkarrizketa sozialeko jarduketak diruz lagundu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza-sektoreari eta, zehazki, afiliatuei orientazioa eta aholkularitza emateko gaietan, betiere agindu honetan xedatutako eskakizun subjektiboak, objektiboak eta aldi baterakoak betetzen badituzte. Jarduketa horiek 2026ko ekitaldian zehar gauzatu beharko dira.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen kostutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerak egitean sortutako gastuak, hala nola:

a) Jarduera sindikaletan erabiltzen diren lokalak egokiro mantentzetik eratorriak.

b) Jarduera sindikaletan diharduten langileak edukitzeko egiten dituzten lan-kontratuei eustea.

c) Nekazaritza-sektoreko profesionalei aholkularitza eta informazio sindikala emango dieten langileen lan-kontratu berriak egitea.

d) Gastu arruntak, ez inbertsiokoak.

Edonola ere, gastu horiek diruz lagundu ahal izateko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza –zenbait hornitzailerenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

3.– Erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerak azpikontratatu ahal izango ditu, gehienez % 50. Horretarako, xedapen hauetan ezarritako eskakizunak bete behar dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.

5. oinarria.– Finantzaketa.

Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legean zehaztutako kredituetan izango dute jatorria, eta baliabide horiek 241.000 eurokoak izango dira.

6. oinarria.– Eskaerak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Laguntza-eskaerak (I. eranskin gisa erantsi da eredua) Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bideratuko zaizkio.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira. Horretarako, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartu beharko da, ebazpen-zati honetako hurrengo apartatuan adierazitako helbideen bitartez.

3.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da: www.euskadi.eus/zerbitzuak/10290012

Eskabidea aurkeztu ostean egin beharreko izapideak, berriz, bide elektroniko honetatik egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Laguntza-eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eraketa-akta eta dagokion administrazio-organoak ikus-onetsitako estatutuak. Eskakizun hori ez dute bete beharko agindu honen kargura laguntza jaso duten nekazari-erakunde profesionalek: «Agindua, 2025eko ekainaren 24koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2025eko ekitaldirako laguntza-deialdia», estatutuetan egindako aldaketen kasuan salbu (halakoetan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eman beharko zaio haien berri).

b) Ekitaldian zehar egin beharreko ekintzak justifikatzeko memoria, ekintza hauek adieraziz eta kuantifikatuz:

i) Jarduera sindikalen koordinazioa.

ii) Sektoreko elkarteekiko eta administrazioekiko lankidetza.

iii) Administrazioarekin zerikusia duten prozeduretan, nekazaritza-lanak egiten dituztenekiko lankidetza, aholkularitza, laguntza eta kudeaketa.

iv) Prestakuntza-, informazio- eta dinamizazio-jardueren antolakuntza.

v) Nekazaritzako politiken segimendua eta zabalkundea.

vi) Euren interesak defendatu eta sustatzeko, afiliatuei emandako zerbitzuak.

c) Erakunde bakoitzean afiliatutako pertsonen kopurua, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian sartuta daudenen kopurua adierazita. Erakunde bakoitzeko Idazkaritzak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko da kopurua, erakundeko afiliatuek ordaindutako kuotak zehaztuta.

d) Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko aukeretan parte hartzeko erakundeak hartutako erabakiaren ziurtagiria.

e) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, honako puntu hauek argi utziko dituena (Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 8/2024 Zirkularraren arabera):

i) Beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk eskatu diren ala ez, eta, hala badagokio, lortu diren ala ez, dagozkion zenbatekoei eta erakunde-emaileei buruzko informazio zehatza eskainita.

ii) Sartuta dagoen ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta sektore publikoko beste erakunde batzuek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura batean. Erantzuna baiezkoa bada, dagokion prozedurari buruzko informazioa eman beharko du.

iii) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

iv) Ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duen zehapen administratiborik edo penalik.

v) Ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko desgaitzen duen legezko debekuren batean.

vi) Ez dela zehapenik jaso Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen arau-hauste astun edo oso astunengatik, salbu eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu baditu eta zehapena bete badu.

vii) Ez dela zehapenik jaso Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen arau-hauste astun edo oso astunengatik, salbu eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu baditu eta zehapena bete badu.

viii) Ez dela LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu, bihurtze-terapiak sustatzea edo egitea barne.

5.– Dirulaguntza kudeatuko duen organoak automatikoki egiaztatuko du onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baimen espresua jaso beharrik gabe, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindua). Egiaztapen automatikoa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez egingo da.

Hala ere, pertsona edo enpresa eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Era berean, eskabidearen bitartez, organo kudeatzaileari baimena emango zaio inskripzioa Elkarteen Erregistroan indarrean dagoela egiaztatzeko.

6.– Erakunde eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik aurrez edozein Administraziori aurkeztutako dokumenturik, baldin eta berariaz adierazten badute dokumentu horietan ez dela izan aldaketarik. Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutako ondorioetarako.

7.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasi, eta horretara bideratutako aurrekontua agortzen denean amaituko da. Betiere, eta aurrekontua izanda ere, laguntza-eskabideak aurkezteko epea 2026ko urriaren 15ean amaituko da.

Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, entitate interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

8.– Laguntza jasotzeko eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileek aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

9.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako dokumentu edo informazio osagarriak eskatu ahal izango zaizkio erakunde eskatzaileari.

7. oinarria.– Organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.

1.– Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

2.– Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzak agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela egiaztatuko du. Era berean, dirulaguntzaren xede den jarduera deskribatzen duen memoria aztertuko dute, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren haztapena eta kalkulua jasoko dituen txosten bat egingo dute.

3.– Txosten hori kontuan hartuta, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpen-proposamen bat egingo du, dirulaguntza zer eskatzaileri ematea eta zenbateko dirulaguntza ematea proposatzen den adierazita.

4.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, interesdunei jakinaraziko zaie eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo da.

5.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan –ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik–, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamena behin betikoa izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

8. oinarria.– Laguntzak esleitzea eta zenbatekoa kalkulatzea.

1.– Laguntzak emateko prozedura norgehiagoka izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan jasota dagoen bezala.

2.– Agindu honetan jasotako eskakizunak betetzen dituzten eskatzaile guztiak izan daitezke laguntzen onuradun.

Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa ezin izango da justifikatutako gastuak baino handiagoa izan, eta irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Lehenengo eta behin, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde historikoen artean erkide banatuko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa, eta ateratzen den zenbatekoa izango da lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa.

b) Honela banatuko da lurralde historiko bakoitzari egotzitako zenbatekoa:

– Heren bat uniformeki banatuko da, lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.

– Beste heren bat proportzionalki banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, bat etorriz 6.4 c) oinarrian ezarritakoarekin.

– Gainerako herena proportzionalki banatuko da, justifikatzeko memorian aipatutako jardueren arabera eta jarduera horien zenbatekoa kontuan harturik. Ondorio horietarako, 6.4.b) oinarrian deskribatutako jarduketak hartuko dira kontuan.

9. oinarria.– Ebazpena.

1.– Laguntzen ebazpena Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeak emango du, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak proposaturik. Ebazpenak arrazoitua izan beharko du, eta informazio hau jaso beharko du gutxienez:

a) Onartutako eskabideen kasuan:

1) Erakunde onuradunen izenak.

2) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.

3) Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4) Aurreikusitako jarduerak egiteko epea.

b) Ukatutako eskabideei dagokienez:

1) Eskatzailearen izena.

2) Laguntza ukatzeko arrazoiak.

2.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatzen denarekin, prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, agindu hau indarrean jarri eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Era berean, argitalpenaren egunean bertan, interesdunei berri emango zaie https://www.euskadi.eus/nirekarpeta atariaren bitartez, ebazpena ikusi ahal izan dezaten. Abisu hori informatzeko baino ez da izango.

Epe hori bukatu eta oraindik ez baldin bada ebazpenik argitaratu, interesdunek, administrazio-isiltasuna tarteko, ezetsitzat jo ditzakete eskabideak, hala xedatzen baita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 22.5 artikuluan.

3.– Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoarekin bat.

10. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek izango dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoez gain:

1.– Eman zaien dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

3.– Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta eskakizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, datuak sexuaren arabera bakandutan eman beharko dira.

4.– Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

5.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea hasierako laguntza eman duen erakundeari.

Jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

6.– Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman dion erakundeari.

Jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

7.– Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean, egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari itzultzeari buruzkoak ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasun-gaietako eskumena duen sailburuak agindu bidez arautuko du hori egiteko modua.

8.– Nortasun juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

9.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

10.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan biltzen diren zabalkunde-neurriak hartzea.

11.– Jasotako laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzea (berdin dio funtsak osorik edo proiektuaren gauzatze-mailaren heinean jaso dituzten), Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan xedatutakoaren arabera. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

12.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

13.– Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea, diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

Gainera, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 42. artikuluaren arabera, onuradunek laguntzeko prest egon beharko dute, eta eskatutako dokumentazio guztia eman Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Estatuko Administrazio Orokorraren barruan kontrol-jarduerez arduratzen diren organoei, bai eta Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako eskumena duten organoei ere. Organo horiek ahalmen hauek izango dituzte xede horretarako:

a) Irispide librea izango dute egiaztatu beharreko dokumentaziora, programa eta fitxategi informatikoak barne.

b) Irispide librea izango dute negozio-lokaletara, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietara eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak diren egiaztatzeko arakatu beharreko tokietara ere.

c) Dirulaguntza oker jaso, gozatu edo erabili delako zantzuak agertzen dituzten eragiketen inguruko fakturak edo antzeko edo ordezko agiriak gorde behar dituzte, edo haien kopiak eman.

d) Irispide librea izango dute dirulaguntzak kobratzeko edo funtsak baliatzeko erabiltzen diren finantza-entitateetako banku-kontuetako informaziora.

Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudian xedatutako ondorioetarako, eta, hala badagokio, zehapenak ezarri ahal izango dira.

11. oinarria.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntza bi alditan ordainduko da. Lehenengo ordainketa, onartutako zenbatekoaren % 50, onartzeko ebazpena eman eta gero; eta bigarren ordainketa, gainerako % 50a, gastua justifikatu ondoren. Gastua justifikatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da, aurretik honako dokumentu hauek aurkeztuta:

– Diruz lagundutako jarduerak bete direla justifikatzeko memoria bat, egindako jarduera sindikalak adierazita.

– Memoria ekonomikoa, egindako jardueren kostua frogatzen duena, honako dokumentuek osatua:

a) Gobernu-organoak 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra bitartean egindako diruz laguntzeko moduko gastuei buruz hartutako erabakiaren ziurtagiria.

b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, alderdi hauek zehaztuta: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data.

c) Merkataritza-zirkulazio juridikoan froga-baliokide diren fakturak edo dokumentuak, edo administratiboki eraginkorrak direnak, zeinak aurreko apartatuan aipatutako zerrendan jaso baitira, eta ordainketaren ziurtagiria (egindako ordainketaren banku-ziurtagiria, aurkeztutako ordainagiriekin bat datorrena).

d) Beste administrazio edo erakunde publiko batzuek, edo izaera pribatuko pertsonek –fisikoek zein juridikoek– xede bererako emandako laguntzen ziurtagiria, baita xede bererako eskatutako laguntzena ere.

Onuradunei emandako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinek handitu egingo dute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduerari aplikatuko zaizkio.

2.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, bi hilabetekoa izango da justifikatzeko agiriak aurkezteko gehieneko epea, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo jarduerak bukatzen diren egunetik aurrera, egun hori geroagokoa bada. Nolanahi ere, justifikazioa 2026ko abenduaren 30a baino lehenago egin beharko da.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak dokumentu gehigarria eskatu ahal izango du beharrezkoa baderitzo, eta arrazoiak emanda, betiere.

4.– Dirulaguntzen xede diren jarduerak 2026. urtean zehar egiten ez badira, edo ezarritako epean horien ziurtagiriak aurkezten ez badira, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak dagokion hirugarren erregistroan izena emanda egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo behar da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

12. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntza eta laguntzarik ere lortzen bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, jakin bezain azkar, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, Elikadura eta Landa Garapeneko Sailburuordetzak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan araututako itzulketa-prozedurari ekingo zaio, dagokion unean.

2.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu egiten badira, jarduerak aldatu edo birprogramatzen badira baina proiektua funtsean aldatu gabe eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, baina laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

Hauek jotzen dira funtsezko aldaketatzat:

1.– Aldaketa esanguratsuak egitea edo hasieran eskabidean ezarritako helbururen bat ezabatzea.

2.– Aurreikusitako jarduketen egikaritze-epea.

3.– Eskabidean aurreikusitako jarduketaren bat bertan behera uztea, jarduketa jakin horretarako eman bada laguntza.

4.– Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuz.

5.– Jarduera sindikalak modu egokian garatzeko beharrezkoak diren ekipamenduko ondasunak eta bitarteko teknikoak erabiltzeko epea bi urtetik behera murriztea, dirulaguntza eman den xede zehatzerako.

6.– Onuradunaren nortasun juridikoa aldatzea, horrela, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan xedatutako eskakizunak betetzen ez baditu.

Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.

3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen likidazio-ebazpenaren bidez, eta dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

13. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin dezake laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, betiere. Horretarako, idatzi bat helaraziko dio Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeari, zeinak, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko baitu atzera-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin diezaioke emandako laguntzari, emandako laguntza onartu eta gero eta gastua gauzatzen amaitu aurretik, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu, betiere. Uko egitea adierazteko, idazki bat aurkeztu beharko dio Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordeari, eta hark, ebazpen baten bitartez, esanbidez onartuko du uko-egite hori, eta prozedura amaitutzat emango du pertsona horri dagokionez. Uko-egitea onartu ondotik, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, bai eta emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko entitate interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura bat edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura bat hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.

14. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen ezein eskakizun eta betebehar edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, eta horren ondorioz desitxuratu egiten bada laguntzaren helburua, edota Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutako itzulketa-zioetako batean erortzen bada, Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak beste ebazpen baten bidez adieraziko du dirulaguntzarako eskubidea osorik edo partez galdu dela eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 40. artikuluekin. Horrez gain, bidezkoak diren beste neurri batzuk hartu ahal izango dira. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Itzultze-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko.

3.– Guztiz edo partzialki betetzen ez badira laguntzak iragartzeko agindu honetako betekizun eta betebeharrak, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetakoak, eta orobat betetzen ez badira dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, galdu egingo da laguntza kobratzeko eskubidea, eta laguntza itzuli beharko da.

15. oinarria.– Bateragarritasunak.

Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako laguntzekin, baldin eta ez badu laguntzen pilaketak jardueraren kostuaren ehuneko ehun gainditzen eta ez badu gainfinantzaketa eragiten. Gainfinantzaketa badago edo ezarritako mugak gainditzen badira, kendu egingo da soberakinari dagokion kopurua, Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

16. oinarria.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa2-eu.shtml

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala