
176. zk., 2026ko irailaren 15a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (568 KB - 36 orri.)
- EPUB (833 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SEGURTASUN SAILA
3890
AGINDUA, 2026ko irailaren 8koa, Segurtasuneko sailburuarena, irabazi-asmorik gabeko entitateek 2026ko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoan joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egiteko dirulaguntzak iragartzeko dena.
Jolasa jarduera sozial, ludiko eta dibertimenduzkotzat hartzen da, baina joko patologiko bihur daiteke, baldin eta jokalariak askatasun emozionala galtzen badu, horrek zuzenean eragiten baitio jokaeran. Horren ondorioz, oso nahasmendu ezgaitzailea bihurtzen da, progresiboa eta kronikoa, pertsonarengan narriadura indibiduala, familiakoa, soziala eta lanekoa eragiten duena, eta osasun publikoko arazo bilakatzen dena.
Uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorraren 10. artikuluak joko arduratsuaren printzipioak ezartzen ditu.
Joko arduratsutzat hartzen da arau- eta informazio-neurri batzuen multzoa, helburu dutenak jokalariak joko-jarduera kontzienteki, borondateari eta erabakitasun askeari kalterik egin gabe eta parametro osasungarrien barruan egitea.
Jokoa Arautzeko Agintaritzak jokalarien eskubideak babesten direla zainduko du, eta joko arduratsua sustatuko du; horretarako, prebentzio- eta heziketa-kanpainak bultzatu eta sustatuko ditu, eta prebentzio- eta laguntza-programetan elkarlanean arituko da osasun-arloan eskumena duen sailarekin, toki-administrazioekin eta adikzio-jokabideak artatzen dituzten elkarteekin.
Irabazi-asmorik gabeko elkarteek joko patologikoaren arloan egiten dituzten jarduerak azpimarratzekoak dira, eta onartuta dago efikazak direla. Kontuan izanik Osasun Sailak diruz laguntzen dituela entitate horiek adikzioen prebentzio selektiboaren, egokituaren eta asistentzialaren eremuan egiten dituzten jarduerak, deialdi honen helburua da informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduketetarako dirulaguntzak ematea.
Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren babesean egiten da. Araudi hori Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean (2023ko abenduaren 29ko EHAA, 247. zk.), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan dago jasota.
Deialdi hau Segurtasun Sailaren 2025-2028ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren 8. helburu estrategikoaren barruan dago (Jokoarekiko adikzioek eragindako arriskuen prebentzioa), eta joko arazotsuaren informazio, sentsibilizazio eta prebentzio unibertsalerako jarduerak egitera mugatzen da.
Horiek horrela, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 318/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenei jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2026ko ekitaldiko dirulaguntzak iragartzea, irabazi-asmorik gabeko entitateek joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egin ditzaten, eta agindu honetan jasotako oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, entitate interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Araubide osagarria.
Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondoreak.
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondoreak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 8a.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
eranskina
OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da irabazi-asmorik gabeko entitateei norgehiagoka-araubidez dirulaguntzak emateko deialdia egitea, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egin ditzaten 2026. urtean.
2.– Dirulaguntza honen helburua da irabazi-asmorik gabeko entitateek jokoari lotutako jokabide arriskutsu eta arazotsuei buruz egiten dituzten informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerei eusten laguntzea. Prebentzio unibertsala izango da biztanleria orokorrari zuzentzen zaiona eta osasunaren sustapenaren bidez egiten dena, jokoari lotutako adikzio-portaerek dakartzaten arazoei buruzko ezagutza sortzeko eta orientazioa emateko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzen muga.
Agindu hau betetzeko, gehienez ere 100.000 euro bideratuko dira, zeinak EAEren 2026ko aurrekontuen 07 6113 22 452 26/1201 partidan kontsignatuta baitaude. Aurrekontu horiek abenduaren 23ko 7/2025 Legearen bidez onartu ziren.
3. artikulua.– Entitate onuradunak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko (norgehiagoka-araubidean), irabazi-asmorik gabeko entitateek joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egin beharko dituzte, 2026. urtean; jarduera horiek biztanleria orokorrari zuzenduta egon behar dira, eta joko patologikoa sor dezaketen aztura edo jokaeretarako sustagarria kentzeko izango dira. Horretaz gainera, entitate horiek betekizun hauek konplitu beharko dituzte:
a) Legearen barruan sortuak izan behar dute, eta dagozkien administrazio-erregistroetan edo erroldetan behar bezala erregistratuta egon, dirulaguntzen deialdia egin baino urtebete lehenagotik, gutxienez.
b) Irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat; horretaz gainera, helburu publiko bat edo gizarte-interesekoa lortzea sustatu behar dute. Irabazi-asmorik eza entitatearen estatutuetan jasota egon behar da.
c) Helburu publiko bat edo gizarte-intereseko helburu bat lortzea sustatu behar dute. Estatutuen xedeek interes orokorra sustatu behar dute, eta arlo hauetakoak izan daitezke: arlo zibikoa, hezkuntza, zientzia, kultura, kirola, osasuna, giza eskubideen sustapena, gizarte-laguntza, garapenerako lankidetza, emakumearen sustapena, familiaren sustapena eta babesa, haurren babesa, aukera-berdintasuna eta tolerantzia sustatzea, ingurumena babestea, gizarte-ekonomia edo ikerketa sustatzea, gizarte-boluntariotza sustatzea, edo arrazoi fisiko, sozial, ekonomiko edo kulturalengatik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonei laguntzea eta arreta ematea.
d) Indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.
e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta eduki behar dituzte.
f) Diruz lagundutako jarduera gehiena Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar dute. Jarduera gehiena Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan egiten dela ulertzeko, entitatearen zerbitzu edo jardueren onuradun edo hartzaile gehienek Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute administrazio-auzotasuna.
g) Ez dute egin behar LGTBIfobia gauzatzen, bultzatzen edo sustatzen duen jarduerarik (leheneratzeko terapiak sustatzea edo egitea barne), Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 8.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
h) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan ezarritako betekizun orokorrak konplitu behar dituzte.
4. artikulua.– Debekuak.
1.– Entitate onuradunek ezingo dute egon Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan adierazitako ezein egoeratan. Zehazki:
a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duen epai irmo baten bidez zehatua izatea edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zehatua izatea.
b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin izatea, edozein prozeduratan kaudimengabetzat joak izatea, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta egotea (hark eraginkortasuna hitzarmen bidez bereganatu duenean salbu), epailearen esku-hartzearen menpe egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta egotea, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldi hori oraindik amaitu gabe egonik.
c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorraraztea eta haien errudun deklaratua izatea.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo pertsona juridikoen ordezkaritza legala dutenak Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzeko martxoaren 30eko 3/2015 Legean edo Herri-administrazioen Zerbitzura dauden Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aipatutako kasuren batean sartuta egotea edo Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak izatea, lege horretan edo arlo horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezartzen diren baldintzetan.
e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.
f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan.
h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso izatea, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.
i) Halaber, debekatuta egongo da enpresei dirulaguntzak ematea, baldin eta, zuzendaritzan dauden pertsonei edo bestelako inguruabarrei erreparatuta, pentsa badaiteke enpresa horiek kontratazio-debekua jaso duten beste enpresa batzuen jarraipena direla edo eraldatze, bat-egite edo ondorengotza bitartez haiengandik datozenak direla.
j) Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak 4. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuren bat jaso duten elkarteak ezingo dira izan lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile.
Legez kontrako egintza penalen zentzuzko zantzuak aurkitzeagatik elkarte baten inskripzio-prozedura administratiboa eteten bada 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, delako elkarte hori ere ezingo da izan onuradun edo entitate laguntzaile, harik eta ebazpen judizial irmoa eman eta dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.
k) Pertsona fisikoa edo juridikoa –publikoa edo pribatua– Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik zehatuta egotea, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.
l) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota ez betetzea, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.
2.– Artikulu honen 1. apartatuaren b), d), e), f), g), j), k) eta l) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.
3.– Artikulu honen 1. apartatuaren a) eta h) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak ezarriko du debekuaren iraupena. Halakorik ez badago, debekuaren iraupena erregelamenduz erabakitako prozeduraren bidez ezarriko da, baina ezingo du iraun bost urte baino gehiago, baldin eta debekua epai irmo batek jarri ez badu.
4.– Artikulu honen 1. apartatuko c) letran jasotako debekua aintzat hartzeko eta haren iraupena zehazteko, ekainaren 16ko 2/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen testu bateginaren 21. artikuluan –20.c) artikuluari dagokionez– ezarritakoari jarraituko zaio.
5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Agindu honen ondoreetarako, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko proiektutzat joko dira xede hauek dituzten ekintzak zertzen dituztenak:
a) Joko patologikorako arrisku-faktoreak identifikatzea.
b) Joko arduratsuaren ezaugarriei buruzko ezagutza sustatzea.
c) Ezagutza sustatzea joko arazotsuan, gehiegizko jokoan eta joko patologikoan aritzeko arrisku-egoeraren adierazleei buruz eta jokoak adikzioa sortzeko duen ahalmenean eragin handiena duten faktoreei buruz.
d) Teknologia berriek jokorako dakartzaten arriskuei buruzko ezagutza.
e) Joko patologikoaren aurka borrokatzeko jarduera eta baliabide publikoak eta pribatuak zabaltzea.
2.– Proiektuak kolektibo hauentzat izan daitezke, besteak beste:
a) Adingabeak.
b) Gazteak eta nerabeak.
c) Emakumeak.
d) Familiak.
e) Hezkuntza-komunitatea.
3.– 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte burututako proiektuek jaso dezakete dirulaguntza.
6. artikulua.– Bateragarritasuna, beste laguntza batzuekin.
1.– Oinarri hauetan aurreikusitako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da jarduera bera finantzatzeko beste administrazio batzuek edo ente publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzearekin. Administrazio honetako beste ente batzuek emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin ere izango dira bateragarriak. Dirulaguntzen zenbatekoak, beste administrazio batzuek edo ente publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera, ezingo du gainditu entitate onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua.
2.– Aurrekoaren ondoreetarako, eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da; horren bidez, adierazi beharko da helburu bera lortzeko bestelako finantzaketa-iturririk dagoen ala ez, iturri horien zenbatekoa eta, hala badagokio, oraindik ebatzi gabe dagoen dirulaguntza-eskabiderik dagoen ala ez, oinarri hauen 8. artikuluarekin bat etorriz.
3.– Lortutako laguntza eta dirulaguntza guztien batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, dirulaguntza murriztu egingo da, soberakinaren neurrian.
7. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.
1.– Entitate interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
2.– Jakinarazpenak bide elektronikoez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Jakinarazpen-sistemak ahalbidetuko du egiaztatzea jakinarazten den egintza zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri entitate interesdunari –edo, hala badagokio, legezko ordezkariari edo baimendutako pertsonari–, bai eta horrek edukia zer egun eta ordutan ikusi duen ere; une horretatik aurrera, egintzat joko da jakinarazpena. Eskuragarri jarri dela frogatuta dagoenean eta edukia ikusi gabe hamar egun natural igarotzen direnean, jakinarazpena ukatu dela ondorioztatu, eta izapidea egintzat joko da. Beraz, prozedurak aurrera egingo du, ofizioz edo hartzaileak eskatuta jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen ez bada.
3.– Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoen erabilera lege hauen bidez arautuko da: urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa, eta ekainaren 20ko 91/2023 Dekretua, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa.
4.– Izapidetze elektronikoa eta baliabide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: modua eta epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da zenbatzen.
2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan, eskuragarri daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-formulariora. Informazio-fitxa hori helbide honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109103/
Prozedura honetako izapide guztiak baliabide telematikoz egin ahal izateko, entitate eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein ziurtagiri elektroniko erabiliko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
3.– Eskabidearen osteko izapide elektronikoak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Eskabideak, oinarri hauen 9. artikuluaren arabera erantsi behar den dokumentazio osagarriarekin batera, entitate interesdunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztuko dira. Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109106
Halaber, ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskriba daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Entitate eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntzan aurkeztu ahalko dituzte laguntza-eskabidea eta erantsi behar den dokumentazioa. Era berean, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak ezartzen duen moduan.
6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6.2 eta 6.3 artikuluetan xedatzen denarekin bat etorriz, eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, bai dirulaguntza emateko unean, bai ordainketak egiteko unean, eskatzaileek adostasunik eman beharrik gabe. Hala ere, eskatzaileak egiaztatze horri uko egin diezaioke, horren zergatia emanda; halakorik egiten badute, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.
Era berean, bai laguntza ematen denean, bai ordainketak egiten direnean, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen direla egiaztatuko da.
7.– Ziurtagiri elektroniko aitortu bidez identifikatutako pertsona fisikoen identifikazio-datuen kasuan, ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko.
8.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak.
9. artikulua.– Eskabideen edukia.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikulua aplikatuz, eskatzaileak betekizun hauek egiazta ditzake erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, eskabide-orri normalizatuetan:
a) Jakinaraztea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu direla, eta, hala badagokio, eskuratu direla, beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribaturen eskutik, eta gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa.
b) Entitate eskatzaileak egiaztatzea ez duela zehapen administratibo edo penalik, dagokion epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, edo ez duela laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik, barne dela Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategineko 23. artikuluan ezarritakoa (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Legea).
c) Entitateak egiaztatzea ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan zerrendatutako kausetako batean ere. Oinarri hauen 4.artikuluan aipatzen da hori.
2.– Subjektu onuradun gisa aurkezten direnek 1 apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute, aurretik aurkeztu ez duten dokumentazioa aurkeztuz edo organo kudeatzaileari dokumentazioa egiaztatzeko baimena emanez, laguntza edo dirulaguntza emateko prozedura ebatzi baino lehen.
3.– Eskatzaileak entitatearen eraketa-eskritura aurkeztu beharko du, bai eta entitatearen estatutuak, entitateak dagokion erregistroan duen inskripzioa eta entitatearen IFK ere.
Baldin eta organo kudeatzaileak dokumentazio hori aldez aurretik badauka entitate eskatzaileak dirulaguntza hauen aurreko deialdietan aurkeztu duelako, ez da beharrezkoa izango hura berriro aurkeztea, aldaketarik izan ez bada.
4.– Proiektu bakoitzeko eskabide bat bete beharko da. Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109106
Eskabideetan, datu hauek jaso behar dira, gutxienez:
a) Proiektua aurkezten duen entitatearen eta pertsonaren identifikazio-datuak (nor den, zer entitate ordezkatzen duen) eta kokapen-datuak (posta-helbidea, telefono-zenbakia, etab.).
b) Proiektuaren izena.
c) Entitate sustatzailea: entitatearen deskribapena, ibilbidea eta proiektuari dagokion arloan izan duen esperientzia.
d) Proiektuan harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.
e) Proposatutako proiekturako lantaldeko kide bakoitzaren izen-abizenak, lanbide-taldea, titulazioa, arduraldia (lanaldi osoa edo partziala –ehunekoa adierazita–, proiektuari eskainiko zaion lanaldiaren ehunekoa), lan-kontratuaren hasiera- eta amaiera-data eta lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).
f) Proiektua nola garatuko den (deskribapena).
g) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.
h) Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen entitatearen historia laburra.
i) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.
j) Proiektuaren helburuak: helburu orokorra, helburu espezifikoak eta helburu operatiboak.
k) Proiektuko jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, ezarpena eta exekuzioa, ebaluazioa eta aurreikusitako beste batzuk. Fase bakoitzerako aurreikusitako kronograma.
l) Proiektuaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.
m) Proiektuaren aurrekontua, proiektuaren kostu osoa (kontzeptuka) eta proiekturako diru-sarrerak barne.
10. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo guztiz betetzen ez badira, edo aurreko apartatuan zerrendatutako dokumentazioa eransten ez bazaie, errekerimendu telematikoa egingo zaio interesdunari, hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Administrazioak, nahitaez, eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan xedatzen denaren arabera.
11. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Oinarri hauetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza izango da.
2.– Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, balorazio-batzorde hau eratuko da, kide hauekin:
• Joko eta Ikuskizunen zuzendaria; batzordeburua izango da.
• Joko eta Ikuskizunen Arabako Lurralde Bulegoko arduraduna.
• Joko eta Ikuskizunen Bizkaiko Lurralde Bulegoko arduraduna.
• Joko eta Ikuskizunen Gipuzkoako Lurralde Bulegoko arduraduna.
• Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako teknikari bat.
• Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako teknikari bat.
Kide anitzeko organoko idazkaria batzordeburuak izendatuko du, batzordekideen artean. Balorazio-batzordearen osaera jakitera emango da EHAAn argitaratuz, edozein interesdunek errekusazio-eskubidea erabil dezan, legez ezarritako kasuetan eta baldintzetan.
Batzordearen osaera orekatua izateko ahalegina egingo da; hau da, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko ahalegina egingo da, sexu bakoitzeko pertsonak, oro har, ez daitezen izan ehuneko hirurogei baino gehiago eta ehuneko berrogei baino gutxiago, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 21. artikuluarekin bat etorriz.
Balorazio-batzordearen funtzionamenduari dagokion guztirako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da, osagarri gisa.
3.– Eskabideak ebaluatu ondoren, balorazio-batzordeak txosten bat egin beharko du, eta hor zehaztuko du egindako ebaluazioaren emaitza.
4.– Organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena egingo du, non datu hauek eman beharko diren: dirulaguntza zein eskatzaileri edo eskatzaileei ematea proposatzen den, dirulaguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, ebaluazioa eta ebaluazioa egiteko erabili diren irizpideak.
5.– Babes Zibileko sailburuordearen ebazpen baten bidez emango dira laguntzak.
Laguntzak kudeatzen dituen organoak edo balorazio-batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute; halaber, aurkeztutako datuak erkatu eta behar diren egiaztapenak egin ahal izango dituzte, laguntzak zuzen adjudikatzeko.
Aginduaren babesean egindako laguntza-eskabideak ebazteko eta jakinarazteko epea 6 hilabete igarotzean amaituko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
Aginduaren babesean egindako laguntza-eskaerak ebazteko gehieneko epea ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe igarotzen bada, eskaerak ezetsitzat har daitezke, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeari buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoarekin, eta ezertan eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.
6.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7.– Laguntzak emateko ebazpenek entitate onuradunaren betebeharrak adieraziko dituzte (oinarri hauen 13. artikuluan aurreikusitakoak), eta beren-beregi aipatuko dute onuradunaren beste betebehar bat: laguntzen destinoa fiskalizatzeko funtzioak betetzean, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen duten informazio guztia ematea.
8.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, xedapen honen babesean ematen diren dirulaguntzen onuradun izan diren entitateen zerrenda (adjudikatutako zenbatekoak adierazita) eta hasiera batean emandako dirulaguntza aldatu zaien entitateen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Babes Zibileko sailburuordearen ebazpen bidez, ezertan eragotzi gabe ebazpenak espresuki eta banan-banan jakinaraztea.
9.– Oinarri hauen arabera Babes Zibileko sailburuordeak laguntza emateko edo ukatzeko ematen dituen ebazpenek ez diote amaierarik ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean –jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera–, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.
10.– Norbaitek uko eginez gero, emandako dirulaguntza onartzeko epea igarota, ebazpen bat emango da, eta, horren bidez, uko-egiteetatik ateratako zenbatekoa adjudikatuko da, baldintzak bete arren kreditu nahikorik ez egoteagatik hasieran onuradun izan ez ziren enpresek lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera.
12. artikulua.– Adjudikazio-irizpideak eta horien haztapena.
1.– Laguntzak emateko prozedura lehiaketa izanik, laguntzak aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira. Horretarako, artikulu honetan planteatzen diren balorazio-irizpideak eta oinarri hauen IV. eranskinean ezarritako puntuazio-tarteak erabiliko dira, eskabide guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko. Honako hauek dira balorazio-irizpideak eta haien haztapena:
1.1.– Proiektuaren iraupena. Kontuan izango da ea proiektua denboraldi batean garatu den, ea edizio desberdinak izan dituen bata bestearen ostean, eta ea erakutsi den premiazkoa dela eta parte hartzen duten eragileek eta pertsonek onartu dutela. Egoera edo joera berrietara egokitzen den ere kontuan hartuko da (gehienez, 10 puntu).
1.2.– Dirulaguntzarekin egingo diren jardueren balorazioa (0-90 puntu):
a) Diseinuaren kalitate teknikoa: harreman koherentea egon behar du eragin nahi zaien arloen, lortu nahi diren helburu zehatzen, helburu horiek betetzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horien lorpen-mailaren adierazleen ebaluazioaren artean (gehienez: 30 puntu).
b) Gizarte-ekimeneko beste entitate batzuekin, federazioekin edo erakundeekin koordinatuta eta horiekin elkarlanean jardutea, arlo sozialean, sanitarioan, soziosanitarioan eta hezkuntzakoan, sare-lana sustatuz. Era berean, Jokoa Arautzeko Agintaritzarekin –batez ere Jokoaren Euskal Behatokiarekin– elkarlanean egin diren ekintzak baloratuko dira apartatu honetan (gehienez: 10 puntu).
c) Proiektuaren eraginkortasuna; hau da, proiektuaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren arteko erlazioa (gehienez: 5 puntu).
d) Proiektuak joko arazotsuaren prebentzioan eta joko arduratsuaren hedapenean izango duen eragina, proiektuko jardueren hartzaileen kopurua neurtuta (gehienez: 20 puntu).
e) Genero-ikuspegia kontuan hartzea, ulertuta ezen, proiektuaren diseinuan, exekuzioan eta ebaluazioan, kontuan hartu behar direla gizon eta emakumeen egoera, baldintza eta behar desberdinak (gehienez: 10 puntu).
f) Euskara erabiltzea pertsonekin egiten diren zuzeneko jardueretan, argitalpenetan eta material lagungarrietan eta proiektua bera diseinatu eta idaztean (gehienez: 10 puntu).
g) Prebentzio-proiektua zein talde- edo pertsona-tipologiari zuzentzen zaien (kalteberatasun edo bazterkeria gisa ulertuta, hau da, kontuan hartuta arrisku-jokoko jokabideak izateko aukera handia dakarten ezaugarri pertsonal, familiar edo sozialak) (gehienez: 5 puntu).
2.– Behin aurreko apartatuan jasotako irizpideak erabiliz eskabideen hurrenkera ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskabideei adjudikatuko zaizkie laguntzak, harik eta zuzkidura ekonomikoa agortu arte.
Berdinketa gertatuz gero, 1.1 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna.
3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, aurrekontu-defizitaren % 75 eta, bestetik, proiektua baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta ateratzen den ehunekoa, proiektu batek artikulu honetan ezarritakoaren arabera guztira lor ditzakeen puntuekikoa. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoak ezingo du gainditu diruz lagun daitekeen proiektuaren aurrekontu-defizita.
13. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.
1.– Segurtasun Sailak proiektuaren aurrekontu-defizitaren % 75era arte finantzatu dezake, aurreko artikuluan ezarritako moduan. Agindu honen ondoreetarako, proiektuaren aurrekontuaren defizita izango da proiektuaren aurrekontu osoaren eta hori finantzatzera bideratutako diru-sarrera, baliabide, eta gainerako laguntza edo dirulaguntzen artean dagoen aldea. Dirulaguntza aurreikusitako aurrekontu-defizit horren arabera kalkulatuko da; horrek ez du salbuetsiko proiektuaren guztirakoa exekutatu eta justifikatzeko betebeharra.
Proiektua finantzatzeko aurreikusitako diru-sarrerak behar bezala funtsatutako aurreikuspen zentzuzkoetan oinarritu behar dira. Entitate eskatzailearen erantzukizuna izango da aurkeztutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea eta proiektua osorik exekutatzen dela bermatzea.
Diruz laguntzekoa den proiektuarekin lotura zuzena eta objektiboa daukaten jarduerei dagozkien gastuak izango dira diruz lagunduko direnak.
Bereziki, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira langileen gastuak, materialenak, jarduerak gauzatzekoak, hedapenarenak, eta, hala badagokio, proiektua garatzeari lotuta dauden zeharkako gastuak.
Zuzeneko gastutzat hartuko dira diruz lagundutako proiektua gauzatzeari ezinbestean lotuta daudenak, proiektua egiteko beharrezkoak direnak. Gastuak osorik proiektuari egozten ez bazaizkio, proiektuari zer ehuneko egotzi zaion eta zer zenbateko egotzi zaion aipatu beharko da.
Zeharkako gastutzat hartuko dira gastu orokorrak, funtzionamendu, administrazio edo kudeaketari buruzkoak, soilik jarduera zehatz bati lotuta egon gabe beharrezkoak direnak diruz lagundutako proiektua garatzeko.
Langile propioen gastuek ezingo dituzten gainditu zenbateko hauek:
a) Goi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 45.470 euro gordin urtean (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
b) Erdi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 37.245 euro gordin urtean (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
c) Administraria, lanaldi osoan: 30.024 euro gordin urtean (atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).
Zeharkako kostuak ezingo dira izan proiektuaren zuzeneko kostuaren % 20 baino gehiago (zeharkako kostuak: administrazioa, kudeaketa, bulego-materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta beste zerbitzu batzuk, baldin eta dirulaguntza eskatzeko arrazoi izan den proiektuari argiro egozteko modukoak badira, haien formulazioa, jarraipena eta ebaluazioa egiteko).
Proiektu bakoitzari ez zaio emango laguntza-agindu honetarako xedatutako aurrekontu-partidaren guztizko zenbatekoaren % 15 baino gehiago. Ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen duen proiektu nahikorik ez egoteagatik geldikinen bat geratzen bada, aipatu ehunekoa handitu egin daiteke, funtsak agortu arte.
2.– Diruz lagundutako jarduerak egitean hirugarren batzuk kontratatu beharra badago, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoak, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoak. Azpikontratazioaren proportzioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 baino handiagoa. Baldin eta kontratuen zenbatekoak azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian xedatutako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen badu, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duen entitate nahikorik ez dagoenean izan ezik. Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak hartuko dira kontuan, eta, ekonomikoki abantailatsuena den proposamena aukeratzen ez bada, hautapena berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
3.– Ordainketa zatikatua izango da: % 60 laguntza onartu ondoren ordainduko da, eta gainerako % 40a, berriz, 2026ko abenduaren 31 baino lehen dirulaguntzaren justifikazio-memoria Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzara bidali ostean. Memoria horretan, diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila adieraziko da, eta haren garapenaren balorazio kualitatiboa egingo.
Ordainketa egiteko, beharrezkoa izango da aldez aurretik egiaztatzea entitate onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkala eta ez dela zordun dirulaguntza itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.
4.– Justifikazio-memoriaren eredu normalizatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: Egoitza elektronikoa – Eusko Jaurlaritza – Euskadi.eus
Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da exekutatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua onartutako aurrekontu guztiari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat da; bertan, gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda jasotzen da, eta dokumentu mota, identifikazioa, pertsona edo entitate igorlea, kontzeptua, data, zenbatekoa eta proiektuari egotzi beharreko ehunekoa zehazten dira. Aurrekontuan, aurreikusitako zenbatekoa eta benetako zenbatekoa adieraziko dira, baita diruz lagundutako jarduera finantzatzeko xedatutako beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.
Justifikazioa aurkeztu ostean, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak justifikatu diren gastuak argitzeko edo zuzentzeko eska dezake, bai eta emandako laguntza kontrolatzeko behar den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere. Horretarako, entitate onuradunari telematikoki jakinaraziko zaio hamar eguneko epea emango zaiola zuzenketa egiteko.
Organo kudeatzaileak egiaztapena egingo du, egokitzat jotzen dituen frogagiriekin ausazko laginketa-teknikak baliatuz, dirulaguntza egoki aplikatu izanari buruzko arrazoizko frogak eskuratzeko; horretarako, hautatutako gastu-egiaztagiriak bidaltzeko eska diezaioke onuradunari.
Gainera, dirulaguntza egoki aplikatzen dela egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastu-egiaztagiriak, lagin adierazgarri batean oinarrituta, egiaztatu egingo dira, laguntza eman eta hurrengo bost urteetan. Horretaz gainera, Segurtasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Kontuen Euskal Epaitegiak bidezkoak diren ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak egin ditzakete. Entitate onuradunek gastua egin eta bost urtez gutxienez gorde beharko dituzte eman zaien dirulaguntzaren kontura egindako gastuen egiaztagiriak.
5.– Egiaztagiriak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, Nire karpeta gunearen bidez: (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Informazioa eta prozedura eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109106), 6. artikuluan xedatutako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jarduketen arabera.
14. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Ezertan eragotzi gabe Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan aipatutako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak –aplikatzekoak diren heinean–, laguntzen onuradun diren entitateek, oinarrien gainerako artikuluek ezartzen dituzten betebeharrez gainera, honako hauek ere bete beharko dituzte:
a) Diruz lagundutako proiektu osoa exekutatu dela justifikatzea; horretarako, aurreikusitako jarduerak egin direla eta eskabidean jasotako helburuak eta emaitzak bete direla egiaztatu beharko da.
b) Oinarri hauetan xedatutako ereduak erabiltzea, bai eskabideak aurkezteko, bai emandako laguntzak justifikatzeko.
c) Dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.
d) Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea.
e) Segurtasun Sailarekin elkarlanean aritzea jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan.
f) Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren babesa berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko, hedatzeko edo, hala badagokio, argitaratzeko badira.
g) 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egitea diruz lagundutako jarduerak.
h) Laguntza-deialdi honetako jardueren ondorioz sortutako memorietan, proiektuetan eta bestelako testu idatzietan, hizkuntza ez-sexista erabiltzea, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean adierazitako konpromisoei jarraikiz, eta bat etorriz Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 19.4 artikuluan adierazten denarekin (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Legea).
i) Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuraduna Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko da. Hirugarren interesdunen alta emateko edo horien datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
15. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea eta betetze-maila.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozein aldaketa eginez gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta behar bezala justifikatuta badaude– edo aldi berean beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira –administrazio publiko honen edo beste batzuen eskutik edo ente publiko edo pribatu batzuen eskutik–, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako baldintzak betez gero.
Ondore horietarako, Babes Zibileko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta dirulaguntza jaso duten entitateek, nahitaez, itzuli egin beharko dute jaso duten gehiegizko kopurua. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzeak inoiz ez du ekarriko emandako dirulaguntza handitzea.
2.– Diruz lagundutako proiektua partzialki betetzen bada baina egiaztatuta geratzen bada jarduera helburuak betetzera doala argiro, ez-betetzea mailakatu ahal izango da, betiere proiektuaren exekuzio-maila onartutako aurrekontuaren % 65era, gutxienez, iristen bada. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun-irizpideak aplikatuz zehaztuko da, proiektuaren exekuzio-mailaren eta justifikatutako gastuaren arabera.
16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.
1.– Entitate onuradunak bere betebeharrak betetzen ez baditu, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubidea galdu dela adieraztearekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak itzultzeko betebeharra sortuko da, bai eta ordainketaren unetik itzultzea bidezkoa dela erabaki arte sortutako berandutze-interesak itzultzekoa ere.
2.– Oinarri hauen 14. artikuluan aipatutako betebeharretako edozein ez betetzeak dirulaguntza itzultzea ekarriko du. Artikulu horretan aurreikusi gabeko kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutako itzulketa-kausak aplikatuko dira, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan xedatutako kausak ere (artikulu hori Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartu zuen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen 91. artikulutik 93. artikulura bitartean).
3.– Oinarri hauen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, emandako zenbatekoa –bakarrik zein beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera– diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa denean ere bidezkoa izango da dirulaguntza itzultzea. Horrelakoetan, aipatutako kostua gainditzen duen zenbatekoa soilik itzuli beharko da, dagokion berandutze-interesarekin batera.
4.– Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondoreetarako, eta erantzukizun-araubidea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 46. artikuluan xedatua izango da.
17. artikulua.– Itzulketa-prozedurak.
Itzulketa-prozedura Babes Zibileko sailburuordeak hasi eta ebatziko du, egokiak diren izapide prozesalak egin ostean. Prozedura hau izapidetzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak xedatuari jarraituko zaio (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
– Prozedura hasteak, hala badagokio, oraindik egiteke dauden ordainketak etengo ditu.
– Babes Zibileko sailburuordeak itzulketa-prozedura hasi dela eta zergatik hasi den jakinaraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.
– Alegazioak jaso ondoren edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro bada, amaiera emango zaio prozedurari, Babes Zibileko sailburuordearen ebazpen baten bidez.
– Itzulketa-prozedura ebazteko epea hamabi hilabetekoa izango da, gehienez ere.
– Ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela baiesten badu, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean (gehienez ere) dagozkion diru kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra ezarriko. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
Dagozkion kopuruak borondatezko aldian itzultzen ez badira, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikagarri den legezko araudian xedatua bete dezan.
18. artikulua.– Dirulaguntzei buruz aplikatu beharreko araudia.
Dirulaguntza-deialdi honi Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatuko zaio, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia eta lege hori garatzen duen Erregelamenduan jasotakoa ere (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Erregelamendua). Aplikatzekoa izango da, halaber, 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
19. artikulua.– Datu pertsonalen babesaren arloko informazio-klausula.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua betez –Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra)–, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa betez –Datu Pertsonalak Babestu eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa–, eta datuen babesaren arloan indarrean dagoen gainerako araudia betez, jakinarazten da zure datu pertsonalak tratamendu-jarduera honetan tratatu eta sartuko direla: Joko patologikoa prebenitzeko dirulaguntza. Hauek dira haren ezaugarriak:
«Arduraduna: Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza Segurtasun Saila.
Xedea: EAEn irabazi-asmorik gabeko entitateek joko patologikoari buruzko informazio- eta prebentzio-jarduerak egiteko laguntzen eskabideak eta horien jarraipena kudeatzea.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak: ez da aurreikusten datu-komunikaziorik.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/152700-capa2-eu.shtml
Araudia:
– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
RSS