Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2026ko irailaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3887

AGINDUA, 2026ko abuztuaren 28koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez gizarte-ekonomiako prestakuntza, dibulgazio eta ikerketarako laguntzetarako deialdia egiten den 2026ko ekitaldirako.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak (2025eko otsailaren 14ko Aginduaren bidez onartua eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak 2026rako eguneratua) eta Eusko Jaurlaritzaren 2026ko Aurrekontuaren Memoriak dirulaguntza-lerro hori jasotzen dute, eta gizarte-ekonomia solidarioaren arloko jarduerak sustatzen dituzte. Dirulaguntzen plan estrategiko hori Eusko Jaurlaritzako www.euskadi.eus web-orrian dago argitaratuta, sailari eskainitako espazioaren barruan, «Planak eta proiektuak» atalean.

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak du, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren bidez, Gizarte Ekonomiak hartzen dituen forma desberdinetan agertzen diren errealitate eta balioak bultzatu, defendatu eta zabaltzeko eskumen esklusiboa. Hona hemen Gizarte Ekonomiaren forma desberdinak: kooperatibak, mutualitateak, fundazioak, jarduera ekonomikoa duten elkarteak, lan-sozietateak, laneratzeko enpresak, gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziak, arrantzale-kofradiak, eraldaketarako nekazaritza-sozietateak eta bestelako entitate bereziak (Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikulua).

Era berean, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak azken urteetan egindako hausnarketa estrategikoek funtsezko zutabe gisa nabarmendu dituzte, alde batetik, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza hezkuntza-etapa guztietan eta inplikatutako eragileen artean erraztea eta integratzea, eta, bestetik, gizarte-ekonomiaren ereduaren ikusgarritasuna hobetzea, hura hedatzea eta finkatzea errazteko bitarteko gisa, haren jardueraren hedapena bermatuz.

Ildo horretan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak gizarte-ekonomiaren prestakuntza eta zabalkunderako jarduerak sustatuko ditu. Bazkideei tresnak emango zaizkie beren enpresak eta jarduerak hobeto ezagutu ditzaten, erakundeen balio demokratiko eta solidarioak gizartean zabaltzeko.

Zentzu hertsian gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako ildoekin eta gizarte-ekonomiaren kontzeptuaren barruan sartzen diren entitate eta enpresen izaera bereziaren zabalkunderako jarduketekin batera, 2026ko ekitaldi honetan gizarte-ekonomiaren arloko unibertsitate-ikerketak egitea babesten jarraituko da, eta, horretarako, baliabide ekonomiko nahikoak jarriko dira ikerketa horiek gizartean zabalkundea izan dezaten. Unibertsitate-artikulu eta -liburu asko daudenez eta zenbait unitate didaktiko ere diseinatu direnez, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak esfortzu handiagoa egin behar izan du oinarrizko irakaskuntzatik hasita hedapen nabarmena lortzeko.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Laguntzen oinarriak onartzea eta deialdia egitea.

Gizarte-ekonomia arloan prestakuntza, dibulgazio eta ikerketarako laguntzetarako oinarriak onartzea 2026ko ekitaldirako, eta haien deialdia egitea. Agindu honetako eranskinean daude jasota oinarri horiek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.

Agindu honen bidez arautzen diren dirulaguntzek arau hauetan xedatutakoa beteko dute: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka –administrazio bidea bertan amaitzen baita– aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 28a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, gizarte-ekonomiari buruzko prestakuntza-, dibulgazio- eta ikerketa-jarduerak egiteko emango dituen laguntzen deialdia egitea 2026ko ekitaldirako, honako oinarri hauetan jasotako baldintzetan.

2. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:

1.– Prestakuntza-jarduerak:

a) Unibertsitate-eremuan, unibertsitate aurreko eremuan edota sozietateen eremuan, erakundeetako organoetako kideei, bazkideei eta langileei gizarte-ekonomiako prestakuntza espezifikoa eta bereizia emateko ekintzak. Helburua kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko ezagutza hobetzea da, enpresetan bertan parte hartzeko gaitasunak eta tresnak emanez.

b) Gizarte-ekonomiako unitate didaktikoak eta horien esperientzia pilotuak diseinatu, landu eta burutzea, euskal hezkuntza-sistemaren egituran ezartzeko (derrigorrezko hezkuntza-mailak, batxilergoa, lanbide-heziketa eta unibertsitate-eremua).

«Unitate didaktikotzat» hartzen da ikasleei gizarte-ekonomiari buruzko ezagutza- eta ikaskuntza-prozesua errazten dieten irakaskuntza-ekintzen eta -jardueren multzo antolatua: helburuak, metodologia, jardueraren eduki tematikoa, ebaluazio-tresna, balorazio-irizpideak, jarraipena eta baliabide didaktikoak.

c) Gizarte-ekonomiaren arloko enpresak identifikatzea, Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleek haietan prestakuntza dualeko programak eta praktikak gauza ditzaten.

2.– Gizarte-ekonomiari zabalkundea emateko-jarduerak:

a) Kooperatiben eta lan-sozietateen gaineko aldizkako argitalpenak editatzea, unibertsitate-argitalpenak izan ezik.

b) Aldian behingo jardunaldiak egitea.

c) Gizarte-ekonomiako enpresak eta entitateak ikusarazteko ekitaldi bereziak egitea, urteko oroitzapenak, sarien banaketa eta aintzatespenak edo gizarte-ekonomiaren balioak bistaratzen laguntzen duten antzeko jarduerak.

d) Gizarte-ekonomiako zabalkunde-jarduerak egitea. Esate baterako: gizarte-ekonomiako informazio-jarduerak eta beste lurralde-eragile batzuekiko kontrastea, eta zabalkunde-jarduerak hainbat formatu eta euskarri grafikotan: irratia, prentsa, telebista, Internet eta multimedia. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak baliozkotuko ditu jarduera horiek, betiere jarduerok, praktikara eramanda, izan dezaketen benetako eragina kuantifikatuz eta zenbatetsiz.

3.– Gizarte-ekonomiako ikerketa-jarduerak, gizarte-ekonomia honako gai hauen inguruan lantzen dutenak:

a) Ingurumen- eta gizarte-jasangarritasuna eta garapen ekonomikoa: Gizarte-ekonomiako enpresak bultzatzen lagunduko duten azterlanak eta ikerketak, Inpaktu Hirukoitza kudeaketa-ereduaren zati bihur dadin eta azterketa-kasuak eta jardunbide egokiak partekatzeko eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko aukera eman dezan.

b) Lankidetza-espazio bat sortzea, gizarte-ekonomiari buruzko ezagutzak elkar-trukatzeko, sinergiak sortzeko eta berrikuntza bultzatzeko.

c) Gizarte-ekonomian espezializatutako unibertsitate-argitalpenak.

4.– Agindu honen arabera laguntza jaso dezaketen prestakuntza-, zabalkunde- eta ikerketa-jarduerak aurten hasi beharko dira, eta 2027ko ekainaren 30a baino lehen bukatu.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, erabat beharrezkoak direnak eta ezarritako epean egiten direnak.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izan ahalko dira:

a) Barruko gastuak: Enpresaren edo erakunde onuradunaren berezko langileei egotz dakizkien gastuak, baldin eta esku-hartzaileek diruz lagundutako jarduerak garatzen zuzenean parte hartzen dutela egiaztatzen bada. Kasu horretan, barruko langileen ordainsariak egotzi ahalko dira, onartutako jardueran emandako denboraren arabera.

b) Kanpoko gastuak. Diruz lagunduko dira diruz lagundu beharreko jarduerak garatzeko beharrezkoak diren zerbitzuak, aholkularitzak eta abar egiteko kontratazio-gastuak.

3.– Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.

4.– Proiektuari egotz dakizkiokeen kostuek, hain zuzen ere aurkeztutako jardueren gastu orokortzat edo egitura-kostutzat jotzen direnek, inola ere ezingo dute gainditu diruz lagun daitekeen jardueraren gehieneko zenbatekoaren % 10.

5.– Egindako gastutzat hartuko da oinarri hauetan zehaztutako justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

6.– Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak dira, baldin eta dirulaguntzaren erakunde onuradunak benetan ordaintzen baditu eta dirulaguntza jaso duen jarduerarekin zerikusia badute. Inoiz ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura daitezkeen zeharkako zergei dagozkienak.

7.– Ez dira diruz lagunduko gastu hauek:

a) Diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zerikusirik ez dutenak.

b) Agindu honetan adierazitako moduan behar den bezala justifikatzen ez direnak.

c) Bazkideentzako, langileentzako, ikasleentzako edo boluntarioentzako prestakuntza-ikastaro, jardunaldi, ekitaldi eta askotariko aurkezpenetako janari- eta edari-gastuak, bai eta protokolo-arreta, catering, harrera, opari edo antzekoen gastuak ere.

4. oinarria.– Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta dirulaguntzaren muga.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, bederatziehun eta hirurogeita hamar mila (970.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: bostehun eta laurogeita bi mila (582.000) euroko ordainketa-kreditua, 2026ko ekitaldirako; horietatik, berrehun eta hogeita hamabi mila eta laurogei (232.080) euro de minimis laguntzetarako eta hirurehun eta berrogeita bederatzi mila bederatziehun eta hogeita (349.920) euro de minimis ez denerako; eta hirurehun eta laurogeita zortzi mila (388.000) euroko konpromiso-kreditua, 2027ko ekitaldirako; horietatik, ehun eta berrogeita hamalau mila zazpiehun eta hogei (154.720) euro de minimis laguntzetarako eta berrehun eta hogeita hamahiru mila berrehun eta laurogei (233.280) euro de minimis ez denerako.

2.– Laguntzak esleitzeko, lehiaketaz bestelako norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, agindu honen 6. oinarrian aurreikusitako gehieneko muga portzentual eta kuantitatiboak hartuko dira kontuan.

3.– Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleitu egingo dira, baldin eta oinarri honetako 1. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko. Hala ez bada, onuradunen artean murrizketa proportzionala aplikatuko da deialdian bideratutako gehieneko zenbateko osoan, zuzkidura hori eskabide guztiei aurre egiteko nahikoa izan arte.

4.– Ezin izango da guztira 60.000 euro baino gehiago bideratu 2.2.a) oinarriko aldizkako argitalpenak editatzeko. Onargarritzat jotzen diren jarduera guztiak artatzeko aski ez bada, horien guztien artean murrizketa proportzionala aplikatuko da.

5.– 2.2.d) oinarriko jarduerek orotara ezin izango dute gainditu 50.000 euroko zenbatekoa; horretaz gainera, jarduera bererako ezin izango da laguntza bikoiztu, eskabide bera plan bitan aurkeztuta.

5. oinarria.– Entitate onuradunak.

Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza soziala bertan duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) Fakultateak, eskolak, unibertsitate-institutuak eta unibertsitateko ikerketa-erakundeak: jarduera guztietan, 2.2.c) oinarrian adierazitakoetan izan ezik.

b) Federazioak, kooperatiba-konfederazioak, behar bezala eratu eta inskribatutako Gizarte Ekonomiako enpresen beste elkartze-egitura batzuk, Gizarte Ekonomiako bigarren graduko elkarte-entitateak eta lan-sozietateen taldeak: jarduera guztietan, 2.1.b) eta 2.3.oinarrietan adierazitakoetan izan ezik.

Agindu honen ondorioetarako, «Gizarte Ekonomiako bigarren graduko elkartetzat» joko dira honako baldintza hau betetzen duten elkarte-egiturak: Gizarte Ekonomiari buruzko 5/2011 Legeak araututakoaren arabera, elkarteak izatea, alegia, eta euren kideak ere bai.

c) Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroak, kooperatiba-egitura zein -taldeen edo lan-sozietateen mende daudenak eta helburu sozialtzat Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza ematea dutenak.

6. oinarria.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Hauek izango dira dirulaguntzaren zenbatekoak eta aplikatuko diren mugak:

a) 2.1.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu, bitarteko propioen bidez egiten denean; bestela, muga 50.000 eurokoa izango da.

b) 2.1.b) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

c) 2.1.c) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

d) 2.2.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

e) 2.2.b) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

f) 2.2.c) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

g) 2.2.d) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

h) 2.3.a) oinarriaren arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

i) 2.3.b) eta 2.3.c) oinarrien arabera diruz laguntzekoak diren jardueretarako: jardueraren kostu garbiaren % 85; entitate onuradun bakoitzak, gehienez, 60.000 euro jaso ahal izango ditu.

2.– Kooperatiba-egitura zein -taldeen edo lan-sozietateen mende dauden Gizarte Ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroen kasuan, 2.2.a) eta 2.2.b) oinarrietan bildutako jardueren kostu garbiaren % 50ekoa izango da ehunekoa.

3.– 2.3 oinarriko jardueretarako, ehunekoa kostu garbiaren % 45 izango da Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren iritziz Euskadiko Gizarte Ekonomiaren errealitatean zuzenean inplementatzekoak ez diren ikerketetarako.

7. oinarria.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte entitate eskatzaileek:

a) Egiaztatzea egunena dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Hau guztia Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebehar horiek bete direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorrita.

b) Ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo horretarako ezgaitzen duen debekurik.

c) Ez izatea ezarrita zigor administratibo edo penalik sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.

d) Beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu direla eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea.

e) Hala badagokio, jasotako minimis laguntzak erantzukizunez deklaratzea, agindu honetan araututako laguntza eman baino hiru urte lehenagokoak. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

f) Berdintasun-plan bat izatea indarrean, Estatuko araudiaren arabera nahitaezkoa bada. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

g) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

h) Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

i) Ez izatea krisialdian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).

j) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.

k) Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak bete izana erreserbatzeko legez gorde behar den kuota, edo, bestela, egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

2.– Aurreko apartatuko baldintzak bete behar dira, bai entitate onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizunak bi unetan egiaztatuko dira: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.

3.– Pertsonek edo erakundeek telematikoki justifikatuko dute oinarri honetako 1. apartatuan zehaztutako baldintzak betetzen dituztela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera erregulatzen duen araudiaren arabera.

8. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztuko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo oinarrian eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Hortaz, eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0055223

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Deialdian jasotako izapide elektronikoei buruzko zehaztasunak helbide elektroniko honetan ere ikusi ahalko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/0055223

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak (jakinarazpenak barne) bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

6.– Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren egoitza elektrikoan onartutako sinadura elektronikoa eta ziurtagiria eduki beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak egiteko. Helbide honetan eskuratu daitezke onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

7.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, EAEko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du gizarte-ekonomian eskumena duen zuzendaritzak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta interesdunak berariaz aurka egiten badu; horrelakoetan, berak aurkeztu beharko ditu baldintza hori betetzen duelako egiaztagiriak.

9. oinarria.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da nahitaez:

a) Aurreikusitako jarduerak zergatik eta zertarako egin nahi diren zehatz-mehatz azaltzen duen memoria. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

1) Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.

2) Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapen-egutegi deskribatzailea.

3) Programan lankide izango diren entitateen zerrenda, behar izanez gero.

4) Aurkeztutako proiektuaren partiden aurrekontu banakatu eta xehatua. Honako kontzeptu hauek jaso beharko ditu nahitaez:

i) Barneko/kanpoko langileen gastuak.

ii) Materialen gastuak.

iii) Koordinazio-gastuak.

iv) Aurkeztutako proiektuak finantzatzeko plana.

b) Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, alderdi hauek egiaztatzekoa:

1) Aitortu dituela administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik xede edo helburu bererako eskatu edo jaso dituen laguntzak.

2) Ez duela ezarrita zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.

3) Ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren legezko debekurik, sexu-diskriminaziogatiko debekuak berariaz aipatuta.

4) Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5) Entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen duela agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaketarik ez izateko.

6) Agindu honen xede den laguntza eman baino hiru urte lehenago minimis araubidearen pean, eskatu edota jaso dituen laguntzak aitortu ditu.

7) Indarrean duela berdintasun-plana, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Baldintza hori ofizioz egiaztatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak dituztela eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzen dituztela adierazi beharko dute, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

8) Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko aginduren baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

9) Ez dadila izan krisian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europako Erkidegoko zuzentarauen arabera (EBAO 2014/C 249/01).

10) Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota, edo, bestela, egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.

11) Bete egiten dituela indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak.

12) Egiazkoak eta osoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna bere gain hartzen duela.

c) Diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, eta, hirugarrenekin kontratatzea dakarren guztietan, onuradunak zenbait hornitzaileren hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna eman aurretik, salbu eta, beren ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan egiten edo ematen dituen behar adina erakunderik, edo gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdien justifikazioa eskaera-formularioan jasotako baldintzetan egingo da https://www.euskadi.eus/servicios/0055223

2.– Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere hamabost (15) eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkeztu ditzatela aurreko apartatuko b) letran aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.

10. oinarria.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

1.– Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar (10) eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2.– Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi izango balu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Horretarako, eskabidea telematikoki aurkezteko eguna hartuko da eskaeraren aurkezpen-eguntzat.

11. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez diruz lagunduko diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo ente publiko nahiz pribatuk xede eta helburu bererako ematen dituenekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta agindu honen 6. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzarekin batera entitate onuradunak beste laguntzaren bat jaso badu beste administrazio publiko edo ente publiko batetik, arrazoi eta xede berarekin, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jarduketaren kostua edo agindu honen 6. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko.

12. oinarria.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik), ebazpen bakarra egin eta jakinaraziko du prozedura ebazteko eta, emandako eta ukatutako laguntzak adosteko. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

Ebazpenean, erakunde eskatzailea edo dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda jasotzeaz gain, hala badagokio, berariaz adieraziko dira xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, dirulaguntzaren oinarri hauetan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak, bai eta gainerako eskabideen ezespena ere.

3.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko epea sei hilabete izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, entitate interesdunek ezetsitzat jo behar dute eskabidea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. apartatuan adierazi den gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak; nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

13. oinarria.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Dirulaguntzak zatika ordainduko dira: 582.000 euro ordainduko dira, 2026ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, baldin eta 14.a) oinarrian adierazitako epea igaro ondoren dirulaguntzari uko egin ez bazaio; gainerako 388.000 euroak 2027ko ekitaldiaren kargura ordainduko dira, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak egiaztatu ondoren diruz lagundutako jarduerek eragindako gastu guztiak justifikatu direla. Ez da ordainketarik egingo onuraduna egunean ez badago zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, edo zorduna bada itzulketa bidezkoa dela adierazteko ebazpen bidez.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta informazio hau bilduko du:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria teknikoa. Emandako zerbitzuaren onuradunen edo azken erabiltzaileen, erakundearen titularren eta plantillaren eta, hala badagokio, dirulaguntzaren xede den zerbitzua emateko kontratatu den erakundearen plantillaren informazioa, sexuaren arabera banakatuta. Egindako jardueren aitorpena eta haien kostua, egindako gastu bakoitza banakatuta.

b) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak eta beste entitate publiko edo pribatu batzuek diruz lagundutako jardueren gastu eta diru-sarrera guztiak justifikatzen dituen memoria ekonomikoa, kontuan hartuta diruz lagundu daitezkeen gastuek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituztela. Guztizko gastuak eta diru-sarrerak egiaztatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten bestelako dokumentuak erabiliko dira, merkataritza-trafikoan baliozkoak direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, baita dagozkion ordainketa-agiriak ere.

c) Hala badagokio, proiektua gauzatu den hilabeteei dagozkien Gizarte Segurantzako LZI eta KLO ereduen kopia, jardueran parte hartu duten langileak KLO ereduan identifikatuz. Enpresaren edo entitatearen legezko ordezkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren ehunekoari buruz.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.

e) Diruz lagundutako jardueren publizitatean Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren finantzaketa jaso dela egiaztatzen duten agiriak.

3.– 2. apartatuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik aurrera; epea, betiere, 2027ko uztailaren 31 baino lehen amaituko da.

4.– Eskabideko proiektuan zehaztutako gastuak dira justifikatu beharko direnak. Justifikazio-memoria teknikoan, dirulaguntza-eskabideetan aurkeztutako aurrekontuarekiko izan diren desbideratzeak adierazi eta justifikatuko dira.

5.– Programaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean, edo gastua egiaztatzeko dokumentuen bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio dirulaguntzaren zenbatekoari.

6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, pertsona edo erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du. Pertsona ez badago erregistratuta edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen ezarritako ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

7.– Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen baten bidez erabakitzen bada zorduna dela.

14. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, onartu egin duela joko da.

b) Dirulaguntzaren xede zehatza betetzeko egitea jarduera.

c) Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan «hirugarrenen datuen alta/aldaketa» egitea, emandako laguntza ordaindu ahal izateko, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

d) Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

e) Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.

f) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso badituzte xede bererako, horren berri ematea Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari.

g) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Aldaketa gertatu bezain laster bidali beharko da horri buruzko jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

h) Egiaztatzea egunean dituztela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (agindu hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).

i) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko lanak egiteko behar badira ere.

j) Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.

k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

l) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

m) Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.

n) Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.

o) Entitate onuradunak gainfinantzaketarik ez egoteko konpromisoa hartzen du, eta organo kudeatzaileari jakinarazi beharko dio beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen dituela; halaber, berehala jakinarazi beharko dio gainfinantzaketa gerta daitekeela hautematen badu.

p) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.

15. oinarria.– Emandako dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan ezer aldatuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena ere alda daiteke; nolanahi ere, bete egin beharko dira jarraian adierazten diren eskakizunak, zeinak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluarekin lotuta baitaude:

a) Dirulaguntza interesdunak eskatuta aldatzen bada, onuradunak, 14.g) oinarrian adierazitako betebeharra betez, jakin bezain laster jakinaraztea, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa handitu beharrik ez izatea.

c) Oinarri hauen xedearen barruan aurreikusita egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek soberan jasotako zenbatekoak itzuliko dituzte.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

16. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Entitate onuradunak Agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak horretarako irekitako espedientea izapidetu eta entitate interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, eta jasotako zenbatekoak (osorik edo partzialki) eta dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio bi hilabeteko epean.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradun batek hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez gauzatzen duenean, gauzatu gabeko jarduerari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.

3.– Arau-hauste administratibo diren kasuetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. titulua aplikatuko da, han arautzen baitira dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboak.

17. oinarria.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak interesdunari, eta hamabost (15) eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasotakoan edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro bada, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpena emango du, zeinetan, horrela badagokio, dagozkion zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola adieraziko baitu, gehienez ere bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

c) Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politika eta Aurrekontu Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.

18. oinarria.– Datuen babesa.

1.– Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

2.– Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo dezakezu: https://www.euskadi.eus/rgpd/0055223

19. oinarria.– Europar Batasuna.

1.– Agindu honetan jasotako eta 2.1.a), 2.2.a), 2.2.b) eta 2.2.c) oinarrien babesean onartutako laguntzek edo dirulaguntzek erregelamendu hau bete beharko dute: Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).

2.– Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jasotako beste de minimis laguntza batzuk deklaratu beharko ditu erantzukizunez, de minimis laguntza berriak Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko.


Azterketa dokumentala