
175. zk., 2026ko irailaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (156 KB - 7 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
3878
EBAZPENA, 2026ko uztailaren 16koa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko adikzioen arloko jardunbide egokien 2026-2028 aldirako «Elkar Eginez» aintzatespenaren deialdia egitekoa.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak adikzioen arloko jardunbide egokien 2026-2028 aldirako «Elkar Eginez» aintzatespenaren deialdia egiten du, Adikzioen arloko jardunbide egokien eta ibilbide profesionalaren aintzatespenak sortu eta zehazten dituen urtarrilaren 21eko 5/2020 Dekretua betez.
Horregatik, hauxe
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– EAEko adikzioen arloko jardunbide egokien 2026-2028 aldirako «Elkar Eginez» aintzatespenaren deialdiaren oinarri arautzaileak onartzen dira. Eranskinean daude jasota.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honetan aurreikusi ez den orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 16a.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,
GUILLERMO IGNACIO HERRERO ALAÑA.
ERANSKINA
EAEKO ADIKZIOEN ARLOKO JARDUNBIDE EGOKIEN 2026-2028 ALDIRAKO «ELKAR EGINEZ» AINTZATESPENAREN DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Deialdi honen xedea da jardunbide egokiak eta ekimen eta erakunde berritzaileak bultzatzea eta sustatzea; hain zuzen ere, proiektuen, esperientzien, metodologien edo zerbitzuen bidez agerian jarri direnak adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan.
2.– Definizioak:
a) Jardunbide egokitzat jotzen da jarduketen multzo koherentea, baldin eta testuinguru jakin batean emaitza onak lortu baditu eta antzeko testuinguruetan emaitza positibo berak izan ditzakeela aurreikusten bada. Gainera, kalitate-irizpide tekniko jakin batzuk bete behar ditu.
b) Ekimen berritzailetzat hartuko dira adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan ideia, ezagutza, antolakuntza-egitura, jarduketa eta esperientzia berritzaileak sortzen eta ezartzen laguntzen duten ekimenak.
c) Antolakunde berritzailetzat hartuko da bere funtzionamenduan eta jardueretan ikuspegi berritzaileak eta sortzaileak ezartzearen alde egiten duena.
Bigarrena.– Aintzatespenen ezaugarriak.
1.– Epaimahaiak aintzatespen bat eta gehienez hiru ohorezko aipamen eman ahalko ditu, bere iritzian oinarrituta.
2.– Aintzatespenaren irabazleari hauek emango zaizkio: sari bat, Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoak diseinatua; ziurtagiri bat eta aintzatespen publikoa.
3.– Aipamenen kasuan, ziurtagiri bat eta aintzatespen publikoa jasoko dituzte.
4.– Aintzatespena eta aipamena jasotzen dituzten pertsonek edo entitateek baimena dute haiek jaso dituztela ezagutarazteko beren komunikazio-ekintza eta inprimaki profesionaletan, aintzatespena edo aipamena emateko ebazpenaren egunetik aurrera, betiere aipatuz zein urtetan eman zaien.
Hirugarrena.– Izangaiak.
Aintzatespena eta aipamenak jasotzeko izangai izan ahalko dira EAEko pertsona fisiko eta juridiko, erakunde publiko eta pribatu, eta administrazio nahiz instituzio publiko hauek:
a) Jardunbide egokiak, egitasmo berritzaileak eta ikerketa-proiektuak egin edo sustatzen dituztenak adikzioen arloan, zehazki, prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren esparruetan;
b) proiektua edo praktika Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutenak, eta
c) aurreko deialdian kategoria honetan saridun izan ez direnak.
Laugarrena.– Hautagaitzak aurkeztea.
1.– Hautagaitzak aurkezteko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri (euskadi.eus): www.euskadi.eus/zerbitzuak/1099306
2.– Hauek aurkeztu ahalko dituzte aintzatespenerako eta aipamenetarako hautagaitzak: batetik, izangai izan nahi duten pertsona edo erakundeek beraiek eta, bestetik, beste edozein beste edozein pertsona fisiko edo juridikok (publiko zein pribatu izan). Hautagaitzak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta. Izangai diren entitate eta pertsonek bete beharreko eskabide-eredua ere egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1099306
3.– Hautagaitza bakoitzeko, dokumentu hauek aurkeztuko dira, gutxienez:
a) Hautagaitza-formularioa.
b) Jardunbide egokia edo egitasmo berritzailea identifikatzeko memoria deskribatzailea, epigrafe hauekin:
1.– Jardunbide egokiaren, ekimenaren edo esperientziaren izenburua: zehatza eta esanguratsua.
2.– Nola lerrokatzen den planarekin.
3.– Izaera berritzailea: ikuspegi edo metodologia berriak, esku-hartze sortzaileak eta esperientziaren transferigarritasuna.
4.– Gaitasun teknikoa eta kalitatea: hasierako diagnostikoa, proiektuaren plangintza eta garapena, metodologia eraginkorra, jasangarritasuna, sektoreartekotasuna, beste eragile edo erabiltzaile batzuen inplikazioa.
5.– Ebaluazioa: ebaluazio- eta jarraipen-sistema, helburuen betetze-maila eta lortutako emaitzak.
6.– Genero ikuspegia.
7.– Oharrak.
8.– Eranskinak eta estekak: proiektuarekin lotutako material interesgarrien erreferentziak; esaterako, webguneak, sare sozialak, argitalpenak edo ikus-entzunezko aurkezpenak (10 minutukoak gehienez).
c) Kasua denean, proposatutako entitatearen, pertsonaren edo pertsonen aldeko abalak edo atxikimenduak, hautagaitzak aurkezten dituztenak ez badira izangaiak.
Dokumentuak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzi ahal izango dira.
1.– Eskabideak ez baditu betetzen oinarri hauetako baldintza guztiak edo osatugabea nahiz akastuna bada, erakunde edo pertsona interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean hutsa zuzentzeko edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkezteko; eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utziko zaiola, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
3.– Hautagaitza aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla oinarri hauetan azaldutako baldintza eta betebehar guztiak.
4.– Hautagaitza-formularioetan agertzen diren datu pertsonalen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko Lege Organikoarekin bat etorriz egingo da (abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa).
Datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke webgune honetan:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml
Bosgarrena.– Aintzatespenen kudeaketa.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza arduratuko da, adikzioen arloan Eusko Jaurlaritzari laguntza eta asistentzia emateko organoa den aldetik, aintzatespena emateko kudeaketa-lanez, bai eta aintzatespen hori emateko ekitaldi publikoaren deialdia egiteaz ere. Prozedura eta lan guztietan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna lortzeko helburua betetzen ari dela zainduko du zuzendaritza horrek.
Seigarrena.– Epaimahaia.
1.– Aurkeztutako hautagaitzak aztertzeko, epaimahai bat eratuko da, 4 bokalek osatua:
a) Titularra: Elena Albisua Cortazar, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako zuzendariordea.
Ordezkoa: Beatriz Anitua Zabaleta, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako teknikaria.
b) Titularra: Ignacio Palacio Areitio, Gizakia Fundazioko zuzendari nagusia.
Ordezkoa: Marta Ruiz-Narezo, Droga-mendekotasunen Deustuko Institutuko ikertzailea.
c) Titularra: M.ª Blanca Bastida Torres, Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeko presidentea.
Ordezkoa: Jon Iriazabal Ochoa de Chinchetru, Ai Laket! elkarteko kidea.
d) Titularra: Aiora Arrieta Iraurgi, Bilboko Udaleko Adikzioen Prebentziorako Bulegoko arduraduna.
Ordezkoa: Ana M.ª Pertika Santa Coloma, Hezkuntza Saileko teknikaria.
2.– Aurkeztutako hautagaitzak ebaluatzeko, epaimahaikideek adikzioen eta generoaren arloetako teknikari adituen laguntza jaso ahal izango dute.
3.– Epaimahaiak kideen artean aukeratuko ditu epaimahaiburua eta idazkaria.
4.– Epaimahaiko posturen bat hutsik geratzen bada edo epaimahaikideren bat bertaratzen ez bada, gaixotzen bada zein bestelako legezko arrazoiren bat gertatzen bada, epaimahaikide titularren ordezkoek hartuko dute haien lekua, epaimahaiaren idazkaritzaren aurrean ordezkapena egiaztatuta.
5.– Bilkurak eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzeari dagokionez epaimahaiaren eraketa baliozkoa izan dadin, beharrezkoa izango da gutxienez hiru kide bertaratzea eta haien artean epaimahaiburua eta idazkaria egotea, edo haien ordezkoak.
6.– Erabakiak hartzeko, botoen gehiengoa behar da. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du bere kalitatezko botoarekin. Hartutako erabakiak baliozkoak izateko, epaimahaiburua eta idazkaria bertan egon beharko dira, edo haien ordezkoak, eta, edonola ere, kideetatik hiru.
7.– Epaimahaiaren idazkariak jasoko du egindako jarduera eta hartutako erabaki guztien akta, eta sarien epaia arrazoituko duen irizpena agertu beharko da bertan.
8.– Epaimahaiko kideak abstenitu egin beharko dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan.
Zazpigarrena – Balorazio- eta adjudikazio-irizpideak.
1.– Epaimahaikideek irizpide hauek hartuko dituzte kontuan, adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespenerako aurkeztu diren hautagaitzak baloratzeko:
a) Berritzailea izatea: ondorengo epigrafeetako puntuak metagarriak dira, eta gehienez ere 30 puntu lortu daitezke.
1.– Adikzioei heltzeko aurrerapenak eta hobekuntzak ekartzen dituzten ekintza eta metodologia berri edo sortzaileak garatzea. 8 puntu, gehienez.
2.– Transferigarritasuna: hedatzeko edo beste nonbait egiteko modukoa den. 8 puntu, gehienez.
3.– Adikzioei buruzko Euskadiko VII. Planeko helburuetan egindako ekarpena: hobekuntza adikzioen arloan, zehazki, prebentzioan, asistentzian, gizarteratzean, prestakuntzan eta ikerketan. 8 puntu, gehienez.
4.– Herritarrek diseinuan, ebaluazioan edo ezarpenean parte har dezaten sustatzea. 6 puntu, gehienez.
b) Proiektuaren edo ekimenaren kaudimena eta kalitate teknikoa: jarraian aipatzen diren epigrafeetako puntuak metagarriak dira, eta gehienez ere 30 puntu lortu daitezke.
1.– Diagnostikoa: egitasmoak edo proiektuak identifikatutako behar bat betetzen du, ebaluazio zorrotz baten ondorioz, eta helburu zehatz eta errealista bat dauka. 6 puntu, gehienez.
2.– Plangintza eta garapena: plangintza orokorra, egituratzea, egutegia, ezagutaraztea eta parte-hartzea, xedeko hartzaileengana iristeko komunikazioa eta proiektua sendotzea. 6 puntu, gehienez.
3.– Ebidentzian oinarritutako metodologia. 6 puntu, gehienez.
4.– Jasangarritasuna: luzaroan landu daiteke eta ondorio iraunkorrak izan ditzake etorkizunerako jarduera-proiektuen bidez. 6 puntu, gehienez.
5.– Sektoreartekotasuna eta beste eragile batzuekin elkarlanean aritzea; sare-lana eta auzolana. 6 puntu, gehienez.
c) Ebaluazioa: jarraian aipatzen diren epigrafeetako puntuak metagarriak dira, eta gehienez ere 30 puntu lortu daitezke.
1.– Ebaluatzeko eta jarraipena egiteko sistema. 10 puntu, gehienez.
2.– Helburuak betetzea, eta lortutako emaitzak. 10 puntu, gehienez.
3.– Gizarte-eragina neurtzea eta kudeatzea. 10 puntu, gehienez.
d) Genero-ikuspegia: genero-ikuspegia barne hartzea, genero-berdintasunaren aldeko helburuak ezarrita, edo berdintasun-politiketan aplika daitekeen ezagutza, batik bat, adikzioen arloan. 10 puntu, gehienez.
2.– Irizpide bakoitzean baloratuko da informazioa argia izatea, ondo definituta eta egituratuta egotea; halaber, eranskin gisa aurkeztutako dokumentazio gehigarria ordenatuta egotea eta proiektuarekin koherentea izatea.
3.– Saria eskuratzeko, 60 puntu batu beharko dira gutxienez.
Zortzigarrena.– Epaimahaiaren epaitza.
1.– Epaimahaiak, hautagaitza guztiak aztertu eta baloratu ondoren, aintzatespenaren eta (gehienez) hiru aipamenen ebazpena emango du, hartutako erabakiaren arrazoiak adierazita. Ebazpena emateko epea, gehienez, lau hilabetekoa izango da, parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik hasita. Epaimahaiak epaitza eman ondoren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak aintzatespena eta aipamenak adjudikatzeko ebazpena emango du, edo, hala badagokio, adjudikatu gabe utziko ditu.
2.– Aurkeztutako hautagaitzek ez badute behar besteko kalitaterik edo merezimendurik aintzatespenaren eta aipamenen xedea eta ezaugarriak aintzat hartuta, epaimahaiak proposatu ahal izango du eman gabe uztea.
3.– Epaimahaiaren erabakia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak emango duen ebazpen baten bidez ezagutaraziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Bederatzigarrena.– Saria onartzea.
Pertsona edo entitate saridunak hamar eguneko epea izango du, aintzatespena edo aipamena egiteko ebazpena jakinarazten den datatik hasita, adjudikatu zaionari idatziz eta berariaz uko egiteko. Epe hori igarota, onartutzat hartuko dira.
Hamargarrena.– Aintzatespen publikoa.
1.– Aintzatespena eta aipamenak horretarako antolatuko den ekitaldi publiko batean emango dira. Baldin eta justifikatutako arrazoiren batengatik pertsona sariduna (pertsona fisikoa edo pertsona juridikoaren edo entitatearen legezko ordezkaria) ezin bada joan ekitaldi publiko horretara, beste pertsona bat izendatu beharko du aurretiaz, haren ordez joan eta saria haren izenean jaso dezan.
2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aintzatespena edo aipamena jaso duten pertsonen edo entitateen izena eta saritutako proiektu eta ekimenak zabaldu ahalko ditu, egokien iruditzen zaion bitartekoa baliatuz –Internet barne–, denbora-mugarik gabe. Berariaz aipatuko ditu, hala badagokio, lanen egileak nahiz proiektuen arduradunak diren entitatea, egilea edo egileak.
3.– Aintzatespenak eta aipamenak jasotzen dituzten pertsonek eta entitateek aintzatespena jaso dutela ezagutarazi ahalko dute beren komunikazio-ekintzetan eta izaera profesionaleko inprimakietan, aintzatespena edo aipamena emateko ebazpena ematen den egunetik bertatik; beti aipatu beharko dute aintzatespena edo aipamena zein urtetan eman zaien.
Hamaikagarrena.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.
Jakinarazten da datu pertsonalak «Osasun publikoaren eta adikzioen esparruko laguntzak eta dirulaguntzak» deritzon tratamendu-jardueran sartuko direla, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Hauek dira tratamendu-jarduera horren ezaugarriak:
a) Arduraduna: Osasun Saila. Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
b) Xedea: Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.
c) Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burutu beharreko eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
d) Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
e) Eskubideak: beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko edo ezerezteko eskubidea dute interesdunek, bai eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.
f) Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, webgune honetara jo dezakezu:
https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/087600-capa2-eu.shtml
RSS