
175. zk., 2026ko irailaren 14a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (210 KB - 11 orri.)
- EPUB (191 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
3875
85/2026 EBAZPENA, irailaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Avilako «Santa Teresa de Jesús» Unibertsitate Katolikoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, honako titulu hauen practicuma egiteko: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gradu-tituluak; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasleen lanbideetan jarduteko gaitzen duen master-titulua; eta Lanbide Heziketako irakaskuntzan aritzeko eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa lortzeko prestakuntza baliokidea, titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituztenei zuzendua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Avilako «Santa Teresa de Jesús» Unibertsitate Katolikoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, honako titulu hauen practicuma egiteko: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gradu-tituluak; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasleen lanbideetan jarduteko gaitzen duen master-titulua; eta Lanbide Heziketako irakaskuntzan aritzeko eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa lortzeko prestakuntza baliokidea, titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituztenei zuzendua. Lankidetza-hitzarmena hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 7a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IŃAKI URBINA GARCÍA DE VICUŃA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 7KO 85/2026 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ÁVILAKO UNIVERSIDAD CATÓLICA «SANTA TERESA DE JESÚS»UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, IKASKETA HAUETAKO PRACTICUMA EGITEKO: HAUR HEZKUNTZAKO ETA LEHEN HEZKUNTZAKO GRADU-TITULUAK; DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO ETA BATXILERGOKO, LANBIDE HEZIKETAKO ETA HIZKUNTZEN IRAKASKUNTZAKO IRAKASLE-LANBIDEETAN ARITZEKO GAITZEN DUEN MASTER-TITULUA; ETA TITULAZIOA DELA-ETA MASTER-IKASKETARIK EGIN EZIN DUTEN PERTSONEI LANBIDE HEZIKETAKO IRAKASLE IZATEKO ESKATZEN ZAIEN PRESTAKUNTZA PEDAGOGIKO ETA DIDAKTIKOAREN PRESTAKUNTZA BALIOKIDEA
BILDU DIRA:
Alde batetik, Begońa Pedrosa Lobato andrea, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburua.
Bestetik, María del Rosario Sáez Yuguero andrea, Ávilako Universidad Católica «Santa Teresa de Jesús» unibertsitatearen errektore gorena.
PARTE-HARTZAILEAK:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioren izenean eta hura ordezkatuz, Hezkuntzako sailburua, lehendakariaren ekainaren 24ko 26/2024 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera (ekainaren 25eko EHAA, 124 zk.) (aurrerantzean, Eusko jaurlaritza).
Ávilako Universidad Católica «Santa Teresa de Jesús» unibertsitatearen izenean eta ordez, errektore gorena; Apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren, Unibertsitatearen Antolamendu eta Funtzionamendu Arauei buruzkoaren (2009ko ekainaren 17ko Gaztela eta Leongo Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren) eta izendapena berritzeko Ávilako Universidad Católica «Santa Teresa de Jesús» Unibertsitateko Presidentearen 2024ko irailaren 12ko Ebazpenaren arabera.
ADIERAZTEN DUTE:
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluak ezartzen du irakaskuntzetan irakasle aritzeko beharrezkoa izango dela kasuan kasuko titulazio akademikoa eta Gobernuak irakaskuntza bakoitzerako ezartzen duen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea.
Abenduaren 27ko ECI/3854/2007 eta ECI/3857/2007 ministerio-aginduek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasle-lanetan aritzeko gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialak egiaztatzeko betekizunak ezartzen dituzte hurrenez hurren; bada, bertan jasotzen denez, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle izateko plangintzan, practicum bat egitea aurreikusten da. Practicum hori praktiketako tutore izateko ziurtatutako unibertsitateko irakasleen eta Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako irakasleen tutoretzapean egingo da, betiere hezkuntza-administrazioen eta unibertsitateen arteko hitzarmenen bitartez praktiketako prestakuntza-zentro gisa ziurtatutako Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan.
Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren 9. artikuluak, bestalde, ezartzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle izateko, derrigorrezkoa izango dela Hezkuntzako Lege Organikoaren 94., 95. eta 97. artikuluetan ezarritako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen master titulu ofizial bat edukitzea; Hezkuntzako Lege Organikoaren zazpigarren xedapen gehigarriak, era berean, ezartzen du aipatutako master titulua izateak egiaztatzen duela Legearen 96. eta 98. artikuluetan arte-irakaskuntza profesionaletan eta kirol-irakaskuntzan irakasle izateko eskatutako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa edukitzea, eta, helburu horrekin, hezkuntza-arloan eskumena duen ministerioari agintzen dio ECI/3858/2007 Aginduaren edukia osatzeko.
Abenduaren 27ko ECI/3858/2007 Aginduak ezartzen du zer baldintza bete behar den hezkuntza-sistemako etapa jakin batzuetan irakasle izateko eskatutako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoko master titulu ofizialak egiaztatzeko. Aipatu aginduaren eranskinaren 5. apartatuak hau ezartzen du: «Ikasketak egituratuko dira kontuan izanik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako, arte-irakaskuntzako, hizkuntzen irakaskuntzako eta kirol-irakaskuntzako irakasgaiak eta irakaskuntza-eremuak». Hau ere gaineratzen du: «Practicuma unibertsitateen eta hezkuntza-administrazioen arteko hitzarmenen bitartez ezarritako hezkuntza-erakundeekin elkarlanean egingo da. Practicuma egiten parte hartzen duten hezkuntza-erakundeak praktika-zentro gisa aitortuta egon beharko dira, baita ikasleen orientazioaren eta tutoretzaren ardura izango duten tutoreak ere».
Irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduak, zeinaren bidez irakaskuntzarako titulu baliokidea duten baina master-ikasketak egin ezin dituztenentzat eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokidea ezartzen baita, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2 artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala lortzeko ikasketen betekizunak definitzen ditu, irakaskuntza-ondorioetarako lanbide-heziketako edo kiroletako irakaskuntzetarako baliokidetzat jotako titulazio bat izan eta irakaskuntza horiek ematen aritu nahi dutenentzat. Prestakuntza honen plangintzan practicum bat aurreikusten da, Hezkuntza-Administrazioek ezarritako irakaskuntzak ematen dituzten hezkuntza-erakundeekin lankidetzan egingo dena, eta horren kredituak presentzialak izango dira. Practicuma egiten parte hartzen duten hezkuntza-erakundeak praktika-zentro gisa onartu beharko dira, baita ikasleen orientazioaren eta tutoretzaren ardura izango duten tutoreak ere.
Practicumaren aldi horren helburuak hauek dira: eskarmentua lortzea bakoitzaren espezialitateari dagozkion gaien plangintza zein ebaluazioa egiteko eta eskolak emateko; irakasle-lanerako ahozko eta idatzizko adierazpena ongi menderatzen dutela egiaztatzea, eta ikaskuntza eta bizikidetza erraztuko dituen giroa sustatzeko beharrezko gizarte-trebetasunak menderatzea.
Uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuaren bidez, unibertsitate-ikasleen kanpoko jarduera akademikoak arautzen dira.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 Dekretuak onartu ditu. Dekretu horien bidez, Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumak ezartzen dira, hurrenez hurren, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen dira, euskal hezkuntza-sistemak lortutako hezkuntza-mailak hobetzeko eta XXI. mendeko erronka handiei erantzun behar dieten hezkuntza-jomugak bultzatzeko. Hori guztia, 2030erako Garapen Jasangarriaren (UNESCO) helburu nagusiekin bat etorriz, eta honako hauek nabarmenduz: 4. helburua, «Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta ekitatiboa bermatzea eta guztiontzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzea», eta Europar Batasuneko Kontseiluaren gomendioa (2018), etengabeko ikaskuntzarako funtsezko gaitasunei buruzkoa.
Dekretu horietan adierazten da irakasleek rol aktiboa hartu behar dutela ikaskuntza-prozesuan, eta haien lidergoa irakasten duten eremuaren, arloaren edo irakasgaiaren ezagutza adituan oinarritzen dela, baita aplikatzen dituzten trebetasun didaktiko eta metodologiko koherenteetan ere. Gainera, ikaskuntza partekatura edo ikaskuntza autonomora bideratutako jardueren gidari, orientatzaile edo estimulatzaile gisa jardun behar du, bai eta talde-lanerako edo elkarlanerako, proiektukako lanerako edo ikasleen garapen integralari eraginkortasunez laguntzen dion beste edozein irakaskuntza- eta ikaskuntza-modalitaterako ere. Tutorearen rola indartu egiten da etapa guztietan, ikasleen bideratzaile eta gidari gisa, ikasle guztien bizikidetza ona eta arrakasta sustatzeko.
Azkenik, martxoaren 6ko 33/2018 Dekretua argitaratu da, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-zentroetan irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-ikasketen practicumari eta titulazioa dela-eta master-ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzako prestakuntza baliokidearen practicumari buruzkoa.
Aipatutako dekretu horren 9. artikuluan, Hezkuntza Sailaren eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo kokatuta dauden unibertsitateen arteko lankidetza aipatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden ikasleen kasurako, eta horretarako lankidetza-hitzarmen bat sinatu behar dela zehazten da.
Hezkuntza Sailak badaki zein garrantzitsua den hasierako prestakuntza zorrotza eta kalitate handikoa eskaintzea etorkizunean irakasle izango direnei, euskal hezkuntza-sistemaren funtzionamendu egokia eta kalitatea bermatzeko. Horregatik bultzatu nahi ditu, hain zuzen ere, jardunbide egokiak dituzten hezkuntza-zentroen parte-hartzea eta hezkuntza-berrikuntza eta -esperimentazioarekin konprometitutako irakasle eskarmentudunen lankidetza. Horrez gain, egiteko horri merezi duen aintzatespena eman nahi dio.
Orain arte adierazitako guztiagatik, alderdiek hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, klausula hauek arautuko dutena.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da, martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuak xedatutakoaren esparruan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Ávilako Universidad Católica «Santa Teresa de Jesús» unibertsitatearen eta haren zentro atxikien (aurrerantzean, «unibertsitatea») arteko elkarlanerako baldintzak zehaztea, Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden ikasleek aukera izan dezaten practicuma egiteko funts publikoz finantzatutako zentroetan (betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak praktiketako prestakuntza-zentro gisa ziurtatutakoetan), ikasketa hauen kasuan: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gradu-tituluak; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle-lanbideetan aritzeko gaitzen duen master-titulua; eta titulazioa dela-eta master-ikasketarik egin ezin duten pertsonei Lanbide Heziketako irakasle izateko eskatzen zaien prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa.
Aurreko paragrafoan aipatutako praktikak curriculum-praktikak dira, aurrez aipatu diren graduen, masterraren edo prestakuntza baliokidearen ikasketa-planetakoak.
Bigarrena.– Practicumeko ikasleak.
Hitzarmen honen helburuetarako, practicumeko ikasle gisa hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden ikasleak, lehen klausulan aurreikusitako ikasketak unibertsitatean egiten ari direnak eta, martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuan ezarritako baldintza eta prozedurak betez, unibertsitateak esleitu dituenak hezkuntza-arloan eskumena duen sailak praktika-zentro gisa aitortutako irakaskuntza-zentro batera.
Hirugarrena.– Aldeen konpromisoak.
1.– Unibertsitatearen konpromisoak.
Unibertsitateak ekintza hauetarako konpromisoa hartzen du:
1) Venia docendi delakoa baimentzea tutoreei eta koordinatzaileei, betiere irakaskuntza-zentroetako zuzendarien proposamena jarraituz.
2) Irakasle bat izendatzea practicuma egiten ari den ikasle bakoitzaren tutore gisa, baita Praktiken Programako arduradun bat ere.
3) Ikasturte bakoitzean practicuma egin behar duten matrikulatutako ikasleen zerrenda bidaltzea hezkuntza-berriztatzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzari; ikasle bakoitzeko, zehaztu beharko dute ikasleari esleituko zaion irakasle tutoreak zer etapa edo espezialitatekoa izan behar duen eta praktikak lehentasunez zer lurraldetan egitea gustatuko litzaiokeen. Zerrendaren amaieran, unibertsitateak adierazi beharko du zerrendan agertzen diren pertsona guztiek dituztela Adingabearen gaineko babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluak aipatutako ziurtagiriak.
4) Practicumaren plangintza orokorra egitea, eta hezkuntza-alorrean eskumena duen sailari ikastetxeetan praktikak egiteko egutegiaren eta ordutegiaren berri ematea.
5) Prestakuntza-proiektua egitea eta ikastetxeko tutoreei eta ikastetxeko koordinatzaileari ematea; bertan zehaztu behar da zer konpetentzia edo gaitasun lortu nahi diren, ikasketaren helburuak zeintzuk diren, zer ebaluazio-irizpide erabiliko diren, kalifikazioan nola hartuko duten parte, eta unibertsitateko tutoreen eta ikasleen erantzukizunak eta konpromisoak zein diren. Prestakuntza-proiektu hori programa indibidualizatu batean zehaztuko da, eta ikastetxearekin koordinatuta egingo da, eranskineko ereduaren arabera.
6) Prozedura propioak jarraituz, ikasle bakoitzari practicuma egiteko dagokion ikastetxea esleitzea, betiere kontuan izanik praktika-zentro gisa ziurtatutako zentroa izan behar duela.
7) Hezkuntza-berrikuntzaren arloan eskumena duen zuzendaritzari txosten bat bidaltzea ikasturtearen amaieran, praktiketako ikasleak hartu dituzten prestakuntza-zentroen zerrendarekin, honako hauek zehaztuz: praktiketan izandako ikasle bakoitzaren ikastetxeko koordinatzailea zein izan den, praktiketako ikasle bakoitzaren ikastetxeko tutorea zein izan den, praktikak zer etapa edo espezialitatetakoak izan diren, eta unibertsitateko tutoreak eta ikastetxeko tutoreak egindako lanak balorazio positiboa edo negatiboa jaso duen tutoretzapean izandako ikaslearen aldetik. Txosten horretan, zer gorabehera izan diren ere jaso behar da, baita nola konpondu diren eta hurrengo ikasturterako zer hobekuntza-proposamen egin diren ere.
8) Enpresaren izaera onartzea, ikasleek practicuma egitearen ondorioz Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ondorioetarako, eta, beraz, prestakuntza-programetan sartutako prestakuntza-praktikak edo kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak Gizarte Segurantzaren sisteman sartzearen arloan indarrean dagoen legerian ezarritako kudeaketa eta ordainketa betebeharrak bere gain hartzea.
2.– Hezkuntza Sailaren konpromisoak.
Hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak jarduera hauek egingo ditu:
1) Praktika-zentro gisa ziurtatzea ikasleek practicuma egin behar duten hezkuntza-zentroak.
2) Ikastetxeko tutoreak eta ikastetxeko koordinatzaileak egiaztatzea.
3) Dagokion unibertsitateari ikastetxe ziurtatuetan praktikak egiteko eskuragarri dauden plazen berri ematea, bigarren klausulan aipatzen diren ikasleei plazak esleitu ondoren, honako lehentasun-sistemaren arabera:
a) Lehenik eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate Sistemaren barruko unibertsitateei.
b) Bigarrenik, euskal unibertsitate-sistematik kanpoko eskolei, fakultateei edo bestelako zentro batzuei, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenak.
c) Hirugarrenik, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden unibertsitateei.
Laugarrena.– Ikastetxeko koordinatzailea eta ikastetxeko practicumeko tutorea ikastetxeetan.
1.– Praktiketako koordinatzaile bat eduki behar du praktiketako prestakuntza-zentro bakoitzak. Haren ardura izango da praktikak behar bezala egiten ari direla zaintzea. Ikastetxeko zuzendaria izango da praktiketako koordinatzailea; zeregin hori, hala badagokio, ikasketaburuari eskuordetu diezaioke. Ikastetxe batean praktiketako bi ikasle edo gutxiago badaude, ikastetxeko practicumeko tutoreetako bat izango da koordinatzailea. Martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 6.2 artikuluan ezarritako funtzioak izango ditu praktiketako koordinatzaileak.
2.– Praktiketako prestakuntza-zentroko tutore izango dira ikastetxeko koordinatzaileak practicuma egiten ari diren ikasleei esleitutakoak. Irakasle horiek hezkuntza-berrikuntzaren arloan eskumena duen Hezkuntza Saileko zuzendaritzak egiaztatu behar ditu, betiere, martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 5. artikuluan aurreikusitako funtzioak betetzeko ezarritako baldintzen arabera. Ikasturte bakoitzean ikastetxeko tutore bakoitzari esleitu ahal zaion ikasle kopurua martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 5.3 artikuluan xedatutakoa izango da.
Bosgarrena.– Praktiken Programaren arduraduna eta practicumaren tutorea unibertsitatean.
Unibertsitateak ikasketa hauetako irakasle bat izendatuko du practicuma egiten duen ikasle bakoitzaren unibertsitateko tutore izateko, eta praktiken arduradun bat ere izendatuko du.
1.– Praktiken Programaren arduraduna:
Praktiken Programaren arduraduna ikasketa hauetako irakasle ere izango da, eta bere arduraren barruan sartuko da ikasleen practicuma koordinatzea praktika-zentro gisa onartutako zentroarekin. Koordinazio horrek eskatzen du behar besteko harremana izatea dagokion ikastetxeko zuzendariarekin, practicumaren ikastetxeko koordinatzailearekin eta ikastetxeko tutorearekin.
1.1.– Praktiken Programaren arduradunaren profilak irizpide hauei erantzungo die:
a) Hitzarmen honen xede diren ikasketetako irakasle taldeko kide izatea, izan irakasle izan kolaboratzaile.
b) Irakasleen prestakuntzan eskarmentua izatea.
c) Berrikuntzako proiektuetan eta ikastetxeentzako aholkularitza-proiektuetan parte hartu izana.
d) Taldean lan egiten jakitea, bai lankide dituen gainerako unibertsitateko tutoreekin bai ikastetxeetako tutoreekin.
1.2.– Honako zeregin hauek izango ditu Praktiken Programaren arduradunak:
a) Unibertsitatearen erreferentea izatea ikastetxearekiko harremanetan.
b) Practicumeko ikasleen unibertsitateko tutoreekin egin beharreko bileren egutegia koordinatzea.
c) Practicumeko ikasleen eskura jartzea unibertsitateak dituen orotariko baliabideak.
d) Hezkuntza Sailari komunikatzea izaten diren gorabehera garrantzitsu guztiak.
e) Hezkuntza Sailaren eta unibertsitatearen arteko Jarraipen Batzordean (hitzarmen honetan sortutakoan) parte hartzea.
f) Ikastetxeetan egindako praktikak ebaluatuko dituen urteko txosten orokor bat egitea.
2.– Unibertsitateko tutorea:
Tutore hori izango da unibertsitatetik ikaslearen practicumaren jarraipen zorrotza egingo duena, eta, azken finean, praktikak kalifikatuko dituena. Gainera, behar adina bisita egingo dizkie ikasketa horietako ikasleei, ikastetxeetan praktikak egiten ari diren bitartean.
2.1.– Izendapena egiteko, irizpide hauei begiratuko zaie:
a) Hitzarmen honen xede diren ikasketetako irakasle taldeko kide izatea, izan irakasle izan kolaboratzaile.
b) Irakasleen prestakuntzan eskarmentua izatea.
c) Ikerkuntzako, berrikuntzako eta ikastetxeentzako aholkularitza-proiektuetan parte hartu izana lehenetsiko da.
2.2.– Honako zeregin hauek izango ditu unibertsitateko tutoreak:
a) Ikasleek practicumean egin beharreko prestakuntza-ekintza orokorrak diseinatzea ikastetxearekin lankidetzan, ikastetxearen hizkuntza-ereduaren arabera.
b) Ikasleek praktiken plan orokorraren barnean egin beharreko prestakuntza-ekintza orokorrak proposatzea.
c) Practicumaren prestakuntza-prozesua ebaluatzea eta kalifikatzea, unibertsitatearen araudi propioaren arabera.
d) Ikastetxeetan praktikak egiten ari diren garaian ikasleen jarraipena bermatzea.
Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten bitartean, eskubide eta betebehar hauek izango dituzte ikasleek: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-ikasketen practicumari buruzko martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 3. artikuluko 2. eta 3. puntuetan ezarritakoak.
2.– Aipatutako Dekretuan aurreikusitako betebeharrak bete ezean, praktikak aldez aurretik bertan behera utzi ahal izango dira. Horretarako, unibertsitateak edo ikastetxeak egoeraren berri eman beharko dio hezkuntza-arloan eskumena duen saileko Irakaskuntzaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritzari, zeinak gehienez 10 eguneko epean ebatzi beharko baitu bidezkoa den praktikak aldez aurretik bertan behera uztea.
3.– Ikasleak aukera izango du praktiketara ez joateko, azterketak egiteko edo aurreikusitako bestelako unibertsitateko jarduera akademikoak egiteko; horretarako, baina, hiru egun lehenago justifikatu beharko du egoera ikastetxeko tutorearen aurrean. Ikasleak arrazoi akademikoen edota bestelako arrazoien ondorioz praktiketara joaterik ez badu, ahal bezain laster jakinarazi beharko dio bai unibertsitateko tutoreari bai ikastetxeko tutoreari; gainera, unibertsitateko tutoreak horretarako baimena eman beharko dio, hala badagokio.
Zazpigarrena.– Ikastetxearen eta ikasleen arteko harremana.
Kontuan hartuta prestakuntza egitea dela kanpoko praktika akademikoen helburua, horietatik inoiz ez da etorriko lan-harreman batek dakarren eginbeharrik, eta praktiken edukiak ezin izango du lanpostuen berezko lan-prestazioaren ordezko izan.
Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.
1.– Unibertsitateak erantzukizun zibileko poliza bat dauka hitzartuta ikasleek praktikan zehar eragin ditzaketen kalteak ordaintzeko.
2.– Ez unibertsitateak ez praktiketako ikasleek ez dute erantzukizunik izango kalterik sortzen bada ikastetxeko tutoreak emandako agindu edo jarraibideen ondorioz, horiek praktiken jarduera-programan ez badaude.
Bederatzigarrena.– Poltsa edo laguntza.
Ikasleek ez dute dirurik jasoko praktikak egitearen truke.
Hamargarrena.– Ikasleen datuak babestea.
Hezkuntza-zentroan praktikak egiten dituzten ikasleen datu pertsonalen erabilera hitzarmen honetan jasotako helburuetara mugatuko du zentroak, hauek beteta: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalak tratatzeari eta datu horiek aske zirkulatzeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa; eta datuen babeserako gainerako araudia.
Era berean, hitzarmen honetako sinatzaileek beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko dituzte aipatutako araudian jasotako datu pertsonalen babeseko eskubide guztiak zaintzeko.
Hamaikagarrena.– Hitzarmena sinatzen duen unibertsitatearen beste konpromiso batzuk.
1.– Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, unibertsitateak konpromisoa hartzen du ikasleei hitzarmen honetako edukia ezagutarazteko eragiten dien guztian.
2.– Aurretik esandakoaren ondorioz, ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat emango dio unibertsitateak ikasleak praktikak egingo dituen ikastetxeari (eranskina).
3.– Martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 4.5 artikulua betez, praktiketako prestakuntza-zentroek ez dute diru-kopururik jasoko bertako instalazioetan egiten diren praktiketako jarduerak konpentsatzeko.
Hamabigarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Funts publikoekin finantzatutako zentroetan egindako praktiken Jarraipen Batzordeak dituen funtzioei kalterik egin gabe –martxoaren 6ko 33/2018 Dekretuaren 13. artikuluak sortua–, hitzarmen honen Jarraipen Batzorde bat sortzen da jarraian zehaztutako osaera eta funtzioekin.
2.– Jarraipen Batzordea hitzarmen hau sinatu duten erakundeek izendatutako bina ordezkarik osatuko dute: Hezkuntza Sailaren aldetik, Ikaskuntzaren eta Berrikuntzaren zuzendaria –edo hark eskuordetutako pertsona–, Jarraipen Batzordeko burua izango dena, eta irakasleen hobekuntzarako arloaren ordezkari bat, idazkaria izango dena; eta unibertsitatearen aldetik, bertako errektorea –edo hark eskuordetutako pertsona–, eta Praktiken Programako arduradunetako bat.
3.– Hitzarmen honen Jarraipen Batzordeari dagokio hitzarmena bera eta sinatzaileek hartutako konpromisoak betetzen direla zaintzea eta kontrolatzea, baita sor daitezkeen interpretazio zalantzak ebaztea ere.
Hamahirugarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatu eta hurrengo ikasturtean jarriko da indarrean, eta lau urteko indarraldia izango du.
Dena dela, alderdiek deuseztatu ahalko dute hitzarmena, betiere hemen hitzartutakoak indarrik ez dezan izan nahi den aurreko ikasturteko martxoa baino lehen. Hitzarmenaren deuseztapena idatziz egin beharko da, eta horrek ez du eraginik izango salaketa egiten den unean egiten ari diren praktiketan, hargatik eragotzi gabe seigarren klausulan ezarritakoa praktikak aldez aurretik bertan behera uzteari buruz. Halaber, adierazitako indarraldia amaitu baino lehen, bi alderdiek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena luzatzea, gehienez ere beste lau urtez.
Hamalaugarrena.– Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.
Hitzarmen hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 51. artikuluan jasotako kasuetan azkenduko da.
Hitzarmena ikasturtean zehar bertan behera geratzen den kasuetan, ikasturtea amaitu arte izango du eragina.
Hamabosgarrena.– Izaera eta araubide juridikoa.
Hitzarmen honek administrazio izaera du eta, interpretatzeko eta garatzeko indarreko ordenamendu juridiko-administratiboari lotu behar zaio.
Aplikatzekoak dira, besteak beste, martxoaren 6ko 33/2018 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-ikasketen practicumari eta titulazioa dela-eta master-ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzako prestakuntza baliokidearen practicumari buruzkoa; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen II. kapituluaren 3. sekzioa eta VI. kapitulua.
Eta aurreko guztiarekin bat datozela adierazteko, alderdiek hezkuntza-lankidetzako hitzarmen hau sinatzen dute.
Egoitza elektronikoa, 2026ko uztailaren 24a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOŃA PEDROSA LOBATO.
Ávilako Universidad Católica «Santa Teresa de Jesús» unibertsitatearen errektore gorena,
MARÍA DEL ROSARIO SÁEZ YUGUERO.
RSS