
174. zk., 2026ko irailaren 11, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (585 KB - 61 orri.)
- EPUB (2839 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3868
AGINDUA, 2026ko abuztuaren 27koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira, 2026ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak (Erein Programa).
Nekazaritza Politika Erkidea (NPEa) sortu zenetik (1962. urtea), politika hori mailaka sektorearen erronketara eta herritarren behar premietara egokitu da, ondoz ondoko erreformen bidez.
NPEren azken erreforma 2021eko abenduan amaitu zen, arau-esparru berria onetsi zenean; horren bidez 20232027 aldian aplikatzeko oinarriak ezarri dira, ezertan eragotzi gabe adostu litezkeen luzapenak. Esparru hori, funtsean, Euopako hiru erregelamenduren bidez eratu da, zeinak ondoren erregelamendu eskuordetuen eta betearazpen-erregelamenduen bidez garatu baitira.
Lehenik eta behin, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamendua, NPEren esparruan estatu kideek egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituena –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta– eta (EB) 1305/2013 Erregelamendua eta (EB) 1307/2013 Erregelamendua indargabetzen dituena.
Bigarrenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamendua, NPEren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta (EB) 1306/2013 Erregelamendua indargabetzen duena.
Eta, amaitzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2117 Erregelamendua, zeinak hainbat aldaketa gehitu baitizkio nekazaritza-sektoreko araudiari, zehatzago esanda, honako erregelamendu hauei: (EB) 1308/2013, (EB) 1151/2012, (EB) 251/2014 eta (EB) 228/2013 erregelamenduei; horiek arautu egiten dituzte merkatuen antolamendu erkidea, kalitate-erregimenak, adierazpen geografikoak eta Europar Batasuneko eskualde ultraperiferikoen aldeko neurri zehatzak.
NPE berriak, 2023tik 2027ra aplikatuko denak, aurreko NPEren funtsezko elementuei eutsiko die, baina laguntzen azken onuradunek bete beharreko betekizunen deskribapenean oinarritutako politika izatetik emaitza zehatzak lortzera bideratutako politika izatera igaroko da, emaitzok hiru helburu nagusiri lotuta: epe luzera elikagaien segurtasuna bermatuko duen nekazaritza-sektore adimenduna, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea; ingurumenaren babesa, biodibertsitatea barne, eta klimaren aldeko ekintza babestea eta indartzea, eta Batasunaren ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, tartean, Parisko Akordioari jarraikiz hartutako konpromisoak; eta landa-eremuetako ehun sozioekonomikoa indartzea. Helburu orokor horiek, era berean, bederatzi helburu espezifikotan banakatzen dira, jasangarritasunaren hiru zutabeetan oinarrituta, eta zeharkako helburu komun batekin osatuta: nekazaritza-sektorea modernizatzea landa-eremuetan, ezagutzaren, berrikuntzaren eta digitalizazioaren bidez.
2023-2027 NPEren berrikuntza nagusietako bat da estatu kide guztiek plan estrategiko bakarra izan behar dutela, eta plan horretan, NPEren helburuak lortzeko laguntzako esku-hartzeak ez ezik, Europako Itun Berdearen anbizioa ere jasoko da.
Testuinguru horretan, 2022ko abuztuaren 31n, Europako Batzordeak Espainiako NPEren Plan Estrategikoa (NPEPE) onartu zuen, C (2022) 6017 Erabakiaren bidez. Lan-prozesu hori Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak koordinatu zuen, eta autonomia-erkidegoek parte hartu zuten, bai beharren diagnostikoaren eta analisiaren hasierako fasean, bai estrategia artikulatzeko eta esku-hartzeak diseinatzeko ondorengo fasean. NPEPE onetsi zenetik, lau aldiz aldatu da, C(2023)5746, C(2024)6133, C(2025)5713 eta C(2025)8557 erabakien bidez.
NPEPEk barne hartzen ditu, batetik, NPEren lehenengo zutabeari dagozkion esku-hartzeak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) finantzatuak eta estatu-mailan zuzenean aplikatu beharrekoak, eta, bestetik, bigarren zutabeko landa-garapeneko esku-hartzeak (LGENF funtsak batera finantzatuak), autonomia-erkidegoek ezarri behar dituztenak, bakoitzak programatu dituen lurralde- eta aurrekontu-zehaztapenekin bat.
Euskadin, esparru hori garatzeko, 2024ko ekainaren 11n argitara eman zen 66/2024 Dekretua, maiatzaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazaritza Politika Erkidearen 20232027 Plan Estrategikoa ezartzeko eta landa-eremuen karakterizazioa finkatzeko dena. Dekretu horri jarraikiz, Euskadin, NBEFrekin finantzatutako esku-hartzeez gain, bigarren zutabearen esparruan landa-garapeneko hamazortzi esku-hartze programatu dira; horien artean, landa-eremuetako oinarrizko zerbitzuetan inbertsio ez-produktiboei buruzkoa, zeina deialdi honen xedea baita.
Horregatik, NPEPEn xedatutakoaren babesean, eta maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuaren esparruan, egokia da esku-hartze horietarako laguntzen beste deialdi bat egitea Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Era berean, hauxe da Landa Ingurunearen Garapenaren ekainaren 30eko 7/2022 Legearen xedea: Euskadiko landa-ingurunearen garapen jasangarrirako jarduketak gidatuko dituen arau-esparrua antolatu eta ezartzea, eta hori guztia landa-ingurunea lurraldeko gainerakoarekiko berdintasunean egon dadin, ingurune hori funtsezko eragilea baita herrialde osoaren garapen eta kohesiorako, ekonomiari, gizarteari eta lurraldeari dagokienez.
Egin nahi den deialdiari dagozkion laguntzak jasota daude Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2026, 2027 eta 2028ko ekitaldietarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (DPE) daude jasota. Plan hori 2026ko martxoaren 4ko Aginduaren bidez onartu zen. Laguntza horiek laguntzen dute aipatutako planean ezarritako helburuak lortzen. Plana helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/pes_plana/eu_def/adjuntos/PES-2026-DPE-Eranskina-Hezkuntza_Maiatza.pdf
Deialdiak plan estrategiko horretan aurreikusitako helburuak betetzen laguntzen du, landa-garapenari lotutako inbertsio-proiektuei lagunduz, baldin eta Euskadiko landa-eremuetan azpiegiturak, ekipamenduak eta zerbitzuak sortu, hobetu edo zabaltzera bideratuta badaude. Zehazki, laguntzen xedea da landa-eremuko biztanleen bizi-kalitatea hobetzea, herriak berreskuratzea ahalbidetzea, enplegua sor dadin sustatzea, dibertsifikazio ekonomikoa babestea, oinarrizko zerbitzuen prestazioa hobetzea eta lurralde-kohesioa indartzea.
Laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legeak baimendutako kredituen arabera.
Esku-hartze honen bidez finantzatzen diren operazioek ez dute estatu-laguntzen araudia bete behar; izan ere, inbertsio publikoak dira, interes orokorrekoak tokiko komunitateentzat, eta ez dute eragin nabarmenik sortzen EBko merkatuaren lehian, tokiko/eskualdeko irismena dutelako.
Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak ezartzen du ezen, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenak, sailburuek eskudantzia dutela administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko beren sailari dagozkion gaietan.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Onartzea, 2026. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko erakunde publikoei zuzendutako laguntzen oinarriak (Erein programa), 2023-2027 aldiko NPEPEren «Inbertsioak landa-eremuko oinarrizko zerbitzuetan» esku-hartzearen barnean. Agindu honen I. eranskinean daude jasota laguntza horiek.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak
Interesdunek, agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabete igaro baino lehen. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabete igaro baino lehen.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 27a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS