Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2026ko irailaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
3867

EBAZPENA, 2026ko abuztuaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Erandiogoikoako (Bizkaia) Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Plan Bereziaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa, espazio libreen eremuari dagokionez.

AURREKARIAK

2026ko ekainaren 9an, Erandioko Udalak ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskaera egin zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Erandiogoikoako (Bizkaia) Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Plan Bereziaren Plan Bereziaren aldaketa puntualaren gainean, espazio libreen eremuari dagokionez (aurrerantzean, plana). Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuz, 2026ko ekainaren 15ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak izapidea hasi zuen eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egiteko, eta emaitza espedientean jasota dago. Era berean, Erandioko Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren web-orrian, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela behar beste judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean ondore nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar zaio, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluko II.B eranskineko 3) puntuaren arabera; izan ere, etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezarrita, II.A eranskineko 6. eta 7. apartuetako gainerako baldintzak betetzen ez dituzten planak eta programak aipatzen ditu.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan erregulatzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta betetzen dituela indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdiak, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten horretan aztertzen da ea planak ondore nabarmenak izan ditzakeen ala ez ingurumenean, eta, beraz, bete behar duen ala ez ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura, edo, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana garatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Kontuan hartu dira abenduaren 9ko 10/2021 Legea, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Erandiogoikoako (Bizkaia) Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Plan Bereziaren aldaketa puntualaren gainean, espazio libreen eremuari dagokionez, jarraian azaltzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da xede berrietara egokitzea Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Zerbitzu Orokorrean sartzen diren espazio libreen eremuko lurzoruen egungo hirigintza-araubidea.

Aldaketei esker, etorkizunean kirol-instalazioak ezarri ahal dira, eta, hala, osatu egingo da Erandiogoikoako zerbitzu-eskaintza, gaur egun Arteagako futbol-zelaiak ordezkatua. Era berean, erregulazioa osatuko da, bidaian doazen autokarabana edo karabanentzako espazio bat gaitu dadin.

Erandioko Udal Plangintzako Arau Subsidiarioak 1990ean eta 1992an onartu ziren behin betiko, eta 1993ko ekainaren 4an argitaratu ziren BAOn. Ondoren, eremua landu zen Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuak garatzen dituen Plan Berezian, zeina 1994an onartu baitzen behin betiko, bai eta erdigunera sartzeko sistema orokorrari buruzko Arau Subsidiarioen Aldaketa Puntualean ere, 1995ean onartua behin betiko.

Plan bereziak 46.593,10 m2-ko azalera lagatzen zion udalari. Hala ere, udalari benetan laga zaion azalera 39.447,68 m2-koa da: hitzartutako lagapenak kontuan izan zuen errepidetik eremuaren hegoaldera sartzeko bide berri bat egin behar zela. Hori dela eta, lagapenaren muga aldatu egin zen, eta Potxin errekaren ondoko mugaketan aldaketa txikiak egin ziren.

Erandiogoikoako Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Plan Bereziaren aurreikuspenak garatuz, hainbat eraikuntza egin dira. Udalaren kirol-instalazioei lotutakoek (tribuna, zelaiko aldagelak, eraikin soziala) guztira 1.213,11 m2-ko eraikigarritasuna dute.

Planak aldaketa hauek sartzen ditu indarreko araudian:

– Eremuaren mugaketari dagokionez, planak eremuaren azalera egokitzen du Potxinarrekaren ertzean, eta, ondorioz, sarbideen erreserbaren eta udal-lagapenaren azalera, guztira, apur bat altuagoa da. Hau da, 54.167,38 m2-tik 54.250,78 m2-ra igarotzen da (+ 83,40 m2), +% 0,154ko aldea sortuz

– Gainera, udal-lagapenaren azalera egokitu egiten da udalari esleitutako lurzatiaren arabera (39.447,68 m2).

Kontuan hartuta udalari lagatako lurzatia 46.593.10 m2-tik 39.447,68 m2-ra igarotzen dela, hari dagokion azalera eraikigarria murriztu egiten da, 1.972,38 m2-koa bihurtzen baita (0,05 m2/m2).

Planak proposatzen du aldatu dadila Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Sistema Orokorrean txertatutako espazio libreen eremuaren indarreko antolamendua, hartara kirol-instalazio berriak eta autokarabana-gune bat jarri ahal izateko. Kirol-instalazioak batez ere Arteagako futbol-zelaiko aparkaleku nagusiaren ekialdean egongo dira. Bestalde, zelaiaren atzeko aldean aparkalekua handituko da, 61 plaza eskaintzeko moduan. Era berean, eremuaren mendebaldean, egungo padel-pisten hegoaldean, autokarabana-gune bat aurreikusten da, gutxi gorabehera 17 ibilgailu hartzeko bestekoa. Bertan, beharrezko espazio eta zerbitzuak eskainiko dira, eta sarbidea kontrolatuta egongo da. Edonola ere, futbol-zelairako sarbidea libre geratuko da. Udalak erabakiko du padel-pistekin jarraitu ala ez. Hau da, pistei eutsi ahalko die, edo, bestalde, beste erabilera batera bideratu: autokarabana-gunea zabaltzeko, zerbitzu-eraikin bat eraikitzeko edo aisialdi eta egonaldirako gune bat sortzeko.

Sestrapeko azalerari dagokionez, plangintza orokorrak eta hura garatzen duen plan bereziak ez dute mugarik ezarri. Edonola ere, eraikigarritasun fisikoa xehe zehaztu da, eta plan bereziaren eskuduntzak betetzen ditu.

Plana garatzeko, kasuan kasuko urbanizazio-proiektuak idatziko dira. Plano horietan, biderako (ibilgailuena eta oinezkoena) eta aparkalekuetarako erabiliko den ingurua berriz egokitu ahalko litzateke, baldin eta beharrezkoa balitz.

Alternatibak.

Planak 0. alternatiba edo «ez esku-hartzea» eta antolamenduko hiru alternatiba biltzen ditu, 1., 2. eta 3. alternatibak izenekoak. 0. alternatiba indarreko plangintzari eustea litzateke, baina baztertu egin da, udalerriko kirol- eta turismo-eskaintza mugatzen duelako, eta, aldi berean, inguruan dauden espezie inbaditzaileen (Cortaderia selloana eta Arundo donax) 3.700 m2 ezabatzeko aukera galtzen delako.

1. alternatibak padel-pisten eta autokarabana-plazen kopurua handitzea proposatzen du. Horretarako, dagoeneko urbanizatuta dauden azalerak soilik erabiltzen ditu, lurzoru berririk okupatu gabe. Ez du jarduerarik proposatzen espezie inbaditzaileek okupatzen duten inguruetan. Beraz, espezie horiek beren horretan jarraituko lukete. Edonola ere, ingurumen-inpaktua urria litzateke. 1. alternatibaren aldean, 2. alternatibak instalazioak handitzen ditu. Hori horrela, sei padel-pista berri sortzen ditu (guztira, zortzi lirateke), bai eta autokarabana-gune bat ere, espezie inbaditzaileak dauden lursailen gainean. Alternatiba horren diseinuari esker, urbanizazioa egokitu egin daiteke, lur-mugimenduak murrizteko. 3. alternatiba da, bestalde, handizaleena eta ondoen erantzuten diena udalaren epe luzerako aurreikuspenei. Hamar padel-pista aurreikusten ditu, baita ekipamendu osagarriak izateko espazio bat, aparkalekua handitzeko aukera eta 17 autokarabana hartzeko gune bat ere. Egun dauden padel-pistek beren horretan jarraituko lukete.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, 2. alternatiba da ingurumenaren aldetik mesedegarriena. Izan ere, aukera ematen du espezie inbaditzaileak ezabatzeko eta lurzoru hori ekipamendu berrietarako berrerabiltzeko, 3. alternatiban aurreikusitako lur-mugimenduak egin beharrik gabe. Hala ere, alternatiben arteko ingurumen-aldeak txikiak dira, dagoeneko urbanizatuta dagoen eremua baita eta ez baitago interes naturaleko espazioen gaineko afekzio esanguratsurik.

Ondorioz, 3. alternatiba hautatu da, horixe delako ondoen erantzuten diena Erandioko Udalaren egungo eta etorkizuneko beharrizanei, handitu egiten baitu kirol-ekipamenduen, aparkalekuen eta autokarabanentzako zerbitzuen eskaintza, baina bere ingurumen-inpaktuak ez direlako gainerako alternatibenak baino nabarmen handiagoak.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, aztertu da zein diren lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak, erabakitzeko ea plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntari lotu behar zaion ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua: kontuan hartuta kokapena, eraginpeko eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, uste da planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

b) Planak zer neurritan duen eragina beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Plan Bereziaren aldaketa puntualaren arabera, espazio libreen eremuko lurzoruen egungo hirigintza-araubidea, Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Sistema Orokorrean txertatzen dena, xede berrien arabera egokituko da. Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-ondore aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-kontsiderazioak barnean hartzeko, eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren kontsiderazioak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman plana egikaritzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, betiere planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, arlo hauetan, besteak beste: zarata, lurzoruak, ura, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako nahiz Espainiako ingurumen-arloko legedia ezartzeko.

Kokapena, eraginpeko eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta etorkizunean planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen tamaina kontuan hartuta, planari ez zaio zertan ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin, berezitasunik ez duela uste da eta.

2.– Ondoreen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planak 39.447,68 m2-ko azalera antolatzen du Erandiogoikoa auzoan, Ertzaintzaren Bizkaiko Lurralde Egoitzaren ondoan.

Eremua Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Ekialdean, planaren eremuaren mugakide da Potxiena erreka. Haren zortasun- eta zaintza-gunean kokatzen da. Eremuak ez du barne hartzen Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.

Eremuko litologia margokareharriz, kareharrizko margaz eta kalkarenitaz osatuta dago, eta Potxiena errekaren ibilguari lotutako alubioi-biltegiak ditu. Lurzoru gehienak antropizatuta daude, eta ez dute balio agrologikorik.

Gainera, eremua Bizkaiko sinklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago, oro har egoera onean. Akuiferoen kutsaduraren gaineko zaurgarritasun-maila baxua edo oso baxua da.

Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaretza-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eta hasierako dokumentu estrategikoari jarraikiz, eremuan batez ere gune urbanizatuak eta landaretza erredural-nitrofiloa daude. Nabarmena da espezie exotiko inbaditzaile ugari daudela, bereziki Cortaderia selloana eta Arundo donax, bai ipar-ekialdeko sektorean bai Potxiena errekaren inguruan. Halaber, bertan daude lahardi-orbanak, ereinotz eta zumeen ale isolatu batzuk, eta 10-12 haltz ere, ubidearen ondoan. Ez da antzeman mehatxatutako florarik, ez eta Batasunaren interesekoa den habitatik ere kontserbazio-egoera onean. Izan ere, ipar-ekialdeko mugan dagoen 6510 habitatean gaur egun espezie aloktonoak daude.

Planeko eremua bat dator Bizkaiko Bisoi Europarraren Kudeaketa Planaren aplikazio-eremuarekin –ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, Bisoi Europarraren (Mustela lutreola. Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onartzen duena, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik (2006ko uztailaren 6ko BAO)–. Bertan, Bizkaiko Lurralde Historikoko sare hidrografiko osoa sartzen da. Aipatu kudeaketa-planaren arabera, zehazki, Potxiena erreka da bisoi europarraren (Mustela lutreola) kasuan «hobetu beharreko tarteetako bat». Ez da identifikatu planak bat egiten duenik mehatxatutako faunaren gainean onartutako kudeaketa-planek mugatutako beste interes-gune batzuekin, ez Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.) izendatutako hegazti-fauna babesteko eremuekin, ez eta EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko baterako planaren xede diren espazioekin ere.

Planaren eremua ez dator bat Natura 2000 sareko espazioekin, babestutako naturagunekin, ez eta inbentarioan sartutako beste eremu babestu edo natura-interesekoekin ere. Halaber, ez dator bat naturagunetzat jo diren beste espazio batzuekin, LAGen azpiegitura berdean sartutako elementuekin, onura publikoko mendiekin, EAEko interes geologikoko lekuen inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko puntu edo lekuekin edo EAEko nahiz Bizkaiko azpiegitura berdeko elementuekin. Ez du inbentarioan sartutako edo katalogatutako paisaia-baliorik, ez eta plana garatzeak erasan lezakeen kultura-ondareko elementurik ere.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman ibai-uholdeengatiko arrisku-arazorik, ez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen presentziaren ondoriozko arriskurik. Era berean, ez dago sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik, eta ez da hauteman salgai arriskutsuak garraiatzearen edo akuiferoen kutsaduraren gaineko zaurgarritasunaren ondoriozko arrisku alturik edo oso alturik. Hala ere, planaren eremua Bilboko portuko 1. sektoreko Seveso arautegiko hodei toxiko baten afekzio-zerrendaren barruan dago.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, planak inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat jaso du, eta, horren arabera, aldi guztietan aplika daitezkeen kalitate akustikoko helburuak betetzen dira, bai gaur egungo egoeran, bai etorkizunekoan (20 urtera begira). Era berean, eremuak gaitasun handia dauka etorkizunean egon daitezkeen trafiko-igoerak xurgatzeko, aurreikusitako aisialdi-erabileretarako onartzen diren maila akustikoak arriskuan jarri gabe.

Hori dela eta, plana garatzearen ziozko ondore posibleak lotuta daude lan hauek egitearekin: kirol-instalazio berriak eraikitzea, aparkalekuak handitzea eta autokarabanentzako espazio bat egokitzea. Ondoreen artean egongo dira, besteak beste, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea, soberakinak eratzea, makinak hara eta hona ibiltzea, istripuzko isurketen ondorioz urei eta lurzoruei eragiteko arriskua piztea, emisio atmosferiko eta akustikoen ondorioz biztanleei eragozpenak sortzea eta abar. Aurreikusten da lurzoruaren okupazioaren ziozko inpaktua txikia izango dela, gehienak espazio artifizializatuak baitira.

Eremuan natura-interes handiena duten elementuak, Potxiena erreka (zeina Bizkaiko Bisoi Europarraren Kudeaketa Planean jasotzen baita hobetu beharreko tarte gisa) eta ibaiertzeko haltzen oinarriak, BI-737 errepideko biribilgunearen ondoan, hobetu baino ez dira egingo (espezie inbaditzaileen –Cortaderia selloana eta Arundo donax– 3.700 m2 inguru ezabatuko dira, eta ibaiertzeko espeziek birlandatuko dira). Hegazti-faunari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak neurriak aurreikusten ditu hegaztiek ez dezaten padel-pisten kristalen kontra jo.

Alde horretatik, uste da ezen, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, urei, zaratari, ondare naturalari, hondakinei eta isurketei buruzkoak betetzen badira, afekzioak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

Kontuan harturik hori guztia, eremuaren egungo egoera, planak indarrean dagoen plangintzari dagokionez proposatutako aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuko direla, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean inpaktu nabarmenik izatea.

C) Ebazpen honetan, beherago aipatzen diren babes- eta zuzenketa-neurriak ezartzen dira, planak ez dezan ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik eragin, eta ez dadin beharrezkoa izan Erandiogoikoako (Bizkaia) Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Plan Bereziaren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, espazio libreen eremuari dagokionez, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak bertan txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera eta ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean ezartzen direnen arabera gauzatuko dira, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotzen denarekin bat etorriz.

Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:

Ingurumen-integrazioari eta -leheneratzeari buruzko neurriak.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzako Natura Ondarearen Zerbitzuaren arabera, planak espresuki jaso beharko du beharrezkoa dela leheneratze ekologikorako eta espezie inbaditzaileak kontrolatzeko proiektu bat idatzi eta egikaritzea. Bertan, diseinuan eta egikaritzan bete behar diren gutxieneko irizpideak ezarriko dira, eta bermatu egingo da konektagarritasun ekologikorako interes berezia duen eremu batean ingurumena hobetzen dela eta Potxiena errekari lotutako balio naturalak berreskuratzen direla. Jarduketek xehetasun-maila nahikoa izango dute hirugarrenek egin ahal izateko, planoak eta aurrekontua barne.

Espazio libreak landareztatzeko, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, eta, ondorioz, espezie autoktonoak erabiliko dira espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Bermatuko da leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak ez duela flora inbaditzailearen propagulurik.

Beste prebentzio-eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak egikaritzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obretako, lurrak eta soberakinak kudeatzeko, hondakinak sortu eta kudeatzeko, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeko, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

– Jardunbide egokien eskuliburua, obrako langileek erabiltzeko. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta afekzio negatibo gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Obrak, eta lurzorua okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

– Kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Nolanahi ere, eraikuntzen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzera bideratutako neurriak hartuko dira, eraikinaren erabileren eta motaren arabera.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan zehaztutakoaren arabera kudeatuko dira sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorrera prebenitzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta hondakinak isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeatzeko zailagoak badira. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egongo dira harik eta kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Aipatutako edukiontziak edo ontziak etiketatu egin beharko dira, argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Gune espezifiko bat egokituko da hondakin arriskutsuak behin-behinean biltegiratzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak gaituko dira hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar), sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utzi beharko dira, behar bezala etiketatutako edukiontzi estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Araudia betetzea errazagoa izan dadin, lan bakoitzean sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inola ere kontrolik gabeko efluenterik sortuko erregaiak eta produktuak biltegiratzetik, makineria mantentzeko lanak egitetik edo hondakinak erretzetik.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurpeko urak eta lurzoruak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen afekzioa saihesteko. Bereziki kontuan hartuko dira Bizkaiko Foru Aldundiko Espazio Naturalak Kudeatzeko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritza Nagusiko Ehiza eta Arrantza Kontinentalaren Atalaren txostenean adierazitako neurriak. Istripuzko isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Ibilgura ez ertzetara, ezta haietatik gertu dauden lekuetara ere, ez dira isuriko inguruan eragin kimiko edo mekanikoa izan dezaketen gaiak; besteak beste, karea, zementua, koipeak, gasolina, pinturak, obra-hondakinak edo beste edozein material. Istripuzko isurketarik gertatuz gero, kutsatutako lurzorua eta material xurgatzailea berehala bilduko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Plangintzak drainatze jasangarriko sistemak (SUDS) jasoko ditu euri-urak kudeatzeko, ibilguetara isuritako uraren kalitatea bermatuz.

Egitekoak diren obretatik gertu dagoenean, Jabari Publiko Hidraulikoaren (JPH) zortasun-eremua zuinkatu egin beharko da makinariak afekziorik eragin ez diezaion inguruko landarediari, eta ibaiertzean ez dadin materialik edo lurrik pilatu edo biltegiratu. Neurri hori berdin hartuko da ibaiertzean landaredirik ez badago ere.

Zuhurtzia handiz jokatuko da ibaietako gurutzaguneetan (Udondo, Urgierri, Iberre, etab.), sedimentuak herrestan ez eramateko eta urak ez kutsatzeko; horretarako, teknika eta babes egokiak erabili beharko dira solidoei eusteko. Errespetatu beharko dira indarrean dagoen araudian ibaien berezko ibilguarekiko ezarritako gutxieneko distantziak, batez ere paralelismo-eremuetan.

Pilaketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea azalera iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelakoetarako lanak, urak kutsatu ez daitezen. Debekatuta dago makineria edo ibilgailuak garbitzea ibilguen inguruan edo haietarantz jariatzeko arriskua duten eremuetan.

– Obra faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, beharrezkoa izango da inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egitea, behar diren zuzenketa-neurriak definitzeko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa alde batera utzi gabe, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak aldi baterako eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, zer neurri hartu adieraz dezan.

– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, lehentasunez, erratz-makina mekanikoak erabiliko dira, solido esekiak dituzten jariatze-urak sortzea saihesteko.

– Klima-aldaketa: garapen-proiektuetan klima-aldaketaren ikuspegia txertatzea gomendatzen da, antolamendu-irizpideen eta klima-aldaketaren arteko lotura indartuz. Halaber, gomendatzen da udal-mailan klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko azterketarako oinarri gisa dokumentu hauek kontuan hartzea: «Euskadiko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa» eta «Euskadiko klima-aldaketaren egoeretan muturreko prezipitazio gertaerei lotutako euri-uholdea». Azterketa horretan oinarrituta, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurri egokiak ezarriko dira. Bestalde, itsas mailaren igoeraren eta kostaldeko arriskuaren igoeraren balioei dagokienez, gomendatzen da eskura dagoen ezagutza eguneratuena eta erregionalizatuena erabiltzea.

– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz, zeinaren bidez kanpoko argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen baitira, EA-01etik EA-07ra.

– Obren eraginpeko espazioak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetuta geratu diren eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; horrela, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-arloko neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak), eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

• Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Erandiogoikoako (Bizkaia) Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Plan Bereziaren aldaketa puntualak espazio libreen eremuari dagokionez ondore kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Erandioko Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek galdu egingo du indarra, eta utzi egingo dio dagozkion ondoreak sortzeari, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gehienez lau urteko epean, ez bada Erandiogoikoako (Bizkaia) Ertzaintzaren Eskualdeko Zerbitzuen Plan Bereziaren aldaketa puntuala onartzen, espazio libreen eremuari dagokionez. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko abuztuaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala