
172. zk., 2026ko irailaren 9a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (203 KB - 10 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3838
EBAZPENA, 2026ko irailaren 1ekoa, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearena, zeinaren bidez hauteskunde-deia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialetako gobernu-organoak berritzeko.
Azaroaren 28ko ECM/1382/2025 Aginduaren bidez (2025eko abenduaren 4ko BOE, 291. zk.), hasiera eman zitzaion Espainiako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen osoko bilkurak berritzeko hauteskunde-prozesuari. Hauteskunde-prozesua 2025eko abenduaren 1ean hasi, eta 2027ko abenduaren 31n amaituko da.
Administrazio babesleetako organo eskudunei dagokie beren lurralde-eremuetan hauteskundeetarako deialdia egitea, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legearen 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta horien gobernu-organoen osaera arautzen dituen maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 12.1 artikuluak (2015eko uztailaren 3ko EHAA, 124. zk.) honako hau ezartzen du: «Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak hauteskunde-prozesuari hasiera eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei kontsulta eginda, gobernu-organoetarako hauteskundeen deialdia egingo du, Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzaren ebazpen baten bidez».
Bukatu direnez hautesle-erroldak jendaurrean jartzeko eta horiei buruzko erreklamazioak eta errekurtsoak ebazteko aurreikusitako epeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoak berritzeko hauteskunde-deia egin behar da, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legeari eta Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen hauteskunde-prozedura eta gobernu-organoak arautzen dituen maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuari jarraikiz.
Azaldutako guztiagatik, 78/2015 Dekretuaren 12.1 artikuluarekin bat etorriz eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 11ko 38/2025 Dekretuaren 4.2.ñ) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei kontsulta egin ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deialdia.
1.– Hauteskunde orokorren deia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoak berritzeko.
2.– Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizial bakoitzaren hauteslekuen kopurua eta mugapea, eta hauteslekuon egoitza eta ordutegiak ebazpen honen 12. artikuluan ezarritakoak izango dira.
Bigarrena.– Hauteskunde-batzordeak.
1.– Deialdi hau maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 12.2 artikuluari jarraikiz argitaratu eta 8 egun balioduneko epean, hauteskunde-batzorde bana eratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizial bakoitzaren mugapeko. Batzorde horiek honako kide hauek izango dituzte:
a) Ganberetako hautesleen hiru ordezkari, zozketa bidez ekitaldi publikoan eta maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritako moduan hautatuak. Zozketa Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganbera Ofizialaren egoitzan egingo da. Ekitaldi bakar bat izango da Euskal Autonomia Erkidego osorako. Ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egun baliodunean egingo da zozketa, goizeko 10:00etan. Administrazio babeslearen ordezkari bat izango da zozketaren buru. Ekitaldian, kide bakoitzeko bi ordezko hautatuko dira, salbuespen batekin: Osoko Bilkurako kidea izateko hautagaitza aurkeztu badute, uko egin beharko diote Batzordean egoteari.
b) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailburuordetzak izendatutako bi pertsona, eta bietako bat batzordeburua izango da.
c) Idazkari bat, ahotsa izango duena, baina botorik ez. Presidenteak hautatuko du administrazio babeslearen funtzionarioen artetik.
2.– Hauteskunde-batzordeek honako funtzio eta eskumen hauek izango dituzte:
a) Hauteskunde-prozesua gidatu eta ikuskatzea, objektiboa eta gardena izateko.
b) Hauteskunde-prozedurari buruz egiten zaizkion kexei eta erreklamazioei erantzutea.
c) Hauteskunde-mahaiak eratzeko, boto-zenbaketa jasotzeko eta hautagaiak aldarrikatzeko akten ereduak onartzea.
d) Behar beste jarraibide ematea hauteskunde-mahaiei, hauteskunde-prozesua ahalik eta ondoen egin dadin.
e) Hauteskunde-mahai bakoitzean hauteskunde-prozesuan zehar sor litezkeen hauteskunde-arloko interpretazio-irizpideak bateratzea.
f) Behar beste jarraibide ematea hautetsiak karguaren jabe egiteko eta osoko bilkura berri bat eratzeko.
g) Ganberen gobernu-organoek hauteskunde-arloan egiten duten lana ikuskatzea, eta, beharrezkoa bada, erabakiak hartzea organo horiek hauteskunde-arloan hartzen dituzten erabakiak objektiboak eta gardenak izan daitezen.
h) C taldeko hautagaiak kasuan kasuko mugapeko ganberei borondatezko ekarpenik handiena egiten dieten enpresak direla egiaztatu eta berrikustea.
i) Bozketen azken emaitza egiaztatzea eta hautetsitako hautagaiak aldarrikatzea.
j) Administrazio babesleari eta ganbera bakoitzaren organoei esleitu ez zaizkien funtzioak egitea, hauteskunde-prozesua ondo egin dadin.
3.– Hauteskunde-batzordeen egoitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoen egoitza sozialak izango dira.
– Arabako Hauteskunde Batzordea, Dato kalea 38, Vitoria-Gasteiz.
– Bizkaiko Hauteskunde Batzordea, Errekalde zumarkalea 50, Bilbao.
– Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea: Tolosa hiribidea 75, Donostia.
4.– Hauteskunde-batzordeen erabakien aurka errekurtsoa aurkez daiteke Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzan, erabakia jakinarazten edo argitaratzen denetik 15 eguneko epean. Errekurtsoak ez du prozesua etengo, ez bada administrazio babeslearen iritzian ebaztea ezinbestekoa dela prozesuak aurrera egiteko.
Hirugarrena.– A taldeko hautesleen botoen bidez hauta daitezkeen hautagaitzak.
1.– Ganbera bakoitzaren osoko bilkuraren A talderako proposatutako hautagaitzak idatziz aurkeztu behar dira dagokion ganberaren idazkaritza nagusian: aurrez aurre, idazkaritza irekia dagoen ordutegian, edo elektronikoki, horretarako gaitutako kanal elektroniko seguru bat erabiltzen bada eta proposatutako pertsona identifikatu badaiteke, aurkeztutako dokumentazioaren osotasuna bermatzen bada eta aurkezpen-data eta -ordua modu frogagarrian jasota geratzen badira. Horretarako, 10 egun balioduneko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Merkataritza-ganberen webgune ofizialetan txertatuko den estekaren bidez sartuko da kanal horretara, publizitate egokia egiten dela ziurtatzeko eta interesdunentzat errazagoa izan dadin kanal hori erabiltzea.
2.– Hautagaitza aurkezteko, dagokion eredu normalizatua erabili beharko da.
3.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 16.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, A taldeko hautagaitza bakoitzak taldeko, elkarteko edo, hala badagokio, kategoriako hautesleen ehuneko bosten bermea (% 5) beharko du gutxienez. Talde, elkarte edo kategoriako hautesleak berrehun baino gehiago badira, hautagaitza bat aurkezteko nahikoa izango da hamar hauteslek sinatzea.
Abal bakoitza aurkezteko, Zuzenbidean onartutako edozein bitarteko erabili ahal izango da (zinpeko adierazpena barne), baldin eta bermatzen badu abalak eraketa eta indarraldi egokiak dituela. Abalen eta hautagaitzen balizko akatsak zuzentzeko, 3 egun balioduneko epe luzaezin bat emango da, akatsa jakinarazten denetik hasita. Ganberako idazkaritza nagusiak eginbide bat emango du, zehazki, hautagaitza bakoitza aurkeztu den eguna eta ordua jasota.
Abala aurkezteko, dagokion eredu normalizatua aurkeztu beharko da.
4.– Hautagaitzak aurkezteko idazkietan, honako hauek adierazi beharko dira:
a) Pertsona fisikoa bada, izen-abizenak, posta-helbidea eta helbide elektronikoa (jakinarazpenetarako), eta NAN zenbakia.
b) Pertsona juridikoa bada, sozietate-izena, posta-helbidea eta helbide elektronikoa (jakinarazpenetarako), IFZ, eta ordezkari gisa sinatzen duen pertsonaren datuak eta kargua (ahalorde nahikoaz egiaztatu beharko da ordezkaritza hori).
c) Hautagaitzaren onarpena, hautagaiak sinatua.
d) Berariazko aipamena, adierazita hautagaiak betetzen dituela Osoko Bilkurako hautagai izateko baldintzak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluan jasota daudenak.
e) Hautagaiaren eta haren abal-emaileen sinaduren benetakotasuna fede-emaile publikoaren bitartez edo dagokion ganberako idazkaritza nagusiaren ziurtagiriaren bitartez egiaztatuko da.
5.– Hautagaitzak aurkezteko idazkiarekin batera, behar diren egiaztagiriak aurkeztuko dira.
6.– Hala ere, talde, elkarte edo, kasua denean, kategoria batean baino gehiagotan hautatzen badituzte, 3 egun balioduneko epean, bat aukeratu beharko dute, eta besteei uko egin. Epe horretan uko egiten ez badute, antzinatasun gutxien duten taldean, elkartean edo, kasua denean, kategorian edo kategorietan uko egin dutela ulertuko da, eta automatikoki boto gehien izan dituen hurrengo hautagaia hartuko da hautetsitzat.
Laugarrena.– A taldeko hautesleen botoen bidez hauta daitezkeen hautagaiak aldarrikatzea.
1.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 17. artikuluari jarraikiz, hautagaitzak aurkezteko epea amaitutakoan, Hauteskunde Batzordeak, hautagai izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, hautagaiak aldarrikatuko ditu 5 egun balioduneko epean, hautagaiak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Hautagai kopurua hautatu beharreko kideena baino txikiagoa bada, edo berdina, Hauteskunde Batzordeak hautetsitzat emango ditu aldarrikatutako hautagaiak, eta ekitaldi berean taldeko, elkarteko edo, kasua denean, behar den kategoriako enpresen artean egingo den zozketa bidez aukeratuko dira geratzen diren postu hutsak beteko dituztenak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako hautagarritasun-baldintzak betetzen badituzte. Horretarako, Hauteskunde Batzordeak enpresa bat baino gehiago hautatuko du kargu huts bakoitzeko, lehenik aukeratzen direnek izendapena onartzen ez duten kasuetarako.
Bosgarrena.– B taldeko enpresa-erakundeek proposatu beharreko hautagaitzak.
1.– Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legearen 10.2 b artikuluan aipatutako osoko bilkurako kideak hautatzeko, enpresa-erakunde hauek proposatu ahal izango dituzte kasuan kasuko ganberaren osoko bilkurako kide izateko hautagaitzak:
a) SEA-Arabako enpresaburuak (Arabako Lurralde Historikoa).
b) Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa – CEBEK (Bizkaiko Lurralde Historikoa).
c) Gipuzkoako Enpresarien Elkartea – Adegi (Gipuzkoako Lurralde Historikoa).
2.– A taldeko hautesleen –eta, hala badagokio, C taldekoen– sufragio bidezko hauteskundeen amaierako emaitza egiaztatzeko dataren ondorengo 5 egun balioduneko epean, aipatutako enpresa-erakundeek kasuan kasuko ganberaren idazkaritza nagusiari aurkeztuko diote proposatzen dituzten hautagaien zerrenda. Zerrenda hori indibidualki aurkeztu ahal izango da, edo modu bateratuan hainbat enpresa-erakunderen artean. Adierazitako epean hautagai-zerrenda aurkezten ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialen gobernu-organoak berritzeko hauteskunde-prozesuan parte hartzeko eskubidea galduko dute enpresa-erakunde horiek.
3.– Enpresa-erakunde horiek proposatzen duten zerrendako hautagai kopurua eta kasuan kasuko barne-araudian ezarritakoaren arabera bete behar den bokal kopurua berdinak izango dira. Era berean, emakumeen eta gizonen parekidetasuna errespetatu beharko da, eta, gainera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Izen-abizenak, helbidea (jakinarazpenerako), NANaren edo pasaportearen zenbakia, eta aipamen bat, ganbera bakoitzaren eremuaren barruan hautagai proposatutakoen ibilbide ekonomikoko prestigioa justifikatzen duten lanbide-, enpresa-, eta ikerketa-merezimenduak edo beste izaera batekoak azpimarratuta.
b) Proposatutako hautagai bakoitzak hautagai-izaera onartzen duela adierazi beharko du idatziz. Horrekin batera, dagozkion egiaztagiriak ere aurkeztu beharko dira, bai eta berariaz aipatu ere hautagaiak betetzen dituela osoko bilkurako kide izateko baldintza guztiak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11.2 artikuluan ezarritakoak.
c) Hautagaiaren NANaren edo pasaportearen fotokopia.
4.– Hautagaitzetan balizko akatsak zuzentzeko, 3 egun balioduneko epe luzaezin bat emango da, akatsa jakinarazten denetik hasita.
5.– Proposatutako pertsonek ezingo dute hauteskunde-prozesu berean zuzeneko hautespeneko hautagai izan. Era berean, hautagaiek ezingo dute zerrenda batean baino gehiagotan proposatuta agertu.
6.– Enpresa-erakundeek proposatutako hautagaien zerrendei dagokienez, deialdiaren artikulu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, 4. apartatuan aipatutako zuzenketa-epea bukatuta baliogabetzat joko dira, eta, horren ondorioz, hauteskunde-prozesutik kanpo utziko dira.
Seigarrena.– B taldeko hautagaitzak aldarrikatzea.
1.– Hautagaiak aurkezteko epea amaitutakoan, Hauteskunde Batzordeak, hautagai izateko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, hautagaiak aldarrikatuko ditu 5 eguneko epean, aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta.
2.– Hauteskunde Batzordeak onartezintasuneko kausaren bat ikusten badu, zerrenda baliogabetzat joko du eta hauteskunde-prozesutik kanpo utziko du. Onartezintasuna hautagai bakar batek eragiten badu, Hauteskunde Batzordeak kanpo utziko du pertsona hori, eta zerrendako gainerako kideen baliozkotasunari eutsiko dio.
3.– Hautagaien aldarrikapenak ez badira egiten, enpresa-erakundeek proposatutako bokal-postuak bete gabe geratuko dira kasuan kasuko ganberaren osoko bilkuran.
Zazpigarrena.– Hauteskundeak, B taldeko zerrenda bat baino gehiago badaude.
1.– Zerrenda bat baino gehiago baldin badago B taldeko ordezkariak betetzeko, Hauteskunde Batzordeak bozketa-eguna eta -ordua ezarriko ditu, A eta C taldeetako hautetsiek B taldeko ordezkariak hauta ditzaten.
2.– A eta C taldeetako hautetsiek, karguaz jabetu badira, enpresa-erakundeek proposatutako hautagaiak bozkatuko dituzte aldarrikatutako pertsonen zerrendatik, zeinak alfabetikoki ordenatuta egongo baitira, gehienez ere bete beharreko kargu kopurua adina.
3.– Bozketa ezkutukoa izango da, eta amaitutakoan, deialdi honen hamaikagarren artikuluan xedaturikoaren arabera eratutako hauteskunde-mahaiek zenbaketa egingo dute. Zenbaketa publikoa izango da, eta boto gehien ditu(zt)en hautagaia(k) hartuko d(ir)a hautatutzat. Berdinketak zozketa bidez ebatziko dira.
4.– Bozketak amaitu eta 3 egun baliodun igarota, kasuan kasuko Hauteskunde Batzordeak bozketen azken emaitza egiaztatu eta hautetsiak aldarrikatuko ditu.
5.– Kasuan kasuko ganberako idazkaritza nagusiak dagokien egiaztagutuna emango die hautagai hautetsiei.
Zortzigarrena.– C taldeari borondatezko ekarpen handiena egiten dioten enpresak ordezkatuko dituzten bokalen hautagaitzak.
1.– 78/2015 Dekretuaren 3.1 c) artikuluak araututako bokalak hautatzeko, kasuan kasuko ganberak ikusgai jarriko du 5 egun baliodunez, hauteskunde-deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, mugape bakoitzean borondatezko ekarpen handiena egiten duten enpresen errolda, bere barne-araudiaren arabera. Errolda hori ofizioz edo alderdi baten eskariz aldatu ahal izango da, eta hautesle interesdunek behar bezala justifikatu beharko dituzte ikusgai jarri ondorengo 5 egun balioduneko epean gertatzen diren altak eta bajak. Epe hori igarota, ganberek Hauteskunde Batzordeari bidaliko diote ekarpen handiena egin duten enpresen errolda.
2.– Erroldako enpresa kopurua txikiagoa bada borondatezko ekarpen handienak (C taldea) egin dituzten enpresek bete beharreko bokal kopurua baino, edo berdina, erroldan dauden guztiak hautagai bihurtuko dira, berariaz kontrakoa adierazi ezean enpresak (hori idatziz adierazi beharko dute, artikulu honetako 1. apartatuan aipatutako ikusgai jartzeko epea bukatu eta 5 egun balioduneko epean).
Enpresa hautagaiek 15 egun baliodun izango dituzte, hauteskunde-deialdia argitaratu ondoren, behar diren egiaztagiriak aurkezteko edo interesdunak edo bere legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkezteko, jakinarazpenetarako posta-helbide bat edo helbide elektroniko bat adierazita. Halaber, adierazi beharko du hautagaiak hautagai izateko baldintza guztiak betetzen dituela (baldintza horiek 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluaren b), d), e) eta f) letretan eta 11.2 artikuluan jasota daude), eta ez duela abalik zertan aurkeztu.
3.– Erroldan bete beharreko bokal-postuak baino enpresa gehiago badago, talde horretako bokal-postu bat bereganatzeko interesa duten enpresa ekarpen-egileek 15 egun baliodun izango dituzte hautagaitzak aurkezteko (dagokion eredu normalizatua aurkeztuz), hauteskunde-deialdia argitaratu ondoren; horretarako behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte edo erantzukizunpeko adierazpen bat, bestela, interesdunak edo haren legezko ordezkariak, jakinarazpenetarako posta-helbide bat edo helbide elektroniko bat adierazita. Erantzukizunpeko adierazpen horreta jaso beharko da hautagaiak betetzen dituela hautagai izateko baldintza guztiak (baldintza horiek 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluaren b), d), e) eta f) letretan eta 11.2 artikuluan jasota daude), eta ez duela abalik zertan aurkeztu.
Bederatzigarrena.– C taldeari borondatezko ekarpen handiena egiten dioten enpresak ordezkatuko dituzten hautagaien aldarrikapena.
1.– Hauteskunde Batzordeak 5 egun balioduneko epean aldarrikatuko ditu hautagaitzak, hautagaitzaren egiaztagiriak edo hautagaitza bera aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.
Talde horretako enpresen kopurua bete beharreko bokal kopurua baino handiagoa bada, ekarpen berdina eginik hautatuak izateko eskubidea dutenen artean egingo da hautaketa, A taldeko hautagaitzak hautatzeko egunean. Hauteskunde-eskubide aktiboa C taldeko enpresen errolda osatzen duten enpresek baliatuko dute.
2.– Hauteskunde Batzordeak hautatutakotzat joko ditu mugape horretan ekarpen handienak egin dituzten enpresak, ganbera bakoitzaren barne-erregelamenduan ezarritakoan oinarrituta eta ganberek bete beharreko bokal kopuruan emandako informazioaren arabera. Hautaketarik egin bada, boto gehien dituzten hautagaitzak joko dira hautatutzat. Bozketan gerta daitezkeen berdinketak zozketa bidez ebatziko dira.
Hamargarrena.– Posta bidezko botoa.
1.– Ganberetako hautesleen botoen bidez hautatutako Osoko Bilkurako bokalen hauteskundeetan, bozketa egiteko ezarririko egunean dagokien hauteslekura bertaratuta euren eskubidea ezingo dutela baliatu aurreikusten duten pertsona fisikoek edo juridikoek posta bidez eman ahal izango dute botoa, aldez aurretik dagokien ganberan eskabide pertsonala aurkeztuz eta dagokien ganberak horretarako normalizatutako ereduak erabiliz. Horretarako, 20 egun balioduneko epea izango da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 22. artikuluan aipatutako betekizunei eta prozedurari jarraituko zaie.
Interesdunak eskabidea dagokion ganberako idazkaritza nagusian aurkezten badu, nor den egiaztatu beharko du, eta, hala badagokio, noren ordez diharduen, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 21.2 eta 22. artikuluetan ezarritako moduan.
Interesdunak eskabidea posta ziurtatu eta urgente bidez aurkezten badu, nor den egiaztatu beharko du, eta, hala badagokio, noren ordez diharduen, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 21.2 eta 22. artikuluetan ezarritako moduan.
Nolanahi ere, eskabidean honako hauek zehaztuko dira:
a) Pertsona fisikoak direnean, hauteslea identifikatzea, sinatzailearen nortasun-agiri nazionalaren fotokopia aurkeztuta, edo pasaportearena, gidabaimenarena edo egoitza-txartelarena bestela. Pertsona fisikoek ez badute Espainiako nazionalitaterik, dagokien nortasun-agiria aurkeztu beharko dute edo, bestela, pasaportea eta atzerritarren nortasun-txartela. Europar Batasuneko estatu kide bateko nazionalitatea dutenek edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Hitzarmeneko estatu kide batekoa edo Batasunaren atzerritar-araubidea aplikatzen zaion estatu batekoa, Atzerritarren Erregistro Zentraleko inskripzio-ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
b) Pertsona juridikoen kasuan, sozietate izena, egoitza soziala, ordezkariaren datu pertsonalak aurreko zenbakian jasotako moduan, sozietatean duen kargua edo sozietatearekiko lotura, erakundearen identifikazio fiskaleko zenbakia eta ordezkaritza nahikoaren egiaztagiriak, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako moduan.
Bi kasuetan, pertsonaren nortasuna eta interesdunaren ordezkaritza egiaztatzeko erabiltzen den dokumentazioa fede-emaile publikoaren bitartez behar bezala konpultsatzea eskatuko da, edo kasuan kasuko ganberaren idazkaritza nagusiak egiaztatzea.
c) Botoa zein taldetan eman nahi den eta, hala badagokio, zein kategoriatan. Ez bada zehazten, ulertuko da hauteslea inskribatuta dagoen talde edo kategoria guztietarako eskatzen dela.
2.– Kasuan kasuko ganberaren idazkaritza nagusiak hautesle-erroldan izena emanda dagoela egiaztatuko du, horri buruzko egiaztagiria emango du, eta, boto presentziala ez onartzea erroldan jaso ondoren, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 23.2 artikuluan deskribatutako dokumentazioa igorriko dio eskatzaileari, posta ziurtatu eta urgente bidez, horretarako adierazitako helbidera edo, halakorik ez badago, erroldan adierazten den helbidera, hauteskunde-data baino 10 egun baliodun lehenago gutxienez. Dagokion taldean hauteskunderik egin behar ez bada, horren berri emango zaio eskatzaileari. Era berean, eskatutako eta emandako egiaztagirien zerrenda helaraziko zaio Hauteskunde Batzordeari.
3.– 2026ko urriaren 26ko 12:00ak baino lehen posta bidez jasotako botoak baino ez dira onartuko.
4.– Posta bidez bozkatzeko egiaztagiria eta dokumentazioa izanik, pertsonalki bozkatu nahi duen hautesleak hala egin ahal izango du, dokumentu horiek Hauteskunde Mahaiari itzulita. Eta dokumentuak itzultzen ez baditu, botoa ez zaio onartuko.
Hamaikagarrena.– Hauteskunde-mahaiak.
1.– Maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 25.1 artikuluan aurreikusitako zozketa, dagokion hauteskunde-batzordeak hauteskunde-mahaiak osatuko dituzten hautesleen ordezkariak hautatzeko dena, hauteskunde-batzorde bakoitzaren egoitzan egingo da, ebazpen honen laugarren artikuluan adierazten den A taldeko hautagaien aldarrikapenaren egun berean.
2.– Ekitaldi berean, Osoko Bilkurako C taldeko (eta B taldeko, zerrenda bat baino gehiago badaude) kideak hautatzeko buru izan behar duen hauteskunde-mahaia ere izendatuko da; mahai hori eta hautesleek sufragio bidez hautatuko dituzten bokalak hautatzeko eratuko dena bat izango dira, mahai bera, alegia. Hauteskunde-mahai bat baino gehiago baldin badago, hauteslekuko mahai guztien artean zozketaz hautatzen dena izango da.
Hamabigarrena.– Bozketak.
1.– Ganberetako osoko bilkuretako A eta C taldeetako kideak hautatzeko bozketak egingo diren datak eta lekuak, eta hauteslekuen irekiera-ordutegiak, honako hauek izango dira ganberaz ganbera:
a) Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganbera Ofiziala:
– Data: bozketak 2026ko urriaren 27an egingo dira.
– Lekua: Arabako Merkataritza eta Industriako Ganbera Ofizialaren egoitzako hauteslekua, Eduardo Dato kalea 38, Vitoria-Gasteiz.
– Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara, etenik gabe.
b) Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala:
– Data: bozketak 2026ko urriaren 27an egingo dira.
– Lekua: Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren egoitzako hauteslekua, Errekalde zumarkalea 50, Bilbao.
– Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara, etenik gabe.
c) Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofiziala:
– Data: bozketak 2026ko urriaren 27an egingo dira.
– Lekua: Gipuzkoako Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazioko Ganbera Ofizialaren egoitzako hauteslekua, Tolosa hiribidea 75, Donostia.
– Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara, etenik gabe.
2.– Hautesleek, Hauteskunde Batzordeari idazki bat bidalita, gehienez bi artekari izendatu ahal izango dituzte Hauteskunde Mahai bakoitzeko, bozketak eta zenbaketa kontrolatzeko. Artekariak izendatzeko idazkia aurkezteko epea 2026ko urriaren 26ko 12:00etan bukatuko da.
3.– Hauteskunde Mahaiko presidenteak formalizatuko du artekarien izendapena, mahaiaren eratze-ekitaldian bertan.
Hamahirugarrena.– Zenbaketa, emaitzen egiaztapena eta hautetsien aldarrikapena.
1.– Zenbaketa eta emaitzen egiaztapena maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 29. eta 30. artikuluetan xedatutakoaren arabera egin beharko dira.
2.– Bozketak amaitu eta hurrengo 7 egun baliodunen barruan, kasuan kasuko hauteskunde-batzordeak, ekitaldi publikoan, bozketen azken emaitza egiaztatu eta aldarrikatuko du. Ganbera bakoitzeko idazkaritza nagusiak kide hautetsiaren izaera justifikatzen duen egiaztagutuna emango dio hautetsi bakoitzari.
Hamalaugarrena.– Kide hautetsiak karguaz jabetzea.
1.– A eta C taldeei dagokienez, hauteskunde-batzordeek hauteskundeen emaitzak aldarrikatu eta 8 egun balioduneko epean, hautetsiak karguaz jabetu ahal izango dira dagokien ganberaren idazkari nagusiaren aurrean, hautetsi-aldarrikapenaren egiaztagutuna edo jakinarazpena jasotzen duten unetik aurrera.
2.– B taldeko hautetsiek 5 egun balioduneko epea izango dute karguaz jabetzeko, aldarrikapena egiten denetik aurrera.
3.– Pertsona fisikoak direnean, pertsonalki egingo dute. Pertsona juridikoek, sozietate zibilek, ondasun-erkidegoek eta nortasun juridikorik gabeko bestelako entitateek, behar besteko ahalordea duen ordezkari baten bidez egingo dute.
4.– 1. eta 2. apartatuetan adierazitako epeak igaro eta karguez jabetu ez badira, kide hautetsiaren izaera galduko dute, eta hutsik dagoen kargua maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 33. artikuluan ezarritako moduan beteko da. Salbuespen gisa eta kasuan kasuko ganberako idazkaritza nagusiak onartutako absentzia justifikatu bat tartean bada, ezarritako epean kargua jabetzan hartu ezin duten hautetsiek Ganberako Idazkaritza Nagusiaren aurrean hartu ahal izango dute, osoko bilkuraren eratze-egunean.
Hamabosgarrena.– Gobernu-organoen eraketa.
1.– Osoko Bilkura berria eratzeko ekitaldia dagokion ganberaren egoitzan egingo da, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren ordezkari bat izango da ekitaldiko burua.
2.– Aldarrikapenari edo hautaketari errekurtsoa aurkeztu zaion Osoko Bilkurako kideen kasuan, eratzeko ekitaldiaren egunean errekurtsoa oraindik ebatzi ez bada ere, kide horiek euren karguez jabetu ahal izango dira. Ebazpenak aldarrikapena edo hautaketa deuseztatzen badu, legez aurreikusitako moduan beteko da hutsik dagoen kargua.
3.– Osoko Bilkuraren eraketa baliozkoa izateko, gobernu-organo horren funtzionamendu-arauak bete beharko dira, zeinak ganbera bakoitzaren barne-erregelamenduan ezarrita baitaude.
4.– Osoko Bilkura eratu ondoren, presidentea eta batzorde exekutiboko gainerako kideak hautatuko dira. Horretarako, Hauteskunde Mahaia eratuko da, maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 34.2 artikuluan aipatutako osaera eta funtzioak izango dituela.
5.– Hauteskunde Mahaia eratu ondoren, presidentea eta batzorde eragileko gainerako kideak maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoa betez hautatuko dira, ganbera bakoitzaren barne-erregelamenduetan horretarako ezarritako eran.
6.– Osoko Bilkurako kide guztiek boto aktiborako eta pasiborako eskubidea izango dute, nolanahi hautatu direla ere.
Hamaseigarrena.– Eredu normalizatuak.
1.– Turismo eta Merkataritza sailburuordearen ebazpen bidez, honako eredu normalizatu hauek baimenduko dira hauteskunde-prozesuaren izapideetarako:
1.A eredua.– pertsona fisikoek posta bidezko botoa eskatzeko.
1.B eredua.– pertsona juridikoek posta bidezko botoa eskatzeko.
2.A eredua.– pertsona fisikoek «A taldeko» hautagaitzak aurkezteko.
2.B eredua.– pertsona juridikoek «A taldeko» hautagaitzak aurkezteko.
3.A eredua.– pertsona fisikoaren banakako abalerako erantzukizunpeko adierazpena.
3.B eredua.– pertsona juridikoaren banakako abalerako erantzukizunpeko adierazpena.
4. eredua.– bozketa-orria.
5. eredua.– botoa emateko barruko gutun-azala.
6 eredua.– C taldeko hautagai izateko maiatzaren 26ko 78/2015 Dekretuaren 11.1 artikuluko b), d), e) eta f) letretako eta 11.2 artikuluko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
7.A Eredua.– pertsona fisikoak artekari izendatzeko idazkia.
7.B Eredua.– pertsona juridikoak artekari izendatzeko idazkia.
8.A eredua.– pertsona fisikoak posta bidezko botoari uko egitea.
8.B eredua.– pertsona juridikoak posta bidezko botoari uko egitea.
9.A eredua.– pertsona fisikoek C talderako hautagaitza aurkeztea, bete beharreko ordezkaritza baino enpresa gehiago daudelako erroldan.
9.B eredua.– pertsona juridikoek C talderako hautagaitza aurkeztea, bete beharreko ordezkaritza baino enpresa gehiago daudelako erroldan.
Eredu normalizatu horiek hiru ganberen webguneetan argitaratu behar dira, eta hautesleen eskura egon beharko dute haien egoitzetan.
Hamazazpigarrena.– Ondorioak.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean izango ditu ondorioak. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 1a.
Turismo eta Merkataritzako sailburuordea,
JAKES AGUIRREZABAL IRIBAR.
RSS