Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2026ko irailaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ZIENTZIA, UNIBERTSITATE ETA BERRIKUNTZA SAILA
3833

EBAZPENA, 2026ko uztailaren 22koa, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-ekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Basque Visiting Fellow programa garatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hall-ekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Basque Visiting Fellow programa garatzeko. Lankidetza-hitzarmena hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko uztailaren 22a.

Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea,

ADOLFO MORAIS EZQUERRO.

ERANSKINA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA CAMBRIDGEKO UNIBERTSITATEKO CLARE HALL-EN ARTEKOA, BASQUE VISITING FELLOW PROGRAMA GARATZEKO
BILDU DIRA:

Batetik, Juan Ignacio Pérez Iglesias jauna, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua.

Bestetik, Ander Caballero Barturen jauna, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia.

Bestetik, C. Alan Short irakaslea, Cambridgeko Unibertsitateko Clare Halleko presidentea.

ESKU HARTZEN DUTE:

Lehen biek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz, Gobernu Kontseiluak 2026ko maiatzaren 12ko bilkuran emandako baimenaren arabera, eta hirugarrenak, berriz, Cambridgeko Unibertsitateko Clare Hallen izenean eta hura ordezkatuz.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Cambridgeko Unibertsitatea (Erresuma Batua) 1209. urtean sortu zen, eta munduko unibertsitate zaharrenetako bat da. Nazioarteko ospea duen irakaskuntza- eta ikerketa-zentroa da, eta 31 college edo entitate independente dauzka, Clare Hall horietako bat izanik.

Clare Hall 1966an sortu zen, eta Cambridgeko Unibertsitateko ikasketa aurreratuetako zentro bat da. Ikertzaile bisitarientzako programa arrakastatsu bat dauka; horren bitartez, mundu osoko akademikoak Cambridgera joaten dira bizitzera eta lanera, hamabi hilabeterainoko aldietan. Cambridgeko Unibertsitateko graduondoko bost collegeetako bat da Clare Hall.

Bigarrena.– Euskal komunitate zientifikoak egindako ikerketa-lanak nazioartean zabaldu eta garatzea da euskal erakunde publikoen helburuetako bat. Xede horretarako, Hezkuntza Sailak hainbat akordio sinatu ditu azken urteetan, Europako hainbat unibertsitatetan «Basque Visiting Fellowship» urteko programa ezartzeko. Harreman hori gaurdaino mantendu da, eta oso onuragarria izan da, ez bakarrik parte-hartzaileentzat, baita, oro har, euskal komunitateko unibertsitateko ikasleentzat ere.

Hirugarrena.– Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusia elkarlanean ari dira, prestigiozko hainbat ikerketa-zentrotan sartzeko aukera izango duten ikertzaileen sare bat sortzeko. Horregatik, sail horiek akordioak egiten jarraitu nahi dute, ikertzaileek Europako bikaintasun-zentroetan lan egiteko aukera izan dezaten eta beste unibertsitate batzuetako ikertzaileekin harremanak ezar ditzaten, horrela Euskadiko erakunde akademikoen eta kulturaren aitortza sustatzeko.

Horiek horrela, alderdiek adostu dute hitzarmen hau sinatzea, euskal komunitate zientifikoaren ikerketa-lanak zabaldu eta garatzeko helburuarekin.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

1.– Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Clare Hallen arteko lankidetzarako irizpideak ezartzea, Basque Visiting Fellow programa elkarrekin ezartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileek ikerketa-egonaldi bat egin dezaten.

2.– Hitzarmen honen esparruan, Clare Hallen ikerketa-egonaldi bat egiteko aukera izango dute gehienez ere 4 lagunek, jarraian jasotzen diren modalitate eta baldintzen barruan:

2.1.– Visiting Fellow (gehienez bi pertsona). Visiting Fellow ikertzaileen egonaldia ikasturtearen barruan egingo da (ikasturtea urriaren 1ean hasiko da), eta gutxienez 4,5 hilabete eta gehienez 9 hilabete iraungo du.

Euskadik eta Erresuma Batuak hezkuntza-arloetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko duten interesari erantzuteko, Visiting Felloweko plaza bat arlo hauetako ikertzaile batentzat izango da:

– Digitalizazioa: metodologia eta konpetentzia teknopedagogikoak eta ingurune digitala-ingurune presentziala integratzea.

– STEAM proiektuak: ikasleek konpetentzia zientifiko-teknologikoak eta jarrerazko alderdiak eskuratzea STEM eremuetan, arreta berezia jarrita Hezkuntza Matematikoan.

Visiting Felloweko bigarren plaza edozein jakintza-arlotako ikertzaileei esleituko zaie.

Hezkuntzaren arloan hautagai lehiakorrik ez badago, lanpostu hori beste edozein jakintza-arlotako ikertzaileei esleitu ahal izango zaie.

2.2.– Post Visiting Fellow (gehienez bi pertsona). Post Visiting Fellow ikertzaileen egonaldia ikasturtearen barruan egingo da (ikasturtea urriaren 1ean hasiko da), eta gutxienez 2 aste eta gehienez 8 aste iraungo du. Modalitate honetan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da aurrez, ikasturtearen deialdia egin baino lehen, Clare Halleko (Life members) Visiting Fellow izatea.

Jakintza-arlo guztietako Post Visiting Fellowen eskatzaileak onartuko dira.

Bigarrena.– Finantzaketa.

Egonaldiaren kostua hitzarmen honetan sartzen da, eta gastu hauek estaliko ditu:

a) Collegearen gastu orokorrak: establezimendu-gastuak, ikerketa-gastuak, instalazioen erabilera-tasak eta Clare Hallek emango duen laguntza teknikoa.

b) Ikertzaile bisitarien kostuak eta kargak, ostatua, otorduak eta udal-zergak barne.

c) Clare Halli ez zaio zenbateko bereizirik ordainduko, irakasle bisitariak mintegi bat antolatu eta garatzeko. Mintegiaren edozein kostu gehigarri bereiz kobratuko da.

d) Ikertzaile bisitariari ez zaio kopuru bereizirik ordainduko.

Visiting Fellow edo Post Visiting Fellow postua bete gabe geratzen bada ikasturte batean hautagairik ez dagoelako, alderdietako batek ere ez du gasturik eragingo.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak ordainduko ditu zenbatekoak, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago. Cambridgeko Unibertsitateak ikasturte bakoitzerako ezarritako eta eguneratutako kostuen arabera ezarriko dira finantzatu beharreko zenbatekoak. Kostu horren behin-behineko aurreikuspena, eurotan, hau da:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Hirugarrena.– Ordaintzeko modua eta egiaztagiriak.

Hitzarmen honetan zehaztutako kopurua Clare Halli ordainduko zaio, bi epetan: zenbateko osoaren % 75 urteko azkeneko lauhilekoan ordainduko da, behin onuradunak laguntza onartu ondoren.

Gainerako % 25a, berriz, laguntzaren guztizko zenbatekoa justifikatutakoan ordainduko da, hau da, egindako gastuak fakturen edo dokumentu baliokideen bidez egiaztatu ondoren. Ikasturte akademikoa amaitu eta gero aurkeztu beharko dira dokumentu horiek, egindako jarduerak azaltzeko txosten batekin eta kostuen balantze ekonomiko zehatzarekin batera.

Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren betebeharrak.

1.– Behean sinatzen duen Administrazioak bere gain hartzen du hitzarmen honen bigarren klausulan adierazitako finantzaketa ematea.

2.– Behean sinatzen duen Administrazioak egiaztatuko du hautagaiak Cambridgeko Unibertsitateko fakultate edo departamentu bateko kide egin direla.

3.– Behean sinatzen duen Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaile gailenen parte-hartzea lortuko eta sustatuko du, hitzarmenaren helburuak lortzeko.

Bosgarrena.– Clare Hallen betebeharrak.

Clare Halleko Visiting Fellow programako kide guztiei eskaintzen zaizkien zerbitzu guztiak ematea.

Seigarrena.– Hitzarmenaren jarraipen- eta kudeaketa-batzordearen osaera eta eginkizunak.

1.– Alderdiek adostu dute hitzarmenaren jarraipen- eta kudeaketa-batzorde bat sortzea, hitzarmen honetatik eratorritako jardueren ondorioetarako eta haiei jarraipena egiteko.

2.– Jarraipen-batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea, edo hark eskuordetzen duena. Batzordeko lehendakaria izango da.

b) Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia, edo hark eskuordetzen duena.

c) Clare Halleko Fellowship Committee-ko presidentea, edo hark eskuordetzen duena.

d) Gehienez bi aditu akademiko guztira, bata Cambridgeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskadikoa, hitzarmen honetarako garrantzitsuak diren diziplinetan esperientzia luzea izango dutenak, Clare Halleko Fellowship Committeeak eta Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak izendatuak, hurrenez hurren.

3.– Idazkari-eginkizunak alderdiek xede horretarako izendatuko duten batzordeko kideak beteko ditu.

4.– Jarraipen- eta kudeaketa-batzordeak konpromiso hauek hartzen ditu:

Visiting Fellowek lortutako emaitzak ebaluatuko ditu.

Hitzarmen honen norainokoa zabalduko du.

5.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluaren 3. ataleko 1. azpiatalaren arabera arautuko da batzordearen funtzionamendua.

Zazpigarrena.– Hautaketa-batzordearen osaera eta eginkizunak.

1.– Alderdiek adostu dute hautagaiak hautatzeko hautaketa-batzorde bat sortzea.

2.– Hautaketa-batzordeak kide hauek izango ditu:

a) Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea, edo hark eskuordetzen duena. Batzordeko lehendakaria izango da.

b) Clare Halleko Fellowship Committeeko presidentea.

c) Gehienez bi aditu akademiko guztira, bata Cambridgeko Unibertsitatekoa eta bestea Euskadikoa, akordio honetarako garrantzitsuak diren diziplinetan esperientzia luzea izango dutenak, Clare Halleko Fellowship Committeeak eta Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak izendatuak, hurrenez hurren. Hautagaiek landutako diziplinak oso zabalak balira, alderdiek beste aditu akademiko bat gehitzeko aukera izango lukete.

3.– Idazkari-eginkizunak alderdiek xede horretarako izendatuko duten batzordeko kideak beteko ditu.

4.– Hautaketa-batzordeak konpromiso hauek hartzen ditu:

– Onuradunak hautatzeko prozesuan parte hartu eta hautagaiak proposatuko ditu, Clare Halleko Gobernu Kontseiluak aintzat har ditzan. Egokitzat jotzen badu, Batzordeak hautagaien lehentasun-ordena ezarri ahalko du. Clare Halleko Gobernu Kontseiluak kontuan hartuko ditu Batzordeak proposatutako hautagaiak, baina bere irizpidea baliatu ahalko du hautagaiak onartu edo baztertzeko. Gobernu Kontseiluak hautaketa-batzordeari jakinaraziko dio bere erabakia.

– Hautagaiei hautaketa-prozesuaren emaitzaren berri emango die.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren arauak eta interpretazioa.

1.– Hitzarmen hau administratiboa da, eta, beroni interpretatzeko eta garatzeko, Euskadin indarrean dagoen ordenamendu juridiko-administratiboa aplikatu behar da.

2.– Hitzarmen hau betearaztean sor daitezkeen interpretazio-arazo guztiak, hasieran, jarraipen- eta kudeaketa-batzordeak ebatziko ditu, eta, horrelakorik ezean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoari jarraikiz ebatziko dira.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta hiru ikasturteko indarraldia izango du: 2026-2027, 2027-2028 eta 2028-2029, edo alderdietako batek salatzen duen arte. Aurreikusitako epea amaitu baino lehen, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste hiru ikasturtez, edo hitzarmena azkentzea.

Hamargarrena.– Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.

Hitzarmen hau arrazoi hauetako batengatik azkendu ahal izango da:

a) Alderdietako batek hitzarmena salatzen badu; kasu horretan, horren berri eman beharko zaio formalki beste alderdiari, azkentzea eraginkor izan baino gutxienez bi hilabete lehenago.

b) Alderdiek, ados jarrita, atzera egiten badute.

c) Alderdiek ez badituzte betetzen adostutako betebeharrak, jarraipen- eta kudeaketa-batzordeko kide gehienen ustez ez-betetze hori larria bada.

d) Zuzenbidearen arabera onartutako beste edozein arrazoi badago.

Eta horrekin guztiarekin ados daudela adierazteko eta hitzartutakoa behar bezala jasota uzteko, alderdiek agiri hau sinatzen dute, adierazitako tokian eta datan.

Vitoria-Gasteiz eta Cambridge, 2026ko maiatzaren 20a.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusia,

ANDER CABALLERO BARTUREN.

Cambridgeko Unibertsitateko Clare Halleko presidentea,

C. ALAN SHORT IRAKASLEA.


Azterketa dokumentala